EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-06-05 Aldizkari honetan argitaratua: 2018107

94/2018 EBAZPENA, maiatzaren 15ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitaratzea Vitoria-Gasteizko Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Vitoria-Gasteiz hirian autobus elektriko adimenduna ezartzeko.

Xedapenaren zenbakia: 201800094
Xedapenaren data: 2018-05-15
Hurrenkenaren zenbakia: 201802928
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2018/05/10rean argitaratutako 2018/04/23ko 201800083 EBAZPENA

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin sinatu da aipatutako hitzarmena, eta, behar duen publikotasuna eman nahirik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Vitoria-Gasteizko Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Vitoria-Gasteiz hirian autobus elektriko adimenduna ezartzeko. Lankidetza-hitzarmen hori ebazpen honen eranskinean jasota dago.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 15a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 15EKO 94/2018 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA VITORIA-GASTEIZKO UDALAREN ARTEKOA, VITORIA-GASTEIZ HIRIAN AUTOBUS ELEKTRIKO ADIMENDUNA EZARTZEKO.
Vitoria-Gasteizen, 2018ko maiatzaren 10ean.
BILDURIK:
M.ª Aranzazu Tapia Otaegi andrea, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua.
Gorka Urtaran Aguirre jauna, Vitoria-Gasteizko Udaleko alkate lehendakaria.
ESKU HARTZEN DUTE:
M.ª Aranzazu Tapia Otaegi andreak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkari gisa. Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluaren 2018ko maiatzaren 2ko erabakitik datorkio ordezkaritza-ahalmena.
Gorka Urtaran Agirre jaunak, Vitoria-Gasteizko Udala ordezkatzeko duen lege-gaitasuna baliatuz –Toki Jaurbidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 124.4. a) artikuluaren ildotik–.
Esku hartzen duten guztiek aitortzen diote elkarri hitzarmen hau sinatzeko nahikoa lege-gaitasun, eta, horrenbestez, hau
ADIERAZTEN DUTE:
1.– Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren –Euskadiko Autonomia Estatutua– 10.32 artikuluan xedatutakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du, besteak beste, gai hauetan: trenbideak, lurreko garraioa, itsasokoa, ibaietakoa eta kable bidezkoa, portuak, heliportuak, aireportuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Meteorologia Zerbitzua –Konstituzioko 149.1.20 artikuluan xedatutakoa gorabehera–, garraioaren arloko kontratazio-zentroak eta terminalak. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 11.1.a) artikuluak Euskal Autonomia Erkidegoari aitortzen dio Estatuaren oinarrizko legedia –besteak beste ingurumenaren eta ekologiaren arlokoa– bere lurraldean lege bidez garatu eta gauzatzeko eskumena.
Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde komunei dagokie trenbideen eta tranbien alorreko eskumena, Euskadiko Autonomia Estatutuaren aipatutako 10.32 artikuluaren arabera –ikus bitez, halaber, Autonomia Erkidegoko erakunde komunen eta lurralde historikoetako foru-organoen arteko harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legearen –Lurralde Historikoen Legea– 6. artikulua eta garraioen arloari dagokionez hori osatzen duten Euskadiko Garraio Agintaritzaren abenduaren 15eko 5/2003 Legea eta, berariaz trenbideei dagozkienetan, Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoari buruzko maiatzaren 21eko 6/2004 Legean xedatutakoa–.
Era berean, delako azaroaren 25eko 27/1983 Legearen 10. artikuluan xedatutakoaren arabera, «Autonomia Erkidegoko erakunde erkideei dagozkie errepideko garraiobide mekanikoen arloko legegintza, erregelamendu bidezko garapena, goi-mailako ikuskaritza, plangintza eta koordinazioa, eta lurralde historikoek, aldiz, indarrean diren Estatuarekiko hitzarmenen ondorioz Arabak bere lurraldean dituen ahalmenak berberak eta izaera berekoak erabiliko dituzte beren lurraldeetan».
2.– Vitoria-Gasteizko Udalak, Estatuko nahiz autonomia-erkidegoko legediaren ildotik, hainbat eskumen ditu arlo hauetan –Toki Jaurbidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearen 25.2 artikuluko a) eta g) paragrafoen arabera–: bidaiarien garraio kolektiboa, trafikoa, ibilgailuentzako aparkalekuak eta mugikortasuna, hirigintzaren alorreko plangintza, kudeaketa, gauzatze-lanak eta diziplina. Aldi berean, 26.1.d) artikuluan, nahitaezko gutxieneko zerbitzutzat jotzen da bidaiarien hiri-garraio kolektiboa 50.000 biztanletik gorako populazioa duten udalerrientzat. Azkenik, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legean, udalerrien eskumen propioen artean honako hauek ezartzen dira: hirigintza-antolamendua, -kudeaketa, -gauzatzea eta -diziplina –17.1.9) artikulua–, eta pertsonen garraio publikorako hiri-zerbitzuak antolatu, planifikatu, programatu, kudeatu eta sustatzea eta horien inguruko diziplina ezartzea, edozein garraiobide baliatzen delarik ere, osorik udalerri barruan gauzatzen badira –17.1.18) artikulua–, legean bertan eta aplikatzekoa den gainerako legedian xedatzen den markora egokituz.
3.– 2016ko ekainaren 1ean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren, Arabako Foru Aldundiaren eta Vitoria-Gasteizko Udalaren arteko lankidetza-hitzarmena sinatu zen, hiriko garraio publikoaren eskaintza egokitzeko proiektuak idazteko, garraiobide publiko kolektibo eta azken miliakoen sistema multimodal integratu eta osorik elektrifikatua sortze aldera. Azterlan eta proiektu horien aurrekontuaren finantzaketaren % 65 Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari dagokio, eta gainerako % 35a, berriz, zati berdinetan banatuta, Arabako Foru Aldundiari eta Vitoria-Gasteizko Udalari.
4.– Hitzarmen horretako hirugarren klausula aplikatuz, Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluaren 2016ko irailaren 20ko erabakiaren bitartez, Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoari egin zitzaion hiriko garraio publikoaren eskaintza egokitzeko proiektuak idazteko mandatua, garraiobide publiko kolektibo eta azken miliakoen sistema multimodal integratu eta osorik elektrifikatua sortze aldera.
5.– 2018ko martxoaren 23an, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorraren, Arabako Foru Aldundiaren eta Vitoria-Gasteizko Udalaren arteko lankidetza-hitzarmena sinatu zen, Vitoria-Gasteiz hirian autobus elektriko adimenduna ezartzeko.
6.– Nahiz eta proiektua gauzatzeko lehen urratsa egungo 2. linea periferikoan autobus azkarra ezartzea izango den, mugikortasunaren kontzeptu integralak berekin dakar hiri-garraioaren sistema osoa barne hartzea hobekuntzaren eta eraginkortasunaren aldeko apustu honek. Beraz, autobus elektriko adimendunaren kargatze-sistema geldoa kokatuko deneko garajeak modernizatu beharra dago.
7.– Autobus elektriko adimendunaren ibilbidea Euskal Herria bulebarrean eta Juan Garai kalean barrena doa, eta Latinamerika plaza zeharkatzen du, eta, horrenbestez, Abetxukutik eta Ibaiondotik Angulema kalera doazen tranbia-lineekin gurutzatzen da, baita autobus-geltokiko sarrera-irteerekin eta hiri-sarrerako eta zeharkako bideetako trafikoarekin ere. Hori dela eta, bide-sistemako intersekzio horri bestelako konponbide bat eman beharra dago, aintzat harturik dagoeneko funtzionatzen ari den tranbiaren ibilbidea, autobus elektriko adimendunaren etorkizuneko ibilbidea eta autobus-geltokia; bide-sistema beste kota batzuetatik eramanez, hiri-ingurune horretan garraio publikoaren sistemari erabateko arintasuna emate aldera.
Horrenbestez, ordezkatutako erakundeak ados ageri dira hitzarmen hau sinatzearekin, eta, horregatik, zeinek bere antolakuntza-arauetan horretarako ezarritako prozedura formalak bete ondoren, agiri hau formalizatzea erabaki dute, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoarekin bat etorriz, baita erakunde komunen, foru aldundien eta udalerrien arteko harremanak arautzen dituzten xedapenekin ere, horiek eta honako beste hauek arautuko baitute hitzarmena:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Vitoria-Gasteizko Udalaren arteko lankidetza artikulatzea da hitzarmen honen xedea, hiri-garraio publikoan elektrifikazioa ezartzeko hainbat jarduera osagarri gauzatzeko, Vitoria-Gasteizko hiria autobus elektriko adimendunaren sistema batez hornitzeko, hiriko egungo 2. linea periferikoan.
Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren betebeharrak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak konpromiso hauek hartzen ditu:
1.– Autobus elektriko adimendunen kargatze-sistema geldoa kokatuko deneko garajeen eraikuntza-proiektua idaztea, betebehar hori betetzea nahitaezkoa baita zerbitzuaren eraginkortasuna eta autobusen autonomia bermatzeko, linea-muturretako kargagune arin osagarriekin batera.
2.– Latinamerika plazaren inguruko bide-sistema gaur egun Abetxuku eta Angulema kalearen artean funtzionatzen ari den tranbiaren linearen eta plaza horretatik bertatik igaroko den autobus elektrikoaren etorkizuneko linearen beharretara eta funtzionaltasunera egokitzeko eraikuntza-proiektua idaztea.
Bitarteko propioekin beteko dira adierazitako betebehar horiek, edo Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakunde publikoari mandatua eginez.
Hirugarrena.– Vitoria-Gasteizko Udalaren betebeharrak.
Vitoria-Gasteizko Udalak konpromiso hauek hartuko ditu bere gain:
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrarekin eta Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakunde publikoarekin elkarlanean jardutea, alderdi teknikoari dagokionez, aurreko klausulan adierazi diren eraikuntza-proiektuen idazkuntzan.
2.– Aurreko klausulan adierazi diren eraikuntza-proiektuak jasotzea.
Laugarrena.– Hitzarmenaren finantzaketa. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren betebeharrei lotutako kostuak.
Bigarren klausulan adierazitako eraikuntza-proiektuen idazkuntzaren hasierako kostu zenbatetsia 960.000 eurokoa da, BEZa barne.
2018 eta 2019 urteetarako beharrezko diren aurrekontu-zuzkidurak egin ondoren, bigarren klausularen arabera bere egiten dituen betebeharrek berekin dakartzaten kostu guztiak finantzatzeko konpromisoa hartzen du bere gain Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak.
Hasieran zenbatetsitako aurrekontuaren arabera, 960.000 euro, 18.0.1.03.42.0300.1.238.80.51311.002.R aurrekontu-aplikazioaren kontura, urtez urte honela banatuta:
2018: 500.000 euro.
2019: 460.000 euro.
Bosgarrena.– Jarraipen-batzordea.
Hitzarmena sinatzen duten erakundeek jarraipen-batzorde bat sortuko dute, bakoitzak izendatutako bina ordezkarik osatua, hitzarmena egoki betetzen den gainbegiratzeko. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkarietako bat izango da batzordeko lehendakaria, eta idazkaria, berriz, Vitoria-Gasteizko Udalak izendatutako ordezkarietako bat.
Zeregin hauek izango ditu batzorde horrek:
a) Aurkeztutako proiektuak ontzat ematea.
b) Kasuan kasu behar diren izapideak bizkor egitea eragotz lezaketen oztopoak gainditzeko erraztasunak ematea.
c) Hitzarmenaren xede diren jarduketak bete daitezen, neurri zehatzak proposatzea, eta horien inguruko irizpena ematea.
d) Hitzarmenean aurreikusitako jarduerak zuzen betetzen diren jarraipena egitea, eta irizpideak eta bitartekoak ezartzea elkarri informazioa emateko eta alde bakoitzak hartu dituen konpromisoak egoki bete ditzan.
e) Hitzarmen hau interpretatu eta gauzatzean sor litezkeen arazoak ebazten ahalegintzea.
Hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean, jarduerei bide egiteko beharrezko den guztietan bilduko da batzordea, aldeetako edozeinek hala proposatzen duelarik. Batzordearen bilkurek quoruma izango badute, kide guztiek izan beharko dute bertan, eta erabakiak, berriz, aho batez hartu beharko dira.
Hitzarmen honetan jarraipen-batzordeari dagokionez berariaz aurreikusi gabekoetan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluko II. kapituluko 3. atalean arautzen den kide anitzeko organoen erregimena aplikatuko da.
Jarraipen-batzordearen egitekoak gorabehera, hitzarmenaren garapenaren inguruko informazioa emango da Udaleko Mugikortasun Mahaian eta Mugikortasun Foroan.
Seigarrena.– Araubide juridikoa.
Hitzarmen hau izaera administratibokoa da, eta, interpretatu eta garatzeari dagokionez, administrazio publikoen arteko akordioei aplikatzekoa den antolamendu juridiko-administratiboaren mende egongo da, zehazki Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluaren V. kapituluan xedatutakoaren mende, eta berariaz onartzen dute aldeek administrazioarekiko auzietarako jurisdikzioaren mende jartzea.
Administrazio publikoen kontratuen alorreko legediaren aplikagarritasuna baztertuta geratzen da, Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 6.1 artikuluaren ildotik, nahiz eta bertako printzipioak aplikatu ahal izango diren suertatzen diren zalantzak argitu eta hutsuneak betetze aldera.
Hitzarmenak edo hori gauzatzeak berekin ekar litzakeen interpretazio-arazoak aurreko klausulan adierazitakoaren ildotik ebatziko ditu jarraipen-batzordeak, eta, gai horien inguruan sortzen diren auzi-gatazkak ebazteko eskumena, berriz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioak izango du.
Zazpigarrena.– Esku hartzen duten aldeen eskumenak errespetatzea.
Hitzarmen hau sinatzeak ez dakar berekin esku-hartzen duten aldeek beren eskumenei uko egitea edo horiek aldatzea; hartzen dituzten konpromisoei dagozkien erantzukizunak bakarrik egiten dituzte bere.
Zortzigarrena.– Hitzarmena aldatzea.
Sinatzen duten alde guztiek aho batez hartutako erabakia dela medio aldatu ahal izango da hitzarmen hau.
Bederatzigarrena.– Hitzarmenaren indarraldia eta suntsiarazpena.
Sinatzen denetik bertatik izango ditu ondorioak hitzarmen honek –eta esku hartzen duten aldeak behartuko–, eta bi urteko iraupena izango du, ordutik. Nolanahi ere, aldi hori bukatu aurretik, sinatzen duten aldeek aho batez erabaki ahal izango dute beste bi urtez luzatzea, baldin eta horretarako nahikoa aurrekontu-zuzkidurarik badago.
Indarraldiaren epea igarotzen denean iraungiko da hitzarmena. Era berean, hitzarmena sinatzen duten alde guztiek aho batez hala erabakitzen badute, hitzarmena suntsiarazi ahal izango da, dela xede diren jarduerak burutu direlako, dela suntsiarazteko arrazoiren bat egokitu delako, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legearen 51. artikuluan adierazten denaren ildotik.
Alderen batek bere gain hartu dituen konpromisoak betetzen ez baditu, besteek ahalmena izango dute hitzarmena suntsiarazteko eskatzeko. 40/2015 Legearen 52. artikuluan ezarritako ondorioak izango ditu hitzarmena suntsiarazteak, eta, hala gertatuz gero, gauzatzen hasiak diren jarduerak bukatzeko baldintzak zehaztu beharko dituzte aldeek.
Erabakitakoa behar bezala jasota uzteko, eta adostasunaren adierazgarri, hitzarmenaren bi ale sinatu dituzte aldeek, idazpuruan adierazitako egunean eta lekuan, euskaraz eta gaztelaniaz, bi hizkuntzetakoak izaki bertsio ofizialak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean,
M.ª ARANZAZU TAPIA OTAEGI.
Vitoria-Gasteizko Udalaren izenean,
GORKA URTARAN AGUIRRE.