EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-05-21 Aldizkari honetan argitaratua: 2017096

ERABAKIA, 2017ko irailaren 28koa, UPV/EHUren Gobernu Kontseiluarena, non berretsi egiten baita AZPko funtzionarioen Plangintza Batzordearen erabakia, 2017ko uztailaren 18koa, AZPko funtzionarioei zerbitzu eginkizunak esleitzeko prozedura barematua ezartzeari buruzkoa.

Xedapenaren data: 2017-09-28
Hurrenkenaren zenbakia: 201802656
Maila: Akordioa
Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Langileen Lan Baldintzak Arautzeko Hitzarmenaren 65.2 artikuluak modu orokorrean arautzen du lanpostuak aldi baterako betetzeko edo aldi baterako lanak egiteko zerbitzu eginkizunak esleitzeko prozedura; alabaina, ez du eginkizunok esleitzeko prozedura espezifikorik ezartzen.
Artikulu horretan xedaturikoa garatze aldera, eta negoziazio kolektiborako eskubideaz baliatuta, unibertsitateko administrazioko ordezkariek eta sindikatuetakoek hainbat baliabide adostu izan dituzte orain arte administrazio eta zerbitzuetako langile funtzionarioen Plangintza Batzordean, prozedura zehaztua eta irizpide objektiboetan oinarritua finkatzeko helburuz.
2017ko uztailaren 18an, alde biek beste akordio bat lortu zuten gai honen inguruan; akordio horretan bertan adierazten denez, Gobernu Kontseilu honek berretsi behar du erabakia, eta gerora argitaratu.
Horrengatik guztiarengatik, testu honen oinarri diren xedapenak betetzeko konpromisoa harturik, Gerentziak proposatuta, Gobernu Kontseiluak:
ERABAKI DU:
Lehenengoa.– Berrestea AZPko funtzionarioen Plangintza Batzordearen erabakia, 2017ko uztailaren 18koa, AZPko funtzionarioei zerbitzu eginkizunak esleitzeko prozedura barematua ezartzeari buruzkoa (erabakiaren testua jarraian jaso da).
Bigarrena.– 2017ko uztailaren 18ko erabakia UPV/EHUren iragarki tauletan eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.
Leioa, 2017ko irailaren 28a.
Errektorea,
NEKANE BALLUERKA LASA.
Idazkari nagusia,
PEDRO MARÍA IRIONDO BENGOA.
AKORDIOA, 2017ko UZTAILAREN 18koa, ADMINISTRAZIO ETA ZERBITZUETAKO FUNTZIONARIOEN PLANGINTZA BATZORDEARENA, AZPko FUNTZIONARIOEI ZERBITZU BETEKIZUNAK ESLEITZEKO PROZEDURA BAREMATUA EZARTZEARI BURUZKOA
2014ko uztailaren 10ean UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak onartu zuen «AZP Funtzionarioari Zerbitzuen Betekizunak Esleitzeko Prozedura Haztatua Ezartzeko Akordioa», sindikatuek eta administrazioak adostua 2014ko uztailaren 1eko Plangintza Batzordean.
Beharrezkoa da UPV/EHUko langileen mugikortasuna arautzen duten tresnak egokitzea, alde batetik zerbitzu betekizun barematuen prozedura karrerako funtzionarioentzat utziz, eta, bestetik, lan poltsen arautegi berri bat eginez behin-behineko langileekin betetzekoak diren lanpostuetarako, arautegi berrian langile horien mugikortasuna erraztuko duten mekanismoak jasorik. Horiek horrela, sinatzaileek honako hau akordio hau egin dute:
AKORDIOA
Lehenengoa.– Helburua, arautzea eta izaera.
1.– Akordio honen helburua da prozedura arautzea lehiaketaren bidez betetzekoak diren UPV/EHUko administrazio eta zerbitzuetako funtzionarioen lanpostuak aldi baterako zerbitzu betekizunetan esleitzeko.
2.– Akordio hau erabiliko da UPV/EHUko administrazio eta zerbitzuetako funtzionarioen lanpostuak zerbitzu betekizunetan aldi batez esleitzeko, betiere men eginez unean-unean indarrean dagoen UPV/EHUko administrazio eta zerbitzuetako funtzionarioen lan baldintzak arautzeko Hitzarmenari eta gainerako arau orokorrei, eta prozeduraren objektibotasuna eta inpartzialtasuna bermatuz.
3.– Zerbitzu betekizunak aldi baterakoak izango dira beti, eta akordio honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan zehazten diren iraupen eta ondorioak izango dituzte.
Bigarrena.– Zerbitzu betekizunen motak.
Zerbitzu betekizun hauek bereizi behar dira:
1.– Lanpostu hutsak aldi batez betetzeko edo lanpostua betetzen dagoen langilea aldi batez ordezkatzeko zerbitzu betekizunak. Mota honetakotzat joko dira akordio honetako hirugarren artikuluan zehazten diren baldintzak betetzen dituztenak.
2.– Premia larriko arrazoiengatik eta zerbitzuko beharrengatik sortutako zerbitzu betekizunak. Mota hau akordio honetako 8. artikuluan garatzen da. Bi modalitate daude:
2.1.– Premia larriko arrazoiengatik eta zerbitzuko beharrengatik, karrerako funtzionarioei zerbitzu betekizunetan esleitu ahal izango zaizkie espezifikoki inongo lanposturi izendatu ez zaizkion eginkizunak.
2.2.– Karrerako funtzionarioei zerbitzu betekizunetan esleitu ahal izango zaizkie une jakin batean lan handiagoa egoteagatik edo egoeraren araberako beste arrazoi batzuengatik lanpostuei atxikitako langileek behar bezala bete ezin dituzten eginkizunak.
Bi kasuetan zerbitzu betekizunak esleituko zaizkion funtzionarioa ados egon beharko da.
3.– Administrazio publikoen arteko zerbitzu betekizunak edo nazioarteko lankidetzako programetan parte hartzekoak. Hauek arautuko dira indarreko arautegietan gai horretaz zehaztutakoaren arabera.
4.– Nahitaezko zerbitzu betekizunak. Kasuan kasuko arau orokorrei jarraituz arautuko dira.
Hirugarrena.– Eremu objektiboa.
1.– Irizpide orokorra.
Akordio honetan araututako prozedura nahitaez erabili beharko da lanpostu bat aldi baterako betetzeko baldintza hauek betetzen direnean:
1.1.– Lanpostua gutxien dela urtebetean hutsik egongo dela aurreikusten denean titularra egoera hauetako batean egongo delako: bere ardurapeko seme-alabak zaintzeko baimenarekin, zerbitzu berezietan, sindikatuko ordezkari lanak betetzen edo lanpostua gordeta izatea dakarren beste edozein egoeratan. Horrez gain, lanpostua maila hauetako batekoa izan behar da:
– A taldea: 24. maila edo goragokoa.
– B taldea (artxibo, biblioteka eta museoetako laguntzaileen eskala): 22. maila edo goragokoa.
– B taldea (unibertsitate gestioaren eskala): 21. maila edo goragokoa.
– C taldea: 19. maila edo goragokoa.
– D taldea: 17. maila edo goragokoa.
– E taldea: 14. maila edo goragokoa.
1.2.– Lanpostuak berriak direnean, edo hutsik geratu direnean, edo aurreikusten denean hutsik geratuko direla titularrak borondatezko erretiroaren aurreko baimena hartuko duelako, aurreko paragrafoan zehaztutako mailetakoak izanik. Era berean, titulazio talde bati baino gehiagori irekitako lanpostuak direnean.
2.– Irizpide espezifikoa.
Nahi izanez gero, akordio honetan araututako prozedura erabili ahal izango da 3.1 atalean zehazten ez diren kasuetan, baina betiere, lanpostua gutxienez sei hilabetez hutsik egongo dela edo lanpostuko titularra gutxieneko aldi horretan egongo ez dela aurreikusten bada eta lanpostuak ardura berezikoak badira, 26. mailatik gorakoak izateagatik.
3.– Salbuespenak.
Salbuespen batzuetan ez da beharrezkoa izango akordio honetan araututako prozedura erabiltzea. Horretarako, beharrezkoa izango da interesa duen zerbitzuak proposamena egitea, eragindako pertsonak hura onartzea eta Pertsonaleko Gerenteordetzak baimena ematea. Kasu hauetan egin ahalko dira salbuespenok:
3.1.– Funtzionario bati aldi baterako beste lanpostu bat esleitzen zaionean, osasun arrazoiak direla eta. Halakoetan lanpostua aldi baterako betetzeko erabiliko da 2005eko maiatzaren 13ko Akordioan ezarritako prozedura.
3.2.– Zerbitzu betekizunak esleitu zaizkion pertsonak uko egiten dienean, prozesuan hurrengo puntuaziorik onena lortu duen izangaiari esleitu ahalko zaizkie zuzenean, baldin eta esleipen erabakia eman zenetik hiru hilabete baino gehiago igaro ez badira.
3.3.– Zerbitzu betekizunetan dagoen langileak lanpostua utzi badu lanpostua gordeta izateko eskubidea duen langilea edo lanpostuko titularra itzuli delako, edo izangaien artean zerbitzu betekizunak lortzeko eskubide handiagoa daukan norbaitek hartu duelako, eta hiru hilabete iragan gabe berriro ere lanpostua bete gabe geratzen denean. Kasu honetan, aukera egongo da zerbitzu betekizunak berriz esleitzeko lehen utzi behar izan zituen langileari.
Laugarrena.– Eremu subjektiboa.
1.– Lanpostuak zerbitzu betekizunetan aldi baterako betetzeko deialdietan parte hartu ahal izango dute honako baldintza hauek betetzen dituzten pertsonek:
a) UPV/EHUko karrerako funtzionarioa izatea eta jarduneko zerbitzuan, zerbitzu berezietan, edo bere ardurapeko seme-alabak zaintzeko eszedentzian egotea, edo beste administrazio publiko batean aritzeko eszedentzian egonik edo borondatezko eszedentzia hartuta egonik, lanera itzultzea eskatu izana (eszedentzian eman beharreko gutxieneko denbora behin igarota azken kasuan).
b) Multzo hauetako batekoa izatea, hurrenkera honetan:
b.1.– Iragarritako lanpostuaren talde eta eskala berekoa izatea, lanpostua bi talde edo eskalara irekita dagoenean izan ezik; kasu horretan bi talde eta eskaletako langileek parte hartu ahal izango dute.
b.2.– Talde berekoa baina eskala desberdinekoa izatea.
b.3.– Iragarritako lanpostuaren beheragoko hurrengo talde eta eskalakoa izatea.
Balizko parte hartzaileen zerrenda egitean langileak hiru multzo hauetan banatuko dira, eta horren arabera erabakiko da hurrenkera, 7. artikuluari jarraituz.
2.– Lanpostu bat zerbitzu betekizunetan hartzen dutenak ezin izango dira prozedura beraren bidez beste lanpostu batera joan harik eta gutxienez hamabi hilabete igaro arte lehen esleipena egiten zaienetik, salbuespenezko kasuetan izan ezik eta Plangintza Batzordeak hala onartuz gero. Denbora hori zenbatzen hasiko da erreklamaziorako edo uko egiteko epea amaitzen denetik hasita (7.1 artikuluan ezartzen dena, behin-behineko zerrendaren argitalpenaz aritzean).
3.– Izangaiek eskaerak aurkezteko epea amaitzen denerako bete beharko dituzte lanpostuen zerrendan lanpostu horretarako zehaztutako betekizunak, hala titulazioari, nola euskarari eta, hala dagokionean, beste hizkuntza batzuei dagokienez.
Bosgarrena.– Ekimena, publizitatea eta eskaerak.
1.– Kasuan kasuko lanpostua atxikita dagoen unitate edo zerbitzuko titularrak egingo du eskaera lanpostua zerbitzu betekizunetan ateratzeko.
Eskaera campuseko gerenteordeari igorri beharko zaio lanpostua campuseko ikastegi edo zerbitzu bati atxikita dagoenean; ordea, zerbitzu nagusietako lanpostua bada, Pertsonaleko gerenteordeari egin beharko zaio eskaera.
Dena dela, Gerentziak bere kabuz ekin ahal izango dio prozedurari, horretarako arrazoiak daudenean.
2.– Deialdiak UPV/EHUko gerentearen erabaki baten bidez argitaratuko dira eta UPV/EHUko intranetaren bidez iragarriko dira. Horrez gain, EHUtaulan ere iragarki bat jarriko da haien berri emateko.
3.– Deialdian honako hauek jasoko dira, nahitaez: lanpostuaren izena, lanpostuen zerrendan lanpostu hori betetzeko eskatzen diren baldintzak, lanpostuak titularrik duen ala ez, eta baiezko kasuan, titularrak lanpostua zergatik ez duen beteko.
4.– Deialdietan parte hartzeko eskaerak Pertsonaleko gerenteordeari zuzenduko zaizkio, eta eskaerak aurkezteko bost egun balioduneko epea egongo da, deialdia argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Parte hartzeko eskaerarekin batera, interesdunek merezimendu hauek egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte: beste administrazio publiko batzuetan emandako zerbitzuak, titulazio akademikoak eta Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak. Agiriok lehenago ere beste prozesuren baterako aurkeztuta izanez gero, aski izango da merezimendua alegatzea eta agiria zein prozesutarako aurkeztu zen zehaztea.
UPV/EHUko antzinatasunaren, graduaren eta unibertsitatean emandako zerbitzuen agiririk ez da aurkeztu beharko, unibertsitateak berak balioetsiko baititu ofizioz merezimenduok.
Iragarritako lanpostuak ezagutzako baldintza espezifikorik badauka, eskaerarekin batera baldintza hori betetzen dela egiaztatzeko agiria aurkeztu beharko da.
5.– Eskaerak behin jasota, AZPko Langileak Hautatu eta Lanpostuak Betetzeko Atalak argitara emango du onartutako eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda web orrian eta EHUtaulan, eta bi egun balioduneko epea zabalduko du erreklamazioak aurkezteko.
6.– Erreklamazioak aurkezteko epea amaituta eta erreklamazioak aztertu ondoren, onartuen behin betiko zerrenda argitaratuko da gerentearen erabaki baten bidez lehen aipatutako hedabideetan, eta, bazterturik balego, horren arrazoiak adieraziko dira bertan.
Seigarrena.– Merezimenduen baremazioa.
1.– Honako merezimendu hauek baloratuko dira:
1.1.– Antzinatasuna.
Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak, funtzionario legez zein lan kontratudun legez: 0,45 puntu urte bakoitzeko; gehienez, 15 puntu.
1.2.– Gradu pertsonala.
Parte hartzaileak bere kidego edo eskalan daukan gradu pertsonalagatik gehienez ere 7,5 emango dira, honen arabera:
a) Eskatutako lanpostuaren maila baino gradu pertsonal handiagoa izateagatik: 7,5 puntu.
b) Eskatutako lanpostuaren mailaren gradu pertsonal bera izateagatik: 5,5 puntu.
c) Eskatutako lanpostuarena baino maila bat gutxiagoko gradu pertsonala izateagatik: 3,5 puntu.
d) Eskatutako lanpostuarena baino bi maila gutxiagoko gradu pertsonala izateagatik: puntu 1.
e) Eskatutako lanpostuarena baino hiru maila gutxiagoko gradu pertsonala edo beheragokoa izateagatik: 0,5 puntu.
1.3.– Emandako zerbitzuak.
Emandako zerbitzuengatik 18 puntu lortuko dira gehienera, honen arabera:
1.– UPV/EHUn emandako zerbitzuak:
– Talde bereko lanposturen batean aritzeagatik bitarteko edo karrerako funtzionario legez: 0,1 puntu hilabeteko; gehien dela, 18 puntu.
– Talde bereko edo talde baliokideko lanposturen batean aritzeagatik lan kontratudun langile finko edo behin-behineko legez: 0,1 puntu hilabeteko; gehien dela, 10 puntu.
– Talde berekoa ez den beste lanposturen batean aritzeagatik bitarteko edo karrerako funtzionario legez nahiz lan kontratudun langile finko edo behin-behineko legez: 0,1 puntu hilabeteko; gehien dela, 5 puntu.
2.– Beste administrazio publikoetan emandako zerbitzuak: zerbitzu horiengatik, gehienez ere, 7 puntu lortuko dira, honen arabera:
– Talde bereko lanposturen batean aritzeagatik bitarteko edo karrerako funtzionario legez: 0,1 puntu hilabeteko; gehien dela, 7 puntu.
– Talde bereko edo talde baliokideko lanposturen batean aritzeagatik lan kontratudun langile finko edo behin-behineko legez: 0,1 puntu hilabeteko; gehien dela, 4 puntu.
– Talde berekoa ez den beste lanposturen batean aritzeagatik bitarteko edo karrerako funtzionario legez nahiz lan kontratudun langile finko edo behin-behineko legez: 0,1 puntu hilabeteko; gehien dela, 2 puntu.
1.3 atal honetan aipatzen diren zerbitzuen balorazioa egiteko kalkulatuko da aldi bakoitzean zenbat hilabete lan egin diren eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunera arte; hilabetetik beherako zatiak batu egingo dira, eta 30 egun naturaleko multzo bakoitza hilabetetzat joko da. Hala ere, azpiatal bakoitzeko zatiak baino ez dira batuko.
Honako hauek jarduneko zerbitzutzat joko dira: prestakuntza edo hobekuntza ikastaroak, euskara ikastaroak, norberaren kontuetarako baimena, lanerako ezintasun iragankorra eta pareko egoerak.
1.4.– Titulazio akademikoak.
Eskainitako lanpostuaren titulazio taldearen arabera, titulazio akademiko ofizialengatik gehienez ere 3 puntu lortu ahal izango dira. Ez da merezimendutzat hartuko norberaren jatorrizko talde eta eskalan sartzeko eduki behar den titulazioa.
Beraz, titulazio hauek baino ez dira aintzat hartuko:
– A, A/B eta B taldeak: a), b), c), d) eta e) ataletakoak.
– B/C, C, C/D eta D taldeak: c), d), f) eta g) ataletakoak.
– D/E eta E taldekoak: f), g) eta h) ataletakoak.
Titulazio talde desberdinetara irekita dauden lanpostuen kasuan, beheragoko taldeko izangaiari ez zaio merezimendutzat hartuko besteei jatorrizko taldera sartzeko eskatu zaien titulu ofiziala. Bai baloratuko dira titulaziook beheragoko taldeko langileak baino aurkezten ez badira.
Aurreko paragrafoan esandakoa gorabehera, ez dira baloratuko merezimendu moduan aurkeztutako tituluak lortzeko beharrezkoak diren beheragoko mailako beste titulu batzuk, beheko zerrendako b) eta e) ataletako tituluak izan ezik.
Merezimendu hau baremo honen arabera baloratuko da:
a) Doktore titulua: 2,5 puntu.
b) Unibertsitate, Ikastegi eta Tituluen Erregistroan (RUCT) erregistratutako unibertsitate masterra, edo ikasketa aurreratuen diploma, edo ikertzeko gaitasun titulua: 0,50 puntu tituluko.
c) Lizentziatu, graduatu, arkitekto edo ingeniari titulua, edo baliokidea: 2 puntu tituluko.
d) Diplomatu, arkitekto tekniko edo ingeniari teknikoaren titulua, edo baliokidea: 1,5 puntu tituluko.
e) Unibertsitate bateko graduondoko berezko titulua, gutxienez 450 ordukoa edo gutxieneko iraupen hori bermatzen duen kreditu kopurua duena: 0,25 tituluko.
f) Lanbide Heziketako goi mailako teknikari titulua edo LH II-ko titulua: puntu 1 tituluko.
g) Batxilergoko titulua (LOE edo LOGSE planekoa), Batxilergo Bateratu Balioaniztuneko titulua, Lanbide Heziketako teknikari titulua edo baliokidea: 0,75 puntu tituluko.
h) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua, Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua, eskola graduatua, Oinarrizko Batxilergoko titulua, edo baliokidea: 0,5 puntu tituluko.
Tituluak baliokidetzat hartuko dira baliokidetasuna arlo profesionaleko ondorioetarako denean, baliokidetasunei buruz unean-unean aplikatu beharreko araudiari jarraituz
1.5.– Hizkuntzak.
Atal honetan ingeleseko, frantseseko eta alemaneko tituluak/ziurtagiriak baloratuko dira, betiere, hizkuntza horiek ez badira ezinbestekoak lanpostua betetzeko.
Atal honetan gehienez ere 2 puntu lortu ahal izango da, baremo honi jarraituz (Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratua oinarri hartuta):
– B1 maila: 0,25 puntu.
– B2 maila: 0,5 puntu.
– C1 maila: puntu 1.
– C2 maila: 2 puntu.
1.6.– Elkarrizketa.
A taldeko lanpostuetarako, 26, 27 edo 28. lanpostu mailako osagarria dutenean, elkarrizketa egingo zaio izangaiari, eta hori deialdian jasota ageri beharko da. Elkarrizketaren helburua izango da izangaiak lanpostua betetzeko dituen gaitasunak baloratzea, betiere, lanpostuaren monografian jasotako gaitasunak oinarri hartuta, eta esleitu nahi diren eginkizunei buruzkoa izango da.
Proba honekin gehienez ere 5 puntu lortu ahal izango dira eta ez da baztergarria izango. Beraz, ez da nahitaezkoa izango izangai bakarra dagoenean edo lehen izangaiaren eta gainerakoen artean 5 puntutik gorako aldea dagoenean.
Elkarrizketa prozedura honi jarraituz egingo da:
– Epaimahaia.
Elkarrizketarako epaimahaia gerenteak izendatuko du.
Izendapenak egiterakoan epaimahaiko kideak egokiak eta kualifikatuak direla bermatuko da.
Epaimahaiak osakide hauek izango ditu:
– Epaimahaiburua: Pertsonaleko gerenteordea edo hark aukeratutako pertsona.
– Bi epaimahaikide: bata, zerbitzuaren eta lanpostuaren atxikipenaren araberako errektoreordea edo gerenteordea; bestea, Pertsonaleko gerenteordeak izendatutako pertsona bat. Azken hori idazkaria izango da, eta ahotsa eta botoa izango ditu.
Epaimahaiburuak eta Pertsonaleko gerenteordeak aukeratutako epaimahaikideak gaindituta izan beharko dute IVAPek antolatu edo homologatutako elkarrizketatzaile ikastaroa.
– Elkarrizketa egiteko deia.
Deialdiko oinarrietan jasota egongo da elkarrizketa egingo dela, eta horrez gain, honako hauek ere zehaztuko dira: epaimahaiko kideak, izen-abizenekin, eta zerbitzu betekizunak eskuratzen dituen pertsonak izango dituen eginkizunik garrantzitsuenak.
– Elkarrizketa.
Deialdia behin argitaratuta, epaimahaiburuak epaimahaia biltzeko deia egingo du. Epaimahaikideek, esleitzekoak diren eginkizunak aztertu ondoren, bilera egin eta elkarrizketaren nondik norakoak eta irizpideen baremazioa zehaztuko dituzte, bai eta elkarrizketa non, noiz eta zein ordutan egingo den ere.
Hori guztia adostu ondoren, izangaiei horren berri emango diete elkarrizketa baino gutxien dela 48 ordu lehenago.
Elkarrizketa grabatu ahal izango da, baldin eta elkarrizketatuak horretarako baimena ematen badu. Grabazioak Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko Legearen menpe egongo dira (15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa), eta deialdiaren epeak bukatutakoan, suntsitu egingo dira.
– Elkarrizketatzaileak.
Elkarrizketatzaileak A taldeko funtzionarioak izango dira, ahal dela Pertsonaleko Gerenteordetzakoak, eta deialdian bertan ageriko da jasota nortzuk izango diren. Zeregin horretan aritu ahal izateko, IVAPek antolatu edo homologatutako elkarrizketatzaile ikastaroa izan beharko dute gaindituta.
Elkarrizketatzaileek Pertsonaleko gerenteordearen menpekotasun funtzionalean jardungo dute, kontuan izan gabe zein zerbitzuri dauden atxikita.
– Elkarrizketatzaileen eginkizunak.
● Iragarritako lanpostua betetzeko behar diren ezagutza eta trebetasun garrantzitsuenei buruzko informazioa biltzea.
● Elkarrizketaren nondik norakoak eta ebaluazio irizpideak zehaztea.
● Elkarrizketa egin eta ebaluatzea.
● Aktan jasotzea elkarrizketaren nondik norakoak zehazteko erabili diren datuak eta elkarrizketaren emaitzak.
– Elkarrizketaren balorazioa.
Elkarrizketa eta bere balorazioa behin eginda, epaimahaiburuak puntuazioa gehituko dio prozesuko dokumentazioari.
Epaimahaiko kideen balorazioen artean % 30etik gorako aldea baldin badago, epaimahaiak berrikusi egin beharko ditu balorazioak.
1.7.– Euskara.
Hizkuntza eskakizunik ez duten lanpostuak eskatzen direnean, euskara merezimendutzat hartu eta irizpide hauen arabera baloratuko da:
a) Derrigorrezko elkarrizketarik gabeko lanpostuetarako
b) Derrigorrezko elkarrizketa duten lanpostuetarako.
2.– Merezimenduak alegatzeko eta egiaztatzeko baldintzak honako hauek dira:
Deialdian eskatutako baldintzak eta merezimenduak eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen bete beharko dira. Eskatzaileek alegatu eta egiaztatutako merezimenduak besterik ez dira baloratuko; salbuespena dira unibertsitateak berak, ofizioz, baloratuko dituen merezimenduak eta eskatzaileak alegatu bai baina egiaztatzen ez dituenak, egiaztagiriak unibertsitatearen esku daudela adierazi baldin badu.
1.3 atalean adierazitako zerbitzuak baloratzerakoan, eskaerak aurkezteko epea bukatu arteko aldia hartuko da kontuan.
Zazpigarrena.– Deialdiaren ebazpena eta langileen hautaketa.
1.– Merezimenduak baloratu ondoren, prozesuan parte hartu duten karrerako funtzionarioen zerrenda argitaratuko da, ordenatuta akordio honetako 4. artikuluan zehaztutako hurrenkeraren arabera eta, multzo bakoitzaren barruan, bakoitzak lortu duen puntuazio orokorraren arabera. Halaber, zerrendan adieraziko da pertsona bakoitzak baremazioaren atal bakoitzean lortutako puntuazioa. Puntuazio orokorrean berdinketarik egonez gero, kontuan hartuko da baremazioko atal bakoitzean lortutako puntuazioa, 6.1 artikuluan adierazitako hurrenkerari jarraituz.
AZPko Langileak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko atalak argitara emango du zerrenda eta bi egun balioduneko epea irekiko du erreklamazioak egiteko. Epe horretan, halaber, zerrendakoek uko egin ahal izango diote prozesuan parte hartzeari. Epea amaitzen denetik aurrera, uko egitearen inguruan 4.3 atalean adierazitakoa hasiko da aplikatzen.
Erreklamazioak behin ebatzita, esleipenaren erabakia argitaratuko da, behin betiko zerrendarekin.
2.– Hautatua izango da aurreko paragrafoaren arabera toki gorenean geratu den eta prozesuan parte hartzeari uko egin ez dion pertsona.
Apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuko 43.2 artikuluan adierazitakoari jarraituz, lanpostu batean aritzeko 4. hizkuntza eskakizuna derrigorrezkoa izan arren izangai batek ere ez badu egiaztatzen hizkuntza eskakizun hori, 3. hizkuntza eskakizuna egiaztatuta duten izangaiek bete ahal izango dute lanpostua.
Akordio honetan zehaztutako prozedura amaitu ondoren lanpostua ezin izango balitz bete zerbitzu betekizunetan, kasuan kasuko lan poltsara joko da.
Sindikatuei hamabost eguneko gehienezko epean eman beharko zaie esleipenaren berri.
Hautatutako langilea lanpostu berrira joan beharko da horretarako ezartzen den epean, eta gehienez ere esleipenaren erabakia argitaratzen denetik hilabetera, epe hori luzatzeko arrazoi objektiborik egon ezean. Esleipena eskuratu duen pertsona lanean hasten ez bada zerbitzu betekizun horietan, administrazioak puntuazio handiena duen hurrengo pertsona hautatu ahal izango du.
Zortzigarrena.– Premia larriko arrazoiengatik eta zerbitzuko beharrengatik eginkizunak aldi baterako betetzeko zerbitzu betekizunak.
Honelako zerbitzu betekizunak honako atal hauen arabera esleituko dira, eta salbuespen gisa:
1.– Zerbitzu betekizunok eskuratu ahal izateko, karrerako funtzionarioak bete beharko ditu lanpostu horrek LZn dituen talde, eskala eta titulazio ezaugarriak eta euskararen eta atzerriko hizkuntzen eskakizunak.
2.– Funtzionarioa formalki atxikita egon beharko da lanpostuaren unitate administratiboari, edo, bestela, esperientzia izan beharko du antzeko zereginetan, eta gai izan beharko da, bere lanpostuan bilduko esperientzia hori dela eta, eskaintzen den lanpostuko zereginak betetzeko.
3.– Unitate administratibo horretan pertsona bat baino gehiago badago interesa dutenak eta baldintzak betetzen dituztenak, esperientzia handiena egiaztatzen duenari esleituko zaio lanpostua.
4.– Pertsona bati zerbitzu betekizunetan esleitzen bazaizkio une jakin batean lan handiagoa egoteagatik edo egoeraren araberako beste arrazoi batzuengatik lanpostuei atxikitako langileek behar bezala bete ezin dituzten eginkizunak, aldi batez baino ezin izango ditu bete zeregin horiek bere lanpostuko eginkizunekin batera.
5.– Kasuan kasuko unitate administratiboak ekingo dio prozedurari, eskari batean arrazoituz neurri horren beharra eta proposatutako pertsonaren egokitasuna, eta Gerentziak onespena eman beharko dio.
6.– Zerbitzu betekizunok gehienez ere sei hilabetez beteko dira, eta behin bakarrik luzatu ahal izango dira, beste sei hilabetez, Plangintza Batzordeak aurretik onespena emanez gero.
Bederatzigarrena.– Zerbitzu betekizunen iraupena.
Iraupenari dagokionez, zerbitzu betekizunak egongo dira UPV/EHUko Funtzionarioen Lan Baldintzak Arautzeko Hitzarmenaren menpe, esleipena egiten denean indarrean dagoen idazkeraren arabera..
Zerbitzu betekizunak honako zio hauetako batengatik bukatuko dira:
1.– Lanpostuko titularra itzuli edo berriro lanera bueltatu delako.
2.– Lanpostua behin betiko bete delako.
3.– Funtzionarioak uko egin dielako zerbitzu betekizunei, nahitaezko zerbitzu betekizunetan izan ezik.
4.– Zerbitzu betekizunetarako zehaztutako aldia iragan delako.
5.– Zerbitzu betekizunak bertan behera geratu direlako, egoera hori beren-beregi adierazita.
6.– Zerbitzu betekizunak eragin dituen premiazko arrazoia edo egoera desagertu delako.
Hamargarrena.– Zerbitzu betekizunen baldintzak.
1.– Zerbitzu betekizunek ondorio ekonomiko eta administratiboak izango dituzte aukeratutako pertsona lanpostuan lanean hasten den egunetik aurrera.
2.– Lanpostu bat zerbitzu betekizunetan aldi baterako betetzeagatik jasoko diren ordainsariak honako hauek izango dira:
– Lanpostu hutsak aldi batez betetzeko edo lanpostua betetzen dagoen langilea aldi batez ordezkatzeko zerbitzu betekizunak. Lanpostu bat honelako zerbitzu betekizunetan betetzen duen pertsonak lanpostuari dagozkion ordainsariak jasoko ditu.
– Premia larriko arrazoiengatik eta zerbitzuko beharrengatik sortutako zerbitzu betekizunak. Bi kasu bereizi behar dira:
a) Zerbitzu betekizunetan egin behar diren lanak ez badagozkio espezifikoki inongo lanposturi, gerenteak zehaztuko ditu, modu arrazoituan, funtzionarioak jasoko dituen ordainsariak, eta bat etorriko beharko dira antzeko eginkizunak dauzkaten UPV/EHUko lanpostuen ordainketa mailarekin, unibertsitateko lanpostuen zerrendan ageri diren bezala.
b) Zerbitzu betekizunak baldin badira une jakin batean lan handiagoa egoteagatik edo egoeraren araberako beste arrazoi batzuengatik lanpostuei atxikitako langileek behar bezala bete ezin dituzten eginkizunak betetzeko, funtzionarioak, bere lanpostuko ordainsariez gain, osagarri bat jasoko du, bi lanpostuetako ordainsarien artean dagoen aldearen parekoa. Bi lanpostuek ordainsari bera badute, funtzionarioak maila horretatik hurrengo mailara dagoen aldearen pareko osagarria jasoko du.
– Nahitaezko zerbitzu betekizunak. Zerbitzu betekizun hauen ordainsariak aurreko ataletan zehaztu den moduan arautuko dira.
Hamaikagarrena.– Uko egitea.
Zerbitzu betekizunak hartzen dituen pertsonak edozein unetan egin ahal izango die uko, nahitaezko zerbitzu betekizunak direnean izan ezik.
Hala ere, uko egiteak eragina izan baino gutxienez 10 egun lehenago aurkeztu beharko dute horretarako eskaera. Hamar egun horiek betetzean beren jatorrizko lanpostura itzuliko dira.
Uko egitea gerentearen erabaki baten bidez berretsi beharko da.
Hamabigarrena.– Zerbitzu betekizunak bertan behera uztea.
1.– Zerbitzu betekizunak edozein unetan utz daitezke bertan behera, lanpostua atxikita duen administrazio unitateak berariaz horretarako eskaera arrazoitua eginda.
2.– Zerbitzu betekizunak bertan behera uzteko eskaeran jasota ageri beharko dira horretarako arrazoiak, hartara langileak aukera izan dezan eskaera horren kontra egiteko.
Lanpostu bat zerbitzu betekizunetan ateratzeko arrazoia izan bada premiazko eta aldi baterako eginkizunei aurre egitea, egoera hori desagertu egin dela adierazi ahal izango da zerbitzu betekizunak bertan behera uzteko eskaeran, baina horrelakoetan, ezin izango da berriro deialdirik egin lanpostu bera betetzeko.
3.– Zerbitzu betekizunak bertan behera uzteko eskaera hartzen denean, horren berri emango zaio langileari eta hamar eguneko epea emango zaio alegazioak egiteko. Ondoren, gerenteak emango du horri buruzko erabakia.
4.– Sindikatuei bertan behera uzten diren zerbitzu betekizunen berri eman beharko zaie hamabost eguneko gehienezko epean.
Hamahirugarrena.– Lekualdaketa lehiaketa.
Plangintza Batzordearekin adostu eta gero, Administrazioak lanpostu hutserako lekualdaketa lehiaketarako deialdia egingo du urtero, urte bakoitzeko lehen hiruhilekoan.
Hamalaugarrena.– Akordio honen indarraldia eta aurreko akordioaren indargabetzea.
Akordio hau 2018ko ekainaren 1ean sartuko da indarrean.
Akordio honek indargabetzen du 2014ko uztailaren 10eko Akordioa, AZP Funtzionarioari Zerbitzuen Betekizunak Esleitzeko Prozedura Haztatua Ezartzekoa.
Hamabosgarrena.– Akordioa berrestea eta argitaratzea.
Akordio hau UPV/EHUko Gobernu Kontseiluari aurkeztuko zaio, berrets dezan. Behin testu osoa berretsita, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Leioa, 2017ko uztailaren 18a.