EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-06-18 Aldizkari honetan argitaratua: 2018116

EBAZPENA, 2018ko ekainaren 6koa, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena, zeinaren bidez 2018. urteko deialdia egiten baita euskal etxeei diru-laguntzak emateko, zehazki, atzerrian dauden euskal gizataldeetako kide diren eta egoera larrian eta asistentzia-faltan dauden pertsonei laguntzeko.

Organo emailea: LEHENDAKARITZA
Xedapenaren data: 2018-06-06
Hurrenkenaren zenbakia: 201803134
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2003/10/10rean argitaratutako 2003/09/30reko 200300222 DEKRETUA

Irailaren 30eko 222/2003 Dekretuak euskal etxeei eman beharreko diru-laguntzak arautzen ditu (2003ko urriaren 10eko EHAA, 198. zk.). Diru-laguntza horiek atzerrian dauden euskal gizataldeetako kideen asistentzia-premiei eta egoera larriei erantzuteko dira.
Aipatutako dekretuaren 7. artikuluarekin bat etorriz, 2018ko ekitaldirako diru-laguntzen deialdia egin beharra dago.
Lehendakaritzaren egitura organikoa eta egitekoak ezartzen dituen apirilaren 11ko 70/2017 Dekretuaren 13.5 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiari dagokio bere arloko diru-laguntzen deialdia egitea, bere eskumen-eremuari dagozkion arloetan; diru-laguntza haien ebazpena, ordea, arlo horretako zuzendari eskudunek emango dute.
Hori dela eta, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia.
Euskal etxeei 202.000 euroko diru-laguntzak emateko deialdia egitea. Diru-laguntza horiek 2018ko ekitaldiari dagozkio eta atzerrian dauden euskal gizataldeetako kideen asistentzia-premiei eta egoera larriei erantzuteko dira. Eranskinean jaso dira horretarako onartu diren oinarriak.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Ebazpen honetan eta irailaren 30eko 222/2003 Dekretuan aurreikusita ez dagoen guztian, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea aplikatuko da.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke organo berean, hilabeteko epean; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Epeok ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko dira.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainaren 6a.
Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia,
MARÍA ÁNGELES ELORZA ZUBIRÍA.