EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-05-22 Aldizkari honetan argitaratua: 2018097

82/2018 EBAZPENA, apirilaren 23koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita 2006ko apirilaren 24an Estatuko Administrazio Orokorrarekin eta Trenbide Azpiegituretako Administratzailearekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren aldaketa argitaratzea, Euskal Autonomia Erkidegoan trenbide-sare berria eraikitzekoa.

Xedapenaren zenbakia: 201800082
Xedapenaren data: 2018-04-23
Hurrenkenaren zenbakia: 201802694
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2006/06/08an argitaratutako 2006/05/15eko 200600011 EBAZPENA

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatutako hitzarmena sinatu du, eta publikotasun egokia emateko, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea 2006ko apirilaren 24an Estatuko Administrazio Orokorrarekin eta Trenbide Azpiegituren Administratzailearekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren aldaketa, Euskal Autonomia Erkidegoan trenbide-sare berria eraikitzeko zenbait jarduketa agintzearekin lotuta. Honekin batera erantsita doa aipatutako agiria.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko apirilaren 23a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ESTATUKO ADMINISTRAZIO OROKORRAK, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAK ETA TRENBIDE AZPIEGITUREN ADMINISTRATZAILEAK 2006KO APIRILAREN 24AN SINATUTAKO LANKIDETZA-HITZARMENAREN ALDAKETA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN TRENBIDE-SARE BERRIA ERAIKITZEKOA
Madril, 2017ko abenduaren 27a.
BILDU DIRA:
Iñigo Joaquín de la Serna Hernáiz jauna,
Cristóbal Montoro Romero jauna,
María Aranzazu Tapia Otaegui andrea,
Pedro María Azpiazu Uriarte jauna,
eta Juan Bravo Rivera jauna.
PARTE-HARTZAILEAK
Lehendabizikoa, Sustapeneko ministro den aldetik, Gobernuko ministroak izendatzen dituen azaroaren 3ko 417/2016 Errege Dekretuaren bidez izendatua.
Bigarrenak, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko ministroa den heinean, azaroaren 3ko 417/2016 Errege Dekretuak, Gobernuko Ministroak izendatzen dituenak, izendatua.
Hirugarrenak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua den heinean, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua izendatzen duen azaroaren 26ko lehendakariaren 27/2016 Dekretuak izendatua, eta Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea zuzenbide pribatuko entitate publikoaren presidente den heinean, maiatzaren 21eko 6/2004 Legeak 11. artikuluan ebazten duenaren arabera.
Laugarrenak, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburua den heinean, Ogasun eta Ekonomiako sailburua izendatzen duen azaroaren 26ko lehendakariaren 30/2016 Dekretuak izendatua.
Eta bosgarrenak, berriz, Trenbide Azpiegituretako Administratzailea (ADIF) eta ADIF-Alta Velocidad enpresa-erakunde publikoen presidente den aldetik –azaroaren 18ko 504/2016 Errege Dekretuaren arabera– eta baliatuz ADIFen Estatutuen 23.2.a) artikuluak ematen dizkion ahalak –abenduaren 30eko 2395/2004 Errege Dekretuaren bidez onartuak– eta ADIF-Alta Velocidaden Estatutuen 23.1 eta 2.a) artikuluek ematen dizkiotenak –abenduaren 27ko 1044/2013 Errege Dekretuak onartuak–.
Alderdiek, euren ordezkaritzan, behar besteko ahalmena aitortzen diote elkarri hitzarmen hau sinatzeko, eta, hari jarraikiz, honako hau
ADIERAZTEN DUTE:
Estatuko Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskumen esklusiboa duela interes orokorreko obren eta autonomia-erkidego batetik baino gehiagotik igarotzen diren trenbideen eta lurreko garraioen gainean, Espainiako Konstituzioaren 149.1.21 eta 24 artikuluek ezarritakoaren arabera, eta Euskal Autonomia Erkidegoko (aurrerantzean, EAE) Administrazio Orokorrak eskumena duela erkidegoaren intereseko obren eta autonomia-erkidegotik igarotzen diren trenbideen eta lurreko garraioen gainean, bai eta EAEko jarduera ekonomikoa sustatu, garatu eta plangintza egitekoak eta lurraldearen antolamendu eta hirigintzaren gainekoak ere, hala xedatzen baitu Autonomia Estatutuaren 10. artikuluak, 25, 31, 32 eta 33. zenbakietan (abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoak onartua). Hala, EAEko Administrazio Orokorrak eta Trenbide Azpiegituretako Administratzaileak (egun, ADIF eta ADIF-Alta Velocidad) 2006ko apirilaren 24an lankidetza-hitzarmena sinatu zuten, EAEn trenbide-sare berria eraikitzeko.
EAEko trenbide-sare berriaren zehaztapen teknikoa eta funtzionala Proiektuaren Informazio Azterketaren arabera xedatzen dela, Sustapen Ministerioak onartu zuena orduko Azpiegituren Estatu Idazkaritzaren ebazpen bidez (jendaurrean jartzeko espedientea eta EAEko trenbide-sare berriaren proiektuaren Informazio Azterketa behin betiko onartzen duena, 2001eko otsailaren 5eko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zena). Halaber, Astigarraga-Oiartzun-Lezo tarteari dagokion Informazio Azterketa osagarriaren arabera ere xedatzen da, gaur egun izapidetzen ari dena.
Gaur egun, EAEko trenbide-sare berriaren tarte ia guztien eraikuntza-proiektuak idatzita daudela (Astigarraga-Oiartzun-Lezo tartea izan ezik), EAEko Administrazio Orokorrari agindu bezala eta proiektuek ematen duten zehaztapen-mailarekin, eta lanen egikaritzapena aurreratuta dagoela, hainbat tarte bukatuta daudelako jada. Hori dela eta, alderdiek uste dute 2006ko apirileko lankidetza-hitzarmenean kalkulatutako diru-kopuruak ez direla nahikoak sare osoa burutzeko.
Besteak beste, azpimarratu behar da Europar Batasunaren 1303/2014 Araudiak (2014ko azaroaren 18ko Batzordea) aurreikusten duela ebakuazio-galeria berriak eta horiei lotutako obrak egikaritzea Bizkaiko eta Arabako bide bikoitzeko tuneletan eta baita Gipuzkoakoetan ere; zehazki, Beasain Ekialdea, Ordizia-Itsasondo, Legorreta eta Tolosa. Horrek hasiera batean aurreikusitako kostuak igotzen ditu.
Horregatik, beharrezkotzat jotzen da lankidetza-hitzarmena aldatzea, gaur egungo egoerara egokitzeko 2006ko Hitzarmenaren bosgarren klausulan jasotako erreferentzia ekonomikoak, obren egikaritzeari dagozkionak. Izan ere, azpimarratu da aipatutako lankidetza-hitzarmena sinatu zen egunean oinarrizko proiektuak idazteke eta izapidetzeke zeudela.
Hitzarmenaren bosgarren klausulako hirugarren atalean jasotzen dela Gipuzkoako Bergara-Irun adar osoan eta Donostiako hirian sartzeko tartean plataforma bat egiteko lanak egikaritzeko aurreikusitako aurrekontua, eta EAEko Administrazioari agindu zitzaizkiola lan horiek, bigarren lankidetza-hitzarmen baten bidez: 2006ko apirilaren 24an Estatuko Administrazio Orokorraren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Trenbide Azpiegituretako Administratzailearen (ADIF) artean sinatutako lankidetza-hitzarmena, Euskal Autonomia Erkidegoan trenbide sare berria eraikitzeko zenbait jarduketa agintzekoa.
Hasieran, aurreikusi zen adar horren lanek 1.642 milioi euroko kostua izango zutela, baina nabarmendu behar da une hartan Gipuzkoako adar guztien oinarrizko proiektuak eta eraikuntza-proiektuak idazteke eta izapidetzeke zeudela.
Kostu horrek, plataformaren obrez eta erasandako zerbitzuen leheneratzeaz gain, lanak egiteko desjabetu behar ziren ondasunen eta eskubideen zenbatekoa ere jasotzen zuen. ADIFek ordaindu behar zuen desjabetzeak, horien onuraduna den heinean, eta 43 milioi euroko kostua izango zutela kalkulatu zen.
2006ko apirilaren 24ko Hitzarmenaren bosgarren klausulako bigarren atalean ezarritakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzak, dagokion kudeaketa-aginduaren bitartez, plataformaren eraikuntza-proiektuak idatzi behar zituela eta Gipuzkoako adarrean EAEko «Y» trenbide-sarearen plataformaren lanen egikaritzapena kontratatu behar zuela, Bergarako 9+000 kilometro-puntutik Irunera doan tartean eta Donostiako hirira sartzeko tartean, Donostiako geltokia egungo Norteko geltokian jartzea barne. Halaber, Jaurlaritzari dagokio obrak zuzentzeko eskumena.
Era berean, eta lankidetza-hitzarmenaren seigarren klausularen arabera, EAEko Administrazio Orokorrak egingo ditu eraikuntza-proiektuak, desjabetze-prozesuko jarduerak, obrak gauzatzekoak eta aurreko paragrafoan aipatutako jarduketekin lotutako bestelako lanak aurrera eramateko behar diren aholkularitzako eta laguntzako kontratuak.
Lan horien egikaritzapena EAEko Ekonomia Itunaren (maiatzaren 23ko 12/2002 Legeak onartutakoa) laugarren xedapen gehigarriaren babesean burutzen ari direla, eta kupoan dagozkion murrizketak egin direla plataformaren obrak egikaritzeko gastuak konpentsatzeko, 2006ko apirilaren 24ko Hitzarmenaren zazpigarren klausulak ezartzen duenari jarraikiz.
Agindutako lanen bilakaera eta epealdi horretan izan diren zerga-aldaketak ikusita, alderdiek beharrezkotzat jotzen dutela 2006ko apirilaren 24an sinatutako Hitzarmenean hasieran kalkulatutako kostuak eguneratzea eta testua egokitzea, EAEko trenbide-sare berriaren Bergara-Lezo tarteko (Gipuzkoako Lurralde Historikoa) obrak egikaritzeari dagokionez.
Ildo horretatik, azpimarratu behar da, EAEko trenbide-sare berriaren lana egikaritu bitartean, ikusi dela Bergara-Irun tartean beharrezkoa dela Legorretako eta Tolosako zatietan identifikatutako mendi-mazela ezegonkorrak egonkortzeko lanak egitea eta lanak burutzean erasandako iturburuetan esku hartzea. Horrek, era berean, hasieran aurreikusitako kostuak areagotzen ditu.
Bestalde, orain aldatzen den lankidetza-hitzarmena sinatu zenetik 11 urte baino gehiago igaro direnez, alderdiek adierazi dutela interesa dutela jarduketa berriak txertatzeko, bere momentuan hitzarmenean jaso ez ziren arren, gaur egun zehaztuta daudelako. Hona hemen: Ezkioko geltokia eta Astigarragako sare konbentzionaleko geralekua eraikitzea.
Jarduketa horiek burutzeko modua jasotzeko, dagozkion aldaketak egingo dira 2006ko apirilaren 24an sinatutako lankidetza-hitzarmenean, Estatuko Administrazio Orokorraren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Trenbide Azpiegituren Administratzailearen (ADIF) artekoa, Euskal Autonomia Erkidegoan trenbide-sare berria eraikitzeko hainbat jarduketa agintzekoa.
«Tent-T» eta «ConnectingEuropeFacility» (CEF) Europar Batasunaren egitasmoen barruan, EAEko trenbide-sare berriak erkidegoko diru-laguntza jasoko duela, eta laguntza horren onuradun direla Eusko Jaurlaritza, Sustapen Ministerioa, ADIF eta ADIF-Alta Velocidad.
Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak ezarritako baldintzetan, alderdiek egokia eta beharrezkoa deritzotela 2006ko apirilaren 24an EAEko trenbide-sare berria eraikitzeko sinatu zen lankidetza-hitzarmena aldatzea.
Horregatik, Sustapen Ministerioak, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta ADIF eta ADIF-Alta Velocidad enpresa-entitate publikoek ebatzi dute 2006ko apirilaren 24an EAEko trenbide-sare berria eraikitzeko sinatu zen lankidetza-hitzarmena aldatzea, oinarritzat hartuz ondorengo
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Aldaketaren helburua eta eraginak.
2006ko apirilaren 24an EAEko trenbide-sare berria eraikitzeko helburuz sinatu zen lankidetza-hitzarmenaren aldaketa honek helburu eta eragin hauek ditu:
1.1.– Jarduketa berriak txertatzea:
Bi jarduketa txertatu dira, 2006ko apirilaren 24an lankidetza-hitzarmena sinatu zenean jasota ez zeudenak:
a) Ezkioko geltokia eraikitzea. Hasieran aurreikusitako kostua, 4,10 milioi euro (BEZa barne), Ezkioko geltokirako oinarrizko proiektua aintzat hartuta.
b) Astigarragako geralekua eraikitzea ADIFek kudeatutako zabalera iberiarreko sarean, hasiera batean 4,70 milioi euroko kostuarekin (BEZa barne).
c) Bergara-Lezo tartean jarduketa berriak gauzatzea:
– Tuneletako larrialdi-irteerak, Europar Batasunaren 1303/2014 Zuzentaraua, 2014ko azaroaren 18ko batzordearena, oinarri hartuta, 14,18 milioi euroko hasierako gastuarekin (BEZa barne).
– Jarduketa gehigarriak: mendi-mazelak egonkortzea eta lehendik diren sorburuetan erasanengatik gertatu diren leheneratzeak, hasierako kostu zenbatetsia 1,72 milioi eurokoa (BEZa barne).
Ezkioko geltokiaren eta Astigarragako geralekuaren eraikuntza eta Bergara-Lezo tartean jarduketa berrien egikaritzapena Euskadiko Administrazio Orokorrari aginduko zaio, 2006ko apirilaren 24an sinatutako lankidetza-hitzarmenaren aldaketa bidez (hain zuzen ere, Estatuko Administrazio Orokorraren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Trenbide Azpiegituretako Administratzaileen –ADIF– artean sinatutako lankidetza-hitzarmena, Euskal Autonomia Erkidegoan trenbide sare berria eraikitzeko zenbait jarduketa agintzekoa). Agiri honetako II. eranskinean jasotako planoak biltzen du jarduketen kokapena.
1.2.– Gipuzkoako Bergara-Lezo adar osoan plataforma egiteko lanak burutzeko kalkulatutako kostuak eguneratzea:
Hitzarmen honen bidez, eguneratzen da Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berria eraikitzeko 2006ko apirilaren 24an sinatutako hitzarmenaren bosgarren klausula, eta barnean hartuko dira Bergara eta Irunen arteko zatia gauzatzeko kostuen gainean onartu eta aurreikusitako kontratu-gorabehera guztiak, barne hartuta Astigarraga-Oiartzun-Lezo tartea eta Donostiara sartzeko tartea, Donostiako geltokia Norteko geltokiaren barnean sartuta geratzen delarik. Horrez gain, 1. klausulako 1. atalean adierazitako jarduketak ere eransten dira. Hori horrela, kostu osoa handitu da, eta 2.343,36 milioi eurokoa izango da (BEZa barne):
a) Astigarraga-Oiartzun-Lezo tartea egitea. Hasieran, 356,60 milioi euroko (BEZa barne) kostua aurreikusi zen, EAEko trenbide-sare berriaren Informazio Azterketa Osagarria: Astigarraga-Oiartzun-Lezo tartea agiriaren arabera.
b) Donostiako geltokia egungo Norteko geltokian eraikitzea. Kostua 90 milioi eurokoa (BEZa barne) izango da gutxi gorabehera.
Agiri honetako II. eranskinean jasotako planoak biltzen du jarduketen kokapena.
1.3.– Koordinazio eta jarraipenerako tresnak:
Aldaketa honen bidez, alderdiek interesa dute Gipuzkoako tartearen plataforma eta geltokien obren koordinazioa eta jarraipena egiteko beharrezkoak diren tresnak batera zehazteko, kontratazio-organoak kontratazio publikoaren arloan indarrean dagoen legediak ezarritako epeetan har ditzan erabakiak. Aipatutako obrak hitzarmen-aldaketa eta esleipen-hitzarmena sinatu ostean lizitatuko dira.
1.4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari esleitutako lanak egikaritzea:
Sustapen Ministerioak eta ADIFek (egun, ADIF-Alta Velocidad) 2006ko apirilaren 24ko agintzeko lankidetza-hitzarmenaren arabera Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren kargu utzi dituzten lanak Administrazio horrek zuzenean edo Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea (aurrerantzean, ETS) zuzenbide pribatuko erakunde publikoaren bitartez gauzatu ahal izango ditu. Maiatzaren 21eko 6/2004 Legeak sortutako erakundea da ETS, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskumenekoak diren trenbide-azpiegituren proiektuak egin, haiek eraiki, kontserbatu eta mantendu, eta haien administrazioa eta kudeaketa gauzatu beharko ditu, Euskal Administrazio Orokorraren organo eskudunak hala erabakitzen badu. Hark bere gain hartu ahal izango du egun lizitatzeke dauden plataformaren tarte jakinen edo geltokien egikaritzapena.
Kasu horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eskumena duen erakundeak dagokion akordioa hartzen duenean, ulertuko da ETS izango dela arduradun tarte guztietan, haietako tarte batzuetan edota agindu honen esparruan adierazitako geltoki eta geralekuetan edo tuneletako larrialdi-irteeretan eta adierazitako jarduketa gehigarrietan, Hitzarmen honen aldaketak esandako Administrazioari eskuordetzen dion tokietan.
Bigarrena.– Informazio-azterketak idaztea, eraikuntza-proiektuak eta egikaritzapena.
2.1.– Trenbidearen sektoreari buruzko irailaren 29ko 38/2015 Legearen 5.2 eta 5.3 artikuluak ezarritakoaren arabera, Sustapen Ministerioak idatzi, izapidetu eta onartuko ditu Gasteizko eta Bilboko geltokien eta hiri-tarteen informazio-azterketak. Azterlan horiek EAEko Administrazio Orokorrarekin elkarlanean idatziko dira, eta irtenbide teknikoak Gasteizen Trenbidea Txertatzeko Elkartean eta Bilboko Erakundearteko Batzordean adostu behar dira.
Trenbidearen sektoreari buruzko Legearen 6.1 artikuluak ezarritakoa betez, ADIF-Alta Velocidadek idatzi eta onartuko ditu Informazio-azterketa horietatik eratorritako eraikuntza-proiektuak, Gasteizko eta Bilboko geltokiei eta hiri-tarteei dagokienez. Hala ere, jarduketa horiek hiri horietan trenbidea txertatzeko ezartzen ohi diren jarduketen barruan sartu beharko dira.
Halaber, ADIF-Alta Velocidadek idatzi eta onartuko ditu Lezo-Irun tarteko plataformaren eraikuntza-proiektuak eta hark burutuko ditu obrak. Horretarako, 2006an sinatu zen agintzeko lankidetza-hitzarmena aldatu beharko da ere, bertan aurreikusten zelako EAEko Administrazio Orokorraren kargu uzten ziren Gipuzkoako Bergara-Irun tartearen lanak.
2.2.– 2006ko apirilaren 24ko jatorrizko aginduari jarraikiz, EAEko Administrazio Orokorrak Donostiako geltokiaren eta Astigarraga-Oiartzun-Lezo tartearen eraikuntza-proiektuak idatziko ditu, eta Hitzarmen honen eta 2006ko agindu-akordioaren aldaketaren arabera, Ezkioko geltokiarenak eta Astigarragako geralekuarenak ere bai. ADIF-Alta Velocidadek gainbegiratuko ditu proiektuak, eta EAEko Administrazio Orokorrak ADIF-Alta Velocidadek emandako irizpideei eta hark ezarritako behar funtzionalei jarraitu beharko die. Sare konbentzionalean kokatutako Astigarragako geralekuaren kasuan, ADIFek gainbegiratuko ditu proiektuak eta hark emango ditu jarraibideak.
Bestalde, ADIF-Alta Velocidad arduratuko da Bergara-Lezo tarteko tunelen larrialdi-irteeretako eraikuntza-proiektuak idazteaz.
2.3.– Sustapen Ministerioak, ADIFek eta ADIF-Alta Velocidadek Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren eskura ipiniko dituzte eskura dituzten proiektu eta azterlan guztiak, agindutako eraikuntza-proiektuak zehazteko.
2.4.– ADIFek edo ADIF-Alta Velocidadek onartuko eta gainbegiratuko dituzte beti eraikuntza-proiektuak eta haiek jasoko dituzte agindutako obrak, Trenbidearen sektoreari buruzko Legearen (38/2015) 6. artikuluko 1. eta 2. apartatuei jarraikiz.
Gainbegiratze- eta onartze-egiteko horiek betetzeko, ADIFek eta ADIF-Alta Velocidadek behar besteko giza baliabideak bideratuko dituzte, kontratuaren egikaritze normalari ez erasateko, indarrean den araudiak ezartzen dituen mugen barruan betiere.
Sustapen Ministerioak, ADIF-Alta Velocidadek eta ADIFek Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrarekin duten partaidetza kokatu behar da administrazio kontratatzailearen eta obraren esleipendunaren arteko kontratu-harremanaren barruan. Hala, lehendabizikoek konpromisoa hartuko dute sektore publikoaren kontratazio-araudiak ezarritakoaren barruan parte hartzeko, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra jakitun izango da Sustapen Ministerioaren edo ADIFen txostenak kontratazio-organoak garaiz eta forman hartu behar dituen hitzarmenen aurreko izapide direla.
2.5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak egingo ditu aurreko 2.2 atalean deskribatutako eraikuntza-proiektuak gauzatzeko aholkularitzako eta laguntzako kontratuak eta jarduketa gehigarrietakoak (mendi-mazelak egonkortzea eta iturburuetan gertatutako erasanak konpontzea), eta hark hartuko ditu bere gain desjabetze-prozesuei dagozkien jarduerak, bai eta obrak egikaritzeari eta aurrekoekin lotutako bestelakoei dagozkienak ere.
Kontratazio-organo gisa jardungo du kasuan kasuko administrazioan izaera hori duen organoak.
Hirugarrena.– Desjabetzeak.
3.1.– EAEko Administrazio Orokorrak desjabetze-espedienteen kudeaketa administratiboan lagunduko du, Ezkioko geltokia, Astigarragako geralekua eta larrialdi-galeriak eta jarduketa gehigarrien proiektua (mendi-mazelak egonkortzea eta iturburuetan gertatutako erasanak konpontzea) egikaritzeko beharrezkoak diren lurrak lortzeko, Nahitaezko Desjabetze Legean eta Araudian eta aplikaziokoa den gainontzeko araudian ezarritako izapide eta prozedurei jarraikiz. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra arduratuko da desjabetze-espedienteak izapidetu ahal izateko beharrezkoak diren jarduketa material soilak direnak egiteaz, eta Sustapen Ministerioari dagokio, desjabetzea egiten duen Administrazioa denez, espedienteak izapidetu ahal izateko beharrezkoak diren ekintza administratiboak egitea.
3.2.– Kasu orotan, Estatuko Administrazio Orokorra izango da desjabetzen duen administrazioa. ADIF-Alta Velocidadi egokituko zaio desjabetzeen onuradun izatea, desjabetzeen balio justuak ordainduta, eta harenak izango dira araudiak onuradun gisa ezartzen dizkien eskubideak eta betebeharrak.
Laugarrena.– Obrak egikaritzeko kostuak eguneratzea.
2006ko apirilaren 24ko lankidetza-hitzarmenaren bosgarren klausulak EAEn egikaritu beharreko lanen gutxi gorabeherako kostua aurreikusten du.
Gipuzkoako Bergara-Irun adarrean egin beharreko plataformaren eta Donostiara sartzeko tartearen kostuak bosgarren klausularen bigarren eta hirugarren atalean jasotzen dira, eta 1.642 milioi euroan kalkulatu ziren (BEZa barne).
Hala ere, gaur egun, hainbat tartetako obrak bukatuta daude eta adostutako Bergara-Lezo tartea oso aurreratuta dago, eta, beraz, eguneratu behar dira Hitzarmenean balioetsitako kostuak. Kalkulatzen da 2.318,66 milioi eurokoak (BEZa barne) izango direla. Kostu horiek barne hartzen dituzte: onartutako kontratu-gorabeherak, obra amaitu arte kalkulatutako gorabeherak, jada zehaztu den Astigarraga-Oiartzun-Lezo tartea eta egungo Norteko geltokian egongo den Donostiako geltokia. Hori guztia 2006ko hitzarmenaren eta agintzeko hitzarmenaren barnean sartzen da, I. eranskinean jasotzen den baldintzetan.
Bestalde, 2006ko Hitzarmenaren aldaketaren eta 2006ko agintzeko hitzarmenaren arabera, orain txertatzen diren jarduketa berrien kostua 24,7 milioi eurokoa da (BEZa barne), aipatutako I. eranskinean zehaztutakoari jarraikiz. Jarduketa horien barruan sartzen dira honakoak: Ezkioko geltokia eta Astigarragako geralekua eta jarduketa gehigarriak (Bergara-Lezo tarteko tuneletako larrialdi-irteerak eta iturburuetan gertatutako erasanak eta mendi-mazelak egonkortzea).
Aipatutako kostu horrek ez ditu barne hartzen obrak burutzeko desjabetu behar diren ondasun eta eskubideak; ADIF-Alta Velocidadek ordainduko ditu horiek.
Klausula honetan deskribatutako jarduketetarako orotara zenbatetsitako kostua Hitzarmena aldatu beharrik gabe eguneratuko da, Jarraipen eta Koordinazio Batzordearen erabaki bidez, betiere eguneratzearen zenbateko metatuak ez badu gainditzen Hitzarmen honen I. eranskinean aipatutako zenbatekoaren % 12. Esandako erabakia, hala badagokio, seigarren klausularen c) letran adierazitako moduan egokituko da, delako gorabeherak aztertu eta onartu ostean.
Bosgarrena.– Finantzazioa.
5.1.– 2006ko apirilaren 24an sinatutako lankidetza-hitzarmenaren zazpigarren klausulan adierazitakoaren arabera eta EAEko Ekonomia Ituna onartzen duen maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen laugarren xedapen gehigarriaren babesean, EAEko Administrazio Orokorrak dagozkion murrizketak egingo ditu kupoan, I. eranskinean jasotako EAEko trenbide-sare berriaren lanak egikaritzearen gastuak konpentsatzeko. Hitzarmen honen arabera, Administrazioak bere gain hartzen ditu gastu horiek, obren edo zerbitzuen ziurtagiriak aurkeztu ostean. Gutxitze hori, Ekonomia Itunari jarraikiz, ordaindu beharreko hurrengo kupoan egingo da, eta bi administrazioek onartu beharko dute aurrena.
Aurreko ondorioetarako, Hitzarmen honen III. eranskinean jasotako zenbatekoak urtekotan mugatuko dira. Hala ere, urte bakoitzeko irailaren 1a baino lehen egunera daiteke III. eranskinean aurreikusitako inbertsioen urteroko programazioa, Jarraipen eta Koordinazio Batzordeak hala adostuta.
Europar diru-laguntzak emango dira Autonomia Erkidegoaren esku utzitako lanen gastuengatik, eta Hitzarmen honen I. eranskinean jasotzen dira laguntza horiek. EAEk jasoko ditu diru-laguntzen zenbatekoak, haien onuradun den heinean, eta zenbatekoek ordainduko den hurrengo kupoan egin beharreko murrizketak gutxiagotuko dituzte. EAEk epealdi jakin batean zehar urtero jasotzen dituen europar diru-laguntzek gainditu egiten badute, hitzarmen honi jarraikiz, dagokion kupoan egin beharreko murrizketak, EAEk aldea ordaindu beharko dio Estatuari, dagokion kupo-epearekin batera.
5.2.– Hitzarmen-aldaketa honetan azaltzen diren eta Autonomia Erkidegoaren eskuetan ipintzen diren lanetatik eratorritako gastuak Estatuko Administrazio Orokorrari egotziko zaizkio eta ez Autonomia Erkidegoari. Beraz, gastu horiek ez dira EAEko defizitean barnebilduko, aurrekontu-egonkortasuneko helburuak betetzeari dagokionez.
Seigarrena.– Proiektuen jarraipenerako eta koordinaziorako batzordea eta batzorde teknikoa.
2006ko apirilaren 24an sinatutako lankidetza-hitzarmenaren 9. klausulan, proiektuen jarraipenerako eta koordinaziorako batzordea sortu zen. Horrez gain, batzordeko tekniko bat eratuko da, eta honako kide hauek izango ditu: Estatuko Administrazio Orokorrak izendatutako 4 ordezkari, horietako bat Ogasun eta Funtzio Publikoko Ministeriokoa izango dena, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren beste lau ordezkari, horietako bat Ekonomia eta Ogasun Sailekoa izango dena. Haien egitekoa izango da egoki iritzitako alderdi teknikoak aztertzea, eta haiei buruzko azken erabakia proiektuen Jarraipen eta Koordinazio Batzordeak izango du.
Batzorde Teknikoaren egitekoak:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren esku utzitako eraikuntza-proiektuen prestaketa koordinatzea.
b) Proiektu horiek ingurumen eta paisaiaren ikuspuntutik egokiak izan daitezen koordinazio-lanak egitea.
c) Eraikuntza-fasea koordinatzea eta onartutako proiektuen obrak egokiak direla bermatzea, baita kontratuak egikaritzean sor litezkeen gertakarien jatorria aztertzea ere, haien aldaketa materiala eskatuko balute. Gertakari horiei buruz eskuratutako ondorioak Jarraipen eta Koordinazio Batzordean aurkeztuko dira, dagokion proposamena egin dezan, hitzarmen honetako laugarren eta bosgarren klausuletan xedatutakoarekin bat.
d) Desjabetzeko prozesuak koordinatzea.
e) Proiektuak eta obrak egokitzeko proposamenak prestatzea, Sustapen Ministerioak, ADIF-Alta Velocidadek edo ADIFek onar ditzan.
Batzordea alderdietako edozeinek eskatzen duenean elkartuko da, eta funtzionamendurako Herri Administrazioen Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren gaineko urriaren 1eko 40/2015 Legean kide anitzeko organoentzat ezarritako araubideari jarraituko dio.
Zazpigarrena.– Jarraipen eta koordinaziorako tresnak.
Estatuko Administrazio Orokorrak, eskumenaren titularra denez, ontzat ematen du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin hitzarmen bat egitea, non zehazten baita lankidetza-hitzarmenaren baitan trenbide-azpiegitura horren egikaritzapenean sortzen den lankidetza-maila. Legezko erreserba eratu da Ministerioak, ADIF-Alta Velocidadek edo ADIFek eraikuntza-proiektuak gainbegiratu eta onartzeko eta obrak jasotzeko. Halaber, 2006ko apirilaren 24an sinatutako lankidetza-hitzarmenean proiektuen jarraipenerako eta koordinaziorako sortutako batzordeaz gain, Batzorde Teknikoa eratu da, alderdi teknikoak aztertzeko.
Batzorde biek, hau da, Jarraipen eta Koordinazio Batzordeak eta Batzorde Teknikoak, alderdiek hartu dituzten konpromisoen jarraipena eta koordinazioa egin behar dute, eta hartarako erabili ahalko dituzte alderdiek, Jarraipen eta Koordinazio Batzordean bildutakoan, zehazten eta onesten dituzten baliabideak.
Ezarri behar diren prozedurak onetsi ahal izateko, beharrezkoa izango da alderdien onarpena. Prozedura gisa zehazten diren tresnek bizkorrak izan beharko dute, eta ez dute EAEko Administrazio Orokorrak dagokion espedientea izapidetzea baldintzatu eta eragotzi behar.
Izapideetan atzerapenak baleude eta horiek EAEko Administrazio Orokorrak kudeatzen dituen kontratazio-espedienteak edo kasuan kasu, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoa kaltetuko balituzte, Jarraipen Batzordeak eta Batzorde Teknikoak egoera aztertuko dute. Batzorde horiek ateratako ondorioak ikusita, atzerapenak Ministerioaren, ADIF-Alta Velocidaden edo ADIFen erruz gertatu badira, kontratazio-organoak haiei jakinaraziko die, dagozkion erabakiak har ditzaten eta kontratazio-organoak espedienteak legez ezarritako epeen barruan ebatz ditzan.
Jarraipenerako eta koordinaziorako tresnei dagozkien prozedurak onartuko dituzte bi alderdiek, Jarraipen eta Koordinazio Batzordearen baitan, hilabeteko epean gehienez ere, 2006ko apirilaren 24an sinatutako lankidetza-hitzarmena aldatzeko tresna sinatzen denetik hasita.
Klausula hau lankidetza-hitzarmen hau onartzean sortzen diren kontratu berriei eta kontratu-gorabeherei aplikatuko zaie. Behin-behinean, eta alderdiek prozedura berriak onartu bitartean, 2012ko «ADIFen jarduketa-prozedura proiektuan onartzeko eta obrak egikaritzeko» delako agiria aplikatuko da.
Zortzigarrena.– Hitzarmenaren aldaketaren indarraldia eta iraungipena.
2006ko apirilaren 24an sinatutako lankidetza-hitzarmenaren 10. klausularen arabera, eta Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 49.h) artikuluaren 1. atalean ebazten denaren arabera, aipatutako Hitzarmenaren aldaketa honek 4 urteko iraunaldia izango du. Hala ere, haren baitan jasotzen diren jarduketek denbora-aldi luzeagoa barnebiltzen dutenez, alderdiek konpromisoa hartzen dute izapidetzeko hark beharko duen luzapena, haren indarraldia amaitu baino lehen behar besteko aurrerapenez, aipatu Legearen 49.h) artikuluaren 2. atalean aurreikusten den moduan, hartarako jarraituz berau baimentzeko erabili den prozedura berbera.
Orobat, aldatzen den lankidetza-hitzarmen hau azkendu egingo da hauetakoren bat gertatuz gero:
– Haren baitako jarduketa guztiak burutu edo amaitu direlako.
– Alderdiek adostasunez hala erabaki dutelako, hartarako egindako dokumentu batean jasota geratu beharko duen eran.
– Sinatzaileetako edozeinek larriki ez dituelako bete Hitzarmen honetan jasota dauden betebehar zehatzak, kaltea jasaten duen alderdiak idatziz eta, gutxienez, hilabeteko aurrerapenarekin, adierazpen fede-emaile batean jakinarazi ondoren. Hartarako, balizko kalte-ordainak zehazteko irizpidetzat hartuko da kaltea jasan duen alderdiak pairatu dituen kostuena, balizko ez betetzea jazotzen den unean.
Aurreko atal horietan zehaztutako zioez bestelako zerbaitengatik azkenduko balitz, haren amaiera proposatzen duen alderdiak idatziz jakinarazi beharko die gainerako alderdiei Hitzarmena ez burutzea erabaki duela, eta erabaki hori hartzeko dituen arrazoiak azaldu.
Hitzarmenaren xede diren jarduketak burutu izanaz bestelako zioren batengatik azkenduko balitz, Koordinazio eta Jarraipen Batzordeak proposatuko ditu Hitzarmen honetatik eratortzen diren eta eginbidean dauden jarduketak amaitzeko baldintza.
Bederatzigarrena.– Agiri hau aldatzeko araubidea.
Inguruabarrek hala behartzen dutenean, agiri hau aldatzeari ekingo zaio, sinatzen duten administrazio eta entitateen aurretiazko adostasunez, eta dagokion aldaketa-dokumentua izapidetu eta sinatuko da horretarako.
Hamargarrena.– 2006ko apirilaren 24an sinatutako lankidetza-hitzarmena.
Hitzarmen honek aldatu ez duen beste ororen kasuan, 2006ko apirilaren 24an sinatutako lankidetza-hitzarmena hartuko da kontuan, hain justu, Euskal Autonomia Erkidegoan trenbide-sare berria eraikitzeko jarduketa jakin batzuk agintzekoa.
Hamaikagarrena.– Araubide juridikoa eta jurisdikzioa.
2006ko apirilaren 24an sinatu zen lankidetza-hitzarmenaren aldaketak izaera administratiboa du eta Trenbide sektorearen irailaren 29ko 38/2015 Legeak ebazten duenari men egingo dio, eta han aurreikusten ez den guztian, Sektore Publikoko Araubide Juridikoko urriaren 1eko 40/2015 Legeak edo etorkizunean haren ordezkoa denak dionari.
Alderdiek adosten dute 2006ko apirilaren 24an sinatu zen lankidetza-hitzarmena eta aldaketa honen interpretazioan eta/edo betetzean ager daitezkeen gorabeherak Jarraipen eta Koordinazio Batzordean erabakiko direla.
2006ko apirilaren 24an sinatu zen lankidetza-hitzarmena eta aldaketa honen interpretazioan eta/edo betetzean ager daitezkeen auziak administrazioarekiko auzien jurisdikziora bideratuko dira.
Eta ados daudela frogatzeko, dokumentu honen sei ale sinatu dituzte goiburuan ageri den egunean eta tokian.
Sustapeneko ministroa,
IÑIGO JOAQUÍN DE LA SERNA HERNÁIZ.
Ogasuneko eta Funtzio Publikoko ministroa,
CRISTÓBAL MONTORO ROMERO.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
Ogasun eta Ekonomiako sailburua,
PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.
ADIFen eta ADIF-Alta Velocidaden presidentea,
JUAN BRAVO RIVERA.