EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-05-14 Aldizkari honetan argitaratua: 2018091

EBAZPENA, 2018ko maiatzaren 2koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena. Honen bidez, euskara ikastaroetarako deia egiten zaie Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko langileei, 2018-2019 ikasturterako.

Xedapenaren data: 2018-05-02
Hurrenkenaren zenbakia: 201802534
Maila: Ebazpena
Sekzioa: AGINTARIAK ETA LANGILERIA (Prestatu eta trebatzeko ikastaroak)
Azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legeak, euskararen erabilpena arauzkotzekoak, ezartzen du herri-agintariek xedezko neurriak hartuko dituztela Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioari atxikitako langileak arian-arian euskalduntzeko, herritarrei aitortzen zaien eskubidea gauzatzeko helburuarekin, administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz nahiz gaztelaniaz izan daitezen.
Legeak aurreikusitakoak garatzeko apirilaren 15eko 86/1997 Dekretua onartu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzeko dena eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari dagozkion hainbat ekimen xedatzen dituena, hizkuntza-prestakuntzaren arloan.
Hori guztia kontuan izanik, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko langileentzako 2018-2019 ikasturterako 1., 2., 3. eta 4. hizkuntza-eskakizunen araberako ikastaro-deialdia onartzea, I., II. eta III. eranskinetan ezarritakoarekin bat etorriz.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 2a.
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,
MARÍA TERESA IRURETAGOYENA IBARGUREN.
I. ERANSKINA.
OINARRIAK.
Lehenengoa.– Helburua.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko langileen hizkuntza-gaikuntzan eragitea eta bultzatzea.
Bigarrena.– Parte-hartzaileak nortzuk diren.
1.– Deialdi honetan hizkuntza-prestakuntza jaso ahal izango dute Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko langileek.
Ezin izango dute deialdi honetan parte hartu, ordea, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileek, Autonomia Erkidegoko administrazioaren zerbitzura diharduten irakasleek, Ertzaintzaren langileek eta Justizia Administrazioko langileek. Langile horiek guztiek eurentzat antolatutako berezko deialdietan parte hartu ahal izango dute, euren erakundeen tamaina eta gainerako ezaugarrien arabera eratutakoetan.
2.– Lanorduetan hizkuntza-prestakuntza ikastaroetarako baimenak emateko orduan, sailek eta erakundeek aplikatuko dituzte Funtzio Publikoaren Sailburuordetzaren 2004ko maiatzaren 27ko Instrukzioan zehaztutako irizpideak.
3.– Edonola ere, IVAPek hizkuntza-prestakuntza bere aurrekontu bitartekoen barruan emango du.
Hirugarrena.– 2018-2019 ikasturterako ikastaro-deialdiak.
2018-2019 ikasturterako, IVAPek bi deialdi argitaratuko ditu.
Honako hau 2018-2019 ikasturteko deialdi nagusia da, ikasturte osoa arautzen duena. Deialdi honetan lanorduetan eta lanorduz kanpo egiteko ikastaroak eskaintzen dira.
4.– Hizkuntza-eskakizuna prestatzeko ikastaroei dagokienez, deialdi hau da 2018-2019 ikasturterako egingo den deialdi bakarra.
Autoikaskuntzako ikastaroei dagokienez ere, hau izango da deialdi bakarra.
Datorren azaroan oraingo honen osagarri den deialdia argitaratuko du IVAPek, eta 2018-2019 ikasturteko bigarren lauhilekorako eskaintza egingo du.
Azaroko deialdian otsailetik ekainera arteko eskaera egin ahal izango dute interesatuek, betiere baldintza hauen pean:
– Ikastaroa urrian hasi ez duten langileek, salbuespen oso berezirik ezean, ezingo dute bi orduko ikastarorik hasi otsailean. Urrian hasi ez direnek, beraz, bost orduko ikastaroa edo barnetegiko ikastaroa egin beharko dute otsailean.
– Urrian hasten diren ikasleek, aldiz, ikastaro trinkoa nahiz modulu aldaketa eskatu ahal izango dute azaroko deialdian otsaileko ikastaroetarako, hau da, ikastaro trinkotik bi ordukora aldatzea, edo alderantziz.
Laugarrena.– Lanorduetako ikastaroak.
Deialdi honetan lanorduetan matrikula-orriaren bidez egiteko ikastaroak III. eranskinean adierazitakoak dira.
IVAPek ondoen iritzitako egokitzapenak egin ditzake II. eranskinean zehazten diren hasiera eta bukaera egunetan nahiz ordutegietan.
4.1.– Mailaketa-probak.
Langileren baten euskara ezagupena neurtu behar bada, IVAPek mailaketa-proba egitera deituko du, ekaineko azken astean. Horretarako, IVAPek zerbitzu-zuzendaritza bakoitzari jakinaraziko dizkio mailaketa-proba egiteko toki-egunak.
Ekaineko mailaketa-proba egitera deitu arren, langileren bat ez bada ezarritako egun eta orduan aurkezten, IVAPek bazter utziko du haren eskaera.
Aurkeztu ez den langileari bigarrenez deitzeko aukera aztertuko du IVAPek, baldin eta aurkeztu ez izana idatziz eta egokiro arrazoitzen badio IVAPi dagokion zerbitzu-zuzendariak, beranduen ere proba egunetik bi egun balioduneko epean.
Bigarren dei horretara ere aurkezten ez den langilearen eskaera bertan behera utziko du IVAPek.
4.2.– Administrazioko taldeak antolatzea.
Mailaketa-probak egin ondoren, administrazioko langileez osaturiko taldeak antolatuko ditu IVAPek hiriburuetan. Taldeak osatzean, ikasle bakoitzari zerbitzu-zuzendariak baimendutako modulua gordeko dio IVAPek, ahal den neurrian.
Administrazio-taldeen ordutegia eta egutegia II. eranskinean daude zehaztuta.
Nolanahi ere, baliabideen erabilera egokia bermatzeko eta taldeen osaketak hala eskatzen badu, aldaketak egin ahal izango ditu IVAPek.
Administrazioko taldeen ordutegia eskatu arren talderik osatu ezin denean, IVAPek matrikula-orria emango die ikasleei, nahi duten euskaltegi homologatuan matrikulatzeko, betiere eskatu eta baimendutako moduluan (III. eranskina).
Taldeak osatuta eta euskaltegiak izendatuta daudenean, sail edo erakunde bakoitzari helaraziko dio IVAPek administrazioko taldeetan eskolatuko diren langileen zerrenda, langile bakoitzak non eta noiz eskolatu behar duen zehaztuta.
4.3.– Administrazioko talderik ez duten langileak. Matrikula-orriak.
Administrazio talderik ez duten langileek euskaltegietako gainerako taldeetan egin ahal izango dute ikastaroa. IVAPek matrikula-orria bidaliko du langilearen zerbitzu-zuzendaritzara, honek bakoitzari berea helarazi diezaion.
Matrikula-orriaren bitartez, homologatutako edozein euskaltegi publiko edo pribatutan matrikulatu ahal izango da langilea, betiere baimendutako moduluan.
Matrikulazioa gauzatzeko, ezinbestekoa da langileak matrikula-orria euskaltegian entregatzea.
Matrikula-orriaren bitartez eskolatzen den langileak euskaltegiaren egutegia eta ordutegia beteko ditu.
Langilea inon matrikulatzen ez bada, bere sailak / erakundeak ahalik eta lasterren itzuli behar du matrikula-orria IVAPera.
4.4.– Matrikula-orria ordaintzea.
Langilearen matrikula IVAPek ordainduko du, betiere ondorengo baldintza hauek betetzen badira:
1) Matrikula-orria garaiz entregatzea: ikastaroa hasten denerako matrikula-orria euskaltegian aurkeztu behar da. 2018ko urriaren 19a baino geroago entregatzen bada, IVAPek ez du matrikula ordainduko.
2) Gutxieneko iraupena: 2/3 orduko eta autoikaskuntzako ikastaroek urritik ekainera bitartekoak izan behar dute. Barnetegiko eta bost orduko ikastaroek, gutxienez, lauhileko iraupena izan behar dute.
3) Homologazioa: matrikula-orriaren bidez egingo den ikastaroak HABEk homologatua izan behar du.
4) Matrikula-orrian bertan zehaztuta dagoen ikastaroa egiteko bakarrik erabili ahal izango da.
IVAPek matrikula-orriaren bidez finantzatuko dituen ikastaroen zehaztapena III. eranskinean jaso da.
Baldintza horiek betetzen direla egiaztatu ondoren, langilearen matrikula onartu eta dagokion kostua ordainduko du IVAPek. Barnetegiko ikastaroen kasuan, barnetegiko ostatua eta mantenua ere bai. Aldiz, bestelako gastuak ez ditu IVAPek bere gain hartuko (joan-etorriak, materialak, etab.).
Aldiz, langileak egin duen matrikulak ez baditu aurreko baldintzak betetzen, IVAPek ez du ordainduko. Kasu horretan, IVAPek ukapenaren berri emango dio langilearen saileko / erakundeko zerbitzu-zuzendaritzari.
4.5.– Autoikaskuntzako ikastaroak lanorduetan.
Sail edo erakunde bakoitzak autoikaskuntzarako duen eskaera kopuruak ez du gaindituko lanorduetan hizkuntza-prestakuntza hartzeko baimendutako eskaeren % 20.
Autoikaskuntza hautatzen duten ikasleei aprobetxamendu-irizpidea aplikatuko zaie, lanorduetan ere (asistentzia % 80koa izan beharko da, gutxienez). Aprobetxamendu-irizpidea betetzen ez duen ikasleari IVAPek ez dio lanorduetan autoikaskuntzako ikastarorik onartuko 2019-2020 ikasturtean.
Autoikaskuntza ikastaroetan ez da eskola-uzterik onartuko.
Bosgarrena.– Lanorduz kanpoko ikastaroak.
5.1.– Ikastaroen ezaugarriak.
Matrikulazioa matrikula-orriaren bidez egingo da. Matrikula-orria euskaltegian edo autoikaskuntzako zentroan entregatu behar da ikastaroa hasi baino lehen. IVAPek ez ditu bere gain hartuko 2018ko urriaren 19a baino beranduago entregatuko diren matrikula-orriak.
IVAPek matrikula-orri bakar bat emango die eskaera onartu zaien langileei.
Matrikula-orrian bertan zehaztuta dagoen ikastaroa egiteko bakarrik erabili ahal izango da.
IVAPek matrikula-orriaren bidez finantzatuko dituen ikastaroen zehaztapena III. eranskinean jaso da.
5.1.1.– Aurrez aurreko ikastaroak.
Lanorduz kanpoko aurrez aurreko ikastaroak homologatutako euskaltegi publiko edo pribatu batean egin beharko dira, eta baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Gutxieneko iraupena: egunean 2/3 orduko ikastaroek urritik ekainera bitartekoak izan behar dute. Barnetegiko eta bost orduko ikastaroen kasuan, ikastaroek lauhileko iraupena izan behar dute, gutxienez.
b) Homologazioa: ikastaroak, derrigor, HABEk homologatua izan behar du.
5.1.2.– Autoikaskuntzako ikastaroak.
Lanorduz kanpoko autoikaskuntzako ikastaroak homologatutako euskaltegi publiko edo pribatu batean edo homologatutako autoikaskuntzako zentro batean egin ahal izango dira, eta baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Gutxieneko ordu kopurua: ikastaroek, gutxienez, 190 orduko iraupena izan behar dute; autoikaskuntza ikastaroetan ez da eskola-uzterik onartuko.
b) Ikastaroak urrian hasi behar dira.
c) Matrikula non egin: langileak homologatutako euskaltegi publiko edo pribatu batean edo autoikaskuntzako zentro homologatu batean matrikulatu behar du.
d) Homologazioa: autoikaskuntzako ikastaroek HABEk homologatuak izan behar dute.
e) Autoikaskuntzako ikastaroen ordenagailu bidezko lana zentroko ordenagailuak eta baliabideak erabilita egin daiteke, edo norberaren ordenagailua erabilita, edo bata zein bestea erabilita. Mintza-saioak euskaltegian edo autoikaskuntzako zentroan jasoko dira.
Sail / erakunde bakoitzak lanorduz kanpoko autoikaskuntzarako duen eskaera kopuruak ez du gaindituko lanorduz kanpo hizkuntza-prestakuntza hartzeko eskaeren % 20. Kopuru hori gaindituko balitz IVAPek sailari / erakundeari adieraziko dio, eta sailak / erakundeak hautatuko ditu 2018-2019 ikasturtean autoikaskuntzan ibiltzeko aukera izango duten eskatzaileak. Beraz, autoikaskuntzako eskaera egiteak ez du ziurtatzen automatikoki eskaera onartuko denik.
5.2.– IVAPen baldintzak lanorduz kanpoko ikastaroetan.
Lanorduz kanpoko ikastaroetan matrikulatzea.
Langileak egindako eskaera IVAPek aztertu eta, hala badagokio, onartu ondoren, IVAPek matrikula-orria bidaliko du langilearen zerbitzu-zuzendaritzara, honek langile bakoitzari berea helarazi diezaion.
Matrikula gauzatzeko, ezinbestekoa da matrikula-orria euskaltegian edo autoikaskuntzako zentroan entregatzea.
Langilea inon matrikulatzen ez bada, ahalik eta lasterren itzuli behar du bere matrikula-orria IVAPera.
Langileak egin duen matrikularen kostua IVAPek ordainduko du, betiere deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen badira.
Kontuan izan behar da langileak euskaltegian egin duen matrikula IVAPek onartzeak berekin dakarrela matrikula horri dagokion kostu osoa ordaintzea.
Ondorioz, diru-baliabideen erabilera zentzuzkoa eta arrazoizkoa ziurtatu ahal izateko, ikasleari eskatuko zaio gutxieneko aprobetxamendu-irizpidea betetzea (asistentzia % 80koa izan beharko da, gutxienez). Aprobetxamendu-irizpidea betetzen ez duen ikasleari IVAPek ez dio lanorduz kanpoko ikastarorik onartuko 2019-2020 ikasturtean.
Seigarrena.– Eskabideak noiz eta nola egin.
Deialdi honetan langile bakoitzeko gehienez ere eskabide bat onartuko du IVAPek.
6.1.– Eskabideak nola egin.
a) Eskabide telematikoak. Administrazio Orokorreko eskatzaileek norberaren ordenagailutik bete ahal izango dituzte, intraneten bidez. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren intraneteko Jakina atarian IVAPek ezarritako helbide honetara jo beharko da:
www.ivap.jakina
Sistema hori erabili ahal izateko, eskatzaileak lehenik XL-Nets segurtasun sistemaren bitartez identifikatu behar du bere burua.
b) Paperezko eskabideak. Inprimakiak eskura daude ondorengo helbide elektroniko honetan:
www.ivap.euskadi.eus (euskara>euskara ikastaroak>1-2-3-4HE prestatzeko ikastaroak>eusko jaurlaritza>izena emateko inprimakia).
6.2.– Lanorduetako eskabideak.
Epea: 2018ko maiatzaren 15etik 29ra, biak barne.
a) Eskabide telematikoak. Administrazio Orokorreko sail edo erakunde bakoitzak kudeatuko ditu horretarako duen IVAPen aplikazio informatikoan eta, era berean, sailak / erakundeak emango die baimena edo ukapena jasotako eskaerei, IVAPek berariaz adierazitako epean.
b) Paperezko eskabideak. Langileak bere saileko / erakundeko zerbitzu-zuzendariari bidali behar dio eskabidea, epearen barruan.
Administrazio Orokorreko sail / erakunde bakoitzean jasotako hizkuntza-prestakuntzarako eskabideak sailak / erakundeak berak grabatuko ditu horretarako duen IVAPen aplikazio informatikoan eta, era berean, bakoitzak emango die baimena edo ukapena jasotako eskaerei, IVAPek berariaz adierazitako epean.
6.3.– Lanorduz kanpoko eskabideak.
Epea: 2018ko maiatzaren 30etik ekainaren 22ra bitartean egin ahal izango dira lanorduz kanpoko eskaerak.
Eskabideak egiteko bi bide hauek erabil daitezke:
a) Eskabide telematikoak: norberaren ordenagailutik, intraneten bidez, bete ahal izango dira.
b) Paperezko eskabideak. Eskatzaileak IVAPeko zuzendariari bidaliko dio eskaera honako helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
6.4.– Aldi baterako langileak.
Aldi baterako langileek Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin eta Instituzionalarekin gutxienez 2018ko abenduaren 31ra arte lan-hitzarmena dutela egiaztatu beharko dute. Horretarako, eskaera orriarekin batera, izendapena edo lan-kontratuaren kopia aurkeztu beharko dute.
Lanorduetako eskaeren kasuan, lan-hitzarmenen iraupena egiaztatzea sailen / erakundeen ardura izango da; sailek / erakundeek onartzen dituzten eskaerek, beraz, baldintza hori betetzen dutela ulertuko du IVAPek.
Zazpigarrena.– Asistentzia eta aprobetxamendua.
7.1.– Eskolan hastea.
Ikastaroa hasten den egunean bertan hasi beharko du langileak eskolan. Didaktika eta antolakuntza arrazoiak direla medio, IVAPek ez du onartuko urriaren 19a baino geroago hasterik eskolan.
Urriaren 19a iragan ondoren, IVAPek baja emango die eskolan hasi ez diren langileen eskaerei.
Eskola-hutsegiteak ikastaroaren hasiera egunetik bertatik zenbatuko dira, nahiz eta ikaslea berandu hasi ikastaroan.
7.2.– Eskolan berandu hastea.
IVAPek arrazoi hauengatik onartuko du eskolan berandu hastea: gaixotasunagatik, erditzeagatik, adopzio edo harreragatik eta aitatasunagatik. Nolanahi ere, beranduko eskolatzea bideratzeko, baldintza hauek bete beharko dira:
a) IVAPek aldez aurretik jakin behar du langilea ez dela eskolan garaiz hasiko aurreko arrazoiren bat dela medio. Horretarako, ikastaro hasieran, zerbitzu-zuzendariek arrazoi horiengatik berandu hasiko diren langileen zerrenda bidali behar dute IVAPera. Zerrendan NAN-zenbakia eta izen-abizenak zehaztu behar dira.
b) Eskolan hasi ahal izateko eskaera egitea: langilea eskolan hasteko prest dagoenean, bere zerbitzu-zuzendariak eskolatzea eskatu beharko dio IVAPi, idatziz.
c) Galdutako eskola-orduen muga igaro gabe egotea: ikastaro osoaren eskola-orduen % 20 igaro aurretik hasi beharko du langileak eskolan.
IVAP saiatuko da gaixotasunak edo amatasunak eragindako beranduko eskolatze hauek bideratzen, horretarako dituen bitartekoen mugapean.
Ikastaro hasieran galdutako orduak zenbatu egingo dira ordu-kreditua eguneratzean, eta kontuan hartuko dira aprobetxamenduari dagokionez.
7.3.– Egunez eguneko asistentzia.
Ikasleek eta sailek / erakundeek asistentziaren jarraipen zehatza egin ahal izan dezaten, IVAPek, bere aplikazio informatikoaren bidez, ikasleen egunez eguneko asistentziaren berri emango du eta ikasleak eskolara joan ez diren egunak zehaztuko ditu.
7.3.1.– Lanorduetako ikastaroen asistentziari buruzko arauak.
Ondorio guztietarako, ikastegia lantokia da langilearentzat. Beraz, eskolatze eta puntualtasun huts guztiak zerbitzu-zuzendaritzaren aurrean justifikatu beharrekoak dira, beste edozein laneratze-huts zuritu ohi den bezalaxe.
Euskara ikastaroetara joateko baimena ematea zerbitzu-zuzendaritzaren ardura denez, beroni dagokio baimendutako epean langileen etenik gabeko eskolatzea bermatzea.
Era berean, sailen / erakundeen ardura izango da ikastaroetan parte hartuko duten langileek oporrak ikastarotik kanpo hartzea, ikastaroen aprobetxamendua eten ez dadin.
7.4.– Autoikaskuntzako asistentziak.
Autoikaskuntza ikastaroetan dabiltzan ikasleen kasuan, asistentzia-datuak hiru hilez behin jasotzen dira. Ondorioz, ikasle horiei ezin zaie ordu-kredituaren saldoa eguneratu hiruhilekoa amaitu arte.
7.5.– IVAPen aprobetxamendu-irizpidea euskara ikastaroetan.
Lanorduz kanpoko ikastaroetan matrikulatutako ikasleek aprobetxamendu-irizpidea bete beharko dute.
IVAPek honako irizpide hau ezartzen du euskara ikastaroen aprobetxamendua gainditzeko: ikasturteko asistentzia % 80tik gorakoa izatea. Ondorioz, asistentziaren ehuneko hori betetzen ez duten ikasleek ez dute ikastaroen aprobetxamendua gaindituko.
Administrazio Orokorraren zerbitzura diharduten funtzionarioek aprobetxamendu-irizpide hori bete beharko dute, era berean, lan baldintzak arautzen dituen akordioaren 11. artikuluan aipatzen den baimena lortzeko. Sail / erakunde bakoitzak eskura izango du bere langileen asistentziari eta ebaluazioei buruzko informazioa IVAPen aplikazio informatikoan, dagokion balorazioa egin dezan.
Langileak mailak gainditzeko ezarritako aldizkako ebaluazio-probak egiteko konpromisoa hartzen du.
Aprobetxamendu-irizpidea betetzen ez duten ikasleei ez zaie hurrengo ikasturtean lanorduz kanpoko eskaerarik onartuko. Ondorioz, 2018-2019 ikasturtean IVAPek ez die lanorduz kanpoko eskaera onartuko 2017-2018 ikasturtean aprobetxamendu-irizpidea gainditu ez duten eskatzaileei.
Zortzigarrena.– Eskolara joateari uztea.
Autoikaskuntza ikastaroetan ez da eskola-uzterik onartuko.
Bestelako moduluetan, eskolan hasi ondoren ikasleak ikastaroa behin betiko uzten badu, horren berri eman behar dio IVAPi eskola uztea gertatzen den une berean.
Eskola-uztearen data, inprimakia erregistratzen den eguna izango da eta egun horretatik aurrera etengo da ordu-kredituaren kontaketa.
Beraz, ordu-kredituaren eta aprobetxamenduaren ondorioetarako, oso garrantzitsua izango da inprimakia IVAPera lehenbailehen bidaltzea.
Horretarako, bi bide ditu ikasleak:
● IVAPen aplikazioaren bidez, telematikoki: eskola-uztea grabatzen den unean bertan erregistraturik geratzen da.
● «Jakinarazpena: eskoletara joateari uztea» izeneko inprimakia bete eta IVAPera bidaltzea.
Inprimakia honako helbide elektroniko honetan eskura daiteke:
www.ivap.euskadi.eus (euskara>euskara ikastaroak>informazio orokorra>zer egin behar dut ikastaroan baja eskatzeko?>eskola uztea jakinarazteko inprimakia).
Bederatzigarrena.– Ordu-kreditua.
Lanorduetako ikastaroei dagokienez, ordu-kredituak ezartzen dituen Aginduari jarraituko zaio (Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2004ko apirilaren 30eko Agindua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko langileen euskalduntzean aplikatuko diren ordu-kredituak ezartzen dituena; 2004-5-7ko EHAA, 85. zk.).
Agindu horren bosgarren artikuluari jarraiki, euskara ikastaroa lanorduetan hasi ahal izateko beharrezkoa izango da ordu-kredituaren saldoa aldekoa izatea ikasturte hasieran.
Ikasle berriaren ordu-kreditua ezartzeko orduan kontuan hartuko den hasiera-maila urrikoa izango da, edo otsailekoa urrian ikastarorik egin ez badu. Udako hasiera maila kontuan hartuko da, bakar-bakarrik, ikasle berriak udan ikasten badu, baina hurrengo urrian edo otsailean ez.
Ordu-kredituaren kontrolari begira, 2018-2019 ikasturtearen hasiera urria izango da eta hurrengo hiru deialdiak bilduko ditu:
1) Urrian eskolatzeko deialdia (maiatzean argitaratzen dena).
2) Otsailean eskolatzeko deialdia (azaroan argitaratzen dena).
3) Udako ikastaroak egiteko deialdia (maiatzean argitaratzen dena).
Beraz, IVAPek honela aplikatuko du ordu-kredituaren kontrola:
a) Urrian lanorduetan hasten diren ikasleei ikasturtea hasi aurretik aplikatuko zaie ordu-kredituaren kontrola eta saldo negatiboa dutenak ezin izango dira urrian hasi. Aldeko ordu-kreditua dutenak, aldiz, hasi ahal izango dira, eta ez zaie ordu-kredituaren kontrola aplikatuko ez otsaileko deialdian, ez udakoan. Ondorioz, ikasle horiek parte hartu ahal izango dute lanorduetan bai otsaileko deialdian bai udakoan, nahiz eta ordurako ordu-kreditua negatiboa izan.
b) Otsailean lanorduetan hasten diren ikasle berriei otsaileko ikastaroa hasi baino lehen aplikatuko zaie ordu-kredituaren kontrola, eta saldo negatiboa dutenak ezin izango dira otsailean hasi. Aldeko ordu-kreditua dutenak, aldiz, hasi ahal izango dira, eta ez zaie ordu-kredituaren kontrola aplikatuko udako deialdian. Ondorioz, parte hartu ahal izango dute udako deialdian lanorduetan, nahiz eta ordurako ordu-kreditua negatiboa izan.
c) Udan lanorduetan hasten diren ikasle berriei, udako eskaera IVAPen jaso orduko aplikatuko zaie ordu-kredituaren kontrola, eta saldo negatiboa dutenak ezin izango dira udako ikastaroan lanorduetan hasi; udako ikastaroa lanorduetan egin ahal izateko aldeko saldoa izan beharko dute, bestela IVAPek bazter utziko du eskaera.
Hamargarrena.– 4. hizkuntza-eskakizuna prestatzeko ikastaroen berezitasunak.
10.1.– Helburua.
Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetako langileen hizkuntza gaitasunean eragitea eta bultzatzea, 64/2008 Dekretuaren eranskinean azaltzen den C2 mailako gaitasunak lortze aldera.
10.2.– Eskaerak onartzeko baldintzak eta lehentasunak.
Eskatzaileak 3. HE egiaztatuta edo horren baliokidetza erregistratuta izan behar du, eta bere lanpostuaren hizkuntza-eskakizunak 3.a edo 4.a izan behar du.
Lanpostuaren hizkuntza-eskakizuna 1.a edo 2.a den kasuetan, langileek unibertsitate-mailako titulua izan behar dute.
Euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara-maila hizkuntza-tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko den apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuko baldintzak betetzen dituztenek ere parte hartu ahal izango dute 4. HEko ikastaroetan.
Lanpostuan 4. HE ezarrita duten langileek izango dute ikastaroan parte hartzeko lehentasun osoa.
10.3.– Aurrez aurreko ikastaroak administrazioko taldeetan.
Administrazioko taldeek aurrez aurreko ikastaroa egingo dute. Eskolak astean hiru egunetan izango dira: astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan; goizeko 08:00etatik 10:00etara.
Administrazioko taldeak Bilbon, Donostian eta Vitoria-Gasteizen osatuko dira.
Ikastaro hauek 2018ko urriaren 1ean hasiko dira, eta 2019ko maiatzaren 31an amaituko dira. 170 ordu inguruko iraupena izango da.
Ordutegi eta toki berean nahiko ikasle baldin badago, IVAPek taldea osatuko du administrazioko langileekin. Halere, taldea osatzeko ikasle nahikorik ez dagoenean, IVAPek matrikula-orria emango die ikasleei, HABEko 4. mailako ikastaroak ematen dituen edozein euskaltegi homologatutan matrikulatu daitezen.
10.4.– Aurrez aurreko ikastaroa, edo autoikaskuntzakoa, HABEk homologatutako euskaltegietan matrikula-orriarekin.
Euskaltegi batzuek autoikaskuntza modulua ere eskaintzen dute. Hori hautatuz gero, kontuan izan behar da HABEk homologatutako ikastaroa izan behar duela.
Ikastaro horietan matrikula egiteko, IVAPek matrikula-orria emango dio eskatzaile bakoitzari bere zerbitzu-zuzendaritzaren bitartez.
Matrikula-orriaren bitartez eskolatzen den langileak euskaltegiaren egutegia eta ordutegia jarraituko ditu.
Hamaikagarrena.– Ikasleei buruzko informazioa eta datuen babesa.
Euskara ikastaroa kudeatu ahal izateko ezinbestekoa da ikasleei buruzko hainbat datu pertsonal jasotzea, tratatzea, fitxategi batean biltzea eta dagokion sailari / erakundeari lagatzea. Horrela, IVAPek lanorduetan nahiz lanorduz kanpo ari diren ikasleen asistentzia eta ebaluazio datuak jasoko ditu eta sail / erakunde bakoitzari bere ikasleei dagozkienak jakinaraziko dizkio.
Ebazpen honen ondorioz jasoko diren datu pertsonalen tratamendua honako arau hauek xedatutakoaren arabera egingo da: Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa; datu pertsonalak gordetzen dituzten fitxategi automatizatuen segurtasun-neurrien araudia, ekainaren 11ko 994/1999 Errege-dekretuaren bidez onartutakoa, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 (EB) Erregelamendua, datu pertsonalen tratamenduari eta datu hauen zirkulazio askeari dagokienez, pertsona fisikoen babesari buruzkoa dena.
Deialdi honetara biltzen diren langileek onartu egiten dute Ebazpenaren helburua betetzeko jasoko diren datu pertsonalen tratamendua. Beraz, onartu egiten dute IVAPek datuak jasotzea eta dagozkien sailei / erakundeei jakinaraztea, euren asistentziari eta ebaluazioari dagokienez. Onartu egiten dute, era berean, datu-lagapenak egitea Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari, normalkuntza planaren betetze maila ebaluatzeko txostenak egin ditzan (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 6. artikulua). Onartu egiten dute, azkenik, datu-lagapenak egitea Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzeko Erakundeari -HABE- (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren seigarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera).
Ikasleei buruzko datu pertsonalak Datuak Babesteko Agentzian erregistratutako «Funtzionarioak euskalduntzea» izeneko fitxategian egongo dira. Ikasleek fitxategiko datuetara sartzeko, datuok aldatzeko edota deuseztatzeko eskubidea erabili nahi izanez gero, IVAPeko Idazkaritza Nagusira jo dezakete: Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
II. ERANSKINA
BARNETEGIKO IKASTAROAK ETA ADMINISTRAZIOKO TALDEAK
1.1.– Barnetegiko ikastaroak.
Barnetegiko ikastaroak Zornotzako barnetegian eta Lazkaoko Maizpide euskaltegian egin ahal izango dira.
Barnetegiko ikastaroen egutegia nahiz ordutegia euskaltegien eskaintzaren arabera alda daitezke.
IVAPek bere gain hartuko ditu matrikula eta egonaldiaren gastuak.
1.2.– Bost orduko ikastaroak.
Modulu honek egun osoko lan-liberazioa eskatzen du, eskola orduei ikasleak lan pertsonalerako behar duen denbora gehitu beharra dagoelako.
Ikastaroek, betiere, lauhileko iraupena dute. Lehenengo lauhilekoaren iraupena ondorengoa da: urriak 1 – otsailak 15.
Otsailetik aurrera modulu honetan aritu ahal izateko, maiatzeko deialdian izena eman dutenek ere, azaroko deialdian izena eman beharko dute.
Abenduaren 24tik urtarrilaren 1era artekoak, biak barne, ez dira eskola egunak izango.
Modulu honetan hiru ebaluazio egingo dira.
1.3.– Bi orduko ikastaroak.
IVAPeko taldeen ordutegia 08:00-10:00 izango da Bilbon, Donostian eta Vitoria-Gasteizen.
Ordutegi hori eskatu arren talderik osatu ezin denean, IVAPek matrikula-orria emango die ikasleei, nahi duten euskaltegi homologatuan matrikulatzeko, betiere eskatu eta baimendutako moduluan.
IVAPeko taldeen egutegia: 2018ko urriaren 1etik 2019ko maiatzaren 31ra.
Abenduaren 24tik urtarrilaren 6ra artekoak, biak barne, ez dira eskola egunak izango.
Era berean, ez dira eskola egunak izango 2019ko apirilaren 15etik 26ra artekoak, biak barne.
Modulu honetan bi ebaluazio egingo dira.
III. ERANSKINA
MATRIKULA-ORRIAREN BIDEZ FINANTZATUKO DIREN IKASTAROAK
1.1.– Lanorduetako ikastaroak:
1.2.– Lanorduz kanpoko ikastaroak:
1) Aurrez aurreko ikastaroak (1.HE, 2.HE eta 3.HE).
Trinkoak.
2/3 ordukoak.
2) Aurrez aurreko ikastaroak (4.HE).
3) Autoikaskuntza edo lineako ikastaroak.
Ikasturte osokoa: 190 eskola-ordu matrikula bakoitzeko.
4) Udako ikastaroak.
Trinkoak.
Barnetegiak, gutxienez 80 ordukoak