EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-06-01 Aldizkari honetan argitaratua: 2018105

EBAZPENA, 2018ko maiatzaren 21ekoa, HABEko zuzendariarena, 2018. urterako deialdi irekia egiten duena Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean (HEOCean) zedarritutako euskararen B1, B2, C1 eta C2 gaitasun-mailak egiaztatu ahal izateko.

Xedapenaren data: 2018-05-21
Hurrenkenaren zenbakia: 201802893
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2015/07/31n argitaratutako 2015/07/22ko AGINDUA [201503391]
  • Ikus 2016/12/07an argitaratutako 2016/11/23ko AGINDUA [201605216]

Uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuak eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko azaroaren 23ko Aginduak araututakoaren babesean, HABEk bi motatako deialdiak bidera ditzake, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean zedarritutako komunikagaitasun-mailak egiaztatzeko, HABEren Erregistroan inskribatuta dauden euskaltegi eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuetan matrikulaturik diren ikasleei zuzendutako deialdiak, batetik; eta deialdi bereziak, bestetik, gizarte-behar edo arlo jakinei erantzuna eman ahal izateko bideratuak eta interesaturik dauden herritar guztiei zuzenduak. Egungo egoeran, HABEren Zuzendaritzak gizarte-behar jakina irizten dio ezein herritar helduk euskara-agiria eskuratzeko aukera irekia izateari.
Bestalde, helduen euskalduntzearen araubide akademikoaren baitan, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak 2015eko uztailaren 22ko Agindu bidez HEOCaren egitura eta deskribapena onartu zituen: helduen euskalduntzearen ikasprozesua sei mailatan eratua (A1, Hasierako erabiltzailea; A2, Oinarrizko erabiltzailea; B1, Erabiltzaile independentea; B2, Erabiltzaile aurreratua; C1, Erabiltzaile gaitua eta C2, Erabiltzaile aditua); elkarreragin soziodiskurtsiboan ardaztua; hizkuntzaren ikuspegi komunikatiboan oinarritua; ekintza komunikatibotan definitua, eta euskararen ezaugarri eta egoera soziolinguistikora egokitua. Ikuspegi horiei jarraikiz, Agindu horrek jasotzen ditu mailaz maila zehaztutako helburuak, edukiak (testuinguru soziolinguistikoa, gaiak, testu-generoak, funtzioak, adierazpide testualak, adierazpide linguistikoak, estrategiak...), ildo metodologikoak eta ebaluazio-irizpideak.
Horrenbestez,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– HEOCean zedarritutako B1, B2, C1, eta C2 mailak egiaztatzeko 2018ko deialdi irekia egitea, Ebazpen honen I. eta II. eranskinetan jasotako oinarrien eta irizpideen arabera.
Bigarrena.– Deialdi hori burutzeko, HABEko zuzendariak 2018ko otsailaren 1eko eta martxoaren 6ko Ebazpenez izendatutakoak izango dira maila bakoitzean arituko diren epaimahaiak, lurralde-arduradunak, tutoreak eta aztertzaileak.
Hirugarrena.– Ebazpen honen euskal eta erdal idazkien arteko edozein interpretazio-auziren aurrean, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik, euskal idazkiari dagokion irakurketari lehentasuna ematea.
Laugarrena.– Interesdunei jakinaraztea administrazio-bidea agortzen ez duen Ebazpen honen aurka egiteko, gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren aurrean, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epearen barruan.
Donostia, 2018ko maiatzaren 21a.
HABEko zuzendaria,
JOKIN AZKUE ARRASTOA.
I. ERANSKINA
B1, B2, C1 ETA C2 GAITASUN-MAILAK EGIAZTATZEKO DEIALDI IREKIAREN OINARRIAK
1. oinarria.– Xedea.
Oinarri hauen xedea da, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak 2016ko azaroaren 23ko Aginduak xedatutakoaren arabera, deialdi irekian matrikulatutakoek HEOCean zedarritutako B1, B2, C1 eta C2 mailei dagokien gaitasun komunikatiboa egiaztatu ahal izan dezaten, 2018. urteko deialdi irekiaren zehaztapenak egitea.
2. oinarria.– Deialdirako oinarrizko esparrua.
Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma eta Hizkuntzen ikaskuntza, irakaskuntza eta ebaluaziorako Europako Erreferentzia Marko Bateratua izango dira azterketariaren hizkuntza-gaitasuna egiaztatzeko oinarri eta barruti, hurrenez hurren.
Horrela, HEOCean ezarritako B1, B2, C1 eta C2 gaitasun-mailei dagozkien ziurtagiriak lortzera bideratutako gaitasun-probak HEOCean zedarritutako ebaluazio-irizpideetara eta II. eranskineko edukietara bilduko dira.
3. oinarria.– Deialdian matrikulatzeko baldintzak.
1.– Deialdi honetan matrikulatu ahal izateko, honako baldintza hauek bete beharko dira:
a) Gutxienez 17 urte izatea edo 2018an betetzea.
b) C2 mailarako matrikulatzeko C1 mailako euskara-agiria izatea, euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko mailekin parekatzen dituen uztailaren 4ko 187/2017 Dekretuaren baitako irizpide eta jarraibideen arabera egiaztatua; edota C1 mailako euskara-agiria izatetik salbuetsita izatea, euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara-maila hizkuntza-tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko den apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera.
c) Interesduna, gehienez ere, bi gaitasun-mailetarako matrikula daiteke deialdi honetan.
d) Matrikula egoki egin eta jarritako epean ordaintzea.
2.– Bateraezina izango da deialdi honetan eta zuzendaritza nagusi honen 2017ko abenduaren 15eko Ebazpenez egindako bigarren deialdian parte hartzea maila berean. Beraz, euskaltegietako eta autoikaskuntzarako zentro homologatuetako ikasleek bigarren deialdian mailaren bat egiaztatzeko baldintzak betetzen dituztenean, aukeratu egin beharko dute deialdi batean zein bestean matrikulatu, gaitasun-maila jakin bat egiaztatzeko.
4. oinarria.– Matrikula egiteko izen-ematea, ordaina eta ordainketa.
1.– B1, B2, C1 eta C2 gaitasun-mailak egiaztatzeko deialdi honetan parte hartzeko izen-ematea eta dagokion ordainketa burutzeko epea 2018ko irailaren 14tik 25era bitartekoa izango da, biak barne.
2.– Deialdi honetan B1, B2, C1 eta C2 gaitasun-mailak egiaztatzeko gaitasun-proba egiteko izen-ematea www.habe.euskadi.eus atarian egingo da, matrikula-inprimakia betez, horretarako ezarritako epearen barruan.
3.– Matrikularen ordainari dagokionez, deialdi honen matrikula-epealdia irekitzen denean indarrean dauden prezio publikoak aplikatuko dira, HABEk eskaini eta betetzen dituen jardueren prezio publikoak finkatzeko onartutako araudiaren arabera. Zenbatekoak www.habe.euskadi.eus atariaren bidez emango ditu ezagutzera HABEk. Gutxienekoak bete eta maila batera baino gehiagotara aurkeztu nahi duen azterketariak zenbat matrikula, hainbat matrikula-ordain egin beharko ditu.
4.– Matrikularen ordainketa ere epe horretan egin beharko da, Internet bidez edo, bestela, horretarako bidea ematen duten finantza-erakundeetan (Kutxabank, Sabadell, Laboral Kutxa, Bankoa, BBVA, Banco Santander, CaixaBank, Banco Popular), izena ematean eskuratzen den matrikula-inprimakia erabiliz.
5.– Matrikulatze-prozesua osatu dela ulertuko da izen-ematea eta matrikula-ordainketa emandako epearen barruan eginak daudenean. Beraz, izen-ematea edo ordainketa matrikula-epearen barruan ez egin izanak automatikoki egiaztatze-prozesutik kanpo gelditzea ekarriko du.
6.– Arrazoiak arrazoi, behin matrikula-eskubideak ordainduz gero, ez da dirurik itzuliko. Salbuespen gisa, bi kasu hauetan itzuliko da: a) oker bat izan eta maila bereko matrikula birritan ordaindu bada; b) okerreko maila baterako burutu baldin bada matrikula, baina, betiere, itzulketarako eskaria matrikula-epearen barruan egin baldin bada.
7.– Matrikula egitearekin batera, oinarri hauetara bildutako irizpide eta jokabide guztiak bere egiten dituela onartu eta aditzera ematen du izena emana duen azterketariak.
5. oinarria.– Deialdia burutzeaz.
1.– Matrikula-epea itxi eta hamar egun baliodunen epean emango du argitara HABEk www.habe.euskadi.eus atarian deialdi hau burutzeko maila bakoitzerako aurreikusitako egutegia: onartuen zerrenda argitaratzeko data, probak egiteko egunak eta lekuak, eta proben emaitzak jakinarazteko datak.
2.– HABEk azterketen egutegia eta azterketak egiteko tokiak egokituko ditu, betiere eskaera-kopurua eta azterketak egiteko behar diren baliabideak kontuan hartuta. Baldintza bi horiek aintzat hartuta, aukera egongo da azterketa bat baino gehiago egun eta ekitaldi bakarrera bateratzeko.
3.– Egiaztatze-prozesuan matrikula egin eta gero, azterketariak egiaztatze-proba egiteko egutegian ezarritako azterketa-data aldatu ahal izateko, inguruabar eragileak eman beharko dira, eta emandako egunean azterketariari proba egitea galarazten dion arrazoiak ustekabekoa eta ezinbestekoa beharko du izan. Halaber, azaldutako karia dagokion txosten edo dokumentu zalantzagabeez frogatu beharko da, ezinbestez. HABEk gertaera hori berariaz ontzat emanez gero, proba egiteko eguna aldatzeko aukera eskainiko dio azterketariari. Horrelakoetan, data berriak egiaztatzegintzaren antolaketaren ardatzetara egokitu beharko du, ezinbestez.
4.– Azterketa-lekua aldatzeko eskabidea posta elektronikoz egingo da www.habe.euskadi.eus atarian finkatutako prozedurei jarraikiz, eskari hori egiteko arrazoiak azalduz eta, betiere, deialdiaren egutegian ezarritako epeetan.
6. oinarria.– Onartuen zerrenda.
Matrikula egiteko epea amaitu ondoren, HABEko zuzendariak argitaratuko du egiaztatze-proba hauetan parte hartzeko onartuen zerrenda eta azterketari bakoitzak www.habe.euskadi.eus atarian ikusi ahal izango du norberari dagokion matrikula zertan den.
7. oinarria.– Berariazko egoerak.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko azaroaren 23ko Aginduaren 16. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, behar jakinak izan eta egiaztatze-probetan parte hartu nahi duen azterketariaren kasuan, berdintasun-neurriak hartuko ditu HABEk, azterketari horren aukerak bermatzeko; betiere, azterketaren edukia indargabetzeke edota eskatu beharreko gaitasun-maila murrizteke.
Gaitasun-proba berariazko behar horietara egokitu ahal izateko, azterketariak azterketaldirako matrikula egiteko garaian, HABEren lurralde-arduradunari egin beharko dio eskaera eta duen desgaitasuna agiri ofizialez zuritzeaz gain, eskatzen duen egokitzapena azalduko du (aulki, mahai edo ordenagailu berezia, entzungailuak, braille-sistema, etab.), kasuan kasuko antolaketa-moduaren arabera.
Eskari hauen aurrean, HABEk denbora nahiz baliabideak egokituko dizkio behar bereziak dituen azterketariari, betiere 2006ko ekainaren 9ko Orden/PRE/1822/2006 Aginduari edota gaitasun-probok izan egunean indarrean egon daitekeen arautegiari jarraikiz.
8. oinarria.– Gaitasun-proben ezaugarriak, antolamendu-modua, ebaluazio-irizpideak eta atalez ataleko kalifikazioa.
1.– Gaitasun-maila bakoitza ebaluatzeko prestatutako probek azterketariaren euskarazko gaitasun komunikatiboaren zenbatekoa eta nolakoa neurtuko dute: azterketariak euskaraz entzundakoa ulertzeko eta irakurritakoa bereganatzeko duen gaitasuna, batetik, eta euskaraz aditzera eman nahi dituen testuak ahoz zein idatziz egiteko duena, bestetik.
2.– HABEren Hizkuntzaren Didaktika Zerbitzuko Ebaluazio Atalak lau trebetasunak neurtzeko probak prestatuko ditu, II. eranskinean zehaztutakoa oinarri hartuz, eta Zerbitzuak berak aplikatuko ditu proba horiek, lurraldeka eta lurralde bakoitzean eremu bateratuan antolatuta, egutegian zehaztutako datetan.
3.– Maila bateko probak gainditzeko, 100 puntutik gutxienez 50 lortu beharko ditu azterketariak, II. eranskineko puntuazio-sistemari jarraikiz. Azterketariak maila gainditzeko azaldu beharreko hizkuntza-gaitasuna, HEOCaren «Ebaluazio-irizpideak eta eskalak» atalean, mailaz maila eta trebetasunez trebetasun zehazten diren ebaluazio-irizpideen balioespen-eskalako bigarren deskriptoreak adierazitakoa da. Maila bat gainditzeko, ikasleak lau trebetasunetako probak gainditu beharko ditu, aipatutako eranskinean jarritako irizpideak betez.
Ezinbesteko baldintza izango da irakurmen-proba gainditzea idazmen-proba zuzendua izateko.
Nolanahi ere, B1, B2, C1 eta C2 mailetako probetan azterketariak irakurmen-proban 9 puntu ateratzen baditu, idazmen-proba zuzendu egingo da, eta idazmen-proban gutxienez 16 puntu ateratzen baditu, konpentsatu egingo da irakurmen-probako kalifikazioa. Era berean, azterketariak entzumen-proban 9 puntu atera eta mintzamen-proban gutxienez 16 puntu ateratzen baditu, konpentsatu egingo zaio entzumeneko kalifikazioa.
Horrezaz gain, B1, B2 eta C1 mailetako idazmen-probako emaitzan 15 puntura iritsi ez, baina gutxienez 13 lortzen dituen azterketariak mintzamen-proban ateratako puntuekin konpentsatu ahal izango du puntu-gabezia hori, baldin eta mintzamen-proba gainditzeko gutxienekoa lortu eta idazmen-proba gainditzeko eskatzen den gutxienekora iristen bada mintzamen-proban lortutako soberakinarekin. Edozelan ere, maila horietan ezinbesteko baldintza izango da gutxienez 13 puntu ateratzea idazmen-proban, mintzamen-probara aurkeztu ahal izateko.
4.– Egiaztatze-prozesua bideratzeko jardunak, bestalde, gailu elektronikoek (telefono, ordenagailu, argazki-kamera, MP3 grabagailu, haririk gabeko entzungailu, irakurtresnadun ordulariak eta entzungai edo ikusgai diren edukietara sarbidea eskaintzen duten betaurrekoek) eskain dezaketen edukietarako sarbiderik izan gabe daude aurreikusita eta Interneterako konexiorik gabe.
5.– Idazmen-probetan, irakurgarria izango da idazketa eta ulergarria kaligrafia. Mintzamenekoetan, berriz, argi ahoskatu eta zuzen ebakiko dira hitzak.
6.– Probak egiterakoan, azterketariak ematen zaizkion jarraibideak zuzen eta egoki bete behar ditu.
9. oinarria.– Gaitasun-proben zuzenketa-prozesua.
1.– Hizkuntza-arauak eta euskalkiak.
Lau hizkuntza-trebetasunak neurtzeko azterketariek egindako probek Euskaltzaindiak indarrean dituen arauak beteko dituzte, eta, betiere, euskara-eredu landu eta jantzian emanak etorriko dira.
Ahozkotasuna neurtzeko probetan, azterketariak bere euskalkia erabiltzeko gaitasuna eta jariotasuna erakuts dezake, betiere, egitekoaren testuinguruari hala badagokio. Honelakoetan, aztertzaileek azterketarion gaitasun- eta jariotasun-maila hori aintzat hartu eta balioetsiko dute azken emaitza jartzean.
2.– Izengabetasuna.
Gaitasun-probak norenak diren jakin gabe zuzenduko dituzte aztertzaileek zein tutoreek, zuzenketa izengabea bermatzeko. Aztertzaileak ezin izango du berak izandako ikasleen gaitasun-probarik zuzendu. Horrelakorik gertatuz gero, aztertzaileak berak laga beharko du zeregin hori azterketaldiaren antolaketa-garaian.
3.– Irakurmen- eta entzumen-proben zuzenketa.
Gaitasun-probaren atal hauen zuzenketa izendatutako aztertzaileen artean egingo da, II. eranskinera bildutako irizpideen arabera, eta emaitzak akta batera bilduko dituzte kalifikazio-proposamen gisa.
Irakurmen-proba eta idazmen-proba batera zuzenduko dituzte aztertzaileek eta entzumen-proba mintzamen-probarekin batera.
Azterketok, HABEren Hizkuntzaren Didaktika Zerbitzuak zaindu eta gordeko ditu.
4.– Idazmen-probaren zuzenketa.
a) Idazmen-proba, gutxienez, bina aztertzailek zuzenduko dute, eta irizpen arrazoitua emango dute adostutako kalifikazio-fitxan. Informazioa berariazko fitxa digital batera bilduko da, bertan jarritako kalifikazioak azterketariak argi eta egoki ulertzeko moduan.
b) Idazmen-proban eskatutako hitz-kopuruaren gutxienekoari dagokionez, aztertzaileak irizpideok beteko ditu eta ondoriozko kalifikazioa emango:
– Azterketariak eskatutako hitz-kopurua idatzi eta mailari dagozkion gutxienekoak betetzen baditu, 15-30 puntu bitartean emango zaizkio.
– Eskatutako hitz-kopurura iristen ez diren idazlanak baloratzerakoan, % 10 baino gutxiagogatik iristen ez den azterketariari kenketa egingo zaio puntuazio orokorrean, ondoren zehazten denaren arabera:
Halaber, % 10 hitz baino gehiago falta zaizkion idazmen-proba horrela kalifikatuko da:
c) Aztertzaileak idazmen-proba zuzendu ondoren, jarraibide hauei lotuko zaizkie:
– Bi aztertzaileen kalifikazioak proba gainditzeko behar diren gutxienekoak baino handiagoak direnean, Epaimahaiari bi aztertzaileek adosturiko emaitza proposatuko zaio, eta kalifikazio-fitxa bakarrean emango da irizpen arrazoitua.
– Bi aztertzaileen kalifikazioak proba gainditzeko behar diren gutxienekoetara iristen ez direnean, Epaimahaiari bi aztertzaileek adosturiko emaitza proposatuko zaio, eta kalifikazio-fitxa bakarrean emango da irizpen arrazoitua.
– Gutxienekoak bete diren ala ez erabakitzean bi aztertzaileak bat ez badatoz edo tutorea ohartzen bada kalifikazio-proposamena ez dela egokitzen mailako irizpideetara, hirugarren zuzenketa bideratuko da tutorearen eskutik. Horrelakoetan, tutoreak ofizioz ebaluatuko ditu probak, aztertzaileei emango die horren berri, eta irizpen arrazoitu propioa proposatuko dio Epaimahaiari.
d) Idazmen-proba berariazko aplikazio informatikoen bidez banatuko zaie aztertzaile zein tutoreei euskarri digitalean.
5.– Mintzamen-probaren zuzenketa.
a) Mintzamen-proba bina aztertzailek bideratu eta zuzenduko dute, eta kalifikazio-fitxa bakarrean emango dute irizpen arrazoitua. Informazioa berariazko fitxa digital batera bilduko da, bertan jarritako kalifikazioak azterketariak argi eta egoki ulertzeko moduan.
b) Gutxienekoak bete diren ala ez erabakitzean bi aztertzaileak bat ez badatoz, bigarren zuzenketa bideratuko da tutorearen eskutik. Tutoreak irizpen propioa eman eta gero, jarritako emaitzen proposamena Epaimahaiaren eskura jarriko du.
c) Mintzamen-proba guztiak grabatu egingo dira, zuzenketa-prozesuaren euskarri eta ikerketa-helburu zein aztertzaileen trebakuntzarako.
10. oinarria.– Gaitasun-proben emaitzak onartzea.
Epaimahaiek gaitasun-proben zuzenketan aztertzaile eta tutoreek egindako balorazioak aztertuko dituzte, eta probei dagozkien emaitzak onartu eta Azterketa Batzordeari igorriko dizkiote.
Jarraian, Azterketa Batzordeak emaitza guztiak HABEko zuzendariari aurkeztuko dizkio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko azaroaren 23ko Aginduaren 10.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
11. oinarria.– Gaitasun-proben emaitzak argitaratzea.
HABEk gaitasun-proben emaitzak argitaratuko ditu www.habe.euskadi.eus atarian, mailaz maila, egutegian zehaztutako datetan, emaitzok trebetasunez trebetasun adieraziz.
12. oinarria.– Ziurtagiriak.
Gaitasun-probak gaindituz mailaren bat egiaztatu duen azterketariak dagokion ziurtagiria eskuratzeko eskaria www.habe.euskadi.eus atariaren bitartez egin behar du. HABEren Hizkuntzaren Didaktika Zerbitzuak eskabidean eman helbidera igorriko dio ziurtagiria edo duplikatua, finantza-erakundeen bidez edo Internet erabiliz, dagokion tasa ordaindua duela frogatu ondoren.
Maila bakoitzeko agiria eskuratzeagatik, eskari-egunean indarrean dagoen tasa ordaindu beharko da, mailaren egiaztapena aurreko urteetan egin bada ere. Agirien eta duplikatuen tasen unean uneko zenbatekoak www.habe.euskadi.eus atariaren bidez jakinaraziko ditu HABEk.
13. oinarria.– Erreklamazioak eta errekurtsoak.
Egiaztatze-prozesu honetako interesdunak erreklamazioa jar dezake HABEko zuzendariaren aurrean onartuen zerrendaren aurka aurkezten denean, eta dagokion Epaimahaiaren aurrean, prozeduran edo puntuazioen zenbatzean edota emaitzetan nolabaiteko errakuntzarik gertatu dela uste badu; betiere, jarraian azaltzen diren datu zein agiriak aurkezten baditu:
– Erreklamatzailearen izen-deiturak eta jakinarazpenetarako helbidea.
– Nortasun-agiriaren zenbakia.
– Egiten duen eskaera edo erreklamazioa.
– Gertaera edo errakuntza hori izan dela erakusten duten agiriak edo frogak.
– Lurraldea, lekua, data eta egiaztatze-maila.
– Erreklamaziogilearen izenpea.
Erreklamazioak hiru egun baliodunen epean aurkeztu beharko dira, onartuei buruzko erabakia hartu edota proben emaitzak ezagutzera eman eta biharamunetik kontatzen hasita.
Interesdunek, halaber, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute HABEko zuzendariaren aurrean, azterketen behin betiko emaitzak argitaratu eta hurrengo hilabetean, edo, horrela dagokionean, aurkatutako egintza gertatu den egunetik aurrera. Errekurtsoak ebazteko, HABEko zuzendariak lurralde-arduradunari, mailaz mailako epaimahaiburuari edota Azterketa Batzordeko buruari eska liezaieke errekurtsoaren mamiari buruzko txostena; txosten hori, gehienez, hamar eguneko epean emango dute. Halaber, deialdi honetan parte hartzen ez duen kanpoko adituren baten irizpena ere eska lezake.
Erreklamazioak zein gora jotzeko errekurtsoak HABEren Donostiako Erregistro Nagusira igorriko dira; honako helbide honetara: Vitoria-Gasteiz kalea 3, 6.a, 20018 Donostia. Horretarako, urriaren 1eko 39/2015 Legeak, 16. artikuluaren 4. paragrafoan ezarritako baliabideak erabil ahal izango dira, betiere HABEren webgunean jarritako erreklamazio-ereduari jarraikiz.
Edozein modutan, erreklamazioek zein gora jotzeko errekurtsoek ez dituzte etengo deialdi honetan jasotako ohiko prozedurak eta egutegia.
14. oinarria.– Informazioa eta tramitazioa on-line.
Deialdi honetan aurreikusitako prozeduren ondoriozko argitaratze eta jakinarazpenak www.habe.euskadi.eus atariaren bidez egingo dira, azterketen gaineko erreklamazioak eta Administrazioarekiko errekurtso eta gora jotzeen ebazpenei dagozkienak izan ezik.
Era berean, azterketariak www.habe.euskadi.eus ataria erabiliz gauzatuko ditu oinarri hauetan horrela xedatutako izapideak.
15. oinarria.– Espedienteak ikusteaz.
Idazmen-ataleko eta mintzamen-ataleko kalifikazio-orriak eta azterketariak egindako irakurmen- eta idazmen-probak ikusgai izango ditu azterketariak www.habe.euskadi.eus atarian, baita bere mintza-saioa entzungai ere.
16. oinarria.– Datu pertsonalen babesa.
Egiaztatze-deialdi honen kudeaketan horretarako sorturiko fitxategian tratatuko dira datu pertsonalak. HABEren Zuzendaritza Nagusia bera izango da fitxategiaren administrazio-organo arduraduna eta sartu, zuzendu, deuseztatu eta aurka egiteko eskubidea Zuzendaritza horren aurrean gauzatu ahal izango da. Fitxategi horretan jasotako datuen erabilera ondoren zehazten dena izango da:
– Deialdi honetan aurreikusitako prozeduren kudeaketa.
– HABEren Euskararen ezagutza egiaztatzeko agirien erregistroan gordetzea, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko azaroaren 23ko Aginduaren 19. artikuluak dioenari jarraikiz.
– Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratura emandako ziurtagiriak helaraztea, urriaren 16ko 222/2012 Dekretuak agintzen duen moduan, deialdi honetan gaitasun-maila egiaztatzen dutenen datuak.
– HEOCaren araberako maila edo baliokideren bat egiaztatu duten ikasleei zuzendutako diru-laguntzen proposamena egitea, horretarako deialdia onartzen bada.
Egiaztatze-prozesuan parte hartzeko bete beharreko eskabide-orriak datu pertsonalen babesaren gaineko argibideei buruzko klausula jasoko du.
Egiaztatze-deialdian parte hartuko duten administrazio-langileek eta berariaz izendaturiko kideek deialdiaren kudeaketan ezagutzen dituzten datu pertsonalen gaineko sekretua zaindu beharra dute.
Prozesuko argitaratze-faseek publizitate-printzipioari eusteko gutxieneko datu pertsonalak izango dituzte, eta datuok erreklamatzeko epeak igaro arte bakarrik jasoko dira. Informazio horrek datuok izaera pertsonala dutela ohartarazten duen klausula bat izango du; alegia, datu pertsonalok datuak babesteko arloan egungo legedia betetzen dutela eta euren helburu bakarra prozedura honen faseari publikotasuna eman eta, hala behar denean, parte-hartzaileei jakinaraztea dela adieraziz. Horretaz gain, informazio-paragrafo bat izango du; bertan adieraziko da informazioa ez dela jendearen eskurako iturri eta ezingo direla ez osorik ez partez kopiatu, ezta informazioa errekuperatzeko inongo sistemaren bidez transmititu edota erregistratu ere, ukituek eurek baimena eman ezean.
Egiaztatze-prozesua amaitu ondoren, lau trebetasunak neurtzeko egin probak prestakuntza eta ikerketarako erabili ahal izango dira, betiere datu pertsonalak bereizi ondoren, indarrean dagoen legediak agintzen duen moduan.
17. oinarria.– Jarduerak isilpean gorde beharra.
Aztertzaile, tutore, maila bakoitzeko epaimahaikide, Lurralde Batzordeetako kide, zein Azterketa Batzordeko kideen betebeharra da isilpean gordetzea, egiaztatzegintzari lotutako ezein eragileri buruz, beren egitekoen jardunean jakindako gertaera, ezagututako dokumentu, kalifikazio-proposamen, izandako eztabaida eta emandako egoerak.