EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-06-12 Aldizkari honetan argitaratua: 2018112

EBAZPENA, 2018ko maiatzaren 29koa, Eusko Legebiltzarraren Mahaiarena, Administrazio elektronikoari buruzko arauaren inguruan.

Organo emailea: EUSKO LEGEBILTZARRA
Xedapenaren data: 2018-05-29
Hurrenkenaren zenbakia: 201803022
Maila: Ebazpena
Mahaiak, 2018ko maiatzaren 29ko bileran, agindu du Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila Administrazio elektronikoari buruzko araua.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 29a.
Eusko Legebiltzarreko lehendakaria,
BAKARTXO TEJERIA OTERMIN.
ZIOEN AZALPENA
Eusko Legebiltzarra aurrendari izan da eremu parlamentarioan teknologia berriak erabiltzea lortzera bideratutako ekimenak bultzatzeko orduan. Hain zuzen ere, 2004ko maiatzaren 26an lankidetza-hitzarmen bat sinatu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin, komunikazioak elkarri trukatzean bitarteko telematikoak erabiltzeko. Hitzarmen horren asmoa zen teknika eta bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera eta aplikazioa bultzatzea Eusko Legebiltzarrak eta euskal Administrazio publikoak Eusko Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzaren bitartez dituzten harremanetan. Beste alderdi batzuen artean, adostu zen sinadura elektroniko aurreratua erabiltzea bien arteko komunikazioen benetakotasuna eta osotasuna bermatzeko. Horrela, hitzarmenean zehaztutakoari jarraiki, Administrazio parlamentarioak orokortu egin zuen sinadura elektronikoaren erabilera, batez ere ekimen parlamentarioei zegokien guztian, eta aukera eman zitzaien legebiltzarkideei, baita talde parlamentarioei ere, hori erabiltzeko Administrazio parlamentarioarekiko harremanetan.
Geroago, ekainaren 22ko 11/2007 Legea, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzkoa, sartu zen indarrean; jarraian, lege hori garatzeko beste bi dekretu etorri ziren: 3/2010 Errege Dekretua, urtarrilaren 8koa, Administrazio Elektronikoaren esparruko Segurtasunerako Eskema Nazionala arautzen duena, eta 4/2010 Errege Dekretua, urtarrilaren 8koa, Administrazio Elektronikoaren esparruan Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionala arautzen duena. Hori guztia jauzi kualitatiboa izan zen IKTak bultzatzeko Administrazio publikoen jardueran eta bere eskumenak erabiltzeko orduan. Ildo beretik, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan, beharrezkoa da aipatzea 21/2012 Dekretua, otsailaren 21ekoa, Administrazio Elektronikoari buruzkoa, zeina norabide berean baitoa. Arau horiek guztiek eragin sakona izan dute administrazio publikoetan eta Administrazio parlamentarioan ere, noski. Horren froga izan zen Eusko Legebiltzarreko Mahaiak, 2010eko otsailaren 2an, Eusko Legebiltzarraren Erregistro elektronikoa sortu zuela.
Geroago, 11/2007 Legea indargabetu zen beste bi legeen bidez: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena. Lege horiek ezartzen dutenez, izapidetze elektronikoak administrazio publikoen ohiko jarduketa-modua izan behar du, efikazia- eta efizientzia-printzipioak egokiago zerbitzatzeaz gain, herritarrei kostuak aurrezteko, gardentasunerako betebeharra konplitzeko eta bermeak indartzeko. Lege horietan, beste gai batzuez gain, hauek azaltzen dira: erregistro elektronikoak, administrazio prozeduretako interesdunen identifikazioa, administrazio publikoek egindako dokumentuen kopien baliozkotasuna eta efikazia eta agiri horiek artxibatzea, administrazio publikoen betebeharra harremanak bitarteko elektronikoen bidez izateko eta elkarreragingarritasunaren eskema nazionalaren eta segurtasunerako eskema nazionalaren aplikazioa.
Aurrekari horiek ikusita, beharrezkoa da arau bat idaztea administrazio elektroniko parlamentarioaren alderdirik garrantzitsuenak sistematikoki biltzeko, Administrazio parlamentarioaren tamainari eta beharrizanei egokituz gainerako administrazio publikoetan indarrean dauden arauetara.
Arau honek sei titulu, xedapen iragankor bat eta azken xedapen bi ditu.
I. tituluan, xedapen orokorrei buruzkoan, Eusko Legebiltzarrean bitarteko elektronikoen erabilera arautuko dituzten printzipio orokorrak ezartzen dira. II. tituluan, Eusko Legebiltzarraren egoitza elektronikoari buruzkoan, arautzen dira gure instituzioaren egoitza elektronikoaren sorrera, horren titulartasuna eta erantzukizuna, gutxieneko edukia, baita egoitza elektronikoa erabiltzeko eta horrako sarbidea izateko baldintza teknikoak ere. III. tituluan, Erregistro Orokorrari eta Erregistro elektronikoari buruzkoan, horien xedea eta helburua zehazten dira, baita dokumentuen onarpenari, gestioari eta segurtasunari buruzko baldintzak eta sarbiderako eta erabilerako baldintza teknikoak ere. Beste alde batetik, labur arautzen da komunikazio eta jakinarazpen elektronikoen gaia. IV. tituluak identifikazioari, autentifikazioari eta sinadura elektronikoari buruzko arauak ezartzen ditu. V. tituluak erregulatzen du dokumentuen kudeaketa Eusko Legebiltzarrean. Eta, bukatzeko, VI. tituluak gure eremuko prozeduren gestio elektronikoari dagozkion printzipioak zehazten ditu.
I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea eta aplikazio-eremua.
Arau honek erregulatzen du bitarteko elektronikoen erabilera Administrazio parlamentarioaren esparruan. Zehazki, arautzen dira egoitza elektronikoa, erabiltzaileen identifikazioa eta autentifikazioa, erregistro elektronikoa, agiri elektronikoak eta horien kontserbazioa, baita komunikazio elektronikoak ere.
2. artikulua.– Datuak babestea.
Administrazio parlamentarioak bitarteko elektronikoak erabiliko ditu izaera pertsonaleko datuen babeserako eskubidea errespetatuz, eskubide hori erregulatzen duen arautegiak ezarritako baldintzetan.
3. artikulua.– Hizkuntza-erregimena.
Eusko Legebiltzarraren Erregelamenduko 2. artikulua eta Ganberan indarrean dauden hizkuntza-normalkuntzari buruzko gainerako arau eta jarraibideak bete beharko dira Administrazio parlamentarioan bitarteko elektronikoak erabiltzeko orduan.
II. TITULUA
EUSKO LEGEBILTZARRAREN EGOITZA ELEKTRONIKOA
4. artikulua.– Egoitza elektronikoa.
1.– Eusko Legebiltzarraren egoitza elektronikoa sortzen da.
2.– Egoitza helbide elektroniko bat da. Bertan argitaratuko dira Eusko Legebiltzarreko Administrazioaren zerbitzu elektronikoak eta segurtasunaren aldetik, kalitatearen aldetik eta erantzukizunaren aldetik berme bereziak behar dituen informazioa.
3.– Egoitza elektroniko bakarra izango da Eusko Legebiltzarra osatzen duten organo guztientzat.
4.– Eusko Legebiltzarraren egoitza elektronikoaren bidez egingo dira bitarteko elektronikoen bidezko harremanetan herritarren, beste instituzio batzuen edo Eusko Legebiltzarraren autentifikazio-mekanismoak behar dituzten jarduera, prozedura eta zerbitzu guztiak, eta Eusko Legebiltzarreko Mahaiak zehaztuko dituenak, ematen diren zerbitzuen efikaziari eta kalitateari lotutako arrazoiei begira.
5. artikulua.– Egoitza elektronikoaren titulartasuna eta erantzukizuna.
1.– Eusko Legebiltzarrari dagokio egoitza elektronikoaren titulartasuna.
2.– Eusko Legebiltzarreko Idazkaritza Nagusia da egoitzan herritarrentzat jartzen diren edukiak eta zerbitzuak kudeatzeko ardura duena. Behar diren neurriak hartuko ditu egoitzak indarrean dauden arauzko baldintzak bete ditzan arlo hauetan: publizitate ofiziala, identifikazioa, irisgarritasuna, baliagarritasuna, osotasuna eta segurtasuna. Orobat, bermatuko du arauetan eskatzen diren zerbitzu, prozedura eta informazio guztiak eskuragarri egongo direla egoitza elektronikoan.
6. artikulua.– Egoitza elektronikoaren edukia.
1.– Hauek izango dira egoitza elektronikoaren gutxieneko edukiak:
a) Egoitza elektronikoa eta erregistro elektroniko egoitzatik irisgarria sortzeko araua.
b) Egoitzaren, haren organo titularraren eta haren kudeaketaren eta egoitzan eskuragarri dauden zerbitzuen organo arduradunen identifikazioa.
c) Egoitza elektronikoa zuzen erabiltzeko behar den informazioa, baita jabetza intelektualari buruzkoa ere.
d) Egoitza elektronikoaren ziurtagiria egiaztatzeko sistema.
e) Egoitza elektronikoan erabiltzen diren zigilu elektronikoen ziurtagiriak egiaztatzeko sistema.
f) Erabiltzaileek egoitza elektronikoa zuzen erabiltzeko eskura izango dituzten aholkularitza-zerbitzuak.
g) Egoitzan eskura dauden zerbitzuetara sartzeko kanalen identifikazioa eta, kasua denean, zerbitzu horietara iristeko bidea ematen duten bulegoetako helbide elektroniko, telefono, fax eta posta-helbideenak ere.
h) Egoitza elektronikoan onartu edo erabiltzen diren sinadura elektronikoko sistemen eta ziurtagiri elektronikoen zerrenda, zein prozeduratarako balio duten adieraziz.
i) Egoitzan erabilgarri dauden zerbitzuen katalogoa.
j) Egoitzan erabilgarri dauden administrazio elektronikoaren arloko zerbitzu komunak.
k) Datuak egiaztatzeko zerbitzua erabiliz kontsulta daitezkeen datu eta agirien zerrenda.
l) Egoitza elektronikorako sarbidea.
m) Espedienteen izapidea zertan den ikusteko sarbidea.
n) Data eta ordu ofizialak.
ñ) Baliogabe deklaratutako egunak.
o) Egoitza elektronikoan agiri elektronikoak aurkezteko onarturiko formatuak.
p) Erregistro elektronikoak eta administrazio elektronikoko zerbitzuak aitortzearren eta datuak trukatzearren administrazioak beste administrazio batzuekin sinatzen dituen hitzarmenak.
q) Kexa eta iradokizunetarako postontzia.
r) Administrazio-jardun automatizatuetarako zigilu elektronikoak eta egiaztapen-kode seguruak sortzeko ebazpenak.
s) Egiaztapen-kode seguruak erabiliz autentifikatu diren agiriak benetakoak direla eta osorik daudela egiaztatzeko modua.
t) Datu pertsonalen babesarekin zerikusia duen informazioa, adierazita sarbide-, zuzenketa-, ezeztapen- eta aurkaritza-eskubideak erabiltzeko ezarritako mekanismoak, Datuen Babeserako ordezkaria identifikatuz eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoko egoitza elektronikora sartzeko esteka txertatuz.
u) Egoitza elektronikoaren bidez egingo diren komunikazioen eta informazioen konfidentzialtasunari, osotasunari eta eskuragarritasunari buruzko baldintzen betetzearen gaineko informazioa.
v) Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofiziala eta Bilkura Egunkaria (argitalpen ofizialak).
w) Kontratatzailearen profilera eta Sektore Publikoko Kontratuen Legeak aurreikusitako gainerako zerbitzuetara iristeko sarbidea.
x) Iragarki-ohol elektronikoa.
y) Sinadura elektronikorako politika.
z) Ezinbesteko arrazoi teknikoak direla-eta egin beharreko etenaldiak.
z bis) Indarrean dauden arauetan eskatzen den beste edozein zerbitzu, prozedura eta informazio.
2.– Eusko Legebiltzarraren egoitza elektronikoan bermaturik egongo da edukietara eta zerbitzuetara euskara eta gaztelaniaz sartu ahal izatea.
3.– Eusko Legebiltzarreko Mahaiak, aldez aurretik erabakita, beste eduki batzuk ere sar ditzake egoitzan. Orobat, Idazkaritza Nagusiaren ardura izango da helbide elektronikoak, organoen izenak eta egoitzan eskura dauden zerbitzuetara iristeko kanalen zerrenda eta ezaugarriak eguneratzea.
7. artikulua.– Egoitza elektronikora sartzeko eta hori erabiltzeko baldintza teknikoak.
Egoitza elektronikoan eskainitako informazioak, zerbitzuek eta prozedura elektronikoek irisgarritasun-, berdintasun- eta erabilgarritasun-printzipioak errespetatuko dituzte.
Egoitza elektronikoan eskuragarri egongo da Eusko Legebiltzarraren egoitza elektronikora zein Erregistro elektronikora sartzeko erabili daitezkeen sistema operatiboen eta nabigatzaileen zerrenda, baita agiri elektroniko onargarrien formatua ere.
III. TITULUA
ERREGISTRO OROKORRA ETA ERREGISTRO ELEKTRONIKOA
8. artikulua.– Eusko Legebiltzarreko Erregistro Orokorraren xedea eta helburua.
1.– Legebiltzarreko Erregistro Orokorrean agiriak, eskabideak, idazkiak eta komunikazioak paper-euskarrian aurkeztu ahal izango dira legebiltzar-etxean horretarako prestatutako aretoetan, edo bitarteko telematikoen bidez, Legebiltzarraren egoitza elektronikoan prestatutako Erregistro elektronikoan sartuz, arau honetan erregulatutako modu eta baldintzetan. Nolanahi ere, Administrazio parlamentarioarekin harremanetan jartzeko bide telematikoa erabili beharko dute honako hauek:
a) Pertsona juridikoek.
b) Izaera juridikorik gabeko entitateek.
c) Elkargokide izatea derrigorrezkoa duen jarduera profesional batean ari direnek, Administrazio parlamentarioarekin egiten dituzten izapide eta jardueretarako.
d) Administrazio parlamentarioarekin elektronikoki harremanetan jartzera derrigortuta dagoen interesdun baten ordezkariek.
e) Eusko Legebiltzarreko enplegatuek, enplegatu gisa harekin egiten dituzten izapide eta jardueretarako, Administrazio parlamentarioak berak erregelamenduz zehaztuko duen eran.
Paper-euskarrian aurkeztutako idazkien kasuan, idazki horiek digitalizatu egingo dira, arau aplikagarrien arabera, agiriaren irudi kodifikatu, leial eta osoa jasoko duten fitxategi elektroniko bihurtzeko.
2.– Erregistro Orokorra bakarra izango da. Arau hau indarrean sartzen denetik, agiri elektronikoak bakarrik sartuko dira erregistro horretan Aurretik erregistratutako agiriei dagokienez, agiriak aurkezteko eta hartzeko bi modalitateak (paper-euskarrian edo euskarri digitalean) interkonektatuta eta koordinatuta egongo dira, eta sarrera- eta irteera-idazpenak kronologikoki antolatuta geratuko dira. Pixkanaka, paper-euskarrian dauden agiriak digitalizatuko dira.
3.– Erregistro-idazpen bakoitzean honako hauek agertuko dira:
a) Idazpenaren zenbakia edo kodea, aurkezte-data eta -ordua eta, kasua bada, jasotze- edo bidaltze-data eta -ordua.
b) Agiriak, eskabideak, idazkiak eta komunikazioak egin dituen pertsona edo organoaren edo hartzaileen datu identifikagarriak eta, kasua bada, helbide elektronikoa.
c) Erregistratutako agiri, eskabide, idazki eta komunikazioen izaera, nahiz eta Legebiltzarreko Mahaiak sailkatu ahal izango dituen geroago, eta horien edukiari eta dagokien espediente-zenbakiari buruzko aipamena, ahal izango balitz.
4.– Erregistratutako agiri, eskabide, idazki eta komunikazioen eta, kasua denean, agiri osagarrien berri emango zaie berehala pertsona edo organo hartzaileei, bidezko den izapide edo prozeduraren ondorioetarako.
9. artikulua.– Erregistro Orokorrean agiriak onartzea.
1.– Eusko Legebiltzarreko Erregistro Orokorrak ez ditu erregistratzeko onartuko Eusko Legebiltzarrari edo bere organoetako bati zuzenduta ez dauden agiri, idazki eta komunikazioak, legebiltzarkideei edo Legebiltzarreko edo talde parlamentarioetako langileei zuzendutako korrespondentzia barne hartuta, salbu eta jasotzaileak, edukia ikusita, hala eskatzen badu eta egokia bada ebazpen honi jarraikiz.
2.– Prozedura bakoitzari buruzko arauek berariaz besterik xedatu ezean, paper-euskarrian aurkeztutako agiriak onartu eta erregistratu egingo dira Legebiltzarraren Erregistro Orokorrean, Administrazio parlamentarioarekin bitarteko elektronikoen bidez harremanetan jartzera derrigortuta dauden subjektuen kasuan salbu. Derrigortuta ez dauden subjektuen kasuan, idazkiak paper-euskarrian aurkeztu badituzte, arau honetako 8.1 artikuluan zehaztutakoa aplikatuko da.
3.– Orobat, prozedura bakoitzari buruzko arauek berariaz besterik xedatu ezean, agiriak, eskabideak, idazkiak eta komunikazioak ez dira erregistratuko baldin faxez, posta elektronikoz edo haien benetakotasuna edo igorleen nortasuna egiaztatzeko aukera ematen ez duen beste edozein prozedura baten bidez bidali badira, Mahaiaren edo Lehendakaritzaren berariazko ebazpena dagoenean salbu.
10. artikulua.– Erregistro elektronikoa.
1.– Eusko Legebiltzarraren Erregistro elektronikoa Eusko Legebiltzarraren Erregistro Orokorraren barruan dago, eskabideak, idazkiak eta komunikazioak bide elektronikotik jaso eta bidaltzeko tresna delarik.
2.– Erregistro elektronikoari dagozkion prozedurak eta jarduerak kontsultatzeko moduan egongo dira Eusko Legebiltzarraren egoitza elektronikoan.
11. artikulua.– Erregistro elektronikoaren kudeaketa eta segurtasuna.
1.– Eusko Legebiltzarreko Idazkaritza Nagusia izango da ebazpen honen bidez sortutako Erregistro elektronikoa kudeatzeaz arduratuko den organoa.
2.– Eusko Legebiltzarreko Informazio Sistemen Zuzendaritzarena izango da Eusko Legebiltzarraren Erregistro elektronikoaren segurtasunaren ardura eta horrek ezarriko ditu, Eusko Legebiltzarreko Azterlanen Zuzendaritzarekin batera, informazioaren erabilgarritasuna, benetakotasuna, osotasuna, konfidentzialtasuna eta kontserbazioa bermatzeko aukera emango duten mekanismoak.
12. artikulua.– Erregistro elektronikora sartzea, horren funtzionamendua eta bertan agiriak aurkeztea.
1.– Eusko Legebiltzarraren Erregistro elektronikora sartzeko Eusko Legebiltzarraren egoitza elektronikoan prestatutako esteka erabiliko da. Helbide horretan zerrenda bat egongo da euskarri, bitarteko eta aplikazio informatiko, elektroniko eta telematiko bateragarriena, zeinen bidez agiriak, eskabideak, idazkiak eta komunikazioak jaso eta igorri ahal izango baitira.
2.– Erregistro elektronikoaren bidez agiriak, eskabideak, idazkiak eta komunikazioak aurkeztu ahal izango dira urteko egun guztietan, eguneko hogeita lau orduetan, nahiz eta beharrezkoa izan daitekeen etenaldiak egitea ezinbesteko arrazoi teknikoengatik. Etenaldi horien berri emango da Eusko Legebiltzarraren egoitza elektronikoan.
3.– Erregistro elektronikoak, automatikoki, bidalitakoa jaso dela konfirmatzeko mezu bat igorriko du, honako hauek jasoz:
a) Aurkezpena Erregistro elektronikoan egin dela adierazten duen identifikatzailea.
b) Erregistro-sarrera bat dela adierazten duen identifikatzailea.
c) Erregistro-zenbaki edo -kode indibidualizatua.
d) Aurkezpen-data eta -ordua, baita sistemak emandako hurrenkera-zenbakia ere.
e) Aurkeztutako idazkiaren kopia.
Erabiltzaileari ohartarazi beharko zaio ezen idazkia aurkeztu izana egiaztatzen duen agiria ez hartzeak edo, bestela, transmisioan akatsa edo hutsa gertatu dela adierazteko mezua jasotzeak, esan nahi duela idazkia ez dela hartu, eta berriz ere aurkeztu beharko dela, beste une batean edo beste bide batzuk erabilita.
4.– Arrazoi teknikoengatik ezin bada erregistro elektronikoko sistema erabili, eskuz erregistratzeko sistema bat erabiliko da behin-behinean, aurkezteko hurrenkera-zenbakia bermatzeko, eta Erregistro elektronikoan txertatuko da, hori lehengoratu ondoren.
5.– Erregistro elektronikoaren funtzionamendua eten egingo bada arrazoi teknikoengatik, erabiltzaileei jakinarazi beharko zaie ahalik eta aurrerapen handienaz, horren ordez erabili ahalko diren bitartekoak adieraziz. Egoera horretan, euskarri elektronikoan soilik aurkez daitezkeen agirietarako epe baten muga-eguna iritsiko bada, epea luzatu egingo da etenaldiak irauten duen bitarterako.
6.– Eusko Legebiltzarraren Erregistro elektronikoan izaera parlamentarioa duten agiriak aurkezteko orduan bete egingo da, orokorrean, Eusko Legebiltzarraren Erregelamenduko 102. artikuluan eta horrekin bat datozenetan aurreikusitakoa. Salbuespen gisa, Eusko Legebiltzarreko lehendakariak erregelamendu bidez ezarritakoez bestelako epeak ezarri ahal izango ditu gai jakin bati buruzko agiriak aurkezteko. Habilitazio hori berehala jakinaraziko zaie Ganberako legebiltzarkideei, bakoitzaren talde parlamentarioaren bitartez. Idatziz jakinarazi behar izango zaie taldeei. Orokorrean, aurreikusita badago erregelamenduzko epe bat data eta egun jakin batean hasi edo bukatuko dela, baina ordua zehaztu gabe, agiriak edo ekimenak euskarri informatikoan aurkezteko orduan, epe barruan izateko, dagokion xedapenak ezarritako azken egun balioduneko hogeita lau orduen barruan egin beharko da, Legebiltzarraren Erregelamenduko 102.3 artikuluan jasotako salbuespenarekin.
7.– Izaera administratiboko agiriak aurkezteko orduan indarrean dauden arau administratiboak beteko dira.
8.– Egun baliogabe batean egindako aurkezpen telematikoa hurrengo egun balioduneko lehenengo orduan jasotakotzat joko da.
13. artikulua.– Erregistro elektronikora sartzeko eta hori erabiltzeko baldintza teknikoak.
Eusko Legebiltzarraren egoitza elektronikoan eskuratu ahal izango da Legebiltzarraren Erregistro elektronikoan agiriak aurkezteko baliatu ahal diren nabigatzaileen zerrenda, baita eransten diren fitxategietarako formatu onargarriena ere.
14. artikulua.– Komunikazio eta jakinarazpen elektronikoak.
Mahaiak erabakiko du jakinarazpen eta komunikazio elektronikoak egiteko ezar daitezkeen bitarteko elektronikoak erabiltzea horri buruzko erregulazio espezifikoan zehaztutako baldintzetan; horretarako, Erregistro elektronikoan sartuko dira hartzaileek bidali zaizkien komunikazio eta jakinarazpenak jaso eta eskuratu dituztela jasota uzteko beharrezkoak diren bitartekoak.
15. artikulua.– Prozedura parlamentarioetan bitarteko elektronikoen bidez komunikatzeko betebeharra.
1.– Eusko Legebiltzarraren Mahaiaren erabakiz, behartu ahal izango da prozedura parlamentarioen izapideetan bitarteko elektronikoak soilik erabiltzera.
2.– Bitarteko elektronikoen bidez komunikatzeko betebeharra dagoenean ez badira horiek erabiltzen, organo eskudunak oker hori zuzentzeko aginduko du.
IV. TITULUA
IDENTIFIKAZIOA, AUTENTIFIKAZIOA ETA SINADURA ELEKTRONIKOA
16. artikulua.– Egoitza elektronikoaren identifikazioa.
Eusko Legebiltzarraren egoitza elektronikoaren identifikazioa gailu seguru edo antzeko bitarteko baten ziurtagirian oinarritutako sinadura elektronikoko sistemaren bidez egingo da, egoitza elektronikoko ziurtagiri elektroniko bat erabiliz.
17. artikulua.– Identifikazio- eta autentifikazio-sistema eta sinadura elektronikoa.
Egoitza elektronikoan eskuragarri egongo da informazio hau: ziurtatze-zerbitzuen emaileen zerrenda eta eskabideak, idazkiak eta komunikazioak aurkezteko onartutako sinadura elektronikoa babesten duten ziurtagiri elektronikoen motak.
18. artikulua.– Zigilu elektronikoko sistemak.
Eusko Legebiltzarrak zigilu elektronikoko sistemak erabili ahal izango ditu administrazioaren jarduera automatizaturako.
19. artikulua.– Egiaztatze-kode seguruko sistemak.
Eusko Legebiltzarrak agiriak egiaztatzeko kode seguruko sistemak erabili ahal izango ditu jarduera automatizatuak egiteko.
Egiaztatze-kode seguruak, agiri bakoitzarentzat bakarra izango denak, Eusko Legebiltzarra eta, kasua denean, agiria sinatzen duen pertsona lotuko ditu, betiere aukera emanez horren osotasuna egiaztatzeko egoitza elektronikoan sartuz.
Agirien multzoa, baita egiaztatze-kode seguruko sistema aplikatu ahal zaien jarduera automatizatuak ere, arau honetako 23. artikuluak aipatzen duen agiri elektronikoak kudeatzeko politikan jasoko dira.
20. artikulua.– Legebiltzarkideen eta Administrazio parlamentarioko langileen sinadura elektronikoa.
Administrazioak ziurtagiri elektroniko aitortuak emango dizkie legebiltzarkideei, baita bere langileei ere, beren lana egiteko. Ziurtagiri horiek ziurtagiri elektronikoaren titularra identifikatuko dute.
21. artikulua.– Egoitza elektronikoko erabiltzaileen identifikazio elektronikorako moduak.
1.– Pertsona fisikoek, Administrazio parlamentarioarekiko harremanetarako, Nortasun Agiri Nazionalean txertatutako ziurtagiri elektronikoak, aitortutako ziurtagiri elektronikoak eta Administrazio parlamentarioak onartutako sinadura elektroniko aurreratuko sistemak erabili ahal izango dituzte.
2.– Pertsona juridikoek eta nortasun juridikorik gabeko entitateek pertsona juridikoaren eta izaera juridikorik gabeko entitateen ziurtagiri elektroniko aitortuak erabili ahal izango dituzte hurrenez hurren; halaber, Administrazio parlamentarioak onartutako sinadura elektroniko aurreratuko sistemak erabili ahal izango dituzte.
3.– Herritarrek sinadura elektronikoko sistemak erabiltzen badituzte, Administrazio parlamentarioak erasotako datuak erabili ahal izango ditu sinadura egiaztatzeko.
4.– Egoitza elektronikoan argitaratuko dira onartutako sinadura-sistemen eta ziurtagiri elektronikoen zerrenda, zein prozeduratarako balio duten adieraziz.
22. artikulua.– Sinadura elektronikorako eta ziurtagirietarako politika.
1.– Eusko Legebiltzarreko Mahaiak sinadura elektronikorako eta ziurtagirietarako politika bat onetsi eta argitaratuko du, Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionalean eta hori garatzeko arauetan ezarritakoarekin harmonizatuko dena.
2.– Sinadura elektronikorako eta ziurtagirietarako politikaren bidez zehaztu beharko dira sinadura elektronikoak sortzeko, balioztatzeko eta kontserbatzeko prozesuak, baita sinadura elektronikoko sistemetan, ziurtagirietan, denbora zigilatzeko zerbitzuetan eta sinaduren beste euskarri batzuetan eska daitezkeen ezaugarri eta baldintzak ere.
3.– Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren erabaki bidez onetsiko da sinadura elektronikorako politika. Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean onarpenaren laburpen bat argitaratuko da, eta egoitza elektronikoan osorik.
V. TITULUA
AGIRI ELEKTRONIKOEN KUDEAKETA
23. artikulua.– Agiri elektronikoak kudeatzeko politika.
1.– Eusko Legebiltzarrean agiri elektronikoak kudeatzeko politikaren bidez ezarriko dira agiri elektronikoak kudeatzeko irizpideak. Aipatu politika Eusko Legebiltzarrean agiriak kudeatzeko eta artxibatzeko sistemaren esparru orokorrean txertatuko da. Legebiltzarreko Mahaiak onetsiko ditu sistema hori erregulatuko duten arauak.
2.– Eusko Legebiltzarreko Idazkaritza Nagusiari dagokio Eusko Legebiltzarrean agiri elektronikoak kudeatzeko politika onestea, Eusko Legebiltzarreko Azterlanen Zuzendaritzak proposatuta.
24. artikulua.– Agiri elektronikoa.
1.– Agiri elektronikoa da, arau honen ondorioetarako, modu elektronikoan dagoen edozein eratako informazioa; euskarri elektronikoan artxibatuta dago, formatu jakin batean, eta identifikatu egin daiteke, baita tratamendu berezitua izan ere.
2.– Agiri elektroniko orok elementu hauek izango ditu:
a) Edukia, hau da, agiriaren informazioa laburbiltzen duten datuen multzoa.
b) Sinadura elektronikoa edo sinadura elektronikoak, ebazpen honen 4. artikuluan ezarritakoaren arabera.
c) Denbora-erreferentzia, bitarteko elektronikoen bidez bermatuko dena agiriaren izaerak horrela eskatzen duenean.
d) Agiri elektronikoari lotutako metadatuak, agiriak kudeatzeko politikaren bidez ezarritako gutxienekoen arabera. Metadatuak agiri edo espediente elektroniko bati lotu ondoren, ezin izango dira aldatu prozeduraren ondorengo ezein fasetan, akatsak edo omisioak zuzentzeko beharrezko diren aldaketak salbu, zeinak jasota utzi beharko diren beti.
3.– Agiri elektronikoaren osagaiek baliozkotasuna emango diote eta bere benetakotasuna, fidagarritasuna, osotasuna eta erabilgarritasuna mantenduko dituzte denboran zehar.
4.– Agiri elektronikoen eduki-fitxategiak elkarreragingarritasunari buruzko arau teknikoan ezarritako formatuetara egokituko dira.
Beste formatu batzuk erabili ahal izango dira hori justifikatzeko berezitasunak badaude, modu iraunkorrean mantenduz agiriaren eta bere metadatuen arteko loturak.
5.– Eusko Legebiltzarrak jasotako agirien formatua aldatu ahal izango du, horrela jasota utzirik, haien benetakotasuna, fidagarritasuna, osotasuna eta erabilgarritasuna mantenduko dela bermatzeko xedez, ezin izango delarik agirien edukia aldatu.
25. artikulua.– Espediente elektronikoa.
1.– Espediente elektronikoa da prozedura jakin bati dagozkion agiri elektronikoen multzoa.
2.– Espedienteak bidali ordez, aukera egongo da espediente elektronikoa eskuragarri jartzeko, ondorio guztietarako.
3.– Espediente elektronikoa izapidetzeko ardura duen organoaren erantzukizuna izango da hori osatzea, edo, hala badagokio, Eusko Legebiltzarreko Idazkaritza Nagusiarena, zeinak agiri elektronikoak kudeatzeko politika erabakitzen baitu.
26. artikulua.– Espediente elektronikoaren osagaiak.
Espediente elektronikoek osagai hauek izango dituzte:
1.– Agiri elektronikoak. Agiri bera espediente bat baino gehiagotan egon ahal izango da.
2.– Aurkibide elektronikoa. Espediente elektronikoa osorik dagoela bermatuko du eta, beharrezkoa den guztietan, hura berreskuratzeko bidea emango du.
3.– Aurkibide elektronikoaren sinadura. Administrazio, organo edo entitate jarduleak sinatu beharko du, arau honetan aurreikusitako sinadura-sistemak erabiliz.
4.– Espediente elektronikoaren metadatuak.
27. artikulua.– Espediente mistoa.
Espediente mistoa da prozedura jakin bati dagozkion paper-euskarrian eta euskarri elektronikoan dauden agirien multzoa.
Espediente mistoa kudeatu eta kontserbatuko da baldin prozedura bera osatzen duten euskarri ezberdinetako agiriak badaude, horien identifikazio bakarra eta argia bermatu behar delarik.
Pixkanaka, espediente mistoetan paper-euskarrian dauden agiriak digitalizatuko dira.
28. artikulua.– Agiri elektronikoen kopiak.
Agiri elektronikoak kudeatzeko politikaren bidez ezarriko dira Eusko Legebiltzarrean agiri elektronikoen kopiak egiteko operazioak.
29. artikulua.– Agiri elektronikoak sortzea digitalizazioaren bidez.
1.– Eusko Legebiltzarrak digitalizazioak egin ahal izango ditu paper-euskarria edo beste euskarri ez-elektronikoa duen agiri bat agiriaren irudi kodetu, leial eta osoa duen fitxategi elektroniko bihurtzeko, zeinak agiri elektronikoak izango diren aurrerantzean.
2.– Eusko Legebiltzarreko agiri elektronikoak kudeatzeko politikaren bidez ezarritakoaren eta agiriak digitalizatzeko eta agiri elektronikoaren elkarreragingarritasunari buruzko arau teknikoetan ezarritakoaren arabera digitalizatuko dira dokumentuak kudeaketa-sisteman txertatzeko.
30. artikulua.– Artxibo elektronikoa.
1.– Eusko Legebiltzarraren Artxibo Elektronikoa sortzen da, agirien, espediente elektroniko eta mistoen, gordetegi seguru eta zentralizatua izateko, Eusko Legebiltzarraren Artxiboan txertatuta eta haren mende.
2.– Izapidetutako agiriak eta espedienteak Artxibo Elektronikora transferituko dira Eusko Legebiltzarrean agiriak kudeatzeko politikaren bidez eta kontserbazio-egutegietan ezarritakoari jarraiki, Eusko Legebiltzarraren Artxiboa erregulatzeko arautegiaren esparruaren barruan.
3.– Artxibo Elektronikoak agirien osotasuna, benetakotasuna, konfidentzialtasuna, kalitatea, babesa, sarbidea, erabilgarritasuna eta kontserbazioa bermatuko ditu.
31. artikulua.– Jatorrizko agiriak ezabatzea.
1.– Paperean edo beste edozein euskarritan dauden jatorrizko agiriak eta benetako kopiak, zeinen benetako kopia elektronikoak egin diren, ezabatu ahal izango dira agiri elektronikoak kudeatzeko politikan jartzen duen moduan. Indarrean dauden izaera administratiboko prozeduretan, jatorrizko agiri horiek interesdunari itzuliko zaizkio.
2.– Ezein kasutan ez dira suntsituko balio historikoa, artistikoa edo bestelako garrantzia duten eta, hortaz, gorde eta babestu beharko liratekeen agiriak.
VI. TITULUA
PROZEDUREN KUDEAKETA ELEKTRONIKOA
32. artikulua.– Kudeaketa eta izapidetze elektronikoa.
Eusko Legebiltzarrak ezarriko ditu Legebiltzarraren egoitza elektronikoan erabilgarri dauden zerbitzuen kudeaketa elektronikoa ahalbidetuko duten erreminta eta elementuak.
33. artikulua.– Interesdunek elektronikoki kudeatutako prozeduren izapidetze-egoera irispidean izatea.
1.– Arau aplikagarriek informazio honi buruzko murrizketarik ezartzen ez badute, interesdunak, aldez aurretik identifikatuz, jakin ahal izango du zertan den interesdun gisa edo ordezkari baimendu gisa azaltzen den edozein espedienteren izapidea; horretarako, egoitza elektronikotik sarbide murriztuko zerbitzu elektroniko batean sartuko da.
2.– Espedienteen izapidetze-egoeraren gaineko informazioa egindako izapide-egintzei buruzkoa izango da, eta horien edukia adieraziko da, baita zein egunetan eman ziren ere.
3.– Aurreko apartatuetan azaldutako informazioaz gain, interesdunek Sarrera-erregistro elektronikoaren bidez aurkeztu dituzten agiri, komunikazio eta eskabide guztien zerrenda ikusi ahal izango dute.
XEDAPEN IRAGANKORRA.– Egoitza funtzionamenduan jartzea.
Arau honen bidez sortzen den egoitza elektronikoa Eusko Legebiltzarreko Mahaiak zehazten duen unetik aurrera hasiko da jardunean.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Idazkaritza Nagusiari baimena ematen zaio ebazpen hau garatzeko eta aplikatzeko behar diren neurri guztiak hartzeko.
Bigarrena.– Ebazpen hau Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.