EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-06-14 Aldizkari honetan argitaratua: 2018114

EBAZPENA, 2018ko maiatzaren 9koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bitartez ingurumen-inpaktuaren txosten bat egiten baita, Construcciones Mariezcurrena SL enpresak sustatuta dagoen eta Adunako udal-mugartean egitekoa den betelan bati buruzko proiekturako.

Xedapenaren data: 2018-05-09
Hurrenkenaren zenbakia: 201803081
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
2018ko urtarrilaren 10eko sarrera-data duen idazkiaren bidez, Adunako udalak herri hartan betelan bat egiteko proiekturi buruzko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa hasteko Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari egindako eskaera osatu zuen, Ingurumen-ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013) 45. artikuluak xedatutakoaren arabera. Arau horren II. eranskineko i) ataleko 9. taldean jasota dago proiektua.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluak ezarritakoari jarraituz, 2018ko otsailaren 2an ingurumen-organoak kontsulta egin zien proiektuaren eraginpeko administrazio publikoei zein interesdunei, aipatutako proiektuari ohiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar zaion zehazte aldera.
Zehazki, honako hauei egin zien kontsulta: Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzari, Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari (horiek guztiak Eusko Jaurlaritzakoak); Kultura Zuzendaritza Nagusiari (Gipuzkoako Foru Aldundikoa); URA Uraren Euskal Agentziari, eta Gipuzkoako Ekologistak Martxan elkarteari.
Kontsulta-izapidea bukatuta, honako hauen erantzunak jaso dira: Kultura Ondarearen Zuzendaritzarena, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzarena eta Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzarena (denak ere Eusko Jaurlaritzakoak) eta URA Uraren Euskal Agentzia; kontsulten emaitza espedientean jaso da. Aipatutako txostenak kontuan izanik, ingurumen-organoak baditu aski judizio-elementu ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egiteko.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013) 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko Lege Orokorraren (otsailaren 27ko 3/1998) 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legea aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie lege horren 7.2 artikuluan biltzen diren proiektuei. Beraz, eta ingurumen-ebaluazioaren alorrean indarrean dagoen legedia aplikatuz, Adunan betelan bat egiteko proiektuari ingurumen-inpaktuko ebaluazioaren prozedura sinplifikatua aplikatuko zaio.
Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta proiektuaren ingurumen-txostena zuzena denez eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdietara egokitzen denez, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txostena eman behar du (erakunde hori eskuduna da aipatutako otsailaren 27ko 3/1998ko Legearen arabera, eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, aztertuko da aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen, eta, ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion ala ez.
Horrenbestez, zenbait xedapen aztertuta –3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak–, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena egiten da Adunan betelan bat egiteko Construcciones Mariezcurrena SLk sustatutako proiektuarentzat, jarraian agertzen diren baldintzak betez:
A.– Lur naturalen indusketetatik ateratako lur eta arrokekin betelan bat egiteko proiektua egin da, Construcciones Mariezcurrena SLk gauzatutako obretako jatorria duten materialekin, lursailaren malda murrizteko. Horrela, sagarrondoak landatu ahal izango dira eta sagarrak bitarteko mekanikoen bidez jaso ahal izango dira, lursailaren jabeek duten sagardotegi bat hornitzeko.
B.– Ingurumen-inpaktuari buruzko txostena emateko ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-txostenaren edukia aztertzen da, betiere abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz:
1.– Proiektuaren ezaugarriak.
Proiektatutako betelanak indusketetako lur eta arrokentzako 35.000 m
Hauexek dira betelanaren ezaugarriak:
– Betelanaren oinak Ursalto errekaren ibilguarekiko 15 metroko atzerapena errespetatzen du.
– 3H:2V-ko gehieneko malda izango duten ezpondak proiektatu dira.
– Betelanaren gehieneko altuerak 12 metroko kota-aldea du, erdialdeko profiletan.
– Betelanaren drainatze-sistemak arrain-hezurdura itxurako hondoko drain batek eta areka perimetral batek osatuko dute.
– Ez da beharrezkoa betelanerako sarbideak prestatzea, zuzeneko sarbidea baitu GI-3282 errepidetik. Inguruko beste etxebizitza batzuetarako sarbidea ematen duen hormigoizko pista errespetatuko da.
– Betelana behar bezala trinkotzeko eta aldian behin errepidea bustitzeko beharrezko ura betelanaren ondoko nabe industrialetik hartuko da, edo hornidura-sareko gertuko beste puntu batzuetatik, deposituak erabilita.
– Betelana egingo den lursailean ez da identifikatu behe-tentsioko, telefoniako, gaseko edo komunikazioetako linearik.
– Ez da beharrezkoa deskargatzeko barruko bide berriak zabaltzea.
– Eguneroko trafikoa 10-12 kamioikoa izango dela estimatzen da, baina 25 kamioira ere irits liteke, goraldietan.
– Kamioiak garbitzeko hormigoizko plataforma bat erabiltzea proposatzen da, ur-puntua dekantazio-putzura konektatuta.
– Galtzadak garbi mantentzeko erraztatzeko makina eta/edo depositudun traktorea erabiltzea proposatzen da.
– Betelana egiteko gehieneko epea 2 urtekoa izango da.
2.– Proiektuaren kokapena.
Betelana egingo den eremua Adunako herrigunetik 250 metro eskasera dago, herri horretara sartzeko GI-3021 errepidean, hegoaldera. GI-3021 errepidearen eta betelanaren artean Ursalto erreka dago. Landazabaleko eremu periurbanoa da, gertuko industrialdeekin. Betelana artzaintzarik gabeko sega-larre atlantikoen gainean egingo da. Batasunaren intereseko habitatak dira: «6510 - Altuera gutxiko sega-larre pobreak (
Nolanahi ere, ez da aurkitu ingurumenari dagokionez garrantzi berezirik duen eremurik (beren natura-balio bikainengatik, beren kultura-balioengatik –kultura-ondarearen elementu katalogatu edo inbentariatuak– edo ingurumen-arriskuengatik (esaterako, uholde-arriskua edo kutsatuta egon litezkeen lurzoruak).
3.– Izan dezakeen inpaktuaren ezaugarriak.
Proiektuaren ondoriozko inpaktu esanguratsuenak proiektua bera gauzatzeko fasean gertatuko dira, nagusiki, eta lursaila prestatzeko lanek eta betelana osatuko duten lurrak botatzeko lanek eragingo dituzte. Nabarmendu behar da Ursalto errekaren uraren kalitateak okerrera egin lezakeela solido esekien kopurua handitzeagatik, lurpeko urak kutsa litezkeela ustekabeko isuriengatik (akuiferoen urrakortasun handiko eta oso handiko eremuak), Ursalto errekaren bazterretako landaredia eta betelanaren gertueneko eremuan dauden baso atlantiko mistoaren/harizti azidofiloaren beste masa batzuk kaltetu daitezkeela, mugitutako lurrak espezie aloktono inbaditzaileek kolonizatzeko arriskua dagoela eta giza habitata kaltetu daitekeela, eragindako hauts-emisioengatik, zaratagatik eta kamioi-trafikoagatik.
Bigarrena.– Proiektua egikaritzeko, sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan proposatutako neurri babesgarri, zuzentzaile eta konpentsagarriez eta baimen sektorialetan adierazitakoez gain, baldintza hauek izan behar dira kontuan:
Betelanean onartuko diren material bakarrak indusketetako lurrak eta arrokak izango dira, eta ez da bestelako materialik onartuko, honako dekretu hauetan xedatutakoaren arabera: 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena; eta 112/2012 Dekretua, ekainaren 26koa, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena arautzen duena.
– Obrak proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira, bai eta lursaila okupatzea eragiten duten eragiketa osagarri guztiak ere. Aipatutako eremutik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko dira makinen joan-etorriak. Adierazitako eremutik kanpo ustekabean eraginik gertatuz gero, zuzentze- eta lehengoratze-neurri egokienak burutuko dira.
Obrak egiten diren bitartean, jarduera egokien eskuliburuan ezarritakoa aplikatuko da.
Ura eta lurzorua babesteko neurriak.
– 5 metroko tartea balizatuko da ibilgutik, makinen joan-etorriak, materialen pilaketak eta abar saihesteko.
– Obrako makinak gordetzeko azalera eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik bereiziko dira.
– Bestalde, mantentze-eragiketak edo erregaia transferitzeko eragiketak horretarako egokituko den gunean egingo dira, lurrean olioak edo erregaiak ez isurtzeko moduan.
– Dekantazio-putzu bat erabili beharko da, Ursalto errekaren gaineko eraginak murriztu edo mugatzeko babes-neurri gisa.
– Ezin izango da lurrazaleko edo lurrazpiko urik bildu, horretarako administrazio-emakida izan ezean.
Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Hots-kutsadurari buruzko Dekretuan (urriaren 16ko 213/2012), eta zarataren arloko gainerako arauetan xedatutako neurri aplikagarrien kalterik gabe, honako hauek hartuko dira aintzat:
– Egikaritze-fasean, neurriak hartu beharko dira honako hauen inguruan: obrako makinen mantentze orokorra; zarata eta bibrazioak jatorrian murriztea; makinen mugimenduak eragindako zarata gutxitzea; obretan erabilitako tresnek egiten duten zarata kontrolatzea, eta abar.
– Obra-fasean erabilitako makinek aire zabalean erabiltzen diren makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen legeria bete behar dute, eta, batez ere, aplikatzekoa denean, aire zabalean erabiltzen diren makina batzuek inguruan egiten dituzten soinu-isuriak arautzen dituen Errege Dekretuan (otsailaren 22ko 212/2002) ezarritakoa eta gainerako arau osagarriak bete beharko dituzte.
Natura-ondarea babesteko neurriak.
– Ez dira landareak moztuko eta belar-sastrakak garbituko, zuzenean okupatzea aurreikusten ez den eremuetan. Edozein kasutan ere, erreka-bazterreko sastraken estratu guztia kontserbatuko da, batik bat, Ursalto errekaren ezkerraldean dagoen ur-bazterreko landarediari dagokionez.
– Kanpoko landare-espeziak sartzen eta zabaltzen direla hauteman eta saihesteko neurriak hartuko dira, batik bat espezie exotiko inbaditzaileei dagokienez. Jarduteko eremuan landare horiek badaude, desagerrarazteko ahaleginak egingo dira.
– Proposatutako drainatze perimetralaren ohiko mantentze-lanak egingo dira, ornodun txikiak igaro ahal izatea ziurtatzeko.
Paisaia babesteko eta ukitutako eremuak lehengoratzeko neurriak.
– Landareztatze-proiektuak, gutxienez, 2 urteko bermealdia izango du, landareztatzea bukatzen denetik kontatzen hasita, arrakastatsua izango dela bermatzeko.
– Landareztatzean, hutsarteak beteko dira eta beste edozein mantentze-lan ere burutuko da, landareak behin betiko sustraitzea lortze aldera.
– Lur-mugimenduek iraun bitartean, landare-lurra kendu, metatu eta bereizita zabalduko da, betiere ukitutako eremuen lehengoratzea eta landareztatzea errazte aldera.
Hondakinak kudeatzeko neurriak.
– Ahalik eta hondakin gutxien sortuko da.
– Sortutako hondakinak Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legearen (uztailaren 28ko 22/2011) 8. artikuluak xedatzen duen lehentasun-hurrenkeran kudeatuko dira: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta beste balorizazio mota batzuk, balorizazio energetikoa barne. Arrazoi teknikoak edo ekonomikoak direla-eta prozedura horiek aplikatzea ezinezkoa bada, hondakinak deuseztatu egingo dira ingurumenean eragin gabe, edo ahal den eragin txikiena eginik.
– Berariaz debekatuta egongo da sortutako hondakinen tipologia desberdinak nahastea, arriskutsuak izan ala ez. Hondakinak jatorrian bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko bitarteko egokiak baliatuko dira, hondakinak ez nahasteko eta kudeatzaile baimenduei entregatzeko, obran edo instalazioan berrerabiltzeko ez badira, behintzat.
– Hondakin arriskutsuak biltegiratuz gero, beharrezkoak diren preskripzio teknikoak aplikatuko dira, kudeatzaile baimendu batek bildu arte.
– Behar bezalako baldintzetan baztertuko dira olioen eta baterien hondakinak, makinerien mantentze-lanen hondakin arriskutsuak eta, oro har, substantzien/prestakinen hondakin arriskutsu guztiak, haiek barnean izan dituzten ontzi guztiak, iragazkiak, xurgatzaileak, trapu eta kotoi kutsatuak, hodi fluoreszenteak, merkuriozko lurrunezko lanparak eta abar, betiere Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legeari (uztailaren 28ko 22/2011) jarraikiz, eta Aparatu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinei buruzko Errege Dekretuaren (otsailaren 20ko 110/2015) eta hondakinei buruzko gainerako araudiaren arabera.
Airearen kutsadura txikiagotzeko neurriak.
Airearen kutsadurari dagokionez, ahalegin handia egingo da obra-fasean ahalik eta hauts gutxien sor dadin. Airearen kalitatean ez eragiteko, materialak garraiatzean eta zamalanak egitean honako neurri hauek hartuko dira, atmosferara partikularik ez isurtzeko:
– Sarbidean, ibilgailuen trafikoa eta obrako makinena mugatuko da.
– Garraiatutako zama olanaz estaliko da, eta, beharrezkoa izanez gero, gain-gainetik ureztatuko da.
– Materialaren zamalanak ahalik eta hauts gutxien sortzeko moduan egingo dira.
– Aldian-aldian, sarbideak garbituko dira, bai eta, atzemandako hauts-isurketen arabera, ureztatuko ere. Sarbideek egoera egokian egon beharko dute uneoro.
– Garbiketa egiteko, zisterna-ibilgailuak erabiliko dira, edo, zenbait tokitan, presio-mahukak edo antzeko tresnak.
– Obrarako sarbideak, makina-parkea, obrako materialak aldi baterako gordetzeko gunea eta hondeaketa-lurrak eta hondakinak aldi baterako metatzeko guneak ingurumenean ahalik eta eragin txikiena izateko irizpideen arabera proiektatuko dira, eta helburu horretarako aukeratutako tokietan ezarriko.
– Materialak kanpoaldean metatu behar izanez gero, material horiek haizetik babestuen dauden lekuetan kokatuko dira.
– Ez da hondarrik erreko, ez eta beste inolako materialik ere.
Kultura-ondarea babesteko neurriak.
Euskal Kultur Ondareari buruzko Legean (uztailaren 3ko 7/1990) xedatutakoari jarraituz, lurra erauzteko eta mugitzeko obretan zehar arkeologia-izaerako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari, behar diren neurriak har ditzan.
Garbiketa eta obra-akabera.
– Behin obrak bukatuta, garbiketa-kanpaina sakona egin beharko da, obra-hondarrak kendu eta aldi baterako instalazio guztiak desmuntatu.
Hirugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta kontuan izanik sustatzaileak planteatutako neurri babesle eta zuzentzaileek nahiz aurreko puntuan adierazitakoek eta baimen sektorialetan ezartzen diren neurriek ingurumenarekiko kalteak murrizten dituztela, adieraztea ez dela aurreikusten ingurumenean eragin negatibo nabarmenik sortzea. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen Adunako betelana egiteko Mariezcurrena SLk sustatuko proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatzea.
Laugarrena.– Ebazpen honen edukia bai Adunako Udalari bai proiektuaren sustatzaileari jakinaraztea.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013) 47.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategikoak indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, aipatutako proiektua gauzatzeko baimena onartuko ez balitz. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 9a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.