EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-05-23 Aldizkari honetan argitaratua: 2018098

AGINDUA, 2018ko maiatzaren 16koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baita Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietan teknologia berriak ezartzeko edota garatzeko diru-laguntzak emateko modua, eta laguntza horien deialdia iragartzen.

Xedapenaren data: 2018-05-16
Hurrenkenaren zenbakia: 201802733
Maila: Agindua
Euskadiko Liburutegiei buruzko urriaren 26ko 11/2007 Legearen bidez, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea sortu zen. Sare horren funtzioetako bat da liburutegientzako laguntza-programak eta zerbitzuak ezartzea, bereziki informatika-sareak antolatzeko, irakurzaletasuna eta liburutegien erabilera sustatzeko kanpainak egiteko, funtsak eskuratzeko, eta beste helburu batzuetarako.
Era berean, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio liburutegien alorreko eskumenak, horixe xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 14.1.c) artikuluan.
Horiez gain, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 82/2017 Dekretuaren arabera, Liburutegi Zerbitzuaren eskumena da Euskadiko Liburutegien Sistema Nazionalari dagozkion egitekoak garatzea eta gauzatzea.
Araudi horiekin bat etorriz, eta udal liburutegi publikoen eginkizun funtsezkoena aintzat hartuta (herritar orok ezagutza eta informazioa jasotzeko gune izatea), eta teknologia berriek horretan duten garrantzia kontuan izanda, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak uste du beharrezkoa dela teknologia horiek udal liburutegi publikoetan ezartzeko edota garatzeko lagungarri izan daitezkeen jarduerak bultzatzea.
Agindu hau, halaber, Sailaren 2018-2020. aldirako Diru-laguntzen Plan Estrategikoan (Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak onartua, eta sailaren web-orrian argitaratuta, www.euskadi.eus helbidean) eta Diru-laguntzen 2018ko Urteko Planean sartzen da.
Diru-laguntzen programa honi aplika dakizkioke Euskal Autonomia Erkidegoaren Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea (aurrerantzean, EAEONAL) eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorrean (aurrerantzean, DLO) eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduan (aurrerantzean, DLOE) jasotako oinarrizko araudia.
Hori guztia kontuan hartuta, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honek arautzen du, 2018ko ekitaldirako, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietan teknologia berriak ezartzeko edota garatzeko diru-laguntzak emateko modua.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Agindu honetan araututako diru-laguntzen gehieneko zenbateko globala 350.000 eurokoa izango da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kargura emango da.
3. artikulua.– Izapidetzea.
1.– Bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte erakunde interesdunek prozedura horren izapide oro eskatzeko, kontsultatzeko eta egiteko.
2.– Honako egoitza elektroniko honetan daude eskuragarri eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko zehaztapenak:
http://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2018/nuevas_tecnologias/web01-ejeduki/es/
3.– Helbide honetan egingo dira eskaeraren osteko izapideak, bide elektronikoz: https://www.euskadi.eus/y22-home/eu/nirekudeaketak.
4. artikulua.– Entitate onuradunak.
Agindu honetan ezarritako diru-laguntzen onuradun izan daitezke liburutegi publikoen titular diren Euskal Autonomia Erkidegoko udalak, toki-erakunde eskudunak eta udal-liburutegi publikoen arloko zereginak esleituta dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko udal-erakundeak.
Udalerri bakoitzean onuradun bat egon daiteke. Beraz, udalerri batean eskaera bat baino gehiago badago, udalaren eskaerak lehentasuna izango du gainerako erakunde eskatzaileen aurretik.
Eskatzaile bat baino gehiago badago eta horietako bat ere ez bada udala, liburutegi gehien kudeatzen duen erakundeak izango du lehentasuna. Azken kasu horretan, erakunde eskatzaileek liburutegi-kopuru bera kudeatzen badute, liburu-funtsen kopuru handiena duenak izango du lehentasuna.
2.– Ezingo dituzte laguntzak eskuratu DLOren 13.2 artikuluan jasotako egoeraren batean dauden erakundeek.
Halaber, ezingo dute agindu honetako diru-laguntzarik eskatu, kasuan kasuko zehapenak ezarritako epean, sexu-bereizkeria dela-eta zehapen administratibo edo penalik duten pertsona juridikoek, ezta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen indarrez jarritako zehapenen ondorioz debeku hori dutenek ere.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek ezaugarri bereko beste laguntzaren batzuk eman izana dela-eta, horiek itzultzeko edo zehatzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei laguntzak eman edo ordaindu ahal izateko. Diru-laguntza horiek emateko, eta, bidezko denean, ordaintzeko, halaber, ezinbestekoa izango da halako prozeduretan jasotako diru-laguntzak itzultzea, baldin eta hala eskatzen duen ebazpena ematen bada itzulketa-prozeduraren bukaeran.
5. artikulua.– Erakunde eskatzaileen betebeharrak eta baldintzak egiaztatzea.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikulua betez, erantzukizunpeko adierazpen bat sartu beharko da eskabidean, honako betebehar hauek egiaztatzeko:
– Erakunde eskatzaileak adierazten du egiazkoak direla eskabidean eta hari atxikitako agirietan jasotako datuak eta betetzen dituela laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak.
2.– Erakunde edo pertsona eskatzaileek bete beharreko baldintzak.
a) Zerga-betebehar guztiak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta edukitzea. Alderdi horiek egiaztatzeko betebeharretik salbuetsita daude entitate edo erakunde publikoak, betiere Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura diru-laguntzak eskuratu dituzten onuradunek zerga-betebeharrak bete dituztela egiaztatzeari buruzko Ogasun eta Finantzako sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduan xedatutakoarekin bat etorriz (1991ko urriaren 15eko EHAA, 208. zk.). 2006ko ekainaren 19ko Aginduaz eguneratu zen aipatu aginduaren eranskina.
b) Ezin izango dira aurkeztu, kasuan kasuko zigorrak ezarritako aldian, laguntza publikoak lortzeko zehapen administratibo edo penalak jasotako pertsona edo erakunde eskatzaileak, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik dutenak ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritakoa barne.
c) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek ezaugarri bereko beste laguntzaren batzuk eman izana dela-eta, horiek itzultzeko edo zehatzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei laguntzak eman edo ordaindu ahal izateko. Diru-laguntza horiek emateko, eta, bidezko denean, ordaintzeko, halaber, ezinbestekoa izango da halako prozeduretan jasotako diru-laguntzak itzultzea, baldin eta hala eskatzen duen ebazpena ematen bada itzulketa-prozeduraren bukaeran.
d) Helburu bererako, beste edozein erakunde edo administraziotik –publikotik zein pribatutik– beste diru-laguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo bestelako baliabiderik eskatu badu edo, kasua bada, lortu badu erakunde eskatzaileak, horren berri jakinarazi beharko du.
e) Lehenago aipatutako baldintzez gainera, aplikatzekoak izango dira Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan bildutako onuradun izateko debeku oro.
6. artikulua.– Jarduera eta gastu diruz lagungarriak.
1.– Diruz lagungarri izango dira Euskadiko Irakurketa Sare Publikoko liburutegi publikoetan teknologia berriak ezartzeko edota garatzeko elementuak jartzeko edo eskuratzeko 2018ko ekitaldian egiten diren jarduera bereziak.
2.– Diruz lagungarri izango dira, halaber, 2018ko ekitalditik harago zabaltzen diren inbertsio-proiektuen zati bat diren inbertsio-jarduerak, baldin eta 2018. urtean gauzatzen badira, erabilera beregaina dutela irizten bazaio eta haien banakako kostua zehaztu badaiteke.
3.– Zehazki, hauek eskuratzea edota instalatzea izango da diruz lagungarri:
a) Hardwarea edo euskarri fisikoa. Ordenagailuak eta bere osagaiak barne hartzen dira, bai eta funtzionamendurako edo erabilerarako beharrezkoa den beste edozein elementu material ere, dela ordenagailuak modu autonomoan lanean diharduelarik, dela sarean diharduelarik (mahaigaineko ordenagailuak, ordenagailu eramangarriak, pdak, eskanerra, pantaila lauak, periferikoak, routerrak, biltegiratze-unitateak, txartel grafikoak, saguak, aurikularrak, inprimagailuak, liburu irakurgailu elektronikoak, tabletak eta abar).
b) Softwarea edo informatika-sistemen euskarri logikoa. Alegia, halako ataza zehatz bat egiteko beharrezkoak diren programa eta prozeduren multzoa. Horretarako, atal honetan sartzen dira liburutegi-kudeaketarako sistemak ez diren sistemen softwarea eta aplikazioen softwarea.
c) Telekomunikazioak. Komunikazio-sareak instalatzea, bai hari bidezkoak bai haririk gabekoak.
4.– Hauek joko dira agindu honetan jasotako araudiaren babesean gastu diruz lagungarritzat: aurkeztutako eskabidean jasota egonik, diruz lagungarri den jarduerarekin lotura estua dutenak; bai erosketatik eratortzen direnak, bai errentamendutik edo laguntzeko moduko elementuen benetako erabilgarritasuna bermatzen duten bestelako edozein sistematik eratortzen direnak.
5.– Ez dira diruz lagunduko:
a) Ikus-entzunezko ekipamenduak edo bestelakoak, bere ezaugarriak direla-eta 3. puntuko atalen batean sartzen ez badira.
b) Mantentze-lan, laguntza tekniko edo aholkularitza moduan definitzen diren zerbitzuen kostuak.
c) Liburuzainak edo erabiltzaileak teknologia berrien erabileran trebatzeko prestakuntza-ikastaroak.
d) Liburutegien presentzia Interneten areagotzea beste asmorik ez duten softwarea eta gainerako elementuak.
e) Liburutegiarentzako funtsak eskuratzea, edozein dela ere funts horien euskarria, lokalizazioa eta edukietan sartzeko beharrezkoa den ekipamendua.
f) Software edo hardware plataformak kontratatzea, sortzea edo alokatzea Kultura Ondarearen Zuzendaritzak Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegi guztientzat jada eskaintzen eta kudeatzen dituen zerbitzuetarako.
6.– Onuradunak diruz laguntzen den jardueraren % 100 azpikontratatu ahal izango du, honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraituz: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikulua eta lege horren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikulua.
7. artikulua.– Eskabideak eta inprimakiak aurkeztea.
1.– Hilabetekoa izango da agindu honetan araututako eskabideak aurkezteko epea, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.
2.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, agindu honen 3. artikuluan adierazitako egoitza elektronikoan. Halaber, eskabideak zein Administraziotara bideratzen dituzten, bada haren erregistro elektronikoan aurkeztu ahal izango dituzte eskatzaileek eskabideak eta justifikazioak, baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluko erregistro elektronikoetan ere. Gainera, aipatu 39/2015 Legearen 66.4 artikuluaren arabera, eskabide-eredu bat emango da, zeina interesdunek eskuragarri izango baitute dagokion egoitza elektronikoan eta Administrazio Publikoen erregistro-arloko laguntza-bulegoetan.
3.– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta hari atxikitako agiriak. Orobat, prozeduran zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
4.– Eskabidearekin batera, honako agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:
a) Erakunde eskatzaileko teknikari arduradunek izenpetutako memoria bat, bertan hauek azalduko dira: 2018. urteko ekitaldian egin diren edo egin nahi diren jarduera diruz lagungarriak zein diren; zer helburu lortu nahi den hori eskuratuta edota instalatuta, eta haien beharraren justifikazioa.
b) Baldin eta 2018ko ekitalditik harago zabaltzen diren inbertsio-proiektuen zati edo osagai badira jarduerak, jarduera horien banakotasuna, erabilera beregaina dutela, eta jarduera horiek banaka duten kostua justifikatu beharko dira. Kasu horretan, eskabidea jarduera horietara mugatuko da.
c) Ondasunak edo instalazioak jartzen dituzten enpresa hornitzaileen aurrekontuak, jardueretan aurreikusitako gastua justifikatuko dutenak.
5.– Baldin eta legez eratutako udal erakundeek edota udal liburutegi publikoen arloan eskumena duten udal erakundeek egiten badute eskabidea, agirien bidez egiaztatu beharko dute beren helburuen artean liburutegi publikoaren zerbitzua edo eskumena elkarrekin kudeatzea dagoela. Eusko Jaurlaritzak lehendik baldin badauzka agiri horiek, ez dira berriz aurkeztu beharko.
8. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.
Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio agindu honen bidez araututako diru-laguntzen kudeaketa-lanak egitea.
9. artikulua.– Akatsak zuzentzea.
Eskabidea izapidetzea onartzeko eskatzen diren agiri batzuk falta direla edo horietan forma-akatsak daudela ikusiz gero, edo eskabidea balioesteko aurkeztutako agirietan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari huts-egitea konpontzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko, eta jakinaraziko zaio hori egiten ezean haren eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela ulertuko dela; betiere, dagokion ebazpena emango da aurrez.
Halaber, 39/2015 Legearen 68.4 artikuluari jarraikiz, erakunde eskatzaileren batek eskabidea presentzialki aurkeztu badu, zuzenketak aurkezpen elektronikoaren bidez egiteko eskatuko zaio. Horretarako, zuzenketa egin zen eguna hartuko da eskabidearen aurkezpen-eguntzat.
10. artikulua.– Eskabideen ebaluazioa.
Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertzea eta ebaluatzea. Era berean, zuzendaritza horrek osatuko du ebazpen-proposamena eta, ondoren, Kulturako sailburuordeari igorriko dio. Bertan, honako informazio hau jasoko da: onuradun izateko proposatzen diren erakundeen zerrenda eta bakoitzari esleitutako diru-kopurua; onartu ez diren eskabideen zerrenda eta ez onartzearen arrazoia, eta emandako diru-laguntzak modu egokian erabiliko direla ziurtatzeko beharrezkotzat jotzen diren baldintza guztiak.
11. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa zehaztea.
1.– Agindu honetan diru-laguntzak eskuratu ahal izateko ezarritako eskakizun eta baldintza guztiak betetzen dituzten eskatzaileen artean banatuko dira deialdiaren diru-baliabideak.
2.– Eskatzaile bakoitzari zehatz-mehatz eman beharreko diru-kopurua zehazteko, hurrengo atalean finkatutako irizpideak eta agindu honen hurrengo atalean jasotako kalkulu-sistema aplikatuko dira.
3.– Zenbatekoak esleitzeko, honako irizpide hauek hartuko dira aintzat:
a) Populazio-irizpidea: erakunde onuradunak duen populazioa hartuko da kontuan.
Horretarako, populazioaren araberako multzoak egongo dira, eta indize homologatu batzuk eta indize zuzentzaile batzuk aplikatuko zaizkie: zenbat eta biztanle gutxiago izan onuradunek, hainbat eta handiagoak izango dira indize zuzentzaileak.
b) Formulak eta koefizienteak:
Koefizienteak
1.– Populazio-irizpidea.
a) Populazioaren homologazioa (P). Erakunde onuradunen populazioak biztanle-kopuruaren arabera sailkatzen dira, eta populazioaren balore homologatua P lortzen da, eskala honen arabera:
Populazioa P
0tik 1.000ra 1.000
1.001etik 2.000ra 2.000
2.001etik 3.000ra 3.000
3.001etik 5.000ra 5.000
5.001etik 10.000ra 10.000
10.001etik 15.000ra 15.000
15.001etik 20.000ra 20.000
20.001etik 25.000ra 25.000
25.001etik 50.000ra 50.000
50.001etik 100.000ra 100.000
100.001etik 150.000ra 150.000
150.001etik 200.000ra 200.000
200.001etik 250.000ra 250.000
50.000naka jarraitzen du
Adibideak: 3.248 biztanleko populazioa duen udalerri bat 5.000rekin parekatuko litzateke, eta 54.949 biztanlekoa duen beste bat 100.000rekin.
b) Populazio-irizpidea. Koefiziente zuzentzailearen aplikazioa (IZ).
Honako koefiziente zuzentzailea ezarriko da:
Populazioa I Z
0tik 1.000ra 1,8
1.001etik 2.000ra 1,6
2.001etik 3.000ra 1,4
3.001etik 5.000ra 1,2
5.001etik 10.000ra 1
10.001etik 25.000ra 0,8
25.001etik 50.000ra 0,6
50.001etik 150.000ra 0,4
150.001etik 200.000ra 0,3
200.001etik 250.000ra 0,25
250.001etik aurrera 0,2
Formula
P: biztanle-taldeentzako homologatutako populazioa.
IZ: zuzenketa indizea.
B: onuradunak jasotako puntuazioa.
BB: onuradun guztien puntuazioen batura, hots, B guztien batura.
DK: dauden baliabideak. 350.000 eurokoa da aginduaren diru-hornidura. Soberakinak banatzeko, agindua aplikatu osteko baliabideak hartuko dira kontuan.
DL: onuradun bakoitzari esleitutako diru-kopurua, dauden baliabideak banatzearen ondoriozkoa. Hori zehazteko, onuradun bakoitzak lortutako puntuak eta puntu horiek onuradun guztiek lortutako puntuazioekiko duten erlazioa hartuko dira kontuan.
Hauek dira eman beharreko pausuak:
1.– P eta IZ baloreak esleitzea onuradun bakoitzari.
2.– P eta IZ baloreak biderkatzea, onuradun (B) bakoitzak zer puntuazio eskuratzen duen jakiteko.
3.– Onuradun (B) guztien puntuazioen batuketa egitea, BB balorea eskuratzeko.
4.– Onuradun bakoitzari egokituko zaion zenbatekoa jakiteko, kalkulu hau egitea: eskura dauden baliabideak onuradun bakoitzaren puntuazioarekin biderkatuko dira lehenik, eta erdietsitako emaitza onuradun guztien puntuazioaren baturarekin zatituko da. Hau da: DL = DK * B / BB
5.– Kalkulatzeko sistema hori aplikatuta, lehenengo emaitzak erakusten badu eskabideren batean gainfinantzaketa egon dela, hasieran esleitutako kopurua murriztuko zaie eskatzaile horiei, eta soberakina gainerako eskatzaileen artean banatuko da; behar adina aldiz errepikatuko da eragiketa hori. Esleitutako kopuruak ez ditu inolaz ere gaindituko agindu honetako 12. artikuluaren 1. puntuan jasotako mugak.
12. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoak, mugak, ordainketa eta bateragarritasunak.
1.– Jasotako diru-laguntzak ez du gaindituko onartutako aurrekontuaren % 90, eta ez da inolaz ere 100.000 eurotik gorakoa izango erakunde onuradun bakoitzeko.
Diru-laguntza justifikatzeko eta likidatzeko agirietan ikusten bada baldintza hori ez dela betetzen, diru-laguntza murriztuko da, eta diru-laguntzaren behin betiko zenbatekoa dagokion zenbatekoan ezarriko.
2.– Diru-laguntza ordainketa bakar batean emango da. Baldin eta, diru-laguntza eman zaiela jakitera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean, pertsona edo erakunde onuradunek ez badiote diru-laguntzari idatziz espresuki uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da.
3.– Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak bateragarriak dira beste instituzio publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Izan ere, halakorik gertatuz gero, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehieneko mugaraino.
13. artikulua.– Ebazpena eta jakinarazpena.
1.– Kulturako sailburuordeari dagokio, Kultura Ondarearen zuzendariak egindako proposamena ikusita, liburutegi publikoetan teknologia berriak ezartzeko edota garatzeko deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzen ebazpena ematea. Ebazpen horretan adieraziko da eskatutako diru-laguntza eman den eta, hala badagokio, ez den onartzen; ematen den kasuetan, erakunde onuradunaren izena edo izen soziala eta emandako diru-laguntzaren zenbatekoa adieraziko dira. Onartzen ez direnen eskabideen kasuan, eskatzaileen izena edo izen soziala eta ez onartzeko zergatiak azalduko dira.
2.– Hartutako ebazpenak bide elektronikoz jakinaraziko zaizkie erakunde interesdunei, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira. Errekurtsoak aurkezteko epea lehenengo egin den jakinarazpen-eguna izango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 41.7. artikuluan xedatutakoa betetzeko.
3.– Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez du administrazio-bidea agortzen, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean lehenengo egin den jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
4.– Sei hilekoa izango da prozedura ebazteko eta ebazpena pertsona interesdunei jakinarazteko gehieneko epea, deialdiaren agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera; epea igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, diru-laguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan xedatutako ondorioetarako.
5.– Aurreko paragrafoan esandakoa gorabehera, baldin eta agindu honen 9. artikuluan xedatutakoa aplikatu behar bada, ebazpena emateko epea eten egingo da izapide horrek eskatzen duen bezainbat denboraz, jakinarazpena jaso eta horri erantzuteko epearen arabera.
14. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Hauek dira erakunde onuradunen betebeharrak:
a) Esleitutako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, diru-laguntza eman zaiela jakitera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost egun balioduneko epean ez badiote diru-laguntzari espresuki uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da.
b) Agindutako helburu zehatzerako erabiltzea diru-laguntza.
c) Jarduera aurrera eramatea edo diru-laguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.
d) Diru-laguntza eman duen erakundeari justifikatzea emate hori eragin duten edo laguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak betetzen direla eta jarduera bera aurrera eraman dela.
e) Laguntza eman duen erakundeak egiten dituen egiaztapenen mende eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak burutzen duen ikuskaritzaren mende egotea, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratzen diren laguntza edo diru-laguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziko neurrien mende ere egotea.
f) Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea diru-laguntza eman duen erakundeari.
g) Beste erakunde publiko zein pribatu batzuei xede berarekin diru-laguntzarik eskatu bazaie eta, agindu honetan arautzen diren diru-laguntzetarako eskabidea egiteko unean, erabakitzeke bazeuden edo haien egoeraren berririk ez bazen, laguntza horien egoera zein den adieraztea.
h) Diru-laguntza jasotzeko kontuan hartu zen edozein egoera objektiboren edo subjektiboren aldaketa oro jakinaraztea diru-laguntza eman duen erakundeari.
i) Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Liburutegi Zerbitzuak emandako babesa beren-beregi adieraztea diru-laguntza honen ondorioz egiten diren jarduera eta agiri guztietan, bai eta horien publizitatean ere.
j) Hizkera ez-sexista erabiltzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak agintzen duenari jarraituz. Gizon eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez dagoela bermatzea.
k) Oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) jasotako betebehar oro, eta DLOren 14. artikuluan jasotakoak.
15. artikulua.– Diru-laguntzak justifikatzea, likidatzea eta ordaintzea.
2019ko urtarrilaren 15a baino lehen aurkeztu behar dira diru-laguntza justifikatzeko agiriak.
Justifikazioak bide elektronikoz aurkeztu beharko dira, helbide honetan:
https://www.euskadi.eus/y22-home/eu/nirekudeaketak
Laguntzak justifikatzeko, honako agiri hauek aurkeztu behar dira:
– Kontu-hartzailearen edo, hala badagokio, idazkari kontu-hartzailearen egiaztagiria, «Justifikazioak» ereduaren araberakoa, non jasoko baita informazio hau: egindako gastuak eta helburu berarako jasotako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen zerrenda, halakorik balego.
– Erantzukizunpeko adierazpena, alkateak sinatua, bertan zehaztuko da eskuratutako ondasunen destinoa liburutegia bera dela eta, hain zuzen, ondasunak bertan daudela.
Aurkeztutako agiriak jasota eta aztertuta edo epe hori igarota, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak aginduko du diru-laguntza ordaintzea, eta, hala behar denetan, minorazio bat egitea, likidatzeko ebazpen-proposamena egingo dio Kulturako sailburuordeari, zeinari baitagokio ebazpena ematea bi hilabeteko epean justifikazioak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik aurrera.
Edonola, gastu diruz lagungarriak justifikatzeko, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.
16. artikulua.– Ez-betetzeak.
Hauek izango dira ez-betetzeak:
1.– Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.
2.– Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza emateko ebazpenean adierazitako baldintzak ez betetzea.
3.– Diru-laguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea, hala badagokio.
4.– Diru-laguntzen arloan aplikatu daitekeen beste xedapen batek orokorrean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea, batik bat, DLOren 37. artikuluan xedatutakoak.
Ez-betetzeren bat gertatuz gero, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio jasotako zenbatekoak –osorik edo partez– eta legezko interesak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera, betiere (1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horien itzulketari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena).
XEDAPEN GEHIGARRIA
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Ondarearen Zuzendaritzak jakinarazten du emandako datuak eta diru-laguntzen deialdi honetako eskabidean eta fitxategietan agertzen direnak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko abenduaren 2ko Aginduaren bidez araututako Kultura Ondarearen Laguntzak eta Diru-laguntzak izeneko fitxategi batean sartuko direla (2015eko abenduaren 22ko EHAA). Agindu horren bidez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko (hizkuntza-politikaren, kulturaren eta gizarte-hedabideen arloetako) datu pertsonalen fitxategiak arautzen dira. Fitxategi horren helburua da diru-laguntzen deialdi hau eta horrekin zerikusia duten bestelako administrazio-prozedura edo -espedienteak kudeatzea. Fitxategi horren berri aurretik eman zaio Datuak Babesteko Euskal Bulegoari eta datuen erabateko segurtasuna bermatzeko beharrezko segurtasun-neurriak ditu. Datu horiek ez zaizkie hirugarrenei jakinaraziko, legez agindutako kasuetan izan ezik.
Datu pertsonalak babesteari buruzko arautegiarekin bat etorrita, datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubidea dute interesdunek, halaxe onartzen baitu beren-beregi Datu Pertsonalak Babesteko Legeak. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Zerbitzu Zuzendaritzara jo beharko dute (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
Deialdi honetan parte hartzen duten erakundeek baimena ematen diote Administrazioari emandako datuak konparatu eta aurkeztutako agiriak benetakoak direla egiazta ditzan (Administrazio honen esku egon zein beste administrazio publiko batzuen esku egon), hain zuzen ere laguntzen onuradun izateko eskatutako baldintzak betetzen direla edo betetzen jarraitzen dela egiaztatzeko.
Era berean, jakinarazten da emandako diru-laguntzak EHAAn argitaratuko direla.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. artikulua), hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, lehenago aipatutako data beretik aurrera (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikulua).
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 16a.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.