EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-05-23 Aldizkari honetan argitaratua: 2018098

71/2018 DEKRETUA, maiatzaren 15ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari Bilbao Exhibition Centre S.A. sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko baimena ematen diona.

Organo emailea: OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
Xedapenaren zenbakia: 201800071
Xedapenaren data: 2018-05-15
Hurrenkenaren zenbakia: 201802724
Maila: Dekretua
Bilbao Exhibition Centre S.A. sozietatearen Akziodunen Batzar Nagusiak, 2018ko martxoaren 19an egindako bilkuran, erabaki zuen sozietatearen kapitalari 35.040.000,00 euro gehitzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Bilbao Exhibition Centre S.A. sozietatearen bazkide denez, lehentasunezko eskubidea du sozietatearen Akziodunen Batzar Nagusiak jaulkitzen dituen akzio berriak harpidetzeko, Kapital Sozietateen Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuaren 304. artikuluan agindutakoarekin bat etorriz.
Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintza Dekretuaren 110.1 artikuluan ezartzen denez, enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar da dekretu hori; baina, edonola ere, ematen den egunetik aurrera izango da indarrean.
Kapitala ordezkatzen duten baloreak eskuratzeko baimena ematen duen dekretuak, doako eskuraketa ez baldin bada behinik behin, nahitaezkoa izango du sozietatearen xedea adieraztea, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoak eskuratze horretan zuzenean nahiz zeharka izango duen partaidetzaren ehunekoa ere.
Bilbao Exhibition Centre S.A. sozietatearen xedea da «merkataritza lehiaketak antolatu eta kudeatzea, jarduera ekonomikoaren adar ezberdinen eta aisialdi eta kulturarekin lotutako beste batzuen merkataritzako sustapen modura».
Ondorioz, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren eta Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2018ko maiatzaren 15ean egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ekintzak ordezkatzen dituen pertsonari baimena ematea Akziodunen Batzar Nagusiak erabakitako Bilbao Exhibition Centre S.A. sozietatearen estatutu-aldaketari adostasuna adierazteko. Aldaketa hori dela-eta kapital soziala gutxitu egingo da, jaulkitako akzio guztien balio nominala murriztuz, eta hamasei (16) euroko balioa ezarriko da akzio bakoitzarentzat.
2. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari baimena ematea hamazazpi milioi, bostehun eta hogei mila (17.520.000,00) euro harpidetzeko Bilbao Exhibition Centre S.A. sozietatearen Akziodunen Batzar Nagusiak erabakitako kapital-gehikuntzan; zenbateko osoa hogeita hamabost milioi eta berrogei mila (35.040.000,00) euro da. Halaber, baimena ematen zaio ordainketa aipatu batzarrak ezarritako epeetan eta moduan egiteko, eta sozietatearen estatutuak aldatzeko. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak Bilbao Exhibition Centre S.A. sozietatean izango duen partaidetza zuzena % 49,97koa izango da.
3. artikulua.– Ondare eta Kontratazioko zuzendariari ahalmena ematea aurreko artikuluetan xedatutakoa burutzeko beharrezkoak diren jarduerak gauzatzeko eta agiriak izenpetzeko.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2018ko maiatzaren 15ean.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
Ogasun eta Ekonomiako sailburua,
PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.