EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-05-29 Aldizkari honetan argitaratua: 2018102

AGINDUA, 2018ko maiatzaren 22koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez 2018ko ekitaldiko musika-jarduera profesionaletarako diru-laguntzak emateko arauak ezarri eta deialdia egiten baita.

Xedapenaren data: 2018-05-22
Hurrenkenaren zenbakia: 201802823
Maila: Agindua
Arte eta kultura alorreko jarduerei loturiko eskumenak eta haien zabalkundeari dagozkionak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio, hala xedatuta baitago Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuan. Eskumen horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio apirilaren 11ko 82/2017 Dekretuak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak.
Zuzendaritza horrek egoki deritzo musika-jarduerak sustatzeko aukera emango duen bidea antolatzeari, jarduketa hori bere eskumenen esparruan sartzen den heinean, jarduera profesional hauek burutzeko diru-laguntzak emanez: musika partituren edizioa, musika-proiektu unitarioak, musika-ekimen enpresarialak eta musika programazioa. Neurri horren bitartez, euskal musikarien sorkuntza-lana sustatzeko formula lortu nahi da eta, bide batez, beren ahalegina aintzatetsita ikusteaz gain, beren finantzabideak areagotzeko aukera emango dieten beste merkatu batzuk jorratzea.
Agindu hau Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak 2018-2020 epealdiko Diru-laguntzen Plan Estrategikoaren eta 2018. urteko diru-laguntzen Planaren barruan dago (PES 2018-2020 eta PAS 2018).
Ondorioz, honako hau
EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea, modalitateak eta proiektuak garatzeko epea.
1.– Agindu honen bitartez, 2018ko ekitaldiko musika-jarduera profesionaletarako diru-laguntzak nola emango diren arautuko da.
2.– Deialdi honetan diru-laguntza modalitate hauek kontenplatzen dira:
– II. kap.: Musika-partituren edizioa.
– III. kap.: Musika-proiektu unitarioak.
– IV. kap.: Musika-ekimen enpresarialak.
– V. kap.: Musika-programazioa.
3.– Partituren edizioa, musika proiektu unitarioen eta musika-ekimen enpresarialen modalitateetan diruz laguntzen diren proiektuak, osoak edo beren fase partzialak, 2018ko urtarrilaren 1etik 2019ko azaroaren 30era bitartean garatu behar dira eta data bi horien artean aurreikusi behar dute diruz lagundutako obraren edo jardueraren aurkezpen publikoren bat egitea.
Musika programazioaren modalitatean, deialdiak jasotako epea 2018ko urriaren 1etik 2019ko irailaren 30era bitartekoa da.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta emateko prozedura.
1.– Diru-laguntza hauen gehienezko zenbateko orokorra 530.000 eurokoa izango da eta aipatutako modalitateen artean honela banatuko da:
a) Musika-partituren edizioa: 30.000 euro.
b) Musika-proiektu unitarioak: 155.000 euro.
c) Musika-ekimen enpresarialak: 205.000 euro.
d) Musika-programazioa: 140.000 euro.
2.– Diru-laguntzak emateko prozedura lehiaketa izango da; horretarako, modalitate bakoitzean ezarritako irizpideak aplikatuta, eta deialdi honen 10. artikuluan finkaturiko prozeduraren arabera, eskabideak baloratu eta diru-laguntzak banatuko dira.
3.– Eskabide kopuruagatik edo eskakizunak ez betetzeagatik, modalitate baterako ezarritako diru-kopurua agortzen ez bada, Kultura Sustatzeko Zuzendariak gainerako kopurua beste modalitate batera eramatea proposatu ahalko du. Kasu horretan hasierako kopuruaren arteko desoreka handien duen modalitateak lehentasuna izango du.
3. artikulua.– Pertsona onuradunen betekizunak.
1.– Modalitate bakoitzerako finkaturiko bestelako baldintzak gorabehera, agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen onuragarriek eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Helbidea edo sozietate-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duen pertsona fisiko edo juridiko-pribatua izatea edo, bestela, aurkezten den proiektuaren helburua Euskal Herriko artistak edo musikarien lanak ekoiztea edo zabaltzea izatea.
b) Jarduera ekonomikoen zergako musika jarduerako epigrafe batean altan egotea eta, pertsona juridikoen kasuan, sozietatearen xedeak zerikusia izatea musika-jardueren garapenarekin.
2.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jaso ahal izateko, beharrezkoa da zerga eta Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean izatea baita, hala badagokio, diru-laguntzak itzultzeko prozeduren ondorioz sortutakoak ere.
3.– Ezin dute laguntzarik jaso diru-laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzearekin zigor administratibo edo penalik duten pertsona eskatzaileek, ezta horretarako gaitasuna kentzen duen legezko debekurik dutenek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legezko azken xedapenetako seigarrena urratuz sexu-diskriminazioa egiteagatik debeku horrekin zigortuta daudenak barne.
4.- Halaber ezingo dira onuradunak izan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan jasotako ezein egoeratan dauden pertsonak edo entitateak.
4. artikulua.– Bideragarritasuna, lagundu daitezkeen gastuak, azpikontratazioa eta laguntzen muga orokorra.
1.– Proiektuak, ekonomia aldetik bideragarriak direla egiaztatzeko, aurrera eramateko beharrezko gastu arruntaren eta hura estaltzeko aurreikusitako diru-sarreren arteko aurrekontu doitua aurkeztu behar da; sarrera horien barruan deialdi honetan eskatutako kopurua barne delarik.
2.– Deialdi honetako modalitate guztietan lagundu eta justifikatu beharreko gastuak soil-soilik ekintza eta kontzeptu zehatzei atxikitakoak izango dira; inbertsio gastuak eta BEZari dagozkienak kanpo gelditzen dira.
3.– Pertsonal gastuei dagokienez, eskatzaileak berak garatutako kudeaketari edo koordinazioari dagozkien gastuak kontuan hartuko dira. Eskabidearen txostenean horiek kalkulatzeko erabilitako prozedura eta erreferentzia zehatzak erantsi beharko dira.
4.– Onuradunak hirugarren batzuekin azpikontratatzen duen jarduera, diruz lagundutako jardueraren % 75era iritsi ahal izango da, azpikontratu guztien prezioak batuta. Kontzeptu horretatik kanpo geratzen dira onuradunak diru-laguntza jaso duen jarduera bere kabuz egiteko egin behar dituen gastuen kontratazioa.
5.– Deialdi honetako modalitate guztietarako, Musika proiektu unitarioetarako izan ezik, administrazio publikoetatik jasotako diru-laguntza guztiek ezingo dute gainditu diruz lagundutako jardueraren kostuaren % 80.
5. artikulua.– Eskabideak: epea eta moduak.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
2.– Pertsona juridikoek eskabideak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dituzte. Pertsona fisikoek bitarteko presentziala ere erabili ahalko dute.
3.– Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz izapidetzeko argibideak egoitza elektroniko honetan daude ikusgai: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/musika_jarduera/y22-izapide/eu/, baita Zuzenean-Administrazio egoitzetan ere.
4.– Aurrez aurreko bidea hautatzen duten pertsonek Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan, EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean aurkeztu ahal izango dute beren eskabidea.
5.– Pertsona fisikoek eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat erabiltzeak –aurrez aurrekoa edo elektronikoa– ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan, edonoiz aldatu daiteke-eta bidea.
6.– Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz, hemen egin daitezke: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak
7.– Pertsona eta erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskabidea eta gainerako dokumentazioa. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan, Euskararen erabilpena arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.
8.– Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla adierazten du.
6. artikulua.– Betekizunen akreditazioa, erantzukizunpeko adierazpenak eta ekarri beharreko dokumentazioa.
1.– Eskatzaileari dagokionez:
1.1.– Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko ditu, automatikoki, datu eta betebehar hauek:
a) Identitateari buruzko datuak.
b) Zerga eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak.
c) Jarduera ekonomikoen zergako musika jarduerako epigrafe batean alta.
Aipatutako datuak edo betebeharrak eskatzaileak, espresuki, uko egin ahalko dio bere baimena; kasu horretan eskatzaileak berak aurkeztu beharko ditu dagozkion agiriak.
1.2.– Pertsona juridikoei dagozkien dokumentu espezifikoak:
a) Legezko eraketa, estatutuak eta ordezkaritza-ahalmena:
– Administrazio honetan inskribatutako entitateen edo aldez aurretik aurkeztutako dokumentuen kasuan: dagokion erregistroaren azalpena. Bestela, eskabidearekin batera aurkeztu beharko dira.
– Hala badagokio, eskabidea kudeatzen duen pertsonaren legezko ordezkapen-maila egiaztatzea.
b) Deialdi honetan parte hartzeko entitatearen gobernu-organoaren akordioa.
1.3.– Erantzukizunpeko adierazpenak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak ezartzen duenaren arabera (1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira honako betebehar hauek:
a) Xede bera duten eta bestelako administrazioei edo erakunde publikoei zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako diru-laguntzen, laguntzen, diru-sarreren edo baliabideen berri ematea.
b) Aurreko bi urteotan eta aurten, edozeinengatik, jasotako «minimis» motako diru-laguntzei buruzko adierazpena jakinaraztea.
c) Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak konplitzen dituela.
2.– Proiektuari dagokion dokumentazioa.
2.1.– Partituren edizioen, Musika proiektu unitarioen eta Musika ekimen enpresariaren modalitateak:
a) Oroitza orokorra, eduki hauekin: a) egindako eskaeraren markoan garatu beharreko jardueren zehaztapena: b) pertsona edo entitate eskatzailearen ibilbidea eta c) 2017ko jarduera eta ekoizpenari dagokion oroitza.
b) Hala badagokio, Egileen eskubideei buruzko aitorpena, ziurtagiria edo egoera txostena.
c) Formularioak: 1.– Eskabidearen laburpena; 2.– Pertsona edo entitate eskatzailearen profila; 3.– Hala badagokio, artistaren edo musika taldearen datuak (baita, ikus-entzunezko erreferentziak); 4.– Hala badagokio, Emanaldien zerrenda eta bira aurreikuspena; 5.– Proiektuaren aurrekontua; 6.– Beste diru-laguntzen aitorpena.
2.2.– Musika-programazioaren modalitatea:
a) Aretoaren dokumentazio administratiboa:
a.1.– Musika-ekitaldietarako behar den hirigintza- edo udal-lizentzia izatea.
a.2.– Aretoaren erantzukizun zibileko asegurua.
a.3.– Deskribapena, ibilbidea eta rider teknikoa.
a.4.– Eskatzailea ez bada aretoaren gerentea, gerente horrek sinaturiko agiria: deialdi honi dagokion musika programazioa kudeatzeko diru-laguntzaren eskatzaileari emandako ahalmena.
b) Aretoaren jarduera kulturalari dagokion oroitza: planteamendua eta 2017an garatutako jarduerak.
c) Formularioak: 1.– Eskabidearen laburpena; 2.– Pertsona edo entitate eskatzailearen profila; 3.– 2017an aretoak programaturiko kontzertuak; 4.– Proiektuaren aurrekontu orokorra; 5.– Beste diru-laguntzen aitorpena.
3.– Dokumentazioa aurkezteko formatua.
Eskabide-orriarekin batera, eta erabilitako bidea edonolakoa dela ere (presentziala edo elektronikoa), dokumentazio guztia, ahal delarik, euskarri elektronikoan aurkeztu behar da, honako ezaugarri hauen arabera:
a) Deskargatzeko ereduak erabiliko dira. Bestelako kasuetan, ahal bada dokumentazioa PDF formatuan aurkeztuko da.
b) Dokumentazio elektroniko guztiaren gehienezko tamaina 30 Mb izango da.
c) Musika edo ikusentzunezko erreferentziak, web helbideak emanez aurkeztu ahal izango dira, dagokion formularioan.
7. artikulua.– Deialdia eta emandako diru-laguntzak kudeatzeko organoa.
Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa-zereginak egitea.
Era berean, diru-laguntza lortu duten proiektuak modu egokian gauzatzen direla ziurtatzeko Zuzendaritza horrek beraien jarraipena egingo du eta horretarako egoki ikusten dituen ikuskapenak egin ahal izango ditu. Eragin horietarako pertsona onuradunak behartuta daude eskatzen zaien dokumentazioa eta informazioa aurkeztera.
8. artikulua.– Eskaeretako azterketa, akatsen zuzenketa eta onarpena.
1.– Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen diren dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.
2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, tramitazio elektronikoa derrigorrez egin behar duen baten batek aurrez aurreko eskaera egiten badu, aurkezpen elektronikoaren bitartez zuzen dezala eskatuko zaio eta ondorio horietarako, zuzenketa hori egin den eguna joko da eskaeraren aurkezpen-datatzat.
3.– Akatsak zuzentzeko fasea amaitu ondoren, organo kudeatzaileak aurkeztutako eskabideak eta dokumentuak aztertuko ditu eta egiaztatuko du deialdiko eskakizun orokorrak eta modalitate bakoitzeko eskakizun espezifiko guztiak betetzen direla. Horren ondoren, aurreikusitako balorazio-prozesurako zer proiektu onartu erabakiko du.
Edonola ere, eskabide guztiei buruzko ebazpena eta jakinarazpena agindu honen 12. artikuluari jarraituz egingo da.
9. artikulua.– Onartutako eskabideak balorazioa eta ebazpen-proposamena.
1.– Onartutako proiektuak baloratzeko, Balorazio Batzorde bat osatuko da modalitate bakoitzerako. Horren osaera Kulturako sailburuordearen ebazpen baten bitartez jakinaraziko da eta ebazpen hori EHAAn argitaratuko da, batzordeak lehenengo bilera egin baino lehen.
2.– Balorazio Batzordeetako burua Kultura Sustatzeko zuzendaria izango da edo hark izendatutako pertsona.
Idazkari gisa Zuzendaritza bereko teknikari bat izango da, zuzendariak aukeratua. Idazkariak hitza izango du, baina botorik ez.
Batzordeetako bokalak bi gutxienez eta bost gehienez izango dira, musikarekin edo kultur kudeaketarekin zerikusia duten profesionalen artetik izendatuta, berdin delarik independenteak diren edo gai honetan adierazgarriak diren Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeetan integraturik dauden. Horien izendapena Kulturako sailburuordeak egingo du.
3.– Balorazio-batzordeak eratzerako, ezinbestekoa da Emakumeen eta Gizonen Berdintasuneko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikulua betetzea.
4.– Modalitate bakoitzeko Balorazio Batzordeak, ezarritako esleipen-irizpideak kontuan hartuta, ebazpen-proposamena egingo dio Kulturako sailburuordeari.
5.– Batzordeek, beharrezkoa irizten diotenean, egoki ikusten diren argibideak emateko eskatu ahal izango diete eskatzaileei, proiektuen arduradunekin horretarako elkarrizketak hitzartuz ere bai, behar izanez gero. Halaber, Musika ekimen enpresarialen modalitatean eskabidea egiten duten pertsona guztiek Batzordearen aurrean beren proiektua defendatzeko aukera izango dute horrela eskatuz gero (1. formularioan). Proiektu bakoitzari 15 minutu eskainiko zaizkio gehienez.
10. artikulua.– Diru-laguntzak banatzeko irizpideak.
1.– Behin proiektuak modalitate bakoitzean finkaturiko irizpideen arabera baloratu ondoren, puntuen % 50 lortzen ez dutenak automatikoki baztertu egingo dira.
Nolanahi ere, artikulu honetan araututakoaren eta dagozkion erreferentzien arabera, modalitate bakoitzean dagoen erabilgarritasun ekonomikoaren menpe egongo da diru-laguntza jasotzea.
2.– Diru-laguntzen zenbatekoa zehazteko, lortutako puntuazioaren eta aurkeztutako proiektuaren aurrekontuaren arabera eskatutako kopuruaren arteko proportzionaltasun-irizpideak erabiliko dira.
Hala ere, Musika programazioaren modalitatean emango diren behin betiko kopuruak 27.3 artikuluan azaltzen den modulu prozeduraren arabera finkatuko dira.
3.– Bukaerako diru-laguntzak 4.5 artikuluan finkaturiko kopuru-muga orokorrak errespetatuko ditu baita modalitate bakoitzekoak ere.
11. artikulua.– Beste diru-laguntza batzuekiko bateragarritasuna eta modalitateen artekoa.
1.– Agindu honen 4.4 artikuluan eta artikulu honen gainerako paragrafoetan adierazitakoa errespetatuz, deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko zein pribatu batzuek helburu berbererako emandakoekin, betiere gain-finantzaketarik gertatzen ez bada. Gain-finantzaketarik badago, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.
2.– Deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzak ez dira bateragarriak izango Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak emandako diru-laguntzekin: ez proiektu bera egiteko, ez proiektuaren zatiren bat egiteko.
3.– Deialdiko modalitateren batean diru-laguntza jasotzen duen proiektu musikal batek ezingo du beste modalitateetako diru-laguntzarik jaso, bateraezinak baitira. Aurreikuspen honek ez du eraginik izango Musika programaziorako modalitatean emandako diru-laguntzen modalitatearen bitartez kontrataturiko musika-ekoizpenei dagokienez.
4.– Era berean, ezingo zaizkio pertsona eskatzaile berari batera diru-laguntzarik eman Musika proiektu unitarioen eta Musika-ekimen enpresarialen modalitateetan.
12. artikulua.– Ebazpena eta jakinarazpena.
1.– Deialdi honetako diru-laguntzak esleitzeko ebazpena Kulturako sailburuordeak emango du, Balorazio Batzordearen proposamena ikusita, eta sei hilabeteko epean interesdun guztiei jakinaraziko zaie, agindu hau indarrean jartzen denetik. Gainera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ebazpen horren erreferentzia bat argitaratuko da, denek horren berri izan dezaten.
2.– Ebazteko epea amaituta, interesdunari inolako jakinarazpenik egin ez bazaio, eskabidea errefusatutzat joko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.
3.– Jakinarazpena egindakotzat joko da Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoaren arabera.
Izapidetze telematikoaren kasuan, aldiz, eta Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 30.2 artikuluan xedaturikoari jarraikiz, Jakinarazpen-sistemak jakinarazpena ze egun eta ordutan jarri den interesdunaren eskuetan ahalbidetuko du; eta interesduna noiz sartu den edukira. Sartzen den momentutik aurrera pentsatuko da jakinarazpena eginda dagoela.
Jakin baldin badakigu iritsi zaiola jakinarazpena, baina hamar egun natural geroago oraindik ez baldin bada edukira sartu, ulertuko dugu jakinarazpena ukatu egin duela. Izapidea eginda dagoela ulertuko da eta prozedurak aurrera jarraituko du, non eta ez den garbi geratzen, ofizioz edo interesdunak eskaturik, teknikoki ezinezkoa izan zaiola edukira sartzea.
4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomoek ezaugarri bereko laguntza edo diru-laguntza batzuk eman badizkiote eta horiek itzultzeko edo zigorren bat ezartzeko prozeduraren bat izapidetzen ari bada, prozedura bukatu arte ezingo da diru-laguntza onartu, eta hala badagokio, ordaindu. Halaber, jasotako diru-laguntza bere diru-sarreren artean berriz sartu ez izana, itzultze-prozedura bat bukatutakoan, berriz ez sartzeko agintzen duen ebazpen bat eman bada, ezingo da diru-laguntza onartu, eta hala badagokio, ordaindu.
13. artikulua.– Betebeharrak.
Laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:
a) Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, pertsona onuradunek diru-laguntza eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.
b) Diruz lagundutako proiektua deialdirako aurkeztu diren baldintzetan garatzea. Dena den, aldaketak ere egin ahal izango dira, baldin eta aldaketok funtsezkoak ez badira eta ez badute bideragarritasun ekonomikoa eragiten. Aldaketa horiek idatziz jakinaraziko zaizkio Kulturako sailburuordeari eta hark hamabost eguneko epea izango du, jakinarazpena jasotzen duen egunetik hasita, aldaketak onartu edo gaitzesteko. Epea inolako jakinarazpenik gabe igaroz gero, aurkeztu den aldaketa onartu egin dela ulertuko da.
c) Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari diru-laguntzen erabilera kontrolatzeko behar duten informazio guztia ematea.
d) Diru-laguntza jaso duen lanari buruz argitaratzen diren disko, katalogo, programa, iragarpen-kartel eta gainerako material grafikoaren ale guztietan Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza politikaren diru-laguntza espresuki adieraztea. Material hori, Euskal Autonomia Erkidegorako denean, hizkuntza ofizial bietan egingo da gutxienez.
e) Agindu honetan ezartzen diren betebehar eta baldintzak betetzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako diren laguntzak eta diru-laguntzak jaso ahal izateko ezartzen direnak, baita Diru-laguntzen 38/2003 Lege Orokorrak bere 14. artikuluan jasotako.
14. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketa eta justifikazioa.
1.– Diru-laguntzak honela ordainduko dira:
a) Lehenengo ordainketa, emandako diru-laguntzaren % 50, ebazpena jakinarazten denetik aurrera egingo da, 13.a) artikuluan aipatutako epea igarota, diru-laguntzari uko egin ez bazaio.
b) Gainerako % 50a, 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera, hurrengo paragrafoan xedatutakoaren arabera.
2.– Pertsona onuradunek, dagokion jarduera amaituta, betiere 2019ko azaroaren 30a baino lehen, ondorengo dokumentazioa aurkeztu beharko dute:
2.1.– Egindako jarduerei buruzko txostena eta ebaluazioa.
2.2.– Dagozkion agiri edo material hauek:
a) Ekoizpen eta edizio grafikoak, soinudunak edo ikus-entzunezkoak: editatutako edo ekoitzitako materiala.
b) Zuzeneko musika ekoizpenen estreinaldiak: kontratua edo haren egiaztagiria.
c) Partituren edizioa: obra ISMN-ko (International Standard Music Number) erregistroaren egiaztagiria.
d) Musika programazioa: deialdi honen eremuan programaturiko kontzertuen eta taldeen zerrenda, artikulu honen 2.3.2 artikuluaren arabera.
e) Jarduera sustatzeko edo zabaltzeko katalogoak, programak eta landutako beste edozein material; Kultura eta Hizkuntza politikaren sailak emandako diru-laguntzaren aipamenaz (13.d artikuluan aipaturiko betebeharra).
2.3.– Justifikazio ekonomikoa:
Agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
1) Burututako proiektua dela-eta izandako gastuen eta sarreren balantzeari buruzko erantzukizunpeko aitorpena.
2) Diruz lagundutako programa edo jarduera gauzatzeak sorturiko gastuak justifikatzen dituzten dokumentu guztien zerrenda (5.6 artikuluan aipaturiko euskadi.eus-eko helbide elektronikoan ezarritako ereduaren arabera).
Musika Programazioaren modalitaterako, zerrenda horrek, gutxienez, emandako diru-laguntza bere kalkulurako erabilitako moduluaren (27.3 artikulua) arteko zatiketaren emaitza bezainbeste kontzertu kopurua jaso beharko du; eta bakoitzari buruz, honako datu bakanatuak: - data eta musika taldea; - ekoizpen, katxe eta dietak; - bertaratutako publikoa eta diru-sarrerak.
3) Emandako diru-laguntzaren adinako gastuak, gutxienez, justifikatzen dituzten egiaztagiri eta fakturak.
4) Helburu berbererako jasotako beste laguntzen aipamena, baldin eta eskabidea aurkeztu zen unea, onuradunak horien berri ez izanagatik aitortu ez bazituen.
5) Edozelan ere, behin aurkeztutako dokumentazioa aztertuta, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak, laginketa-tekniken bidez, diruz lagundutako jardueraren aurrekontutik egoki irizten dituen egiaztagiriak eskatu ahalko ditu.
Halaber, hala eskatuz gero, pertsona onuradunek konpromisoa hartuko dute aurkeztutako aurrekontu osoa justifikatuko duten egiaztagiriak Zuzendaritzaren eskura uzteko.
6) Diru-laguntzen justifikazioak aurkezteko kontuan hartu behar dira eskabide-aurkezpenak direla-eta agindu honen 5. artikuluan emandako argibideak. Halaber, justifikazio-ereduak artikulu horretako 5.3 puntuan aipaturiko egoitza elektronikoan ikusgai daude.
15. artikulua.– Aldaketa-ebazpena.
Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuz gero (betiere, helburua bete egin dela iritziz gero) edo beste edozein erakunde publikotatik zein pribatutatik ere diru-laguntzaren bat jasoz gero, diru-laguntzak esleitzeko emandako ebazpena aldatu egin ahal izango da. Horrelakoetan, Kulturako sailburuordeak likidazio-ebazpena emango du, diru-laguntzen zenbatekoak doitzeko.
16. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Hauek izango dira ez-betetzeak:
a) Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.
b) Agindu honetan edo diru-laguntza emateko egintzan adierazitako betebeharrak ez betetzea.
c) Diru-laguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea (hala badagokio).
d) Diru-laguntzekin lotutako beste edozer eta, zehazki, Diru-laguntzen 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan jasotakoak.
2.– Ez-betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren eta abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko Dekretua, hurrenez hurren).
II. KAPITULUA
MUSIKA-PARTITUREN EDIZIOA EGITEKO DIRU-LAGUNTZAK
17. artikulua.– Laguntzen diren jarduerak eta laguntzetako mugak.
1.– Modalitate honen bidez, Euskal Herrian jaio edo bizi diren egileen obretako partituren argitalpen profesionala sustatuko da, obra horiek zuzenean zabalduak izateko.
2.– Diruz lagunduko diren proiektuek honako irizpide hauek bete beharko dituzte:
– Argitalpen inprimatua eginez gero, gutxienez 300 aleko tirada bat egitea (ganbarako obrak edo formatu handiko obra sinfonikoak izan ezik, non, obraren eta edizioaren helburuaren arabera, ohiko usuak kontuan hartuko baitira).
– Banaketa digitalaren kasuan, salmentarako plataforma komertzial egokia izatea.
3.– Espresuki geratuko da deialdi honetatik kanpo material didaktikoen edizioa.
4.– Modalitate honetan, eskatzaile bakoitzak proiektu bakar baterako diru-laguntza jaso ahal izango du gehienez, nahiz eta horren barruan argitalpen proiektu desberdinak azaldu eta aurrekontu egin (lau gehienez).
Dena den, onuradun bati ezingo zaio 8.000 euro baino gehiagoko kopurua eman, ez eta eskatutakoaren % 50a baino gutxiago ere.
18. artikulua.– Hautaketa eta balorazio irizpideak.
Modalitate honetan aurkezturiko proiektuak baloratzeko eta puntuatzeko ondorengo irizpideak eta puntuazioaren orokorraren gaineko portzentaiak erabiliko dira:
1.– Argitalpen proiektua:
a) Kultura eta musika aldetik, ondare edo arte aldetik proiektuak duen interesa, kontuan harturik argitaratu beharreko objektua –egilea eta lana– (% 35).
b) proiektua argitaratzeko plana eta zabalkunderako plana (% 15).
c) Proiektuaren aurrekontuaren zehaztapena eta koherentzia (% 15).
d) Autofinantzaketa maila (% 5).
e) Emakumeek konposaturiko obren partiturak editatzea (% 5).
2.– Erakunde eskatzailearen balorazioa, Euskadiko musika-jarduera profesionala ekoizteko eta zabaltzeko entitate gisa, 2017. urtea erreferentziatzat hartuta eta erreferentzia hauen arabera:
a) Antzinatasuna (% 5); b) Pertsonal-bolumena % 5); c) Ekoizpen bolumena (% 5); d) Euskadiko musikariei dagozkien zerbitzuak eta ekoizpenak (% 10).
III. KAPITULUA
MUSIKA-PROIEKTU UNITARIOETARAKO DIRU-LAGUNTZAK
19. artikulua.– Eskatzailearen betekizun espezifikoak.
1.– 3.1 artikuluan aipatzen direnez gain, modalitate honetako eskatzaileek dagozkien ondorengo baldintzak bete behar dituzte.
2.– 20.1.1 artikuluan aipatzen diren jardueretarako, proiektuari dagokion musika taldeak hauetako irizpide bat, gutxienez, betetzen duela:
a) Bi disko gutxienez argitaratua izana eta lehenengoa, 2013. urtea baino lehen.
b) Bere musika ibilbide osoaren zehar, Euskaditik kanpo 45 kontzertu profesional egin izana.
3.– 20.1.2 artikuluan aipatutako jardueretarako, modalitate honetako arloetan bi proiektu gutxienez egin izana, 2013. urtearen ondoren.
4.– Proiektua bultzatzen duen pertsonaren edo taldearen curriculum-ari edo ibilbideari dagokionez, egungo izen desberdina duten proiektuen erreferentziak onartuko dira, baldin eta Balorazio Batzordearen iritziz, proiektuotan pertsona edo talde horren inplikazioa behar bezala egiaztatuta gelditzen bada.
20. artikulua.– Laguntzen diren jarduerak eta laguntzetako mugak.
1.– Modalitate honen bitartez, jarduera hauek diruz lagundu ahal izango dira:
1.1.– Aktiboan dauden eta Euskal Herrian jaio edo bizi diren musikariak:
a) Musika-ekoizpenak, zuzenekoak nahiz euskarri fonografikokoak.
b) 2015. urtearen ondorengo musika proiektu baten promozioa eta zabalkundea.
1.2.– Euskal musikaren alorreko bestelako ekintzak:
a) Publikoen sentsibilizazioa edo formakuntza.
b) Euskal Herriko Musika jardueraren ikerketa eta zabalkundea.
c) Musika sektore profesionalaren eragileen etengabeko prestakuntza (eskatzailearen beraren prestakuntza jarduerak izan ezik).
2.– Proiektuek, beren diseinu eta prestaketarako, lan, entsegu eta materialak jaso eta aurrekontuan sartu ahalko dituzte baita beraien lehenengo aurkezpen publikoari dagozkionak ere, hori zuzenean formatu fonografikoan ala beste batean izanik.
3.– Proiektu batek bi fasetan (edo euskarritan) edo gehiagotan planifikatu ahal izango da eta deialdi honen edizio batera baino gehiagotara sarbide izan, beti ere, fase bakoitzerako bere aurkezpen publikoa aurreikusten bada eta ez inongo aurrekontu bikoiztasunik.
4.– Jarduera hauek ez dira diruz lagunduko:
a) Artikulu honen 1. puntuan aipatutako ekoizpen edo jardueren lehengo aurkezpenaren ondorengo kontzertuak, berrargitalpenak edo halako ekitaldiak.
b) Ekoizpenen edo edukien berrargitalpena.
c) Formakuntza akademikora edo eskolarrera soilik bideratutako jardueren edo materialen edizioa.
d) Sariak eta lehiaketak.
e) Abesbatzen elkarteen eremutik bultzatutako jarduerak.
f) Artisten ordezkaritza jarduera orokorra.
g) Birak edo bestelako kanpo-presentziako edo zabalkundeko jarduerak.
5.– Modalitate honetan, eskatzaile bakoitzak proiektu bakar batentzako jaso ahal izango du eta eman litekeen diru-laguntza ezingo du 8.000 euroko kopurua gainditu ezta eskatutakoaren kopuruaren % 50a baino txikiagoa izan.
21. artikulua.– Hautaketa eta balorazio irizpideak.
Modalitate honetan aurkezturiko proiektuak baloratzeko eta puntuatzeko ondorengo irizpideak eta puntuazioaren orokorraren gaineko portzentaiak erabiliko dira:
1.– Proiektuaren interes orokorra, irizpide hauen arabera:
a) Balio artistiko-kulturala (% 25).
Proiektu bakoitzaren tipologiaren arabera, atal honetan, ondorengo aldeak kontuan hartuko dira: balio musikal-artistikoa, ondarezko balioa edo musika zabalkunde, formakuntza eta sentsibilizazioari dagozkien ekarpenak.
b) Garapen eta zabalkunde plana (% 15).
c) Musika jarduera profesionalaren egungo panoramaren inguruko planteamenduak eta berrikuntza-maila (% 10).
2.– Musika taldea edo proiektua garatzeko ardura duen lantaldearen ibilbide profesionala (% 15).
3.– Proiektuaren aurrekontua: a) Zehaztapena eta koherentzia (% 15); b) Autofinantzaketa maila (% 5).
4.– Musika-proiektuan euskarak duen presentzia (% 10).
5.– Emakumeen partaidetza proiektuaren jardueretan (% 5).
IV. KAPITULUA
MUSIKA-EKIMEN ENPRESARIALETARAKO DIRU-LAGUNTZAK
22. artikulua.– Eskatzailearen betekizun espezifikoak.
3.1 artikuluan aipatzen direnez gain, modalitate honetako eskatzaileek dagozkien ondorengo baldintzak bete behar dituzte.
a) Enpresa jarduera garatu izana 2015. urtea baino lehen, hauetako arloren batean:
– Ekoizpen fonografikoa.
– Zuzeneko musika ekoizpena edo ordezkaritza.
– Musika-zabalkundea.
– Publikoen sentsibilizazioa.
b) Testuinguru horretan, jarduerak 2017. urtean zehar lau euskal artista edo talde eta proiektu desberdinei sustapen enpresariala eman izana.
23. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak eta laguntzetako mugak.
1.– Modalitate honen bitartez, ondorengo jarduera bat edo gehiago kontenplatzen dituzten proiektuak sustatuko dira:
1.1.– 20.1 artikuluan aipatutako guztiak (musika-proiektu unitarioak).
1.2.– Entitatea musika jarduera eta industriaren egungo egoerara egokitzeko ekintza espezifikoak.
2.– Modalitate honetan diruz lagundu daitezkeen jarduerei dagokienez, aplikagarriak dira, baita ere, 20. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetako aurreikuspenak.
3.– Modalitate honetan ez dira diruz lagunduko 20.4 artikuluan finkaturiko jarduerak.
4.- Proiektu batek gehienezko lau jarduera partzial aurreikusi ahalko ditu, edozelan ere, horietako bakoitza argi identifikaturik, formulazioari, helburuei eta aurrekontuari dagokienez.
5.– Modalitate honetan, eskatzaile bakoitzak proiektu bakar batentzako jaso ahal izango du eta eman litekeen diru-laguntza ezingo du 25.000 euroko kopurua gainditu ezta eskatutakoaren kopuruaren % 50a baino txikiagoa izan.
24. artikulua.– Hautaketa eta balorazio irizpideak.
Modalitate honetan aurkezturiko proiektuak baloratzeko eta puntuatzeko ondorengo irizpideak eta puntuazioaren orokorraren gaineko portzentaiak erabiliko dira:
1.– Proiektuaren interes orokorra, irizpide hauen arabera:
1.1.– Balio artistiko-kulturala (% 15).
Proiektu bakoitzaren tipologiaren arabera, atal honetan, alde hauek hartuko dira kontuan: balio musikal-artistikoa, ondarezko balioa edo musika zabalkundeari, formakuntzari eta sentsibilizazioari dagozkien ekarpenak.
1.2.– Garapen eta zabalkunde plana (% 10).
1.3.– Proiektuaren aurrekontua: a) Zehaztapena eta koherentzia (% 15); b) Autofinantzaketa-maila (% 5).
1.4.– Emakumeen partaidetza proiektuaren jardueretan (% 5).
2.– Musika-proiektuan euskarak duen presentzia (% 10).
Atal honetan proiektuan sartutako ekintzak kontuan hartuko dira, baita entitatearen ibilbidea eta jarduera orokorra ere, bere jardueraren tipologiaren arabera.
3.– Erakunde eskatzailearen balorazioa, Euskadiko musika-jarduera profesionala ekoizteko eta zabaltzeko entitate gisa.
3.1.– 2017. urtea erreferentziatzat hartuta:
a) Pertsonal-bolumena (% 15); b) Antzinatasuna (% 5); c) Jarduera orokorra (% 5); d) Euskadiko musikariei dagozkien zerbitzuak eta ekoizpenak (% 5).
3.2.– Ibilbidea eta musika jardueraren egungo panoramari egokitzapena, zehazki:
a) Entitatearen historiala (% 5); b) Enpresaren bideragarritasunerako planteamenduak (% 5).
V. KAPITULUA
MUSIKA-PROGRAMAZIORAKO DIRU-LAGUNTZAK
25. artikulua.– Eskatzailearen betebehar espezifikoak.
Agindu honen 3.1 artikuluan adierazitako betebeharrei kalterik egin gabe, eskatzaileek egiaztatu behar dute honako baldintza hauek betetzen dituzten lokalaren titularrak direla edo zuzeneko musika programatzen duten musika-aretoen kudeatzaileak direla:
a) Euskararen geografiaren eremuaren barruan kokatuta egotea.
b) Musika-ekitaldietarako behar den hirigintza- edo udal-lizentzia izatea, bai eta erantzukizun zibileko aseguruak ere.
c) Gutxienez 120 lagunentzako legezko edukiera izatea.
d) Musika programaziorako ekipamendu eta langile teknikoen multzo egonkorra izatea.
e) Ordain-sarrerako ondorengo musika-ekitaldi kopurua gutxienez, programatu izana 2017. urtean, kanpoan utzita DJ saio esklusiboak, eta ospakizun partikularrak:
– 100.000 biztanle baino gehiagoko herriak: 20.
– Gainerako herriak: 12.
26. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta aretoen konpromisoak.
1.– Modalitate honen helburua da 2018ko urriaren 1etik 2019ko irailaren 30era bitartean egiten diren euskal musika-taldeen programazioak laguntzea.
2.– Modalitate honen bitartez lagundutako kontzertuetan programatzen diren taldeek hauetariko baldintza bat bete beharko dute: a) musikaren sortzailea edo beren kideen erdia Euskal Herrian helbidea izatea; b) beren ohiko errepertorioan euskara hizkuntza nagusia izatea.
3.– Laguntzen diren musika kontzertu edo ekitaldiek, beren formatua edozein delarik ere, ordain-sarreraren gutxienez 6 euroko ordain-sarrera aurreikusi behar dute.
4.- Proiektu bakoitzak, artikulu honetan definituriko irizpideen arabera, egin beharreko gutxienezko kontzertu kopurua zehaztu beharko du, beraientzako orotariko aurrekontua baita eskaturiko kopuru ekonomikoa, zeinek ezingo baitu deialdiak finkatzen dituen mugak gainditu (4.5 eta 27.4 artikuluak).
5.– Modalitate honen bitartez diru-laguntza jasotzen dutenek konpromiso hauek bereganatuko dituzte:
a) Deialdi honen bitartez jasotako diru-laguntza artikulu honetako 1. eta 2. paragrafoetan aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten kontzertu eta Musika taldeen programazioari dagozkien ordainsarien, ekoizpen edo promozio gastuetan erabiltzea.
b) Lokal publiko eta kontzertu-antolatzaile gisa dagozkien obligazio guztiak betetzea.
c) Deialdi honen bitartez lagundutako kontzertuetan parte hartzen duen edozein talderen ordainsaria ez da inoiz 300 euro baino txikiagoa izango.
d) Modalitate honen eremuko taldeen kontzertuak zabalkundea egitea, horretarako eta Kultura eta Hizkuntza politika sailaren «Euskadiko Soinuak» programaren eta «Zuzen-zuzenean» zirkuituaren goiburuak erabiliz.
27. artikulua.– Balorazio irizpideak eta diru-laguntzak banatzeko irizpideak.
1.– Modalitate honetan aurkezturiko proiektuak proiektuak baloratzeko eta puntuatzeko ondorengo irizpideak eta puntuazioaren orokorraren gaineko portzentaiak erabiliko dira:
a) 2017. urtean egiaztatutako ordain-sarreradun programazioa, erreferentzia hauen arabera:
a.1.– Programatzen diren musika taldeen kopurua (% 30).
a.2.– Talde nagusi gisa programatzen diren euskal taldeen kopurua (% 25).
a.3.– Nagusiki euskarazko errepertorioa duten programatutako taldeen kopurua (% 15).
a.4.– Emakumeen lidergoa edo beraien presentzia nagusi den taldeen kopurua (% 5).
b) «Zuzen-Zuzenean» zirkuituan partaide gisako antzinatasuna (% 10).
c) Eskatzailearen ibilbidea eta kultura profila:
c.1.– Kultur planteamendua eta dagokion herriko kolektibo eta elkarteekiko harremanak (% 10).
c.2.– Ohiko musika programazioaz gain, Kultur jardueren programa 2017an (% 10).
2.– Modalitate honetan, behin betiko puntuazioa kalkulatzeko, eta 10.1 artikuluan finkatutakoa betetze aldera, areto bakoitzak balorazioaren a) atalean lorturiko puntuazio zuzena 75 (gehienezkoa) eta 35 (gutxienezkoa) puntuen arteko tartera haztatu egingo da.
3.– Onuradun bakoitzari dagokion diru-laguntza kalkulatzeko honela egingo da: onuradunari, lortutako puntuazioaren arabera, era proportzional eta haztatuan, 2 eta 9 arteko indizea ezarriko zaio, Indize hori, areto horren edukiaren arabera dagokion hurrengo modulu estandarrekin biderkatuko da:
4.– Aurreko eragiketen emaitzak modalitate honetan erabilgarri den aurrekontu-zuzkidura osoarekiko proportzioan haztatuko dira. Dena den onuradun bati ezingo zaio 18.000 euro baino gehiagoko diru-laguntza eman.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu honen bidez araututako diru-laguntza programa Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 araudian (Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, L 352/1, 2013-12-24) ezarritako minimis arauaren mendean dago (araudi hori Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis diru-laguntzei aplikatzeari buruzkoa da). Ondorioz, Kultura eta Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak beharrezkoak diren mekanismoak jarriko ditu abian, enpresa jakin bati emandako diru-laguntza osoa ez dela 200.000 eurotik gorakoa izango bermatzeko hiru ekitaldi fiskaletako edozein alditan.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Interesdunek eskabideetan emandako datuak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Kultura Sustatzeko Zuzendaritzaren titulartasuneko fitxategi batean sartuko dira, hala ezarritako baitago Izaera Pertsonaleko Datuak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan. Fitxategiak «Kultura sortzeko eta hedatzeko laguntzak eta diru-laguntzak» du izena, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko abenduaren 2ko Aginduaren bidez araututa dago eta haren xedea laguntza-espedienteak kudeatzea da. Datuak Babesteko Euskal Bulegoari lehendik eman zaio fitxategi horren berri, eta datuen segurtasun osoa bermatzeko beharrezko diren segurtasun-neurriak ditu; datu horiek ez zaizkie hirugarrenei jakinaraziko, legez agindutako kasuetan izan ezik.
Izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko araudiarekin bat etorriz, datuok eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta datuoi aurka egiteko eskubideez baliatu ahalko da Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzaren aurrean. Horretarako, honako helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak ere aztertu eta egiaztatu ahalko ditu emandako datuak, laguntzak zuzen esleitzeko.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 22a.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.