EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-05-18 Aldizkari honetan argitaratua: 2018095

ERABAKIA, 2018ko apirilaren 26koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluarena, zeinaren bidez onartzen baitira tokiko korporazioei laguntzak emateko 2018. urteko deialdia eta oinarri-arauak.

Xedapenaren data: 2018-04-26
Hurrenkenaren zenbakia: 201802646
Maila: Akordioa
Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legean jasotako xedapenen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak titularitate publikoko baliabide-dotazioa izan behar du, osasun arloko beharrizanei egokitua, eta baliabide horiek zentzuz eta eraz erabiltzea, horixe izango da planifikatzerakoan aintzat hartuko den irizpidea. Horrela izan dadin bermatuko da.
Jakina denez, osasun arloan zerbitzu egokiak emateko, beharrezkoa da leku eta ekipamendu egokiak erabilgarri izatea, eta baldintza horri lotuta dago estu-estuan zerbitzuaren kalitatea. Egiaztatu denez, askotan, lokalak eta ekipamenduak ez zaizkie ondo egokitzen gaur egungo beharrizanei, eta, beraz, hobetu beharrekoak hobetu daitezen, laguntza-programa egin da, eta laguntzak emateko modua arautu.
Ildo horretatik, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak bere gain hartu du osasun-zerbitzuak hobetzeko sustapen-lan hori, herritarrek osasun-arloan dituzten beharrizanei osasun-zerbitzu egokiekin erantzun nahian, eta helburu horrekin egiten du tokiko korporazioei laguntzak emateko deialdi hau.
Hala, kontuan hartuta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta hura garatzen duen araudian (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua) xedatutakoa eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) VI. tituluan jasotako aurreikuspenak, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan laguntzei eta diru-laguntzei buruz ezarritako araudia, bai eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuaren bidez onartutako Ente Publikoaren Estatutuek ematen dituzten eskumenak, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoko Administrazio Kontseiluak honako hau erabaki du:
ERABAKIA
Lehenengoa.– Tokiko korporazioei 2018. urtean diru-laguntzak emateko deialdia eta oinarri-arauak onartzea, I. eranskinean ezarritakoaren arabera.
Bigarrena.– Ebazpen hau EHAAn argitaratzeko agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko apirilaren 26a.
Administrazio Kontseiluko lehendakaria,
JON DARPÓN SIERRA.
I. ERANSKINA
1.– Xedea.
Deialdi honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko korporazioei laguntzak esleitzerakoan nola jokatu zehaztuko duten oinarri arauemaileak ezartzea. Laguntza horiek helburu izango dute tokiko korporazioen mendeko osasun-zentroak eta mediku-kontsultategiak handitzeko, eraberritzeko edo konpontzeko lanak egitea, oin berriko obrak egitea, haiei buruzko proiektuak idaztea, eta beharrezko diren altzariak eskuratzea.
2.– Finantziazioa.
Deialdi honetako laguntzak finantzatzeko, honako kontabilitate-kontu hau erabiliko da: «Beste batzuei emandako kapital-laguntzak»; 65310000 zenbakia.
Programaren diru-zenbatekoa 500.000,00 euro izango da, guztira.
3.– Onuradunak.
Laguntza hauen onuradun izango dira funts publikoen hartzaileak, Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko korporazio diren aldetik, baldin eta osasun-zentroetan edo mediku-kontsultategietan altzariak erosi, edo obrak edo proiektuak egiten hasten badira 2018an (edo lehenago hasitakoekin jarraitzen badute).
Laguntza-eskaera egin duenak, baldintza hori betetzen duela egiaztatzeko, aurkeztu beharreko dokumentazio guztia aurkeztu beharko du eskabideak egiteko dagoen epean.
4.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
4.1.– Diru-laguntzak honako gastu hauek ordaintzen lagunduko du:
– Proiektuak idaztea.
– Oin berriko obrak.
– Handitze-lanak.
– Eraberritze-lanak.
– Osasun-zentroa konpontzeko lanak.
– Altzariak erostea.
Proiektu eta obra horien xede, betiere, diru-laguntza jaso duen tokiko korporazioak titular modura jabetzan dituen orubeak, eraikinak eta lokalak izango dira.
Halaber, proiektu eta obra horiek legez ezarritako prozeduren bitartez gauzatuko dira.
Legezkotasun hori kontrolatzeko, laguntzaren onuradunak nahitaez bete beharko du eranskin honetako 9.2.f apartatuan adierazten den betebeharra.
Nolanahi ere, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak ez du bermatuko administrazio-kontratazioaren alorrean indarrean dagoen legeria betetzen dela; aitzitik, burutuko duen kontrola bakarra izango da diru-laguntza eman behar den edo ukatu behar den erabakitzea.
4.2.– Hala dagokionean, egin beharreko inbertsio osoa ere estal lezake diru-laguntzaren zenbatekoak.
5.– Eskabideak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.
5.1.– Eskabidea eta dokumentazioa aurkezteko epea hilabetekoa izango da, erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.
5.2.– Eskabideak Osakidetza–Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari zuzendu behar zaizkio (Araba kalea 45, 01006 posta-kodea, Vitoria-Gasteiz). Horretarako prestatutako erregistroetan aurkeztuko dira, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluaren aurreikuspenei jarraikiz.
5.3.– Eskabidea egiteko dokumentuan, jasota egongo dira 1.1 eranskinean agertzen diren datu guztiak, eta horri erantsita aurkeztuko dira 1.2 eranskinean eskatutako agiriak.
5.4.– Eskabidea jasotakoan akatsen bat edo okerren bat dagoela ikusten bada, horren berri emango zaio eskatzaileari, eta hamar eguneko epea emango zaio dena delako akatsa edo okerra zuzen dezan. Epe hori amaituta okerra edo akatsa zuzendu ez badu, eskabidea artxibatu egingo da, bestelako izapiderik egin gabe.
6.– Aurkeztutako eskabideak eta dokumentazioa balioestea.
6.1.– Eskabideak balioesteko, batzorde bat izendatuko da, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiak horretarako emandako ebazpen baten bidez. Ebazpena EHAAn argitaratuko da.
6.2.– Eskabideak balioesteko, honako irizpide hauek erabiliko dira:
a) Begiratu behar da ea zenbateraino laguntzen den edo arintzen den Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-arloan lehen mailako arreta ezartzeko prozesua; horretarako, kontuan hartu behar da ea zer-nolako lehentasunak dauden lehen mailako arreta eskaintzeko ekipoak martxan jartzeko orduan.
b) Begiratu behar da ea arrazoizko bestelako aukerarik ba ote dagoen eskatu den hobekuntza hori finantzatzeko.
c) Aintzat hartuko da tokian-tokian nolako ezaugarriak dauden, esaterako: kontuan izan behar da konpondu edo eraberritu beharreko eraikina salbuetsia den edo eraikinak zor historiko-artistikorik ba ote duen.
d) Lehentasuna emango zaie zentroen kanpoaldean eta barrualdean dauden arkitektura-oztopoak kentzeko obrei eta horietarako sarbidea egokitzeko obrei.
6.3.– Ebazpen honetan azaldutako baldintza guztiak betetzeak ez du esan nahi besterik gabe laguntza jasotzeko eskubidea lortu denik.
6.4.– Bateraezinak izango dira laguntza hau jasotzea eta xede eta kontzeptu berbera duen beste edozein eratako laguntzarik jasotzea, baldin eta gainfinantzaketa gertatzen bada.
Kofinantzaketarik izanez gero, helburu bererako hartutako laguntza guztien zenbateko osoa handiagoa denean kostu osoa bera baino, erabaki honen arabera emandako laguntzaren zenbatekoa ere murriztu egingo da: kostutik gora zenbat, horrenbeste.
6.5.– Batzordearen balioespenean hauek adierazi beharko dira:
a) Onuradunen zerrenda eta diruz lagundutako kontzeptuak.
b) Diru-laguntzak zenbatekoak diren guztira, diruz lagundutako kontzeptuetako bakoitzari zenbat dagokion ondo zehaztuta.
7.– Ebazpena.
7.1.– Balioespena aztertuta, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiak –Administrazio Kontseiluak eskuordetuta– laguntzak esleitzeko ebazpena emango du Balioespen Batzordearen proposamenean oinarrituta; ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Aldi berean, laguntza-esleipenean onuradun izan den tokiko korporazioari onarpen-agiria bidaliko zaio, eta agiri hori behar bezala beteta itzuli behar da hamabost eguneko epean, agiria jasotzen denetik hasita.
Onarpen-agiria epe horretan itzultzen ez bada, diru-laguntzari uko egin zaiola ulertuko da, eta, orduan, laguntza jasotzeko eskubidea ere galduko da, erabaki honen 7.2 puntuan ezarritakoari jarraituz.
7.2.– Balioespenean kontuan hartutako baldintzaren bat gerora aldatzen bada, emandako ebazpena ere aldatu ahal izango da.
Zehatzago esanda, esleitutako laguntzari uko egiten bazaio edo baldintzak ez betetzeagatik jasotako dirua itzularazi egin behar bada, eskabidea aurkeztu duten gainerakoen artean esleituko da berriz bueltan jasotako kopuru hori, betiere, hasieratik aintzat hartutako irizpide berberak oinarri hartuta.
Era berean, xede bererako beste laguntzaren bat ere lortuz gero, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiak dagokion kitapen-ebazpena emango du esleitutako laguntzen kopuruak berriz doitu eta egokitzeko; egoera horretan, aldez aurretik ordainketarik egin bada, onuradunak itzuli egin beharko du zegokionetik gora jasotako kopurua.
7.3.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenaren aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik aurrera.
7.4.– Administrazio Kontseiluak erabaki hau hartu eta 6 hilabeteko epean esanbidezko ebazpenik ematen ez bada, ebatzi gabeko eskaerak ezetsi egin direla ulertu beharko da, halaxe ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, ezertan eragotzi gabe lege horrek Administrazioari agintzen dion esanbidezko ebatzi beharra.
8.– Esleitutako diru-laguntzak ordaintzea.
Esleitutako diru-laguntza transferentzia bidez ordainduko da, onuradunak laguntza onartu duela jakinarazi ondoren. Ordainketa egin ahal izateko, onuradunak aurrez erakutsi beharko du laguntzaren helburua bete duela. Horretarako, egindako obra justifikatzeko, kasuan-kasuan onartutako proposamenaren arabera, zenbait agiri aurkeztu beharko ditu: proiektua idazteagatiko ordainsariak, obra-ziurtapenak (arkitekto-zuzendariak balioetsi eta sinatutakoak), edo altzariak eskuratu direla egiaztatzen duten fakturak, bai eta ordainketa onartzen duen udalbatzaren edo gobernu-batzordearen erabakia edo alkatetzaren dekretua ere.
Ordainketa egiteko beharrezkoak diren agiriak aurkezteko azken eguna 2019ko abenduaren 31 da. Salbuespen modura, ordainketa egiteko epea atzeratu liteke, baldin eta onuradunak, gehienez ere epea bukatu baino bi hilabete lehenago, horretarako eskaera egiten badu, betiere behar bezala arrazoituta eta nahikoa arrazoi emanda.
Lehenago esandakoa horrela izanda ere, konturako ordainketak egin ahalko dira, laguntza dela eta hala egitea justifikatzen denean. Konturako ordainketa horiek zatikako ordainketak izan ahalko dira, eta, beraz, diruz lagundutako ekintzak burutu ahala ordainduko dira: aurkeztutako justifikazioa zenbatekoa den, ordainduko den laguntza-zatia ere horrenbestekoa.
Salbuespen modura, aurreratutako ordainketak ere egin litezke; alegia, inoiz funtsak eman litezke aurrez justifikatu gabe, baldin eta finantziazio hori diruz lagundutako jardun horiek burutu ahal izateko beharrezkoa bada.
9.– Onuradunen obligazioak.
9.1.– Ebazpen honetan araututako diru-laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:
a) Diru-laguntza ematea zilegi egiten duen egoeran egon behar dute.
b) Onuradunak egiaztatu behar du, diru-laguntza emango duen erakundearen aurrean, laguntza jasotzeko eta baliatzeko ezarritako betebehar eta baldintza guztiak betetzen dituela, bai eta egin beharreko jarduna egin duela ere.
c) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari euren eginkizunetan dihardutela eskatzen duten informazioa ematea deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzei buruz.
d) Onuradunak laguntza eman dion erakundeari jakinarazi behar dio ea beste administrazio edo ente publiko zein pribatu batetik bestelako laguntzarik, diru-sarrerarik edo baliabiderik jaso duen xede berbererako.
e) Diru-laguntza emateko orduan kontuan hartu den edozein gorabehera objektibo nahiz subjektiboren aldaketak jakinaraztea. Berariaz eskatzen da osasun-zentroaren kalifikazioa ez aldatzea.
9.2.– Onuradunak, zehazki, honako konpromiso hauek hartuko ditu:
a) Esleitu zaion diru-laguntza onartzea, deialdi honetako 7.1 puntuan ezarritakoari jarraituz.
b) Diru-laguntza eman den xederako erabiltzea.
c) Proiektuak idazterakoan eta obrak egiterakoan, Eusko Jaurlaritzaren urriaren 11ko 396/1994 Dekretuan ezarritakoa bete beharko da (1994ko urriaren 28ko EHAA, 206. zk.), Dekretu hori osasun-arloko zentro, zerbitzu eta establezimenduak irekitzeko, jardunean jartzeko eta aldatzeko baimenei buruzkoa da.
d) Osasun Sailarekin eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuarekin lankidetzan jardun behar du onuradunak, haiek hasitako jarduera-programetan laguntzen.
e) Osasun Sailak ezartzen dituen ikuskapenak eta kontrolak onartu behar ditu.
f) Era berean, diru-laguntzaren arauak eta baldintzak benetan betetzen direla egiaztatzeko Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren iritziz beharrezko diren gainbegiratze, ikuskapen eta egiaztapen guztiak ere onartu behar ditu.
g) Baldin eta Erosketen, Obren eta Zerbitzu Estrategikoen Zuzendariordetzak, txosten tekniko baten bidez, beste agiri osagarri batzuk edo aldaketa batzuk eskatzen baditu, 15 egun naturaleko epean erantzun beharko zaio.
10.– Laguntza itzultzea edo baliogabetzea.
10.1.– Ondoren adieraziko diren egoeretako bat gertatuz gero, onuradunak ezin izango du eskatu laguntza ordain diezaioten, eta, gainera, hala dagokionean, jaso duen diru-kopurua ere itzuli beharko du, dirua jaso zuenetik sortutako interes eta guzti:
a) Egiaztagiriekin justifikatu behar duena justifikatzen ez badu.
b) Onuradunak laguntza jasotzen badu, horretarako bete beharreko baldintzak bete gabe.
c) Emandako helbururako ez beste zerbaiterako erabiltzen badu laguntza.
d) Laguntza jaso duela-eta ezarri zaizkion betekizunak betetzen ez baditu.
e) Onuradunak ezarri zaizkion kontrol-jardunei ezezkoa ematea edo traba egiten badu.
f) Laguntza hauekin batera beste batzuk ere jasotzea eta gainfinantzaketa gertatzea.
10.2.– Balorazioan kontuan hartutako baldintzak aldatzeagatik baliogabetu ahalko da laguntza, osorik edo zati bat, 7.2 puntuarekin bat etorriz.
Bereziki, baliogabetuta geratuko da laguntza, baldin eta 9.1.d, 9.1.e, 9.2.b, 9.2.g eta 10.1 apartatuetan jasotakoa bete gabe uzten bada edo faltsutzen bada.
10.3.– Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4.2 eta 3. artikuluetan ezarritakoaren arabera eta dekretu horren 5. artikuluko prozedurari jarraikiz finkatuko da halako kasuetarako organo eskuduna.
11.– Araubide juridikoa.
Oinarri hauetan aurreikusi ez diren prozedura-alderdi guztietan honako hauek aplikatuko dira: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, diru-laguntzei buruzkoa; eta hura garatzen duen araudia, hots, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.
1.1 ERANSKINA
(ESKABIDE-EREDUA)
(Honako datu hauek jaso behar dira hemen):
Tokiko korporazioa:
Kontsultategia edo osasun-zentroa: (herria).
Osasun-zentroaren edo zentro medikoaren helbidea:
Harremanetarako telefonoa eta faxa:
Helbide elektronikoa:
Erakunde sanitarioa:
Deialdia:
Laguntza eskatzeko arrazoia:
(Proiektua idaztea, oin berriko obrak egitea, osasun-zentroa handitzea, eraberritzea edo konpontzea).
Inbertsioaren zenbateko osoa:
Lanak hartuko duen azalera:
Goian adierazitako Udalbatzak, deialdiari jarraituz:
HAU ESKATZEN DU:
Gorago adierazitako inbertsioak ekarri dituen gastuei aurre egitearren, euroko diru-zenbatekoa eman diezaiotela; honako dokumentazio hau ere aurkeztu da eskaerari erantsita:
(Zehaztu zer dokumentazio aurkezten den, deialdi honen 1.2 eranskinean eskatutakoari jarraituz).
(data)
(alkatearen sinadura)
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUKO ZUZENDARI NAGUSIA.
1.2 ERANSKINA.
(Aurkeztu beharreko dokumentazioa):
Kontsultategi berri bat eraikitzeko proiektua idatzi behar denean, honako hauek aurkeztu behar dira:
Diru-laguntza jasotzeko:
– Kokapen-planoa, eraikina non egingo den zehaztuta.
– Plan Funtzionala, dagokion eskualde sanitarioak egina.
– Aurreproiektua edo oinarrizko proiektua, halakorik dagoenean.
Ordainketa justifikatzeko:
– Proiektua, dokumentazio grafikoan eta informatizatuan.
Osasun-zentro edo zentro mediko berri bat eraiki edo gaitzeko, edo oin berriko obrak egiteko, hauek aurkeztu behar dira:
– Aurreproiektua edo egikaritze-proiektua, onartua izan dadin, eta
– Plan Funtzionala, dagokion eskualde sanitarioak egina.
Egungo osasun-zentroa edo zentro medikoa handitzeko edo eraberritzeko denean, berriz, honako hauek aurkeztu behar dira:
– Egungo egoeraren planoa.
– Eraberritzeko proposamen-planoa.
– Urbanizazioaren edo sarbidearen planoak eta argazkiak, zentrora kanpotik sartzeko irisgarritasuna aztertu ahal izateko.
(Kasu batean zein bestean irisgarritasun-arauak eta arkitektura-oztopoak kentzeko arauak bete beharko dira).
Osasun-zentroa mantentzeko konponketa-lanak egin nahi direnean, honako hauek erantsi:
– Egungo egoeraren planoa.
– Urbanizazioaren edo sarbidearen planoak eta argazkiak, zentrora kanpotik sartzeko irisgarritasuna aztertu ahal izateko.
Laguntza altzariak erosteko eskatzen denean, hauek erantsi behar dira:
– Kontsultategiaren/osasun zentroaren planoa.
– Erosi nahi diren altzarien aurrekontua, zehaztua.
Kasu guztietan, honako agiri hauek aurkeztu behar dira:
5.3.a.– Azalpen-memoria, laguntza zer helburutarako erabiliko den zehazteko.
5.3.b.– Aurrekontu xehatua.
(Egikaritze-proiektua aurkezten denean, bertan agertu behar da a) eta b) apartatuetan eskatutako dokumentazioa).
5.3.c.– Udalerriak osasun-arloan dituen baliabideei buruzko txostena (langile sanitarioak).
5.3.d.– Agiri batean adierazi behar da ea inbertsio osoa eskatzen den, edo Udalak ere diru-kopururen bat jarriko duen.
5.3.e.– Ziurtagiri batean azaldu behar da ea beste erakunderen bati laguntzarik eskatu ote zaion.
Aurrerago xede bererako beste laguntzarik eskuratuz gero, nahitaezkoa da horren berri ematea.
Tokiko korporazioa orube, eraikin edo lokalaren jabea dela egiaztatzen duen agiria, behar bezala konpultsatua (agirian jabetza osasun-kontsultategi gisa jasota ez badago, ziurtagiri bat aurkeztuko da, ematen diren agiriak horri buruzkoak direla adierazten duena).
Teknikari eskumendunak sinatu beharko ditu agiri tekniko guztiak.