EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-05-22 Aldizkari honetan argitaratua: 2018097

93/2018 EBAZPENA, maiatzaren 14koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako kudeaketa-gomendio bat, EHUren kreditu publikoak diru-bilketa exekutiboan kobratzeko dena.

Xedapenaren zenbakia: 201800093
Xedapenaren data: 2018-05-14
Hurrenkenaren zenbakia: 201802696
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak lankidetza-hitzarmen hori sinatu du; beraz, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako kudeaketa-gomendioa bat, EHUren kreditu publikoak diru-bilketa exekutiboan kobratzeko dena. Eranskinean dago testua.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 14a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 14KO 93/2018 EBAZPENARENA
KUDEAKETA-GOMENDIOA, EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREN ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ARTEKOA, UPV/EHUREN ZUZENBIDE PUBLIKOKO DIRU-SARRERAK DIRU-BILKETA EXEKUTIBOAN KOBRATZEKO DENA
PARTE-HARTZAILEAK:
Alde batetik, Pedro María Azpiazu Uriarte jauna, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomiako sailburu den aldetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkari gisa.
Beste alde batetik, Nekane Balluerka Lasa, Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea den aldetik, Euskal Herriko Unibertsitatearen ordezkari gisa.
ADIERAZTEN DUTE:
Lehenengoa.– Euskal Herriko Unibertsitatea erakunde publiko independentea da, sektore publikoko parte dena eta nortasun juridiko publiko berezitua duena, autonomia ekonomiko eta finantzarioarekin eta bere egitekoak betetzeko ondasun eta baliabide nahikorekin, betiere Euskal Herriko Unibertsitateak egun indarrean dituen estatutuak onartu zituen otsailaren 15eko 17/2011 Dekretuarekin bat eginez honako lege hauetan xedatutakorekin lotuta: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore publikoaren araubide juridikoarena –bi legeotako 2. artikuluko c) letra–.
Bigarrena.– Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legeak honako hau ezartzen du 94. artikuluan: «Unibertsitateko aurrekontuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren kontura egindako horniduraz gain, ordenamendu juridikoan aurreikusitako zuzenbide publiko edo pribatuko beste diru-sarrera batzuekin ere osatuko dira».
Hirugarrena.– Euskal Herriko Unibertsitatearen jarduera ekonomiko-finantzarioa sektore publikoari aurrekontu eta finantzaketa arloetan aplikatu beharreko legediak eraentzen du, baldin eta unibertsitatea bere funtzioak betetzean ahal publikoak erabiltzen ari bada.
Laugarrena.– Euskal Herriko Unibertsitateak ez du bitarteko nahikorik zuzenbide publikoko bere baliabideak premiamendu-bidea erabilita kobratzeko, eta, horrenbestez, zeregin hori lanok egiteko behar beste bitarteko dituen erakunde baten esku utzi behar du, espezializazio baldintza onenetan egin dezan.
Bosgarrena.– Ogasun eta Ekonomia Sailak, Finantza Politikako Zuzendaritzaren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren zuzenbide publikoko sarreren bilketa kudeatzeko funtzioa du epe exekutiboan. Hori egiteko ahala ematen diote Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketarako Erregelamendua (Aurrerantzean Diru-bilketarako Erregalamendua) onartzen duen abuztuaren 31ko 212/1998 Dekretuaren 5.1.c) artikuluak eta Ogasun eta Ekonomia Sailaren egitura organikoa eta egitekoak ezartzen dituen eta indarrean dagoen ekainaren 13ko 168/2017 Dekretuaren 11. artikuluak.
Seigarrena.– Ogasun eta Ekonomia Sailak nahikoa bitarteko eta antolakuntza ditu aurretik aipatu diren Euskal Herriko Unibertsitatearen beharrei erantzuteko, behar besteko eraginkortasun, bizkortasun eta arrazionalizazio administratiboarekin erantzuteko ere. Sail horrek, alde batetik, nahitaezko diru-bilketan laguntza ematen dioten erakundeen sare bat dauka, eta, bestetik, epe exekutiboan sarrerak automatikoki erregistratu eta kobratzeko sistema informatikoa ezarrita dauka («Administrazioaren Ordainketa eta Kobrantzen Sistema Integrala»). Hori dela eta, komenigarria da Ogasun eta Ekonomia Sailaren esku uztea honako Kudeaketa Gomendatzeko Hitzarmen honetan jaso diren Euskal Herriko Unibertsitatearen kredituen epe exekutiboko bilketaren kudeaketa.
Zazpigarrena.– Kudeaketa-gomendio honen gaineko eskumena urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 40/2015 Legearen 11. artikuluak aitortzen du modu generikoan, honako hau zehaztean: «Administrazioko organoen edo zuzenbide publikoko entitateen eskumeneko jarduera materialak edo teknikoak administrazio bereko edo beste bateko organoen edo entitateen eskuetan jar daitezke, jarduera horiek haien eskumenen barruan badaude, eraginkortasunari begira komeni bada, edo jarduera horiek gauzatzeko baliabide tekniko egokirik ez badago».
Aipatutako artikuluan, kudeaketa-gomendioek derrigorrean bete beharreko gainontzeko baldintzak ere jasotzen dira, eta horien artean honako hauek nabarmentzen dira bereziki: kudeaketa-gomendioetako edukien izaera materiala, akordioak baliagarri izateko beharrezkoak diren baldintzak ezartzeko askatasuna, eta, 4. zenbakian jaso bezala, kudeaketa-gomendioak izaera intersubjektiboa badauka berori hitzarmen baten bidez gauzatzea.
Zortzigarrena.– Bildutakoek, aurreko guztia dela-eta, kudeaketa gomendatzeko hitzarmen hau izenpetzeko lege-gaitasuna aitortzen diote elkarri, eta jarraian zehaztutako oinarriekin egiten dute.
OINARRIAK
Lehenengoa.– Helburua eta araubide juridikoa.
Hitzarmen honek Ogasun eta Ekonomia Sailari kudeaketa-gomendio bat egitea du helburu, Euskal Herriko Unibertsitateak ez baitu egiteko hori betetzeko baliabide egokirik. Urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 40/2015 Legearen 11. artikuluari jarraituz gauzatuko da kudeaketa-gomendio hau, eta, beronen ondorioz, Ogasun eta Ekonomia Sailak kudeatuko du, berez, Euskal Herriko Unibertsitateak administrazio-ahalak erabiltzean bere aldekoak diren kredituen nahitaezko diru-bilketa, Finantza Politikako Zuzendaritzaren bitartez eta, horrela badagokio, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 40.4 artikuluan jasotako erakunde publiko edo pribatuen laguntzarekin.
Hitzarmenean aurreikusitako zerbitzu-emate eta informazio-trukeek honako araudi hauek bete behar dituzte:
a) 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketarako Erregelamendua, abuztuaren 31ko 212/1998 Errege Dekretuaren bidez eta erregelamendua garatzeko eman diren edo eman daitezkeen gainerako xedapenen bidez onartua.
c) 1/2007 Legegintzako Dekretua, irailaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.
d) 47/2003 Aurrekontuen Lege Orokorra, azaroaren 26koa, eta 58/2003 Zergen Lege Orokorra, abenduaren 17koa, oinarrizko izaera duten edo Euskal Autonomia Erkidegoan zuzenean aplikatu behar diren puntuetan.
e) 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.
f) 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa.
g) Oro har, zerga-bilketa kudeatzeko arloan aplikagarri den indarreko arautegia.
h) 15/1999 Lege organikoa, abenduaren 13koa, Datu pertsonalen babesari buruzkoa.
i) Kudeaketa gomendatzeko hitzarmen honetako oinarriak.
Bigarrena.– Aplikazio-eremua.
Nahitaezko diru-bilketaren kudeaketa estatu osoan egingo da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko izaera publikoko eskubideen nahitaezko diru-bilketa egiteko erabiltzen diren informazio-baliabide eta prozedura tekniko berberak erabiliko dira zor guztiak kobratzeko.
Hirugarrena.– Alderdien betebeharrak.
Gomendatzen den kudeaketa materiala honako jarduera hauetan gauzatuko da, kasu bakoitzean zehaztuko den hedadurarekin.
1.– Eskumena duen Euskal Herriko Unibertsitateko organoari dagokio:
a) Biltzekoak diren zorren likidazioa dela-eta jartzen diren errekurtsoak eta bestelako gorabeherak ebaztea.
b) Premiamendu-probidentziak ematea eta Finantza Politikako Zuzendaritzari haien kopiak bidaltzea, dagokion zordunen zerrendarekin batera.
c) Premiamendu-probidentzien aurka jarritako berraztertze-errekurtsoak ebaztea, baita aurkaratutako egintza eteteko eskabideak tramitatu eta ebaztea ere, Finantza Politikako Zuzendaritzari horren berri emanez (bermerik jarri bada, zenbatekoa izan den ere adierazi).
d) Kreditu kobraezinen deklarazioak adostea Diru-bilketarako Erregelamenduaren 67. artikuluaren arabera.
e) Bidegabe kobratutako kopuruak itzultzea, horrela dagokionean.
f) Hitzarmen honen xede diren eta lehiaketa-prozesuari lotuta dauden errekurtsoei buruzko kobrantza-eskubideen defentsa egitea.
g) Onartu dituen egintzei eragiten dieten epai judizialak gauzatzea.
2.– Ogasun eta Ekonomia Sailari dagokio:
a) Aurreko puntuan aipatu ez diren premiamendu-prozedurako jarduerak gauzatzea.
b) Euskal Herriko Unibertsitateak emandako premiamendu-probidentziak jakinaraztea zordunei eta emaitzarik ekarri ez duten jakinarazpenak ediktu bidez argitaratzea.
c) Enbargoekin eta gainontzeko izapide materialekin lotutako premiamendu-prozedurako jarduerak gauzatzea, horrela dagokionean, zorrak kobratzeko beharrezkoak diren enbargo-izapideak eginez, jakinaraziz eta haien aurka jarritako berraztertze-errekurtsoak ebatziz.
d) Enbargatu daitezkeen zordunen ondasun, kreditu eta eskubideen gaineko informazioa eskatzea beste administrazio, finantza-erakunde eta erregistro publikoei.
e) Bermeak gauzatzea Diru-bilketarako Erregelamenduaren 62. artikuluaren arabera.
f) Atzerapen- eta zatikatze-eskaerak ebaztea epe exekutiboan eta Euskal Herriko Unibertsitateari ebazpen horiek komunikatzea.
g) Premiamendu-bidean bildutako zordunketen berandutze-interesak likidatzea.
h) Kreditu kobraezinen deklarazioak eta birgaitzeak proposatzea.
i) Premiamendu-prozeduran eska daitezkeen hirugarrengotzak ebaztea.
j) Premiamendu-prozedura bertan behera uzteko eskaerak izapidetu eta ebaztea ordainketak egitera behartuta daudenek jarritako erreklamazio ekonomiko-administratiboetan.
k) Behin egin beharreko jarduerak egin ostean, Euskal Herriko Unibertsitateari erantzukizun solidario edo subsidiarioa deribatzeko administrazio-egintza emateko proposatzea, Finantza Politikako Zuzendaritzak jakiten duenean, Euskal Herriko Unibertsitatearen eskubide publikoko zor bat biltzeko prozeduraren barruan, erantzukizuna deribatzea ahalbidetzen duen kasu bat gertatzen dela.
l) Zorren nahitaezko diru-bilketa gauzatzeko beharrezkoa den beste edozein.
Laugarrena.– Prozedura.
1.– Diru-bilketaren kudeaketa hastea:
Zorrak borondatez ordaintzeko epeak diru-sarrerarik egin gabe igarotzen direnean, eskumena duen Euskal Herriko Unibertsitateko organoak egingo ditu premiamenduzko administrazio-prozedura abiatzeko beharrezkoak diren exekuzio-tituluak, Diru-bilketarako Erregelamenduaren 61. artikuluaren arabera eta gutxienez erregelamendu horren 61.4 artikuluan zehaztutako datuak jasoz.
Euskal Herriko Unibertsitateak hilabetean behin bidaliko dio Ogasun eta Ekonomia Sailari, honek zehaztutako bitartekoak erabilita, erabakitako premiamendu-zorrak jasotzen dituen fitxategi bat, eta, onartu aurretik, Finantza Politikako Zuzendaritzako zerbitzuek aldez aurretik balioztatuko dute bidalketaren edukia. Fitxategi horren ezaugarri teknikoek bat egin beharko dute Administrazioaren Ordainketa eta Kobrantzen Sistema Integralean ezarritakoekin.
Ezingo dira bidali 12 euro baino gutxiagoko zorrak. Era berean, ez dira onartuko Diru-bilketarako Erregelamenduan eskatutako datuak ez dituzten zorrak, preskribatuta daudenak eta kudeaketa-gomendio honetatik kanpoko beste eremu batzuekin lotuta daudenak.
Datuak zuzenak ez badira, horren ondorioz sor daitezkeen eraginen erantzulea agindua eman duen organoa bera izango da, baldin eta eragin horiek Euskal Herriko Unibertsitateari leporatzeko moduko akatsen ondorio badira.
Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketarako Erregelamendua onartzen duen 212/1998 Dekretuan ezarritakoaren arabera izapidetuko du Finantza Politikako Zuzendaritzak zor horiek biltzeko prozedura betearazpen-bidean.
Behin zorrak biltzeko kudeaketa amaituta, bildutako zenbatekoa Euskal Herriko Unibertsitatearen kontu batera transferituko da hilero.
2.– Atzerapen eta zatikatzeak:
Finantza Politikako Zuzendaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren aldeko zorrak kobratzeko aplikatzen dituen denborazko irizpide eta irizpide kuantitatibo berberei jarraituz emango dira. Euskal Herriko Unibertsitateari atzerapen eskaerak aurkezten zaizkionean, eskaerok Finantza Politikako Zuzendaritzari bidaliko zaizkio, gehienez ere eskaera aurkeztu denetik hamar egun naturaleko epean.
3.– Prozeduraren kostuak:
Premiamendu-prozeduraren kostutzat hartzen dira zerga-bilketako jardunaren ondorioz sortzen diren gastu guztiak, Diru-bilketarako Erregelamenduan zehaztu moduan.
Izandako kostuak, zordunei kobratu ezin zaizkienean, Euskal Herriko Unibertsitatearen kontu geratuko dira; zehazki, hilero Euskal Herriko Unibertsitatearen kontura egin beharreko transferentziatik kenduko dira.
4.– Prozedura etetea:
Errekurtsoak eta erreklamazioak jartzeagatik prozedurak etengo diren kasuak eta baldintzak Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren aldeko zorretako berberak izango dira.
5.– Premiamendu-errekargua aldatzea:
Premiamendu-probidentzian premiamendu-errekargu arrunta likidatu denean, eta errekargu-exekutiboa aplikatzea dagokionean azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 40.bis artikuluan aurreikusitakoaren arabera, Ogasun eta Ekonomia Sailak hasiera batean likidatutako errekargua murriztuko du.
Bosgarrena.– Datuen babesaren alorreko betebeharrak.
Euskal Herriko Unibertsitateak bidaltzen dizkion fitxategietako datuak, diru-bilketa egiteko garrantzitsuak direnak, hitzarmen honetan jasotako eginkizunak betetzeko erabiliko ditu Ogasun eta Ekonomia Sailak, betiere Zergen azaroaren 17ko 58/2003 Lege Orokorraren 95.1.b) artikuluaren babesean.
Bestalde, gomendioa hartu duen erakundearen edo organoaren ardurapekoak izango dira beti kudeaketa-gomendioa betetzeko darabiltzan datu pertsonalak, eta, horrenbestez, datu pertsonalak babesteko araudian ezarritakoa bete beharko du.
Seigarrena.– Zerbitzuaren kostua.
Kudeaketa-gomendio honetan zehaztutako epe exekutiboko diru-bilketa zerbitzua emateagatik, Ogasun eta Ekonomia Sailak bildutako zenbateko osoaren % 14 jasoko du, prozedurako kostu gisa bildutako kopuruak albo batera utzita.
Zazpigarrena.– Jarraipeneko batzorde teknikoa.
Sinatutako hitzarmenaren jarraipena egiteko batzorde bat eratuko da bi aldeen ordezkariekin. Batzordeak hitzarmenarekin lotutako betebeharrak behar bezala betetzen direla zainduko du eta beharrezkoak diren neurri eta espezifikazio tekniko guztiak ezarriko ditu egin beharreko jarduerak behar bezala egingo direla bermatzeko. Era berean, eskumena izango du Kudeaketa Gomendatzeko Hitzarmen honen xedapenak interpretatzean eta betetzean sor litezkeen eztabaida, zalantza eta auzi guztiak aztertu eta ebazteko.
Zortzigarrena.– Eskumenen titulartasuna.
Kudeatzeko gomendio honek ez dakar eskumenen titulartasuna lagatzea, ez eta eskumen horiek erabiltzeko osagai funtsezkoen titulartasuna lagatzea ere.
Bederatzigarrena.– Indarraldia.
Kudeaketa Gomendatzeko Hitzarmen hau 2019ko abenduaren 31 arte izango da indarrean, bi aldeetako edozeinek espresuki salatu ezean eta salaketa hori beste aldeari hitzarmenaren epemuga baino gutxienez sei hilabete lehenago jakinarazi ezean modu frogagarrian.
Eta alderdi biak dokumentu honen edukiarekin ados daudenez gero, eta hala ager dadin, bikoizturik sinatu da, hasieran adierazten diren tokian eta egunean.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko apirilaren 10a.
Ogasun eta Ekonomiako sailburua,
PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.
UPV/EHUko errektorea,
NEKANE BALLUERKA LASA.