EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-06-04 Aldizkari honetan argitaratua: 2018106

73/2018 DEKRETUA, maiatzaren 15ekoa, Izki Parke Naturalaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planaren arau-zatia onartzen duena, eta Parke Naturalerako eta Izki ES2110019 Kontserbazio Bereziko Eremurako (KBE) eta Hegaztien Babes Bereziko Eremua (BBE) Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana eta Kudeaketarako Jarraibide eta Jarduketen Dokumentua osorik argitaratzea agintzen duena.

Xedapenaren zenbakia: 201800073
Xedapenaren data: 2018-05-15
Hurrenkenaren zenbakia: 201802901
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 1998/05/04an argitaratutako 1998/03/31ko 199800064 DEKRETUA
  • Ikus 1998/05/04an argitaratutako 1998/03/31ko 199800065 DEKRETUA
  • Ikus 2014/05/19an argitaratutako 2014/04/15eko 201400001 LEGEGINTZAKO DEKRETUA
  • Ikus 2016/05/25ean argitaratutako 2016/03/01eko 201600033 DEKRETUA

Izki eremuari balio natural handia aitortu zaio eta apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bategineko (hemendik aurrera, NKLTB) naturagune babestutzat jo da. Gainera, tipologia hirukoitza biltzen du: batetik, martxoaren 31ko 65/1998 Dekretuaren bidez eskuratu zuen Parke Naturalaren deklarazioa; eta, bestetik, Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) eta Hegaztien Babes Bereziko Eremua ere izendatu da, martxoaren 1eko 33/2016 Dekretuarekin bat.
Parke naturalari dagokionez, NKLTBaren 20. artikuluak ezarritakoari jarraikiz, Natura Baliabideak Antolatzeko Plana (NBAP) izan behar du, marxoaren 31ko 64/1998 Dekretuak onartutakoa, alegia. Gainera, horrekin batera, 27. artikuluarekin bat, Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana (EKZP) ere izan beharko du; horretan, dagokion naturagunea kudeatzeko arau, jarraibide eta irizpide orokorrak, naturagunearen barruan garatzen diren ekonomia- eta aisialdi-jarduerak antolatzeko arauak, eta espazioaren helburu zehatzak garatzen dituzten programak lantzeko jarraibideak jasoko dira.
Bere aldetik, Natura 2000 Sarearen tipologia kontuan hartuta, eremuak beharrezko kontserbazio-neurriak izan behar ditu; ildo horretatik, NKLTBaren 22.5 artikuluak Eusko Jaurlaritzari kontserbazio-arauak ezartzeko agintzen dio eta hori martxoaren 1eko 33/2016 Dekretuaren bidez gauzatu zen. Bestalde, foru-organoei espazioaren kudeaketa-jarraibideak onartzeko eskatzen zaie.
Gainera, NKLTBaren 18. artikuluarekin bat, naturagune babestuetako zenbait figura leku berean gainezarriko balira, Izki eremuan bezala, horien arauak zein plangintza-mekanismoak dokumentu bakar batean koordinatu beharko dira, eremuaren kudeaketa-planean, kategoria bakoitzaren arabera aplikatu daitezkeen araubideek osotasun koherente bat osatzeko helburuarekin.
Hori guztia betetzeko, EKZP honek izaera bikoitza biltzen du; batetik, Izki Parke Naturalerako NKLTBaren 27. artikuluak aurreikusitako tresna da; eta, bestetik, NKLTBaren 22.5 artikuluaren bigarren paragrafoarekin bat, Natura 2000 Sareko gunea kudeatzeko jarraibideak onartzeko tresna da. Hori guztia NKLTBaren 18. artikuluan aurreikusitako dokumentu bakarrean jasotzen da.
Dokumentuaren tramitazioak NKLTBaren 29. artikuluak ezarritako pausoei jarraitu die. Azpimarratzeko da bide horretan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Arabako Foru Aldundiaren artean izan den koordinazioa, hori idatzi eta bultzatzean. Horrela, uztailaren 20ko 183/2016 Foru Aginduarekin bat, Naturagune Babestuaren Foru-organo Kudeatzaileak Izki eremuaren EKZPa onartzeko prozedurari eman zion hasiera, bi helburuetarako balio zezan, hau da, bai Parke Naturalari dagokionez bai KBEa eta BBEa kudeatzeko jarraibide eta jarduketei dagokienez. Dokumentua bi hilabeteko epez batera jarri zen entzunaldiko izapidean eragindako administrazioentzat eta gizarte, ekonomia eta ingurumen interesen ordezkari ziren elkarteentzat, eta jendaurrean ezarri zen interesdun ororentzat. Gainera, aginduzko txostenak eskatu zitzaizkien kide anitzeko organoei. Parke Naturalaren Patronatuak aho batez onartu zituen II. EKZParen dokumentua eta kudeaketa gidalerro eta jardunen agiria 2016ko abenduaren 16an. Horren ondoren, 2017ko otsailaren 7an, Arabako Foru Aldundiko Diputatu Kontseiluak EKZParen hasierako onespena adostu zuen eta Euskadiko Administrazio Orokorrean eta Arabako Foru Aldundian hirigintza arloaren eskumena duten organoei bidali zitzaien eta biek adierazi zuten aldeko txostena.
Horren guztiaren ondoren, Arabako Foru Aldundiko Diputatu Kontseiluak 2017ko uztailaren 18an izandako bilkuran, EKZPa behin betiko onartu zuen. Horrek, batetik, parkearen kudeaketarako jarribide, irizpide eta gidalerroak ezartzen ditu, NKLTBaren 29.e) artikuluarekin bat; eta, bestetik, NKLTBaren 22.5 artikuluarekin bat, Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremurako kudeaketarako jarraibideak ezartzen ditu. Horiek kontserbazio-helburuetan oinarritzen dira, eta honako hau jasotzen dute: espazioak kontserbazio egoera onean mantentzeko neurri egokiak eta habitat naturalen eta espezieen habitaten narriadura eta eremu hauen izendapenak arrazoitu duten espezieengan eragina duten aldaketak saihesteko neurri egokiak.
Foru-organoak Parke Naturala eraentzen duen arau-zatia Eusko Jaurlaritzak Dekretuz onartzeko eta Izki eremuko naturaguneetanak eraenduko dituen dokumentua batera argitaratzeko aurkeztu du. Dekretu honek bi gaiak gauzatzen ditu.
Gainera, adierazi beharra dago eremuak 64/1998 Dekretuak onartutako NBAPa duela, Parke Naturalerako NKLTBaren 4. artikuluak ezarritako helburu zehatzak betetzeko eta 33/2016 Dekretuaren II eranskinean jasotako Natura 2000 Sareko gunerako arauak betetzeko. Bi dokumentuak, 33/2016 Dekretuaren Azken Xedapenetatik Lehenengoaren zehaztapenei jarraikiz, beste dokumentu bakar batean bateratzen ari dira. Hori Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoa da. Horretarako, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak 2016ko uztailaren 13an Izki Parke Naturaleko Natura Baliabideak Antolatzeko Plana (NBAP) landu eta prestatzeko prozedurari hasiera emateko eman zuen Aginduak hasitako prozedura baliatzen ari da. EKZPak bi dokumentu horiekin egiten du bat.
Ondorioz, Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren proposamenez, NKLTBaren 22.5 eta 29. artikuluekin bat, eta Gobernu Kontseiluak 2018ko maiatzaren 15ean eginiko bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
1.– artikulua. – Arau-zatiaren onarpena.
Izki Parke Naturalaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planaren arau-zatia behin betiko onartzea. Hori planaren Lehengo Zatiko bigarren atalean dago jasota.
2.– artikulua.– Argitalpena.
Dekretu honen eranskin gisa, Izki ES2110019 Parke Naturalerako, Kontserbazio Bereziko Eremurako (KBE) eta Hegaztien Babes Bereziko Eremuako (BBE) Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana eta Kudeaketarako Jarraibide eta Jarduketen Dokumentua osorik argitaratzea.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2018ko maiatzaren 15ean.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.