EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-05-22 Aldizkari honetan argitaratua: 2018097

AGINDUA, 2018ko maiatzaren 2koa, Lan eta Justiziako sailburuarena, Gizarte Ekimeneko Zaintzalan, Koop. Elk. kooperatiba-sozietatea herri-onurakoa dela deklaratzen duena.

Organo emailea: LAN ETA JUSTIZIA SAILA
Xedapenaren data: 2018-05-02
Hurrenkenaren zenbakia: 201802706
Maila: Agindua
AURREKARIAK
1.– 2016ko otsailaren 16an jaso zen Eusko Jaurlaritzako Administrazio Publiko eta Justizia Sailean José González Ortega jaunak, kooperatiba horretako kontseilu errektoreko idazkariak, sinatutako idazkia. Horren bidez eskatu zuten Gizarte Ekimeneko Zabalduz, Koop. Elk. kooperatiba-sozietatea herri-onurakoa dela deklaratzeko. Gizarte Ekonomiaren, Enpresaren Erantzukizun Sozialaren eta Lan Autonomoaren zuzendariaren 2010eko martxoaren 30eko ebazpenaren bidez inskribatu zen kooperatiba hori Euskadiko Kooperatiben Erregistroan, eta gizarte ekimeneko kooperatiba moduan kalifikatu zen.
Herri-onurakoa dela deklaratzeko eskatu da bete egiten dituelako otsailaren 2ko 64/1999 Dekretuan (herri onurako kooperatiba-sozietateei dagozkien prozeduren eta betekizunen araudia onartzeko dena) ezartzen diren arauzko betekizunak, horiek ondo zehaztuta, baita kontseilu errektorearen 2016ko urtarrilaren 25eko erabakia ere.
2.– 2016ko apirilaren 22an iragarkia argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, 64/1999 Dekretuko 9. artikuluaren 3. paragrafoan ezarritakoa betez. Horrela, informazio publikoko epe bat eman zen interesa zuen edonork espedientea aztertzeko eta egokitzat jotzen zituen alegazioak aurkezteko hogei eguneko epean. Epe hori amaitu zen eta ez zen alegaziorik aurkeztu.
3.– 64/1999 Dekretuko 9. artikulua betez (7. artikuluari lotuta), 2016ko martxoaren 18an eta martxoaren 29an txostenak egiteko eskatu zitzaien Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politika Saileko Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzari eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari. Baina ez dute ondoriorik izan.
4.– Txostenen helburua zen kooperatibak Euskadiren interes orokorra benetan sustatzen duten jardunak gauzatzen dituela egiaztatzen laguntzea –estatutuetako xede soziala betearazten duelako, 64/1999 Dekretuko 3. artikuluan ezartzen diren xedeen barruan–, 2017ko abenduaren 21ean entitateari eskatu zitzaion gutxienez azken bi urteetan garatu zituen jarduerak azaltzeko memoria zehatz bat aurkezteko.
5.– 2018ko otsailaren 15ean jaso zen Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean entitateak 2016-2017 ekitaldietan zehar egin zuen jardueraren gaineko memoria. Bertan jasotzen da Gizarte Ekimeneko Zaintzalan, Koop. Elk. gizarte ekimeneko kooperatiba bat dela eta 2010. urtean eratu zela, Cáritasek bultzatuta; kooperatibaren helburua da baztertzeko arriskuan dauden pertsonentzako enplegua sortzea eta zaintzaren sektoreko lan-baldintzak duin bihurtzea.
Azaldu bezala, zaintza pertsonalen esparruan dago espezializatuta eta arreta pertsonalizatuko eta integraleko zerbitzuak ematen ditu, laguntza jasotzen duten pertsonen egoera hobetzeko eta haien ongizate fisikoa eta emozionala lortzeko. Honako hauek dira kooperatibak emandako zerbitzuak: arreta pertsonala (garbiketa eta higienea, jarrera-aldaketak), etxeko lanak (mantentze-garbiketa, janariak prestatu), laguntza (medikuaren kontsultara joateko, egoitzetan edo etxean ospitaleratzeko, kudeaketak egiteko, aisian: irteerak, txangoak), arropen garbiketa eta lisatzea (arropa zikina batu eta garbituta eta/edo lisatuta eraman), garbiketa-lanak (etxebizitzetan, geletan, bulegoetan, lokaletan eta abarretan), erosketak (interesdunarekin batera edo bera gabe: elikadura, arropa, altzariak), etxebizitza (gremioen kudeaketa: iturgintza, pintura, aldizkako azterketak, instalazioen hornidura, postontziak), prestakuntza (langileak gaitzeko, senideei: jarrera-aldaketei eta laguntza teknikoen erabilerari buruz), kudeaketa teknikoak (izapide administratiboak: NANa, pasaportea, epaitegietako kontuak, instituzioetakoak), mediku-kudeaketak (anbulatorioetan, ospitaleetan); laguntza teknikoak alokatzeko kudeaketa (garabiak, gurpil-aulkiak, eskorgak, eta abar), informazioa (laguntzen kudeaketa, laguntza pertsonala), lekualdatzeak edo sarrerak (ospitaleetan, egoitzetan, epaitegietan) eta oporrak (elkar ezagutzeko bisitak, bidaia bilatzeko laguntza eta izapideak egitea).
Kooperatibako langileei dagokienez, profil orokorra honako hau da: gizartean baztertuta egoteko arriskuan dauden pertsonak, desegituraketa pertsonalean eta/edo familiarrean daudenak, eta ahultasun egoeran dauden etorkinak. Beste datu batzuen artean bat azpimarratu behar da: langileen % 53a 45 urtetik gorako emakumeak dira; kobratzen dutena etxeko diru-sarrera bakarra da, eta langabezian dauden bikotekideaz/seme-alabez ere arduratzen dira; % 35a pertsona bakarreko familia dira; % 35 baino gehiago atzerritarrak dira, EBetik kanpokoak gainera, seme-alabak dituzte beren kargura (% 20); ez dute prestakuntzarik edo prestakuntza eskasa dute; eta abar.
2016ko ekitaldian 47 pertsona kontratatu dira aipatu zerbitzuak egiteko, eta 31 pertsona 2017ko ekitaldian. Bi jarduera nagusitu dira: pertsonei arreta ematea eta garbiketa-lanak.
Pertsonei arreta emateko zerbitzuan sartzen diren bezeroak publikoak dira. Batetik, Bizkaiko Tutoretza Erakundeko (BTE), zuzenbide pribatukoa dena eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte Ekintza Sailari atxikita dagoena; erakundearen helburua da legez ezinduta dauden adinekoei tutoretza eta kuradoretza ematea, horiek integratu eta normalizatu daitezen sustatzea, haien ondasunak administratzea, baita Aldundi horrek tutoretzapean dituen adingabeenak ere. Beste bezero publikoa Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundea (GUFE) da, zuzenbide publikoko erakunde autonomoa dena eta, hau ere, Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte Ekintza Sailari atxikita dagoena; erakundearen helburua da beharrizan konplexuak dituzten pertsonei arreta integrala eta pertsonalizatua ematea, kalitatezko baliabideak emanez eta bermatuz erabiltzaileei eta beren familiei bizitza duina izaten laguntzeko.
Sektore horretako bezero pribatuak, aldiz, banakoak eta egoitzak dira (gaur arte 12 egoitza), baita Cáritas Diocesana ere. Cáritas entitateak atseden hartzeko «Esku onetan» izeneko programa du hitzartuta Bizkaiko Aldundiarekin, eta programa gauzatzeko kooperatiba dauka azpikontratatuta.
Beraz, bezero publikoei eta pribatuei guztira eman zaizkien etxeko laguntza zerbitzuko jarduerak eta laguntza eta atseden zerbitzuak 423 izan dira 2016ko ekitaldian eta 412 zerbitzu 2017ko ekitaldian.
Garbiketa-lanei dagokienez, Gizarte Ekimeneko Zaintzalan, koop. Elk. entitateak ematen duen zerbitzua sektore pribatura dago bideratuta. Bezero garrantzitsuenak entitateak edo xede soziala duten errekurtsoak dira (parrokiak, aterpetxeak, Caritasen Bizkaiko zentroak, jantoki sozialak, eta abar). 2016. urtean 34 errekurtsori eman zitzaien arreta, eta 2017. urtean 35i.
6.– Aurkeztu den memorian nabarmentzekoa da kooperatibak arestian aipatu entitate publikoekin –BTE eta GUFE– izan duen elkarlana; osagarri moduan Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu zaio kooperatibak garatutako prestazio-jarduera behar bezala gauzatu eta bete zen azaltzeko txostena egiteko, eta horretarako, Aldundi horretako Gizarte Ekintzari laguntza eskatzeko. 2018ko martxoaren 13an eskatu zen.
7.– Azkenik, 2018ko apirilaren 27an Bizkaiko Foru Aldundiaren idazki bat jaso da, aipatu entitateetako gerentzietako txostenak erantsita dituela. Horren bidez BTEko zuzendaritza-gerentziak azaldu du kooperatiba zerbitzu-enpresa bat dela, eta hari eskatzen zaiola lan-ordutegitik kanpo gerta daitezkeen larrialdiei erantzuteko telefono-zaintza zerbitzuak egiteko, eta laguntza-zerbitzuak emateko BTEren tutoretzapeko pertsonei laguntza iraunkorra behar den kasuetan, ospitalera eramateko eta/edo ospitaleratzeko adibidez; azken zerbitzu hori erabiltzaileek ordaintzen dute, kooperatibak ezarrita dituen tarifen arabera (honakoak kontuan hartuta: zerbitzua eskatzeko aurrerapena; premia; lanegunetan, jaiegunetan edo gauez ematen den ala ez. GUFEko gerentziak bere txostenean azaldu du, bestalde, kooperatibak noizean behin laguntzen diela desgaitasun larriak dituzten adingabeei, zaintza-neurriak ezarrita, laguntza iraunkorra behar den kasuetan, ospitalera eramateko eta/edo ospitaleratzeko adibidez; entitateak behar bezala eman du zerbitzua, eskatu zaion guztietan.
Egintza horiei aplikatu behar zaizkie honako
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
1.– Euskadiko Kooperatibei buruzko ekainaren 24ko 4/1993 Legeak 137.2 artikuluan dioenez, beren funtzioak garatzean Euskal Autonomia Erkidegoaren interes orokorraren sustapenari laguntzen dioten kooperatibak onura publikokotzat deklaratuko ditu Eusko Jaurlaritzak, erregelamenduz ezarritako prozedura, araubide eta eskakizunen arabera.
2.– Artikulu hori garatuz, otsailaren 2ko 64/1999 Dekretua onartu zen, onura publikoko kooperatiba-sozietateei dagozkien prozedura eta betekizunen erregelamendua onartu zuena.
3.– 64/1999 Dekretuko 7. artikuluan eta hurrengoetan herri-onurakotzat deklaratzeko ezartzen diren prozedura-izapideak bete dira.
4.– Kooperatibak frogatu du Euskadiko interes orokorrari egiten dion ekarpena. Izan ere, bai esparru publikoan, aipatu Foru Aldundiarekin batera, bai esparru pribatuan, bere jardueraren bidez lagundu egiten du zerbitzuak ematen dituzten pertsonen lanari duintasuna ematera eta, era berean, arreta pertsonalizatua eta integrala eskaintzen du, arreta jasotzen duten pertsonentzako xede sozialak, prebentziozkoak, laguntzazkoak eta birgaitzekoak betetzeko asmoz. Beraz, kooperatibaren xedeak bat datoz 64/1999 Dekretuko 2. artikuluak ezarritako xedeekin; kooperatibak bete egiten ditu dekretu horretako 5.c) artikuluan ezartzen diren aurrerapen eta gauzatze betekizunak –zerbitzua sortzea eta gutxienez bi urtez ematea–. Horrenbestez, hirugarren aurrekarian azaldu den txostena egin ez den arren, bidezkoa da entitate eskatzailea herri-onurakoa dela deklaratzea.
5.– Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justiziako sailburuak dauka eskumena kooperatiba-sozietate bat herri-onurakoa dela deklaratzeko, hala xedatuta dagoelako 64/1999 Dekretuko 11. artikuluan, Lan eta Justizia Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 84/2017 Dekretuko 10.h) artikuluarekin lotuta.
Hori guztia dela eta, aipatutako arauak eta orokorrean ezartzekoak diren gainerakoak ikusita, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Gizarte Ekimeneko Zaintzalan, Koop. Elk. kooperatiba-sozietatea herri-onurakoa dela deklaratzen da.
Bigarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Agindu honek administrazio-bideari bukaera ematen dio. Horren aurka berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio egintza hau ematen duen organoari, hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 123. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoa betez. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, hala xedatuta baitago Administrazioarekiko Auzitarako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 10.1.a) artikuluan, 46.1 artikuluarekin lotuta.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 2a.
Lan eta Justiziako sailburua,
MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.