EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-05-18 Aldizkari honetan argitaratua: 2018095

AGINDUA, 2018ko maiatzaren 4koa, Lan eta Justiziako sailburuarena. Honen bidez, berariazko lehiaketaren deialdia egiten da, hizkuntzaren arabera berezitutako lanpostuak betetzeko kidego hauetan: Kudeaketa Prozesal eta Administratiboa, Izapidetze Prozesal eta Administratiboa eta Laguntza Judiziala. Donostiako Bulego Judizialean beste bulego judizial bat ezartzeko egin da lehiaketa.

Organo emailea: LAN ETA JUSTIZIA SAILA
Xedapenaren data: 2018-05-04
Hurrenkenaren zenbakia: 201802637
Maila: Agindua
Sekzioa: AGINTARIAK ETA LANGILERIA (Oposaketak eta lehiaketak)

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2018/03/21ean argitaratutako 2018/02/26ko AGINDUA [201801512]
  • Ikus 2018/03/21ean argitaratutako 2018/02/27ko 201800029 DEKRETUA

Barruti judizial hauetan bulego judiziala hedatzeko faseak egin dira: Amurrio, Azpeitia, Balmaseda, Bergara, Durango, Eibar, Gernika-Lumo, Getxo, Irun eta Tolosa, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Gobernu Idazkaritza, Euskal Autonomia Erkidegoko Bulego Fiskala, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutua, Vitoria-Gasteiz eta Barakaldo. Horiek egin ostean, orain, Donostian egingo da bulego judizialaren hedapena. Hori dela-eta, 2018ko martxoaren 21eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (57. zk.), Lan eta Justiziako sailburuaren 2018ko otsailaren 26ko Agindua argitaratu da, zeinaren bidez sortzen baitira Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko eta Donostiako Bulego Judizialeko Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorra eta Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesala. Bestalde, otsailaren 27ko 29/2018 Dekretuaren bidez, Donostiako Bulego Judizialari eta Gipuzkoako Probintzia Auzitegiari dagozkien Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko lanpostu-zerrendak onartu ziren.
Azaroaren 3ko 1/2009 Legearen bigarren artikuluan ezarritakoa betez (1/2009 Legea, azaroaren 3koa, bulego judizial berria ezartzeko legeria prozesala erreformatzen duen legearen osagarria, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzen duena, uztailaren 21eko 7/2015 Lege Organikoak aldatua), bidezkoa da behin betiko destinoa duten funtzionarioak egokitzea 1/2009 Lege Organikoan adierazitako faseen bitartez, zeinen artean baitago euskara dela-eta bereziturik dauden lanpostuen berariazko lehiaketaren fasea (hizkuntza-eskakizunaren derrigortasun-data igarota duten lanpostuak: 2015eko urtarrila).
Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) artikuluan, euskal herritarrei aitortzen zaie Administrazioarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako edozein erakunde edo entitaterekin harremanak hitzez eta/edo idatziz euskaraz edo gaztelaniaz izateko eskubidea.
Halaber, haren 6.1 artikuluaren arabera, herritar guztiei aitortzen zaie, Autonomia Erkidegoaren lurraldean, herri-administrazioarekiko harremanetan euskara zein gaztelania erabiltzeko eskubidea, eta beren aukerako hizkuntza ofizialean hartuak izatekoa. Era berean, agindu honetan ezarritakoaren ondorioz funtzionarioek herri-administrazioarekin dituzten harremanetan, bermatu egingo da euskara eta gaztelania erabiltzeko eskubidea, ahoz zein idatziz, bai eta hizkuntza berean hartuak izateko eskubidea ere.
Honako hauetan ezarritakoaren arabera: azaroaren 3ko 1/2009 Lege Organikoaren bigarren artikulua (1/2009 Lege Organikoa, azaroaren 3koa, bulego judizial berria ezartzeko legeria prozesala erreformatzen duen legearen osagarria, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzen duena, zeinaren bidez laugarren xedapen iragankorra aldatzen baita); Justizia Administrazioko Funtzionarioen Sarbiderako, Lanpostu Hornikuntzarako eta Lanbide Sustapenerako Arautegia onartu zuen abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 49. artikulua eta hurrengoak, zeina ekainaren 4ko 748/2010 Errege Dekretuak aldatu baitzuen; eta Lan eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 84/2017 Dekretuak ematen dizkidan eskumenak baliatuz, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Deialdi honen xedea da hizkuntza dela-eta bereziturik dauden lanpostuak betetzea, berariazko lehiaketa baten bidez, Donostiako Bulego Judizialean bulego judizial berria ezartzearen ondorioz, kidego hauetan: Kudeaketa Prozesal eta Administratiboa, Izapidetze Prozesal eta Administratiboa eta Laguntza Judiziala. Lanpostu horiek I. eranskinean daude jasota, hizkuntza dela-eta bereziturik dauden lanpostuen zerrendan.
2. artikulua.– Betekizunak.
1.– Betekizun orokorrak:
a) Azaroaren 3ko 1/2009 Legearen bigarren artikuluan xedatutakoaren arabera, egokitze-prozesua denez, lehiaketa honetan parte hartu ahal izango dute, esklusiboki eta behin bakarrik, destinoa lanpostu horiek beteko diren udalerrian duten Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko, Izapidetze Prozesal eta Administratiboko eta Laguntza Judizialeko kidegoetako karrerako funtzionarioek, jarduneko zerbitzuan badaude edo lanpostua gordeta badute, betiere eskatutako baldintza orokorrak eta deialdi honetan zehaztutako berariazko betekizunak betetzen badituzte parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, eta lehiaketaren behin betiko ebazpena eman arte mantentzen badituzte.
b) Egokitze-prozesua denez, honako hauek ezin izango dute lehiaketa honetan parte hartu: eszedentzia-egoeran dauden funtzionarioek, lanpostua gordetzeko eskubiderik gabe; lan-etenaldi irmoan daudenek, etenaldi horrek dirauen artean; eta nahitaezko lekualdatze bidez zehatutakoek, zehapena ezarri zaien herri berean bada destinoa, betiere urtebete edo hiru urte igaro arte, falta astuna edo oso astuna bada, hurrenez hurren.
c) Berariazko lehiaketa honetan parte hartzeko gutxieneko denbora arautzeko, 1451/2005 Errege Dekretuaren 49.7 artikuluan xedatutakoarekin bat, ez da aplikatuko dekretu horren 46.1 artikuluan ezarritako muga.
2.– Berariazko betekizunak:
Parte hartzen dutenek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean, eskatutako lanpostuei dagokien hizkuntza-eskakizuna izan beharko dute.
3. artikulua.– Eskainitako lanpostuak.
1.– Lehiaketa honen bidez bete beharreko lanpostuak (lanpostu-kodearen eta dotazio-zenbakiaren bidez identifikatuko dira) agindu honen I. eranskinean jasotakoak dira, hizkuntza dela-eta bereziturik dauden lanpostuen zerrendan.
2.– Lehiaketan parte hartzen duten funtzionarioek ziurtatu beharko dute eskatzen dituzten lanpostuak zuzen identifikatu dituztela; izan ere, eskaerak aurkezteko epea amaitu ondoren ez da onartuko egindako eskaeran aldaketarik egitea, ezta, esleipenaren kasuan, uko egitea ere.
4. artikulua.– Baremoa.
1.– Eskakizun bereziko lanpostuak esleitzeko merezimenduak baremo honen arabera baloratuko dira:
– Antzinatasuna.– Kidegoan emandako zerbitzuengatik, bi puntu emango dira zerbitzuan emandako urte oso bakoitzeko; epe laburragoak, berriz, proportzionalki zenbatuko dira (0,00555556 eguneko). Ondorio horietarako, hilabeteak hogeita hamar egunekoak direla joko da. Kontzeptu horretan, 60 puntu emango dira gehienez.
– Euskara jakitea: lanpostu hau betetzeko eskatzen den baino euskararen jakite-maila altuagoa egiaztatzen bada, gehienez 12 puntu lortuko dira, xede horretarako bakarrik.
Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen ekainaren 29ko 174/2010 Dekretuan eta Autonomia Erkidego horren eremuan gauzatu ahal izango diren euskararen normalizazio-planetatik eratorritako gainerako xedapenetan ezarritakoaren arabera, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:
2. hizkuntza-eskakizuna esleituta duten lanpostuak:
– 3. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea: 8 puntu.
– 4. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea: 12 puntu.
3. hizkuntza-eskakizuna esleituta duten lanpostuak:
– 4. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea: 12 puntu.
2.– Adierazitako jakite-maila hori behar bezala egiaztatu beharko da aurkeztutako tituluaren eta titulu horri dagokion mailaren ziurtagiri ofizialaren edo homologazioaren bitartez, eta horiek eskabideak aurkezteko epearen barruan entregatu beharko dira.
3.– Eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean balioetsiko dira merezimenduak.
5. artikulua.– Eskabideak aurkezteko ereduak eta epeak.
1.– Lehiaketan parte hartzeko eskabideak agindu honen II. eranskin gisa argitaratutako ereduari jarraituz beteko dira; «Parte hartzeko eskabidea». Hamar (10) egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera. Ezin bada bi aldizkarietan aldi berean argitaratu, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira epeak.
2.– Justizia Administrazioko zuzendariari zuzenduko zaizkio eskaerak, eta aurkeztu ahal izango dira bai Vitoria-Gasteizko, Donostiako edo Bilboko EATeko sarrera-erregistroan, bai Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Saileko Erregistro Orokorrean (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
3.– Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritakoari jarraituz aurkeztu ahal izango dira eskabideak.
Posta-bulegoetan aurkezten direnak Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Saileko Justizia Administrazioko Zuzendaritzara bidali beharko dira (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), eta bi modalitate hauetakoren batean igorriko dira:
a) Posta arruntaren bitartez; kasu horretan, eskariak aurkezteko epea amaitu aurretik iritsi beharko dute Vitoria-Gasteizko, Donostiako edo Bilboko EATeko erregistrora edo Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Sailaren erregistrora.
b) Posta ziurtatuz. Eskabideak gutun-azal irekien barruan aurkeztu beharko dira postetxean, postako langileak, bidali baino lehen, eguna eta zigilua jar diezaien. Postetxeko zigilua duen eskabidea bidali beharko da; eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, ez da baldintza hori betetzen ez duen eskabiderik onartuko, nahiz eta eskabidea postaz bidali eta gero egiaztatu ahal izan.
4.– Parte-hartzaile bakoitzak lehentasun-hurrenkeraren arabera eskatu ahal izango ditu eskainitako lanpostuak, baldin eta lanpostu horretarako betekizunak betetzen baditu.
5.– Alegatu den euskarazko hizkuntza-eskakizuna ziurtatzen duen tituluaren agiri ofizialaren edo homologazioaren fotokopia konpultsatua erantsi beharko zaio eskabideari.
6.– Lehiaketa honetan parte hartzen duen parte-hartzaile bakoitzak eskaera bakarra egin ahal izango du.
7.– Eskabideak aurkezteko epea igarotakoan, egindako eskabidea loteslea izango da, hau da, eskabidea ezin izango da aldatu. Norbaitek bere eskabidea zuzendu nahi badu, beste eskabide bat aurkeztu ahal izango du, eskabideak aurkezteko epean, eta azken eskabideak aurrekoa automatikoki ezeztatuko du.
8.– Eskabideak onartzeko epea amaitu aurretik soilik egin ahal izango zaio uko lehiaketan parte hartzeari.
6. artikulua.– Eskabideak baloratzea.
Eskabideetan azaltzen diren datuen arabera egingo du Justizia Administrazioko Zuzendaritzak baremazioa.
7. artikulua.– Esleipenak.
1.– Lanpostuak esleitzeko lehentasun-hurrenkera alegatutako merezimenduak baloratu ondoren lorturiko guztizko puntuaziotik ateratzen dena izango da.
2.– Guztizko puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, kidegoan antzinatasun handiena nork duen begiratuko da.
8. artikulua.– Behin-behineko ebazpena.
1.– Deialdi honen behin-behineko ebazpena Justizia Administrazioko zuzendariak emango du, eta aldi berean argitaratuko da bai web orrian (www.justizia.eus) bai Justiziako Langileen Atarian eta bai Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako EATeko iragarki-oholetan.
2.– Behin-behineko ebazpenean, hauek adieraziko dira: behin-behineko esleipendunaren jatorrizko lanpostua eta udalerria, alegatutako merezimenduen balorazioan izandako guztizko puntuazioa, eta behin-behinean esleitutako lanpostua.
3.– Behin-behineko ebazpenaren aurka, alegazioak aurkeztu ahal izango dira, argitaratzen denetik hamar eguneko epean.
4.– Adierazitako epean erreklamaziorik egiten ez bada, ulertuko da eskatzailea ados dagoela eta bildutako datuak, puntuazioa eta behin-behinean esleitutako lanpostua onartzen dituela.
5.– Nolanahi ere, behin-behinean esleitutako destinoek ez dute eskubiderik ematen lehiaketaren behin betiko ebazpenari dagokionez.
9. artikulua.– Behin betiko ebazpena.
1.– Alegazioak ikusita, deialdi honen gaineko behin betiko ebazpena Lan eta Justiziako sailburuaren agindu baten bidez emango da, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Bi aldizkarietan aldi berean ezin bada argitaratu, epeak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.
2.– Lehiaketa honen ebazpena hiru hilabeteko epean emango da gehienez, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik kontatzen hasita, 1451/2005 Errege Dekretuaren 51.3 artikuluarekin bat etorriz.
10. artikulua.– Esleitutako destinoen izaera.
1.– Lehiaketa honen ebazpenaren ondoriozko lekualdatzeak borondatezkotzat hartuko dira, zerbitzuagatiko kalte-ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan ezarritakoaren ondorioetarako.
2.– Esleitutako destinoei ezin izango zaie uko egin.
11. artikulua.– Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Lan eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkezten denetik hilabete pasatuta, ebazpen adierazirik ematen ez bada, errekurtsoa ezetsitzat jo beharko da; orduan, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko da, lehen adierazitako moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 4a.
Lan eta Justiziako sailburua,
MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.