EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-06-05 Aldizkari honetan argitaratua: 2018107

103/2018 EBAZPENA, maiatzaren 29koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitaratzen baita Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari hainbat jarduera egiteko enkargua emateko erabakia, hain zuzen, Bilboko metropoli-trenbiderako proiektuak eta obrak egiteko (1. eta 2. lineak) 2018. urtean.

Xedapenaren zenbakia: 201800103
Xedapenaren data: 2018-05-29
Hurrenkenaren zenbakia: 201802929
Maila: Ebazpena
Honako erabaki hau onartu zuen Gobernu Kontseiluak 2018ko maiatzaren 29an egindako bilkuran: Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari ematea hainbat jardueraren enkargua, hain zuzen, Bilboko metropoli-trenbidearen proiektuak eta obrak egiteko (1. eta 2. lineak) 2018. urtean. Bada, publikotasuna eman behar zaio erabaki horri, eta horregatik, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea ebazpen honen erabakia, zeinaren bidez Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari ematen baitzaio hainbat jardueraren enkargua, hain zuzen, Bilboko metropoli-trenbidearen proiektuak eta obrak egiteko (1. eta 2. lineak) 2018. urtean; eranskinean jasota dator erabakiaren testua.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 29a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 29KO 103/2018 EBAZPENARENA
ERABAKIA, GOBERNU KONTSEILUARENA, 2018KO MAIATZAREN 29KOA, ZEINAREN BIDEZ RED FERROVIARIA VASCA-EUSKAL TRENBIDE SAREARI EMATEN BAITZAIO HAINBAT JARDUERAREN ENKARGUA, HAIN ZUZEN, BILBOKO METROPOLI-TRENBIDEAREN PROIEKTUAK ETA OBRAK EGITEKO (1. ETA 2. LINEAK) 2018. URTEAN
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 7. artikuluak Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren esku utzi zituen trenbideen gaineko egitekoak.
Bilboko metropoli-trenbidearen gainean dituen eskumenetan sartzen diren proiektuak, obrak eta gainetiko jarduketak eta Bilboko metropoli-trenbidearekin zerikusia duten Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eskumeneko gainerako jarduketak Garraio Azpiegituren Zuzendaritzaren esku uzten ditu Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta egitekoak xedatzen dituen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuaren 22.1.d) artikuluak.
Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari buruzko maiatzaren 21eko 6/2004 Legearen bidez, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea zuzenbide pribatuko erakunde publikoa sortu zen, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 15. artikuluan aurreikusten direnetakoa (1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onartzen duena). Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren eskumena zabaltzen da Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoak diren eta enkargatzen zaizkion trenbide-azpiegitura guztietara (egungoak edo etorkizunean eraikiko direnak).
Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari buruzko maiatzaren 21eko 6/2004 Legearen 5.4 artikuluaren arabera, entearen helburuetan sartzen da, Jaurlaritzak haren gain uzten duen eta, zuzenean edo zeharka, trenbide-garraioko azpiegiturak eraiki, zaindu eta administratzearekin zerikusia duen beste edozein eginkizun, eta bereziki, azterlan eta proiektuak idaztearekin zerikusia duten eginkizunak. Bilboko metropoli-trenbidearen proiektuak egitera eta proiektu horien eta obren segimendua eta kontrola egitera bideratuta dauden jarduera materialei, teknikoei edo zerbitzuzkoei dagokienez, badira arrazoi teknikoak eta materialak Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari emateko jarduera horien enkargua, hori guztia Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari buruzko maiatzaren 21eko 6/2004 Legean ezarritakoa oinarri hartuta.
Ondorioz, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak, 2018ko maiatzaren 29an eginiko bileran proposamena aztertu ondoren, honako hau erabakitzen du:
ERABAKIA
«Lehenengoa.– Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari ematea Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren eskumenekoak diren jarduera material, tekniko, juridiko eta zerbitzukoak egiteko enkargua, hain zuzen, Bilboko metropoli-trenbidearen proiektuak eta obrak egitea (1. eta 2. lineak), horien jarraipena egitea eta kontrolatzea. Kudeatzeko enkargu horrek ez dakar lagatzea ez eskumenaren titulartasuna, ez eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuak.
Bigarrena.– Erabaki honen eranskinean jasota daude aipatutako enkargu hori egiteko baldintza zehatzak.
Hirugarrena.– Kudeaketa hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea».
ERABAKIAREN ERANSKINA
1.– Enkarguaren xedea.
Enkargu honen xedea da 2018. urtean Bilboko metropoli-trenbideko (1. eta 2. lineak) proiektuak eta obrak egiteko, eta haien jarraipena egin eta kontrolatzeko lanetan bete beharreko baldintza teknikoak zehaztea.
– Bilboko metropoli-trenbidearen 1. eta 2. lineei buruzko azterlanak eta proiektuak, enkargu honen indarraldiaren barruan. Horien artean dago Santurtziko Antonio Alzaga kaleko 2, 4 eta 8 zenbakietako etxebizitzak birgaitzeko proiektua idaztea.
– Obren zuzendaritza, eta zaintza-zerbitzuak edota bestelakoak. Horiez gain, Bilboko metropoli-trenbidearen 1. lineako Ibarbengoako geltoki berriko Ibarbengoako disuasio-aparkalekua eraikitzeko lanetan egin behar diren lan txikiak, zeinak ezin baitira egin EAEko Administrazio Orokorrarekin sinatutako obra-kontratuaren esparruan.
– Trenbide-azpiegituraren obra zibila zuzentzea eta trenbideari eta katenariari eragiten dieten lanak zuzentzea, baita Bilboko metropoli-trenbidearen 1. lineako Urdulizko trenbide-pasagunea lurperatzeko eta geltoki berria egiteko eraikuntza-proiekturako behar diren instalazioak ere.
2.– Administrazioaren eta Euskal Trenbide Sarearen arteko harremanak.
Definizioak:
Harreman horiek zehazte aldera, zenbait figura juridiko definitzea komeni da:
Administrazioa: Eusko Jaurlaritza. Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila Garraio Azpiegituren Zuzendaritza.
Enkarguaren zuzendaria: Administrazioak izendatuko du enkarguaren zuzendaria, eta Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak gainbegiratuko du haren lana. Lanen zailtasunaren arabera, enkarguaren zuzendariak talde tekniko bat bildu ahal izango du aholkuak eman diezazkion, eta, behar izanez gero, zuzendariaren izenean ere jardun ahal izango du talde horrek.
Euskal Trenbide Sarea (aurrerantzean, ETS): Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren mende dagoen zuzenbide pribatuko erakunde publikoa, agiri honetan adieraziko diren lanak egingo dituena.
ETSren ordezkaria: Goi-mailako teknikaria izango da, eta ETSk izendatuko du lanen koordinazio teknikoa egiteko eta ETSren izenean jarduteko Administrazioaren aurrean. Ordezkari horren mendekoa izango da ETSko talde osoa. Ordezkariak azalpenak emango dizkio, zuzenean, enkarguaren zuzendariari, halakorik eskatzen dion guztietan.
3.– ETSk egin beharreko lanak.
Honela sailka daitezke ETSk egin beharreko lanak:
A.– Azterlanak eta proiektuak idaztea.
Bilboko metropoli-trenbidearen 1. eta 2. lineen inguruan eskatu zaizkion azterketak eta proiektuak egingo ditu ETSk, bere baliabideekin zein zerbitzuak emateko kontratuen bidez. Halaber, proiektuak gauzatu aurretik egin beharreko zuinketarako baliabide teknikoak eta giza baliabideak jarriko ditu ETSk, proiektuetan jasotako obren lizitazioa egin baino lehen, betiere. Beste alde batetik, idatziko ditu, gainera, enkargu honen 1. puntuan aipatutako obren ondorioz egin behar diren urbanizazio-proiektuak, akaberak edo bestelakoak. Horien artean dago Santurtziko (Bizkaia) Antonio Alzaga kaleko 2, 4 eta 8 zenbakietako etxebizitzak birgaitzeko proiektua. Horretarako, oinarritzat hartuko ditu une horretara arte egin diren azterlanak, eta gaur egungo araudiak eta Santurtziko Udalak ezartzen dituzten baldintzak.
Proiektu hau Eusko Legebiltzarraren ebazpenaren ondorioz gauzatu behar da. Ebazpen horren bidez, administrazio eskudunei eta zehazki Bizkaiko Garraio Partzuergoari, Euskal Trenbide Sareari eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari eskatzen zaie ezen, berriro hel diezaiotela Antonio Alzaga kaleko 2, 4 eta 8 zenbakietako etxebizitza eta lokalen espedientearen azterketari. Helburua da beharrezko neurriak hartzea, sortutako kalte guztiak konpondu eta horiei irtenbidea emateko.
B.– Obren zuzendaritza.
ETS arduratuko da enkargu honen 1. puntuan aipatutako obrak zuzentzeaz. ETSk atal honetan egin beharreko lanen edukia puntu hauetan garatzen da.
B.1.– Kontratazioaren arloko laguntza.
ETSk obren lizitazio bakoitzaren baldintza-pleguak prestatzen eta egokitzen lagunduko dio Garraio Azpiegituren Zuzendaritzari, maila administratiboan zein teknikoan. Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak onartuko ditu, lizitazioaren agirien parte izan daitezen.
B.2.– Obra zibilen eta instalazioen zuzendaritza.
Behin obra zibilak edo instalazioak eraikitzeko kontratua esleitutakoan, Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak obra-zuzendari bat izendatuko du; obra-zuzendari horrek ETSren ordezkariaren esanetara jardungo du eta kontratu hori bete dadin zainduko du, bai alderdi teknikoei, bai alderdi ekonomikoei dagokienean, eta udal-agintariekiko eguneroko harremanak ere horren ardura izango dira. Obra-zuzendaria ETSko plantillakoa izango da. Obra-zuzendariaren egitekoen artean, besteak beste, hauek egongo dira: kontratistarengandik jasotako agiri guztiak batu beharko ditu, eta egin beharreko obraren aurreikuspenak egunean izan beharko ditu. Obren aurrerabidearen hileko ziurtagirietan eta hileko txostenetan islatuko da lan hori guztia.
Obra-zuzendariak sailaren izenean eta ordez jardungo du izaera formala duten zenbait jarduketatan; besteak beste, zuinketa egiaztatzeko akta sinatzerakoan. Halaber, obra-zuzendariak jabea ordezkatuko du teknikoki obrek ukitutako zerbitzu- eta hornidura-konpainiekin koordinatzeko izan beharreko elkarrizketa eta bileretan. Obra-zuzendariak talde tekniko bat izango du obrak zuzentzen laguntzeko; ETSren baliabideekin edo zerbitzuak emateko kontratuen bidez osatuko da talde hori. Talde horrek hainbat jarduera egiten lagunduko dio obra-zuzendariari: obrak kontrolatzea, kalitatea bermatzea, geometriak eta zuinketa egitea, saiakuntzak burutzea eta obrak proiektuarekin bat datozela egiaztatzeko jarraipena egitea.
B.3.– Obrek ukitutakoak kudeatzea.
ETSk bere gain hartuko du obrek ukitutako horiek kudeatzeko ardura, eragina ahalik eta txikiena izan dadin. Eragin horien artean daude, besteak beste, trafikoa kudeatzea, obren eraginpeko zerbitzuak, trenbide-ustiaketako eraginak...
B.4.– Laneko segurtasuna eta osasuna kudeatzea.
Atal honetan, laneko segurtasun eta osasun mailei eutsi ahal izateko beharrezko diren prebentzio-lan guztien jarraipena egin eta aktibatzeko lanak sartzen dira. ETSk kontrolatuko du lanak hasi aurretik egin behar diren segurtasun-prozedurak idaztea, obren pleguetan zehaztutakoaren arabera. ETSk prestakuntza egokidun teknikari bat edo gehiago izan beharko ditu, obrak egiten diren bitartean segurtasuna eta osasuna koordinatzeko. Teknikari horiek, ETSren ordezkariak proposatu, eta Garraio Azpiegituren zuzendariak izendatuko ditu. Zerbitzuak emateko kontratuen bidez gauzatuko da koordinazio hori.
B.5.– Kalitatea bermatzeko kudeaketa eta ingurumenaren kudeaketa.
Atal honetan sartzen dira egitura, osagai eta instalazio oro kontratu, kode, arau eta diseinurako zehaztapenei jarraituz eraikitzen dela egiaztatzeko behar diren jardueren jarraipena egitea eta horiek aktibatzea. Kontratistek eta hornitzaileek kontratuaren hasieran aurkeztutako Kalitatea Bermatzeko Planen auditore gisa jardungo du ETSk, eta ebaluazio, iruzkin eta onarpenerako aholkuak emango dizkie kontratuen zuzendariei. Obrek dirauten artean edo obren jarduera edo fase bakoitzerako kontratistek aurkeztu beharreko kalitate-planetan ere burutu beharko da jarduketa hori.
B.6.– Laguntza ematea desjabetzeak kudeatzeari eta ukitutako pertsonen erreklamazioei dagokienez.
Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko zerbitzu juridikoekin elkarlan estuan, obrek ukitutako ondasun eta zerbitzuak aldi baterako okupatu edo desjabetzeko behar diren espedienteen inguruko lanak sartzen dira hemen. Obrek ukitutako herritarren eta taldeen erreklamazioak aztertzen lagunduko dio ETSk sailari, eta horrek eskatzen dizkion txosten partikularrak idatziko ditu. Gainera, ukitutakoak konpontzeko behar diren azterlanak egiten ere lagunduko dio.
B.7.– Administrazio Orokorrak kontratatutako obrak egingo direla bermatzea, Ibarbengoako geltoki berrian disuasio-aparkalekua eraikitzeko.
Jarduera horretan sartzen dira, B2 puntuan zehaztutako obren zuzendaritzaz gain, zaintza-zerbitzuak edota bestelakoak. Horiez gain, Bilboko metropoli-trenbidearen 1. lineako Ibarbengoako geltoki berriko disuasio-aparkalekua eraikitzeko lanak bermatzeko egin behar diren lan txikiak, zeinak ezin baitira egin EAEko Administrazio Orokorrarekin sinatutako obra-kontratuaren esparruan.
Zaintza-zerbitzua honetan datza: obra-esparruak eta horietarako sarbideak zaindu eta kontrolatzea, eta pertsonak eta ondasun materialak babestea, izan daitezkeen delinkuentzia-ekintzen aurrean (intrusismoak, sabotajeak, lapurretak edo ekintza bandalikoak).
4.– Egindako lanen zenbatespena eta ordainketa.
Seiehun eta laurogei mila (680.000) euroan zenbatetsi dira enkarguz emandako lanak, honako kontzeptu hauetan oinarrituta:
Enkargu honen ondorioz egiten diren lanak hilero ordainduko dira, egindako lanak egiaztatutakoan. Horretarako, kasuan kasuko faktura aurkeztu beharko zaio Administrazioari.
5.– Egikaritzeko epea.
2018ko abenduaren 31ra arte izango da indarrean enkargu hau.