EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-05-23 Aldizkari honetan argitaratua: 2018098

79/2018 DEKRETUA, maiatzaren 15ekoa, zeinaren bidez elikagai-enpresa eta -establezimenduen baimen sanitarioen eta komunikazioen erregimena arautzen baita eta Euskal Autonomia Erkidegoko elikagai-establezimenduen erregistroa (ELESE) sortzen baita.

Organo emailea: OSASUN SAILA
Xedapenaren zenbakia: 201800079
Xedapenaren data: 2018-05-15
Hurrenkenaren zenbakia: 201802721
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • 1996/10/04an argitaratutako 1996/09/17ko 199600223 DEKRETUA indargabetzen du
  • 2002/04/25ean argitaratutako 2002/03/15eko AGINDUA aldatzen du [200202459]

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren elikagaien higieneari buruzko 2004ko apirilaren 29ko 852/2004 (EE) Erregelamenduak ezartzen duenez, elikagai-enpresetako operadoreek adierazi behar diote agintaritza eskudunari –agintaritza horrek eskatzen duen moduan– elikagaiak ekoizteko, transformatzeko eta banatzeko zer establezimendu dauzkaten beren kontrolpean, erregistratuta gera daitezen. Era berean, agintaritza eskudunak informazio eguneratua izan dezan, jarduerari eta establezimenduaren itxierari eragiten dion edozein aldaketa esanguratsu gertatuz gero, enpresa horiek jakinarazi beharko diote agintaritzari (6.2 artikulua). Halaber, erregelamendu horretan aipatzen denez, agintaritza eskudunaren baimena beharko da establezimendua kokatzen den estatuko legeria nazionalak hala eskatzen duenean eta 853/2004 Erregelamenduak (EE) jasotzen dituen kasuetan (853/2004 Erregelamendua (EE), 2004ko apirilaren 29koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, animalia-jatorriko elikagaien higieneari buruzko arauak ezartzen dituena); izan ere, 853/2004 Erregelamenduak ezartzen duenez, animalia-jatorriko elikagaiak manipulatzen dituzten establezimenduek (III. eranskinekoak) ezin izango diote jarduerari hasiera eman harik eta agintaritza eskudunak baimena eman arte.
Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorraren 25.1 artikuluan adierazten denez, erregelamenduz ezarriko da baimen sanitarioaren beharra, baita enpresak eta produktuak arrazoi sanitarioengatik erregistratu beharra ere, eta, horretarako, lege honetan xedatutakoa hartuko da oinarritzat, baita Osasun Publikoari buruzko Lege Orokorrean ezarritakoa ere. Era berean, artikulu horren 2. puntuan daude zehaztuta zein diren baimen sanitarioek eta nahitaezko erregistroek bete behar dituzten betebeharrak.
Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak xedatzen duenez, administrazio sanitarioek erantzukizunpeko adierazpena eta jarduera hasteko aldez aurreko komunikazioa egiteko betebeharra ezarri ahal izango diete osasunean eragina izan dezaketen jarduerak egiten dituzten instalazio, establezimendu, zerbitzu eta industriei (29.2 artikulua), aplikatzekoa den araudi sektorialarekin bat etorriz eta zerbitzu-jardueretara oztoporik gabe iristeari eta zerbitzuetan oztoporik gabe jarduteari buruzko azaroaren 23ko 7/2009 Legean jasotakoa kontuan izanda.
Elikagaien Segurtasunari eta Nutrizioari buruzko uztailaren 5eko 17/2011 Legeak ezartzen duenez ere, Administrazio publikoek behar diren erregistroak sortu edo edukiko dituzte, elikagaien segurtasunaren arloko esku-hartzeek eragin ditzaketen egoeren berri izateko, eta hori erregelamendu bidez ezarriko da (24. artikuluaren 1. eta 2. zenbakiak).
Elikagai Enpresen eta Elikagaien Osasun Erregistro Orokorrari (RGSEAA) buruzko otsailaren 18ko 191/2011 Errege Dekretuak erregistro bateratu eta estatal hori sortu du, bertan sar daitezen autonomia-erkidegoek kudeatutako erregistroetan dauden datuak, erregistroetan inskribatzea, aldaketak egitea eta ezereztea beharrezko duten elikagai-enpresa eta -establezimenduei dagozkienak. Horretarako, operadore ekonomikoak aldez aurreko komunikazio bat, datuak aldatzeko komunikazio bat edo baimena lortzeko eskabide bat aurkeztu beharko du. Azken kasu horretan, 853/2004 Erregelamenduko (EE) III. eranskinean sartuta dauden animalia-jatorriko elikagaietarako bakarrik; izan ere, horiei dagokienez, 4.2 artikuluan adierazitakoa bete beharko da.
Aipatutako errege-dekretuaren 2.2 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten elikagai-establezimendu eta -enpresek ez dute inskripziorik egin behar Elikagai Enpresen eta Elikagaien Osasun Erregistro Orokorrean, erregistro autonomikoetan baizik.
Beraz, dekretu honen helburua da elikagaien segurtasunaren arloa egungo araudi-esparrura egokitzea, erregulatuz baimen sanitarioa lortzeko prozedurak edo Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean dauden elikagai-enpresa eta -establezimenduek jarduera hasteko komunikazioa egiteko prozedurak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko elikagai-establezimenduen erregistro autonomikoa sortzea, bertan erroldatuta edo erregistratuta gera daitezen EAEn elikagai-jardueraren bat egiten duten establezimendu guztiak –hargatik eragotzi gabe establezimendu-mota batzuetan beharrezkoak diren beste erregistro batzuk–, datuek ematen duten informazioa kudeatuz, osasun publikoa babesteko xedez, kontrol ofizialen programazio egokia bermatuta.
Erregistro autonomiko horretan, maiatzaren 17ko 76/2016 Dekretuan eskatzen diren betekizunak betetzen dituzten elikagai-establezimenduak ere sartuko dira (76/2016 Dekretua, Euskadiko nekazaritzako elikagaien ekoizpeneko hainbat arlotan betekizun higieniko eta sanitarioak egokitzeko baldintzak ezartzeko dena).
Horren ondorioz, Osasuneko sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat eta Gobernu Kontseiluak 2018ko maiatzaren 15ean eginiko bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea eta helburua.
1.– Dekretu honen helburua da osasun publikoa eta pertsonen osasun-eskubideak babestea, kontrolatuz hala Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan jarduten duten elikagai-establezimenduen eta -enpresen jarduerak nola establezimendurik ez duten enpresak izanik beren egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten enpresak.
2.– Helburu hori betetzeko, arau honek xede hau du:
a) Erregulatzea baimen sanitarioaren eta jarduera hasteko eta datuak aldatzeko komunikazioaren prozedura –erregistroko inskripzioa ezerezteko prozedura barne dela–, hala Euskal Autonomia Erkidegoan jarduten duten elikagai-enpresa eta -establezimenduena nola establezimendurik ez duten enpresak izanik beren egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten enpresena.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko elikagai-enpresa eta -establezimenduen erregistroa (aurrerantzean, ELESE) sortzea; zeina publikoa eta bakarra izango da baita Euskal Autonomia Erkidego osorako.
2. artikulua.– Elikagai-enpresa eta -establezimendu betebeharrak.
1.– Jarduera hasi baino lehen, baimen sanitarioa lortu beharko dute Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren animalia-jatorriko elikagaien higieneari buruzko arauak ezartzen dituen apirilaren 29ko 853/2004 Erregelamenduan (EE) aipatzen diren animalia-jatorriko produktuen elikagai-enpresa eta -establezimenduek, hala Euskal Autonomia Erkidegoan jarduten dutenek nola establezimendurik ez duten enpresak izanik beren egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan dutenek.
2.– Elikagai-enpresa eta -establezimenduek Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean dekretu honen 4. artikuluan zehaztutako jarduerak egiten badituzte, jarduera hasteko komunikazioa egiteko betebeharra izango dute.
3. artikulua.– ELESEaren esparrua eta izaera.
1.– ELESEak izaera autonomikoa eta publikoa izango du, eta datu-base informatizatu gisa eratuko da.
2.– ELESE koordinatu, kudeatu eta administratzeko ardura izango dute osasunaren arloan eskumena duen sailaren barruan osasun publikoaren eta elikagaien higieneari buruzko eginkizunez eta jardun-arloez arduratzen diren administrazio-organoek, eta modu deszentralizatuan kudeatuko dute Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzak, osasun publikoko eskualdeek eta Osasun Sailarekin helburu horretarako lankidetza-hitzarmenak izenpetzen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historikoetako udalek.
4. artikulua.– ELESEan inskribatzea.
1.– ELESEan egin behar dute inskripzioa hala Euskal Autonomia Erkidegoan jarduten duten elikagai-enpresa eta -establezimendu guztiek nola establezimendurik ez duten enpresak izanik beren egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten enpresa guztiek, baldin eta:
a) Haien jardueraren xede badira gizakien kontsumorako janariak edo elikagaiak, elikagaiekin kontaktuan egoteko diren materialak eta objektuak eta elikagaien prestakuntzarako erabilitako laguntzaile teknologikoak, eta baldin eta jarduera horiek honako kategoria hauetako batean sailkatu badaitezke: produkzioa, transformazioa, elaborazioa, ontziratzea, biltegiratzea, banaketa, garraioa eta inportazioa.
b) Elikagai-establezimendu eta -enpresa iraunkorrak edo sasoikoak izanik, saltzeko edo azken kontsumitzaileari
2.– ELESEaren, maiatzaren 17ko 76/2016 Dekretuan eskatzen diren betekizunak betetzen dituzten elikagai-establezimenduak ere inskribatuko dira (76/2016 Dekretua, Euskadiko nekazaritzako elikagaien ekoizpeneko hainbat arlotan betekizun higieniko eta sanitarioak egokitzeko baldintzak ezartzeko dena).
3.– 2.1 artikuluan aipatutako enpresak ELESEan inskribatzeko, lehenbizi Elikagai Enpresen eta Elikagaien Osasun Erregistro Orokorrak inskribatu behar ditu, eta identifikazio-zenbaki nazionala eman behar die, 6. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera baimenduak izan ondoren.
4.– Artikulu honen 1.a) puntuan aipatutako enpresak ELESEan inskribatzeko, lehenbizi Elikagai Enpresen eta Elikagaien Osasun Erregistro Orokorrak inskribatu behar ditu, eta identifikazio-zenbaki nazionala eman behar die, 7. artikuluan ezarritako komunikazio-prozedura bete ondoren.
5.– Azkenik, artikulu honen 1.b) eta 2 puntuetan aipatutako enpresei erregistro-zenbaki bat emango die ELESEak, 7. artikuluan ezarritako komunikazio-prozedura bete ondoren.
5. artikulua.– Erregistroaren edukia.
1.– ELESEaren inskribatuko dira:
a) Dekretu honen 2. artikuluan aipatutako enpresa eta establezimenduen jarduerak hasteko baimena eta komunikazioa; horretarako, dagokion inskripzioa egingo da, dekretu honen 6. eta 7. artikuluetan ezarritako prozeduraren arabera.
b) Elikagai-enpresa eta -establezimenduei buruzko datuen edozein aldaketa, baldin eta erregistroko inskripzioari eragiten badio.
c) Elikagai-enpresa eta -establezimenduen jarduera behin betiko uztea; horrek inskripzioaren ezereztea ekarriko du.
2.– Elikagai-enpresen eta establezimenduen inskripzioa elikagai-enpresaren edo -establezimenduaren titularrak eskatuta egingo da.
3.– Elikagai-enpresa edo -establezimenduaren titularrek jakinarazi egin beharko diote ELESEari 1. puntuko b) eta c) letretan aipatzen diren gorabeherak, horiek gertatu eta gehienez ere hilabeteko epean. Komunikazio hori jaso ondoren, inskripzioa aldatu egingo da edo, kasuaren arabera, ezereztu.
4.– Erregistroko inskripzioa ofizioz aldatu eta ezereztu daiteke baldin eta Administrazioak ikusten badu inskripzio-datuak ez direla zuzenak edo elikagai-enpresak edo -establezimenduak jarduera utzi duela.
5.– Dena dela, ofizioz egindako aldaketa edo ezereztapena interesdunei jakinaraziko zaie, edo, hala dagokionean, haien ordezkariei, egoki iritzitako justifikazio eta agiriak alegatu eta aurkez ditzaten.
6. artikulua.– Elikagai-enpresa eta -establezimenduak baimentzeko eta ELESEan inskribatzeko, aldatzeko eta ezerezteko prozedura.
1.– Baimenarekin, enpresa eta establezimenduek beren jarduera egin ahal izango dute. Baimen hori lortzeko, enpresa eta establezimenduek betekizun higieniko eta sanitarioak bete beharko dituzte, jarduera bakoitzari aplikagarri zaizkion araudian ezarritakoak, eta jarduerari dagozkion autokontrol-sistemak ezartzen direla bermatu beharko dute.
2.– Dekretu honen 2.1 artikuluan adierazitako animalia-jatorriko produktuen elikagai-enpresa eta -establezimenduen titularrek baimen sanitarioa eskatu beharko dute jarduera hasteko eta aldatzeko edo uzteko.
3.– Honela aurkeztuko da eskabidea:
a) Bitarteko elektronikoen bidez, bat etorriz honako xedapen hauekin: Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua, eta Informatika eta Telekomunikazioen zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –PLATEA– ezartzen duen dokumentua onartzen duena. Horrela aurkeztu beharko dute, nahitaez, pertsona juridikoek eta nortasun juridikorik gabeko entitateek, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2.a) eta b) artikuluan ezarritakoarekin.
b) Pertsona fisikoek aurrez aurre ere aurkeztu ahal izango dute, Eusko Jaurlaritzaren erregistroan, Osasun Sailarenean eta haren edozein lurralde-ordezkaritzatan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako tokietan.
4.– Edozein kasutan, I. eranskinaren arabera normalizatutako inprimakia bete beharko dute, eta II. eranskinean adierazitako dokumentazioa aurkeztu. Web honetan eskura daitezke bi dokumentuak: http://www.euskadi.eus
5.– Eskabidea ez badago osorik beteta, ez badira II. eranskinean adierazitako agiriak aurkezten edo ez badira betetzen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66. artikuluan adierazitako betekizunak, interesdunari eskatuko zaio hutsa konpon dezala edo behar diren agiriak aurkez ditzala hamar eguneko epean; eta, era berean, adieraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaeran atzera egindakotzat joko dela, ebazpen bidez. Ebazpen hori Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan aurreikusitakoaren arabera eman beharko da.
6.– Eskabidea behar bezala bete eta behar diren agiriekin batera jaso ondoren, ikuskapen-bisita egingo da, agiriok eskabidearekin bat datozela egiaztatzeko, enpresak edo establezimenduak aplikatzekoa den araudi sanitarioaren betekizun higieniko-sanitarioak betetzen dituela eta jarduerari dagozkion autokontrol-sistemak bermatzen direla egiaztatzeko, eta, horretarako, dagokion txosten sanitarioa emango da.
7.– Baimendutako jardueraren aldaketak eta jarduera uzteko komunikazioak ere dagokion ikuskapen-bisita egitea ekarriko du, aurreko puntuan adierazitako ondorio berberetarako, eta, horretarako, dagokion txosten sanitarioa emango da.
8.– Txosten sanitarioak lotesleak izango dira, eta, aldekoak badira, osasun publikoaren arloan eskumena duen zuzendariak baimen-ebazpena emango du jarduera egiteko, aldatzeko edo, hala badagokio, uzteko.
9.– Prozedura ebazteko gehieneko epea sei hilekoa izango da, eskabidea aurkezten denetik aurrera. Epe hori eten ahal izango da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 22.1.a) eta d) eta 22.2.b) artikuluetan ezarritako kausengatik. Epe hori igaro bada –etenda geratutako aldiak kenduta– interesdunari ebazpena jakinarazi gabe, eskabidea onetsitzat joko da.
10.– Baimen-ebazpena Kontsumoaren, Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziari komunikatuko zaio, Elikagai Enpresen eta Elikagaien Osasun Erregistro Orokorrean inskribatu eta identifikazio-zenbaki nazionala eman diezaion.
11.– Baimen-ebazpena ELESEan inskribatuko da, emandako identifikazio-zenbaki nazionalarekin. Aldatzea eta uztea ere inskribatuko dira.
12.– Eskabidean elikagai-enpresei eta -establezimenduei buruz adierazitako identifikazio-datuek eta horien aldaketek bat etorri beharko dute, une oro, ELESEko inskripzioan azaltzen direnekin; beraz, titularrek datu horietan gertatzen diren aldaketa guztiak komunikatu beharko dituzte, nahitaez.
13.– Emandako baimen sanitarioa baliogabetu egin ahal izango da, baldin eta modu nabarmenean aldatzen badira baimena ematea eragin zuten baldintzak eta baita jarduera behin betiko utzi dela egiaztatzen bada ere.
7. artikulua.– ELESEan komunikazioa egiteko, inskribatzeko, aldatzeko eta ezerezteko prozedura, elikagai-enpresa eta -establezimenduek bete beharrekoa.
1.– Dekretu honen 2.2 artikuluan aipatutako elikagai-enpresa eta -establezimenduen titularrek ELESEari jakinarazi beharko dizkiote beren identifikazio-datuak eta dekretu honen 4. artikuluko 1. eta 2. zenbakietan zehaztutako jarduerak hasi ahal izateko datu esanguratsuak, eta, horrez gain, datuak aldatzen direnean eta jarduera uzten denean ere, horren berri eman beharko dute.
2.– Aurreko puntuan ezarritakoaren ondorioetarako, I. eranskineko ereduaren arabera normalizatutako inprimakia bete beharko dute, eta II. eranskinean adierazitako dokumentazioa aurkeztu.
3.– Komunikazioa honela aurkeztuko da:
a) Bitarteko elektronikoen bidez, bat etorriz honako xedapen hauekin: Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua, eta Informatika eta Telekomunikazioen zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– ezartzen duen dokumentua onartzen duena. Horrela aurkeztu beharko dute, nahitaez, pertsona juridikoek eta nortasun juridikorik gabeko entitateek, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2.a) eta b) artikuluan ezarritakoarekin.
b) Pertsona fisikoek aurrez aurre ere aurkeztu ahal izango dute, Eusko Jaurlaritzaren erregistroan, Osasun Sailarenean eta haren edozein lurralde-ordezkaritzatan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako tokietan.
4.– Edozein kasutan, I. eranskinaren arabera normalizatutako inprimakia bete beharko dute, eta II. eranskinean adierazitako dokumentazioa aurkeztu. Web honetan eskura daitezke bi dokumentuak: http://www.euskadi.eus
5.– Elikagai-enpresa eta -establezimenduen titularrek komunikazioa aurkeztea izango da ELESEan inskribatzeko baldintza bakarra, eta nahikoa. Nolanahi ere, gerora, osasun publikoan eta elikagaien arloan eskumena duten zerbitzu eta unitateek enpresa edo establezimendu hori kontrolatu eta behatu ahal izango dute, agiriak aurkeztutako dokumentazioarekin bat datozela egiaztatzeko, enpresak edo establezimenduak aplikatzekoa den araudi sanitarioan ezarritako betekizun higieniko-sanitarioak betetzen dituela egiaztatzeko eta jarduerari dagozkion autokontrol-sistemak bermatzen direla egiaztatzeko. Kontrol eta zaintza hori berdin aplikatuko da jarduera aldatzen edo uzten denean ere.
6.– Erregistroaz arduratzen den organoak egiaztatuko du komunikazioetan aurkeztutako datuak eta agiriak zehatzak eta egiazkoak direla. Era berean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluan ezarritakoaren arabera, jakingo balu aurkeztutako komunikazioan osasun arloko Administrazioari eman zaion daturen bat zehaztasunik gabea edo faltsua dela, edo zerbait adierazi gabe utzi dela, edo komunikazioa bera aurkeztu ez dela, horrek eragingo luke dena delako jarduerarekin jarraitzeko ezintasuna, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
7.– 4.4 artikuluan aipatutako enpresa eta establezimenduek aurkeztutako komunikazioa Kontsumoaren, Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziari jakinaraziko zaio, Elikagai Enpresen eta Elikagaien Osasun Erregistro Orokorrean inskribatu eta identifikazio-zenbaki nazionala eman diezaion.
8.– Titularrek artikulu honen 1. puntuan adierazitako enpresak eta establezimenduak inskribatzeak ez du esan nahi xedapen honetan erregulatutako elikagai-enpresa eta -establezimendu horiei aplikatu beharreko arauak betetzen dituztenik.
9.– Jarduera hasteko komunikazioan elikagai-enpresei eta -establezimenduei buruz emandako identifikazio-datuek bat etorri beharko dute, une oro, ELESEko inskripzioan azaltzen direnekin, eta datu horietako batean aldaketarik badago, jakinarazi egin beharko da, I. eranskinean jasotako ereduaren bidez, baimen sanitariorako edo komunikaziorako, kasuan-kasuan, lehenago deskribatutako prozedura bera erabiliz.
10.– ELESEan inskribatzeak ez du baztertzen elikagai-enpresek eta -establezimenduek erantzukizun osoa izatea haietan garatzen diren jarduerei aplikagarri zaizkien arauak betetzeari dagokionez.
11.– ELESEko inskripzioa indarrik gabe geratuko da, baldin eta inskripzioa eragin zuten baldintzak nabarmen aldatzen badira edo jarduera behin betiko utzi dela egiaztatzen bada.
8. artikulua.– Baimen- eta komunikazio-prozedurei buruzko arau erkideak.
1.– Bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan ezarritakoarekin, interesdunak ez daude behartuta beste Administrazio batzuek egindako agiriak aurkeztera, betiere agiri horiek kontsultatzeko edo eskuratzeko baimen espresua ematen badute.
2.– Era berean, ez dute zertan aurkeztu beste Administrazio publiko batzuetan aurkeztutakoak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluaren arabera aurkeztu badira.
9. artikulua.– Publikotasuna eta datuen babesa.
1.– ELESE publikoa denez, agintaritza eskudunak, Euskal Autonomia Erkidegoko establezimenduen egoera administratibo eta sanitarioari buruzko informazioa bermatzeko, datuak argitaratu ahal izango ditu, egoki ikusten duen bezala, honako datu hauek barnean direla:
a) Izena edo izen soziala eta, hala badagokio, izen komertziala.
b) Esleitutako erregistro-zenbakia.
c) Establezimenduaren posta-helbidea.
d) Zer jardueratarako dagoen erregistratuta.
e) Establezimenduaren kalifikazio sanitarioa.
2.– Aipatutako erregistroari loturiko datu pertsonalen babeserako, datu pertsonalen babeserako aplikagarri den araudiaren arabera jardungo da.
3.– ELESEan inskribatutako elikagai- jarduerei eta establezimenduei dagozkien datuak, Elikagai Enpresen eta Elikagaien Osasun Erregistro Orokorrari buruzko otsailaren 18ko 191/2011 Errege Dekretuaren 6. artikuluaren arabera, erregistro horretan inskribatu behar badira, Osasun, Gizarte Politika eta Berdintasun Ministerioaren Kontsumoaren, Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziara bidali beharko dira.
4.– Administrazio publikoek elkarri laga ahal izango dizkiote ELESEko datuak, estatistika eta kontrol xedeetarako.
10. artikulua.– Zehapen-araubidea.
1.– Dekretu honetako betebeharrak ez betetzea arau-hauste arintzat jo daiteke, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen VI. tituluko 36.2.a) artikuluaren 1., 2. eta 3. puntuetan tipifikatutako arau-hauste hauen arabera:
a) Ez betetzea indarrean dagoen osasun-araubidea, ez-betetze horrek osasun publikoan zuzeneko eraginik ez badu eta zerrenda honetan espresuki adierazita ez badago.
b) Behar den baimen edo erregistroa izan gabe edo indarreko epea igarota dagoenean gauzatzea edo garatzea araudi sanitarioaren aginduz aurretiko administrazio-baimen sanitarioa behar duen edozein jarduera, eta agintaritza eskudunaren baimenik gabe aldatzea baimena emateko berariaz oinarri gisa hartu ziren baldintza teknikoak edo egiturazkoak.
c) Ez betetzea agintaritza sanitarioekin lankidetzan jarduteko betebeharra, lege hau bete eta garatzeko emandako araudiak ezarritako erregistroak eta informazio sanitarioko agiriak egiteko, dela entitate eta pertsona arduradunek ez betetzeagatik datuak eta agiriak emateko prozedurak, dela lan horretan akats nabarmenak egiteagatik.
2.– Era berean, dekretu honetako betebeharrak ez betetzea arau-hauste astuntzat jo daiteke, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen VI. tituluko 36.2.a) artikuluaren 2. eta 8. puntuetan tipifikatutako arau-hauste hauen arabera:
a) Trabak jartzea datuak emateari, informazioa errazteari, edo agintaritza sanitarioekiko eta horien agenteekiko lankidetzari ikuskapen-lanen edo osasun-kontrolaren garapenean.
b) Arau-hauste arinak behin baino gehiagotan egitea azken hiru hilabeteetan.
3.– Dekretu honetan ezarritako betebeharrak urratzen badira, halaber, Elikagaien Segurtasunari eta Nutrizioari buruzko uztailaren 5eko 17/2011 Legearen 50.1 artikuluan tipifikatutako arau-hausteren bat gertatu dela uler daiteke, haren 51. artikuluan ezarritako mailen arabera.
4.– Aipatutako arau-hausteetariko bat eginez gero, organo eskudunak hartutako ebazpen irmoan ezarrita badago, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioen zigortzeko ahalmenari buruzko Legean xedatutakoari jarraikiz izapidetutako zehapen-espedientea izapidetu ondoren, honako hauetan ezarritako zehapenen bat jarri ahal izango da: Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 37.2 artikulua, eta Elikagaien Segurtasunari eta Nutrizioari buruzko uztailaren 5eko 17/2011 Legearen 52. eta 53. artikuluak.
5.– Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearekin bat, arlo honetako zehapen-ahalmena osasun publikoaren arloan eskumena duen zuzendariari dagokio.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Datuen baliozkotasuna eta datuok ELESE deritzon erregistro berrian integratzea.
1.– Gaur egun, Euskadiko Elikagaien Erregistro Sanitario Orokorrean dauden enpresa eta establezimenduen inskripzioek baliozkoak izaten jarraituko dute.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko elikagai-enpresa eta -establezimenduen ELESE izeneko erregistro berrian sartuko dira orain arteko elikagai-establezimenduen errolda guztiak, eta, ofizioz inskribatzeko, erregistro horien ardura duten Administrazioak euren artean koordinatuko dira.
3.– Dekretu hau indarrean sartzean denean erroldatuta dauden elikagai-establezimenduek gorde egingo dute lehendik esleituta zeukaten inskripzio-zenbakia.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Kontrol sanitarioko sistemak.
1.– Elikagai-enpresen operadoreek AAKPK/HACCP (arriskuen analisia eta kontrol-puntu kritikoak) sistemako printzipioetan oinarritutako autokontrol sanitarioko sistemak sortu, ezarri eta mantendu beharko dituzte, Elikagaien higieneari buruzko 852/2004 (EE) Erregelamenduaren 5. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz. Orokorrean, Euskal Autonomia Erkidegoko AAKPK estandarrean ezarritakoaren arabera beteko da betekizun hori (Osasun Sailak argitaratu du estandar hori Eusko Jaurlaritzako Argitalpen Zerbitzu Nagusiaren bidez).
2.– Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak autokontrol-metodologia baliokideak ezarri ahal izango ditu zehazten diren elikagai-sektoreetarako, osasun publikoaren arloan eskumena duen zuzendaritzak emandako instrukzioaren bidez; baina betekizun hori betetzeko modua sinplifikatu egingo da, honako tresna hauek erabiliz, besteak beste: autokontrolerako plan orokorrak, plan generikoak, higieneko jardunbide zuzenak, edo AAKPK plan sinplifikatuak, operadoreen esku jarriko direnak.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Instalazio berean jarduten duten enpresak.
Titular bakar bat baino ezin izango da egon inskribatuta, bere izenarekin zein izen sozialarekin, helbide industrial berean; hau da, industria bere instalazio eta guzti kokatuta dagoen helbidean; horrenbestez, helbide industrial berean ezin izango dira inskribatuta egon eta ezin dituzte instalazioak partekatu bi titularrek edo gehiagok.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabetuta geratzen da 223/1996 Dekretua, irailaren 17koa, elikagai-jarduerak, -industriak eta -establezimenduak Euskal Autonomia Erkidegoan jarduteko baimen sanitarioak emateari buruzkoa.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Osasuneko sailburuaren 2002ko martxoaren 15eko Agindua aldatzea; jantoki kolektiboak eta azken kontsumitzailearentzako janari prestatuak egiten dituzten eta industrialak ez diren establezimenduak sailkatzeko eta horiek Euskal Autonomia Erkidegoan bete behar dituzten neurri sanitarioak finkatzeko dena (2002ko apirilaren 25eko EHAA, 278. zk.).
1.– Beste era batera idatzita geratuko da Osasuneko sailburuaren 2002ko martxoaren 15eko Aginduaren 1. artikuluko 1. puntua (jantoki kolektiboak eta azken kontsumitzailearentzako janari prestatuak egiten dituzten eta industrialak ez diren establezimenduak sailkatzeko eta horiek Euskal Autonomia Erkidegoan bete behar dituzten neurri sanitarioak finkatzeko agindua); hona hemen:
«1. artikulua.– Helburua eta aplikazio-eremua.
1.– Agindu honen helburua da jantoki kolektiboek, erakundeen jantokiek eta prestatutako janariak egiten dituzten eta industrialak ez diren establezimenduek bete behar dituzten eskakizun sanitarioak ezartzea eta horiek sailkatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko elikagai-enpresa eta -establezimenduen erregistroan (ELESE) inskribatzeko ondorioetarako».
2.– Aldatu egingo da Osasuneko sailburuaren 2002ko martxoaren 15eko Aginduaren I. eranskineko 2.8 puntua (jantoki kolektiboak eta azken kontsumitzailearentzako janari prestatuak egiten dituzten eta industrialak ez diren establezimenduak sailkatzeko eta horiek Euskal Autonomia Erkidegoan bete behar dituzten neurri sanitarioak finkatzeko agindua). Honela idatzita geratuko da:
«2.8.– Lehengaiak elikagaien arloko edo ekoizpen primarioko industria eta establezimenduen erregistroetan inskribatutako establezimenduetan eskuratuko dira. Hori egiaztatzeko, lehengaiek dagokien merkataritza-agiria izango dute».
3.– Aurreko aldaketek ez dute esan nahi agindu horri etorkizunean egin dakizkiokeen aldaketak dekretu-mailako arauen bidez egin behar direnik. Aldaketak osasun-arloan eskumena duen sailburuaren aginduz egin ahal izango dira.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Garatzeko ahalmena.
Osasuneko sailburuari ematen zaio dekretu hau aplikatzeko eta garatzeko ahalmena, eta, bereziki, dekretu honen eranskinetan sartutako baimen-eskabideen eta komunikazioen ereduak egokitzeko funtsezkoak ez diren alderdiak egokitzeko ahalmena.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA.– Indarrean jartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2018ko maiatzaren 15ean.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Osasuneko sailburua,
JON DARPÓN SIERRA.