EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-05-17 Aldizkari honetan argitaratua: 2017094

ERABAKIA, Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2017ko urtarrilaren 26ko bilkuran hartua, Guardiako Udalari buruzko behin betiko 2015eko fiskalizazio-txostena onesten duena.

Xedapenaren data: 2017-10-26
Hurrenkenaren zenbakia: 201802613
Maila: Akordioa
Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2017ko urtarrilaren 26an egindako bilkuran,
ERABAKI DU:
Guardiako Udalari buruzko 2015eko fiskalizazio-txostena behin betiko onesten, erabaki honen eranskin modura ageri dena.
HKEEren 1/1988 Legearen 13.2 atalak aurreikusten duena betez, txostenaren ondorioak dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratzeko xedatzea.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko urriaren 26a.
HKEEren lehendakaria,
JOSÉ LUIS BILBAO EGUREN.
HKEEren idazkari nagusia,
JULIO ARTETXE BARKIN.
ERANSKINA
GUARDIAKO UDALARI BURUZKO 2015EKO FISKALIZAZIO-TXOSTENA
Laburdurak.
1372/1986 ED: Toki Erakundeen Ondasunen Arautegia.
20/2012 ELD: 20/2012 Errege Dekretu Legea, aurrekontuaren egonkortasuna eta lehiakortasunaren sustapena bermatzeko neurriei buruzkoa.
3/2004 FA: 3/2004 Foru Araua, Arabako Lurralde Historikoaren toki erakundeen aurrekontuei buruzkoa.
38/2013 FA: 38/2013 Foru Araua, Arabako toki erakundeen aurrekontuaren egonkortasun eta finantzaren iraunkortasunari buruzkoa.
AFA: Arabako Foru Aldundia.
ALHAO: Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofiziala.
DLO: 38/2003 Lege Orokorra, Diru-laguntzei buruzkoa.
EIOZ: Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zerga.
FOFEL: Arabako Toki-erakundeak Finantzatzeko Foru Funtsa.
HILBIZ: Hiri izaerako lursailen balio igoeraren gaineko zerga.
HKEE: Herri-Kontuen Euskal Epaitegia.
LZ: Lanpostuen Zerrenda.
OHZ: Ondasun Higiezinen gaineko Zerga.
SPKLTB: 3/2011 Legegintzako Errege Dekretua, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko Legearen Testu Bategina.
TAOAL: 7/1985 Legea, Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituena.
I.– Sarrera.
Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak otsailaren 5eko 1/1988 Legeak eta Epaitegiaren Osokoak onetsitako Lan Programak agindutakoari jarraikiz, Guardiako Udalaren 2015eko ekitaldiko Kontu Orokorraren fiskalizazio-lana mamitu du.
HKEEk gauzatutako aurreko fiskalizazio-lana 2001eko ekitaldiaren gainekoa izan zen.
Fiskalizazio-lan honek honako alderdi hauek biltzen ditu:
– Legezkotasuna: honako aurrekontuaren atal hauetan ezargarria den arautegia bete izana: aurrekontua, zuzenbide publikoko sarrerak, zorpetzea eta finantza eragiketak, langileria, obren kontratazioa, zerbitzuak eta hornidurak eta diru-laguntzen emakida. Azterketa lan hau fiskalizazioaren ekitaldiari dagokio, beharrezko irizten diren beste ekitaldi batzuei buruzko egiaztaketak egitea kaltetu gabe, fiskalizazio-gai den ekitaldian eragina dutelako.
– Kontabilitatea: Kontu Orokorra ezargarri zaizkion kontularitzako printzipioekin bat datorrela egiaztatzea. Kontu Orokorrak honako atal hauek biltzen ditu: Udalaren eta bere sozietatearen Aurrekontuaren likidazioa, Egoeraren balantzea, Galera-irabazien kontua eta Oroitidazkia.
– Lanaren zabalak ez du gastuaren eraginkortasun eta zuhurtasunari buruzko azterlan berariazkorik bildu; ezta, kudeaketa prozedurei buruzkorik ere. Nolanahi den ere, fiskalizazioan zehar sortu diren alderdi partzialak txosten honen III. idazpuruan aztertu ditugu.
– Udalaren egoera ekonomikoaren finantza analisia.
2014ko ekitaldirako udal aurrekontua 2014ko maiatzaren 19an onartu zuen Udalbatzak eta 2015eko ekitaldirako luzatu zen 2014ko abenduaren 30eko Alkatetzaren dekretu bidez.
Guardiako udalerriak 1.520 biztanle ditu 2015eko urtarrilaren 1eko erroldaren arabera; bere egituran udal administrazioaz gain Proyecto Integral Barbacana, S.L. sozietatea biltzen ditu, % 100 udal jabetzakoa dena eta helburua udalerrian eraikinak eta orubeak eraiki eta sustatzea duena.
Uraren hornidura eta saneamendu zerbitzua Arabako Errioxako Uren Partzuergoak ematen du, eta Guardia-Arabako Errioxako kuadrillak hiri hondakinak kudeatzen kolaboratzen du, eta hiri eta administrazio-kudeaketan laguntzen. Udala Guardiako Mendiko Anaiarte Zaharraren atal ere bada (herri-mendien kudeaketa).
II.– Iritzia.
II.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.
Kontratazioa.
1.– Udalaren tutoretzapeko etxebizitzen kudeaketa 2008an esleitu zen urte bereko abendura arte; 2015ean 340.107 euroko kostua eragin du. Gauzatu ez ziren isilpeko luzapenak egin dira, araudiak baimentzen duen 4 urteko gehienezko iraupen aldia gaindituz; horrek publikotasun eta lehia printzipioak urratzen ditu.
2.– Udalbatzak 2013an Arabako Lanak, S.A. foru-sozietateari alde zaharrean zoladura jartzeko 2. fasearen obra kontratua agindu zion, sozietate honek 1,2 milioi eurotan esleitu zuena, nahiz ez daitekeen Udalaren berezko baliabidetzat har. Udalaren gobernu-batzarrak 2015eko urtarrilean hiru aldaketa onartu zituen; aldaketa horien ondorioz aurrekontua % 6,4 murriztu zen, eta hasierako proiektuko obra unitateen % 49 bertan behera utzi zituzten, beste berri batzuekin ordezkatuz. Aldaketa hauek egikaritu ostean formalizatu ziren; ordea, Udalbatzak onartu behar zituzkeen, proiektua funtsetik aldatu zutelako eta beste lehiaketa bat bideratu.
3.– Argindarraren hornidura zuzenean esleitu zen, publikotasun eta lehia printzipioak urratuta. Zerbitzuak 2015ean 115.309 euroko kostua izan zuen.
Epaitegi honen ustetan, Guardiako Udalak, 1etik 3ra bitarteko paragrafoetan aipatutako ez-betetzeak alde batera, zuzentasunez bete du 2015eko ekitaldian ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duen lege arautegia.
II.2.– Urteko kontuei buruzko iritzia.
1.– Udalak ez du Egoeraren Balantzearen Ibilgetua osatzen duten kontularitzako saldoen xehetasunik, 9,2 milioi euro egiten dutenak, eta honenbestez, ezin zehaztu izan dugu 2015eko abenduaren 31ko udalaren ondasun eta eskubideen egiazko egoera islatzen den.
2.– Ibilgetu finantzarioak udal-sozietateari dagokion 1,4 milioi euroko saldoa barne hartzen du, eta kontularitzako erregistroek 714.090 euroko ondare garbia duela erakusten dute; ondarean 4tik 6ra bitarteko salbuespenek eragiten dute.
3.– Udalak 2015ean Araba Garapen Agentzia, S.A.rekin izenpetutako hitzarmen bitartez 2017rako hirigintzako aprobetxamenduak geroraturik kobratzea adostu zuen, 188.868 eurotan; horiek, baina, ondare kontabilitatean erregistratu behar zituzkeen.
Barbacana Proiektu Osoa, S.L.
4.– Sozietatearen egoera balantzeko aktibo eta pasibo arruntean kobrantza eskubide eta ordainketa obligazioekin bat ez datozen saldoak barne hartu dira:
5.– Sozietatearen egoera balantzeko Higiezinen inbertsioen saldoa, 1,3 milioi eurokoa, 99 garaje-plazari dagokiena, zuzendu egin behar da balorazio aldetik, zehaztu ezin daitekeen zenbatekoan.
6.– Sozietateak 621.737 euroko balioa zuten eraikuntza eskubideen salmenta formalizatu zuen 2012an eta 721.214 euro kobratu eta eraikiko den eraikineko bi lokal (640 m2) eskuratu zituen; ordea, ez da eragiketa hau erregistratu. Sozietateak 2015ean kontratua desegiteko egintza judizialak abiarazi zituen, txosten hau idatzi dugun datan amaitu gabe daudenak.
Epaitegi honen iritzira, 1etik 6ra bitarteko paragrafoan adierazitako salbuespenak alde batera, Guardiako Udalaren Kontu Orokorra osatzen duten erakundeen Urteko Kontuek alderdi esanguratsu guztietan 2015eko ekitaldiaren jarduera ekonomikoa eta abenduaren 31ko ondarearen eta finantza egoeraren isla zuzena erakusten dute; baita, data horretan amaitutako urteko ekitaldiari dagozkion bere eragiketen eta eskudiruzko fluxuen emaitzena ere, ezargarria den finantza informazioaren arau-esparruaren arabera eta, zehazki, bertan jasotako kontularitzako printzipio eta irizpideen arabera.
III.– Barne kontrolerako sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak.
Atal honetan ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duten printzipioak gehiegi eragiten ez dituzten akatsak ez ezik, kudeaketa hobetzeko azpimarratu nahi diren prozedurazko alderdiak ere azaleratu dira.
III.1.– Aurrekontua, kontabilitatea eta diru-sarrerak.
– 2015eko Kontu Orokorra 2017ko martxoaren 9ko Osoko bilkurak onartu zuen; ordea, arautegiak 2016ko uztailaren 31ra arteko epea ematen zuen horretarako. Gainera, ez zituen udal-sozietatearen Kontuak bildu, akziodunen Batzar Nagusiak data berean onartu zituenak; Batzarra Udaleko zinegotziek osatzen dute.
– Aurrekontu-araudiak eta luzatutako aurrekontua egikaritzeko arauak kreditu osagarrientzako aparteko araubidea aurreikusten zuten, kreditu horiek metaturik gastuen % 5 gaindituko ez bazuten, eta, halakoetan, alkateak onar ditzake. Muga hau kreditu osagarrien espedienteetarik 8tan gainditu zen, zeinak gastuen aurrekontua 414.768 euroan gehitu zuten; horregatik, Udalbatzak onartu behar zituzkeen. Gainera, kreditu osagarrietan egiten diren aldaketa orotarako ezargarriak dira aurrekontua izapidetzean eskatzen diren informazio, erreklamazio, publikotasun eta errekurtsoei buruzko arauak, eta horiek guztiak ez zituen Udalak bete.
– Udalak erosketa guztietarako aurrekontua egikaritzeko faseak metatu zituen (ADO) eta gainera, gastua eta ordainketa azken hau gauzatu zen datarekin biak batera erregistratu zituen; honela, bada, 2015ean kontularitzaz kanpoko kontrola gauzatu behar izan da aitortutako obligazio eta aurrekontuaren egikaritza mailaren gainean.
– Zerga nagusien ordenantzak 2003an argitaratu ziren. Gerora, foru arautegian hainbat aldaketa egin dira, eta komeni da horiek gaurkotzea. Udal tasen ordenantzak bildu eta argitara ematea ere komeniko litzateke.
– Guardiako eskola publikoak mugakide diren 3 udalerriri zerbitzu ematen die, eta horiek 2015ean 24.919 euroko ekarpenak egin zituzten mantentze-lanetan parte hartzeko. Komenigarria litzateke administrazioen arteko lankidetza hau hitzarmen bidez arautzea.
– Udalak aldian behin alderatu egin behar lituzke zerga zorren kontularitzako saldoak diru-bilketarako sistema laguntzaileak ematen duen informazio xehearekin. Halaber, AFAko nahitaezko dirubiltze zerbitzuari aldian behin eskuan dituen Udalaren ordainagiri eta likidazioen xehapena eskatzea komeniko litzateke, kontularitzako informazioa alderatzeko.
– 2015eko abenduaren 31n, Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren zor saldoa 148.396 eurokoa zen. Komeni da diru-bilketako betearazi beharreko prozedurak enbargoa baliatuta osatzea eta zorrak preskribatzea saihestea.
– Udal-sozietateak duen jarduera mugatua ikusita, desegiteko aukera aztertzea gomendatzen dugu.
III.2.– Langileria.
– LZk ez du 7 funtzionarioen berariazko osagarriak zein diren zehazten; ez daude jasota, gainera, kopuruak zehaztu eta lan baldintzak arautuko dituzten Udalbatzaren erabakiak. Lan-kontratuko langileei dagokienez, LZk lanpostuaren izena baizik ez du jasotzen, kontratuak arautzen dituen araubide juridikoa zehaztu gabe; horren gaineko udalbatzaren erabakirik ere batere ez da jaso.
– 2015eko abenduan indarrean zeuden obra edo zerbitzu jakineko zortzi lan-kontratu azaleratu dira, nahiz 2012 baino lehenago gauzatu ziren. Beste bi kasutan, etengabe berritu dira 2007az geroztik. Egokiagoa zatekeen LZn dauden 10 lanpostu hutsak betetzeko bitarteko kontratuak gauzatzea, harik eta nahitaezko hautaketa-prozesu bidez behin betiko zuzkitu bitartean.
Gainera, 2015eko abenduaren 31n bi langile zeuden LZn jaso gabeko egitekoak betetzen, obra edo zerbitzu jakinerako kontratu bidez, 2009an errepideak konpontzeko gauzatutakoak. Egoera hau zuzentzea komeni da, eta horretarako Udalbatzak LZ aldatu beharko luke edo zerbitzuak berrantolatu.
– Langile guztiei 2015ean ordainsarien % 0,6 ordaindu zitzaien produktibitate-osagarri kontzeptuan, guztira 3.337 eurotan. Udalbatzak osagarria ordaintzea onartu zuen, eta horretarako funts bat sortu zuen, langileen artean soldatekiko ehunekoan banatuz; ordea, osagarri honen helburua da aparteko errendimendua edo funtzionarioak bere lana betetzeko erakusten duen interesa edo ekimena saritzea.
– Zinegotzientzat bileretara joateagatiko egun-sariak ezartzen zituen 2015eko Udalbatzaren erabakia ez zen ALHAAn argitara eman. 2015ean 1.850 euro ordaindu ziren.
III.3.– Kontratazioa.
– 2013ko abenduan lizitazioak eta emaitzak Sektore Publikoko Kontratazioaren Plataforman argitara emateko obligazioa jaso zen, bai zuzenean bai udal plataformarekiko lotura bidez (Merkatu-batasunaren Bermeari buruzko 20/2013 Legearen 3. xedapen gehigarria); udalak, baina, ez du betekizun hori bete.
– Erosketa txiki modura izapidetu da zerbitzu baten eta hornidura baten zuzeneko esleipena, guztira 48.865 eurokoa; horiek prozedura negoziatu modura izapidetu behar ziratekeen. Gainera, zerbitzu juridikoak kontratatzen direnean aldez aurretik finkatu behar dira prestazioak eta ordainsariak.
III.4.– Transferentziak eta diru-laguntzak.
– Biasteri-Arabako Errioxako kuadrillak mankomunaturik ematen du zabor bilketa zerbitzua eta Udalari laguntza ematen dio hirigintza, gizarte-laguntza eta agirien artxiboko lanetan. Unean-unean errepideen mantentze lanetan udal mandatuak egikaritzen ditu. Udalak Kuadrillari egindako ordainketak, hirigintzakoak izan ezik, 4. kapituluan erregistratzen ditu, guztira 187.517 eurotan. Kuadrillak arautzen dituen Foru Arauak eskualde bakoitzeko udalekin lankidetzan aritzea aurreikusten du; ordea, ez dira Udalean jaso zerbitzuak mankomunatzen dituzten Udalbatzaren erabakiak, ez eta zerbitzu eta lanen mandatu-ebazpenak ere. Gainera, Kuadrillak ez du berezko baliabiderik hirigintzako aholkularitzarako eta errepideetako lanetarako.
– 2015erako luzatu zen 2014ko aurrekontuaren eranskinak ez zuen diru-laguntzen nahitaezko eranskina biltzen, diru-izendapen izendunak zerrendatu behar zituzkeenak: 50.874 euroko laguntzen 4 onuradun. Diru-laguntza izendunetatik 3tan ez zen dagokion hitzarmena onartu; halaber, emakida ebazpenek ere ez zituzten norakoa eta emakida baldintzak zehazten. Guztira 6.485 euroko laguntza izendun eta zuzenak jaso dituen Lucerna futbol taldea elkarteak laguntzei emandako norakoa ez zuen osorik justifikatu.
– 6.184 euroko diru-laguntzak zuzenean eman zitzaizkien 6 kultur erakunderi, kreditu erabilgarriak lehia bidezko konkurrentzia bidez esleitu beharrean eta honenbestez, 2008an onartutako ordenantza urratuz.
III.5.– Berankortasuna eta bestelako alderdiak.
– Udalak ez ditu ordainketa epeei buruzko nahitaezko hiruhileko txostenak mamitzen eta kontularitzako erregistroek ez dituzte obligazioak aitortzeko datak zehazten.
– Alkatetzako ebazpenen liburuak ez ditu ebazpenak, langileen kontratazioak eta diru-laguntzen onespenak jasotzen, kontratuetan beretan edo kontularitzako agirietan dokumentatuak daudenak. Espedienteetan artxibatutako ebazpenak badaudela ikusi dugu, baina liburuan jaso ez direnak. Dekretuen zerrendan jaso ez zirenez gero, Udalbatzari ere ez zitzaion horren berri eman. Berebat, Gobernu-batzarraren erabakien berri ematea ere nahitaezkoa da, alkatearen eskuordez baitihardute.
– Toki erakundeak gardentasun eta jendaurreko informaziorako sarbideari buruzko araudira egokitzea 2015eko abenduan amaitu behar zatekeen, eta Udalak ez du alderdi hori landu. Informazio ekonomikoari dagokionez argitara eman behar dira: aurrekontu eta kontu orokorrak, aurrekontuaren egonkortasun eta iraunkortasunari buruzko txostenak, baliatutako kontratazio moldeen gaineko estatistika datuak, zinegotzien ondasun eta jarduera aitorpenak, emandako diru-laguntza eta laguntzak, gauzatutako hitzarmen eta kudeatzeko gomendioak eta Udalaren jabetzako diren ondasun higiezinen zerrenda.
IV.– Finantzaren analisia.
Udalak azken ekitaldietan likidatutako magnitude nagusien bilakaera ondoko taulan dago zehaztua eta indarreko Bideragarritasun Planaren aurreikuspenak lehenengo ekitaldirako eta fiskalizazio-gai izan den urterako:
Sarrera arruntak: % 3 egin dute gora 2015. eta 2012. bitartean, transferentziek gora eginez baina norberaren diru-sarrerak murriztuz:
– Zerga zuzenak, zeharkakoak eta tasak: behera egin dute diru-sarrera hauek, batik bat, 2012an EIOZen sarrera maila handiaren ondorioz. 2015eko igoera 2015ean ekitaldi horretako sarrerak kitatu zituen JEZek eragin du, zergaren erroldan igoerak eragin zituena. Zerga eta tasen tarifak ez dira aldi horretan aldatu.
– Transferentzia eta diru-laguntza arruntak: % 12 egin dute gora, 2014-2015eko aparteko ekarpenen ondorioz itunpeko zergetan partaidetza antzeko ehunekoan hobetu izanaren ondorioz. Tutoretzapeko etxebizitzen kontzeptuko diru-laguntzak izandako % 22ko igoera ere azpimarratzekoa da, okupazio handiagoaren ondorioz.
Funtzionamendu gastuak: % 5 egin dute behera eta laurtekoan gastu kapitulu guztietan murrizketak izan dira:
– Langile-gastuak: % 2,5 egin dute behera gizarte aseguruetan gastua murriztu izanaren ondorioz, izan ere 2012an atzerapenak jaso dira, eta 2015eko abenduko kuotak urte horretan ez erregistratu izanaren ondorioz, ordainsarien zenbatekoak hirurtekoan gora egin duela.
– Ondasun arrunten erosketa eta zerbitzuak: % 5 egin dute behera mantentze gastuak eta hornidurakoak 2012ko ekitaldiarekiko % 26 murriztu izanaren ondorioz (argindarra, gasa eta beste). Kontusail garrantzitsuena, tutoretzapeko etxebizitzen kontratua, % 4 igo da, eta beste gastu kontusail batzuk ere igo dira. 2014an ezohiko gastuak eta aurreko ekitaldietakoak erregistratu ziren, 499.018 eurotan, eta horrek ekitaldi horretako erosketetan gorakada eragin zuen; horietatik 400.000 euro obra batzuen EIOZren itzulketari dagozkio, zeinentzat lizentzia eskatu zen, baina ez ziren gauzatu.
– Transferentzia eta diru-laguntza arruntak: % 10eko beheraldia eskualdeko Kuadrillak egindako ekarpenetan datza.
Aurrezki gordina eta garbia: lehenengo bi urteetan aurrezki gordina sarrera arrunten % 19 zen, eta 2015ean hobera egin zuen ekitaldi horretako unean uneko diru-sarrerengatik eta gastuek behera egin izanaren ondorioz. Finantza zamak gora egin du laurtekoan, izan ere, 2013an, 700.000 euroko mailegu bat kontratatu zen, eta 2015ean aldez aurreko amortizazioak egin ziren. Azken honek aurrezki garbiak puntualki behera egitea eragin zuen 2015ean.
Kapital eragiketen emaitza: lehenengo bi urteetan diru-laguntzak (EAE Alde Zaharrerako sarbideak hobetzeko, 3,1 milioi eurotan) inbertsioak baino handiagoak izan dira, eta 2014an jada zuzendu da desoreka. Azken bi urteetan inbertsio nagusia Alde Zaharraren zoladura da, ehuneko handi batean Obra eta Zerbitzuen Foru Planaren bidez finantzaturikoa. Kapitaleko diru-laguntzak bat datoz udal-sozietateari bere gastuetarako emandakoekin eta mailegu baten finantza zamarekin.
Diruzaintza geldikina: 2012ko abenduan zenbatekoa oso txikia zen, eta unean uneko ordainketa esanguratsuak aurreikusiak zeuden, 1,5 milioi euroan zuzkituak; horren aurrean Saneamendu Plan bat onartu zen. Eragiketa arruntek sortutako aurrezkiak eta kapitaleko eragiketen orekak bideratu dute 2015eko abenduaren 31n geldikina izatea, sarrera arrunten % 21 egin duena.
Zorpetzea: udal-zorpetzeak, udal-sozietatearena aintzat hartuta, sarrera arrunten % 14,5 egin zuen 2015eko abenduaren 31n.
Ondorioa: Udalak duen eragiketa arrunten egiturak 2015ean sarrera arrunten gainean % 25,6ko aurrezki gordin maila eskuratzea bideratu du, etorkizuneko inbertsio planak finantzatzeko adinako baliabideak sortuz, unean-unean geldikina (sarrera arrunten % 21) eta diru-laguntzak erabiliz.
Aurrekontuaren egonkortasuna: 1/2013 Foru Arauan ezarritakoari jarraikiz, Udalaren artekaritzak txostena egin zuen aurrekontuaren egonkortasun printzipioa, zor publikoa eta gastuaren araua betetzen zela adieraziaz. 2015eko Likidazioari buruzko txostenak ondorioztatu du:
– Aurrekontuaren egonkortasunari buruzko helburua bete da, eragiketa ez-finantzarioekin 466.795 euroko superabita eskuratu baita.
– Zor publikoaren helburua bete da, sarrera arrunten % 14,5 egin duelako.
– Gastuaren araua bete da, 2015eko eta 2014ko ekitaldietako aurrekontu likidazioen artean zenbagarria den gastuak behera egin izanaren ondorioz.
2012-2016 Bideragarritasun Plana (21/2012 FA): Plana garatu zen zenbait auzitan aurkako epaia jasoko zutela aurreikusita; ordea, garrantzitsuena azkenik (2014) Udalaren aldeko suertatu zen. Honela, bada, 1,8 milioi euroko aparteko ordainketak aurreikusten zituen Planaren balioespenak 2014an erregistraturiko 499.018 eurotara mugatu ziren. Zorpetze berriari dagokionez, 2013an 700.000 euroko mailegua kontratatu zen, aurreikusitako 2 milioi eurokoa beharrean; aldez aurreko amortizazioak egin direnez gero, 2015eko abenduaren 31n 175.591 euro gelditzen zaizkie itzultzeko.
V.– Urteko kontuak.
V.1.– Udala.
V.2.– Proyecto Integral Barbacana, S.L. Sozietatea.
GUARDIAKO UDALARI DAGOKION 2015EKO EKITALDIKO FISKALIZAZIO-TXOSTENAREKIKO ALEGAZIOAK
II.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.
Kontratazioa.
1.– Babespeko udal-etxebizitzen kudeaketa –2015ean 340.107 euroko kostuaz– 2008an esleitu zen aurtengo abendura arte. Formalizatu ez diren isilbidezko luzapenak izan dira, eta araudiak onartutako 4 urteko gehieneko iraupena gainditu da. Hortaz, ez dira bete publizitatearen eta lehiaren printzipioak.
Alegazioa.
Jasotako dokumentazioaren arabera, alkate andrea buru duen Udalbatzak, 2008ko martxoaren 12an, Guardiako La Barbacana adinekoen zentroaren kudeaketa lehiaketa eta prozedura ireki bidez esleitzeko baldintza tekniko eta administratiboen agiria onartu zuen.
Alkate andrea buru zuen 2008ko maiatzaren 14ko Udalbatzaren bilkuraren aktan, erabaki hau jasota dago: «AFAko GOFIko gizarte-politikako eta gizarte-zerbitzuetako sailak igorritako txostena ikusi ondoren, adierazitako lizitazioan aurkeztutako proposamen barrarekin lotuta –txosten horretan proposatzen da adierazitako lehiaketa hutsik deklara dadila, eskatutako gutxieneko baldintzetara egokitzen ez delako, administrazio-klausulen agirian zehaztutako puntuazioa aplikatzeari dagokionez». Ildo horretatik, Udalbatzak erabaki du lehiaketa hutsik uztea, AFAko GOFIren aipatutako txostena oinarri hartuta, eta dagokion prozedura negoziatuari ekitea, SPKLaren 154.C) artikuluaren indarrez. Gainera, alkateari ahalmena ematen zaio gaitutako gutxienez hiru enpresari eskaintzak eskatzeko, eta ahalmena ematen zaio, era berean, lizitatzaileekin negoziatzeko haiek aurkeztutako eskaintzak.
Jasota dago, halaber, 2008-06-18an alkateak, aipatutako prozedura negoziatuan eskaintzak aurkezteko, gonbidapenak luzatu zizkiela hiru enpresari (Adoretsuak SC; GSR Gestión de Servicios Residenciales eta Centro Gerontológico de Espejo).
2008-07-16ko Udalbatzaren aktan jasota dago, orobat, prozedura negoziatu bidezko esleipen-erabakia, aurkeztutako eskaintza bakarraren aldekoa (GSR), La Barbacana adinekoentzako zentroaren kudeaketa integralerako.
Aurrekariak ikusirik –zehazki, AFAko GOFIren adierazitako txostena–, agerian da kontratazio-prozesua AFAko sail horrek babeste zuela. Izan ere, adierazitako saila AFAko Gizarte Zerbitzuetako Sailaren eta Guardiako Udalaren arteko hasierako lankidetza-hitzarmena luzatzeko proposamenak hurrenez hurren igorri eta sinatu ditu, adinekoei zuzendutako etxebizitza komunitario bat kudeatu eta mantentzeko. Hala izan da 2015eko abenduaren 23ra arte. Egun horretan, bi aldeek beste lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten. Alabaina, AFAren inolako jarraibiderik ez dago jasota instalazio hori berriro esleitzeko beharraren inguruan, hasierako lau urteak igaro ondoren.
2.– Udalbatzak Arabako Lanak S.A. foru-sozietateari eskatu zion alde zaharra zolatzeko 2. fasearen obra kontratua. Sozietate horrek 1,2 milioi eurotan esleitu zuen kontratua, hura Udalaren berezko bitartekotzat hartzen ez den arren. Udaleko Toki Gobernuko Batzordeak, 2015eko urtarrilean, hiru aldaketa onartu zituen. Horiek aurrekontua % 6,4 murriztu zuen, eta hasierako proiektuko obra unitateen % 49 ezabatu zituen, horien ordez obra berriak ezarrita. Aldaketa horiek gauzatu ondoren formalizatu ziren. Udalbatzak onartu behar zituen, eta proiektuaren aldaketa nabarmena ekarri zuten. Beraz, beste lizitazio bat egin behar zen.
Alegazioa.
Aipatutako kudeaketa-agindua Guardiako Udal honek sinatu zuen Arabako Lanak S.A.U. AFAko foru-sozietate publikoarekin, 2013ko urriaren 22an, Daniel Anzizar Oroz jaunak igorritako txosten juridikoaren ondoren, aipatutako Arabako Lanak S.A.U. sozietateko zuzendari juridiko gisa.
Tokiko Gobernu Batzarrak, 2015eko martxoaren 19ko bilkuran, Obretako zinegotziak proposatuta, onartu egin zituen 1., 2. eta 3. obra-aldaketak, proiektu honi dagozkionak: «Guardiako hirigune historikoaren azpiegiturak berritzea eta zolatzea. 2. Fasea». Era berean, 2015eko urtarrilaren 16ko eta 2015eko otsailaren 5eko Tokiko Gobernu Batzarraren aktetan jasota dagoenez, obretako zinegotziak berak kudeaketa egin zuen Arabako Lanak sozietateko teknikariekin zuzenean (kontuan hartu zen zegozkion zenbatekoen arabera, Tokiko Gobernu Batzarrak onar zitzakeela kontuan hartu zen). Alegatzen da, nolanahi ere, obra hori esleitzeko prozesua Arabako Lanak foru-sozietate publikoak osorik gauzatu zuena, aipatutako aginduaren indarrez. Hortaz, beste esleipen bat eskatuko duen edozein aldaketa ere adierazitako aginduaren xede zen.
3.– Energia elektrikoaren hornidura, 2015ean 115.309 euroko kostuaz, zuzenean esleitu zen, publizitate- eta lehia-printzipioak bete gabe.
Alegazioa.
Energia elektrikoaren hornidura Iberdrola enpresak egiten du aspaldidanik. 2015eko ekitaldiko udalbatzek ez zuten hautabidezko planteamendurik izan gai horren inguruan.
II.2.– Urteko kontuei buruzko iritzia.
1.– Udalak ez du 9,2 milioi euroko ibilgetu material osatzen duten elementuen xehetasunik. Hortaz, ezin izan dugu zehaztu horiek 2015eko abenduaren 31ko udal-ondasunen eta -eskubideen benetako egoera islatzen ote duten.
Alegazioa.
Udalak 2003an egindako inbentario bat du. Berori euskarriaren arazo informatikoengatik egun berreskuratu ezin den sistema informatiko batean kargatu zen. Arazo informatiko horren ondorioz, udal-kontabilitatean zeuden datuak hartu ziren oinarri; baina, sistema informatikoa Arabako Foru Aldundiaren esku dagoenez, horrek, arrazoi operatiboak direla eta, eskuraezin uzten ditu 7 urtetik gora duten erakundearen kontabilitate-datuak; beraz, erakundeak 2008 eta 2017 arteko ekitaldietako kontabilitate-datuak besterik ez ditu eskuragarri.
Era berean, 2017ko ekitaldian, aurrekontu-aplikazio bat dago (920 643 000 – udal-inbentarioa), 20.000,00 euroko zenbatekoaz, udal-inbentarioa eguneratu eguneratzeko.
2.– Finantza-ibilgetuan, udal-sozietateari dagokion 1,4 milioi euroko saldoa dago, eta horren kontabilitate-erregistroek 714.090 euroko ondare garbia dagoela ematen dute aditzera; era berean, 4.etik 6.era bitarteko salbuespenen eraginpekoa.
Alegazioa.
Udalak, 2016ko ekitaldiaren kontu orokorrean, egoera hori errealizatu du. Horretarako, balio-narriaduraren ondoriozko hornidura bat egin du, eta, horrela, ekitaldi honetan, udal-sozietate publikoaren ondare garbiari doituta utzi du zenbatekoa ekitaldi honetan.
3.– Udalak, 2015ean, Araba Garapen Agentzia S.A.rekin hitzartu zuen hirigintza-aprobetxamenduak 2017rako atzeratutako kobratzea, 188.868 euroko zenbatekoaz. Zenbateko hori ondare-kontabilitatean erregistratu behar zuen.
Alegazioa.
Egia izanik Udalak 2015ean hitzarmen bat sinatu zuela Araba Garapen Agentzia S.A. foru-sozietate publikoarekin, Casablanca industria-poligonoaren hirigintza-aprobetxamenduak kobratzeko, erabaki zen hura ez kontabilizatzea, zuhurtzea-printzipioa kontuan izanik eta hura kobratzeak sorrarazten zuen ziurgabetasunaren ondorioz.
Barbacana S.L. proiektu integrala.
4.– Sozietatearen egoera-balantzeko aktiboan eta pasibo korrontean, kobratzeko eskubideei edo ordaintzeko betebeharrei dagozkion Sozietatearen egoera-balantzea jasotzen da.
Alegazioa.
Administrazio Kontseiluak erabaki zuen udal-sozietate publikoaren urteko kontuak kanpoko enpresa batek egitea.
Udalak behin eta berriz adierazi zuen «bazkideen bestelako ekarpenak» gisa aitortutako zenbatekoak ezin zirela halakotzat hartu, udal-aurrekontuan kapitaleko Diru-Laguntzen 7. kapituluan jasota baitaude, ez, ordea, ekarpen gisa.
2017ko ekitaldi honetarako, egoera hori zuzenduko da.
5.– Sozietatearen egoera-balantzeko ondasun higiezinetako inbertsioen saldoa, 99 garaje-plazari dagokienez, behar bezala baloratu behar da, zehaztu ezin den zenbateko baten arabera.
Alegazioa.
Ikusirik aurreko ekitaldietan salmentarik ez dagoela, azken ekitaldietan, haiek sal daitezen sustatzeko, Administrazio Kontseiluak erabaki zuen haien salmenta-prezioa txikiagotzea, hori Sozietatearen kontuetara intsuldatu gabe. Egoera hori 2017ko ekitaldian zuzenduko da.
6.– Sozietateak, 2012an, 621.737 eurotan baloratutako eraikuntza-eskubideen salmenta formalizatu zuen. 721.214 euro kobratu eta etorkizunean eraiki beharreko eraikineko bi lokal lortu zituen (640 m²). Baina, transakzio hori ez da erregistratu. Sozietateak 2015ean ekintza judizialak hasi zituen txosten honen datan amaituta ez dagoen kontratua deuseztatzeko.
Alegazioa.
Egoera hori 2017ko ekitaldian zuzenduko da.
III.– Barne kontroleko eta kudeaketa prozedurako sistemei buruzko oharrak.
Atal honetan, jaso egiten dira jarduera ekonomiko-finantzarioa zuzentzen duten printzipioak betetzean eragin garrantzitsurik ez duten hutsuneak, baita kudeaketa hobetzen adierazitako prozedurazko alderdiak ere.
III.1.– Aurrekontua, kontabilitatea eta diru sarrerak.
– Udalak aurrekontua gauzatzeko faseak (ADO) metatu zituen eskuratze guztietarako. Gainera, gastua eta ordainketa aldi berean erregistratu zitu azken horren datan. Hala, 2015ean, aurrekontuz kanpoko kontrola egin zuen aitortutako obligazioen eta aurrekontuaren gauzatze-mailaren gainean.
Alegazioa.
Udalak gastu-faseak ADO moduan gauzatzen ditu. Erakundearen gastu gehienak kontratu txikiei eta gastu arrunteko faktura helbideratuei dagozkie. Kasuetako lehenean, erakundeak horiek agindu eta data berean ordaintzen ditu. Helbideratutako fakturei dagokienez, hirugarrenak haiek helbideratzen dituen unean kontabilizatzen dira.
Bestalde, erakundearen inbertsioak ere ADO moduan egiten dira; baina, txostenean adierazten denez, aurrekontuz kanpoko kontrola egiten da. Horrek aurrekontu-erabilgarritasuna ziurtatzen du haiek kontabilizatzeko.
Nolanahi ere, Udalak kontuan hartuko du adierazitako oharra, eta ahal den kasu guztietan aplikatuko du.
– Zerga nagusiei buruzko ordenantzak 2003an argitaratu ziren. Foru-araudian aldaketak izan dira, hura eguneratzea gomendatzen dutenak. Komenigarria litzateke, halaber, udal-tasen ordenantzak bildu eta argitaratzea.
Alegazioa.
Udalaren zerga-ordenantzak eguneratzeko gomendioari eta haien testuak osorik argitaratzeari dagokienez (horiek ahalik eta hoberen ulertzeko), lehenbailehen egingo da.
– Guardiako eskola publikoak 3 udalerri mugakideri egiten die zerbitzua. Horiek 24.919 euroko ekarpena egin ziten Udalari 2015ean, mantentze-lanetan parte hartzeko. Komenigarria litzateke administrazioen arteko lankidetza hori hitzarmen bidez arautzea.
Alegazioa.
Bizitegiko udalerriaren arabera Eusko Jaurlaritzak egin duen ikasleen banaketaren ondorioz, Guardiako ikastetxeak Leza, Samaniego, Bilar eta Lapuebla de Labarca udalerrietako ikasleak hartzen ditu. Horren ondorioz, ekitaldiko gastuak hainbanatu egiten dira udalerri bakoitzeko ikasle kopuruaren arabera. Ez dago formalizatutako hitzarmenik, baina hainbanaketa eskuarki kobratu ohi da.
– Udalak aldizka egiaztatu beharko lituzke tributu-zorren kontabilitate-saldoak, zerga-bilketako sistema osagarriaren informazio zehatza baliatuta. Era berean, komenigarria litzateke AFAko zerga-bilketa exekutiboko zerbitzuari aldizka eskatzea eskura dituen Udalaren ordainagiri eta likidazioen xehetasuna, kontabilitate-informazioa egiaztatu ahal izateko.
Alegazioa.
Zerba-bilketako programa behin baino gehiagotan migratu denez, hura kontrolatzea zaila da. Izan ere, balio batzuk oker intsuldatu dira. Era berean, eskuragarri zegoen azken programaren konfigurazioa ez zen egokiena Udalaren egoerarako. Beraz, egun, hura zuzendu egin da zerga-bilketaren gainean kontrol handiagoa egin ahal izateko.
Zerga-bilketa exekutiboari dagokionez, Udalaren zerga-bilketako programak ez du aukerarik ematen diru-sarrerak kontabilizatzeko Arabako Foru Aldundiko Agentzia Exekutiboak egiten duen modu berean. Hortaz, desegokitasunak daude Aldundiak eskainitako datuen eta Udalean daudenen artean; batik bat, premiamenduko gainkarguak, interesak eta kostuak direla eta.
Nolanahi ere, ahalik eta kontrol handiena egingo da ondorengo ekitaldietako diru-sarreren gainean.
– 2015eko abenduaren 31n, OHZrekiko saldo zordun 148.396 euro zen. Komeni da zerga-bilketako prozedura exekutiboak osatzea, bahiturara joz, eta zorren preskripzioa saihestea.
Alegazioa.
148.396 euroak probidentziatuta eta Arabako Foru Aldundiko Agentzia Exekutiboari bidalita daude. Izan ere, Udalak erakunde horretan ordezkatuta du udal-sarreren bilketa exekutiboa. Udal-sozietatearen jarduera mugatua dela-eta, komenigarria da hura desegitea.
Alegazioa.
Prozedura judizialak aribidean daudenez, ezinezkoa da hura desegitea prozedura horiek ebatzi arte.
III.2.– Langileak.
– Lanpostu-zerrendak ez ditu adierazten 7 funtzionarioen berariazko osagarriak. Gainera, ez dago Udalaren erabakirik haien kopuruak finkatzeko eta lan-baldintzak finkatzeko. Lan-kontratudun langileei dagokienez, lanpostu-zerrenda postuaren izendapena adieraztera mugatzen da, haren kontratuak arautuko dituen berariazko erregimenik zehaztu gabe. Alderdi horren inguruan ez dago ere Udalbatzaren erabakirik.
Alegazioa.
2015eko aurrekontua luzatuta dago. Beraz, 2013ko abenduaren 27ko Udalbatzaren bilkuran zerrenda bat onartuta dago. Zerrenda horretan langile-gastu guztiak daude jasota, lanpostu bakoitzera osagarri guztiak barne direla.
– 2015ean indarrean dauden obrako edo zerbitzuko zortzi lan-kontratu antzeman dira, nahiz eta horiek 2012an formalizatu ziren. Beste bi kasutan, hurrenez hurren berrikuntzak egin dira 2007tik. Egokiagoa litzateke bitartekotasun-kontratuak formalizatzea lanpostu-zerrendan hutsik dauden 10 lanpostuak betetzeko, eta modu iraunkorrean zuzkitu daitezke aginduzko hautaketa-prozesuaren bidez.
Alegazioa.
Estatuaren Aurrekontu Orokorretan dauden murrizketen ondorioz, ezin izan ziren bidezko lan-eskaintza publikoak egin. Gainera, udal-langileetako batzuek baja iraunkorra hartu dute. Ondorioz, lanpostu horiek premiaz bete behar izan ziren, oinarrizko zerbitzuak egiten jarraitu ahal izateko erakundearen ohiko funtzionamenduari eusteko.
– Enplegatu guztiei euren ordainsarien % 0,6 ordaindu zitzaien produktibitate-osagarriaren kontzeptupean, guztira 3.337 euroko zenbatekoaz, 2015ean. Udalbatzak osagarria ordaintzea onartu zuen, eta horretarako funts bat ezarri zuen. Hura enplegatuei ordaindu zitzaien euren soldaten proportzioan. Alabaina, osagarri horren xedea da funtzionarioak bere lanpostuan jarduteko etekin berezia, interesa edo ekimena ordaintzea.
Alegazioa.
Hain zuzen, Udalbatzak, 2015eko abenduaren 21eko bilkuran, Udaleko enplegatu guztiei % 0,6ko produktibitate-osagarri bat ordaintzea erabaki zuen, EUDELen zirkularrean ezarritako baldintzei zorrotz jarraituz, udal honek kontratatutako lan-aholkularitzako kanpoko zerbitzuari dagozkion ordainsari-taulak eguneratzeari dagokionez.
– Udalbatzaren 2015eko erabakiak dietak ezartzen zituen zinegotziak bileretara joateko. Erabaki hori ez zen ALHAOn argitaratu. 1.850 euro ordaindu ziren 2015ean.
Alegazioa.
Bertaratzearen ondoriozko dieta guztiak 2014ko ekitaldiko aurrekontua gauzatzeko arauan jasotakoaren arabera ordaindu ziren. Berori 2015eko ekitaldirako luzatu zen. Era berean, dieta guztiei zegokien PFEZren atxikipena ezarri zitzaien.
III.3.– Kontratazioa.
– Erosketa txikitzat bideratu da zerbitzu baten eta hornidura baten zuzeneko esleipena, guztira 48.865 euroko zenbatekoaz. Haiek prozedura negoziatuaren bitartez bideratu behar ziren. Gainera, gomendatu beharra dago zerbitzu juridikoak kontratatzean prestazioak eta zerbitzu-sariak aurretiaz ezartzea.
Alegazioa.
Telefono-zerbitzuak kontratu txikitzat kontratatu ziren, kontratu horiek aspaldidanik daudelako eta urtero luzatzen direlako. Bestalde, gasolio-horniduraren zerbitzua udalerriko gasolio-hornitzaile bakarrak egiten du aspaldidanik.
III.4.– Transferentziak eta diru-laguntzak.
– Arabako Errioxako – Guardiako Kuadrillak modu mankomunatuan egiten du zaborrak biltzeko zerbitzua, eta Udalari laguntza ematen dio hirigintzako, gizarte-laguntzak eta artxibategi dokumentaleko kudeaketetan. Aldian-aldian, bideak mantentzeko udal-aginduak betetzen ditu. Udalak Kuadrillarentzako ordainketak 4. kapituluan erregistratzen ditu, hirigintzari dagozkionak salbu, guztira 187.517 euroko zenbatekoaz. Kuadrillei buruzko Foru Arauak jaso egiten du eskualde bakoitzeko udalekiko lankidetza. Baina, Udalean ez daude jasota zerbitzuak mankomunatzeko Udalbatzaren erabakiak, ezta zerbitzuak eta obrak agintzeko ebazpenak ere. Gainera, Kuadrillak ez du berezko bitartekorik hirigintza-aholkularitzarako eta bideetan lanak egiteko.
Alegazioa.
Udalak badaki Kuadrillak ez duela berezko bitartekorik hirigintza-aholkularitzarako. Baina, gabezia hori zuzendu beharko luke Guardiako Kuadrillak, ez, ordea, udal honek. Izan ere, agindu hori Kuadrillari dago zuzenduta, eta ez aipatutako zerbitzua egiteko hark kontratatutako pertsonari.
Bideetako lanei dagokienez, Udalak zerbitzu hori Kuadrillari zuzenduta dauka, baina ez daki zerbitzu hori bere bitartekoen edo kanpoko bitartekoen bidez egiten duen, ezta kontratazio-prozedurak zein diren ere. Izan ere, hirigintza-zerbitzuaren kasuistika bera da.
– 2015erako luzatutako 2014rako aurrekontuaren eranskinak ez zuen biltzen diru-laguntzei buruzko aginduzko eranskina, kontsignazio izendunak zerrendatu beharko lituzkeena: guztira 50.874 euroko laguntzen 4 onuradun. Diru-laguntza izendunetatik 3tan, ez zen onartu bidezko hitzarmena, eta haiek emateko ebazpenetan ez ziren zehazten haien xedea eta emateko baldintzak. Luzerna Club de Fútbol elkarteak laguntza izendunak eta zuzenekoak jasotzen zituen, 6.485 euroko zenbatekoaz, eta laguntzei emandako xedearen justifikazio osatugabea aurkeztu zuen.
– 6 kultura-elkarteri zuzenean diru-laguntzak eman zitzaizkien, 6.184 euroko zenbatekoaz, norgehiagokarako erabilgarri dauden kredituak esleitu beharrean. Hala, ez zen bete 2008an onartutako ordenantza.
Alegazioa.
Aspaldidanik, Guardiako Udalak diru-laguntzak ematen dizkie udalerrian oso errotuta dauden zenbait elkarte eta lagunarteri. Horregatik, urtez urte diru-laguntza horiek eskatzen dituztenek onuradun talde txiki ba osatzen dutenez, duela gutxi arte ez da banakatu udal-aurrekontuan diru-laguntza izendunen onuradun horien zerrenda xehatua. Haien hartzaileak berberak dira urtero, diru-laguntzen zenbatekoa xede berberetara zuzentzen dituzte eta ondoren justifikatu egiten dituzte. Izatez diru-laguntza izenduntzat hartuko lirateke, norgehiagokaren bidez emateko beharrik gabe; eta planteatzen da onuradun horiekin hitzarmen bat formalizatzea, Udala ekitaldi bakoitzetik haratago ez lotesteko baldintzetan eta erabilgarri dagoen aurrekontuaren arabera.
Diru-laguntzen eskabide guztiei era berean erantzuten zaie, eta bidezko diru-laguntza ematen da erabilgarri dagoen aurrekontuaren arabera.
– Udalak ez ditu prestatzen hiru hilean behingo aginduzko txostenak ordainketa-epeen inguruan, eta kontabilitate-erregistroek ez dituzten adierazten obligazioak onartzeko datak.
Alegazioa.
2017ko ekitaldian, ordainketa-epeei buruzko hiru hilean behingo txostenak egingo dira. Era berean, Udalaren kontabilitate-erregistro guztiek jaso egiten dute kontabilitate-eragiketak zein datatan egin dira. Izan ere, nahitaezko datua da hori kontabilitate-informazioko sisteman, kontabilizazioa egin ahal izateko. Hau da, programa informatikoak gastu-eragiketa guztien datak jasotzen ditu (ADOPR), baita diru-sarrerenak ere (RD, I, C).
– Alkatetzaren ebazpenen liburuan ez daude jasota ebazpenak, langileen kontratazioak eta diru-laguntzen onarpenak, kontratuetan edo kontabilitate-dokumentuetan beraietan dokumentatuta daudenak. Era berean, dagozkien espedienteetan artxibatutako baina liburuan jaso gabeko ebazpenak antzeman ziren.
Alegazioa.
Ebazpenen liburuak ekitaldiko ebazpen guztiak biltzen ditu. Ez litzateke harritzekoa dagozkien espedienteetan artxibatutako ebazpenak antzematea. Izan ere, haiek bi aletan igortzen dira: kopia bat libururako eta beste kopia bat dagokion espedienterako. Liburuan bilduta ez dagoen ebazpenik ez dago jasoarazita.
Nolanahi ere, ohartarazten da administrazioko langileek batez ere eskuzko prozedurak erabiltzen dituztela, Arabako Foru Aldundiak Arabako Lurralde Historikoko udal guztien informatizazioa bultzatzen duen arte. Hala, horren zain, edozein dokumentazio edo prozedura ahalik eta egokien bideratzea da helburua, horretarako eskuragarri dauden bitarteko urriek eta zaharkituek bidea ematen duten heinean.
– Dekretuen zerrendan jasota ez dagoenez, Udalbatzari ez zitzaion horren berri eman.
Alegazioa.
Udalbatzak egindako bilkuren akta guztietan, aztergaien zerrendan jasota dago Udalbatzari aurreko bilkuratik emandako Alkatetzaren ebazpen guztien berri ematea; eta hala egiten da beti.
– Azkenik, nahitaezkoa da, halaber, Gobernu Batzordeari erabakien berri ematea, alkateak eskuordetuta dihardu-eta.
Alegazioa.
Udal-talde guztiei Gobernu Batzordeak hartutako erabaki guztien berri ematen zaie, dagozkion aktak jakinarazita.
– Toki-erakundeen egokitzapena gardentasunari eta jendaurreko informaziorako sarbideari buruzko araudira 2015eko abenduan osatu behar zen, eta Udalak ez du alderdi hori bete. Informazio ekonomikoari dagokionez, jendaurrean jarri behar dira aurrekontuak eta kontu orokorrak, aurrekontu-egonkortasunari eta iraunkortasunari buruzko txostenak, erabilitako kontratazio modalitateen inguruko datu estatistikoak, zinegotzien ondasunen eta jardueren aitorpenak, emandako diru-laguntzak eta bestelako laguntzak, formalizatutako hitzarmenak eta kudeaketa-aginduak eta Udalaren jabetzako ondasun higiezinen zerrenda.
Alegazioa.
Udalak, 2016ko ekitaldian eskuratutako sistema informatikoaren bidez, jendaurrean jarriko du gardentasunari eta jendaurreko informazioari buruzko araudiak nahitaezkotzat jotzen duen informazio guztia. Gaur egun, sistema hori ezartzeko prozesuan dago.
2012-2016 Bideragarritasun Plana (21/2012 FA).
Planaren arrazoibidea izan ziren aurkako epaiek zenbait auzitan emandako aurreikuspenak. Hala, epai garrantzitsuena, azkenik, Udalarekin aldekoa izan zen (2014). Hortaz, 1,8 milioiko ezohiko gastuak aurreikusten zituen planaren zenbatespenak 499.018 eurora mugatu ziren 2014an. Zorpetze berriari dagokionez, 700.000 euroko mailegua kontratatu zen 2013an –aurreikusita zegoen 3 milioi euroko maileguaren ordez–. Zorpetze hori amortizazio aurreratuen xede izan zen. Hala, 175.591 euro itzultzeko daude 2015eko abenduaren 31n.
Alegazioa.
Alde batetik, adierazi beharko litzateke, plan horretarako, AFAko toki-erakundeen zerbitzuak emandako jarraibideen arabera, egoerarik okerrenean jartzeko aholkua eman zela. Hala, litekeen kalte-ordain bat barne hartzea aholkatu zen –azkenean, ez zen ordaindu behar izan–.
Ildo horretatik, auzi hori galduz gero, Udalak 1,8 milioi euroko epai bat ordaindu behar zuen. Beraz, maileguak zenbateko handiagokoa izan behar zuen.
2013an hartutako 700.000 euroko mailegua zenbateko horretakoa izan zen soilik, finantza-erakunde batek ere ez baitzituen ordaindu behar saneamendu-planak eskatzen zituen 3 milioiak.
Adierazi behar da, era berean, txostenaren datan Udalak zorrik ez zuela, eta udal-sozietate publikoaren zorra besterik ez dagoela. Gainera, adierazi behar da Udalak txostenaren datan ez zuela saneamendu-planik –ekainaren 21eko 10/2017 Foru Arauak onartu zuen– Guardiako Udalaren aurrekontu- eta finantza-bideragarritasunerako plana amaitzeko, berori agortu izateagatik eta haren helburuak betetzeagatik –2017-07-14ko 80/2017 ALHAOn argitaratu zen.