EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-06-12 Aldizkari honetan argitaratua: 2018112

AGINDUA, 2018ko maiatzaren 29koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baitira Ikertzaile Doktoreentzako Doktoratu Ondoko Hobekuntza Programarako laguntza berriak eta laguntza-berritzeak, eta horietarako deialdia egiten, 2018-2019 ikasturterako.

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2018-05-29
Hurrenkenaren zenbakia: 201803035
Maila: Agindua
Hezkuntza Sailak badaki aktiboki parte hartu behar duela EAEn ikerkuntzan diharduten giza baliabideak ugaritzen eta haien kalitatea hobetzen lagunduko duten programen sustapenean. Horretarako, zenbait jarduera gauzatu ditu azken urteotan, eta horien artean daude ikertzaile doktoreentzako hobekuntza-laguntzak.
Ikertzailearen Europako Gutunean (EEE/2005/251/CE), ikertzaileak definitzen dira jakintza, ezagutza, produktu, prozesu, metodo eta teknika berriak sortzen diharduten profesional multzo modura. Sailkapena gorabehera, definizio horretan biltzen dira karrerako edozein etapatan ikerkuntzan eta garapenean ari diren pertsona guztiak. Horrela, doktoratu ondoko aldiaren aurreneko etapetan ikertzaile doktoreen prestakuntza eta espezializazio zientifikoa sustatu nahi hori da Eusko Jaurlaritzak arlo horretan ematen duen bigarren urratsa. Lehenengoa, ordea, doktoretzari lotutako konpetentziak eta trebetasunak eskuratzea da.
Ikerketako giza baliabideak sustatzeko politikan kokatzen da programa hau, 2015-2018 Unibertsitate Planaren eta Eusko Jaurlaritzaren Euskadi 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren esparruan, eta horren helburua da ikertzaile doktoreen prestakuntza eta espezializazio profesionala sustatzea. Ekintza hori oso garrantzitsua da, Euskal Autonomia Erkidegoak ahalegin handiak egin behar baititu oraindik Europako beste herrialde batzuetan ikerketa zientifikoaren eta teknikoaren alorrean dituzten giza baliabideak berdintzeko, bai eta zientziaren eta teknologiaren alorrean belaunaldi berri bat sortzeko ere. Hori guztia Ikertzailearen Gutun Europarrari eta Ikertzaileak Kontratatzeko Jokabide Kodeari (EEE/2005/251/CE) buruzko Europako Erkidegoko Batzordearen Gomendioaren eta Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren 2011ko ekainaren 1eko Legearen arabera (aurrerantzean, ZTBL).
Deialdi honek dakarren berrikuntza da neutronikan eta partikula-azelerazioan ikerketa indartzeko laguntzen lerro espezifiko berri bat sartzea; izan ere, gaur egun, interes bereziko arloa da hori Europar Batasunean, eta, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoan. EAEren etorkizun zientifiko, teknologiko eta industrialerako balio estrategikoa du arlo horrek, euskal I+G+b etorkizunean garatzeko aukera bat izateaz gain. EAEn arlo horretako komunitate zientifikoa indartzea eta zabaltzea lehentasunezko xedea da Europako Batzordeak Europako ESS Lund neutroi bidezko espalazio-iturriaren eragiketari dagokionez ezarritako xede zientifikoak finkatzeko.
Deialdi honen bidez, ikertzaileentzako hobekuntza-programa eskaintzen da doktoratu ondoko lehen fasean; gehienez hiru urtekoa izango da fase hori, eta doktoreak lan-kontratu bat sinatu beharko du ikerkuntzan diharduen euskal erakunderen batekin. Unibertsitatea, ikerketa-zentroa eta/edo osasun-ikerketako institutua izan beharko da erakunde hori, publikoa edo pribatua, irabazi asmorik gabea, eta I+Gn egiaztatutako gaitasuna eta jarduna duena, sozietatearen egoitza EAEn duena, eta kontratatzeko gaitasuna duena. Hala, lehenengo bi urteetan, atzerriko ikerketa-zentro batera lekualdatutzat hartuko da.
Programa horrekin, Hezkuntza Sailak eredu bat proposatzen du, ikertzaileen prestakuntzaren kalitatea eta eraginkortasuna zaindu eta onuradunak lan-mundura hurbilduko dituena, lan-kontratu bat izango dutelako, urtero ebaluagarria izango dena.
EAEko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak sail honi eskumenak eman dizkio zientzia-alorreko politikan eta ikerketa teorikoaren eta ikerketa aplikatuaren sustapenaren eta koordinazioaren arloan.
Deialdi hau ebazteko, kontuan izango dira administrazio publikoen diru-laguntzak emateko jarduera arautzen duten publizitate-, lehia- eta objektibotasun-printzipioak, betiere EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginari jarraikiz (azaroaren 11ko arazoaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartua), eta kontuan hartuta Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra (Diru-laguntzen Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak garatua) eta diru-laguntzei aplikatzekoak zaizkien gainontzeko xedapenak; era berean, erabilgarri dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira, agindu honetan ezarritako irizpideei jarraikiz.
Horrenbestez, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2018ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legea onetsi denez, honako hau
EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
PROGRAMAREN XEDEA ETA BALDINTZAK
1. ATALA
XEDEA, ZENTROAK ETA FINANTZAKETA
1. artikulua.– Xedea eta helburua.
1.– Agindu honen bidez ezarri nahi dira EAEko ezarpen-zentroetan hobekuntza-programetan izango diren ikertzaile doktoreentzako eta 2018-2019 ikasturtean atzerrira joango diren ikertzaile doktoreentzako laguntzen oinarri arautzaileak, eta laguntza horien deialdia iragarri. Deialdi honen bidez, laguntza berriak emango dira, eta 2017-2018 ikasturterako emandakoak berrituko.
2.– Programaren xedea da ikertzaile doktoreen hobekuntza sustatzea ikerketan.
2. artikulua.– Ezarpen-zentroak eta atzerriko zentroak.
1.– Ezarpen-zentroak: laguntzen aldiak irauten duen artean, ikertzaile doktoreak kontratu bidez atxikita egongo diren zentroak unibertsitateak, ikerketa-zentroak eta/edo osasun-ikerketako institutuak izan beharko dira, publikoak edo pribatuak, irabazi asmorik gabeak, sozietatearen egoitza EAEn dutenak, I+Gn egiaztatutako jarduna eta kontratatzeko gaitasuna dutenak, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen (ZTBES) agente gisa akreditatuak ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren arabera. Laguntza hau indarrean den bitartean akreditazio hori galtzen bada, ezarpen-zentroa ZTBESeko beste agente akreditatu batek ordeztuko du, laguntzaren onuradunak proposatuta.
Ikerbasque Fundazioak agente kontratatzaile gisa parte hartu ahalko du eskatzailearen eta ezarpen-zentroaren arteko kontratua zuzenean gauzatu ezin daitezkeen kasuetan. Horretarako, Ikerbasque fundazioak hitzarmenak sinatu beharko ditu EAEn egoitza duten unibertsitate publiko nahiz pribatuekin eta ikerketa-zentroekin eta/edo osasun ikerketako zentroekin.
2.– Atzerriko zentroak: ikertzaile doktoreak bolada baterako ikerkuntzan jardutera doazen atzerriko zentroak irabazi-asmorik gabeko unibertsitateak edo ikerketa-zentro publiko eta pribatuak izango dira, eta ez dira izango doktoretza-ikasketak egin dituzten zentroak. Eskatzaileak atzerritarrak badira, atzerriko zentroa ez da beren jatorri-herrialdean egongo.
3. artikulua.– Jardun-lerroak eta jakintza-arloak.
1.– Programan honako jardun-lerro hauek biltzen dira:
a) Laguntza berrien lerroa, zeinaren bidez finantzatzen baitira ikerketa orokorreko arloetan prestatzen ari diren ikertzaileen kontratu berriak.
b) Laguntza-berritzeen lerroa, zeinaren bidez berritzen baitira 2017-2018 deialdian emandako laguntzak.
c) Laguntza berrien lerroa, zeinaren bidez finantzatzen baitira ikertzaile doktoreen kontratu berriak ikerketa espezifikoko arloetan.
Lehiakide bakoitzak laguntza berrien lerro bakar batean –orokorrak ala espezifikoak– aurkeztu beharko du eskabidea.
2.– Agindu honen I. eranskinean daude zerrendatuta laguntza berriak eskatzeko aukera ematen duten jakintza orokorreko arloak.
Lehiakide bakoitzak arlo bakar batean aurkeztu beharko du eskabidea, eta arlo horretan aztertuko da eskabidea.
Ikerketa Zuzendaritzak, interesdunari hala jakinarazi ondoren, aukeratutako arloa aldatu ahal izango du, betiere, hala komeni bada eskabidearen ezaugarriak direla-eta, edo kasuan kasuko berariazko aholku-batzordeak horrelakorik gomendatzen badu.
3.– Ikerketa espezifikoko arlo hauetarako eska daitezke laguntza berriak:
– Polimeroen eta sistema makromolekularren ikerketari aplikatutako neutroien teknikak.
– Energiarako materialen ikerketari aplikatutako neutroien teknikak.
– Material funtzionalen ikerketari aplikatutako neutroien teknikak.
– Sistema biologikoen eta material bio-inspiratuen ikerketari aplikatutako neutroien teknikak.
4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Programaren guztizko zenbatekoa, deialdi honi dagokionez, 2.688.818 eurokoa da, eta aurrekontu-ekitaldien eta jarduteko lerroen arabera banakatuta ageri da taula honetan:
2.– Ikerketa orokorreko lerroan, gehienez 24 laguntza berri emango dira.
3.– Ikerketa espezifikoko lerroan, gehienez 2 laguntza berri emango dira.
2. ATALA
ONURADUNAK, EZAUGARRIAK, ZUZENDARITZA ETA TESI-PROIEKTUA
5. artikulua.– Onuradunak.
1.– Sozietatearen egoitza EAEn duen unibertsitate batekin, ikerketa-zentro batekin, osasun-ikerketako zentro batekin edo Ikerbasque fundazioarekin Espainiako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sisteman sartzeko kontratua sinatzen duen ikertzaile doktorea izango da laguntza hauen onuraduna.
2.– Ezingo dira agindu honek araututako diru-laguntzen onuradun edo erakunde laguntzaile izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluak ezarritako egoeretako batean daudenak.
6. artikulua.– Ezaugarriak.
1.– Kontratua:
Laguntzek Espainiako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sisteman sartzeko kontratu baten ezaugarriak izango dituzte. Kontratu hori ZTBLren 22. artikuluan eta indarreko lan-araudian ezarritakoaren babesean egingo da.
Enplegu-emailearen eta ikertzaile doktorearen arteko harremana ZTBLn eta Langileen Estatutuan ezarritakotik ondorioztatzen dena izango da.
Kontratu hori sinatuta, ikertzaile doktoreak konpromisoa hartzen du esklusiboki jarduteko Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen Ebazpenaren bidez laguntza eman zaion ikerketa-proiektuan.
Hala ere, ezarpen-zentroek edozein kontratu sinatu edo daudenak luzatu ahal izateko, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpenetan ezarritakoari helduko zaio, sailburu horrek ebatziko dituelako laguntza berriak esleitzeko eta daudenak berritzeko prozedurak, 29. eta 34. artikuluetan ezarrita daudenak, hurrenez hurren.
2.– Iraupena: Kontratuak urtebete iraungo du, 9. artikuluaren 1. atalean ezarritako laguntzaren hasiera-egunetik hasita, eta urtebeteka luzatu ahal izango da, laguntza agindu honen 31. artikuluan ezarritakoaren arabera berrituz gero. Laguntza gehienez 36 hilabeterako eman ahal izango da.
Jarduera eten gabe, 36 hilabete horiek bi fasetan antolatuko dira: lehenengoa gehienez 24 hilabetekoa izango da, eta ikertzailea atzerriko ikerketa-zentro batera joango da, bere ezarpen-zentroa utzita, ikerketa-proiektu bat gauzatzeko. Bigarren fasea, berriz, gehienez 12 hilabetekoa izango da; fase horretan, ikertzailea EAEko ikerketa-talde batean sartuko da.
Ikertzaileen kontratuaren iraupena eten egingo da, egoera hauetakoren bat jazoz gero: aldi baterako ezintasuna, haurdunaldiko arriskua, amatasuna, adopzioa edo harrera, edoskitzaroko arriskua edota aitatasuna gertatzean. Horrelakoetan, etendako denbora berreskuratu ahal izango du interesdunak, emandako laguntzaren 36 hilabeteak amaitzean, baldin eta Ikerketa Zuzendaritzak horretarako baimena eman eta onuradunak laguntzari uko egin ez badio edo eskaeran atzera egin ez badu; bestalde, berreskuratzeko aldiak 60 egunekoak izango dira, gutxienez, eta aurrekontuek horretarako aukera eman behar dute.
3.– Zuzkidura: ezarpen-zentroak izenpetzen diren kontratu guztiei emandako laguntzak erabili beharko ditu ikertzaileen ordainsari gordinak eta Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko enpresa-kuotak ordaintzeko.
Enplegatzaileek eta enplegatuek honako zuzkidura hauek jasoko dituzte 2018-2019 ikasturtean:
Ezarpen-zentroarekin izenpetutako doktoratu ondoko kontratuan jasoko dira kopuru horiek gutxieneko ordainsari gisa, erakunde kontratatzailearen kontura osatu daitezkeela baztertu gabe; hala bada, gehikuntza horri dagokion enpresa-kuotaren zati proportzionala ordaindu beharko du erakunde kontratatzaileak.
4.– Asegurua: laguntzen onuradunek, dagokien Gizarte Segurantzako estalduraz gain, erantzukizun zibileko, istripuen eta bidaia-laguntzako aseguru bat izango dute, interesdunarekin batera atzerrira joango diren ezkontideari eta 25 urte baino gutxiagoko seme-alabei ere luza dakiekeena interesdunak hala eskatzen badu. Aseguru hori baliagarria izango da antolamendu juridikoak onartzen dituen edozein frogagiriren bidez egiaztatutako izatezko bikoteentzat ere.
Aseguru horren estaldurak aldatu ezinekoak dira.
5.– Bidaia-gastuak: laguntza-aldiko lehen bi urteetan, osagarri bat ezarriko da atzerriko zentrora urtean joan-etorriko bidaia bat finantzatzeko. Bidaia horren zenbatekoa honako taula hau kontuan hartuko da ezarriko da:
Agindu honen ondorioetarako, eskatzailea EAEn erroldatuta dagoen probintziako hiriburua hartuko da jatorri-hiritzat.
Zenbatekoa ezarpen-zentroari ordainduko zaio. Ezarpen-zentroak ordainketa bakar batean ordainduko dio onuradunari zenbateko hori, bigarren hileko ordainsarian.
6.– Ordainbidea: ezarpen-zentroei lau zatitan ordainduko zaie laguntza: % 10 jasoko dute laguntza ematea ebatzi, eta laguntza onartu ostean; % 30, 2019ko otsailean; % 30, 2019ko maiatzean, eta gainerako % 30a, 2019ko irailean.
Bigarren ordainketa egiteko, kontratuaren kopia aurkeztu beharko dituzte onuradunek, edo, hala badagokio, haren luzapenak, aplikazio informatikoaren bidez.
Ezarpen-zentroek, dagokionean, kasuan kasuko konturako atxikipenak eta diru-sarrerak gauzatuko dituzte prestatzen ari diren ikertzaile doktoreek egindako ordainketengatik.
7. artikulua.– Proiektuak.
Proiektuetan, diziplinei dagozkien funtsezko printzipio etikoak eta jardunbide etiko onartuak jaso beharko dira, bai eta kode deontologiko nazional, internazional, sektorial edo instituzionaletan jasotako arau etikoak ere.
3. ATALA
ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK
8. artikulua.– Ikertzaile onuradunen eskubideak.
1.– Lankidetza eta beharrezko laguntza jasotzea ezarpen-zentroarengandik, horrek ahal duen neurrian, bere hobekuntza-programa gauzatu ahal izateko.
2.– Sailetan eta erakundeetan integratuta egotea eta horietan parte hartzea, bere ezarpen-zentroko estatutuak onartzen duen neurrian.
3.– Ikerketa-proiektua egiten ari den zentroko estatutuak laguntza-fase bakoitzerako zehazten dituen opor-erregimena, lizentziak eta baimenak hartzea.
4.– Dagokion laguntza ekonomikoa jasotzea deialdi honetan adierazitako moduan.
5.– Erakunde batzuentzat diharduela kontuan hartuta, zientzia-jarduera gauzatzeko orduan, erakunde horien izenak erabiltzea.
6.– Norberaren ekarpenarekin bat etorriz, ikerketako jardueratik eratorritako jabetza intelektualaren eskubideak baliatzea, Jabetza Intelektualaren Legearen testu bateginak (apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuak onartutakoa) ezarritakoari jarraikiz. Eskubide horiek ez dute menpekotasunik izango egindako ikerketak sorrarazi ditzakeen beste eskubide batzuekiko, eta horiekin osagarri eta metagarri izango dira. Horrek ez du eraginik izango lan kolektibotik eratorritako baldintzatzaileetan, ikertzaile doktorea ikerketa-proiektu kolektibo batean parte hartzen ari denean edo horri lotuta dagoenean.
7.– Industria-jabetzaren gaineko eskubideei dagokionez, Patenteei buruzko martxoaren 20ko 11/1986 Legearen esparruan eta, hala dagokionean, Ikerkuntza-erakunde publikoetan egindako asmaketak ustiatzeari eta lagatzeari buruzko urtarrilaren 18ko 55/2002 Errege Dekretuan xedatutakoa hartuko da kontuan. Aipatutako eskubide horiek ez dute, inola ere, soldata-izaera izango.
8.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko Legeak bere 14. artikuluan aitortzen dizkien beste guztiak.
9.– Beren ezarpen-zentroak onartzen dizkien beste eskubide guztiak, betiere bateragarriak badira deialdi honetako xedapenekin.
9. artikulua.– Ikertzaile onuradunen betebeharrak.
1.– Ezarpen-zentroarekin kontratu berriak formalizatzea 2019ko urtarrilean, eta baita horien luzapenak ere, une horretan indarrean den kontratua bukatu ondoren. Kontratua ez bada egun horietan formalizatzen, ezetsi egingo da emandako diru-laguntza, Ikerketa Zuzendaritzak lanean hastea atzeratzeko baimen-eskabideari baietza ematen dion kasuetan izan ezik.
2.– Sinatutako kontratuen kopia –berriena edo luzapenena– igortzea Ikerketa Zuzendaritzara, sinatzen den egunetik hasita egutegiko 21 eguneko gehieneko epean.
3.– Zentroan jarduten hasteko data hauek betetzea:
a) Laguntza berri baten onuraduna kontratua izenpetu eta hurrengo hilean hasiko da lanean atzerriko zentroan.
Onuraduna lanean hasi dela egiaztatu beharko da atzerriko zuzendariak izenpetutako idazki bidez. Bertan, zein egunetan hasi den jaso beharko da.
b) Lehen laguntza-berritzeen onuradunek atzerriko zentroan jarraitzen dutela egiaztatu beharko dute atzerriko zuzendariak izenpetutako idazki baten bidez.
c) Bigarren laguntza-berritzeen onuradunek ezarpen-zentroan lanean hasi direla egiaztatu beharko dute taldeko ikertzaile-buruak eta onuradunari dagokion saileko zuzendariak izenpetutako idazki baten bidez. Bertan, zein egunetan hasi diren adierazi beharko da.
Atal honetan aipatutako agiriak Ikerketa Zuzendaritzara bidali beharko dira 2019ko lehenengo hiruhilekoan, onuradunak doktoratu ondoko laguntza eskatzeko erabili duen aplikazio informatikoaren bidez.
4.– Bai laguntza berrien onuradunek bai laguntza-berritzeen onuradunek, aplikazio informatikoaren bidez, honako hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) helmugako herrialdean bizi dela justifikatzen duen alokairu-kontratuaren kopia, atzerriko zentroan sartzen den hilabetean.
b) garraio publikoan egindako bidaiaren jatorrizko fakturak eta txartelak, laguntza bukatzen den hilabetean.
5.– Ikerketak eraginda egiten diren aldi baterako irteerak, atzerriko zentrotik zein ezarpen-zentrotik, Ikerketa Zuzendaritzari jakinarazi beharko zaizkio, eta hark onartu beharko ditu.
Baimena eskatzeko, azalpen-idazki bat aurkeztu beharko da, aplikazio informatikoaren bidez, aurreikusitako irteera-data baino hamar egun lehenago, gutxienez, eta proiektuko ikertzaile nagusiak sinatu beharko du. Baldin eta laguntzaren lehenengo 24 hilabeteetan egiten bada irteera, atzerrian ikerketa-proiektuaren zuzendariak ere sinatu beharko du eskabidea.
6.– Laguntza-aldia amaitu eta ondorengo hilabetean, aplikazio informatikoaren bidez, aurkeztu beharko dituzte curriculum vitae eguneratua eta amaierako txostena, gehienez 10 orrialdekoa, zeinak barne hartuko baititu egindako jarduera akademikoak eta lanak eta finantzaketa-aldiko lorpenak; ezarpen-zentroko ikerketa-arloko lege-ordezkariak sinatuko du.
7.– Laguntzari uko eginez gero, aplikazio informatikoaren bidez, Ikerketa Zuzendaritzari eta ezarpen-zentroari jakinarazi beharko diete, 12. artikuluan zehaztutako baldintzen arabera.
8.– Laguntza ematea ekarri zuten hasierako baldintzetan izandako edozein aldaketa (proiektua, proiektuaren zuzendaritza, hartzailea, etab.) jakinarazi beharko diete Ikerketa Zuzendaritzari eta ezarpen-zentroari.
Baldintzetan aldaketaren bat egiteko Ikerketa Zuzendaritzaren baimena beharko da. Aldaketa-eskaera idazki arrazoitu bidez egingo da, aplikazio informatikoa erabilita; eskatzaileak sinatu beharko du, eta proiektuaren ikertzaile nagusiaren oniritzia izan beharko du.
Dena dela, baimentzen diren aldaketek bermatu beharko dute laguntza ematea eta orduko kalifikazioak lortzea eragin zuen kalitatearen antzeko kalitateari eustea.
9.– Hobekuntza-programan aurreikusitako jarduerei probetxu ateratzea, bere lanak gizarteari onura ekar diezaion.
10.– Zientzia-alorreko prestakuntza eta esperientzia-trukea sustatzeko politikaren esparruan Ikerketa Zuzendaritzak antolatutako jardueretan parte hartzea.
11.– Zientzia hedatzeko kanpainetan parte hartzea, ezarpen-zentroko zein atzerriko zentroko komunikazio-politikaren esparruan.
12.– Erakunde batzuentzat diharduela kontuan hartuta, ikerketa-jarduera gauzatzeko orduan erakunde horien izenak erabiltzea, barne-araudien eta erakundeek sinatutako akordio eta hitzarmenen arabera.
13.– Laguntza-aldian argitaratutako lan guztietan adieraztea Eusko Jaurlaritzak ikertzaile doktoreei eskainitako doktoratu ondoko hobekuntza-programari atxikitako ikertzailea dela.
14.– Diharduen diziplinako arau eta printzipio etikoak onartu, ezagutu eta betetzea, hala nola ezarpen-zentroetan eta atzerriko zentroetan aplikagarri zaizkion laneko osasun eta segurtasuneko arauak eta funtzionamendu-arauak.
15.– Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak diru-laguntzen destinoa fiskalizatzeko lanetan eskatzen dieten informazio guztia aurkeztu beharko dute.
16.– Edonola ere, diru-zenbatekoak jasotzeko eta laguntza berritzeko, artikulu honetan jasotako betebeharrak bete beharko dira.
17.– Era berean, agindu honetako laguntzen onuradunei ez zaie laguntzarik emango, ezta emandakoa ordainduko ere, baldin eta EAEko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan itzultze- edo zehatze-prozeduraren bat bukatu gabe eta izapidetzen badute.
18.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14.1 artikuluan ezarritakoa bete beharko dute.
19.– Ikerketa-jarduera dedikazio esklusiboko erregimenean gauzatu beharko dute, hargatik eragotzi gabe agindu honen 13.3 artikuluan ezarritakoa.
10. artikulua.– Ezarpen-zentroaren betebeharrak.
1.– Ezarpen-zentroak honako betebehar hauek izango ditu, kontratu-aldian ikertzailearekiko kontratu-harremanetik sortzen direnez gainera:
a) Ikertzaile onuradunari lan-kontratua egitea, indarreko laneko legediaren arabera, agindu honetan zehaztutako iraupenarekin, ordainsariekin eta gainerako betekizunekin.
b) Baldin eta laguntza emateko hasierako egoera aldatzen bada, egoera hori eten edo aldatzen bada, edo bateraezintasuna dakarren beste edozein kausa sortzen bada, Ikerketa Zuzendaritzari jakinaraztea; gainerako gorabeheren berri ere eman beharko da, baldin eta laguntzaren xedea normaltasunez betetzea eragotz badezakete. Egutegiko 21 eguneko gehieneko epean eman beharko da gorabehera horien berri, gertatzen diren egunetik aurrera.
c) Onuradunei behar duten laguntza ematea, eta beren jarduera ongi gauzatzeko behar dituzten bitartekoak, tresnak edo ekipoak erabiltzeko aukera ematea.
d) Programa behar bezala garatzen dela zaintzea; onuradunari ezin zaio eskatu bere ikerketaren garapenarekin lotuta ez dagoen beste jarduerarik egitea.
e) Prestakuntza-aldian den ikertzaileari aukera ematea, ikertzen ari den departamentuetan, institutuetan eta erakunde publiko edo pribatuetan integratzeko.
f) Laguntza-programa honen babesean ezarpen-zentroaren eta ikertzailearen artean egindako kontratuek adierazi beharko dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko finantza-laguntza dutela Ikertzaile Doktoreentzako Doktoratu Ondoko Hobekuntza Programaren bidez.
g) Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak diru-laguntzen destinoa fiskalizatzeko lanetan eskatzen dieten informazio guztia aurkeztu beharko dute.
h) Ezarpen-zentroak 2020ko lehen hiruhilekoan justifikatu beharko du zertan erabili dituen agindu honetan araututako laguntzengatik jasotako funtsak. Helburua da erregularizatzea zentro horiei ikertzaileen ordainsari gordinetarako ordaindutako zenbatekoen eta, agindu honetan jasotako egoera guztiak aplikatuta, azkenean ematen direnen arteko aldea.
Horretarako, ezarpen-zentroak ziurtagiri bat helarazi beharko du Ikerketa Zuzendaritzara, eta ziurtagiri horretan adieraziko du zeintzuk diren erakunde horrek laguntzaren onuradun bakoitzari emandako urteko soldata gordina eta Gizarte Segurantzari emandako zenbatekoak. Zenbateko horien artean alderik badago, hori Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez ebatziko da.
Hala ere, onuradunak bere kontratua amaitu baino lehenago amaitzen badu laguntzaren aldia, aldi hori amaitzen duenean justifikatuko du ezarpen-zentroak, aurreko paragrafoan aipatzen den moduan.
i) Diru-laguntza jasotako egoeraren xedea edo izaera asko aldatzen duen edozein gorabeheraren berri ematea, bai eta Hezkuntza Sailarekin kolaboratzea ere, jarduera horien egiaztapen-, inspekzio-, jarraipen- eta kontrol-prozeduretan.
2.– Ezarpen-zentroak nahitaez bete beharko du EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua –EAEko herri-administrazioen laguntzen eta diru-laguntzen araubideari buruzkoa–, erakunde kolaboratzaile den aldetik, bai eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 15. artikuluan adierazitakoa ere.
4. ATALA
LAGUNTZA ONARTZEA, HARI UKO EGITEA ETA BATERAEZINTASUNAK
11. artikulua.– Laguntza onartzea.
1.– Programa honetan araututako laguntzen onuradun den ikertzaile doktoreak 10 egun balioduneko epea izango du laguntzari berariaz eta idazki bidez uko egiteko, emate-ebazpena egoitza elektronikoaren iragarki-taulan jakinarazten denetik aurrera, hala egin ezean, onartutzat joko da.
2.– Ikertzaile doktoreek diru-laguntza onartzen badute, ulertuko da 8. eta 9. artikuluetan jasotzen diren eskubideak onartzen dituztela eta betebeharrak betetzeko konpromisoa hartzen dutela, hurrenez hurren.
12. artikulua.– Laguntzari uko egitea.
1.– Uko-egiteen berri idatziz jakinarazi beharko da, ikertzaileak eta ezarpen-zentroko legezko ordezkariak izenpetutako idazki baten bidez. Bertan adieraziko da zein diren uko-egitearen arrazoiak, eta zein izango den horren eraginetarako data. Idazkia bide telematikoz bakarrik aurkeztu beharko da, laguntza egiteko erabili den aplikazio informatikoaren bidez. Uko egitearen ondorioak hasteko eguna baino 10 egun baliodun lehenago egingo da jakinarazpen hori, beranduenik ere.
2.– Uko-egiteak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen bidez onartuko dira.
3.– Ikertzaile doktoreak uko egiten badu, ezarpen-zentroak itzuli egin beharko ditu kontratua finantzatzeko erabili gabeko zenbatekoak. Uko-egitearen ondorio ekonomikoak uko egite hori gauzatzen den egun berean hasiko dira, hargatik eragotzi gabe bidegabeko ordainketak gauzatu badira egin beharko diren itzultzeak.
13. artikulua.– Bateraezintasun-araubidea.
1.– Programa honetako laguntza jasoz gero, oro har, ezingo da funts publikoekin edo pribatuekin finantzatutako beste laguntzarik jaso, ez eta soldatarik ere.
2.– Aurreko atalean xedatutakoa gorabehera, programa honen babesean emandako laguntza bat izatea ez da bateragarria izango ZTBLren 22. artikuluan xedatutakoaren babesean burututako Espainiako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sistemara sarbide-kontratu bat baliatzen aritu edo baliatu izanarekin, zeinaren bidez langile doktoreentzako hobekuntza-programa bat baliatzen aritu edo baliatu izan baita, atzerriko ikerketa-zentroetan bi urte edo gehiagoko egonaldiak aurreikusten dituztenak, agindu honen ebazpena baino lehenago.
3.– Salbuespen gisa, eta laguntzaren 12 hilabeteko hirugarren aldian bakarrik, Ikerketa Zuzendaritzak baimena eman ahal izango du irakasle-lanetan laguntzeko, prestakuntza-helburuei jarraikiz; urtean gehienez 30 orduz, eta, betiere, laguntzaren ikerketa-helburuari inolako kalterik eragiten ez badio.
Lankidetza hori Masterreko (lehentasunez) edo Graduko irakaskuntzan egingo da, eta ez du ordezkapenik eragingo irakasgaiaren ardura duen irakasleen irakaskuntzan; irakasgaiaren ardura duen irakasleekin batera egingo da. Ikertzailea ezin da inolaz ere aipatutako ikasgaiaren arduraduna edo koordinatzailea izan.
Lankidetzaren baimen-eskaera egiteko erabili den aplikazio informatiko beraren bidez eskatuko da lankidetza-baimena. Horretarako, aplikazio horretan dagoen txantiloia bete beharko da; kontratua hasteko aurreikusitako eguna baino hamabost egun lehenago gutxienez eskatu beharko da baimen hori, eta, ikerketa-arloan eskumena duen errektoreordearen onarpena izateaz gain, atxikitako departamentuko zuzendariak eta ikertzaileak sinatu beharko dute eskabidea.
14. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.
Laguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatu badira, edo, hala dagokionean, Administrazio honek edo beste Administrazio Publiko batzuek emandako beste laguntza batzuk aldi berean lortzen badira, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere diru-laguntzari buruzko arauan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen baldin badira. Ondorio horietarako, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du; ebazpen horretan, emandako zenbatekoak berriz doituko dira, eta laguntza horiek emateko ezarritako irizpideak eta mugak aplikatuko. Hartzaileek, beraz, sobera jasotako zenbatekoak itzuli beharko dituzte. Baldintzak aldatzeak emandako diru-laguntza osoa edo haren zati bat itzuli beharra baldin badakar, 18. artikuluan araututako itzultze-espedientea hasiko da.
15. artikulua.– Jarraipena.
Ikerketa Zuzendaritzak egin beharko du ikertzaile doktoreek egin duten lanaren jarraipen zientifiko eta teknologikoa. Horretarako, prozedura egokiak ezarriko ditu, eta egoki irizten dituen organo, batzorde edo adituak izendatu ahal izango ditu, laguntzaren aplikazioaren beharrezko jarraipen- eta egiaztapen-jarduerak gauzatzeko, eta beharrezkotzat jotzen duen informazio osagarria aurkez dadila eskatzeko, agindu honetan kasu bakoitzerako berariaz ezartzen den informazioaz gainera.
16. artikulua.– Ikuskapena eta kontrola.
Hezkuntza Sailak beharrezko diren ikuskapenak eta kontrolak egin ahal izango ditu agindu honen helburuak betetzen direla bermatzeko, hargatik eragotzi gabe Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren eginkizunak, betiere.
17. artikulua.– Ez-betetzeak.
Laguntza itzultzeko prozedurari ekingo zaio laguntzaren onuradunak eta/edo ezarpen-zentroak edo erakunde kontratugileak Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53.1 artikuluan adierazitako kasuetako batean sartzen badira, edo agindu honetan eta bete beharreko gainerako arauetan aipatutako baldintzak edo betebeharrak betetzen ez badituzte, edo diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzetako bat edo batzuk betetzen ez badituzte –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoaren arabera– eta laguntzak emateko ebazpenean arautzen diren baldintza edo betebeharrak betetzen ez badituzte.
18. artikulua.– Laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela deklaratzeko eta, beharrezkoa bada, laguntza itzultzeko prozedura.
Agindu honetan xedatutakoa betetzen ez den kasuetan, hau izango da prozedura:
a) Prozedurari Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak emango dio hasiera, eta Ikerketako zuzendariak jakinaraziko du. Prozedura hasiz gero, eten egingo dira oraindik egiteke dauden ordainketak.
b) Prozedura hasteko ebazpenak prozedura bera hastearen arrazoiak jasoko ditu eta 15 eguneko epean emango du egoki iritzitako alegazioak aurkezteko.
c) Alegazioak jaso ondoren, edo epea igaro bada alegaziorik jaso gabe, amaiera emango zaio prozedurari, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen bidez.
Gehienez hamabi hilabetekoa izango da itzultze-prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea.
Ebazpenean uste bada arauak ez direla bete, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela aitortuko da, eta, hala badagokio, adieraziko da kopuruak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola, gehi laguntza ordaindu zenetik dagozkion legezko interesak; horretarako epea gehienez bi hilabetekoa izango da, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko alditzat joko da.
d) Borondatezko aldian laguntza itzultzen ez bada, horren berri emango zaio Ogasun eta Ekonomia Saileko Ekonomia, Finantzak eta Aurrekontu Sailburuordetzari, aplikatu beharreko legezko arauek xedatutakoari jarraikiz jardun dezan.
19.– artikulua.– Datu pertsonalak.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoari jarraikiz, deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatzeko eta argitaratzeko. Datuok Hezkuntza, Unibertsitate eta Kulturako sailburuaren 2010eko urriaren 4ko Aginduan jasotzen den «Bekadunentzako laguntzak» izeneko fitxategian sartuko dira (Ikerketa Zuzendaritzako 3. fitxategia da); agindu horren bidez, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren datu pertsonalen fitxategi jakin batzuk arautzen dira.
Ikerketa Zuzendaritzan baliatu ahal izango da datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta haien aurka egiteko eskubideez. Horretarako, idazki bat bidali behar da agindu honen 21.3 artikuluan adierazitako egoitzetako batera.
Halaber, deialdi honetara bildutako pertsonek baimena ematen diote Ikerketa Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiaztatzeko aurkeztutako agiriak egiazkoak direla.
II. KAPITULUA
LAGUNTZEN IZAPIDEAK ETA EBAZPENA ETA LAGUNTZAK ARGITARATZEA
20. artikulua.– Organo kudeatzailea.
Ikerketa Zuzendaritzari dagozkio deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak.
21. artikulua.– Eskabideak formalizatzea eta aurkezteko epeak.
1.– Eskabidea Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan telematikoki eskuragarri egongo den izen-emate inprimakiaren bidez baizik ezingo da: egin https://www.euskadi.eus/zerbitzu_elkartzea/2018/posdoc/y22-izapide/eu/. Helbide horretatik, izangaia aplikazio informatikoan sartuko da, eta, hor, alta hartu beharko du erabiltzaile moduan, eta aplikazioan zehaztutako jarraibideak bete. Eskatzailearen identitatea egiaztatu egingo da, pertsona horren esanbidezko baimenarekin, datuak egiaztatzeko zerbitzuaren bidez. Zerbitzu hori Administrazio Elektronikoari buruzko 21/2012 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian jasota dago.
Eskabidearekin batera aurkeztu beharko diren agiriak bide elektronikoa erabiliz soilik aurkeztuko dira, eta laguntza berrietarako agindu honen 25. artikuluan eta laguntza-berritzeetarako 33. artikuluan azaltzen diren agiriak izango dira.
2.– Eskabide telematikoa guztiz betetakoan, eskatzaileak, Egoitza Elektronikoak onartutako sinadura elektronikoaren edozein sistema erabiliz identifika badaiteke, eskabidea erregistratzeko prozesu elektronikoa osatu ahal izango du.
3.– Eskatzailea ezin bada sinadura elektroniko bidez identifikatu, eskabide telematikoa bete eta amaitu ostean eta eskabidearekin batera aurkeztu behar diren agiriak aurkeztu ondoren, eskabidearen inprimaki ofiziala lortuko da papereko euskarrian agiri hori soilik aurkezteko. Agiri hori honako bulego hauetako edozeinetan sinatuko da:
a) «Zuzenean» herritarren zerbitzuko bulegoetan:
– Bizkaia (Kale Nagusia 85, 48011 Bilbao).
– Gipuzkoa (Andia kalea 13, 20003 Donostia).
– Araba (Ramiro de Maeztu kalea 10, behea, 01008 Vitoria-Gasteiz).
b) Euskal Herriko Unibertsitatearen Erregistro Bulegoetan, baldin eta Unibertsitate hori ezarpen-zentroa bada:
– Arabako 01 erregistro-bulegoa (Arabako Campuseko Errektoreordetza, Izardui komandantea 2, 01005 Vitoria-Gasteiz).
– Gipuzkoako 02 erregistro-bulegoa (Ignacio M.ª Barriola gelategia, Elhuyar plaza 1, 20018 Donostia)
– Bizkaiko 03 erregistro-bulegoa (Errektoretza, Sarriena z.g., 48940 Leioa).
– Bizkaiko 04 erregistro-bulegoa (Larrako Etxea, Agirre Lehendakariaren etorbidea 83, 48015 Bilbao).
c) Posta-zerbitzua. Kasu horietan, gutun-azal irekian aurkeztuko da, igorri nahi den agiriaren lehen orriaren goiburuan argi eta garbi azaltzeko igorpen-data. Helbide honetara igorriko da:
Eusko Jaurlaritza-Gobierno Vasco
Hezkuntza Saila (Ikerketa Zuzendaritza)
Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz (Araba)
d) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan zehaztutako edozein lekutan.
e) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatutako lekuetan.
Inprimaki ofizialak eskabidea identifikatzeko zenbaki bat izango du. Inprimaki ofiziala eskuz edo elektronikoki eraldatuko balitz, eskabidea automatikoki baztertuko da.
4.– Hilabetekoa da eskabide berriak zein laguntza-berritzeak aurkezteko epea, agindu hau EHAAn argitaratzen denetik aurrera.
5.– Izangai bakoitzak eskabide bakar batekin parte hartu ahal izango du deialdi honetan.
6.– Behin eskabidea aurkeztuta, ezin izango da aldatu, aginduan zehazten diren salbuespenetan izan ezik.
7.– Agindu honen II., III. eta IV. eranskinetan azaltzen dira eskabide-ereduak.
22. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.
Laguntzen eskabideak oso-osorik beteta etorri ezean, edo manuzko agiri guztiekin batera aurkezten ez badira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 68.1 artikuluaren arabera interesdunari eskatuko zaio akats hori zuzentzeko edo nahitaezko agiriak modu telematikoan aurkezteko hamar laneguneko epe luzaezinean, 21. artikuluaren 2. eta 3. paragrafoetan ezarritako prozeduraren arabera. Hala egiten ez bada, eskatzaileak eskaera egiteari uko egin diola ulertuko da; hala ere, Administrazioak uko edo atzera egite hori adierazten duen berariazko ebazpena eman beharko du. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan arautzen den moduan jakinarazi beharko da ebazpen hori.
Zuzenketak egiteko errekerimenduak 30. artikuluko 4. paragrafoan ezarritako prozedurari jarraikiz jakinaraziko dira.
III. KAPITULUA
LAGUNTZA BERRIAK, IKERKETA OROKORREKOAK ETA IKERKETA ESPEZIFIKOKOAK
1. ATALA
ESKAKIZUNAK ETA AGIRIAK
23. artikulua.– Eskatzaileen betekizunak.
1.– a) Eskabidea aurkezterakoan EAEko udalerri batean erroldatuta egotea, 2014ko urtarrilaren 1az geroztik, gutxienez.
b) Hala ere, onartu egingo dira, aurretik EAEn erroldatuta egonda, doktoretza-tesia doktoretza-programa batean egiteagatik baldintza hori betetzen ez duten eskatzaileak, bai eta, egoera horretan egonda, doktoretza-titulua eskuratu ostean beren ikerketa eten ez dutenak ere.
2.– Erkidegotik kanpoko atzerritarren kasuan, egoitza-baimena eduki behar dute.
3.– Doktoretza-titulua edukitzea, 2015eko urtarrilaren 1ean edo geroago lortutakoa, honako salbuespen hauekin:
a) Salbuespen gisa, eskatzailea doktorea ez bada, baina titulu hori 2018ko urrirako lortzekotan badago, onartu egingo zaio eskabidea, eta behin-behinean ebaluatu ahal izango da, baldin eta gainerako agiriekin batera aurkezten badu tesia deposituan erregistratu delako ziurtagiria, edo proiektuaren zuzendariaren gutuna, eskatzailea doktore-titulua 2018ko urrirako ateratzeko moduan egongo dela ziurtatzen duena. 2018ko azaroaren 2an amaituko da aipatutako titulua lortu dela agiri bidez ziurtatzeko epea, mugaeguna barne. Laguntza jasotzea eskatzaileak aipatutako titulua lortu dela agiri bidez ziurtatzearen mende dago. Horretarako, doktoretza-tituluaren eskubideen ordainagiriaren kopia aurkeztu beharko da aplikazio informatikoaren bidez.
b) Doktoretza 2014. urtean zehar ere eskuratu ahalko da, betiere, honako hauei zor zaizkien etenaldiak egiaztatzen badira:
– Amatasun edo aitatasun-atsedenaldiagatik; Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean jasotako babespeko egoeren arabera.
– Eskatzailearen gaixotasun edota istripu larriagatik; hiru hilabete edo gehiagoko baja medikoarekin.
– Mendeko pertsonak 3 hilabetean edo luzaroagoan zaindu izanagatik, Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legean adierazitakoarekin bat etorriz.
Etenaldiak oso-osorik 2014ko urtarrilaren 1etik eta 2017ko abenduaren 31ra bitartean gertatutakoak izan beharko dira. Era horretako etenaldirik gertatu bada, eskabidea aurkezteko unean hura jakinarazi eta egiaztatu beharra dago. Eskatzaileak doktoretza eskuratu zuenetik igarotako epearen zenbaketa soilik behin eta urtebetez atzera daiteke hizpide dugun etenaldiagatik.
24. artikulua.– Eskakizunak betetzea.
1.– Onuradunek laguntza-eskaera aurkezten dutenean egiaztatu beharko dute eskakizunak betetzen dituztela, berariaz aipatutako salbuespenetan izan ezik.
2.– Hautapen-prozesutik kanpo geldituko dira eskatutako eskakizunak betetzen ez dituzten edo betetzen dituztela garaiz eta forma egokian frogatzen ez duten pertsonak. Horrek ekarriko du prozesuan parte-hartzeagatik sor daitezkeen eskubide guztiak galtzea.
25. artikulua.– Derrigorrezko agiriak.
Ondoren adieraziko diren agiriak aplikazio informatiko bidez aurkeztu beharko da eskabide-orriarekin batera, 21. artikuluaren 2. eta 3. paragrafoetan adierazitakoaren arabera.
1.– a) Eskatzailea egun eta, gutxienez, 2014ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik EAEn erroldatuta dagoela egiaztatzen duen agiria.
b) Doktoretza lortzeagatik edo doktoratu ondoko ikerketaren bat egiteagatik baldintza hori betetzen ez duenak ikasketa horien matrikula edo doktoretzako edo doktoratu ondoko jardueren ikertzaile arduradunak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko ditu, hala nola aurrez EAEn erroldatuta egon izanaren agiria, eta, justifikatu beharreko denbora horretan guztian beste autonomia-erkidego batean erroldatuta egon izanaren agiria, edo, atzerrian bizi bada, enbaxadako erregistroa.
2.– Egoitza-baimena. Europar Batasunetik kanpoko pertsonek bakarrik aurkeztu beharreko agiria.
3.– Doktoretza-titulua edo horren eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiria, doktoretza eskuratu zeneko data adierazita.
4.– 23.3.b) artikuluan zerrendatutako baldintzak direla medio, doktoretza 2014an eskuratu izanaren ziurtagiria.
5.– Ezarpen-zentroaren konpromisoa, bertako lege-ordezkariak sinatua (ikerketako errektoreordeak edo haren baliokideak, unibertsitateen kasuan), ikertzaile doktorearekin lan-kontratua formalizatzeko.
6.– Atzerrian garatutako proiektuaren zuzendariak emandako ziurtagiria, espresuki honako hauek jasoko dituena: a) atzerriko zentroak eskatzailea onartuko duela 2019. eta 2020. urteetan, programa honen laguntza jasoz gero, eta b) aldi horri dagokion hobekuntza-programa baliozkotu dezala.
7.– Atzerriko ikerketa-proiektuaren zuzendariaren curriculum vitae laburtua (azken 6 urteak).
8.– Proposatutako hobekuntza-programa, eskatzailea hirugarren urtetik aurrera sartuko den ikerketa-taldeko ikertzaile-buruak sinatua, eta eskatzaileak ikerketa-prestakuntza osatu eta espezializazioan sakontzeko xedez laguntza-aldiko 36 hilabeteetan gauzatu beharreko jarduerak jasotzen dituena (6 orrialde, gehienez). Honako hauek barne hartu beharko ditu:
a) Titulua eta laguntza-aldian gauzatu beharreko ikerketa-proiektuaren memoria zientifiko-teknikoa (3 orrialde, gehienez). Bertan adierazi beharko ditu atzerriko egonaldian eta hiru urteren buruan ezarpen-zentrora itzultzen denean bete nahi dituen helburuak, gauzatuko dituen lanak eta espero dituen lorpenak, hala nola sortzea espero dituen ekarpen zientifikoak.
b) Lortu nahi diren helburuen eta garatu nahi diren konpetentzien zerrenda.
c) Hobekuntza-programaren interes zientifikoaren eta /edo sozialaren laburpena.
d) Hiru urte horietan aurreikusitako jardueren kronograma edo egutegia.
e) Ezarpen-zentroko eta EAEko beste ikerketa-zentro batzuetako eta atzerriko zentroetako ikertzaileen artean hasi eta/edo sendotu nahi diren lankidetzen proposamenak, hala nola laguntzaren eskatzaileak zein hirugarren urtean kidetuko den ikerketa-taldeak eskuratzea espero ditzaketen etekinak.
9.– Memoria (3 orrialde, gehienez), eskatzailea hirugarren urtean sartuko den ikerketa-taldeari buruzkoa, haren zientzia-kalitatea eta prestakuntza-ahalmena adierazita.
10.– Taldeko ikertzaile nagusiaren curriculum vitae laburra (azken 6 urteak). Bertan, soilik azken 6 urteetako merezimendu zientifikoak bilduko dira. Hori Ingelesez aurkeztu ahal izango da, edo EAEko hizkuntza ofizialetako batean.
11.– Eskatzailearen curriculum vitae normalizatua.
12.– Bi ikertzaileren aipamen-gutun, eskatzailearen ibilbide zientifikoaren berme gisa.
13.– Laguntza jasoz gero, eskatzailea hirugarren urtean sartuko den ikerketa-taldeko ikertzaile-buruak sinatutako egiaztagiria, eskatzailea 2021. urtean onartuko duela espresuki adierazita dagoena.
14.– Eskabidean azaltzen den erantzukizunpeko adierazpenean jasotakoak egiaztatzen dituzten agiriak, halakorik behar izanez gero.
EAEko hizkuntza ofizialetako batean aurkeztu beharko dira memoriak, edo ingelesez. Era berean, agiria normalizatu gabeko formatuetan aurkeztuz gero edo agindu honetan zehaztutakoak baino orrialde gehiago izanez gero, eskabidearen zuzendu beharreko hutsunetzat joko dira.
2. ATALA
HAUTAPEN- ETA ESLEIPEN-PROZESUA
26. artikulua.– Hautapen-prozesuan onartua izateko prozedura.
1.– Eskabideak zuzentzeko epea igaro eta eskabideok ebatzi ostean, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak ebazpena emango du, hautapen-prozesuan onartutako eta baztertutako pertsonen gainekoa. Era berean, ebazpen horretan adieraziko da noiz egingo dituzten elkarrizketa pertsonalak, arlo bakoitzeko aholku-batzorde bereziek balioetsi beharrekoak.
Ebazpena jakinarazteko, 30. artikuluaren 4. paragrafoan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.
2.– Elkarrizketa pertsonaletara joan ahal izango dira, badaezpada, aurreko paragrafoan adierazitako ebazpenean baztertutako pertsonak, arlo bakoitzeko berariazko aholku-batzordeek balioetsi ditzaten; horretarako, egiaztatu beharko dute errekurtsoa jarri nahi dutela baztertzearen kontra. Errekurtso hori ezesten bada, elkarrizketa pertsonalak ez du baliorik izango, eta berariazko aholku-batzordeak ematen duen balorazioak ere ez.
27. artikulua.– Berariazko aholku-batzordeak, ebaluazio-irizpideak eta baremoa.
1.– Hautapen-prozesurako onartutako pertsonak I. eranskinean definitutako arlo bakoitzari dagokion berariazko aholku-batzordeak balioetsiko ditu.
2.– Hezkuntzako sailburuak izendatuko ditu berariazko aholku-batzordeetako kideak, zeinak entzute handiko pertsonak izango baitira ikasketa- eta ikerketa-eremuan.
3.– Aholku Batzorde espezifikoek ebaluatuko dituzte onartutako eskabideak, eta txosten zientifiko-tekniko bat emango dute, irizpide hauen arabera hautagai bakoitzari emandako puntuazioekin:
– Eskatzailearen curriculum vitaea. 25 puntu, gehienez.
– Hobekuntza-programa.– Laguntza-aldiko 36 hilabeteetarako aurreikusitako hobekuntza-programaren kalitatea, interesa, koherentzia eta bideragarritasuna eta ikertzaile eskatzailearen hobekuntza, espezializazioan eta nazioartekotzean izango duen eragina, hala nola hirugarren urtean sartuko den ikerketa-taldean izango duena, eta EAEko ikerketa-sistemak horretaz guztiaz espero ditzakeen etekinak. 25 puntu, gehienez.
– Atzerriko zentroa eta atzerrian gauzatzekoa den proiektuaren zuzendaria.– Zentro hartzaileak proiektuaren arloan duen prestigioa eta proiektu-buruaren zientzia-historia. 20 puntu, gehienez.
– Ezarpen-zentroa eta ikerketa-taldea EAEn.– Ezarpen-zentroak proiektuaren arloan duen prestigioa eta taldeko ikertzaile nagusiaren historial zientifikoa. 10 puntu, gehienez.
– Elkarrizketa pertsonala.– Aurrez aurrekoa izango da elkarrizketa, eta eskatzailearen prestakuntzari eta curriculumari, hobekuntza-programari eta ikerketa-proiektuari edo egoki irizten den beste edozein alderdiri buruz hitz egingo da hor. 20 puntu, gehienez.
4.– Prozesutik ateratzeko arrazoi izango da hautagaia elkarrizketara ez agertzea edo 75 puntu baino gutxiago eskuratzea.
28. artikulua.– Nola jokatu elkarrizketetan.
1.– Berariazko aholku-batzordeetako kideak ez badira ondo moldatzen ebaluatu behar duten pertsonak aukeratzen duen hizkuntza ofizialean –EAEko hizkuntza ofizialean–, Ikerketa Zuzendaritzak bermatu beharko du, batetik, intereseko agiriak itzultzeko zerbitzua, eta, bestetik, aldibereko itzulpen-zerbitzua, elkarrizketa pertsonalerako.
2.– Ikerketa Zuzendaritzak giza baliabide eta baliabide material osagarriak emango dizkie desgaitasuna duten pertsonei, egingo dituzten elkarrizketetan aukera berak izango dituztela bermatuko dizkieten baliabideak, hain zuzen ere.
3.– Ikerketa Zuzendaritzak, hautapen-probetan aukera- eta tratu-berdintasuna bermatzeko xedez, deialdiaren baldintzak egokitu ahal izango ditu, proba egingo den lekura iristeko ezintasuna duten pertsonak daudenean (osasun-eragozpen larriak dituztenean, epaimahaiak askatasunez balioetsiak). Epaimahaiari egoera horren berri eman ahal izango zaio proba egin baino lehen, eta mediku-ziurtagiri bidez egiaztatu beharko da. Elkarrizketara joan ezina dakarren eragozpena aurreikusteko modukoa denean, astebete lehenago jakinarazi eta egiaztatu beharko da.
29. artikulua.– Laguntzak esleitzeko prozedura.
1.– Agindu honetan araututako laguntza berriak emateko prozedura lehiaketarena egingo da.
2.– Ebaluazioaren emaitzak Hautaketa Batzordeari helaraziko zaizkio. Batzorde horrek kide hauek izango ditu: Ikerketa zuzendaria (batzordeburua), Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendaria eta Ikerketa zuzendaritzako teknikari bat, idazkari-lanak egingo dituena.
3.– Hautaketa Batzordeak deialdiaren oinarriak zuzen aplikatzen direla gainbegiratuko du, baliabideak esleituko ditu eta dagokion ebazpen-proposamena emango dio Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari.
4.– Hau izango da laguntzok esleitzeko prozedura:
1) Laguntza berriak ikerketa orokorrean: arlo guztietan onuradunak izateko gisan eta arlo bakoitzean emandako laguntza-kopurua portzentualki uniformea izateko gisan egingo da esleipena, arlo bakoitzean eskabide hautagarrien kopuruak hala ahalbidetzen badu, betiere. Honela egingo da esleipena:
a) Aholku-batzordeak egindako balorazioaren ordenari jarraituz ordenatuko dira arlo bakoitzeko eskabide hautagarriak, eta portzentaje hau emango zaie puntuazio handiena erdietsi duten baina gainditu ez duten eskabideei: laguntza berrien kopurua (24) / eskabide hautagarrien kopurua.
b) Aurreko prozedura egin eta gero, laguntza guztia esleitu ez bada, emandako laguntzen azken portzentajea a puntuan zehaztutako portzentajera gehien hurbiltzen den arloetan emango dira laguntzak.
2) Laguntza berriak ikerketa espezifikoan: puntuazio handienetik txikienera ordenatuko dira eskabide hautagarriak, eta puntuazio handiena erdietsi duten biei emango zaie.
5.– Honako hauek jasoko ditu ebazpen-proposamenak: pertsona onuradunen zerrenda eta dagokien zenbateko ekonomiko xehatua, eskuragarri dagoen kreditu-mugara arte; ordezkoen zerrenda, arlokako puntuazio handienetik txikienera ordenatua, 75 puntu edo gehiago eta aholku-batzorde espezifikoaren balioespen positiboa jaso badute ere, laguntza-proposamenean sartu ez diren eskabideak; ukatutako eskabideen zerrenda, baztertzeko arrazoiak zehaztuta; eta, baztertutako eskabideen zerrenda, baztertzeko arrazoiak zehaztuta.
30. artikulua.– Ebazpena, ebazteko epea, jakinarazpena, errekurtsoak eta publikotasun-prozedura.
1.– Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen esanbidezko ebazpen bakarraren bidez emango edo ukatuko dira laguntza berriak, hautapen-batzordeak emandako ebazpen-proposamena aintzat hartuta.
2.– Ebazpen hori arrazoitu egin beharko da, eta hauek jasoko ditu: pertsona onuradunen zerrenda eta dagozkien zenbateko ekonomiko xehatuak; ordezkoen zerrenda, 75 puntu edo gehiago jasota ere, laguntzarik jaso ez duten eskabideak; ukatutako eskabideen zerrenda, ukatzeko arrazoiak adierazita, eta baztertutako eskabideen zerrenda, baztertzeko arrazoiak zehaztuta.
3.– Ebazpena gehienez sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da, agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera. Adierazitako epe horretan ebazpena jakinarazten ez bada, eskabideak ez direla onartu ulertuko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.
4.– Aipatutako ebazpena www.euskadi.eus egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz egingo da jakinarazpena. Gainera, publikotasuna emateko, ebazpen hau EHAAn ere argitaratuko da, jakinarazpen horren egunetik hasi eta sei hilabeteko epean.
5.– Hargatik eragotzi gabe aurreko 4. paragrafoan xedatutakoa, Ikerketa Zuzendaritzak argitalpenen jakinarazpenak bidali ahal izango dizkie interesdunei, SMS edo posta elektroniko bidez. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.
6.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari, Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoaren bidez. Horretarako, hilabeteko epea izango dute, ebazpena www.euskadi.eus egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu eta biharamunetik hasita.
7.– Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez, laguntzak emango zaizkie ordezkoen zerrendetan azaltzen diren eskatzaileei honako kasu hauetan: laguntzak emateko ebazpena argitaratu eta hurrengo 10 egunetan gertatzen diren uko-egiten kasuetan, eta eskatutako agiriak ez aurkeztearren laguntza eman gabe geratzen denean (23.3 artikuluan adierazitako kasuetan).
Hutsik geratutako plazari dagokion arloan emandako azken laguntzaren ondorengo lekuan dauden pertsonei emango zaizkie laguntza horiek. Arlo horretan erreserbarik ez badago, beste arlo batzuetako eskatzaileei eman ahal izango zaizkie, lortutako balioespenaren eta EAErentzat duen interes zientifikoaren arabera.
Ondorio horietarako, laguntzak emango dituen organoak laguntzak emateko proposamena jakinaraziko die interesdunei, 10 eguneko epe luzaezinean onar dezaten. Behin proposamena onartutakoan, laguntza emateko ebazpena emango du, eta interesdunei jakinaraziko.
IV. KAPITULUA
LAGUNTZA-BERRITZEAK
1. ATALA
ESKAKIZUNAK ETA AGIRIAK
31. artikulua.– Eskakizunak.
1.– 2017-2018 ikasturtean emandako doktoratu ondoko laguntza baliatzen aritzea, Hezkuntza eta Ikerketako sailburuordearen ebazpenaren arabera, agindu honek ondorioak dituen egunean.
2.– Ikerketa-proiektuko lanerako planean aurreikusitako jardueren aprobetxamendua egiaztatzea, aldeko txosten baten bidez, modalitatearen arabera dagokion egiaztagiriaren bidez.
32. artikulua.– Eskakizunak betetzea.
1.– Onuradunek eskaera aurkezten dutenean egiaztatu beharko dute baldintzak betetzen dituztela, berariaz aipatutako salbuespenetan izan ezik.
2.– Hautapen-prozesutik kanpo geldituko dira eskatutako eskakizunak betetzen ez dituzten edo betetzen dituztela garaiz eta forma egokian frogatzen ez duten pertsonak. Horrek ekarriko du prozesuan parte-hartzeagatik sor daitezkeen eskubide guztiak galtzea.
33. artikulua.– Derrigorrezko agiriak.
Ondoren adierazten diren agiriak aplikazio bidez aurkeztu beharko da eskabide-orriarekin batera, 21. artikuluaren 2. eta 3. paragrafoetan adierazitakoaren arabera.
1.– Laguntza jaso zuenez geroztik ikerketa-hobekuntzaren alorrean gauzatutako jardueren txostena (3 orrialde, gehienez). Ingelesez idatzitako txostenak onartuko dira.
2.– Txostena, atzerriko proiektuaren zuzendariak izenpetua, laguntza-berritzea eskatu duenaren ikerketa- eta prestakuntza-jarduerei, errendimenduari eta hurrengo ikasturterako aukerei buruzkoa (azken hori lehenengo berritzea eskatzen dutenen kasuan bakarrik).
3.– Ezarpen-zentroaren konpromisoa, bertako lege-ordezkariak sinatua (Ikerketako errektoreordeak, unibertsitateen kasuan), indarreko lan-kontratua luzatzeko.
4.– Eguneratze-memoria (orrialde 1, gehienez), ikerkuntzako hobekuntza-programari buruz, eskatzaileak 2019an gauzatu beharreko jarduerak jasota dituena (bakarrik bigarren laguntza-berritzearen eskatzaileek aurkeztekoa). Memorian adierazita egon behar da ezarpen-zentroarekin, eta hala badagokio, EAEko beste ikerketa-zentro batzuekin zein atzerriko zentroarekin izandako lankidetza-modalitatea.
5.– Ezarpen-zentroak lan-kontratuaren luzatze-konpromisoa emateko, eskatzaileak 2019an sail batek onartzen duela egiaztatu beharko du (bigarren laguntza-berritzearen eskatzaileek bakarrik aurkeztekoa).
EAEko hizkuntza ofizialetako batean aurkeztu beharko dira memoriak, edo ingelesez. Era berean, agiriak normalizatu gabeko formatuetan aurkeztuz gero edo agindu honetan zehaztutakoak baino orrialde gehiago izanez gero, eskabidearen zuzendu beharreko hutsunetzat joko dira.
2. ATALA
ESLEIPEN-PROZEDURA ETA EBAZPENA
34. artikulua.– Esleitzeko prozedura.
Laguntza-berritzea ez da lehiaketa-prozedura bidez gauzatuko. Horrenbestez, aurrekontu-aukerak kontuan izanik, laguntza-berritzea onartuko da eskaera garaiz eta forma egokian aurkezten denean, betiere 31. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen badira.
35. artikulua.– Ebazpena, ebazteko epea, jakinarazpena, errekurtsoak eta publikotasun-prozedura.
1.– Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen esanbidezko ebazpen bakarraren bidez eman edo ukatuko dira laguntza-berritzeak, hautapen-batzordeak emandako ebazpen-proposamena aintzat hartuta.
2.– Ebazpen hori arrazoitu egin beharko da, eta onuradunen zerrenda eta dagozkien zenbateko ekonomiko xehatuak jasoko ditu; halaber, eskabidea ukatu eta baztertuen zerrenda bana jasoko du, eta ukatzeko eta baztertzeko arrazoiak azalduko.
3.– Ebazpena gehienez sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da, agindu hau argitaratu eta biharamunetik aurrera. Adierazitako epe horretan ebazpena jakinarazten ez bada, eskabideak ez direla onartu ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.
4.– Jakinarazpena egiteko, aipatutako ebazpena www.euskadi.eus egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da. Gainera, publikotasuna emateko, ebazpen hau EHAAn ere argitaratuko da, jakinarazpen horren egunetik hasi eta sei hilabeteko epean.
5.– Hargatik eragotzi gabe aurreko 4. paragrafoan xedatutakoa, Ikerketa Zuzendaritzak argitalpenen jakinarazpenak bidali ahal izango dizkie interesdunei, SMS edo posta elektroniko bidez. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.
6.– Ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari, Eusko Jaurlaritzako Egoitza Elektronikoaren bidez. Horretarako, hilabeteko epea izango dute, ebazpena www.euskadi.eus egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu eta biharamunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Araudi aplikagarria.
Agindu honetan aurreikusi ez denerako, honako xedapen hauek hartuko dira kontuan: EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutakoa, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, bai eta Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko aginduak ere (diru-laguntzen lege orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak garatu zuen lege hori).
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, horretarako agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta ondorengoetan. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, eta, horretarako, bi hilabete izango dira, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, hala xedatuta baitago Administrazioarekiko Auzitarako Jurisdikzioa arautu duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko martxoaren 29a.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
I. ERANSKINA
EBALUAZIO-ARLOAK
Oinarrizko Zientziak
1. arloa.– Lurraren zientziak. Lur-sistemari buruzko ikerketak dagozkio, Biosferaren, Litosferaren, Hidrosferaren eta Atmosferaren historia eta bilakaera, haien arteko elkarreraginak, egungo egoera eta etorkizunean izan dezaketen eboluzioa barne hartuta. Honako hauek barne hartzen ditu: Mineralogia, Petrologia, Paleobiologia, Tafonomia, Geomorfologia, Hidrologia, Barne Geodinamika, Geofisika, Estratigrafia, Sedimentologia, Meteorologia, Klimatologia eta Atmosfera, eta Ingurumenaren Geokimika.
2. arloa.– Fisika eta Espazioaren Zientziak. Fisika eta Espazioaren Zientziei buruzko ikerketak dagozkio, Fisika modernoaren berezko jakintza-arloekin batera: Fisika Kuantikoa eta materiaren eta unibertsoaren egituran dauzkan aplikazioak. Alor hauek barne hartzen ditu: Biofisika, Optika, Sistema Konplexuak, Fenomeno ez-linealak, Nanoteknologia, Konputazio Kuantikoa, Energia Handiko Fisika Esperimentala, Materia Kondentsatuaren Fisika, Astrofisika eta Astronomia.
3. arloa.– Matematikak. Matematikaren ikerketa-esparrua dagokio, eta alor hauek barne hartzen ditu: Geometria, Topologia, Zenbakizko Analisia, Matematika Aplikatua, Aljebra, Analisi Matematikoa, Estatistika eta Ikerketa Operatiboa.
4. arloa.– Kimika. Honako alor hauek ikertzea du xede, molekula-mailatik maila makroskopikoraino: substantzia naturalen, sintetikoen eta haiek dauzkaten laginen konposizioa, egitura, prestaketa eta propietateak, esperimentatzen dituzten elkarreraginak eta transformazioak, haien mekanismoa, haiek aztertzeko beharrezko tresneria eta ikertzeko beharrezko metodologia esperimentala eta/edo teorikoa. Alor hauek barne hartzen ditu: Kimika Ez-organikoa, Kimika Organometalikoa, Katalisia, Kimika Supramolekularra, Material Molekularrak, Nanokimika, Kimika Biologikoa, Kimika Bioteknologikoa, Kimika Fisikoa, Kimika Analitikoa eta Kimika Organikoa.
Bizitza- eta osasun-zientziak
5. arloa.– Funtsezko Biologia eta Sistemena. Oinarrizko zenbait ikerketa-esparru hartzen ditu: Biologia Molekularra eta Zelularra, Genetika, Neurobiologia eta Garapena, Mikrobiologia, Birologia, Landareak, Minbizia eta Desberdintzea, Fisiologia, Immunologia eta Biologia konputazionala, estrukturala eta sistemena, honako salbuespen hauek kontuan hartuta: xede nagusiak patologiekin lotura zuzena izatea eta/edo gizakien osasuna hobetu nahi izatea.
6. arloa.– Biomedikuntza. Eragin biomediko handiko oinarrizko azterketak eta ikerketak dagozkio: gaixotasunen oinarrizko ereduak eta mekanismoak, diagnostiko molekularra edo zelularra, estrategia terapeutikoak, farmakologia molekularra eta sistemena, eta molekula bioaktiboak identifikatzea eta aurkitzea. Arlo hauek barne hartzen ditu: Mikrobiologia, Immunologia, Birologia, Gizakiaren Fisiologia, Farmakologia, Nutrizioa eta beste hainbat gai, arazo medikoei gehienbat esparru klinikora hurbildu gabe heltzen badiete, hala nola Biologia Zelularra eta Molekularra, Kardiobaskularra, Neurozientziak, Anatomia, Hepatologia, Heriotza Zelularra, Genetika, Minbizia, Endokrinologia, Gaixotasun Metabolikoak, Farmakoak aurkitzea, Farmakologia Molekularra, Farmakologia Orokorra eta Sistemena, Fisiologia Zelularra eta Sistemena.
Batez ere giza jatorriko materiala barne hartzen duten edo gizakiengan esperimentatzea eskatzen duten ikerketak Medikuntza Kliniko eta Epidemiologiako arloari dagozkio.
7. arloa.– Medikuntza Klinikoa eta Epidemiologia. Helburutzat gaixotasuna, haren mekanismoak edo izan litzakeen tratamenduak hobeto ezagutzea duten ikerketa guztiak dagozkio, eta ikerketen zati handi bat gizakietan egiten bada, batez ere giza jatorriko materiala barneratzen du, edo beharrezkoa da proba klinikoak egitea. Honako hauek hartzen ditu: Kirurgia eta Aurpegi-masailetakoa, Epidemiologia, Osasun Zerbitzuak, Gaixotasun Metabolikoak, Gaixotasun Kardiobaskularrak, Minbizia, Gaixotasun Infekziosoak, Neurologia, Psikiatria, Miszelanea.
Kirolaz eta osasunaz egiten diren ikerketak zeharkakoak izaten dira, eta arlo hau gomendatutakoa izan arren, litekeena da proiektuari beste arlo batetik heltzea egokiago izatea, eta aukera hori kontuan hartu behar da.
8. arloa.– Landare eta Animalia Biologia, Ekologia, Ingurumena. Organismo bizidunen dibertsitateari buruzko ikerketa-esparrua dagokio, bai eta, biosferaren eremuan, haien bilakaera eta elkarreragina ere. Egitura-, funtzio- eta dinamika-alderdiak organismoen eta ekosistemen biologiaren zenbait espazio- eta denbora-eskalatan kontuan hartzen dira: Itsas Ekologia, Mikrobiologia, Eboluzio Sistematikoa, Genetika, Landareen Kontserbazioa, Lurreko Ekologia, Fisiologia, Landare Bioteknologia, Animalien Sistematika.
9. arloa.– Elikagaien Zientzia eta Teknologia. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Arrantza. Elikagaien Zientzia eta Teknologiari elikagaien kalitateak zer ezaugarri dituen jakiteko ikerketak dagozkio; besteak beste, hauek jakitekoak: oinarri fisikoak, kimikoak eta biokimikoak, elikagaien mikrobiologia eta bioteknologia, osagai funtzionalak nola lortu eta haien bioeskuragarritasuna eta ebaluazioa. Honako hauek barne hartzen ditu: Metabolismoa, Nutrizioa, Analisi Teknika Aurreratuak, Makromolekula Biologikoen Kimika, Elikagaien Segurtasuna, Elikagai Funtzionalak, Herdoilaren aurkako Ezaugarriak eta Osasunarentzako Ondorioak, Analisia Sistema Biologikoetan, Elikagaien Mikrobiologia, Prozesu Teknologikoak, Kontserbazio Teknologia Berriak, inplikatutako entzima-sistemen Ezaugarri Biokimikoak eta Molekularrak. Nekazaritzari landareen fitotekniarekin eta erabilerarekin eta nekazaritza- eta baso-sistemen kudeaketarekin zerikusia duten ikerketak dagozkio; besteak beste: erlazio hidrikoak eta lurraren eta landarearen arteko elkarreragina, landareen hobekuntza genetikoa, landaketen fisiologia eta produktibitatea, gaixotasunak, izurriteak eta belar txarren ikerketa, hala nola Nekazaritza Ekonomiaren eta Politikaren esparruko beste batzuk. Abeltzaintzari eta Arrantzari, berriz, xedetzat honako alor hauek dituzten ikerketak dagozkie: ekoizpena, gaixotasunak eta haiei aurrea hartzeko estrategiak, abeltzaintzarako interesekoak diren animalia-espezieen ugalketa eta genetika, akuikultura eta basa-fauna.
Ingeniaritzak, Teknologiak eta Arkitektura.
10. arloa.– Teknologia Mekanikoak eta Ekoizpenerakoak.
Ingeniaritza mekanikoen eta ekoizpen-ingeniaritzen alorreko ikerketa guztiek osatzen dute, bai funtsezkoek bai aplikatuek; ikerketa horien artean hauek aipa daitezke: Materialen Zientzia eta Teknologia, Materialen Modelaketa, Biomekanika, Aleazio Magnetikoak, Sentsore Magnetikoak, Termoenergetika, Termoteknia eta Energia Mekanikoa, Mekanika Estrukturala, Mekanika Konputazionala, Energia, Energia Termikoaren Biltegiratzea, Optimizazio Energetikoa, Fabrikazioa, Konformazio Plastikoa, Xafla Konformazioa, Haustura eta Nekea, Makinak eta mekanismoak, Haustura Konputazionalaren Mekanika, Elementu Finituen Metodoa. Arlo honetakoak dira industria- eta ingurumen-prozesuak osatzen dituzten operazio fisiko, kimiko edo biokimikoen sorrera eta funtzionamendua hobetzeko Ingeniaritza eta Teknologia Kimikoan egiten diren ikerketak, baina kontuan izan behar da proiektuak kokapen egokiagoa izan dezakeela beste arlo batean.
11. arloa.– Komunikazio, Konputazio eta Elektronikaren Ingeniaritzak.
Ingeniaritza Elektriko, Elektroniko eta Automatikoak Ingeniaritza Elektriko klasikoaren eta kontrolaz diharduenaren gaikako eduki osoak eta Ingeniaritza Elektronikoaren edukien zati bat barne hartzen dute. Ingeniaritza Elektriko klasikoaren barruan makina elektrikoen diseinu eta erabilerari, energia elektrikoa sortzeko, garraiatzeko eta banatzeko prozesuei eta haien kudeaketari lotutako ikergaiak daude. Kontrolaren ingeniaritzak sistemen modelaketari, kontrol-teoria sistemetan aplikatzeari eta industria- eta etxe-prozesuak automatikoki kontrolatzeko gailuen eta ekipoen garapen eta erabilerari lotutako gaiak hartzen ditu barnean. Ingeniaritza Elektronikoaren barruan honako alor hauek daude: Kontrolaren Ingeniaritza, Ingeniaritza Elektrikoa, Gailu Elektronikoak, Mikroelektronika. Konputazioaren eta Teknologia Informatikoaren Zientzietan egiten diren ikerketek alor hauekin dute zerikusia: Softwarearen Ingeniaritza; Datu Basea eta Segurtasuna; Konputagailuen eta Banatutako Sistemen Arkitektura; Sistema Adimendunak; Prestazio Handien Konputazioa eta Irudiaren Prozesaketa, Elektronika, Teknologia Fotonikoa, Komunikazio Optikoak, Telematika, Seinalearen Prozesaketa.
12. arloa.– Arkitektura, Ingeniaritza Zibila, Eraikuntza eta Hirigintza. Ingeniaritza Zibilak eta Arkitekturak barne hartzen dute azpiegitura zibilak hobeto planifikatu, diseinatu, eraiki, kontserbatu eta kontrolatzeko ikerketa guztia, bai eta arkitektura-eraikuntzei, hirigintzari eta lurraldearen antolaketari lotutakoa ere.
Gizarte Zientziak eta Giza Zientziak
13. arloa.– Hezkuntza Zientziak. Psikologia. Psikologian egiten diren ikerketa guztiek osatzen dute, bai eta honako hauek ere: oro har, didaktikarekin zerikusia duten ikerketak; hezkuntza-gaietako didaktika espezifikoak; eta hezkuntzaren alderdi historikoak, psikologikoak eta metodologikoak. Alor hauek barne hartzen ditu: Pedagogia, Didaktika, Hezkuntzaren Psikologia, Nortasuna, Ebaluazio eta tratamendu psikologikoak, Psikobiologia, Oinarrizko Psikologia, Psikologia Ebolutiboa eta Hezkuntzarena, Psikologia Soziala, Portaera Zientzien Metodologia.
14. arloa.– Gizarte Zientziak. Diziplina hauekin zerikusia duten zientzia-helburuak aztertzen ditu: Soziologia, Gizarte Ikerketarako Teknikak, Zientzia Politikoa eta Administrazioarena, Kazetaritza, Ikus-entzunezko Komunikazioa, Publizitatea, Giza Geografia.
15. arloa.– Zuzenbidea. Ordenamendu juridikoko sektore eta diziplina guztiak biltzen ditu, ikuspuntu nazionaletik bezala nazioarteko ikuspuntutik ere. Arloan gai hauek sartzen dira: Zuzenbide Konstituzionala, Zuzenbide Administratiboa, Zuzenbide Zibila, Zuzenbide Prozesal Zibila, Zuzenbide Penala, Zuzenbide Prozesal Penala, Nazioarteko Zuzenbide Publikoa, Nazioarteko Zuzenbide Pribatua, Europako Erkidego Zuzenbidea.
16. arloa.– Ekonomia. Ikerketa-esparrutzat honako hauek ditu: ekonomiaren oinarri teorikoak, metodo kuantitatiboen erabilera eta garapena eta haien aplikazio enpirikoa askotariko arazo ekonomikoetan. Diziplina ekonomikoek honako alor hauek hartzen dituzte: Ekonomia Aplikatua, Mikroekonometria, Lan Ekonomia, Familien Ekonomia, Enpresen Antolaketa, Gobernu Korporatiboa, Aplikazioak bankuetan eta zerbitzuetan, Erakundeen Ekonomia, Enpresen erregulazioa, konkurrentzia eta portaera, Gizarte Erantzukizun Korporatiboa, Analisi Ekonomikoaren Oinarriak, Teoria Ekonomikoa, Ekonomia Matematikoa, Informazioaren Ekonomia, Jokoen Teoria, Ekonomia Industriala, Makroekonomia, Nazioarteko Ekonomia, Finantza Enpirikoak.
17. arloa.– Filologia eta Filosofia. Filologia-esparruan Hizkuntza- eta Literatura-ikerketak sartzen dira, bai eta haiek kulturarekin eta gizartearekin dituzten harremanak ere. Diziplina horiei ikuspuntu teorikotik heltzen dieten lanak eta edozein historia-alditako hizkuntza edo literaturei buruzkoak biltzen dira arlo honetan. Bai eta Itzulpena eta Interpretazioa gaitzat dituzten ikerketak eta hizkuntzarekin eta literaturarekin zerikusia duten aplikazio eta baliabide teknologikoak garatzen dituztenak ere. Filosofiaren esparruari dagokionez, honako gai hauek ikertzen dira: errealitateari buruzko gai orokorragoak, haiek ezagutu ote ditzakegun, giza izaera eta gizakiak munduan betetzen duen lekua, bai eta zientzia partikularretan planteatzen diren eztabaida metodologiko eta kontzeptual orokor guztiak ere. Alor hauek barne hartzen ditu: Literatura, Espainiar Literatura, Filosofia, Logikaren eta Hizkuntzaren Filosofia, Literatura Konparatua, Hizkuntza, Hizkuntzalaritza Orokorra, Filologia Klasikoa, Greziar Hizkuntzalaritza, Euskal Filologia, Filologia Modernoak, Literatura Ingelesa, Genero Ikasketak, Logika, Zientziaren Filosofia.
18. arloa.– Historia eta Artea. Historia-diziplina guztiak sartzen dira, garaien eta espezialitateen arabera, hala nola Arkeologia, eta Zientzia eta Teknika Historiografikoak. Artearen esparruan gai hauek biltzen dira: Artearen Historia, Estetika eta Arteen Teoria, Musikaren Historia, Zinemarena eta Ikus-entzunezkoena, Konposizio Arkitektonikoa, Hirigintza eta Lurraldearen Antolaketa, Eskultura, Pintura eta Marrazketa, bai eta arte-ondarea zaharberritu eta kontserbatzearekin zerikusia duten zientziak eta teknikak ere.