EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-05-10 Aldizkari honetan argitaratua: 2018089

AGINDUA, 2018ko maiatzaren 3koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2018. urtean Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietako liburu-funtsak berritu edo/eta handitzeko diru-laguntzak emateko modua arautzen duena.

Xedapenaren data: 2018-05-03
Hurrenkenaren zenbakia: 201802499
Maila: Agindua
Euskadiko liburutegiei buruzko urriaren 26ko 11/2007 Legearen indarrez, Eusko Jaurlaritzan kulturaren alorreko eskumena duen sailari dagokio urtez urte bere aurrekontuetan funtsak handitzeko laguntza-programak ezartzea.
Era berean, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio liburutegien alorreko eskumenak, horixe xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 14.1.c) artikuluan.
Horiez gain, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 82/2017 Dekretuaren arabera, Liburutegi Zerbitzuaren eskumena da Euskadiko Liburutegien Sistema Nazionalari dagozkion egitekoak garatu eta gauzatzea.
Araudi horrekin bat etorriz, Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko Irakurketa Sare Publikoaren barruan dauden liburutegietako titularrekin batera, bere gain hartu du liburutegi horiek funtsez hornitzeko ardura, Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan erabiltzaileen beharrei behar bezala erantzuteko, betiere.
Agindu hau, halaber, sartuta dago sailak 2018-2020 aldirako duen Diru-laguntzen Plan Estrategikoan, zeina onartu baitzen Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2018ko urtarrilaren 31ko Aginduaren bidez.
Hori guztia kontuan hartuta, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietako liburu-funtsak hornitu edo/eta berritzeko diru-laguntzak emateko modua arautzea 2018ko ekitaldirako.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Agindu honen bidez araututako diru-laguntzetarako 670.000.00 euro erabiliko dira, gehienez.
2.– Zenbateko globala honela banakatuko da:
a) 50.000.00 euro, gehienez, liburutegi sortu berrietarako diren funts-sortetarako.
b) 620.000.00 euro, lehendik dauden liburu-funtsak berritzeko.
3.– Liburutegi sortu berrietarako diren funts-sortetarako zenbatekoa agortzen ez bada, lehendik dauden liburu-funtsak berritzeko erabiliko da diru hori edo soberakina.
3. artikulua.– Izapidetzea.
1.– Erakunde interesdunek bitarteko elektronikoak bakarrik erabiliz egin beharko dituzte eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.
2.– Honako egoitza elektroniko honetan zehazten da nola izapidetu eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/liburutegi-funtsak/web01-ejeduki/eu/
3.– Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira: https://www.euskadi.net/nirekudeaketak
4. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Agindu honetan ezarritako diru-laguntzen onuradun izan daitezke liburutegi publikoen titular diren Euskal Autonomia Erkidegoko udalak, toki-erakunde eskudunak eta udal-liburutegi publikoen arloko zereginak esleituta dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko udal-erakundeak.
Udalerri bakoitzean onuradun bat egon daiteke. Beraz, udalerri batean eskaera bat baino gehiago badago, udalaren eskaerak lehentasuna izango du gainerako erakunde eskatzaileen aurretik.
Eskatzaile bat baino gehiago badago eta horietako bat ere ez bada udala, liburutegi gehien kudeatzen duen erakundeak izango du lehentasuna. Azken kasu horretan, erakunde eskatzaileek liburutegi-kopuru bera kudeatzen badute, liburu-funtsen kopuru handiena duenak izango du lehentasuna.
2.– Ezingo dute diru-laguntzarik eskatu laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalen bat duten erakundeek, ezta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekuren bat dutenek ere.
Halaber, ezingo dute agindu honetako diru­laguntzarik eskatu, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean, sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik duten pertsona juridikoek, ezta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen indarrez jarritako isunen ondorioz debekua dutenek ere.
3.– Zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak beteta izatea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluko e) hizkian jasota dagoen bezala, eta diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak ere ordainduta izatea, aipatutako legearen 13.2 artikuluko g) hizkian jasotakoaren eta, oro har, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 13. artikuluaren arabera. Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du hori guztia, eskatzaileei baimena eskatu beharrik izan gabe. Hala ere, eskatzaileak espresuki uka dezake horretarako baimena, eta, hala egiten baldin badu, aipatutako egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.
4.– Eskakizun hauek ere nahitaez bete behar dira.
1) Liburutegi sortu berrietarako funts-sortak erosteko diru-laguntzetarako:
a) Erakunde eskatzaileak 2018an partida ekonomiko propio bat izatea edo 2017an izan izana, liburutegi sortu berria funtsez hornitzeko, edo 2018an diru-ekarpen hori egiteko konpromisoa hartzea. Partida horren gutxieneko kopurua agindu honen 11. artikuluaren arabera bere biztanle-taldeari dagokion kopuruaren 2/3 adinakoa izango da.
b) Diru-laguntza jasoko du(t)en liburutegia(k) Euskadiko Irakurketa Sare Publikoaren barruan sartuta egotea eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako.
c) Liburutegi horiek sortuak izatea eta jardunean egotea 2017ko urtarrilaren 1etik agindu honetan eskabideak aurkezteko ezarritako azken egunera bitartean, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskutik helburu horretarako beste inolako diru­laguntzarik jaso ez badute.
d) Liburutegi sortu berriak izatea, eta ez lehendik zirenak eta berriz zabaldu direnak.
e) Liburutegi berriak etengabe jardunean izatea, eta ez aldizkako zerbitzu bereziak izatea edo aldian behingo ekitaldietarako sortuak.
2) Lehendik dauden liburutegietako funtsak berritzeko diru-laguntzetarako:
a) Entitate eskatzaileak 2018an partida ekonomiko propio bat izatea liburu-funtsak berritzeko, edo 2018an diru-ekarpen hori egiteko konpromisoa hartzea. Partida horren gutxieneko kopurua agindu honen 11. artikuluaren arabera bere biztanle-taldeari dagokion kopuruaren 2/3 adinakoa izango da.
b) Diru-laguntza jasoko duten liburutegiak Euskadiko Irakurketa Sare Publikoaren barruan sartuta egotea.
c) Eskaera aurkezten den egunean liburutegi hori(ek) jardunean egotea.
5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduera eta gastuak.
Diruz lagundu ahal izango dira liburuak, aldizkako argitalpenak, soinu-materialak eta ikus-entzunezkoak erostea, eta Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietako liburu-funtsen katalogokoak izatera pasako dira.
Diru-laguntza horiek honako funts hauek erosteko diru-ekarpenak izango dira:
1.– Liburutegi sortu berrietarako diren funts-sortak eskuratzeko.
2.– Lehendik dauden liburutegietako funtsak berritzeko.
Bi kasuetan, gutxienez diru-laguntzaren % 25 euskaraz argitaratutako obrak erosteko erabili behar da nahitaez.
Diruz lagundu daitezkeen gastuak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakora egokituko dira. Zehazki, egindako gastutzat hartuko dira justifikatzeko epea amaitu aurretik egiazki ordaindu direnak. Halaber, diruz lagundu daitezkeen gastuen zenbatekoak gainditzen baditu Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean ezarritako zenbatekoak, onuradunak hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29.2 artikuluan xedatutakoarekin bat, diru-laguntza jaso duen jardueraren % 100 arte azpikontratatu ahal izango du onuradunak.
6. artikulua.– Erakunde eskatzaileen betebeharrak eta eskakizunak egiaztatzea.
1.– Erakunde eskatzaileek eskabideetan beren-beregi adierazi ahal izango dute baimena ematen diotela organo kudeatzaileari datu edo agiri guztiak eskuratu edo egiaztatzeko, Administrazio Publikoak dituen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenei kalterik egin gabe, betiere.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikulua betez, erantzukizunpeko adierazpen bat sartu beharko da eskabidean, honako betebehar hauek egiaztatzeko:
● Helburu bererako beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako diru-laguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskatuz gero eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri ematea.
● Diru-laguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen duen lege-debekuren baten eraginpean ez egotea, ezta sexu-bazterkeriagatik zigortuta ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoaren arabera.
● Halaber, erakunde eskatzaileak adierazi behar du egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako agirietan agertzen diren datuak eta betetzen dituela diru-laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.
3.– Eskabidea legez eratutako toki-erakundeek edo liburutegi publikoen arloan eskumena dutenek egiten badute, beren helburuen artean liburutegi publikoaren zerbitzua edo eskumena elkarrekin kudeatzea dagoela egiaztatu beharko dute agirien bidez.
Eusko Jaurlaritzak lehendik baldin badauka agiri hori, eskatzaileak ez du zertan berriro aurkeztu, baina zer prozeduratan eta zer organori aurkeztu zion adierazi beharko du.
7. artikulua.– Eskabideak eta formularioak aurkeztea.
a) Agindu honetan jasotako diru-laguntzen eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Eskabideak aurkezteko, bide elektronikoa erabiliko da, zehazki, agindu honen 3. artikuluan adierazitako egoitza elektronikoa.
Entitate eskatzaileek eskabidea eta agiriak euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten eran. Halaber, erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza erabiliko da prozedura osoan, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.
8. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.
Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio agindu honen bidez araututako diru-laguntzak kudeatzeko egin beharrekoak egitea.
9. artikulua.– Akatsak zuzentzea.
Eskabidea izapidetara onartzeko eskatzen diren agiri batzuk falta direla edo horietan forma-akatsak daudela ikusiz gero, edo eskabidea balioesteko aurkeztutako agirietan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari huts-egitea konpontzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko, eta jakinaraziko zaio hori egiten ez badu haren eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela ulertuko dela; betiere, aurrez dagokion ebazpena emango da.
Erakunde eskatzaileren batek eskabidea presentzialki aurkezten badu ere, zuzenketak aurkezpen elektronikoaren bidez egiteko eskatuko zaio. Horretarako, zuzenketa egin zeneko eguna hartuko da eskabidearen aurkezpen-eguntzat.
10. artikulua.– Eskabideen ebaluazioa.
Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzea. Era berean, zuzendaritza horrek osatuko du ebazpen-proposamena, eta, ondoren, Kulturako sailburuordeari igorriko dio. Proposamen horretan zehaztuko dira, hala badagokio, erakunde onuradun bakoitzari egokitutako diru-kopurua eta emandako diru-laguntzak modu egokian erabiliko direla ziurtatzeko ongi iritzitako baldintza guztiak.
11. artikulua.– Diru­laguntzen zenbatekoa zehazteko prozesua eta zenbatekoen mugak.
Agindu honen 2. artikuluan zehaztutako laguntza-ildo bakoitzaren diru-baliabideak laguntzak eskuratu ahal izateko ezarritako eskakizun eta baldintza guztiak betetzen dituzten eskatzaileen artean banatuko dira.
1.– Liburutegi sortu berrietarako funts-sortak eskuratzeko diru-laguntzaren zenbatekoa finkatzea.
Liburutegi sortu berrien funts-sortei dagokien lerroan hasiko da banaketa, eta ondoren azaltzen diren zenbatekoak esleituko dira, biztanleria-irizpidearekin landutako taldeen inguruan, hemen ezarri bezala:
Biztanleen kopuruak ez die nahitaez erakunde onuradunaren udalerriko biztanle guztiei erreferentzia egiten, baizik eta diruz lagundu nahi d(ir)en liburutegi(ar)en eragin-eremuko biztanleei.
Agindu honen 2.2.a) artikuluan adierazitako zenbatekoa nahikoa bada horrela kalkulatutako zenbatekoak ordaintzeko, kopuru horien arabera banatuko dira diru-laguntzak, eta, soberakinik geratzen bada, funts bibliografikoak berritzeko laguntzetara bideratuko da.
Kalkulatutako kopuruen batura orokorrak banatzeko dagoen zuzkidura gainditzen bada, kopuru horien zenbatekoa proportzionalki murriztuko da, laguntzen bolumen osoak zuzkidura horrekin bat egin arte.
2.– Ondoren banatuko da liburutegiko funtsak berritzera bideratutako diru-laguntzen lerroari dagokion zuzkidura.
a) Dauden diru-baliabideak agindu honetan ezarritako eskakizun eta baldintza guztiak betetzen dituzten erakunde eskatzaileen artean banatuko dira.
b) Eskatzaile bakoitzari eman beharreko kopuru zehatza zehazteko, biztanleria-irizpidea aplikatuko da.
c) Banatu beharreko diru-kopurua zehazteko, honako irizpide hau erabiliko da:
Biztanleria-irizpidea: erakunde onuradunaren udalerriak zenbat biztanle dituen hartuko da kontuan. Horretarako, biztanleen araberako multzoak egongo dira, eta indize homologatu batzuk eta indize zuzentzaile batzuk aplikatuko zaizkie; zenbat eta biztanle gutxiago izan onuradunek, hainbat eta handiagoak izango dira indize zuzentzaileak.
● Biztanleria homologatua (P)
Herri guztiak biztanle-kopuruaren arabera sailkatzen dira, eta, horrela, herrien P balore homologatua lortzen, sailkapen honen arabera:
Adibideak: 3.248 biztanle dituen udalerri bat 4.000 dituenarekin parekatuko da, eta 54.949 biztanle dituen beste bat 60.000 dituenarekin.
● Indize zuzentzailea (IZ)
Honako koefiziente zuzentzaile hau ezarriko da:
d) Formula.
Formula hau aplikatuta kalkulatuko da diru-laguntza:
● Diru-laguntza = DK * B / BB
● Faktoreak:
○ DK: agindu honetara bideratutako baliabide ekonomikoak, liburu-funtsak berritzera bideratutakoak, gehi, hala badagokio, liburutegi sortu berrientzako zuzkiduratik agortu gabeak.
○ B: onuradun bakoitzari dagokion balorea, hau da, eskatzaile bakoitzaren P eta IZ faktoreen biderkadura.
○ BB: onuradun guztien B baloreen batuketa.
Formula hori aplikatzetik ateratzen den kopurua izango da diru-laguntzaren gehieneko muga, eta, gainera, ezin izango da inola ere izan erakunde eskatzaileak xede honetarako bideratutako baliabide propioen % 150 baino handiagoa izan, ezta 150.000,00 euro baino handiagoa ere. Beraz, ondoren aurreikusitako irizpideen arabera kalkulatutako hasierako zenbatekoa handiagoa bada adierazitako muga horiek baino, baimendutako mugetaraino murriztuko da kopuru hori.
Murrizketen ondorio den soberakinaren kopuru orokorra murrizketek eragin ez dieten gainerako eskaeren artean banatuko da, aipatutako formula aplikatuz, eta ateratzen diren kopuruak aurretik lortutakoei gehituko zaizkie. Soberakinak banatzeko eragiketa hori behar adina aldiz egingo da, zuzkidura agortu arte, hala dagokionean, edo horrela zehaztutako diru-laguntza guztien zenbatekoak baimendutako gehienekoetara iritsi arte.
3.– Azken diru-laguntza ez da inolaz ere egindako gastu guztiaren % 60 baino handiagoa izango. Diru­laguntza justifikatzeko eta likidatzeko agirietan ikusten bada baldintza hori ez dela betetzen, diru-laguntza murriztuko da behar den heineraino.
Orobat, Diru-laguntzen Lege Orokorraren 29. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.
12. artikulua.– Bateragarritasunak.
Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko edo pribaturen batek helburu bererako emandako diru-laguntza, laguntza, sarrera edo baliabideekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Halakorik gertatuz gero, emandako diru-laguntza dagokion gehienezko mugaraino murriztuko da.
13. artikulua.– Ebazpenak, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazpen-modua eta publizitate-prozedura.
1.– Kulturako sailburuordeari dagokio, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak egindako ebazpen­proposamena ikusita, deialdi honetan liburu-funtsak eskuratu eta berritzeko eskatutako diru-laguntzei buruzko ebazpenak ematea. Ebazpen horietan honako informazio hau adieraziko da: eskatutako diru-laguntza ematea, ukatzea eta, hala badagokio, ez onartzea; ematen bada, erakunde onuradunaren izen soziala eta emandako diru-laguntzaren zenbatekoa. Onartzen ez direnen kasuan, eskatzaileen izena edo izen soziala eta ukoa arrazoitzen duten zergatiak azalduko dira.
2.– Hartutako ebazpenak bide elektronikoz jakinaraziko zaizkie erakunde interesdunei eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira. Errekurtsoak aurkezteko kontuan hartu beharreko data, lehenik egiten den jakinarazpen edo argitalpenarena izango da.
3.– Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez du administrazio-bidea agortzen, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
4.– Prozedura ebazteko eta ebazpena pertsona interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilekoa izango da, deialdiaren agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera; epea igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, diru-laguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan xedatutako ondorioetarako.
5.– Aurreko paragrafoan esandakoa gorabehera, agindu honen 9. artikuluan xedatutakoa aplikatu behar bada, ebazpena emateko epea eten egingo da izapide horrek eskatzen duen bezainbat denboraz, jakinarazpena jaso eta horri erantzuteko epearen arabera.
14. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituzten erakunde onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:
a) Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, diru-laguntza eman zaiela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost egun balioduneko epean ez badiote diru-laguntzari espresuki uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da.
b) Jarduera aurrera eramatea, edo diru-laguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.
c) Diru-laguntza eman duen erakundeari justifikatzea emate hori eragin duten edo laguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak betetzen direla eta jarduera bera aurrera eraman dela.
d) Laguntza eman duen erakundeak egiten dituen egiaztapenen mende eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak burutzen duen ikuskaritzaren mende egotea, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratzen diren laguntza edo diru-laguntzei dagokienez, eta, gainera, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziko neurrien mende ere egotea.
e) Beste edozein administraziok, erakunde publikok edo pribatuk helburu bererako emandako diru-laguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea diru-laguntza eman duen erakundeari.
f) Diru-laguntza jasotzeko kontuan hartu zen edozein egoera objektiboren edo subjektiboren aldaketa oro jakinaraztea diru-laguntza eman duen erakundeari.
g) Beste erakunde publiko zein pribatu batzuei xede berarekin diru-laguntzarik eskatu bazaie eta agindu honetan arautzen diren diru-laguntzetarako eskabidea egiteko unean erabakitzeke bazeuden edo haien egoeraren berririk ez bazen, laguntza horien egoera zein den adieraztea.
h) Sexismorik gabeko hizkera erabiltzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak agintzen duenari jarraituz. Gizon eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez dagoela bermatzea.
i) Laguntza zertarako eman den, hartarako erabiltzea.
j) Oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotakoak.
k) Laguntza hauek jasotzen dituen onuraduna behartuta dago liburutegi informatizatuetako katalogoak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren esku jartzera, Euskadiko Katalogo Kolektiboan (Bilgunea) sar daitezen eta, horrela, herritarrek bertan eskuragarri dauden funtsen berri izan dezaten.
15. artikulua.– Justifikazioa, likidazioa eta ordainketa.
1.– Diru-laguntzak ordainketa bakar batean emango dira, aurreko paragrafoetan jasotakoaren arabera laguntza horiek justifikatu ondoren.
2.– Bide telematikoen bidez baino ez dira aurkeztuko diru-laguntza justifikatzeko agiriak, 2019ko urtarrilaren 15a baino lehen.
3.– Betiere, Diru-laguntzen Lege Orokorraren 30. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.
4.– Diru-laguntzak justifikatzeko agirien artean, kontu-hartzailearen edo idazkari kontu-hartzailearen egiaztagiria aurkeztu beharko da, eta honako informazio hau duela: egindako gastuak eta, halakorik balego, helburu bererako jasotako diru-laguntza, laguntza, sarrera edo baliabideen zerrenda. Helbide honetan dago eskuragarri egiaztagiri horren eredua: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2018/fondos-bibliotecas/web01-ejeduki/es/ Aurkeztu beharko dira, halaber, froga balio bera duten ordainagiri eta dokumentuak, egindako gastuak egiaztatuko dutenak.
Aurkeztutako agiriak jaso eta aztertuta edo epe hori igarota, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak aginduko du diru-laguntza ordaintzea, eta, hala behar denetan, minorazio bat egitea, likidatzeko ebazpen-proposamena egingo dio Kulturako sailburuordeari, zeinari baitagokio ebazpena ematea bi hilabeteko epean justifikazioak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik aurrera.
16. artikulua.– Ez-betetzeak.
Hauek izango dira ez-betetzeak:
a) Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.
b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza emateko ebazpenean adierazitako baldintzak ez betetzea.
c) Hala badagokio, diru-laguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa ez itzultzea dagokion epean.
d) Diru-laguntzen arloan aplikatu daitekeen beste xedapen batek orokorrean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea; batik bat, Diru Laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan xedatutakoak.
Ez-betetzeren bat gertatuz gero, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio jasotako zenbatekoak –osorik edo partez– eta berandutze-interesak, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 37.2 artikuluarekin bat etorriz, eta honako xedapen hauetan xedatutakoa betez: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horien itzulketei buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Ondarearen Zuzendaritzak jakinarazten du emandako datuak eta diru-laguntzen deialdi honetako eskabidean eta fitxategietan agertzen direnak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko abenduaren 2ko Aginduaren bidez araututako Kultura Ondarearen Laguntzak eta Diru-laguntzak izeneko fitxategi batean sartuko direla. Agindu horren bidez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko (hizkuntza-politikaren, kulturaren eta gizarte-hedabideen arloetako) datu pertsonalen fitxategiak arautzen dira. Fitxategi horren helburua da diru-laguntzen deialdi hau eta horrekin zerikusia duten bestelako administrazio-prozedura edo -espedienteak kudeatzea. Datuak Babesteko Euskal Bulegoari aurretik eman zaio fitxategi horren berri, eta baditu datuen segurtasun osoa bermatzeko beharrezko diren segurtasun-neurriak; datu horiek ez zaizkie hirugarrenei jakinaraziko, legez agindutako kasuetan izan ezik.
Datu pertsonalak babesteari buruzko arautegiarekin bat etorrita, datu horiek eskuratzeko, ezerezteko, zuzentzeko eta aurka egiteko aukera dute interesdunek, halaxe onartzen baitu beren-beregi Datu Pertsonalak Babesteko Legeak. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Zerbitzu Zuzendaritzara jo beharko dute (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
Era berean, emandako diru-laguntzak EHAAn argitaratuko direla jakinarazten zaie eskabideak egiten dituztenei.
AZKEN XEDAPENETAtik LEHENENGOA
Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari hilabeteko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan bi hileko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 3a.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.