EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-06-11 Aldizkari honetan argitaratua: 2018111

ERABAKIA, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2018ko martxoaren 22ko bilkuran hartua Mañuetako Udalaren fiskalizazio txostena, 2016koa, behin betiko onesten duena.

Xedapenaren data: 2018-03-22
Hurrenkenaren zenbakia: 201803006
Maila: Akordioa
Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2018ko martxoaren 22an egindako bilkuran
ERABAKI DU:
Mañuetako Udalaren 2016ko fiskalizazio-txostena behin betiko onestea, erabaki honen eranskin modura ageri dena.
HKEEren 1/1988 Legearen 13.2 artikuluak aurreikusten duena betez, txostenaren ondorioak dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratzeko xedatzea.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko martxoaren 22a.
HKEEren lehendakaria,
JOSÉ LUIS BILBAO EGUREN.
HKEEren idazkari nagusia,
JULIO ARTETXE BARKIN.
ERANSKINA
MAÑUETAKO UDALA, 2016
Laburdurak
AFA: Arabako Foru Aldundia.
ALHAO: Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofiziala.
FOFEL: Arabako Toki-erakundeak Finantzatzeko Foru Funtsa.
HKEE: Herri Kontuen Euskal Epaitegia.
LZ: Lanpostuen Zerrenda.
TAOAL: 7/1985 Legea, Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituena.
I.– Sarrera.
Herri Kontuen Euskal Epaitegiak otsailaren 5eko 1/1988 Legeak eta Epaitegiaren Osokoak onetsitako Lan Programak agindutakoari jarraikiz, Mañuetako Udalaren 2016ko ekitaldiko Kontu Orokorraren fiskalizazio lana mamitu du.
HKEEk gauzatutako aurreko fiskalizazio lana 2001eko ekitaldiaren gainekoa izan zen.
Fiskalizazio lan honek honako alderdi hauek besarkatzen ditu:
– Legezkotasuna: Honako aurrekontuaren atal hauetan ezargarria den arautegia bete izana: aurrekontua, zuzenbide publikoko sarrerak, zorpetzea eta finantza eragiketak, langileria, obren kontratazioa, zerbitzuak eta hornidurak eta diru-laguntzen emakida. Azterketa lan hau fiskalizazioaren ekitaldiari dagokio, beharrezko irizten diren beste ekitaldi batzuei buruzko egiaztaketak egitea kaltetu gabe, fiskalizazio-gai den ekitaldian eragina dutelako.
– Kontabilitatea: Kontu Orokorra ezargarri zaizkion kontularitzako printzipioekin bat datorrela egiaztatzea. Kontu Orokorrak honako atal hauek besarkatzen ditu: Udalaren Aurrekontuaren likidazioa, Egoeraren balantzea, Galera-irabazien kontua eta Oroitidazkia.
– Lanaren zabalak ez du gastuaren eraginkortasun eta zuhurtasunari buruzko azterlan berariazkorik besarkatu; ezta, kudeaketa prozedurei buruzkorik ere. Nolanahi den ere, fiskalizazioan zehar sortu diren alderdi partzialak txosten honen III. idazpuruan aztertu ditugu.
– Udalaren egoera ekonomikoaren finantza analisia.
Mañuetako udalerriak 308 biztanle ditu 2016ko urtarrilaren 1eko udal erroldaren arabera. Uraren hornidura eta saneamendu zerbitzua Arabako Errioxako Uren Partzuergoak ematen du eta hiri hondakinen kudeaketa eta gizarte zerbitzuak Guardia-Arabako Errioxako kuadrillak modu mankomunatuan ematen ditu; berebat, laguntza ematen du hirigintza, kultura eta administrazioko kudeaketan.
II.– Iritzia.
II.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.
Epaitegi honen ustetan, Mañuetako Udalak zuzentasunez bete du 2016ko ekitaldian ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duen lege arautegia.
II.2.– Urteko kontuei buruzko iritzia.
1.– 2016ko abenduaren 31ko Balantzean 1,2 milioi euroren Ibilgetuko saldoa barne hartu da; Udalak, baina, ez du Ibilgetua osatzen duten elementuen xehetasunik eta honenbestez, ezin zehaztu izan dugu 2016ko abenduaren 31ko udalaren ondasunen eta eskubideen egiazko egoera islatzen den.
Epaitegi honen iritzira, aurreko paragrafoan adierazitako salbuespena alde batera, Mañuetako Udalaren Urteko Kontuek alderdi esanguratsu guztietan 2016ko ekitaldiaren jarduera ekonomikoa eta abenduaren 31ko ondarearen eta finantza egoeraren isla zuzena erakusten dute; baita, data horretan amaitutako urteko ekitaldiari dagozkion bere eragiketen eta eskudiruzko fluxuen emaitzena ere, ezargarria den finantza informazioaren arau-esparruaren arabera eta, zehazki, bertan jasotako kontularitzako printzipio eta irizpideen arabera.
III.– Barne kontrolerako sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak.
Atal honetan ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duten printzipioak gehiegi eragiten ez dituzten akatsak ez ezik, kudeaketa hobetzeko azpimarratu nahi diren prozedurazko alderdiak ere azaleratu dira.
III.1.– Aurrekontua, kontabilitatea eta diru-sarrerak.
– 2016ko Likidazioa eta Kontu Orokorra Alkateak eta Udalbatzak 2017ko abuztuan eta azaroan onartu zituzten; ordea, arautegiak finkatutako epeak martxoaren eta uztailaren azken egunean amaitzen dira.
– Udalak ez zituen erregistratu 2016ko urteko zenbait diru-sarrera (OHZren kobratzeko likidazioak eta tasa bat) eta gastu (aseguru sozialak, Kuadrillari egindako ekarpenak eta zaharren egoitza hobetzeko lanak); gainera, zuzentzeko dago 2016ko abenduaren 31ko diruzaintzako saldoa. Egitate hauen eragina guztira 10.278 eurorena da.
– Udalak erosketa guztiei dagokienez aurrekontuaren egikaritza fase guztiak metatu zituen (ADO), nahiz 2016ko 4 erosketa nagusietan kontularitzan bereizirik erregistratu behar ziratekeen esleipenak egin ziren (AD). Erosketa nagusiak arautu behar lirateke, horien esleipena formalizatu eta kontabilizatuz.
– Udalak ez zuen 2016 baino lehenago azpiegituretan egindako inbertsioen saldoaren xehapenik (5,5 milioi euro) eta saldoa ez aktibatzeko aukera baliatu zuen; ordea, Oroitidazkian eman behar zukeen horren berri.
– Ibilgailuen gaineko zergaren tarifak 2004an onartu ziren eta gerora % 2 gehitu ziren; aldaketa hori, baina, ez zen zuzen izapidetu.
– 2016 baino lehenagoko kobratzeko ordainagiriak, 20.748 euroren zenbatekodunak, ez ziren premiamendu bidez eskatu, ez zirelako AFAren derrigorrezko diru-bilketa agentziara bidali behin borondatezko kobrantza aldia amaitua zela. Gainera, Udalak urteko itxieraren karira zordunen kontularitzako saldoak alderatu behar lituzke ordainagiri eta likidazioen kontrol sistema osagarrikoekin.
III.2.– Langileria.
– ALHAOra igorritako lanpostu zerrenda ez dator bat onartutakoarekin; zuzendu egin behar da, beraz, akats hori. Dedikazio partziala duen lanpostu batean ez da ezaugarri hori adierazten. Akordioak, gainera, aldi baterako lan kontratu bat jasotzen du eta LZn izaera finkoa duten lanpostuak soilik jaso daitezke.
– 2016ko abenduan bi langilek LZn aurreikusi gabeko egiteko iraunkorrak betetzen ziharduten, 2010 eta 2013an egindako aldi baterako lan kontratuekin, urtero luzatutakoak. Egoera hau zuzentzea komeni da eta horretarako LZ aldatu beharko litzateke edo zerbitzuak berrantolatu.
– Errenta eta atxikipenen urteko aitorpena (190 eredu-orria) akatsekin egin zen eta ez zituen 22.551 euroren ordainsariak barne hartu.
– 2016ko azaroan udal aretoak garbitzeko amaiera datarik ez zuen aldi baterako lan kontratu bat izenpetu zen. Ez dago jasota langilea hautatzeko inongo prozedurarik gauzatu zenik.
– 2016ko abenduan langile bat kontratatu zen lanpostu huts bat betetzeko eta horretarako baliatu zen prozedurari iragarki oholean eman zitzaion publikotasuna Lan-poltsa modura erabili izatea eta kontratuak izan dezakeen iraupena aurreikusita egokiagoa zatekeen deialdia ALHAOn argitaratzea. Gainera, prozesuak titulazio eta ikastaroak soilik balioztatzea aurreikusten zuen, aurkeztutako agirien ziurtagiririk batere ez dagoela, eta gainera, bi izangai kanporatu egin ziren udalerrian bizi ez zirelako, betekizun hau eska ezina izanik.
III.3.– Transferentziak eta Diru-laguntzak.
– Biasteri-Arabako Errioxako kuadrillak mankomunaturik ematen ditu oinarrizko gizarte-zerbitzuak eta zabor-bilketa zerbitzua eta Udalari laguntza ematen dio hirigintza, gizarte-laguntza, kultur jarduera eta agirien artxiboko lanetan. Udalak Kuadrillari egindako ekarpenak 2. eta 4. kapituluetan erregistratu zituen, guztira 17.877 euroren zenbatekoarekin. Kuadrillak arautzen dituen Foru Arauak eskualde bakoitzeko udalekin lankidetza aurreikusten du; ez da, baina, Udalean ageri zabor-bilketa zerbitzua mankomunaturik emateko erabakia eta gizarte-zerbitzuei dagokienez, 2017an horren gaineko behin-behineko erabakia gauzatu da. Berebat, artxibategiko zerbitzuetan eta jarduera soziokulturaletan laguntza gomendatzen duten erabakiak ere ez dira jaso.
III.4.– Berankortasuna eta bestelako alderdiak.
– Udalak ez ditu ordainketa epeei buruzko nahitaezkoak diren hiruhileko txostenak egiten.
– Toki erakundeak gardentasun eta informazio publikorako irispideari buruzko araudira egokitzeko prozesua 2015eko abenduan amaitu behar zatekeen; Udalak, ordea, ez du halakorik gauzatu. Informazio ekonomikoari dagokionez, publikotasuna eman behar zaie honako hauei: aurrekontu eta kontu orokorrei, aurrekontuaren egonkortasun eta iraunkortasunari buruzko txostenei, baliatutako kontratazio moldeen gaineko estatistika datuei, zinegotzien ondasun eta jarduera aitorpenei, emandako diru-laguntzei, gauzatutako hitzarmen eta kudeatzeko gomendioei eta Udalaren jabetzako diren ondasun higiezinen zerrendari.
IV.– Finantza Analisia.
Udalak azken ekitaldietan eta fiskalizazio-gai izan den urtean kitatutako magnitude nagusien bilakaera ondoko taulan dago zehaztua:
Sarrera arruntak: egonkor eusten diote aztertutako epean, transferentziek gora egin dutelarik, baina berezko diru-sarrerek behera:
– Zerga zuzenak, zeharkakoak eta tasak: % 9 egin dute behera, nagusiki, EIOZek 2014an eragindako sarrera maila handiaren ondorioz. 2015eko igoera 3. kapituluko ezohiko diru-sarrerek eragin dute. Zerga eta tasen tarifak ez dira aldatu aztertutako aldian.
– Transferentzia eta diru-laguntza arruntak: % 6 egin dute gora, partaidetzak itunpeko zergetan antzeko ehunekoan gora egitearekin.
Funtzionamendu gastuak: Ez dute hauek ere aldaketa esanguratsurik, langile eta diru-laguntzetan igoera txikiak izan dituzte, osagairik garrantzitsuen diren ondasun eta zerbitzuen kontratazioak izan duen beheraldiarekin berdindu direnak.
– Langile gastuak: % 3,2 egin dute gora 2016an 2012ko abenduko aparteko ordainsariaren itzuleraren, 1.706 eurorena, eta % 1eko ordainsari igoeraren ondorioz.
– Ondasun arrunten erosketa eta zerbitzuak: % 1,5 egin zuten behera Kuadrillari egindako ekarpenen zenbatekoa zabor-bilketa zerbitzuagatik murriztu izanaren ondorioz eta 2016an gastuen 4. kapituluan erregistratzen hasi izanaren ondorioz; ordea, 2016an konponketa eta zaintza gastuek ere gora egin dutela ikusi da.
– Transferentzia eta diru-laguntza arruntak: % 11ko igoera eskualdeko Kuadrillari egindako ekarpenek eragin dute, zabor-bilketa zerbitzurako egindakoek.
Aurrezki gordina eta garbia: 2014an sarrera arrunten % 25 egiten zuen aurrezki gordinak bere horretan eusten dio, eragiketa arruntetan aldaketarik izan ez delako. Finantza zamak behera egin du 2016an aurreko urtean aurrerakin bat kitatu ostean; honenbestez, aurrezki garbiak hobera egin du.
Kapital eragiketen emaitza: Inbertsio-ahaleginak egonkor iraun du, lehenengo bi urteetan aldunditik diru-laguntzak eskuratu baitira eta inbertsio garbiak oso-osorik sortutako aurrezki bidez finantzatu baitira.
Diruzaintza geldikina: 2014ko abenduan sarrera arrunten % 43 egiten zuen eta hurrengo bi urteetan sortutako aurrezkiak 2016ko abenduan sarrera horien % 70ean jartzen du; kopuruak hirurtekoan egindako inbertsioen zenbatekoa gainditzen du.
Zorpetzea: Udal zorpetzeak 2016ko abenduaren 31n sarrera arrunten % 27 egiten zuen.
Ondorioa: Eragiketa arrunten egitura ez da aztertutako aldian aldatu eta 2016an sarrera arrunten gainean % 25eko aurrezki gordina sortu du. Zorpetzea eta geldikina antzekoak ziren epe hasieran; azken honek, baina, hobera egin du sortutako aurrezkiaren eraginez eta zorpetzea urritu egin da mailegurik kontratatu ez delako: honenbestez, 2016ko sarrera arrunten % 27 eta % 70 bitartean kokatzen da.
Aurrekontuaren egonkortasuna: 38/2013 Foru Arauan ezarritakoari jarraikiz, Udalaren kontu-hartzailetzak txostena egin zuen aurrekontuaren egonkortasun printzipioa, zor publikoa eta gastuaren araua betetzen zela adieraziaz. Honi dagokionez, bete da aurrekontuaren egonkortasun printzipioa 2016an 41.149 euroren eragiketa ez finantzarioen superabita eskuratu baita; izan ere, 2015eko ekitaldiarekiko zenbakarriak diren gastuek behera egin dute eta zor publikoak sarrera arrunten % 27 egin dute.
V.– Urteko Kontuak.
V.1.– Udala.
2016-KO EKITALDIAREN AURREKONTU LIKIDAZIOA
SARRERAK
GASTUAK
AURREKONTU ITXIEN BARIAZIOA
AURREKONTUAREN EMAITZA
DIRUZAINTZA GELDIKINA
BALANTZEA 2016-KO ABENDUAREN 31N
2016-KO EKITALDIAREN ONDAREAREN EMAITZA EKONOMIKOAREN KONTUA.