EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-05-23 Aldizkari honetan argitaratua: 2018098

AGINDUA, 2018ko maiatzaren 10ekoa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, lurralde-proiektu turistikoetarako laguntzak 2018ko ekitaldirako arautzen eta iragartzen dituena.

Xedapenaren data: 2018-05-10
Hurrenkenaren zenbakia: 201802731
Maila: Agindua
Sailaren turismo arloko jarduera bideratzen duten lan-ildo estrategikoak Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren 2017-2020 Plan Estrategikoan garatu ziren eta Euskal Turismoaren 2030eko Estrategiaren eta bere 2017-2020 Plan Zuzentzailearen inspirazio-iturri izan dira. Hona lan-ildo estrategiko horiek:
1.– Turismo-eskaintza bikain bat garatzea.
2.– Turistak erakarri eta fidelizatzea.
3.– Tokiko komunitatearentzako balioa sortzea.
4.– Turismo iraunkorreko praktikak bultzatzea.
5.– Prestakuntzako eta lehiakortasuneko baldintzak hobetzea.
6.– Lurraldeko turismo-kudeaketaren eredua hobetzea.
7.– Kudeaketa- eta gobernantza-eredu berri bat sustatzea.
«Turismoaren hazkunde sendoa, enplegu gehiago eta hobeekin» helburuak bat egiten du Sailaren turismo arloak aldi hartarako duen ikuskerarekin:
«Jomuga bikain eta espezializatu baten garapena sustatzea, balio handia ekarriko diena turistei eta goraldi iraunkorra emango diena euskal gizarteari, enpresariei, kolaboratzaileei eta ingurumenari»,
eta baita euskal turismo-industriaren 2030 ikuskerarekin ere:
«Modu iraunkorrean haztea jomuga bikain eta espezializatu gisa sendotzeko, Europan erreferente izateko».
Turismo iraunkor bat lortu nahi da, elkarrekin lotuta dauden lau zutabe dituena. Lau zutabe horiek beharrezkoak dira bisitarien esperientzia turistikoa gizarteak turismoaz duen ikuskera hobetzeko. Hauek dira zutabeak: iraunkortasun ekonomikoa, tokiko komunitatea, ingurune naturala eta kulturala, eta bidaiariak. Jomuga espezializatu bat, ondo egiten dakien gauzetara zuzenduta dagoena eta gainerako jomugetatik bereizten duena. Eta, azkenik, bikaintasunezko jomuga bat, segmentu turistikoen nahasketa bat erakartzea ezaugarritzat duena, non erantsitako balio handiko segmentu turistikoak nabarmentzen baitira: eguneko gastua handiagoa, egonaldi luzeagoa, ingurunearekin jokaera zorrotzagoak eta errespetutsuagoak.
Ikuskera lortzeko, Euskadik emaitza hauek lortu beharko ditu:
● Hazkunde hobea (gastu eta egonaldi gehiago, dibertsifikazio eta deszentralizazio handiagoa).
● Produktibitate gehiago (kostu operatibo gutxiago eta urtarokotasun gutxiago).
● Turismo iraunkorra.
Programa honetan diruz lagundutako jarduerak lehenago aipatutako lan-ildo estrategiko hauetara mugatzen dira:
1. ildoa. Turismo-eskaintza bikain bat garatzea: Euskadik eskaintza erakarri eta errefortzu motibatzaile gisa jokatu dezaketen produktuen eta esperientzien garapena sustatu behar du. Munduko turismoak esperientzia berriak bilatzeko joera gero eta handiagoa du. Hori motibazio handia da, eta haren gainean abantaila lehiakor bat eraiki daiteke. Turismo-produktu berezien eta esperientzien eskaintza ona izateak, ondare natural, historiko eta kulturalean oinarrituak, lagunduko du bisitarien batez besteko gastua handitzen, eskaintza urte guztian zehar banatzen eta turismo-fluxuak lurraldean zehar birbanatzen. Zerbitzuen kalitatea hobetzeko jardunbide egokien programak abiaraztea errefortzu positiboa da, esperientzia paregabea izan dadin. Gainera, jomugen bereizketan positiboki eragiteko aukera ere ematen du.
2. ildoa. Turistak erakarri eta fidelizatzea: Helburu estrategikoak lortzeko, EAEko Marketin Plana 2017-2020an lehentasunezkotzat hartutako eskaintza-segmentuetara jo beharko du Euskadik; segmentu horiek produktu-motaren arabera sailkatuta daude (produktu enogastronomikoa, ihesaldiak, ibilaldiak, interes bereziko turismoa, kostaldeko atsedenaldia, bilerak, natura, kultura, turismo erlijiosoa eta kirol-turismoa), bezero-motari eta bidaiaren motibazioari (enogastronomia, ibilaldiak, city break-ak, kultura eta ekitaldiak, natura eta abentura, eguzkia eta hondartza, eta landa-turismoa) egokituta daude, bai eta plan horretan lehentasunezkotzat hartutako merkatuei ere (nazioartean: Alemania, Frantzia, Erresuma Batua, Italia, EEBB, Herrialde Nordikoak eta Herbehereak; Estatuan: Madril, Katalunia, Euskadi, Andaluzia, Gaztela eta Leon, Valentziako Erkidegoa).
6. ildoa. Lurraldeko turismo-kudeaketa hobetzea: Lurralde-oreka errespetatzen duen turismo-kudeaketaren eredu baterantz jo behar da. Kontzentrazio handieneko jomugak arindu behar dira. Eskaintza urte guztian banatu behar da. Turismo-boterea duten jomugetatik urrun dauden beste jomuga batzuetara doazen turismo-fluxuak indartu behar dira. Eta hori guztia ekimen publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzatik eta koordinaziotik, eskualde bakoitzean eta eskualdeen artean.
Aurretik esandako guztiagatik, laguntza-programa honen helburu nagusia Euskadiko turismo-esperientzia bikaina garatzea eta jomugen lehiakortasuna hobetzea da, turismo-fluxu berriak sortuz eta dinamizatuz. Hauek dira helburu espezifikoak:
1.– Produktu eta esperientzia turistikoen kopurua handitzea.
2.– Programen lehiakortasuna hobetzeko jardunbide egokien programen jomugetan parte hartzen duten enpresen kopurua handitzea (programa horiek Basquetourrek bultzatzen eta kudeatzen ditu).
Laguntza-programa honek behar besteko aurrekontu-kreditua du Euskal Autonomia Erkidegoaren 2018. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legeari esker, eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren 2018ko martxoaren 12ko Aginduan jasota dago (agindu haren bidez, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren 2018rako Diru-laguntzen Plan Estrategikoa onartu da).
Dagoeneko egin diren nahiz egiteko prozesuan dauden planei buruzko dokumentazioari eta informazioari dagokienez, Basquetour SA agentziak (http://www.basquetour.eus/) emango die erakunde interesdunei informazio eta dokumentazio hori. Hala ere, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren webgunean (www.euskadi.eus/turismo) horri buruzko informazio laburtua dago eskura.
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Onestea, eranskinetan jasotzen diren baldintzen arabera, 2018ko ekitaldirako, turismoko lurralde-proiektuak laguntzeko programaren oinarri arautzaileak eta deialdia.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
1.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
2.– Oinarri hauetan jasota ez dagoen guztirako, honako arau hauek aplikatuko dira: 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Diru-laguntzei buruzkoa; 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena, eta prozedurari dagokionez, 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, edo, zuzenean, administraziorekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, betiere agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 10a.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,
JOSÉ ALFREDO RETORTILLO PANIAGUA.
I. ERANSKINA
TURISMOKO LURRALDE-PROIEKTUEI LAGUNTZEKO PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
1. artikulua.– Xedea.
Arau honen xedea da Euskadiko helmugen erakargarritasuna eta kalitatea hobetuko duten proiektu turistikoak garatzeko diru-laguntzak arautzea eta haiek eskuratzeko deialdia egitea, turismo-fluxu berriak dinamizatuz, banatuz eta sortuz.
2. artikulua.– Terminoak eta definizioak.
Agindu honi begira, honako definizio hauek finkatu dira:
1.– Turismo-produktua: produktutzat hartuko dira baliabide eta zerbitzu nagusi edo osagarri guztiak, turismo-jardueretan erabiltzeko eta gozatzeko direnak, baldin eta erabiltzaileek jarduera bat edo batzuk egin baditzakete berauetan.
2.– Eskualdeko turismo-lankidetzako erakundeak (aurrerantzean, turismo-lankidetzako erakundeak): beren konstituzioan edo kudeaketan turismo-sektorearekin lotutako erakunde publiko eta pribatuak barne hartzen dituzten erakundeak dira, eta elementu giltzarria dira helmugako garapen turistikorako.
Eragile hauen helburua da modu koordinatuan eta parte-hartzearen bidez eskualdea helmuga turistiko lehiakor bihurtzeko erronka beren gain hartzea, horretarako mahai instituzionalak, turismoko mahaiak eta, dagokionean, mahai azpisektorialak erabiliz. Ondorioz, turismo-lankidetzako erakunde bakarra egon daiteke eskualde bakoitzeko.
3.– Hiriburuetan turismoa sustatzeko erakundeak: Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetan turismoa sustatzeko ardura duten erakunde publikoak.
4.– Turismo-produktuak kudeatzen dituzten eskualdeaz gaindiko erakundeak (aurrerantzean, turismo-produktuak kudeatzen dituzten erakundeak): eskualdeaz gaindiko erakundeak dira, eta zehazki sortu ziren, hain zuzen ere, baliabide gastronomiko natural edo kultural bat, erakartzeko eta turismo-fluxuak sortzeko ahalmen handia duena, turismo-produktu gisa abiarazi, kudeatu, sustatu eta merkaturatzeko.
3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Turismo-proiektuen garapenerako laguntzak emateko diru-baliabideen zenbatekoa 1.284.000 euro da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetan ezarritakoak izango dira.
4. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako irabazi-asmorik gabeko erakunde publiko eta pribatu hauek izango dira onuradunak:
1.1.– Erakunde publikoak (udalak, toki-erakunde autonomoak, tokiko enpresa-erakunde publikoak eta titulartasun publikoko merkataritza-sozietateak), baldin eta hiriburuen sustapen turistikoaren ardura badute, bai eta eskualdeko turismo-lankidetzako erakundeetako kide ez diren udalerriak ere, baldin eta horiek ez badira existitzen edo ez badira eratu beren esparru geografikoan, betiere toki-erakunde horiek turismo-bulegoen edo informazio-puntu turistikoen titularrak badira, horiek Itourbask Euskadiko Turismo Bulegoen sarekoak badira eta urte guztian irekita badaude.
1.2.– Irabazi-asmorik gabeko erakunde publikoak edo pribatuak (kuadrillak eta mankomunitateak, garapen-agentziak, landa-garapeneko elkarteak, partzuergoak eta bestelako erakunde eta elkarteak), baldin eta eskualde-mailan nahiz eskualdez gaindikoan lankidetza turistikorako erakunde edo turismo-produktuak kudeatzen dituzten erakunde gisa jarduten badute.
2.– Era berean, pertsonek edo erakundeek, onuradun izaera lortzeko, arau honetan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte; honako hauek, besteak beste:
a) Laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuak ez izatea, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
b) Borondatezko konkurtsoa deklaratzeko ez eskatu izana, edozein prozeduratan kaudimengabe deklaratu ez izana, konkurtsoan deklaratuta ez egotea (konkurtso horretan hitzarmen batek eraginkortasuna hartzen duen kasuan izan ezik), esku-hartze judizialaren mende ez egotea edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaitu ez izana, konkurtsoa kalifikatzeko epaian ezarritako desgaitze-aldia bukatu gabe dagoelarik.
c) Kausaren batean errudun deklaratuak izateagatik, Administrazioarekin egindako edozein kontratu suntsiarazteko ebazpen irmorik ez eman izana.
d) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean beteta izatea.
e) Ordainduta izatea diru-laguntzak itzultzeko obligazioak, erregelamenduz zehaztu denarekin bat etorriz.
f) Agindu honek edo beste legeren batek ezarritakoaren arabera diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penal irmorik ez izatea, ez eta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barnean izanik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat.
g) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien Interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legeak ezarritako kasuren batean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat ez izatea, horietan ezarritako baldintzetan.
h) Elkarteen kasuan, Elkartzeko Eskubidea Arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debekuen kausetan nahasita ez egotea; edo, ez-zilegitasun penalaren zentzuzko zantzuak egoteagatik, inskribatzeko administrazio-prozedura ez etetea, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, betiere ebazpen judizial irmorik ematen ez bada, haren arabera kasuan kasuko inskripzioa egin ahal izango baita dagokion erregistroan.
3.– Onuradun izaera lortzeko debekurik ez daukatela justifikatu behar dute pertsona edo erakundeek, diru-laguntzaren erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuz. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan daude adierazita debeku horiek.
4.– Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko obligazioak bete diren automatikoki egiaztatuko da, laguntza eman aurretik eta ordainketa-proposamena egin aurretik; azken kasu horretan, laguntza eman zenetik hiru hilabete baino gehiago igaro direnean, eta ordainketa osteko ekitaldi batean egiten bada.
Diru-laguntzaren eskaera aurkeztean, eskatzaileak baimena ematen dio diru-laguntza emango duen organoari zuzenean egiazta ditzan Diru-laguntzen Erregelamenduaren 18. eta 19. artikuluetan (887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa) aurreikusita dauden egoerak, ziurtagiri telematikoen bidez; kasu horretan, eskatzaileak ez ditu ziurtagiri horiek aurkeztu beharko.
Hala ere, eskatzaileak espresuki uka dezake horretarako adostasuna, eta, hori egiten baldin badu, aipatutako egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.
5.– Diru-laguntza emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da bukatuta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak. Diru-laguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko–, halaber, ezinbestekoa izango da halako prozeduretan jasotako diru-laguntzak itzultzea, baldin eta itzulketa-prozeduraren bukaeran hala eskatzen duen ebazpena eman bada.
5. artikulua.– Erakunde baztertuak.
Ezin daitezke laguntza-programa honetako onuradun izan enpresak, enpresa-elkarteak, erakunde sektorialak, kirol-erakundeak eta Eusko Jaurlaritzaren edo foru-aldundien mendeko edo horiekin lotutako sozietate publikoak, nortasun juridikoa dutenak.
6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
1.– Diruz lagundu daitezke proiektu-tipologia hauek garatzeko 2018ko ekitaldian egiten diren jarduerak:
a) Jomugen erakargarritasuna eta Euskadiko turismo-esperientzia hobetzen duten turismoko lurralde-proiektuak; haien ezaugarriak, betebeharrak eta baldintzak II. eranskinean zehaztuta daude.
b) Jomugen lehiakortasuna hobetzen duten proiektuak; haien ezaugarriak, betebeharrak eta baldintzak III. eranskinean zehaztuta daude.
2.– Onartuko dira 2017ko ekitaldian egindako gastu-aurrerakinak, 2018an egiteko diren jardueretarako badira, haiek kontratatzeko baldintzek hala eskatzen dutenean (ferietarako lekuak erreserbatzea, eta abar).
3.– Diru-laguntzaren xede diren jarduera guztiak azpikontratatu ahal izango dira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eta Diru-laguntzen Legearen Erregelamenduaren 68. artikuluan (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua) ezarritako baldintzetan.
7. artikulua.– Emateko prozedura.
1.– Emandako laguntzak diru-laguntza ez-itzulgarriak izango dira.
2.– Diru-laguntza jaso ahal izango dute agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten erakundeek, proiektuak bat baldin badatoz aurreko artikuluan jasotzen diren diru-laguntza jaso dezaketen jardueren tipologiarekin.
3.– Programa honetara zuzendutako gehieneko zenbateko globala aurreko apartatuan aipatutako erakunde onuradunen artean hainbanatuko da, baldin eta aurreikusitako dotazioa ez bada iristen I. eta II. eranskinetan eta 8. artikuluan ezarritako baldintzak (dagozkien zenbatekoetan) betetzen dituzten erakundeentzat.
8. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.
1.– Diruz lagundutako jarduera-tipologia bakoitzarentzako laguntzen zenbatekoak II. eta III. eranskinetan daude jasota.
2.– Erakunde batek gehienez ere 66.500 euro jaso ahal izango ditu, kontuan hartuta langileak zuzenean edo laguntza tekniko bidez kontratatzeko laguntza gehienez ere 35.000,00 eurokoa izango dela.
3.– Oro har esanda, diruz laguntzeko moduko gastutzat joko dira: Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluaren arabera, diruz lagundutako jardueraren izaerari inongo zalantzarik gabe erantzuten diotenak, baldin eta behar-beharrezkoak badira eta agindu honetan zehaztutako epean egiten badira. Gastu horiek II. eta III. eranskinetan zehazten dira.
Zeharkako zergak sartu ahal izango dira, non eta zerga horiek ezin diren berreskuratu edo konpentsatu.
Diruz laguntzeko moduko gastuen eskuratze-kostuak ez du inola ere gaindituko merkatuko balioa.
4.– Erakunde onuradunek egiten dituzten kontratu txikietan diruz lagundu daitekeen gastua 50.000 eurotik gorakoa bada, obra egiteko kostuen kasuan, edo 18.000 eurotik gorakoa bada, ekipamenduen horniduraren edo aholkularitza edo laguntza teknikoaren zerbitzuak ematearen kasuan, kontratazio horiek 2018ko martxoaren 9a baino lehenago egin badira, edo, hurrenez hurren, 40.000 eurotik eta 15.000 eurotik gorakoak badira, ordutik aurrera egiten diren kontratazioetarako, erakunde onuradunak eskaintza bana eskatu beharko die hiru hornitzaileri, gutxienez, zerbitzua kontratatzeko edo ondasuna emateko konpromisoa kontratatu aurretik, salbu eta diruz lagundu daitezkeen gastuen ezaugarri bereziak direla-eta merkatuan horiek eskaintzeko behar beste erakunde ez badaude, edo gastua diru-laguntza eskatu aurretik egin bada.
Aurkeztutako eskaintzen artean egindako hautua (justifikazioan, edo, hala badagokio, diru-laguntzaren eskabidean aurkeztu beharko dira) efizientzia- eta ekonomia-irizpideekin bat etorriz egin beharko da, eta, betiere, berariaz justifikatu beharko da memoria batean, baldin eta proposamen ekonomiko onenaren alde egiten ez bada.
5.– Diru-laguntza onartu ondoren erakundeari ematen zaizkion funtsen % 70i dagozkion benetako finantza-etekinak diru-laguntzaren zenbatekoari gehituko zaizkio, eta diruz lagundutako jarduerari aplikatuko zaizkio. Horren ondorioz, finantza-etekinen eta emandako diru-laguntzaren baturak jardueraren kostua gainditzen badu, soberakina itzultzeko eskatu ahal izango da. Atal hau ez da aplikatuko onuraduna administrazio publiko bat denean.
9. artikulua.– Beste laguntza batzuekin bateragarri izatea.
1.– Agindu honen bidez araututako laguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde edo organismo batzuek emandako beste edozein laguntzarekin, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak xede berberarekin kudeatutako hitzarmenen edo beste laguntza-agindu batzuen bidez ematen diren laguntzekin izan ezik.
2.– Aurreko lerrokadan xedatutakoa gorabehera, arau honen babespean emandako zenbatekoak, bere horretan edo beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatuk emandako beste diru-laguntza batzuekin batera, eta jarduera edo inbertsio berberetarako beste edozein diru-sarrera edo baliabiderekin batera, ez du gaindituko laguntza emateko arrazoia den jardueraren kostua. Horrelako kasuetan, mugaren gainetik geratzen den zenbatekoa kenduko zaio agindu honen bidez emandako laguntzari.
10. artikulua.– Erakunde laguntzaileak.
Agindu honetan jasotako arauketarekin bat ematen diren laguntzetarako, Basquetour, Turismoaren Euskal Agentzia Agencia Vasca de Turismo SA honako zeregin hauek bere gain hartuko dituen erakunde laguntzaile izendatzen da:
1.– Eskabideak aurkezteko fasean, informazioa ematea programen lehiakortasuna hobetzeko jardunbide egokien programen jomugetan programak ezarriko dituzten erakundeei buruz, eta jakinaraztea horietan izena eman duten enpresen kopurua.
2.– Laguntza justifikatzeko fasean, aipatutako programa horien gauzatzeari buruzko informazioa ematea.
11. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Hilabetekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
2.– Erakundeek bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu behar dituzte eskabideak, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorraren egoitza elektronikoan (euskadi.eus), helbide hauen bitartez:
https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2018/ptt-2018/y22-izapide/es (gaztelania)
Https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/ptt-2018/y22-izapide/eu (euskara)
3.– Izapideak egiteko zehaztasunak eta eskabideak, erantzukizun-aitorpenak eta gainerako ereduak aipatutako egoitza elektronikoan daude eskuragarri; hala ere, horien edukia V. eranskinean dago.
4.– Eskaera egin ondorengo izapideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bidez egingo dira, http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak helbidean.
5.– Erakunde eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta horri erantsi beharreko gainerako agiriak. Era berean, eskaeratik eratorritako jardueretan, eta prozedura guztian zehar, pertsona edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoa betez.
6.– Erakunde eskatzaile bakoitzak eskabide bakarra aurkeztu ahal izango du, eta bertan jasoko dira 6. artikuluan zerrendatutako diruz lagundu daitezkeen jarduera guztiak. Erakunde batek eskabide bat baino gehiago aurkeztuko balitu, horietako batean atzera egiteko eskatuko zaio eta, egingo ez balu, erregistratutako lehen eskabidea onartuko da eta gainerako guztiak artxibatu egingo dira.
7.– Betetako eskabideak, pertsona edo erakunde eskatzailearen sinadura ezagunaz gain, datorren artikuluak aipatzen duen dokumentazioa gaineratuko du, Administrazio Elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Sinadura elektronikoaren aurkezpena aurkezteko epetzat hartuko da.
8.– Ordezkaritza beste pertsona bati eman ahal izango zaio, haren izenean bide elektronikoz jardun dezan agindu honi dagozkion prozedura guztietan, dela Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan dagoen Ordezkarien Erregistro Elektronikoaren bitartez (https://euskadi.eus/y22-izapide2/es/contenidos/informacion/egoitza_ordezkarien_erregistro/es_egoitza/egoitza_representantes.html), dela eskabideari lege-ordezkaritza emateko inprimaki arautua, behar bezala betea, erantsiz. Azken hori hemen dago eskuragarri: (http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/).
Ordezkariak (fisikoa nahiz juridikoa izan) identifikatzeko bitarteko elektroniko onartu bat eduki beharko du.
9.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartu direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.
12. artikulua.– Eskabidearen eta aurkeztu beharreko beste dokumentazioaren edukia.
1.– Eskabidean erakundearen datu orokorrak idatzi beharko dira. Langileen datuak sexuaren arabera bereizita jaso behar dira. Proiektuak aztertzeko eta laguntzak kalkulatzeko behar den informazioa ere eman behar da. Gainera, eskabide horretan jasota dagoen informazioaren egiazkotasunari buruzko erantzukizunpeko adierazpena ere jasoko du. Aipatutako informazioa honako hau da:
– Laguntza jaso duen pertsonaren edo erakundearen izaerari dagokionez:
● Pertsona edo erakundea ez dagoela Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aipatzen diren gainontzeko egoeretan (egoera horiek eragotzi egiten dute pertsona edo erakunde onuradun izatea).
– Zigorrei dagokienez:
● Ez daukala diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen penal edo administratibo irmorik eta ez daukala horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.
● Erakundearen kontra dirua itzultzeko edo zehatzeko prozedurarik dagoen edo ez, Administrazio Orokorrak edo Euskal Autonomia Erkidegoak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko diru-laguntzen esparruan.
– Beste laguntza batzuei dagokienez:
● Proiektu bererako beste erakunde publiko edo pribatuei eskatutako edo haiengandik jasotako laguntzak.
● Agindu honetan ezarritako zenbatekoak, beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako beste diru-laguntzak batuta, diru-laguntza emateko xede den jardueraren azken kostua gainditzen badu, eskatzaileak konpromisoa hartzen duela egoera horren berri emateko.
– Emakumeen eta gizonen berdintasunari dagokionez:
● Ez dagoela zigortuta diru-laguntzen eta laguntza publikoen onuradun izateko debekuarekin, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 24.2 artikuluaren arabera.
● Emakumeen eta gizonen egiazko berdintasuna bermatzeko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan xedatutakoa betetzen duela.
● Konpromisoa hartzen duela Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/ 2005 Legearen 2.3 artikuluak administrazioarekin laguntzak kontratatzen, hitzartzen edo handik laguntzak jasotzen dituzten erakundeei ezarritako betebeharrak bere gain hartzeko. Hauek dira betebehar horiek: tratu-berdintasunaren, aukera-berdintasunaren eta langileen aniztasunarekiko eta desberdintasunarekiko errespetuaren printzipioak betez jardutea; estatistika eta azterketak egokitzea; edozein motatako hizkuntzaren erabilera ez-sexista egitea euskarri guztietan, eta zuzendaritza-organoetan eta kide anitzeko organoetan gaitasun, prestakuntza eta ahalmen egokia duten emakume eta gizonen presentzia orekatua edukitzea.
– Eskabideko datuei dagokienez:
● Erakundearen organo eskudunak erabaki duela jarduerak laguntza-programa honen deialdira aurkezten diren bezala onestea eta finantzazio-konpromisoa onartzea diruz lagundu ezin daitekeen zatiarentzat.
● Betetzen dituela deialdia arautzen duten oinarrietan ezarritako betekizunak.
● Egiazkoak direla eskabideko datu guztiak eta aurkeztutako dokumentazioa, eta norbere gain hartzen dela dagokion erantzukizuna (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.7 artikulua).
Erantzukizunpeko adierazpen batean edo komunikazio batean jasotzen den datu edo informazioren bat zehaztasunik gabea edo faltsua bada edo aurkeztu ez bada, edo administrazio eskudunari ez bazaio aurkezten erantzukizunpeko adierazpena, deklaratzen dena betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa edo komunikazioa, ezinezkoa izango da dena delako eskubidea baliatzen edo jardueran aritzen jarraitzea, egitate horren berri izaten den unetik bertatik aurrera, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69.4 artikulua).
2.– Eskabideekin batera, gainera, ondoren zehazten den dokumentazio digitalizatua aurkeztu beharko da:
● Ekintza-plan bat turismo-produktu bakoitzeko, non honako puntu hauek jasoko baitira: ekintza-planaren testuingurua, helburuak, deskribapena eta aurrekontu banakatua, laguntzaren helburu izango diren jarduerena, plana garatzeko behar diren baliabideak, kronograma eta ebaluazio-adierazleak.
● Diru-laguntzaren xede den proiektuaren tipologia ez badator bat turismo arloko sailburuordetza eskudunak Basquetourren bidez garatzen dituenekin, erakunde eskatzaileak horretarako egindako produktuaren plana aurkeztu beharko da, eta horrek agindu honen II. eranskinaren 3. apartatuan jasotako gutxieneko edukiak izan beharko ditu.
● Lankidetza turistikorako erakundeak: akten kopia, diru-laguntzaren eskabidean aurkezten diren proiektuei buruz hartu diren erabakiak jasotzen dituzten turismoko mahaietakoa.
● Turismo-produktuak kudeatzen dituzten erakundeak: akten kopia, laguntza-eskabidean aurkeztutako proiektuei buruz hartu diren erabakiak jasotzen dituena.
3.– Hirugarrenei ordezkaritza eman nahi izanez gero, beren izenean modu elektronikoan espediente zehatz baterako jardun dezaten, eta Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan dagoen Ordezkarien Erregistro Elektronikoa erabili gabe, «borondatezko lege-ordezkaritza emateko inprimaki arautua» delakoa behar bezala bete behar da (http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/), eta gero, harekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu:
– Ordezkaritza-ahalordea edo zuzenbidean balio duen beste edozein agiri, baldin eta hirugarren pertsona bati ordezkaritza ematen dion erakundearen legezko ordezkari aritzeko zilegitasuna ematen badio.
4.– Ez da nahitaezkoa izango edozein administraziok egindako dokumentuak aurkeztea, betiere erakunde interesdunak horiek kontsultatzeko baimena espresuki ukatu ez badu eskabidean. Era berean, ez da nahitaezkoa izango erakunde interesdunek aurretik edozein administraziotan aurkeztu dituzten datu edo dokumentuak aurkeztea, betiere noiz eta zer organotan aurkeztu zituzten adierazten badute. Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak ofizioz bilduko ditu datu edo dokumentu horiek, erakunde eskatzaileak espresuki horretarako baimena ukatzen ez badu. Materialki ezinezkoa bada agiria zuzenean eskuratzea, organo kudeatzaileak agiri hori aurkezteko eskatu ahal izango dio erakunde eskatzaileari, edo, aurkeztu ezin badu, agirian aipatzen diren eskakizunak beste modu batez egiazta ditzala.
5.– Eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari baimena ematea hark, ziurtagiri telematikoen bidez, zuzenean egiaztatzeko eskatzaileak betetzen dituela Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zerga-betebeharrak. Hala eta guztiz ere, erakunde eskatzaileak espresuki uka dezake baimen hori, eta, hala egiten badu, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan xedatutako moduan aurkeztu beharko du egiaztapena.
Edonola ere, betebehar horiek bete diren egiaztatu egingo da, diru-laguntza eman aurretik, eta, ordainketak diru-laguntza eman osteko ekitaldietan egin behar badira, diru-laguntza eman denetik hiru hilabete baino gehiago igaro direnean, hurrengo ekitaldietan egingo diren lehenengo ordainketa-proposamenen aurretik egiaztatuko da betebehar horiek bete direla.
6.– Era berean, ez da beharrezkoa izango aurkeztea Basquetourrek eman dezakeen dokumentazioa, hots, erakunde horrek garatutako jardunbide egokien programak gainditu dituzten erakundeen zerrenda.
7.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak beharrezkotzat jotzen dituen agiri edo informazio osagarri guztiak eskatu ahal izango dizkio erakunde eskatzaileari, aurkeztutako eskaera behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko. Bestalde, arau honetan espresuki xedatu ez den guztirako, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoa aplikatuko da.
13. artikulua.– Aurkeztutako eskabideen zuzenketa.
1.– Eskabidea guztiz bete ez bada, edo aurreko artikuluan aipatutako nahitaezko dokumentazioarekin batera aurkeztu ez bada, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko Turismoaren arloko teknikariek entitate eskatzaileari 10 eguneko epea emango diote akatsa zuzentzeko edo beharreko dokumentuak bidaltzeko; era berean, hori egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela adieraziko dio. Epe hori igarota, zuzenketak egin ez badira, dagokion ebazpena emango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoaren arabera.
2.– Jakinarazpenak bitarteko elektronikoak erabiliz egingo dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bitartez (http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak).
3.– Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko zein egun eta ordutan eskaini zaion jakinarazpena jakinarazten den ekintzaren interesdunari, eta zeinetan sartu den hura haren edukira; une horretatik aurrera jakinarazpena gauzatutzat joko da. Jakinarazpena interesdunaren eskura jarri izanaren ziurtasuna egonik egutegiko hamar egun igarotzen badira interesduna haren edukira sartu gabe, jakinarazpenari uko egin diola ulertuko da eta izapidea prozedurari jarraituz egintzat emango, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela jakinarazpenera sartzea.
14. artikulua.– Eskabideen analisia eta ebaluazioa.
1.– Saileko turismo eta ostalaritza arloko teknikariek epe barruan aurkeztutako eskabideen analisia egingo dute, eskatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzeko. Eskabide guztiak behar bezala ulertu eta ebaluatzeko, behar adina agiri edo informazio eskatu ahal izango diete erakunde eskatzaileari eta Basquetourri.
2.– Analisi horren emaitza txosten batean jasoko da eskabide bakoitzeko. Txosten horretan zehaztuko da zein gastu izan diren hautatuak eta zein ez. Hautatuak izan ez diren gastuak arrazoitu egin behar dira, bai eta agindu honen 8. artikuluan eta I. eta II. eranskinetan adierazitako mugen arabera eman beharreko diru-laguntzaren (diru-laguntza teorikoa) ehunekoak eta gehieneko zenbatekoak ere.
3.– Gero, egindako txostenak eta programarentzako dotazio ekonomikoa ikusirik, turismo eta ostalaritza arloko eskumena duen zuzendaritzako antolaketa-arduradunak edo, halakorik ez badago, sustapen-arduradunak ebazpen-proposamen bat bidaliko dio zuzendaritza horretako titularrari.
4.– Programarentzako dotazio ekonomikoa analisiaren ondoriozko ehunekoetan eta gehieneko zenbatekoetan aurreikusitako eskaerei erantzuteko behar bestekoak ez badira, zenbatekoak murriztu egingo dira, hainbanatuta, defizita arindu arte
15. artikulua.– Laguntzak ematea.
1.– Turismo eta ostalaritza arloko Zuzendaritzako titularrak eskumena du erakundeek eskatutako laguntzak eman edo ukatzeko administrazio-ebazpena eman eta jakinarazteko; sei hileko epea dute horretarako, urteko deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Ebazpen horretan identifikatuko dira erakunde onuradunak, finantzatutako proiektuak eta emandako zenbatekoak edo, hala badagokio, laguntza ez emateko arrazoiak.
2.– Ebazpen horren kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzako titularrari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean ezarritakoari jarraikiz. Gora jotzeko errekurtsoa egoitza elektroniko honen bitartez bakarrik izapidetuko da: http://www.euskadi.net/nirekudeaketak/
3.– Epe hori igarotzen bada ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, erakunde interesdunak bere eskaera ezetsi dela ulertu ahal izango du; hala ere, organo eskudunak ebazpena espresuki eman beharra dauka.
4.– Laguntzak emateko ebazpena erakunde interesdun bakoitzari jakinaraziko zaio banan-banan bitarteko elektronikoen bidez. Horretaz gain, erakunde esleipendunen eta emandako laguntzen zerrenda argitaratu ahal izango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
5.– Arau honen bidez araututako diru-laguntzak erakunde onuradunei emateko –eta, dagokionean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak.
16. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketa.
1.– Diru-laguntzaren ordainketa turismo eta ostalaritza arloan eskumena duen zuzendariak aginduko du, eta bi epetan ordainduko da, honela: diru-laguntzaren % 70 emandako laguntza onartu ondoren edo, dagokionean, agindu honen 19.1 artikuluan zehaztutako epea diru-laguntzari espresuki uko egin gabe igarotzen denean; eta gainerako % 30 egindako gastuen justifikazioa aurkeztu ondoren, hurrengo artikuluan xedatutakoaren arabera.
Aurrerakina ordaintzeko laguntza onartu arren, badago errekurtsoa aurkeztea laguntza onartzen duen ebazpenaren aurka.
2.– Diru-laguntza kobratzeko, eta pertsona edo erakunde onuradunaren bankuko edo izen sozialeko datuak aurretik eman ez badira edo aldatu nahi izanez gero, hirugarrenen alta hartzeko datuak jakinarazi beharko dira, Ogasun eta Ekonomia Sailak ezarritako ereduaren eta prozeduraren arabera (http://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-s2oga/eu/).
«Hirugarrenaren alta» dokumentua «Hirugarrenaren altaren erregistroa» delakoaren bidez betetzen ez bada, inprimakiarekin batera, Identifikazio Fiskaleko Txartela aurkeztu beharko da.
3.– Egindako gastutzat joko dira 18. artikuluan xedatutako justifikazio-epea amaitu aurretik benetan ordaindu diren guztiak.
17. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako betebeharrez gain, honako hauek ere bete beharko dituzte agindu honetan araututako diru-laguntzen erakunde onuradunek:
1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretan, diru-laguntzaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunak ukoa idatziz eta espresuki adierazten ez badu, diru-laguntza onartu egiten duela ulertuko da.
2.– Emandako diru-laguntza horren xede den helbururako erabiltzea, aurreko artikuluan ezarritakoa aplikatzekoa denean izan ezik. Horrez gain, laguntzaren xede diren helburuak eta jarduerak bete dituztela justifikatu beharko dute, agindu honetan eta laguntza emateko ebazpenean xedatutakoari jarraikiz.
3.– Beste edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribaturen eskutik xede berbererako diru-laguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak lortuz gero, horren berri ematea diru-laguntza ematen duen organoari. Komunikazio hori diru-laguntza justifikatzeko agiriekin batera egin beharko da.
4.– Diru-laguntza emateko edozein inguruabar objektibo edo subjektibo aldatzen bada, aldaketa egin aurretik horren berri ematea.
5.– Laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko dituzten zereginak aurrera eramanez eskatzen dion informazio oro ematea, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.
6.– Jasotako funtsak aplikatu direla egiaztatzen duten agiriak eta fakturak, agiri elektronikoan barne, gutxienez bost urtez gordetzea, diruz lagundutako jardueraren azken justifikazioa egin eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak agiri eta faktura horiek egiaztatu edo kontrolatzeko beharra izan dezake.
7.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren lankidetza espresuki aipatzea modurik egokienean, diruz lagundutako proiektuaren ezaugarrien arabera eta irizpide hauek betez:
● Hezkuntza, promozio eta marketinerako euskarriek, beren formatua eta hedatzeko modua edozein delarik ere, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren logoa eta Euskadi Basque Country marka turistikoa erakutsi beharko dute, horri buruzko eskuliburuetan jasotako aplikazioen arabera, salbu eta bidaia-agentziekin edo turismo-preskriptoreekin egindako promozio-ekintzetan erakunde onuradunaren, jomugaren edo produktuaren klubaren logotipoa erabiltzen ez bada. Eskuliburu horiek Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bitartez eskatu ahal izango dira (http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak).
● Gainera, dagokionean, webgunean turismoaren webgune ofizialaren banner bat jarri beharko da: www.euskaditurismo.eus
8.– Bere gain hartzea Emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak 2.3 artikuluan administrazioaren laguntzak jasotzen dituzten edo harekin kontratuak edo hitzarmenak egiten dituzten erakundeei ezartzen dizkien betebeharrak. Tratu-berdintasunaren, aukera-berdintasunaren eta langileen aniztasunarekiko eta desberdintasunarekiko errespetuaren printzipioak betez jardutea; estatistika eta azterketak egokitzea; edozein motatako hizkuntzaren erabilera ez-sexista egitea euskarri guztietan, eta zuzendaritza-organoetan eta kide anitzeko organoetan gaitasun, prestakuntza eta ahalmen egokia duten emakume eta gizonen presentzia orekatua edukitzea.
9.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko zerbitzu teknikoek egin beharrekotzat jotzen dituzten ikuskaritzei eta egiaztapenei men egitea. Diruz lagundutako jardueren garapen eta betearazpenarekin zerikusia izan dezakete ikuskaritzek eta egiaztapenek, eta erakunde onuradunek eman egin beharko dute horien inguruan eskatzen zaien informazio guztia, baita eskatzen zaien justifikazio-dokumentazio guztia ere.
18. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa eta azken likidazioa.
1.– Justifikaziora sartzeko eta hori betetzeko, modu bakarra egongo da: http: /www.euskadi.eus/nirekudeaketak egoitza elektronikoa erabiltzea.
2.– Erakunde onuradunak agiriak aurkeztuz frogatu beharko du, baliabide elektronikoen bidez, bete egin dituela ezarritako baldintzak, eta lortu egin duela laguntza ematean ezarritako helburua. Eskabideak aurkezteko azken eguna 2019ko urtarrilaren 31 izango da.
3.– Aurreko apartatuan zehazten den justifikazio-aldia bukatu aurretik egiaz ordaindutakoa joko da egindako gastutzat.
4.– Ezarritako justifikazio-epea bukatu eta justifikaziorik aurkeztu ez bada, luzatu ezin den hamabost eguneko epean aurkezteko eskatuko diote turismo eta ostalaritza arloko teknikariek erakunde onuradunari. Ezarritako epean justifikaziorik aurkeztu ezean, baldintza hori bete gabe geratuko da eta, ondorioz, ordaindutako diru-laguntza itzuli egin beharko da, gehi berandutze-interesa.
5.– Diru-laguntzak justifikazio-kontuaren bidez justifikatuko dira, gastu-justifikagiriak aurkeztuz, non gutxienez dokumentazio hau bilduko baita:
● Diru-laguntza ematean ezarritako baldintzak bete dituztela justifikatzeko jarduera-memoria, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak zehatz-mehatz azalduta.
● Justifikazio-memoria ekonomikoa, egindako jardueraren kostua frogatzen duena, honako puntu hauek jasotzen dituena:
a) Jardueraren gastuen zerrenda sailkatua, enpresa hornitzailearen identifikazioarekin (IFZ eta enpresaren izen soziala), faktura emandako data, kontzeptua eta zenbatekoa (BEZa barne, diruz lagundu badaiteke) eta ordainketa-eguna. Laguntza aurrekontu baten arabera eman bada, gertatutako desbideratzeen berri eman beharko da. Fakturen koadroa egoitza elektronikoan garatu eta emandako ereduaren arabera beteko da:
https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2018/ptt-2018/y22-izapide/es (gaztelania)
Https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/ptt-2018/y22-izapide/eu (euskara)
b) Jatorrizko fakturak (elektronikoak izan daitezkeenak) edo merkataritzako trafiko juridikoan froga-balio bera duten dokumentuak edo administrazio-eraginkortasuna dutenak, bat etorri beharko baitute aurreko apartatuan zehaztutakoekin. Bidaia-gastu txikiak justifikatzeko (bidesariak, kilometrajea, hiriko garraioa eta mantenu-gastuak), ordainagirien ordez, posible izango da kontzeptu horregatik egindako gastuen egiaztagiri bat aurkeztea, arduradunaren edo baimendutako pertsonaren sinadurarekin (udal-ikuskatzailea, erakundearen kudeaketa ekonomikoaren arduraduna, etab), betiere zenbateko hori emandako diru-laguntzaren % 10 baino txikiagoa bada. Diruz lagundutako gastuen kostuak ez du, inola ere, merkatuko balioa gaindituko.
c) Ordainketa egiaztatzen duen dokumentazioa.
d) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo diru-laguntza batzuei buruzko erantzunkizunpeko adierazpena, zenbatekoa eta jatorria ere aipatzen dituena; adieraziko da, halaber, oinarrietan eta ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen dituela, jarduerak egin dituela eta proiektu horren emaitzak lortu dituela jardueraren azken memoriaren eta justifikazio-kontuaren bidez hala justifikatzen baitu, eta datuak eta aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.
e) Lan-kontratua eta dagozkion nominak, pertsona gaituren bat kontratatzeko diru-laguntza jasotzen den kasuetan.
f) Hala badagokio, Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Legearen 31.3 artikuluari jarraikiz eta agindu honen 8.4 artikuluan ezarrita dagoen moduan, erakunde onuradunak eskatu dituen hiru aurrekontuak.
6.– Gainera, kasu guztietan:
– Promoziorako materiala egiteko diru-laguntza eskatu dutenek aurkeztu beharko dute sortutako material bakoitzaren ale bat edo interneteko sarbidea, materiala interneten argitaratu bada.
– Dagokionean, bankuko dokumentu bat, non adierazten baitira diru-laguntzaren % 70eko aurrerakinak ordaindu zenetik diru-laguntzaren justifikazio aurkezteko egunera arte sortu dituen benetako finantza-etekinak.
7.– Turismo eta ostalaritza arloko teknikariek egiaztatuko dute diruz lagundutako jarduerak egin direla, aurkeztutako dokumentazioa aztertuta.
8.– Dokumentazioa egiaztatzerakoan ikusten bada konpon daitezkeen akatsak daudela erakunde onuradunak aurkeztutako egiaztagirian, jakinaren gainean jarriko dute aipatutako langileek, eta hamar eguneko epea emango diote akatsok zuzentzeko.
9.– Zentzu horretan, diru-laguntzaren behin betiko zenbatekoa likidatzeko, diru-laguntza emateko ebazpenean zehaztutako finantzazio-ehuneko aplikatuko zaio erakunde onuradunak benetan ordaindu eta justifikatu dituen gastuei, kontuan izanik agindu honen II. eta III. eranskinetan eta 8. artikuluan ezarritako gehieneko zenbatekoak. Inongo kasutan ezin izango da diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritako zenbatekoa gainditu. II. eranskinean jasotako jardueren justifikazioen zenbatekoak, izaera berekoak badira, elkarrekin konpentsatu ahal izango dira, eta ezin izango dute gainditu eranskin horretako jardueretarako onartutako laguntza.
10.– Nolanahi ere, Lurralde Ordezkaritzak ez baditu diru-laguntzaren justifikazioan aurkeztutako gastu guztiak onartzen, eta, horrek emandako diru-laguntza murriztea ekartzen badu, Turismo Zuzendaritzan dagokion diru-laguntzaren likidazioa proposatu baino lehen, hamabost eguneko entzunaldi-izapidea emango zaio erakunde interesdunari, hala badagokio, aurkeztutako dokumentazioa konpon dezan.
11.– Aipatutako alderdi guztiak egiaztatu dituztenean, txosten bat emango du eta turismoaren arloan eskumena duen zuzendariari igorriko zaio; bertan, justifikatutako eta onartutako gastuaren arabera, dagokion diru-laguntzaren likidazioa proposatuko da.
19. artikulua.– Laguntzak aldatzea.
1.– Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira eta beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuetatik beste diru-laguntza batzuk edo bestelako laguntzak jasotzen badira, edota, hala badagokio, helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu egin ahal izango da; betiere, ustezko ez-betetzeak estaltzen ez badira, arau honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira eta hirugarrenei kalterik eragiten ez bazaie. Laguntza-programa honen onuradun izateko, gutxieneko baldintza horiek bete behar dira. Baldintzak agindu honen 4. artikuluan daude, eta diru-laguntzak jasotzeko jarduerak, ordea, 6. artikuluan eta II. eta III. eranskinetan. Ondore horietarako, aldatzeko ebazpena emango du turismoaren arloko eskumena duen zuzendariak, eta bertan emandako diru-laguntzen zenbatekoak doituko dira.
2.– Hala eta guztiz ere, aurkeztutako proiektuaren funtsa aldatzen ez bada, deialdia egiteko agindu honetako gutxieneko eskakizunak betetzen badira eta laguntza helburu bererako erabiltzen bada, turismo eta ostalaritza arloko eskumena duen zuzendaritzari jakinarazi eta justifikatu beharko zaizkio aldaketak, idatziz, baina diru-laguntza emateko ebazpena ez da aldatuko.
3.– Justifikazio-fasean, jarduerarako onartutako kostua onetsitako gastuaren aurrekontua (laguntza zehazteko baliatu zena) baino txikiagoa bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa txikitu egingo da, turismo eta ostalaritza arloko eskumena duen zuzendaritzako titularraren murrizketa-ebazpen baten bidez, eta, ondoren, diru-laguntzaren ehunekoa oinarri berriari aplikatuko zaio.
20. artikulua.– Atzera egitea eta uko egitea.
1.– Laguntza eskatzen duen erakundeak atzera egin dezake bere eskaeran. Eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi baino lehen egin beharko du atzera. Turismo eta ostalaritza arloko eskumena duen zuzendaritzako titularrak, ebazpen bidez, bete-betean onartuko du atzera egite hori, eta prozedura bukatutzat joko du, pertsona horri dagokionez.
2.– Emandako laguntzari uko egin ahal izango dio erakunde onuradunak. Diru-laguntza onartu eta gero egin ahal izango da ukoa. Turismo eta ostalaritza arloko eskumena duen zuzendaritzako titularrak, ebazpen bidez, espresuki onartuko du emandako ukoa, eta ordurako ordainketaren bat egin bada, itzuli beharra deklaratuko du, gehi dagozkion interesak, eta amaitutzat emango du prozedura, pertsona horri dagokionez.
21. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Erakunde onuradunak ez badu betetzen agindu honetako betebeharren bat edo diru-laguntza emateko ebazpenak ezartzen duen baldintzaren bat, ez badu betetzen proiektuaren zati bat (eta, modu horretan, laguntzaren xedea osorik hutsaltzen badu), edo diru-laguntza edo laguntza publikoak itzultzera behartzen duen egoeraren batean badago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluarekin eta abenduaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluarekin bat etorriz, laguntza eman zuen organo eskudunak, ez-betetzearen espedientea izapidetu ondoren (interesdunari entzunda), ebazpen bidez, diru-laguntza osoa edo zati bat jasotzeko eskubidea kenduko dio onuradunari, eta, hala badagokio, aginduko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko hartu dituen laguntzak (guztia edo zati bat, proiektuaren betetze-mailarekiko modu proportzionalean) eta berandutze-interesak, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta itzulketei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin eta aipatutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluarekin bat etorriz, hartara eragotzi gabe beste neurri batzuk hartzea. Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.
2.– Segidan aipatzen den gorabeheraren bat gertatzen bada, diru-laguntza osorik kobratzeko eskubidea galduko da:
a) Diruz lagundutako jarduerak emandako laguntzaren % 25ean edo hortik beherako ehunekoan egikaritzen badira
b) Justifikagiriak epez kanpo aurkeztea.
c) Laguntza lortzeko eskatzen diren baldintzak ez betetzea.
3.– Diru-laguntza justifikatzeko agiri batzuk falta badira, diru-laguntza murriztu egingo da, aurkeztu gabeko justifikagiriekiko zenbateko proportzionalean.
4.– Turismo eta ostalaritza arloko eskumena duen titularrari dagokio ez-betetzearen espedientea hastea eta ebaztea. Ez-betetzearen espediente hori http://www.euskadi.net/nirekudeaketak/ egoitza elektronikoan bakarrik izapidetuko da.
5.– Prozedura administrazioko arau-haustea izan daitezkeen egitateen ondorioz hasten bada, eskumena duen organoari jakinaraziko zaio, behar den zehapen-prozedurari ekin diezaion.
22. artikulua.– Datu pertsonalak.
Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen arabera, deialdiak izapidetzean jasotzen diren datu pertsonalak fitxategi batzuetan sartuko dira (parte-hartzaileek berek horien tratamendua eta argitalpena baimenduta). Diru-laguntzen deialdiak kudeatzea eta deialdietan parte hartzen duten pertsonei horien garapenaren berri ematea izango da fitxategien helburua. Turismo eta ostalaritza arloan eskumena duen Zuzendaritza da fitxategi horien arduraduna. Datuak eskuratzeko eskubideak Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritzan erabili ahal izango dira. Datuak zuzendu, ezeztatu eta horien aurka egiteko eskubideak, ordea, Sail horretako Zerbitzu Zuzendaritzan erabili ahal izango dira (Donostia kalea 1, 01010, Vitoria-Gasteiz).
II. ERANSKINA
TURISMOKO LURRALDE-PROIEKTUAK, JOMUGEN ERAKARGARRITASUNA ETA EUSKADIN BIZI IZANDAKO ESPERIENTZIA HOBETZEN DUTENAK
1.– Atal honetan oinarrituko dira helburu hauek lortzeko turismo-produktuak sortu, abiarazi, sustatu eta merkaturatzea dakarten proiektuak: EAEko turismo-esperientzia hobetzea; turismo-eskaintza sendotzea eta bereiztea, balio erantsi handiagoa emanez; eta turismo-fluxu berriak indartzea eta sortzea, horrela turismo-kontsumoa urte guztian modu uniformean banatzen laguntzen badute eta turisten batez besteko egonaldia eta gastua handitzen badute. Zeharkakoak izango dira, ahal dela, eta eskualdez gaindiko eragin handiagoa izango dute, eta, horretarako, helmugen arteko lankidetza eta koordinazioa sustatuko da. Ekimen pribatuaren parte-hartzea sustatuko dute fase guztietan, ea berariaz merkaturatzean; eta konponbide teknologikoak erabiltzeko joera izango dute, helmugaren, turismo-enpresaren eta bisitariaren arteko elkarreragina ahalbidetzeko.
2.– Lehentasuna izango dute diru-laguntza jasotzerakoan Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzak sustatutako gidaplanen eta turismo-produktuen arabera egiten diren jarduerak dituzten proiektuek; zehazkiago, honako hauek:
2.1.– Turismo gastronomikoa: Turismo enogastronomikoa sustatzeko planaren araberako proiektuak baino ez dira kontuan hartuko, «Euskadi Gastronomika» produktuaren klubaren testuinguruan garatutakoak.
2.2.– Naturarekin lotutako turismoa: honako kategoria hauetan bildutako turismo-produktuei dagozkien proiektuak baino ez dira kontuan hartuko:
2.2.1.– Turismo aktiboa naturan.
– Euskadiko BTT zentroak: Urdaibai, Debabarrena, Izki, Arabako ibarrak, Tolosaldea, Arabako lautada eta Durangaldea.
– Euskadiko bide berdeak: Burdin mendiak, Vasco Navarro trenbidea, Bidasoa, Plazaola-Leitzaran, Urola, Arrazola, Mutiloa-Ormaiztegi, Arditurri eta Atxuri.
– Euskadiko bidezidorrak: GR-283 Gaztaren Ibilbidea, GR-38 Ardoaren eta Arrainen Ibilbidea.
– Basque Trail. Erakunde arteko esperientzia pilotua, motorrik gabe mugitzea dakarten kirolen inguruko kirol-praktikara eta turismo aktibora bideratutako berariazko zerbitzuak sarean egokitu eta elkartzeko, EAEn kokatuta eta kanpoko aldearekin konektatuta. Proiektu pilotua Arabako lautadan eta Arabako Errioxan egiten ari da.
2.2.2.– Ekoturismoa:
Birding Euskadi, txoriak ikusteko 10 eremu.
Urdaibaiko Biosferaren Erreserba.
Parke naturalak:
Euskal Kostaldeko Geoparkea.
2.3.– Bilera eta pizgarrien turismoa (MICE): Basquetourrek eginiko MICE turismoaren garapen-planarekin bat datozen hiriburuetako proiektuak baino ez dira jasoko.
2.4.– Kultura-turismoa.
Euskadiko Done Jakue bideak.
Euskadiko Ignaziotar Bidea.
2.5.– Kostako turismoa: Euskal Kostaldearen Gidaplaneko eragiketa-planari dagozkion eta ezarritako lan-mahai edo -foroetan onartuz joaten diren ekintza guztiak jasoko dira; hala ere, produktu hauei lotutakoek izango dute lehentasuna:
Itsas ondare material eta immaterialari, arrantzari, eta haren industria osagarriei lotutako Itsas Kultura.
2.6.– Familia-turismoa: Familia Turismoaren Planarekin bat datozen proiektuak.
2.7.– Esperientzia-programa: IV. eranskinean zerrendatutako esperientzia ofizialei dagozkien ekintza guztiak.
3.– Aurreko atalean identifikatu ez diren planetan ez dauden baina ezarriko diren jomugen turismo-garapenerako estrategikotzat jo daitezkeen beste produktu-mota batzuk (turismo industriala, ihesaldiak, ibilaldiak, interes bereziko turismoa, eta abar) sortzeko, garatzeko, sustatzeko eta merkaturatzeko jardunak sustatuko dira, eta, horrela, produktuaren planean justifikatuko dira. Planak honako atal hauek jaso beharko ditu, behintzat:
– Planaren justifikazioaren diagnostikoa (hala badagokio, eskaintzaren, ahalmenaren eta eskariaren analisia eta AMIA diagnostikoa identifikatzea).
– Planaren helburuen identifikazioa.
– Turismo-produktuaren definizioa eta ezaugarriak.
– Produktuaren marketin-plana (sustapena eta merkaturatzea).
– Garapen-estrategia (aurreikusitako ekintzak, kronograma, markaren irudia –hala badagokio–, etab.).
– Helburuen lorpenaren amaierako ebaluazioa.
4.– Diruz lagundu ahalko dira, zalantzarik gabe, jarraian adierazitako ardatz bakoitzean zehaztutako jarduerak egiteko behar diren gastuak:
1) Plangintza eta kudeaketa:
– Proiektuak gauzatzeko, horien jarraipena egiteko eta dinamizatzeko baliabideak. Diruz lagundu ahalko da prestakuntza egokia duten langileak aldi baterako kontratatzeko gastua –laguntza teknikoaren bidez edo obra edo zerbitzuko kontratuaren edo antzeko bestelako baten bidez–, baldin eta helburua proiektuak kudeatzea, horien jarraipena egitea eta dinamizatzea bada. Onartuko dira, halaber, erakundea estatuko eta nazioarteko sareetako kide izateari dagozkion gastuak, hala nola kuotak, bidaiak eta ekitaldiak.
2) Produktua sortzea:
– Produktua dinamizatzeko tailerrak. Diruz lagundu ahalko dira produktuaren garapenean interesa duten erakundeek parte hartzen duten tailerren garapenari lotuta dauden gastuak, horiek hobetzen edo sortzen eta gauzatzen laguntzeko, besteak beste: aretoak eta materiala alokatzea, tailerrak garatzeko kanpo-enpresak kontratatzea, etab.
– Jardunbide egokien bidez ezagutza eman dezaketen beste helmuga batzuetara azterketak egiteko bidaiak. Diruz lagundu ahalko dira bidaia-gastuak, ostatuari eta garraioari dagozkienak.
– Proiektua abiaraztea. Diruz lagundu ahalko dira produktuaren inguruan eskaintza antolatzeko aukera ematen duten ekimenak abian jartzearen ondoriozko gastuak, bai eskariaren jokamoldearen azterlanei buruzkoak (IBILTUR estatistika-operazioaren planteamendu metodologikoaren arabera), bai horiek eraginkor bilakatzeko laguntza ematen duten zerbitzuei eta zabalkunderako behar diren euskarriei dagozkienak.
– Kanpoko sentsibilizaziorako ekintzak, foroak, jardunaldiak eta EAEko Marketin Plana 2017-2020an lerrokatutako produktuen aurkezpenak. Diruz lagundu ahal izango dira ekintza horiek abiaraztearen ondoriozko gastuak, euskarrien garapenari, espazioen alokairuari, materialaren garapenari, zabalkundeari, hizlariei eta abarri dagokienez.
– IKTekin lotutako soluzio teknologikoak ezartzea, produktua osatzen duten baliabideen bisita turistikoa eta interpretazioa errazteko: seinaleztapena eta informazio-panelak teknologia berrietan oinarrituta, audio-giden edukien garapena, errealitate areagotua, etab.
3) Sustapena:
– Interes handiko ekitaldiak sortzea edo martxan jartzea, deialdirako eta/edo oihartzun mediatikorako duten ahalmenagatik, bai eta produktuarekin zerikusia duten nazioarteko ekitaldiak ere.
– Proiektuarekin zuzenean lotuta dauden web-euskarriak eguneratzea edo hobetzea (webguneak, blogak, newsletterrak, etab.).
– Ikus-entzunezko edukiak garatzea: irudi-bankuak, ikus-entzunezko erreportajeak eta abar egitea, betiere erakunde eskatzailearen esku geratzen badira eta material hori eta doan erabiltzeko eskubidea Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzaren esku geratzen badira, erakunde onuradunari aplika dakizkiokeen baldintza beretan.
– Proiektuarekin zerikusia duten sustapenerako materialak editatzea eta sortzea eta emango diren euskarrietara –fisikoa edo digitala– egokitzea. Gainera, zehazki, Euskadi Gastronomika produktu-klubei lotutako helmugetarako, produktu-klubari ikusgaitasuna emango dieten euskarri fisikoak lagunduko dira diruz, eta, naturako produktuari dagokionez, Basquetourrek BTT zentroei, bide berdeei (Burdin mendiak, Vasco Navarro, Urola, Arditurri, Bidasoa, Plazaola Leitzaran), ibilbideei (GR-38 eta 283) eta geoparkeei buruz egindako euskarrien inprimatzeen ondoriozko gastuak lagundu ahal izango dira diruz.
– Produktuan espezializatuta dauden turismoko azoka profesionaletara eta amaierako publikoari zuzendutako produktuan espezializatutako azoka turistikoetara joatea: Diruz lagunduko dira espazioa eta standa alokatzearen eta pertsona baten ostatuaren, bidaiaren eta mantenuaren ondoriozko gastuak. Ez dira diruz lagunduko Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzak Basquetourren bidez bisitatzen dituen azokak.
– Publizitatea sartzea (online eta offline), «press-trip» delakoak eta kaleko ekintzak.
4) Merkaturatzea:
– Eskaintza dinamizatzea, eragile espezializatuen bidez, eta/edo eskaintza kokatzeko ekintza interesgarriak egitea: besteak beste, fam tripak, alderantzizko jardunaldiak, zuzeneko jardunaldiak, workshopak, etab.
– Lineako merkataritza-estrategiak.
5.– Turismo-produktuak sustatzeko eta merkaturatzeko ekintzen garapena diruz lagunduko da honako eremu hauetan:
– Euskal Autonomia Erkidegoan, mugakide diren probintzietan eta Iparraldean (Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherea), erakunde onuradunek beren kabuz edo beste batzuekin lankidetzan egiten dituzten jardueretarako.
– Estatuan eta nazioartean, batez ere Euskal Turismoaren 2017-2020 Marketin Planean lehentasunezkotzat jotzen diren merkatuetan (Estatuan: Madril, Katalunia, Andaluzia, Gaztela eta Leon, Valentziako Erkidegoa, eta nazioartean: Alemania, Frantzia, Erresuma Batua, Italia, EEBB, Herrialde Nordikoak eta Herbehereak), hiru hiriburuetako eta Arabako Errioxako turismoaren erakunde sustatzaileek egiten dituzten jardueretarako baino ez.
6.– Produktuak sustatzeko eta merkaturatzeko ekintzetan aplikatu beharko den logotipoa duten markak elkarrekin agertzeko politika honako hau izango da:
– Erakunde onuradunen logotipoa duten markak «Euskadi Basque Country» markarekin eta, hala badagokio, produktu-klubaren markarekin batera agertuko dira.
– «Euskadi Basque Country» logotipoa duen markak eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren logoak hierarkikoki garrantzi bera edo handiagoa izango dute erakunde onuradunaren logotipoaren markak baino.
– Aurrekoa gorabehera, bidaia-agentziekin edo preskriptore turistikoekin sustapen-ekintzak egiten badira, erakunde onuradunaren logotipoa duen marka erabili gabe, ez da beharrezkoa izango Euskadi Basque Country logotipoa duen marka erabiltzea, ez eta produktu-klubarena ere.
7.– Gastu hauek ez dute diru-laguntzarik jasoko:
– Inbertsio-gastuek.
– Informatikako ekipamendua erosteak.
– Funtzionamendurako ohiko gastu orokorrek (hornidurak, ura, argia, telefonoak, aseguruak, bulegoko materiala, alokairua eta antzekoak); Internetera sartzeko kuotek; beste elkarte batzuei ordaindutako kuotek, eta egon ohi diren antzeko beste gastu batzuek. Diruz laguntzen den egitatearekin zuzeneko harremana dagoela egiaztatzen duten frogak aurkezten ez badira.
– Erakunde eskatzaileko langile finkoen edo egonkorren gastuek.
– Luntxek, bazkariek eta antzekoek, gastu horiek ekintza garatzeko zuzeneko harremana daukatenean eta beharrezkoak direnean izan ezik, baina, betiere, eskabidean arrazoitu beharko dira.
– Gonbidapenen, merchandisingaren eta oparien ondoriozko gastuek.
– Webgunearen erregistrorako, mantentzerako eta ostaturako (hosting) gastuek.
8.– Laguntzen zenbatekoa:
● Langileen kontratazioa (laguntza tekniko bidez, obra- eta zerbitzu-kontratu bidez edo gisa horretako zerbaiten bidez): Laguntza onartutako gastuaren % 60koa izango da, eta, gehienez, 25.000 eurokoa erakunde bakoitzeko.
● Diruz lagundu daitezkeen gainerako jarduerak: Onartutako gastuaren % 50, gehienez 66.500 euroko diru-laguntzara arte, erakunde bakoitzeko.
Nolanahi ere, gehienez ere 66.500 euro jaso ahal izango ditu erakunde batek, eranskin honetan agertzen diren diruz laguntzeko moduko kontzeptuengatik; salbuespena hiriburuez besteko toki-erakundeak izango dira, 15.000 euro jaso ahal izango dituzte-eta diru-laguntza gisa.
III. ERANSKINA
HELMUGEN LEHIAKORTASUNA HOBETZEKO PROIEKTUAK
1.– Erakunde onuradunei lagunduko zaie helmugen enpresa, baliabide eta zerbitzu turistikoen lehiakortasuna hobetzeko Basquetourrek sustatutako eta kudeatutako honako programa hauek antolatzen eta ezartzen:
1.1.– Helmugen Kalitateko Jardunbide Egokien Programa. Turismo-helmugen kudeaketa integralaren eredua ezartzeko programa, helmugan erakunde-egitura egonkorra sortuz, jardunbide egokien eskuliburuak ezarriz eta aginte-koadroa kudeatuz. Hauek dira erakundearen helburu nagusiak:
– Turismoaren sektorea profesionalizatzea, negozioaren kudeaketa hobetuz, bai eta ematen den zerbitzua ere (bezeroaren gogobetetasuna).
– Helmugako kontzientzia garatzea eta, horretarako, erakunde-egiturak sortzea bertan.
1.2.– IKTen erabilerarako Jardunbide Egokien Programa. Informazioaren eta komunikazioaren teknologien (IKT) erabilera hobetzeko programa euskal turismo-sektoreko enpresetan, sentsibilizazioaren eta laguntza integratuaren bidez. Hauek dira erakundearen helburu nagusiak:
– Euskadiko turismo-enpresen lehiakortasuna hobetzea, IKTen erabileraren bidez.
– Teknologia sartzeko oztopoak kentzea.
– Sektoreko enpresetan teknologia-jardunbide egokiak sustatzea.
– Enpresei hobekuntza-prozesuetan laguntzea.
– Turismo-helmugaren gaineko kontzientzia sortzea, etengabeko hobekuntzarako.
1.3.– Europako Ekoetiketaren programa. Europako eredua ezartzeko programa (bertan, irizpide ekologikoak ezartzen dira), euskal turismoaren sektoreko enpresetan ingurumena babesten duten produktu edo zerbitzuak sustatzeko. Produktuak edo zerbitzuak bizitza-zikloan ingurumenean duen eraginari buruzko benetako informazioa ematen du, eta, beraz, kontsumitzaileek ingurumenean eragin txikiagoa duten produktuak eta zerbitzuak aukera ditzakete. Helburu nagusiak honako hauek dira. Hauek dira erakundearen helburu nagusiak:
– Ingurunearekin errespetuzkoa den ostatu-hartze osasungarriko eskaintzan laguntzea.
– Ekoeraginkortasuna: Kostuak murriztea.
– Zerbitzuaren kalitatea eta haren ingurumen-kudeaketa egokia nabarmentzea.
– Ostatuaren irudia eta ospe ona hobetzea.
– Ostatuaren gizarte-erantzukizuna hobetzea.
– Merkatua bereiztea.
Aipatutako programek honako prozesu hauek dauzkate: plangintza eta sentsibilizazioa, autodiagnostikoa eta diagnostikoa, prestakuntza, banan-banako asistentzia teknikoa, ebaluazioa eta, azkenik, berme- eta sari-prozesua.
2.– Basquetourreko urteko programazioko laguntzaren erakunde eskatzaileak onarpena eman beharko du programa horiek ezartzeko, eskabidea egin aurretik.
3.– Goi-mailako prestakuntza duten langileak aldi baterako kontratatzeko gastua diruz lagundu ahalko da –laguntza teknikoaren edo obra edo zerbitzuko kontratuaren edo antzeko bestelako baten bidez–, baldin eta berariazko helburutzat badu aipatutako programen prestakuntza-, ezarpen- eta ebaluazio-prozesuetan enpresa eta erakunde parte-hartzaileei laguntzea.
Ez da onartuko erakunde eskatzailearen langile finkoen edo egonkorren gasturik.
4.– Laguntza onartutako gastuaren % 60koa izango da, eta, gehienez, 25.000 eurokoa erakunde bakoitzeko. Onartutako zenbatekoa honako alderdi hauek kontuan hartuta kalkulatuko da:
a) Programetan izena eman duen enpresa-kopurua.
b) Enpresa eta programa bakoitzeko diruz lagun daitezkeen orduak, honako alderdi hauek kontuan hartuta:
– Helmugen Kalitateko Jardunbide Egokien programetako 20 ordu lagunduko dira diruz gehienez, 1etik 4ra bitarteko zikloak egiten dituen enpresa parte-hartzaileko, biak barne, eta 8 ordu enpresako, 5. ziklotik aurrera.
– IKTen erabilerarako Jardunbide Egokien programak honela lagunduko dira diruz: gehienez 20 ordu enpresako, eta horiek 8ra murriztuko dira, 2. mailatik aurrerako berresteen kasuan.
– Europako Ekoetiketen Programa honela lagunduko da diruz: gehienez 20 ordu enpresa parte-hartzaileko.
c) Orduko diruz lagun daitekeen gehieneko kostua 35 euro da. Horrenbestez, onartutako zenbatekoa eskuratzeko aplikatu beharreko formula honako hau da: (enpresa parte-hartzaileen kop.) x (diruz lagundutako ordu-kop.) x (kostua orduko).