EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-06-05 Aldizkari honetan argitaratua: 2018107

EBAZPENA, 2018ko maiatzaren 24koa, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez dei egiten baita Ertzaintzaren Ikuskapen Eskalako ofizialorde kategoriako eta Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako karrerako funtzionarioei zuzendutako ikerketa kriminaleko ikastaroetan (IKI) sartzeko hautaketa-prozedurarako.

Organo emailea: SEGURTASUN SAILA
Xedapenaren data: 2018-05-24
Hurrenkenaren zenbakia: 201802927
Maila: Ebazpena
Sekzioa: AGINTARIAK ETA LANGILERIA (Prestatu eta trebatzeko ikastaroak)

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 1994/08/19an argitaratutako 1994/07/19ko 199400315 DEKRETUA

Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeari buruzko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 23. artikuluan oinarriturik, eta Euskal Herriko Poliziaren Hautespen eta Prestakuntza Araudia onesten duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz; Segurtasun Saileko Segurtasun Sailburuordetzak ezarritako helburuak ikusirik; Ikerketa kriminaleko ikastaroetan (IKI) sartzeko hautaketa-prozedurarako deia egiten da, Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako eta Ertzaintzaren Ikuskapen Eskalako ofizialorde kategoriako funtzionarioentzat.
Euskal Herriko Polizia Ikastegiko zuzendariaren 2012ko ekainaren 29ko Ebazpenaren bitartez Ikerketa Kriminaleko Ikastaroan (IKI) sartzeko hautaketa-prozedurarako deia egin zen –2012ko uztailaren 10eko EHAA, 134. zk.–, eta Ikerketa Kriminaleko prestakuntza sistema berria izaera orokorrean eta, ondorio guztietarako, hasi zen. Horregatik, deialdi hori baztertuta, Ikerketa Kriminaleko espezializazioko ikastaroetan sartzeko deialdian eta apirilaren 24ko EHAAn (77. zk.) argitaratutako 2014ko apirilaren 11ko deialdian parte hartu duten funtzionarioei ez zaizkie konputatuko parte hartzeko onartuak izan diren deialdiak, Euskal Herriko Poliziaren Hautespen eta Prestakuntza Araudia onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 56. artikuluan ezarritako terminoen arabera.
Hautaketa-prozedura honetarako deialdia honako hauek kontuan hartuz egiten da:
OINARRIAK
Lehenengoa.– Deialdiaren xedea.
1.– Oposizio-lehiaketa sistema bidezko hautaketa-prozedurarako deia egiten da, Ertzaintzaren Ikuskapen Eskalako ofizialorde Kategoriako eta Oinarrizko Eskalako agente Kategoriako karrerako funtzionarioei zuzendutako Ikerketa Kriminaleko Ikastaroan sartzeko.
Deitutako ikastaroak espezializazio-ikastaro izaera du, Euskal Herriko Poliziaren Hautespen eta Prestakuntza araudia onesten duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 54. eta ondorengo artikuluetan ezarritakoaren arabera.
2.– Deitutako plazak, guztira, 160 izango dira, honela banaturik:
130 plaza, Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agente kategoriako karrerako funtzionarioentzat.
20 plaza, Ertzaintzaren Oinarrizko eskalako agente lehena Kategoriako karrerako funtzionarioentzat.
10 plaza, Ertzaintzaren Ikuskapen Eskalako ofizialorde kategoriako karrerako funtzionarioentzat.
Deitutako plazen kopurua handitu ahal izango da ikerketako espezialitateari atxikitako kategoria desberdinetan hutsik dauden lanpostuen arabera, hautaketa-prozesu honen garapenean zehar gerta daitekeen edozein arrazoirengatik. Kopurua handituz gero, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariaren ebazpen baten bidez argitaratuko da, Euskal Herriko Poliziaren Hautespen eta Prestakuntza araudia onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 40.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
Plaza-gehikuntza oinarri hauen bidez arautuko da eta 11. oinarrian, 3. puntuan, aurreikusitako izapidearen aurretik ezarri beharko da.
Bigarrena.– Betekizunak.
1.– Hautaketa prozesuan parte hartu nahi duten pertsonek ondoren zehazten diren baldintzak bete beharko dituzte:
a) Aldez aurretik eskabidea betetzea.
b) Egoera hauetako batean egotea:
b.1.– Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agente Kategoriako 130 erreserbatutako plazetako hautaketa-prozeduran parte hartzeko, kategoria horretan karrerako funtzionario izendatuta egotea eta kategoria horretako administrazio-egoera aktiboan izatea.
b.2.– Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agente lehena Kategoriako 20 erreserbatutako plazetako hautaketa-prozeduran parte hartzeko, kategoria horretan karrerako funtzionario izendatuta egotea eta kategoria horretako administrazio-egoera aktiboan izatea.
b.3.– Ertzaintzaren Ikuskapen Eskalako ofizialorde Kategoriako 10 erreserbatutako plazetako hautaketa-prozeduran parte hartzeko, kategoria horretan karrerako funtzionario izendatuta egotea eta kategoria horretako administrazio-egoera aktiboan izatea.
Ebazpen hau argitaratzen denean, izangaia atxikitako lanpostuan gutxieneko iraunaldi baten menpe ez egotea, aldi hori beteta ez badago, edo eskudun organoak ukoa onartu ez badu, edo atxikipen bera eskatzen den beste lanpostu baterako parte hartu nahi ez bada, uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 65.5 eta abenduaren 22ko 388/1998 Dekretuaren 5.3 artikuluaren azken paragrafoan ezarritakoarekin bat etorriz.
d) I. eranskinean zerrendatutako deialdietako xede diren ikastaroetako bat ere egin gabe izatea.
2.– Prozeduran parte hartu nahi dutenek aurreko puntuan jasotako baldintza guztiak bete beharko dituzte eskariak aurkezteko epea amaitu aurretik.
3.– Hautaketa-prozeduran onartua izateko eta parte hartzeko, nahikoa izango da izangaiek, beren eskabide orrian, eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela adieraztea, beti ere, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako bete beharko dituzte. Egiaztatze horiek deitzen duen organoak burutuko ditu ofizioz, horretarako Segurtasun Sailari dagokion eskudun organoaren beharrezko ziurtagiriak eskatuko zaizkio.
4.– Aurrekoa hala bada ere, hautaketa-prozeduraren edo prestakuntza ikastaroaren edota praktika-aldiaren uneren batean, onartuta eta baztertuen zerrenda egiten duen eskudun organoak jakingo balu izangaietako bati deialdian parte hartzeko eskatutako baldintzen bat falta zaiola, hautaketa prozeduratik kanpo utziko luke, eta hala badagokio, prestakuntza ikastarotik baztertu egingo luke, beti ere, interesdunari entzun ondoren.
Hirugarrena.– Eskabideak.
1.– Hautaketa-prozeduran parte hartu nahi dutenek eskabide-orria bete beharko dute departamentuko Intranet –Gurenet– bitartez, helbide horretan eskuragarri dagoen eskabide eredua betez.
2.– Eskabideak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
3.– Eskabidean zehaztu egin beharko dute zer hizkuntzatan egin nahi dituzten oposizio-probak, gazteleraz edo euskaraz.
4.– Administrazio eragileak dituen merezimenduak ez dira egiaztatu behar izango, berak ofizioz egiaztatuko baititu.
Laugarrena.– Izangaiak onartzea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariak hautaketa-prozeduran onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrendak onetsiko ditu. Aipatutako zerrendak 13. oinarriko hirugarren paragrafoan ezarritako eran argitaratuko dira.
2.– Bazter utzitako izangai bakoitzari buruz, bazter utzi izanaren arrazoiak eman beharko dira aditzera behin-behineko zerrenda horretan. Erreklamazioak aurkezteko eta eskabideak izan ditzakeen akatsak zuzentzeko 10 egun balioduneko epea izango dute interesatuek.
3.– Hautaketa-prozedurarako aurkeztutako erreklamazioak onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrendari behin betikotasuna ematen dion Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariaren Ebazpenean bertan onartu edo ezetsiko dira. Zerrenda horiek 13. oinarriko hirugarren paragrafoan ezarritako eran argitaratuko dira.
Bosgarrena.– Epaimahai kalifikatzailea.
1.– Uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuan eta Euskal Herriko Poliziaren 4/1992 Legean aurreikusitakoen arabera, oposizio probak erabakitzeko, garatzeko eta ebaluatzeko Epaimahai Kalifikatzaile bat izendatuko da. Epaimahai hori mahaiburu batek, lau bokalek eta idazkari batek osatuko dute.
Epaimahai Kalifikatzailea osatzen duten pertsonen eta ordezkoen izendapena 13. oinarriko hirugarren paragrafoan ezarritako eran argitaratuko da, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariaren Ebazpenaren bitartez.
Aipatutako Epaimahai Kalifikatzailean parte hartzen duenak, legez aurreikusitako ordainsaria izango du.
2.– Epaimahai Kalifikatzailearen jardunak organo kolegiatuen funtzionamenduko araudi erregulatzailean indarrean diren xedapenak aintzat hartuko ditu.
3.– Hautaketa prozedura osatzen duten proben eta merezimenduen garapena eta ebaluazioa Epaimahai Kalifikatzaileari dagozkio, autonomia osoz jokatuz. Epaimahai hori prozeduraren objektibotasunaz arduratuko da eta deialdiaren oinarriak betetzen direla bermatuko du.
4.– Epaimahaiak aholkulari edo adituak hartu ahal izango ditu bere lanetarako, nahiz hautaketa proba guztietarako, nahiz baterako. Aipatutakoek euren espezialitateen barruan aholkuak eta laguntza teknikoa emango dituzte.
5.– Hautaketa-prozedura garatzeko beharrezko diren neurriak hartu ahal izango ditu Epaimahaiak deialdi honetan finkatuta ez dauden guztietan, eta gainera, deialdiaren oinarriak interpretatzeak eta aplikatzeak eta beren lanetarako jardunak sortu ahal dituzten arazo guztiei ebazpena emateko ahalmena izango du.
6.– Epaimahaiak ezin izango du deklaratu honako hau: onartutako izangaien kopuruak deialdiaren gai izango diren lanpostuen zenbatekoa gainditzen duela, alegia. Muga horretaz kanpo leudekeen proposamenak erabat legez kanpo egongo lirateke.
7.– Epaimahai Kalifikatzailearen erabakiak 13. oinarriko hirugarren paragrafoan ezarritako eran argitaratuko dira.
8.– Epaimahaiari zuzendutako idazkiak honako posta elektroniko honetara bidaliko dira:
2018cic@seg.euskadi.eus
Epaimahaiak jasotzen dituen idazkiei bide hori erabiliz erantzungo die eta Ertzaintzako funtzionarioen posta elektroniko korporatiboko norbanako helbidera zuzenduko ditu erantzunok.
Seigarrena.– Hautaketa-sistema.
1.– Hautaketa-sistema oposizio-lehiaketa izango da eta, horretan parte hartzen dutenen gaitasuna eta lehentasun-ordena zehazte aldera, oposizio- eta lehiaketa-prozedurak bata bestearen atzetik burutuko dira.
2.– Lehiaketa-fasea ez da baztertzailea izango eta horretan lortutako puntuak ez dira kontutan hartuko oposizio ariketa gainditutzat emateko ezta ariketotan lortutako emaitzak aldatzeko ere.
3.– Oposizio-lehiaketaren guztirako puntuazioa bere bi aldien gehiketatik lortutakoa izango da. Puntuazio hori gehitu egingo da euskararen ezagupenaren merezimendutik ondorioztatutako puntuazioagatik eta hautaketa-sisteman parte hartzen dutenen lehentasun-ordena zehaztuko du.
Zazpigarrena.– Oposizioa.
Oposizioa proba hauek osatuko dute:
1.– Ezagupenak baloratzeko proba.
Ariketa bat edo batzuk izango dira, Epaimahai Kalifikatzaileak zehaztutakoak, ebazpen honetako II. eranskinean agertzen diren gai zerrendari buruzkoak.
Proba hau derrigorrezkoa eta baztertzekoa izango da, gehienez 50 punturekin baloratuko da eta gutxienez 25 puntu lortzen ez duten izangaiak bazter geratuko dira.
2.– Proba psikoteknikoa.
Polizia eginkizunetan ikerketa funtzioak betetzeko hautaketa-prozeduran parte hartzen duten pertsonen gaitasuna eta egokitasuna zehazteko izango da. Proba hori test erakoa izango da. Proba hori hautaketa prozesuaren objektibotasuna eta arrazionaltasuna bermatzeko izango dira, baita ere, merezimendu eta gaitasun printzipioetara egokitzeko.
Proba hau, nahitaezkoa, gehienez 50 punturekin baloratuko da.
Zortzigarrena.– Oposizioko proben garapena.
1.– Probak ezin izango dira hasi, harik eta deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik bi hilabete igaro arte.
2.– Lehenengo ariketa egiteko eguna, ordua eta tokia Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariaren ebazpen baten bidez iragarriko dira, 13. oinarriko hirugarren paragrafoan aurreikusitako eran, zazpi egun natural lehenago gutxienez. Gainerako ariketen segidako iragarpenak gutxienez 72 ordu lehenago argitaratuko dira Epaimahai kalifikatzailearen bitartez, era berean.
3.– Aurreko paragrafoan ezarritakoa gorabehera, Epaimahai Kalifikatzaileak erabaki ahalko du deialdi hau osatzen duten probak eta ariketa guztiak finkatutakoaz bestelako hurrenkera batean egitea, baita egun berean proba batzuk burutzea ere. Kasu horretan, proben eta/edo ariketen emaitzak deialdiaren oinarrietan ezarritako ordenan argitaratuko dira. Bakar-bakarrik argitaratuko dira aurreko ariketak gainditu dituztenen proba edo ariketa bakoitzaren emaitzak, 7. oinarrian ezarritako ordenari jarraituz. Probak egitea zerbitzuaren beharrekin bateragarria izan dadin, Epaimahai Kalifikatzaileak erabaki dezake izangaiek probak hainbat txanda eta tokitan egitea.
4.– Automatikoki hautaketa-prozeduratik kanpo geratuko dira Epaimahaiaren deiaren arabera ezarritako ordu, egun eta lekuan nahitaezko probak eta/edo ariketak egitera agertuko ez direnak, ez aurkezteko arrazoi gaindiezinak izanda ere. Arau bera aplikatuko zaie nahitaezko edozein proba eta/edo ariketa hasi ondoren azalduko direnei.
Nahitaezko probaren batek ariketa bat baino gehiago balu, ez agertzetzat joko da haietako batera ez aurkeztea edo berandu azaltzea.
5.– Parte-hartzaileak proba guztietara aurkeztu beharko du bere nortasuna egiaztatzen duen agiria aldean daramala. Epaimahai Kalifikatzaileak edozein unetan agiri hori erakusteko eska diezaioke.
6.– Proben emaitzak 13. oinarriko hirugarren paragrafoan aurreikusitako eran argitaratuko dira Epaimahai kalifikatzailearen Akordioaren bitartez. Eskala eta Kategoria desberdinetako plazetan parte hartzen duten izangaien emaitzak bereiziko dira.
Bederatzigarrena.– Lehiaketa.
1.– Lehiaketa fasearen kalifikazioa oposizioa gainditu dutenei baino ez zaie ezarriko.
2.– Bakarrik ebaluatu ahal izango dira eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehenago lortutako merezimenduak.
3.– Euskal Herriko Poliziaren Hautespen eta Prestakuntza araudia onartu zuen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 13.3 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, merezimendutzat ezin izango dira hartu deialdian parte hartzeko eskatutako eskakizunak eta baldintzak.
4.– Administrazio jardulearen esku dauden merezimenduak ez dira egiaztatu beharko, ofizioz egingo baitu egiaztatze hori.
Horretan oinarriturik, oposizio fasean onartutako pertsonen behin-behineko zerrendaren argitalpenarekin batera, Epaimahai kalifikatzaileak Giza Baliabideen Zuzendaritzari eskatuko dio oposizio fasea behin-behinekotasunez gainditu duten pertsonen merezimenduen balorazioa egiteko bost egun naturaleko epe barruan, oinarri honetako 5. apartatuan ezarritako parametroekin bat etorriz; izan ere, baloratzeko merezimenduak Zuzendaritza horretako datu-baseetan baitaude.
5.– Lehiaketa fasean merezimenduak guztira 45 punturaino baloratuko dira, baremo honen arabera:
5.1.– Lanbide-historiala gehienez 10 punturaino baloratuko da. Ondorio horietarako aintzat hartuko dira polizia-lanarengatik jasotako aitorpenak.
Polizia-lanarengatik jasotako aitorpenak gehienez 10 punturaino baloratuko dira. Hurrengo aitorpenak jaso izana baloratuko da; hau da, Ertzaintzako zerbitzu-egintzaren deklarazioa eta kondekorazioen eta ohorezko sarien erregimena arautzeko den urriaren 16ko 202/2012 Dekretuan araututako aitorpenak:
Polizia-lanarengatiko bereizgarri gorridun domina: 5 puntu.
Polizia-lanarengatiko bereizgarri berdedun domina: 4 puntu.
Polizia-lanarengatiko bereizgarri zuridun domina: 3 puntu.
Polizia zerbitzuagatiko bereizgarri gorridun diploma: 2 puntu.
Polizia zerbitzuagatiko bereizgarri zuridun diploma: 0,5 puntu.
5.2.– Ikasketak, gaikuntza eta trebatze profesionalerako aktibitateak baloratuko dira gehienez 30 puntu lortuz. Atal honetan daude titulazio eta diploma ofizialak eta ingelesa, frantsesa eta aleman hizkuntzen gaikuntzak.
5.2.1.– Honako ezagutza-eremu hauetan baloratuko dira titulu eta diploma ofizialak:
Medizina.
Biologia.
Kimika.
Biokimika.
Biologia Molekularra.
Zuzenbidea.
Ekonomia.
Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza.
Ingeniaritza informatikoa.
Ingeniaritza Elektronikoa.
Ingurumen-zientziak.
Titulazio eta diploma ofizialak baloratuko dira, eta horretakotzat joko dira Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak onartutakoak. Gehienez 30 puntu balioko dute honako baremo honen arabera:
a) Goi Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Markoko 2. Mailan agertzen diren titulazio bakoitza (Kualifikazioen Europako Markoko 6. Maila) 10 punturekin baloratuko da.
b) Goi Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Markoko 3. Mailan edo goi-mailan agertzen diren titulazio bakoitza (Kualifikazioen Europako Markoko 7. Maila edo Goi-maila); 15 punturekin baloratuko da.
Goi mailako beste titulazio bat lortzeko titulazio mailen kasuan, bakarrik baloratuko da mailarik altueneko titulazioa.
5.2.2.– Hizkuntzen ezagutza: ingelesa, frantsesa eta alemana. Aipatutako hizkuntzen ezagutzak agiri bidez egiaztatzen badira baloratuko dira. Eta balio hori izango dute akademia moduan legez gaitutako hezkuntza-zentroek luzatutako ziurtagiri ofizialak badira. Atal hau 5 punturekin baloratuko da honako xehetasun eta maila hauen arabera:
a) Tarteko maila (Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markoko B2 edo baliokideak): 2 puntu, hizkuntza bakoitzeko.
b) Maila aurreratua (Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markoko C1 edo goragokoak edo baliokideak): 4 puntu, hizkuntza bakoitzeko.
Hizkuntza bera ez da behin baino gehiago baloratuko, beraz mailarik altuena da kontuan hartuko dena.
5.3.– Antzinatasuna.
Antzinatasunaren merezimendua Segurtasun Sailean dauden datuen arabera baloratuko da. Ertzaintzan emandako antzinatasun-hilabete bakoitza 0,10 punturekin baloratuko da (unitatea baino txikiagoak diren zatikiak baztertuta utzita), eta gehienezko puntuazioa inola ere ezin izango da 5,00 puntutik gorakoa izan.
6.– Lehiaketa faseko emaitzak 13. oinarriko hirugarren paragrafoan aurreikusitako eran argitaratuko dira Epaimahai kalifikatzailearen Akordioaren bitartez. Kategoria desberdinetan parte hartuko duten pertsonen emaitzak desberdinduko dira.
Hamargarrena.– Euskararen ezagutza-maila baloratzea.
Euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratuko da eta 14 puntu emango zaizkio eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean Ertzaintzaren 1. hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta dutenei edo hala baliokidetu zaienei, euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko azaroaren 9ko 297/2010 (2010eko azaroaren 15eko EHAA, 219. zk.) Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz.
Hautaketa prozesuaren garapenean ez da euskararen ezagutza egiaztatzeko inolako probarik egingo.
Euskararen ezagutzaren balorazioari dagozkion emaitzak 13. oinarriko hirugarren paragrafoan aurreikusitako eran argitaratuko dira Epaimahai kalifikatzailearen Akordioaren bitartez. Kategoria desberdinetan parte hartuko duten pertsonen emaitzak desberdinduko dira.
Hamaikagarrena.– Oposizio-lehiaketako azken kalifikazioa.
1.– Oposizio-lehiaketako azken puntuazioa bi faseetan lortutakoaren batuketa izango da, baina horri gehituko zaio merezimendu gisa euskara-ezagutzaren ebaluaziotik sortuko dena eta horrexek zehaztuko du hautaketa-prozedurako parte-hartzaileen lehentasun-ordena.
2.– Sailkapeneko ordenan puntuazio berdinketak ondorengo irizpideen arabera ebatziko dira, hain zuzen ere, irizpideak ezartzen diren hurrenkeran:
a) Otsailaren 18ko 4/2005 Legea, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunerako.
b) Puntuazio hobea oposizio faseko ezagupen-proban.
c) Antzinatasun handiagoa Ertzaintzan.
3.– Hautaketa-prozedura osatzen duten proba 13. oinarriko hirugarren paragrafoan aurreikusitako eran onartuko eta argitaratuko dira Epaimahai kalifikatzailearen bitartez eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariari bidaliko dizkio:
a) Hautaketa sistema gainditu dutenen zerrenda, lortutako puntuaziorik altuenetik baxuenera ordenatuta. Kategoria desberdinetako plazetan parte hartzen duten pertsonen emaitzak desberdinduko dira.
b) Hautatutako pertsonen zerrenda, hautaketa sistema gainditu dutenek eta deitutako plaza-kopuruaren barruan sartzen direnek osatzen baitute. Kategoria desberdinetako plazetan parte hartzen duten pertsonen emaitzak desberdinduko dira.
c) Hautatuta ez dauden pertsonen zerrenda, hautaketa sistema gainditu dutenek eta deitutako plaza-kopuruaren barruan sartzen direnek osatzen baitute. Kategoria desberdinetako plazetan parte hartzen duten pertsonen emaitzak desberdinduko dira.
4.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bitartez bete ahal izango dira hautatutako pertsonen zerrendan edozein inguruabarrengatik sortu ahal diren lanpostu hutsak, eraginkortasunaren printzipioa aplikatuz. Lanpostu huts horiek gertatzen diren Kategorian ondorengo izangaiek beteko dituzte, aurreko ataleko c puntuan ezarritako sailkapen hurrenkera jarraituz, deitutako plazak bete arte. Ebazpen horiek 13. oinarriko hirugarren paragrafoan aurreikusitako eran argitaratuko dira.
Hamabigarrena.– Ikerketa Kriminaleko Ikastaroak.
1.– 11. oinarriaren arabera hautatutakoei Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariaren ebazpen baten bidez egingo zaie deia, Ikerketa Kriminaleko Ikastaroa egiteko.
2.– Ikastaro desberdinetan atxikia izateari begira, 11.3.a) oinarrian ezarritako lehentasun-ordena hartuko da kontuan.
3.– Hautatutako pertsonei ikastarora etortzeko jakinarazpena, Giza Baliabideetako Zuzendaritzaren bidez, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak berak egingo die.
4.– Prestakuntza ikastaroak horien Ikasketa Plangintzan aurreikusitakoaren arabera burutuko dira.
5.– Prestakuntza ikastaroak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian edo horretarako zuzendari nagusiak izendatutako zentro edo egoitzetan izango dira.
6.– Familia- eta Lan-bizitza uztartzeari buruzko Legea ezarriz aldagarria izango da prestakuntza-ikastaroetan sartzeko eskubidea; ezkontza eta erditzea, erditze aurretiko eta erditze ondorengo egoeretatik sortutakoak izango dira kontuan. Inguruabar horiek aintzat hartzeko eragindako pertsonek Polizia eta Larrialdietako zuzendari nagusiari igorri beharko dizkiote halako alegazioak. Familia- eta Lan-bizitza uztartzeari buruzko Legea ezartzetik sortutako inguruabarren ezarpenean –ezkontza eta erditzea, erditze aurretiko eta erditze ondorengo egoeretatik sortutakoak– ikastaro batera atxikitako prestakuntza-ikastaroa egingo duen izangaiari dagokionez, 11.3.a) oinarrian ezarritakoaren lehentasun-hurrenkeraren arabera, ez da bere azken kalifikaziorik argitaratuko eta aurreko postuko izangaiaren prestakuntza-ikastaroaren kalifikazioa argitaratu arte bertan behera geratuko da.
7.– Prestakuntza-ikastaro bakoitzaren azken emaitzak 13. oinarrian aurreikusitakoarekin bat etorriz argitaratuko dira.
8.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariak erabakiko du prestakuntza-ikastaroa gainditu ez dutenen baztertzea.
9.– Prestakuntza-ikastaroaren edozein momentutan ikusiko balitz ikaslearen espedientetik prestakuntza-aldia ezin izango lukeela gainditu Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak bazter utzi ahal izango du prozesutik, betiere, interesdunari entzun ondoren.
Hamahirugarrena.– Azken xedapenak.
1.– Hautatutako izangaia ikasle gisa dagoenean, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Barne Araudiaren Erregelamenduko barne erregelamendu eta diziplinazkoaren arauen menpe izango da. Araudi horrek gehigarrizko izaera edukiko du, hain zuzen, Euskal Herriko Poliziaren Kidegoen Diziplinazko Erregelamenduko Arauetan, egintza ikasle-diziplina baino gehiago izan ahal den kasuetan.
2.– Euskal Herriko Poliziari buruzko hautapen- eta prestakuntza-erregelamendua onesten duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 56. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, deialdia agortutzat joko da eta kontagarria izango da funtzionarioa horretan parte hartzera onartuta dagoenean, hautaketa prozesuan ez agertzea edo prozesua ez amaitzea borondatez kontrakoa ez bada eta behar bezala justifikatutakoa bada. Halakoetan prozesurako deia egiten duen organoak hartuko du erabakia era askean.
Azken kasu horretan, eragindako pertsonak, 10.3.a) oinarrian aurreikusitakoa baino lehen, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari eskatuko dio deialdia konputagarria ez izatea, zuzendari nagusiari zuzendutako idazki baten bitartez.
3.– Bereziki kontra adierazi ezean, argitalpenak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Iragarki-oholean aterako dira, korporazioko intranetaren –Gurenet– bitartez kontsultak egiteko kalterik gabe. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako iragarki-oholean argitaratzen deneko datak epe-konputuak zehaztuko ditu.
4.– Deialdi honetan parte hartzea borondatezkoa da, Ertzaintzan egindako zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko urtarrilaren 17ko 5/2012 Dekretua aplikatuz, deialdian parte hartzeagatik, azterketak egiteagatik, ebaluazio probak egiteagatik edo proba praktikoak egiteagatik eta, deialdiaren garapena eta hautaketa-prozedura direla-eta, parte hartzea beharrezkoak diren ekintza guztiak egiteagatik ez da kalte-ordainen eskubiderik jasoko.
5.– Ikastaro bakoitza gainditu ondoren, gainditu duten pertsonak, Ikerketa kriminaleko espezialitatea eskatzen den lanpostuetara atxikiak izango dira behin-behinekotasunez Giza Baliabideen Zuzendaritzaren bitartez.
Aldi berean, Ikerketa Kriminaleko ikastaroa gainditu duten pertsonek lanpostu horiek betetzeko jasotako prestakuntza eta ezagutzak eskatzen diren lanpostu huts guztietarako eskaera egin beharko dute lehenengo egiten den deialdian, 4/1992 Legearen 65. artikuluan bildutako ohiko sistemen edo 72. artikuluan bildutako ohiz kanpoko sistemaren bitartez. Horrela egin ezean, deitutako edozein lanpostutara atxikia izan daiteke ezinbestean. Azken kasu honetan ez da izango inolako diru-konpentsaziorik.
6.– Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio bideari, eta, beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, edo zuzenean errekurtsoa aurkeztu administrazioarekiko auzietarako orden jurisdikzionalari, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita. Azkeneko hau aukeratuz gero, administrazioarekiko auzien epaitegien lurralde-eskumenen arauak errespetatu beharko dira, Administrazioarekiko Auzigaietako Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 14. artikuluan jasotakoak.
Deialdi honetatik, Epaimahai Kalifikatzaileen jardueratik eta Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko organoetatik ondorioztatzen diren egintza administratibo guztiak aurkatu ahal izango dituzte interesdunek, administrazio-prozedura erkideari buruzko arautegian ezarritako era eta kasuetan.
Arkauti, 2018ko maiatzaren 24a.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia,
MALENTXO ARRUABARRENA JULIÁN.
I. ERASKINA
Ebazpena, 1994ko urtarrilaren 4koa, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariarena, Ertzaintzaren oinarrizko eskalako kideentzat ikerketa kriminaleko oinarrizko ikastaroan sartzeko hautaketa probak deitzen dituena (1994ko EHAA, 4. zk.).
Ebazpena, 1995eko azaroaren 21ekoa, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariarena, Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako karrerako funtzionarioentzat Ikerketa Kriminaleko Oinarrizko Ikastaroan sartzeko oposizio-lehiaketarako deia egiten duena (1995eko abenduaren 22ko EHAA, 243. zk.).
Ebazpena, 1996ko abenduaren 19koa, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariarena, Oinarrizko Eskalako karrerako funtzionarioentzat Ikerketa Kriminaleko Oinarrizko Ikastaroan sartzeko oposizio-lehiaketarako deia egiten duena (1997ko urtarrilaren 14ko EHAA, 8. zk.).
Ebazpena, 1997ko otsailaren 21ekoa, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariarena, Argiketetan Espezializatzeko Ikastaroa egin eta Espezialitate horretan plaza jabetzan betetzen duten Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako karrerako funtzionarioentzat Ikerketa Kriminaleko Oinarrizko Ikastaroan sartzeko oposiziorako deia egiten duena (1997ko martxoaren 3ko EHAA, 42. zk.).
Ebazpena, 1998ko urtarrilaren 16koa, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariarena, Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako karrerako funtzionarioentzat Ikerketa Kriminaleko Oinarrizko Ikastaroan sartzeko oposizio-lehiaketarako deia egiten duena (1998ko otsailaren 11ko EHAA, 28. zk.).
Ebazpena, 2003ko martxoaren 10ekoa, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariarena, Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agente Kategoriako karrerako funtzionarioentzat Ikerketa Kriminaleko Oinarrizko Ikastaroan sartzeko hautaketa prozedurarako deia egiten duena (2003ko apirilaren 12ko EHAA, 79. zk.).
Ebazpena, 2007ko otsailaren 13koa, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariarena, Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agente Kategoriako funtzionarioentzako Orotariko Ikerketa Kriminalari buruzko I. Ikastaroan sartzeko hautaketa-prozedurarako deia egiten duena (2007ko otsailaren 23ko EHAA, 39. zk.).
Ebazpena, 1996ko uztailaren 24koa, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariarena, Krimen Ikerketarako ofizial-ondoko izateko, Ertzaintzako Ikuskaritza Eskalako ofizial-ondokoei espezializazio ikastarora sartzeko oposaketarako deia egiteko dena (1996ko irailaren 6ko EHAA, 172. zk.).
Ebazpena, 2012ko ekainaren 29koa, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariarena, Ertzaintzaren ikuskapen eskalako eta oinarrizko eskalako funtzionarioentzat Ikerketa Kriminaleko Ikastaroan sartzeko hautaketa prozedurarako deia egiten duena (2012ko uztailaren 10eko EHAA, 134. zk).
Ebazpena, 2014ko apirilaren 11koa, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiarena, Ertzaintzaren Ikuskapen Eskalako ofizialondoko kategoriako eta Ertzaintzaren oinarrizko eskalako agente kategoriako karrerako funtzionarioentzat ikerketa kriminaleko ikastaroetan (IKI) sartzeko hautaketa prozedurarako deia egiten duena(2014ko apirilaren 24ko EHAA, 77. zk.).
II. ERANSKINA
GAI-ZERRENDA
ZIGOR-ZUZENBIDEA
1.– Atal orokorra: Delituak. Erantzukizun kriminaletik salbuesten duten kausak. Erantzukizun kriminala arintzen duten inguruabarrak. Erantzukizun kriminala larritzen duten inguruabarrak. Ahaidetasun-inguruabar mistoa. Delituengatik erantzukizun kriminala duten pertsonak.
2.– Atal berezia: Askatasunaren aurkako delituak. Ohorearen aurkako delituak. Torturak eta osotasun moralaren aurkako beste delitu batzuk. Gizakien salerosketa. Bizitza pribatuaren aurkako delituak, norberaren irudirako eskubidearen aurkako delituak eta egoitzaren bortxaezintasunaren aurkako delituak.
PROZESAL PENALA
3.– Prozedura Kriminalaren Legea: Epaileen eta epaitegien Lurralde eskumena.
4.– Botere Judizialari buruzko 6/1985 Lege Organikoa: Organo jurisdikzionalen eskumenak. Probintzia auzitegiak. Instrukzioko epaitegiak. Emakumeen aurkako indarkeriaren arloko epaitegiak. Zigor arloko epaitegiak.
EUSKAL HERRIKO POLIZIA
5.– Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legea: Kode Deontologikoa.
EMAKUMEEN ETA GIZONEN BERDINTASUNA
6.– Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legea: atariko titulua. I. titulua: eskumenak eta eginkizunak, Berdintasunerako erakundeak, Berdintasunerako Unitateak eta Koordinazio-organoak. II. titulua: planifikazioa, estatistikak eta ikerketak, langileen gaikuntza eta administrazioaren araudian eta jardueran berdintasuna sustatzeko neurriak. III. titulua: emakumeen aurkako indarkeria.
TRAFIKO ETA BIDE SEGURTASUNA
7.– Urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onartzeko dena: II. titulua: I. kapitulua eta II. kapitulua, lehen atala «kokalekua» eta bigarren atala «Abiadura». V. titulua.
SALAKETA ETA ATESTATUA
8.– Salaketa: Kontzeptua. Legezko formalidadeak. Betebehar-indarra. Subjektuak. Egiaztatzea. Salaketa idazteko eskema.
9.– Atestatua: Kontzeptua. Subjektuak. Xedea. Isilpeko izaera. Jarduteak jakinaraztea eta bidaltzea. Zabaltzea. Eginbidearen eta aktaren arteko desberdintasuna. Objektibotasuna eta subjektibotasuna eginbideetan.
BIKTIMAK
10.– Biktimenganako arreta: biktimak gizartean. Lehen eta Bigarren biktimizazioa. Biktimei laguntzeko polizia-eginkizunaren garapena.
11.– Genero-indarkeria bikote-harremanetan: arazoaren gizarte-errekonozimendua. Kontzeptua eta indarkeria-motak. Indarkeriaren harremana mantentzeari buruzko teoria-azalpenak. Tratu txarren biktima diren emakumeek jasaten dituzten ondorio psikologikoak. Erasotzailearen ezaugarriak.
12.– Sexu-erasoak: Sexu-erasoengatiko salaketa gutxi egotearen faktoreak. Sexu-erasoen ondorio psikologikoak.
13.– Adingabeak babesik gabeko egoeretan: J. Belsky-ren argibide-eredua. Umeen tratu txarrei buruzko definizioa eta motak. Tratu txarren adierazleak eta umeak eta gazteak bertan behera uztea. Familian genero-indarkeria jasaten duten ume biktimak.
INDARKERIA GAINERAKORRAK
14.– Seme-alaben gurasoenganako indarkeria: egoerazko testuingurua. Definizioa eta motak. Seme-alaben gurasoenganako indarkeriaren dinamika. Seme-alaben gurasoenganako indarkeriari buruzko azalpen-faktoreak. Teoria ekologikoa (interakzionista edo multifaktoriala).
15.– Eskolako indarkeria: egoerazko testuingurua. Definizioa eta ezaugarriak. Eskola-jazarpenaren motak edo bullinga. Subjektu parte-hartzaileen deskribapena. Eskola indarkeriaren ondorioa edo bullinga. Ziberbullinga.
KOMUNIKATZEKO TREBETASUNAK
16.– Ahozko epaiketan testigantza emateko komunikatzeko trebetasunak: atal orokorrak. Ahozko epaiketan nola areagotu deklarazioaren sinesgarritasuna? Ahozko txostenaren ezaugarriak. Komunikazioaren "hiru V-ak".