EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-05-29 Aldizkari honetan argitaratua: 2018102

EBAZPENA, 2018ko maiatzaren 7koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ematen baita ingurumen-txosten estrategikoa Donostiako HAPOren A.U.05.2 San Ignacio-H. Garate azpieremuari dagokionez egitekoa den Hiri Antolamenduko Plan Bereziarekin loturik.

Xedapenaren data: 2018-05-07
Hurrenkenaren zenbakia: 201802818
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
Donostiako Udalak, 2017ko azaroaren 29an, eskabide bat aurkeztu zuen ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozeduraren izapideak egiten hasteko, honako plan honi dagokionez: Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko A.U.05.2 San Ignacio-H Garate azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia; aurrerantzean, plan berezia. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola plan bereziaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa; azken horrek Ingurumen-ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) 29. artikuluan ezarritako edukia zuen. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan, dokumentu hori egin duten pertsonak aipatzen dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.
2018ko otsailaren 16an, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatzeko, eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsulta egiteko izapidea abiarazi zen, eta eskatu zitzaien bidal zitzatela egokitzat jotzen zituzten eta ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko oinarri izan zitezkeen ohar guztiak. Zehazki, kontsulta egin zitzaien Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, Gipuzkoako Ekologistak Martxan elkarteari eta Lanius Ornitologi elkarteari. Era berean, Donostiako Udalari ere jakinarazi zitzaion prozeduraren hasiera.
Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri ipini zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok egokitzat jotzen zituen ingurumen-arloko oharrak egiteko.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzaren eta Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren –biak Eusko Jaurlaritzakoak– txostenak jaso dira (espedientean dago horren emaitza).
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu izanik.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintzako lehen faseetan, eta alternatiba egokienak aukeratzeko, ingurumenean izango diren eraginen analisia sartzen dela, jarduera desberdinen eragin metagarri eta sinergikoak kontuan hartuko direlarik.
Plan berezia abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasa behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua honako hauek zehazteko: ingurumen-eragin adierazgarririk ez duela –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edo ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar dela, ingurumenean eragin adierazgarria izan dezakeelako. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean dago araututa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Dokumentazio teknikoa eta plan bereziaren ingurumen-ebaluazioaren espedientean jasotako txostenak aztertuta – Donostiako HAPOren A.U.05.2 azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren espedientea–, eta ikusirik ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera) ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak plan bereziaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak.
Hauek ikusirik: Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko A.U.05.2 San Ignacio-H. Garate azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari dagokion ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian adierazten diren zehaztapenekin:
A) Planaren deskripzioa: helburuak eta jarduketak.
Plan berezi honen helburua da lurzati baten («C» lurzatia) hirigintza-garapen xehatua egitea, hirugarren sektoreko erabilerarako eraikin berri bat jartzeko han, indarrean dagoen Donostiako HAPOren zehaztapenak betez; lurzatiak hiri-lurzoru finkatuaren sailkapena du, eta A.U.05.2 San Ignacio-Hemanos Garate azpieremuaren iparraldean dago, eraiki gabeko zonan kokatua.
Plan berezi honetan, aurreikusitako eraikinaren lerrokadura eta sestrak zehazten dira; gehieneko lerrokadurak dira, behin betikoak dagokion eraikuntza-proiektuan definituko dira eta.
Plan bereziaren eremua Donostiako hiri-egituraren barruan dago; partzialki aldatutako 8 037.57 m
Plan bereziaren eremua Babes Akustiko Bereziko Zona batean (Urumeako BABZ, 2017ko urtarrilean onetsia) dago; lehentasunezko helburuak ezarri dira harekin loturik, bai eta helburu horiek betetzeko konponbide akustikoak ere.
B) Behin plan bereziaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, planak ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa behar duen ala ez zehazteko.
1.– Plan bereziaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
a) Plan bereziak zer-nolako esparrua ezartzen duen proiektuarentzat eta beste jarduera batzuentzat: plan bereziak hirugarren sektoreko erabilerara zuzendutako hiri-lurzoruko lurzati baten antolamendu xehatua definitzen du. Aurkeztutako agiriak ikusita, planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Zer-nolako eragina duen plan horrek beste plan edo programa batzuetan: plan bereziak ez du ondoriorik izango beste plan edo programetan.
c) Plan berezia egokia den ingurumenaren arloko kontsiderazioak integratzeko, batez ere, garapen jasangarria sustatzearren: plan bereziak hiri-lurzoruetan esku-hartzea du lehentasuna, beraz, lurzoruaren kontsumoa murrizten du. Planteatzen den eraikin berriari dagokionez, ingurumen-dokumentu estrategikoak zenbait neurri ezartzen ditu energetikoki efizienteagoak diren hiri-sistemak sustatzearen inguruan; besteak beste, energia errendimendu baxuko instalazioak jartzeko exijitzen da, bai eta energia-iturri berriztagarrietatik energia lortzeko ekipamenduak eta beste eraikuntza-konponbide efiziente batzuk sustatzeko ezartzen ere.
d) Ingurumen-arazo esanguratsuak planarekin edo programarekin loturik: azterketa-eremua hiri inguruko ingurune antropizatu batean dago, eta ez dauka natura-balio nabarmenik. Horrenbestez, ez da arazo esanguratsurik atzematen plan berezia garatzeko, betiere segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, paisaiari, kutsadura akustikoari eta kultura ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudiarekin bat etorriz burutzen badira eraginpeko eremuan burutuko diren jarduketak eta aktibitateak.
e) Era berean, plana egokitzat jotzen da ingurumen arloko Europar Batasuneko edo nazio-mailako legedia txertatzeko.
2.– Sor daitezkeen ingurumen-efektuak eta ziur asko eragina jasoko duen eremuaren ezaugarriak:
Planteatzen diren jarduketak ikusita, plan bereziaren eremua hiri-lurzoru finkatua denez eta eraginpeko-ingurunean naturagune nabarmenik edo ingurumen-balio eta urrakortasun handiko eremurik ez dagoenez, ez da aurreikusten plan horrek ingurumen-eragin negatibo adierazgarririk sortuko duenik. Ebazpen honen A atalean aipatu den bezala, eremua Urumeako Babes Akustiko Bereziko Zonan dagoela baino ez da azpimarratu behar. Plan bereziaren azterketa akustikoaren emaitzak agerian utzi duenez, proiektatu den eraikinari dagokionez, ez dira gaindituko dagozkion legeetan ezarritako kalitate akustikoaren helburuak, ez lurzatiaren perimetroan, ez fatxadan.
3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta plan berezian bertan jasotakoaren arabera. Aplikatu beharreko neurrien artean, proiektua gauzatzearen ondoriozkoak nabarmentzen dira, zeinek loturik egon beharko duten obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin (ikus ebazpen honen I. eranskina, hor plan berezitik eratorritako proiektuko obrak gauzatzeko neurri babesle eta zuzentzaileetako batzuen zerrenda agertzen da).
Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriago izan daitezen beharrezko diren ezaugarriei dagokienez,
– Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kopurua murriztea.
– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrietatik datorren energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.
– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.
– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago isurtzea.
– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasungarritasuna hobetzea.
Bigarrena.– Xedatzea, ingurumen-txosten estrategiko honetan adierazitakoaren arabera, ez dela aurreikusten Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko A.U.05.2 San Ignacio-H. Garate azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ingurumen-eragin handirik izatea. Hortaz, ez zaio ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikorik egin behar.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraztea.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Bosgarrena.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren A.U.05.2 San Ignacio-H. Garate azpieremuko Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzen ez bada. Halako kasuetan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 7a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.
ERANSKINA
– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua.
– Hondakinen sorrera eta kudeaketa: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legean (uztailaren 28ko 22/2011 Legea) eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren (Hondakin Toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzekoa) 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte.
– Olio erabiliak Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1988 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
– Induskatutako lurzoruen kontrola: Donostiako Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.
– Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo kaleak erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.