EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-05-24 Aldizkari honetan argitaratua: 2018099

98/2018 EBAZPENA, maiatzaren 18koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari zenbait jarduera egiteko agindua emateko erabakia, Santurtziko Antonio Alzaga kaleko 2, 4 eta 8 zenbakietako etxeetan eta lokaletan eragindako kalte guztiak konpontzeko.

Xedapenaren zenbakia: 201800098
Xedapenaren data: 2018-05-18
Hurrenkenaren zenbakia: 201802749
Maila: Ebazpena
Jaurlaritzaren Kontseiluak, 2018ko maiatzaren 15ean egindako bileran, erabaki du Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari agintzea Santurtziko Antonio Alzaga kaleko 2, 4 eta 8 zenbakietako etxeetan eta lokaletan eragindako kalte guztiak konpon ditzala. Horrenbestez, erabaki horri publikotasuna emateko, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara ematea erabaki bat, zeinaren bidez Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari agintzen baitzaio Santurtziko Antonio Alzaga kaleko 2, 4 eta 8 zenbakietako etxeetan eta lokaletan eragindako kalte guztiak konpon ditzala. Erabakia honi atxikitako eranskinean jasotzen da.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 18a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 18KO 98/2018 EBAZPENARENA
JAURLARITZAREN ERABAKIA, 2018KO MAIATZAREN 15EKOA, RED FERROVIARIA VASCA-EUSKAL TRENBIDE SAREARI AGINTZEKO SANTURTZIKO ANTONIO ALZAGA KALEKO 2, 4 ETA 8 ZENBAKIETAKO ETXEETAN ETA LOKALETAN ERAGINDAKO KALTE GUZTIAK KONPON DITZALA
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 7. artikuluak Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren esku utzi zituen trenbideen gaineko egitekoak.
Bilboko metropoli-trenbidearen gainean dituen eskumenetan sartzen diren proiektuak, obrak eta gainetiko jarduketak eta Bilboko metropoli-trenbidearekin zerikusia duten Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eskumeneko gainerako jarduketak Garraio Azpiegituraren Zuzendaritzaren esku uzten ditu Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta egitekoak xedatzen dituen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuaren 22.1.d) artikuluak.
Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari buruzko maiatzaren 21eko 6/2004 Legearen bidez, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea zuzenbide pribatuko erakunde publikoa sortu zen, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 15. artikuluan aurreikusten direnetakoa (1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onartzen duena). Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren eskumena zabaltzen da Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoak diren eta enkargatzen zaizkion trenbide-azpiegitura guztietara (egungoak edo etorkizunean eraikiko direnak).
Gainera, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen maiatzaren 21eko 6/2004 Legearen 5.4 artikuluaren arabera erakundearen helburuetan sartzen da, halaber, Jaurlaritzak agintzen dion eta, zuzenean edo zeharka, trenbide-garraioko azpiegiturak eraiki, zaindu eta administratzearekin zerikusia duen beste edozein eginkizun, eta, bereziki, hauek: azterlan eta proiektuak idaztearekin zerikusia duten eginkizunak, eta trenbide-garraioko politikari, telekomunikazio-zerbitzuei eta gune publikoen erabilerari loturik dauden azpiegituren kudeaketarekin zerikusia dutenak, edozein dela ere kudeaketa horretarako erabiltzen den negozio juridikoa, betiere zuzenbidean onartzen direnetakoa bada.
2005eko uztailaren 19an, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan trenbide-azpiegituren eskumena duen sailak Bilboko metropoli-trenbidearen 2. lineako Portugalete-Santurtzi tartea eraikitzeko obra-kontratua esleitu zion Santurtzi ABEEari, Construcciones y Promociones Balzola SA, Nortunel SA eta Urazca Construcciones SA enpresek osatutakoa.
Obra horien barruan, 1.744,41 metro lineako tunel eraiki ziren, errail bikoitzekoak eta 8,80 metroko zabalerakoak, eta bi geltoki hondeatu ziren, baita horiei dagozkien sarrera-kanoiak, larrialdietarako aireztapen-galeriak, nasa azpiko aireztapen-galeriak eta igogailua ere.
2005eko azaroaren 8an sinatu zen kontratua, eta zuinketa egiaztatzeko akta, berriz, 2005eko azaroaren 11n.
Kontuan hartu beharreko zenbait kalte antzeman ziren Santurtziko Antonio Alzaga kaleko 2, 4 eta 8 zenbakietako etxeetan eta lokaletan. Horren ondorioz, Santurtziko Udalak hainbat erreklamazio egin zituen eta alderdiek zegozkien aditu-txostenak eman zituzten (bizilagun-erkidegoek, Santurtziko Udalak, Euskal Trenbide Sareak eta Portugalete-Santurtzi tarteko obren esleipendun izan zen ABEEak).
2012ko abenduaren 28an, Antonio Alzaga kaleko 2, 4 eta 8 zenbakietako jabe-erkidegoek ondare-erantzukizuneko erreklamazioa egin zioten Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari, higiezinetan eragindako kalteengatik. Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak 2014ko urriaren 9an emandako Agindu bidez gaitzetsi zen erreklamazio hori, eta kalkulatu zen higiezinek 75.168,67 euroko, 237.508,74 euroko eta 246.219,36 euroko kalteak zituztela, hurrenez hurren.
2017ko otsailaren 10ean, EA-NV, EH-Bildu, Elkarrekin-Podemos eta ES-SV Legebiltzarreko taldeek legez besteko proposamen hau aurkeztu zuten Eusko Jaurlaritzako Mahaian: «Eusko Legebiltzarrak eskumena duten administrazioei eskatzen die, bereziki Bizkaiko Garraio Partzuergoari, Euskal Trenbide Sareari eta Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari, berriro hel diezaiotela Antonio Alzaga kaleko 2, 4 eta 8. zenbakietako etxe eta lokalen espedientearen azterketari, behar diren neurriak har ditzaten sortutako kalte guztiak konpondu eta horiei irtenbidea emateko, hortik eratorritako gastuak ordainduz Euskadiko Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan dagokien diru-partidaren bidez».
Legez besteko Proposamen hori honela justifikatu zen:
«Iragan abenduaren 29an, Santurtziko Udalaren Osoko Bilkurak aho batez mozioa onartu zuen, Antonio Alzaga kaleko 2, 4 eta 8. zenbakietako etxebizitzen egoerari buruz.
Mozio horren zioen azalpenaren arabera, eraikinak egin zirenetik –duela 50 urte baino gehiago– lur-mota eta eraikinen eraikuntza-mota ez dira arazo izan, erabiltzeko moduan baitzeuden metroa egiteko lanak iritsi ziren arte.
Udalbatzak hiru puntu onartu zituen. Horietako bat zen Eusko Legebiltzarrari erabakia jakinaraztea, mozioaren helburua betetzeko behar diren ekimenak bultza ditzan.
Santurtziko Udalak Ganbera honi egindako eskariaren muina da Eusko Legebiltzarrak politikoki bultzatu dezala egoera hori konpontzeko eskumena duten administrazioen esku-hartzea. Zehazki, eskatzea Bizkaiko Garraio Partzuergoari, Euskal Trenbide Sareari eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari berriro hel diezaiotela Antonio Alzaga kaleko 2, 4 eta 8. zenbakietako etxe eta lokalen espedientearen azterketari. Helburua da beharrezko neurriak hartzea, sortutako kalte guztiak konpondu eta horiei irtenbidea emateko».
2017ko apirilaren 25eko bileran, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Batzordeak onartu egin zuen 51/2017 zenbakidun legez besteko proposamen hori, Santurtziko Antonio Alzaga kaleko 2, 4 eta 8 zenbakietako etxebizitzen eta lokalen egoerari buruzkoa (eta 2017ko maiatzaren 12ko Eusko Legebiltzarreko Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, 28. zk.). Legez besteko proposamena Batzordean eztabaidatzeko aurkeztu zenaren baldintza beretan onetsi zen.
Antonio Alzaga kaleko 2, 4 eta 8 zenbakietako etxebizitzetan eta lokaletan eragindako kalteetan erantzukizunik zegoen zehazteko, Tecnaliako Azpiegiturak sailak 2018ko otsailean txosten hau eman zuen: «Santurtziko Antonio Alzaga kaleko 2, 4 eta 8 zenbakietako eraikinak: Mugimenduak eta kalteak. Egoera, kausak eta eraginak aztertzeko txostena». Bertan, honako hau adierazi zuen: «Sestao-Portugalete eta Portugalete-Santurtzi tarteetako metro-tunelen obrak egiteko hondeaketa-lanetan, hiru haustura nabarmen zulatu zituzten arrokan, Antonio Alzaga kaleko eraikinen inguruetan. Haustura horietatik, ura drainatu da lurzorura, hein txikiagoan ala handiagoan. Drainatze horrek eraikinen azpiko lurzoruaren egoera eta propietateak aldatu ditu, eta haien zimenduen oreka ahula hautsi. Halaber, asentu bereizgarriak ere eragin ditu, eta horien ondorioz, larritasun-maila desberdinetako kalteak sortu zaizkie egiturari eta itxiturei, eraikinetako biretan». Txostenak honako ondorio hau eman zuen: «horrenbestez, irizten zaio Sestao-Portugalete eta Portugalete-Santurtzi tarteetako metro-tunelen obrak egiteko hondeaketa-lanek erantzukizuna badutela, Antonio Alzaga kaleko 2, 4 eta 8 zenbakietako eraikinetan eragindako kalteetan».
Santurtziko Antonio Alzaga kaleko 2, 4 eta 8 zenbakietako higiezinak konpontzeko lanen egikaritzapena, jarraipena eta kontrola gauzatzeko jarduketa materialei eta teknikoei eta zerbitzu-jarduketei dagokienez, arrazoi teknikoak eta materialak direla medio, komenigarria da jarduera horiek Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari agintzea. Izan ere, erakunde hark zuzendu zituen Bilboko metropoli-trenbidearen Portugalete-Santurtzi tartea eraikitzeko lanak, eta, hain zuzen ere, lan horiek eragin dute Santurtziko Antonio Alzaga kaleko higiezinetan izandako kalteen gaineko erreklamazioa.
Ondorioz, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak, proposamena aztertu ondoren, honako hau
ERABAKITZEN DU:
«Lehenengoa.– Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari agintzea Santurtziko Antonio Alzaga kaleko 2, 4 eta 8 zenbakietako etxeetan eta lokaletan eragindako kalte guztiak konpon ditzala.
Bigarrena.– Erabaki honen eranskinean jasota daude aipatutako enkargu hori egiteko baldintza zehatzak.
Hirugarrena.– Kudeaketa-agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.»
ERABAKIAREN ERANSKINA
1.– Aginduaren xedea.
Agindu honen helburua da Santurtziko Antonio Alzaga kaleko 2, 4 eta 8 zenbakietako etxeetan eta lokaletan eragindako kalteak konpontzean bete beharreko baldintza teknikoak ezartzea, 51/2017 Legez besteko Proposamena kontuan hartuz eta kausen gainean egindako analisi eta azterketaren arabera.
Zehazki, hauek dira proposamenarekin lotutako jarduerak:
– Santurtziko Antonio Alzaga kaleko 2, 4 eta 8 zenbakietako etxeetan eta lokaletan dauden kalteak konpontzeko beharrezkoak diren lanak gauzatzea, proiektuari jarraikiz.
– Santurtziko Antonio Alzaga kaleko 2, 4 eta 8 zenbakietako etxeetan eta lokaletan dauden kalteen konponketari dagokion obra zuzentzea.
2.– Administrazioaren eta Euskal Trenbide Sarearen arteko harremanak. Definizioak.
Administrazioaren eta Euskal Trenbide Sarearen arteko harremanak finkatzeko, figura juridiko hauek definitzen dira:
Administrazioa:
Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila. Garraio Azpiegituraren Zuzendaritza.
Enkarguaren zuzendaria:
Administrazioak izendatuko du enkarguaren zuzendaria, eta Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak gainbegiratuko du haren lana. Lanen zailtasunaren arabera, enkarguaren zuzendariak talde tekniko bat bildu ahal izango du aholkuak eman diezazkion, eta, behar izanez gero, zuzendariaren izenean ere jardun ahal izango du talde horrek.
Euskal Trenbide Sarea (aurrerantzean, ETS):
Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren mende dagoen zuzenbide pribatuko erakunde publikoa, agiri honetan adieraziko diren lanak egingo dituena.
ETSren ordezkaria:
Goi-mailako teknikaria izango da, eta ETSk izendatuko du lanen koordinazio teknikoa egiteko eta ETSren izenean jarduteko Administrazioaren aurrean. Ordezkari horren mendekoa izango da ETSko talde osoa. Ordezkariak azalpenak emango dizkio, zuzenean, enkarguaren zuzendariari, halakorik eskatzen dion guztietan.
3.– Lana egiteko era.
ETSk, hilean behin, gutxienez, ordura arte egindako lan guztien berri emango dio idatziz, enkarguaren zuzendariari, eta aurrera egiteko behar diren aginduak eskatuko dizkio.
ETSk, agindu edo erabakiren bat eskatzen duen guztietan, eskariarekin batera, haren ustez egokiena iruditzen zaiona proposatu beharko du.
Enkarguaren zuzendariaren talde teknikoak noiznahi ikuskatu ahal izango du lanak nola doazen ETSren bulegoetan.
4.– ETSk egin beharreko lanak.
A) Lanak burutzea:
Euskal Trenbide Sareak bere gain hartuko ditu etxebizitzetan eragindako kalte guztiak konpontzeko egin behar diren lanen lizitazioa eta egikaritzapena.
B) Obren zuzendaritza.
ETS arduratuko da kalteak konpontzeko obrak zuzentzeaz. ETSk atal honetan egin beharreko lanen edukia puntu hauetan garatzen da.
B.1.– Obra-zuzendaritza.
Behin proiektu bateko obrak eraikitzeko kontratua esleituta, obra-zuzendari bat izendatuko da. Obra-zuzendari horrek ETSren ordezkariaren esanetara jardungo du, eta kontratu hori bete dadin zainduko du, bai alderdi teknikoei, bai alderdi ekonomikoei dagokienean. Halaber, udal-agintariekiko eguneroko harremanak ere horren ardura izango dira.
Obra-zuzendaria ETSko plantillakoa izango da.
Egitekoen artean, eraikuntza bera suspertzeaz gain, kontratistarengandik jasotako agiri guztiak batu beharko ditu, egokiak diren ikusi, eskainitako epeekin bat datozen egiaztatu, argibide osagarriak eskatu eta egin beharreko obraren aurreikuspenei eutsi. Lan hori guztia obren aurrerabidearen hileko ziurtagirietan eta hileko txostenetan islatuko da.
Halaber, obra-zuzendariak jabea ordezkatuko du teknikoki obrek ukitutako zerbitzu- eta hornidura-konpainiekin koordinatzeko izan beharreko elkarrizketa eta bileretan.
Obra-zuzendariak talde tekniko bat izango du obrak zuzentzen laguntzeko, eta talde horren ardura izango da egunero-egunero obrak kontrolatzea, kalitatea bermatzea, geometriak eta zuinketa egitea, saiakuntzak burutzea eta obrak proiektuarekin bat datozela egiaztatzeko jarraipena egitea, lan-oharrak idaztea eta ziurtagiriak idatzi aurreko oharrak prestatzea.
B.2.– Kontsultoreak.
Atal honetako jarduerak dira eraikuntza-lanetan –baita proiektuen idazkuntzan ere– sortzen diren lan bereziak, zehazki, diren motakoak direlako, adituek parte hartzea eskatzen dutenak.
ETSren lana izango da, arazoa zer-nolakoa den ahalik eta gehien zehaztea, behar diren adituen ezaugarriak finkatzea, eta eskatutako analisia behar bezalako kalitatearekin egingo dela bermatzeko moduko gaitasuna zein enpresa edo profesionalek daukaten ikertzea.
Ildo horretatik, ETS arduratuko da arazoa identifikatu aurreko lanez eta behar diren adituak hautatzeaz, eta, uneoro, aholkularitza-lanak koordinatu eta ikuskatuko ditu, proiektuaren koherentzia osoari eutsi ahal izateko eta hasierako helburu nagusiarekin bat datorrela bermatzeko.
B.3.– Obrek ukitutakoak kudeatzea.
Herri barruan obrak egiteak berekin dakar trafikoa, zerbitzuak eta bestelakoak ukitzea. ETSk bere gain hartuko du ukitutako horiek kudeatzeko ardura, hiritarrei ahalik eta enbarazu txikiena egiteko.
B.4.– Laneko segurtasun eta osasunaren kudeaketa.
Atal honetan, laneko segurtasun- eta osasun-mailei eutsi ahal izateko beharrezko diren prebentzio-lan guztien jarraipena egin eta suspertzeko lanak sartzen dira. ETSk kontrolatuko du lanak hasi aurretik egin behar diren segurtasun-prozedurak idaztea, obren pleguetan zehaztutakoaren arabera.
ETSk prestakuntza egokia izango duen teknikari bat edo gehiago izan beharko ditu, obrak egiten diren bitartean, segurtasun- eta osasun-arloak koordinatzeko.
ETSren lan hori segurtasun- eta osasun-planen kudeaketari buruzko ikuskaritza-txostenetan jasoko da.
5.– Gauzatzeko epea.
Enkargu hau indarrean egongo da enkarguaren 1. puntuan aurreikusitako obrak amaitu arte.
6.– Lanen balorazioa eta ordainketa.
Agindutako lanek, BEZa barne, zortziehun mila (800.000) euro egingo dutela jotzen da; hona hemen kontzeptuei buruzko xehetasunak:
1) Obren zuzendaritza: kalkulatutako zenbatekoa: 40.000 euro (BEZa barne).
2) Obra burutzea: kalkulatutako zenbatekoa: 760.000 euro (BEZa barne).
Guztira: 800.000 euro (BEZa barne).
Enkargu honen ondorioz egiten diren lanak hilero ordainduko dira, egindako lanak justifikatu ondoren betiere.
Horretarako, kasuan kasuko faktura aurkeztu beharko zaio Administrazioari.