EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-05-11 Aldizkari honetan argitaratua: 2018090

90/2018 EBAZPENA, maiatzaren 3koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitaratzen baita Gobernu Kontseiluak hartutako erabaki bat. Erabaki horren bidez indarrik gabe uzten da Ermuko (Bizkaia) Ureta zg. Industrialdeko Tenneco Automotive Iberica S.A. Enpresaren instalazioetako kanpoko larrialdietako plana.

Xedapenaren zenbakia: 201800090
Xedapenaren data: 2018-05-03
Hurrenkenaren zenbakia: 201802521
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2011/02/10rean argitaratutako 2011/01/20ko 201100003 EBAZPENA

2018ko maiatzaren 2an egindako bileran, Gobernu Kontseiluak honako erabaki hau hartu zuen: Tenneco Automotive Iberica S.A. enpresaren (Ureta industrialdea z/g, Ermua, Bizkaia) instalazioetako kanpoko larrialdietako plana indarrik gabe uztea. Horri beharrezko publikotasuna emateko, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Tenneco Automotive Iberica S.A. enpresaren (Ureta industrialdea z/g, Ermua, Bizkaia) instalazioetako kanpoko larrialdietako plana indarrik gabe uzten duen erabakia, Izan ere, enpresa horrek ez dauka kanpoko larrialdietako plan bat izateko betebeharrik. Eranskinean dago jasota erabaki hori.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 3a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 3KO 90/2018 EBAZPENARENA
GOBERNU KONTSEILUAREN ERABAKIA, ZEINAREN BIDEZ INDARRIK GABE UZTEN BAITA TENNECO AUTOMOTIVE IBERICA S.A. ENPRESAKO INSTALAZIOEN KANPOKO LARRIALDIETAKO PLANA –URETA INDUSTRIALDEA Z/G, ERMUA (BIZKAIA)–
Babes zibilaren arloan, Estatuko araudi oinarrizkoa honako hauek osatzen dute: Babes Zibilaren Sistema Nazionalaren uztailaren 9ko 17/2015 Legea, irailaren 21eko 840/2015 Errege Dekretuaz garatua, zeinak istripu larrietan gai arriskutsuak tarteko direnean sortzen diren arriskuak kontrolatzeko neurriak onartzen baititu; eta 1196/2003 Errege Dekretua, irailaren 19koa, gai arriskutsuak tarteko diren istripu larrietako arriskuen aurreko kontrola eta planifikazioa egiteko babes zibileko oinarrizko jarraibidea onartzen duena. Araudi horrek aurreikusten du babes zibileko larrialdia sor lezaketen jardueren katalogo ofizial bat, eta, bestalde, halako jarduerak burutzen dituzten enpresei –enpresa horiek goragoko mailako establezimenduen kalifikazioa dute, euren instalazioetan dauden substantzia arriskutsuen tona-kopurua dela-eta– KLPa izateko obligazioa ezartzen die, izan litezkeen istripu larrien ondorioak aurreikusi eta arintzeko, aldez aurretik haiek aztertu, sailkatu eta ebaluatuta. Aipatutako KLP horretan, finkatu egin beharko dira babes neurri egokiak, behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak eta esku hartuko luketen agintaritza, organo eta zerbitzuak koordinatzeko eskema.
Tenneco Automotive Iberica S.A. enpresaren instalazioei –Ureta industrialdea z/g, Ermua, Bizkaia– KLP bat jarri zitzaien, zeina Gobernu Kontseiluaren erabakiz onartu baitzen 2011ko urtarrilaren 18an (2011ko otsailaren 11ko EHAA, 28. zk.). Izan ere, babes zibilaren arloan orduan indarrean zegoen araudiaren eraginpekoa zen enpresa hori (1254/1999 Errege Dekretua, uztailaren 16koa, eta horren aldaketak; 119/2005 Errege Dekretua, eta 948/2005 Errege Dekretua).
Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko organo eskudunak eginiko jakinarazpenaren arabera, enpresa horrek hainbat neurri ezarri ditu biltegiratze-instalazioetan, eta, neurri horiez gain, erosketa-politika bat ere ezarri du. Horien guztien ondorioz, establezimendua dagoeneko ez dago istripu larrien araudiaren eraginpean (gaur egun, 840/2015 Errege Dekretua, irailaren 21ekoa, istripu larrietan gai arriskutsuak tarteko direnean sortzen diren arriskuak kontrolatzeko neurriei buruzkoa). Horrenbestez, enpresa hori ez dago behartuta kanpoko larrialdietako plan bat izatera.
Horregatik guztiagatik, Segurtasuneko sailburuak proposatuta, eta aurrez eztabaidatu ondoren, Gobernu Kontseiluak hau erabaki du:
ERABAKIA
«Lehena.– Indarrik gabe uztea Tenneco Automotive Iberica S.A. enpresaren (Ureta industrialdea z/g, Ermua, Bizkaia) instalazioetako kanpoko larrialdietako plana, zeina Gobernu Kontseiluaren erabakiz onartu baitzen 2011ko urtarrilaren 18ko saioan. Izan ere, enpresa hori dagoeneko ez dago behartuta kanpoko larrialdietako plan bat izatera.
Bigarrena.– Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzak erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua emango du».