EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-05-21 Aldizkari honetan argitaratua: 2018096

AGINDUA, 2018ko maiatzaren 15ekoa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko datu irekiak berrerabiltzeko ideia onenetarako sarien bigarren edizioaren deialdia.

Xedapenaren data: 2018-05-15
Hurrenkenaren zenbakia: 201802667
Maila: Agindua
2009ko abenduaren 29an, Eusko Jaurlaritzak erabaki zuen abian jartzea datu publikoak irekitzeko proiektua –publikotzat ulertuz pribatutasun-, segurtasun- edo jabetza-murrizketarik ez dituzten datuak–, Sektore publikoko informazioa berrerabiltzeari buruzko azaroaren 16ko 37/2007 Legeak xedatutakoa betetzeko.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren informazio-gardentasuna handitzea da proiektuaren helburua, sektore publikoan elkarreragingarritasuna hobetzea, berrikuntza sustatzea eta aberastasuna sortzea, datu publikoei balioa emanez.
Formatu berrerabilgarrian eta Open Data Euskadi webgunean (https://opendata.euskadi.eus) irekitako erabilera-lizentzien bidez ematen ditu argitara datu horiek Eusko Jaurlaritzak, hirugarren pertsonek datu horietatik eratorritako zerbitzuak sortu ahal izan ditzaten.
Open Data Euskadik (https://opendata.euskadi.eus) balio ekonomiko eta sozial handiko katalogoa du, 3.000 datu multzo baino gehiagokoa; horien artean, honako datu hauek dira nabarmengarri: estatistikoak, geografikoak, administrazioaren arlokoak, ingurumenekoak, turistikoak eta meteorologikoak.
Open Data Euskadin argitaratzen diren datu publikoak irekitzeko proiektuaren estrategiak honako hiru ardatz hauek ditu:
1.– Erakunde publikoak eraldatzea haien lan-dinamikan datu irekien kontzeptua sartzeko.
2.– Eskainitako datuen kalitatea handitu eta hobetzea.
3.– Datuak berrerabili eta kontsumitzen dituen pertsona talde bat sortzen laguntzea aberastasuna eta gizarte-balioa sortzeko.
Ardatz horietatik hirugarrenarekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoko datu irekiak berrerabiltzeko ideia onenetarako sarien deialdia egin nahi da. Horretarako, hiru foru aldundien eta Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuen laguntza izango dugu, epaimahaian parte hartu eta hautagaien eskura jarriko baitituzte euren datu irekien katalogoak.
Helburu nagusia da Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek (Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak eta udalak) dituzten datu irekien katalogoak ezagutaraztea, horien ahalmena erakustea, datu irekien erabilera eta zerbitzu eratorrien sorrera sustatzea, eta datu-kontsumitzaileek gehien eskatzen dituzten datuak zeintzuk diren zehaztea, horiexek irekitzen ahalegin berezia egiteko.
Publiko heterogeneo bati zuzendutako deialdia da, ez nahitaez aplikazio informatikoen garapenari lotutako jendeari; horrek ahalbidetuko du datu publikoak berrerabiltzeko ideiak aurkeztea, zein lanbide-arloan zein gizartean aplikatzeko tresna baliagarri bilakatuko baitira. Deialdi honetara 6000 € gordin zuzenduko dira.
Azaldutako guztia kontuan hartuta, eta apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuak (Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituena) 3. artikuluan emandako eskumenak baliatuz, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko datu irekiak berrerabiltzeko ideia onenetarako sarien bigarren edizioaren deialdia onartzea, horretarako onartzen diren oinarri arautzaileen arabera. Oinarriok agindu honen eranskinean jaso dira.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honek onartutako oinarrietan aurreikusita ez dauden alderdiei arau hauek aplikatuko zaizkie: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. titulua (dekretu horren bidez, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zen), azaroaren 17ko 38/2003 Legea (Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorra), eta horren erregelamendua, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua; urriaren 1eko 39/2015 Legea (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena); urriaren 1eko 40/2015 Legea (sektore publikoaren araubide juridikoarena), eta aplikagarriak diren gainerako arau indardunak.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, eta, horretarako, bi hilabete izango dira, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, hala xedatzen baitu Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeak 10.1.a) eta 46. artikuluetan.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 15a.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.
ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO DATU IREKIAK BERRERABILTZEKO IDEIA ONENETARAKO SARIEN DEIALDIA ARAUTZEN DUTEN OINARRIAK
Lehenengoa.– Xedea.
Deialdi honen bidez sartu nahi dira Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen datu irekien katalogoetako datu multzoak erabiliz zerbitzuak, azterlanak, web aplikazioak edo gailu mugikorretarako aplikazioak sortzeko ideiak deskribatzen dituzten proiekturik onenak.
Bigarrena.– Sariak.
Sari bana emango zaie Euskal Autonomia Erkidegoko datu irekiak berrerabiltzeko ideien bi proiektu onenei:
a) Lehenengo saria: egiaztapen-diploma bat eta 4.000 euro gordin. Zenbateko hori aldi bakarrean ordainduko zaio sarituari.
b) Bigarren saria: egiaztapen-diploma bat eta 2.000 euro gordin. Zenbateko hori aldi bakarrean ordainduko zaio sarituari.
Hirugarrena.– Proiektuak.
1.– Proiektu guztiek, inskribatzen diren egunean, baldintza hau bete beharko dute:
Datu irekien katalogo hauetakoren batetik ateratako datu multzo bat, gutxienez, erabili izana proiektua egiteko:
1) Eusko Jaurlaritza (Open Data Euskadi): http://opendata.euskadi.eus
2) Bizkaiko Foru Aldundia (Bizkaia Open Data): http://www.opendatabizkaia.eus
3) Gipuzkoako Foru Aldundia (Gipuzkoa Irekia): http://www.gipuzkoairekia.eus/eu/datu-irekien-katalogoa
4) Bilboko Udala (Bilbao Open Data): https://www.bilbao.eus/opendata/eu/inicio
5) Donostiako Udala (Donostiako Udalaren datu irekiak): https://www.donostia.eus/datuirekiak/
6) Vitoria-Gasteizko Udala (Open Data Vitoria-Gasteiz): http://www.vitoria-gasteiz.org/opendata
2.– Saria emateko orduan, ez da aintzat hartuko zenbat pertsonak hartu duten parte proiektua lantzen, fisikoak zein juridikoak izan pertsona horiek. Pertsona bakar batek hainbat proiektu aurkez ditzake, bakarka edo talde bateko partaide gisa.
3.– Proiektua landu duten pertsona fisiko zein juridikoek baimena ematen diote Eusko Jaurlaritzari proiektuaren egilea aipatzeko deialdi honekin zerikusia duen edozein hedapen-jardueratan, baina horrek ez du sortuko pertsona horien aldeko inolako eskubide ekonomikorik, eta, hala egokituz gero, ez du ekarriko ematen den saria ez den beste inolako onurarik.
Laugarrena.– Eskabideak.
1.– Pertsona fisikoek nahiz juridikoek aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrari jarraikiz. Aurrekoa gorabehera, administrazio publikoek eta horien sektore publikoetako erakundeek ezin izango dute parte hartu deialdi honetan.
2.– Eskabidea aurkezten duen pertsona fisikoak sinatuko du eskabidea, edo, pertsona juridiko batek aurkezten badu, horren ordezkariak sinatuko du.
3.– Zenbait pertsona fisikok edo juridikok edo denetarikoek batera aurkezten badute eskabidea, gainerako kideen ordezkari diharduenak bakarrik sinatuko du.
Bosgarrena.– Betekizunak.
1.– Proiektu bat bakarka edo taldean aurkezten duten pertsona fisiko edo juridikoek baldintza hauek bete behar dituzte eskabidea aurkezteko unean, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003ko Lege Orokorrari eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50 artikuluari jarraikiz:
a) Ez edukitzea zehapen administratibo edo penalik, laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera –zehapenean bertan ezarritako eperako– kentzen dionik, eta ez edukitzea laguntza horiek jasotzeko legezko debekurik.
b) Sexu-bazterkeria egiteagatik zehapen administratibo edo penala betetzen ez egotea, eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea (otsailaren 18ko 4/2005 Legea) aplikatuta debeku horrekin zigortuta ez egotea.
c) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko obligazioak egunean izatea. Horretarako, organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du hautagaiek (pertsona fisikoak zein juridikoak) zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, haiei aurrez baimenik eskatu beharrik gabe, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.3 artikuluari jarraikiz. Nolanahi ere, eskatzaileak baimen hori berariaz uka dezake, baina, kasu horretan, dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
2.– Aurreko a) eta b) baldintzei dagokien agiri-egiaztapenaren ordez, eskatzaileek (pertsona fisiko zein juridikoak) erantzukizunpeko adierazpena beteko dute, «Elkarlan» sarien deialdian parte hartzeko inprimakian. Inprimakia Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko helbide honetan eskura dezakete: https://www.euskadi.eus/saria/2018/open-data-ideiak/y22-izapide/eu/
3.– Saria jasotzea bateragarria izango da bestelako administrazio publikoek eta entitate pribatuek ematen dituzten sariak jasotzearekin.
Seigarrena.– Epaimahaia.
1.– Aurkeztutako proiektuak epaimahai batek baloratuko ditu. Honela osatuko da:
a) Imanol Argüeso Epelde jauna, Web Kudeaketako teknikaria, Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzakoa. Epaimahaiburua izango da.
b) Diego David Álvarez Meaza jauna, Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernamendu Onerako eta Gardentasunerako Zuzendaritzako atalburua. Idazkari jardungo du.
c) Javier Aguirre Busteros jauna, Arabako Foru Aldundiko Zerbitzuen Zuzendaritzako Informatika Zerbitzuko burua.
d) Ana Vallejo Iriarte andrea, Vitoria-Gasteizko Udaleko Gardentasunaren eta Edukien Ataleko burua.
e) Ibon Ramos jauna, Donostiako Udaleko Informazio Unitateko arduraduna.
f) Esther Larrañaga andrea, Gipuzkoako Foru Aldundiko Modernizazio Zerbitzuko goi-mailako teknikaria. Epaimahaiburuaren ordezkoa izango da hark huts egiten badu.
g) Ainhoa Franco García de Cortázar andrea, Bilbao.net-en arduradun teknikoa Bilboko Udalean.
2.– Epaimahaiko kideren bat ezin bada epaimahaiburuak deitutako bilkuraren batera joan, beheko zerrendako pertsonetako batek ordeztuko du, zerrendako ordenari jarraituz:
a) Koldobike Uriarte Ruiz-Eguino andrea, Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzako proiektu-arduraduna.
b) Pilar Pascual Castro andrea, EJIEko (Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea) teknikaria.
c) Javier Bikandi Irazabal jauna, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko zuzendaria.
d) Alejandro Lara Garatxana jauna, Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkarteko (EJIE) arduraduna.
e) Josu Sa Hernández jauna, Vitoria-Gasteizko Udaleko Gardentasun eta Herritarrentzako Arreta Zerbitzuko Informazioaren Kudeaketako teknikaria.
3.– Proiektuak baloratzeko, epaimahaiak baremoa aplikatuko du, hurrengo oinarrian jasotako baldintzetan, eta sariak emateko proposamena aurkeztuko dio sariok emateko eskumena duen organoari.
4.– Epaimahaiaren erabakiak botoen gehiengoz hartuko dira.
5.– Epaimahaiko kide izateak eta epaimahaiaren bilkuretara joateak ez du inoiz ere eskubiderik emango ordainsari, bidaia-sari edo kalte-ordain gisa diru kopururik jasotzeko.
Zazpigarrena.– Baremoa.
1.– Epaimahaiak baloratu egingo ditu aurkeztutako proiektuak. Gehienez 10 puntu eman ahalko dizkie, honako baremo honen arabera:
a) Baliagarritasuna: ebazten den arazoaren magnitudea eta hartzaile potentzialen kopurua hartuko dira aintzat. 0 eta 2 puntu bitartean.
b) Balio ekonomikoa: proiektutik abiatuta negozioa sortzeko edo errentagarritasuna lortzeko aukera. 0 eta 2 puntu bitartean.
c) Balio publiko eta soziala: administrazio publikoen gardentasuna sustatzea eta balio sozial eta publikoa sortzeko ahalmena izatea. 0 eta 2 puntu bitartean.
d) Izaera berritzailea: kontuan hartuko da proiektua disruptiboa eta berria den. 0 eta 2 puntu bitartean.
e) Bideragarritasuna: proiektutik abiatuta zerbitzu berri bat, ikerketa, web-aplikazio edo gailu mugikorretarako aplikazio bat sortzeko erraztasuna. 0 eta 1 puntu bitartean.
f) Kalitatea eta argitasuna: aurkezpenaren koherentzia- eta argitasun-maila. 0 eta 1 puntu bitartean.
2.– Saria lortzeko aukera izateko, gutxienez 5 puntu lortu beharko dira.
Zortzigarrena.– Prozedura.
1.– Pertsona fisikoek deialdi hau kudeatzen duen organoarekin komunikatzeko bide elektronikoa edo presentziala hautatu ahal izango dute, eta noiznahi aldatu ahal izango dute. Pertsona juridikoak, prozedura osoan, bide elektronikoetatik komunikatuko dira organo horrekin.
2.– Deialdi honetako organo kudeatzailea Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritza da.
3.– Pertsona fisiko edo juridikoek bete behar duten eskabide-inprimakia eskuragarri egongo da Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko https://www.euskadi.eus/saria/2018/open-data-ideiak/y22-izapide/eu/ helbide elektronikoan, edo bestela, organo kudeatzailearekin komunikatzeko bide presentziala hautatuz gero, Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).
4.– Eskabidea aurkeztu osteko izapideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire kudeaketak» atalean, https://euskadi.eus/nirekudeaketak, egingo dituzte bai pertsona juridikoek, bai organo kudeatzailearekin komunikatzeko bide elektronikoa aukeratzen duten pertsona fisikoek. Bide presentziala aukeratzen duten pertsona fisikoei dagokienez, izapide horiek postaz egingo dira.
5.– Eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentazioa, nahi duten moduan. Orobat, prozeduran zehar, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen duen moduan.
6.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla oinarri hauetan azaldutako baldintza eta betebehar guztiak.
7.– Eskabideak 40 egun naturaleko epean aurkeztu behar dira, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Epez kanpo aurkeztutako eskabideak deialditik kanpo geratuko dira.
8.– Eskabidea izapidetzeko onar dadin aurkeztu beharreko dokumenturen bat falta dela edo aurkeztutako dokumentuetan forma-akatsak daudela ikusiz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio pertsona fisiko edo juridiko interesdunari, akatsa zuzen dezan edo behar diren dokumentuak aurkez ditzan, eta jakinaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela; betiere, hartarako, aldez aurretik ebazpen bat emango da.
9.– Epaimahaiak aztertu egingo ditu aurkeztutako proiektuak, eta, bakoitzari baremoa aplikatu ondoren, ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Erakunde Harremanetarako sailburuordeari, erabaki dezan.
10.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Erakunde Harremanetarako sailburuordeak sariak emateko ebazpena eman aurretik, deialdi honetako organo kudeatzaileak errekerimendua egingo die epaimahaiak sarietarako proposatutako proiektuak aurkeztu dituzten pertsona fisiko edo juridikoei, euren erantzukizunpeko adierazpenean bosgarren oinarriko lehen paragrafoko a) eta b) baldintzei buruz jarri dituzten datuen egiaztagirien kopia autentikoa bidal dezaten. Horretarako bi eguneko epea emango die, errekerimenduaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik hasita. Oinarri bereko c) baldintza deialdi honetako organo kudeatzaileak berak aintzatetsiko du modu automatikoan.
11.– Aurreko paragrafoan aipatutako pertsonek ez badute garaiz eta behar den moduan aurkezten eskatutako dokumentazioa, deialdi honetako organo kudeatzaileak horren berri emango dio epaimahaiari, eta hark beste proposamen bat egingo du: baloraziorik handiena jaso duten hurrengo proiektuak aurkeztu dituzten pertsonak proposatuko ditu saria jasotzeko.
Deialdi honetako organo kudeatzaileak aurreko paragrafoan ezarritakoari jarraikiz jardungo du proposatutako beste pertsona horiei dagokienez.
Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Erakunde Harremanetarako sailburuordeak ebazpena emango du sariaren deialditik kanpo uzteko epaimahaiak proposatu duen baina erantzukizunpeko adierazpenean adierazitako datuen benetakotasuna frogatu ez duen pertsona.
12.– Epaimahaiak deialdia hutsik uzteko proposamena egingo du baldin eta aurkeztutako proiektuetako batek ere ez badu lortzen aurreko oinarrian azaldutako gutxieneko puntuazioa.
13.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Erakunde Harremanetarako sailburuordeak ebazpena emango du saria emateko edo deialdia hutsik uzteko; Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko https://www.euskadi.eus/saria/2018/open-data-ideiak/y22-izapide/eu/ helbidean argitaratuko da ebazpena. Gainera, ebazpen horren jakinarazpen elektronikoa egingo zaie, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire kudeaketak» atalean (https://euskadi.eus/nirekudeaketak), pertsona juridikoei eta organo kudeatzailearekin komunikatzeko bide elektronikoa hautatu duten pertsona fisikoei; eta ebazpena postaz jakinaraziko zaie bide presentziala hautatu duten pertsona fisikoei.
Aurrekoa gorabehera, deialdi honetako organo kudeatzaileak pertsona interesdunei jakinarazpenen abisuak igorri ahal izango dizkie SMS edo posta elektronikoko mezuen bidez, eskabide-inprimakian adierazitako telefono mugikorretara eta posta elektronikoko kontuetara. Abisu horiek inoiz ez dira jakinarazpentzat hartuko.
14.– Deialdia ebazteko eta ebazpena argitaratzeko epea ezingo da izan 5 hilabetetik gorakoa, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori amaitu eta ebazpena argitaratu ez bada, deialdia hutsik geratu dela ulertuko da.
15.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Erakunde Harremanetarako sailburuordeak sariak emateko edo deialdia hutsik uzteko ematen duen ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio sail horretako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Bederatzigarrena.– Saria onartzea.
1.– Saria ematen zaien pertsonek idatziz eta espresuki adierazi beharko dute saria onartzen dutela, saritze-ebazpena argitaratu eta 3 egun naturaleko epean. Horretarako, saria onartzeko inprimaki bat izango dute eskuragarri Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire kudeaketak» atalean (https://euskadi.eus/nirekudeaketak).
2.– Aurreko zenbakian ezarritako baldintzetan ez bada onartzen saria, ulertuko da uko egiten zaiola; kasu horretan, ongien baloratutako hurrengo proiektuak aurkeztu dituzten pertsonei edo emango zaie saria.
3.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Erakunde Harremanetarako sailburuordeak ebazpena emango du, aditzera emango duena sariari uko egin zaiola eta ongien baloratutako hurrengo proiektuak aurkeztu dituzten pertsona fisiko edo juridikoei eman zaiela saria. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko https://www.euskadi.eus/saria/2018/open-data-ideiak/y22-izapide/eu/ helbidean argitaratuko da. Gainera, ebazpen horren jakinarazpen elektronikoa egingo zaie, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire kudeaketak» atalean (https://euskadi.eus/nirekudeaketak), pertsona juridikoei eta organo kudeatzailearekin komunikatzeko bide elektronikoa hautatu duten pertsona fisikoei; eta ebazpena postaz jakinaraziko zaie bide presentziala hautatu duten pertsona fisikoei. Saritutako pertsonek oinarri honetako lehen paragrafoan xedatutakoaren arabera jardungo dute.
4.– Saritutako pertsonetatik bakar batek ere ez badu onartzen saria, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Erakunde Harremanetarako sailburuordeak ebazpena emango du deialdia hutsik gelditu dela adierazteko. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko https://www.euskadi.eus/saria/2018/open-data-ideiak/y22-izapide/eu/ helbidean argitaratuko da. Gainera, ebazpen hori deialdi honetan parte hartzen duten pertsona fisiko eta juridikoei ere jakinaraziko zaie, aurreko zenbakian adierazitako moduan.
5.– Saria ematen zaien pertsonek izango dituzten betebeharrak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluari jarraikiz zuzenduko dira.
Hamargarrena.– Sariak ematea.
1.– Sariak ekitaldi formal batean emango dira. Nahitaez bertaratu beharko da proiektu sarituak aurkeztu dituen pertsona fisikoa, edo, pertsona juridiko batek aurkeztu baditu, horren ordezkaria, edo, pertsona bat baino gehiago badira, eskabidea sinatu duena, hau da, gainerakoak ordezkatzen dituena sarien deialdia egin duen administrazio publikoaren aurrean. Euren proiektuen xehetasunen azalpen laburra egingo dute. Deialdi honetako organo kudeatzaileak behar adina denbora lehenago jakinaraziko dizkie ekitaldia egiteko eguna, tokia eta ordua.
Baldin eta, arrazoi justifikatuengatik, pertsona horietakoren bat ezin bada agertu sariak emateko ekitaldi formalera, hala jakinarazi beharko dio deialdi honetako organo kudeatzaileari, behar adina denbora lehenago, eta ordezkoa izendatuko du, bere izenean saria jaso dezan, eta ordezko pertsona horren identifikazio datuak organo kudeatzaileari jakinaraziko dizkio.
2.– Sariari uko egin zaiola ulertuko da ez bada inor agertzen sariak emateko ekitaldira: ez pertsona fisikoa edo pertsona juridikoaren ordezkaria, ez eskabidea sinatu duen pertsona fisikoa, sariaren deialdia egin duen administrazio publikoaren aurrean gainerakoak ordezkatzen dituena, ezta hura ordezteko izendatutako pertsona ere. Halakoetan, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Erakunde Harremanetarako sailburuordeak ebazpena emango du, aditzera emango duena sariari uko egin zaiola eta ongien baloratutako hurrengo proiektuak aurkeztu dituzten pertsona fisiko edo juridikoei eman zaiela saria, eta aurreko oinarrian xedatutakoaren arabera jokatuko da.
Hamaikagarrena.– Datu pertsonalen babesa.
Sarien deialdi honetan pertsona juridikoen izenean eskabideak aurkezten dituzten pertsonek emandako datu pertsonalak, zeinen tratamendua eta argitalpena baimenduko baitituzte, datu pertsonalen fitxategi automatizatu batean gordeko dira, «Sariak eta Laguntzak» izenekoan. Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritza da fitxategi horren arduraduna. Datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta haiei aurka egiteko eskubideak zuzendaritza horren aurrean baliatu ahal izango dira. Horretarako eskabidea bidali beharko da posta-helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz. Hori guztia bat dator Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta datu pertsonaletarako jabetza publikoko fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin. Halaber, deialdi honetan eskabideak aurkezten dituztenek baimena ematen diote aipatutako zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta dezan aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.