EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-06-06 Aldizkari honetan argitaratua: 2018108

EBAZPENA, 2018ko maiatzaren 22koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Áridos y Canteras del Norte SA enpresak sustatutako Coto Minero Nafarrondo izeneko harrobiaren (Orozko) betelanak izango duen ingurumen-inpaktuari buruzko txostena, eta aldatzen Cantera Nafarrondo SA enpresak Orozkon sustatutako Coto Minero Nafarrondo izeneko harrobiaren ustiatze-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren deklarazioa.

Xedapenaren data: 2018-05-22
Hurrenkenaren zenbakia: 201802947
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
Ingurumeneko sailburuordearen 1999ko azaroaren 3ko Ebazpenaren bitartez formulatu zen Cantera Nafarrondo SA enpresak Orozkon sustatutako Coto Minero Nafarrondo izeneko harrobiaren ustiatze-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren deklarazioa.
Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2015eko ekainaren 24ko Ebazpenaren bitartez, enpresari baimena eman zitzaion atmosfera kutsa dezaketen jarduerak egiteko. Ebazpen horrek aldatu zuen Cantera Nafarrondo SA enpresak Orozkon (Bizkaia) sustatutako Coto Minero Nafarrondo izeneko harrobiaren ustiatze-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren deklarazioa.
2018ko urtarrilaren 24an, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egindako eskabidea osatu zuen Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak. Eskabide horretan eskatzen zen Áridos y Canteras del Norte SA enpresak Coto Minero Nafarrondo izeneko harrobiaren hondakindegian betelanak egiteak izan dezakeen ingurumen-inpaktuari buruzko ebaluazio sinplifikatua hasteko, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluak xedatutakoari jarraikiz. Proiektua aipatutako arauaren II. eranskineko 9. taldean dago jasota.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 44.5 eta 46. artikuluetan xedatutakoaren arabera, 2018ko otsailaren 26an ingurumen-organoak kontsulta egin die proiektu honek eragiten dien erakunde publikoei eta interesdunei, interesgarria izan daitekeen informazioa biltzeko.
Horrenbestez, honako hauei egin die kontsulta: alde batetik, Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza, Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza, Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzari eta Uraren Euskal Agentzia (horiek guztiak Eusko Jaurlaritzakoak); bestetik, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoa, Lanius Ornitologia Elkartea, Ekologistak Martxan Bizkaia eta Orozkoko Udala.
Behin kontsulta-izapideak bukatuta, honako hauek erantzun dute: batetik, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak, Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak eta Uraren Euskal Agentziak (Eusko Jaurlaritzarenak); bestetik, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak. Emaitzak espedientean ikus daitezke. Hartarako, eta aipatutako txostenetan jasotzen denez, ingurumen-organoak baditu judizio-elementu nahikoa ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egiteko eta dagokion ingurumen-inpaktuaren deklarazioa aldatzeko.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea da helburua; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia sartzea, aukerarik egokienak hautatzeko, betiere jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren gaineko ebaluazio sinplifikatua egingo zaie lege horren II. eranskinean jasotako proiektuei. Horrenbestez, ingurumen-arloan indarrean dagoen legeria aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura aplikatu behar zaio Orozkoko udal-mugarteko Coto Minero Nafarrondo harrobiaren hondakindegian betelanak egiteko proiektuari.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 44.2 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren deklarazioa aldatzeko prozedura ofizioz has daiteke.
Dokumentazio teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedientean jasotako txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-inpaktuari buruzko txosten hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera). Dokumentu honen helburua da aipatutako proiektuak ingurumenean inpaktu esanguratsuak izan ditzakeen baloratzea, eta hala balitz, ohiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar zaion zehaztea.
Era berean, argi dago ingurumen-inpaktuari buruzko txosten honek aldatu egiten dituela Ingurumeneko sailburuordearen 1999ko azaroaren 3ko Ebazpenean ezarritako baldintzak (Cantera Nafarrondo SA enpresak Orozkon sustatutako Coto Minero Nafarrondo izeneko harrobiaren ustiatze-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren deklarazioa formulatzeko ebazpena). Horrenbestez, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera) aldatu egin du Cantera Nafarrondo SA enpresak Orozkon sustatutako Coto Minero Nafarrondo izeneko harrobiaren ustiatze-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren deklarazioa.
Hauek ikusi dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Ingurumena Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzekoa, eta 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena. Beraz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Áridos y Canteras del Norte SA enpresak Coto Minero Nafarrondo izeneko harrobiaren hondakindegian betelanak egiteko proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko txostena formulatzea, ondoren zehazten den moduan:
A) Coto Minero Nafarrondo meatze-eremuaren mendebaldeko Ariaza sektorean kokatutako gai antzuen hondakindegiaren betegarria handitzea proiektatzen da. Betelan hori jardueraren beraren gai antzuekin egitea proposatzen da, eta lurzoru naturaletik datozen kanpoko materialekin osatzea (induskatutako material naturalak).
B) Proiektuaren ingurumen-txostenaren edukia aztertzen da proiektu horren ingurumen-inpaktuari buruzko txostena emateko ebazpen honetan, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz:
1.– Proiektuaren ezaugarriak.
Proiektuaren helburua da Coto Minero Nafarrondo harrobiaren mendebaldeko sektorean betelan bat egitea. Horri esker, egun dagoen harrobi-hondakindegiari jarraipena emango zaio ekialderantz, eta harrobiaren amaierako aurrealdea ezkutatzen jarraituko. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, 5 ha-ko azalera izango du betegarriak.
Betegarri hori kanpoko materialekin osatzea proposatzen da (induskatutako material naturalak). Betegarri horrek 800.000 m
Bertan badagoen hondakindegiarekin jarraituko duen diseinu bat egitea erabaki da honako hauen ezaugarriak kontuan hartuta: plazan dagoen tokia, sarbideen kokapena, materialak eta lursailaren egonkortasun-faktoreak. Horrenbestez, erabaki da 3H 2V-ko ezpondak eta gehienez ere 20 m-ko altuera ezartzea. Hondakindegiaren azken konfigurazioak 4 berma ditu: goiko biek 6 m-ko zabalera izango dute, eta behekoek, aldiz, 8 m-koa; izan ere, behekoak sarbide gisa erabiltzen dira.
Betegarriak harrobiaren azpiegitura eta zerbitzu berak partekatzen ditu. Aipatutako azpiegitura horiei ura jasotzeko sistema bat gehituko zaie hondakindegian bertan. Hondoan geruza drainatzaile bat izango du, ondoren sare drainatzaile bat eta zaintza-kanal bat, eta, azkenik, hondakin-urak hondakindegian dauden dekantzaio-putzuetara eramango dira.
2.– Proiektuaren kokapena.
Coto Minero Nafarrondo harrobia Orozkoko udalerrian dago (Bizkaian), Untzueta mendiaren hego magalean eta Altube ibaiaren eskuineko ertzean. Betelanerako zonaldea Coto Minero Nafarrondo harrobiaren mendebaldeko sektorean dago, eta han dagoen harrobiaren hondakindegiren jarraipena izango da. Horrela, harrobiaren esparruan jada ustiatutako eremua da jarduketa-eremu guztia.
Dagoen betegarriari jarraipena emateko beharrezkoak diren lursailak lurzoru urbanizaezin gisa (erauzte-jarduerak) sailkatuta daude Udaleko plangintzan. Betegarriaren perimetrotik 500 m-ra 10 etxebizitza daude, eta baserri edo familia bakarreko etxeak dira.
Nolanahi ere, ez da aurkitu ingurumenari dagokionez bere natura-balio bikainengatik, bere kultura-balioengatik (kultura-ondarearen elementu katalogatu edo inbentariatuak) edo bere ingurumen-arriskuengatik garrantzi berezirik duen eremurik.
3.– Inpaktu potentzialaren ezaugarriak.
Proiektuaren ezaugarriak direla eta, badirudi urak biltzetik, lursaila egokitzetik eta betegarria eramateko makina eta kamioi gehiago igarotzetik etor daitezkeela inpakturik esanguratsuenak. Horrek guztiak honako inpaktu nagusi hauek izango ditu:
– Uraren kalitatea gutxitzea solido esekien edo nahi gabeko isurpenen kopurua handitzeagatik.
– Zarata eta hauts- eta partikula-emisioak handitzea.
– Hondakinak sortzea; batez ere, hondakin geldoak (hiriko hondakin solidoekin asimilagarriak izan daitezkeenak) eta makinen mantentze-lanek eragindako hondakin arriskutsuak.
– Nahi gabeko isurketak, makinen erabilerak eta mantentze-lanak eragindakoak.
Bigarrena.– Proiektua egikaritzeko, sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan proposatutako neurri babesgarri, zuzentzaile eta konpentsagarriez eta baimen sektorialetan adierazitakoez gain, baldintza hauek ere izan behar dira kontuan:
Indusketetako lurrak eta arrokak izango dira betelanean onartuko diren material bakarrak, eta ez da bestelako materialik onartuko, honako dekretu hauetan xedatutakoaren arabera: 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena, eta 112/2012 Dekretua, ekainaren 26koa, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena arautzen duena.
Lursaila egokitzeko obra posibleak (drainatzeko lur-erretenak egitea, harri-lubeta zimendatzea eta egonkortasuna bermatzeko lurzoruak induskatzea) proiektua burutzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira, bai eta lursaila okupatzea eragiten duten eragiketa osagarri guztiak ere. Aipatutako eremutik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko dira makinen joan-etorriak. Adierazitako eremutik kanpo ustekabean eraginik gertatuz gero, zuzentze- eta lehengoratze-neurri egokienak burutuko dira.
Obrak egiten diren bitartean, jarduera egokien eskuliburuan ezarritakoa aplikatuko da.
Ura eta lurzorua babesteko neurriak.
– Lursailaren ezaugarriak kontuan hartu eta lurrazaleko nahiz lurrazpiko urek izan ditzaketen eraginak saihesteko, ahal beste ekidin behar dira betegarrian urarekin edo airearekin kontaktuan lixibiatu kutsagarriak isuri ditzaketen litologietatik datozen materialak.
– Drainatze-sare naturaletik bereiziko dira obrako makinak gordetzeko azalera eta haiek mantentzeko tokia. Bestalde, horretarako egokituko den gunean egingo dira mantentze-eragiketak edo erregaia transferitzeko eragiketak, lurrean olioak edo erregaiak ez isurtzeko moduan. Zentzu horretan, ur guztia berreskuratzeko sistema bat izan behar du gurpilak garbitzeko sistemak.
– Obren egikaritze-fasean ahal beste murriztu beharko da drainatze-sare naturalera isurtzen diren hondakin finen kopurua. Horrez gain, uraren kalitatean eraginik ez dutela bermatu beharko da, eta, horretarako, ibilgu publikora isurtzeko kontrolak egin beharko zaizkio dekantazio-putzuetatik datorren ur-efluenteari aldian behin. Kontrol horien helburua da egiaztatzea isuriko den ur horrek ez dituela baimendutako mugak gainditzen (kontrolen maiztasuna eta isurketan aztertu beharreko parametroak baimenean zehaztutakoak izango dira).
– Drainatze-sarera isurtzen diren hondakin finen kopurua minimizatu beharko da, eta uraren kalitatean eraginik ez dutela bermatu. Isurpenaren baldintzak indarrean dagoen baimenean jasotakoekin bat ez badatoz, baimena aldatzea eskatuko beharko da.
– Ezin izango da lurrazaleko edo lurrazpiko ur berririk bildu, horretarako administrazio-emakidarik izan ezean.
– Lurrazpiko uren kalitateari jarraipena egiteko kontrolak ezarri beharko dira.
Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan eta zarataren arloko gainerako arauetan xedatutako neurri aplikagarrien kalterik gabe, honako hauek hartuko dira aintzat:
– Neurriak hartu beharko dira honako hauen inguruan: obrako makinen mantentze orokorra; zarata eta bibrazioak jatorrian murriztea; makinen mugimenduak eragindako zarata gutxitzea; obretan erabilitako tresnek egiten duten zarata kontrolatzea, eta abar.
– Erabilitako makinek aire zabalean erabiltzen diren makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen legeria bete behar dute, eta, batez ere, aplikatzekoa denean, Aire zabalean erabiltzen diren makina batzuek inguruan egiten dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta gainerako arau osagarrietan ezarritakoa.
Natura-ondarea babesteko neurriak.
– Kanpoko landare-espeziak sartzen eta zabaltzen direla hauteman eta saihesteko neurriak hartuko dira, batik bat espezie exotiko inbaditzaileei dagokienez.
– Lurraldearen iragazkortasun edo konektibitate ekologikoari eusteko, perimetroko itxiturak behar izatekotan, gune libre bat mantendu beharko da azpialdean, lurzoruaren sestratik 15-20 bat cm bitarteko altuerakoa, eta betelanaren amaierako fasean kendu egingo dira.
– Proposatutako drainatze perimetralaren ohiko mantentze-lanak egingo dira, ornodun txikiak igaro ahal izatea ziurtatzeko.
Hondakinak kudeatzeko neurriak.
– Ahalik eta hondakin gutxien sortuko da.
– Sortutako hondakinak Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluak xedatzen duen lehentasun-hurrenkeran kudeatuko dira: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta beste balorizazio mota batzuk, balorizazio energetikoa barne. Arrazoi teknikoak edo ekonomikoak direla-eta prozedura horiek aplikatzea ezinezkoa bada, hondakinak deuseztatu egingo dira ingurumenean eragin gabe, edo ahal den eragin txikiena eginik.
– Berariaz debekatuta egongo da sortutako hondakinen tipologia desberdinak nahastea, arriskutsuak izan ala ez. Hondakinak jatorrian bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko bitarteko egokiak baliatuko, hondakinak ez nahasteko eta kudeatzaile baimenduei entregatzeko, obran edo instalazioan berrerabiltzeko ez badira, behintzat.
– Hondakin arriskutsuak biltegiratuz gero, beharrezkoak diren preskripzio teknikoak aplikatuko dira, kudeatzaile baimendu batek bildu arte.
– Behar bezalako baldintzetan baztertuko dira olioen eta baterien hondakinak, makinerien mantentze-lanen hondakin arriskutsuak eta, oro har, substantzien/prestakinen hondakin arriskutsu guztiak, haiek barnean izan dituzten ontzi guztiak, iragazkiak, xurgatzaileak, trapu eta kotoi kutsatuak, hodi fluoreszenteak, merkuriozko lurrunezko lanparak eta abar, betiere Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeari jarraikiz, eta Aparatu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren eta hondakinei buruzko gainerako araudiaren arabera.
Airearen kutsadura txikiagotzeko neurriak.
Airearen kutsadurari dagokionez, ahalegin handia egingo da ahalik eta hauts gutxien sor dadin. Airearen kalitatean ez eragiteko, materialak garraiatzean eta zamalanak egitean honako neurri hauek hartuko dira, atmosferara partikularik ez isurtzeko:
– Sarbidean, ibilgailuen trafikoa eta obrako makinena mugatuko da.
– Garraiatutako zama olanaz estaliko da, eta, beharrezkoa izanez gero, gain-gainetik ureztatuko da.
– Ahalik eta hauts gutxien sortzeko moduan egingo dira materialaren zamalanak.
– Aldian-aldian, sarbideak garbituko dira, bai eta, atzemandako hauts-isurketen arabera, ureztatuko ere. Sarbideek egoera egokian egon beharko dute uneoro.
– Garbiketa egiteko, zisterna-ibilgailuak erabiliko dira, edo, zenbait tokitan, presio-mahukak edo antzeko tresnak.
– Obrarako sarbideak, makina-parkea, obrako materialak aldi baterako gordetzeko gunea eta hondeaketa-lurrak eta hondakinak aldi baterako metatzeko guneak ingurumenean ahalik eta eragin txikiena izateko irizpideen arabera proiektatuko dira, eta helburu horretarako aukeratutako tokietan ezarriko.
– Materialak kanpoaldean metatu behar izanez gero, material horiek haizetik babestuen dauden lekuetan kokatuko dira.
– Ez da hondarrik erreko, ez eta beste inolako materialik ere.
Kultura-ondarea babesteko neurriak.
Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean xedatutakoari jarraikiz, lurra erauzteko eta mugitzeko obretan zehar arkeologia-izaerako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari, behar diren neurriak har ditzan.
Paisaia babesteko eta inplikatutako eremuak lehengoratzeko neurriak.
Lehengoratze-plan horrek sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan jasota dauden gomendio eta neurriei jarraitu beharko die, eta, edonola ere, kasu bakoitzean gaiaren organo eskumendunak ezartzen dituenei. Birlandatze-plana betelaneko obrak kaltetutako lurzoru osorako egin beharko da; bertan landatuko diren espezieak zuhaizti eta zuhaixka autoktonoak izango dira, eta garbi identifikatu beharko dira, besteak beste, lehengoratze-eremuak, erabili beharreko espezieak zein horien kopurua, landatzeko tartea, lehengoratze-planaren aurrekontua, etab.
Paisaian txertatzeko neurriak garatzerakoan, gainera, honako alor hauek izan beharko dira kontuan:
– Isurtze-masa inguruko morfologiari egokitu behar zaio.
– Apurka-apurka landareztatu beharko da, betelanen faseak burutzen doazen neurriak.
Landareztatze-proiektuak, gutxienez, 2 urteko bermealdia izango du, landareztatzea bukatzen denetik hasita, arrakastatsua izango dela bermatzeko. Landareztatzean hutsarteak beteko dira, eta beste edozein mantentze-lan ere burutuko da, landareak behin betiko sustraitzea lortze aldera.
Hirugarrena.– Ingurumen-inpaktuari buruzko txosten honetan ezarritakoari jarraikiz, ez da aurreikusten ingurumenean kalte negatibo nabarmenik izango denik. Horrenbestez, ez da beharrezkotzat jotzen ingurumen-inpaktuaren gaineko ebaluazio arrunta egitea Áridos y Canteras del Norte SA Enpresak sustatutako Coto Minero Nafarrondo izeneko harrobiaren hondakindegian betelanak egiteko proiektuari.
Laugarrena.– Ingurumeneko sailburuordearen 1999ko azaroaren 3ko Ebazpena aldatzea, Cantera Nafarrondo SA enpresak Orozkon sustatzen duen Coto Minero Nafarrondo izeneko harrobiaren ustiatze-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren deklarazioa formulatzekoa. Horretarako, ingurumen-inpaktuari buruzko txosten honetan ezarritakoak baldintza gisa ezarriko dira, honela:
– Honako hauek betez egikarituko dira 1999ko azaroaren 3ko Ebazpenaren 2.B atalean ezarritako neurriak: dagokion sektoreko legeriak ezarritakoa Cantera Navarrondo SA enpresak Orozkon sustatutako Coto Minero Nafarrondo izeneko harrobiaren ustiatze-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren deklarazioak ezarritakoa ebazpen honetan jasotzen diren neurriak, eta, betiere horietakoren bati kalterik egiten ez badie, proiektuaren sustatzaileak entregatutako dokumentazioan jasotakoa.
– 1999ko azaroaren 3ko Ebazpenak 2.C atalean ezarritako lehengoratze-planaren ingurumen-txostenaren 6.2. puntuan bildutako landareztatze-jarduerak gehituko zaizkio Coto Nafarrondo izeneko harrobiko hondakindegian betelanak egiteko proiektuari.
– 1999ko azaroaren 3ko Ebazpenak 2.D atalean ezarritako zaintza-planaren ingurumen-txostenaren 7. puntuan jaso diren proposatutako betebeharrak (jarduketari jarraipena egiteko eta hura kontrolatzekoak) gehituko zaizkio Coto Nafarrondo izeneko harrobiko hondakindegian betelanak egiteko proiektuari. Sustatzaileak ingurumen-zaintza programan kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dituen dokumentu bategin bat sortu beharko du, bai eta beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia; kontrol-puntu guztiak non dauden kokatuta xehetasunezko kartografian; kontrol horien maiztasuna, eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren gaineko xehetasunak. Obrak hasi baino lehen, dokumentu hori Ingurumen Administrazio Zuzendaritzari helarazi beharko dio organo substantiboak aurkeztutako dokumentazioari oniritzia eman eta gero.
Bosgarrena.– Ebazpen honen edukia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzaren Meategien Arloko bulegoari, Orozkoko udalari eta proiektuaren sustatzaileari jakinaraztea.
Seigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategikoak indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Cantera Nafarrondo SA enpresak Orozkon sustatutako Coto Minero Nafarrondo izeneko harrobiaren hondakindegiaren betelan-proiektua gauzatzeko baimena onartuko ez balitz.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 22a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.