EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-05-10 Aldizkari honetan argitaratua: 2018089

84/2018 EBAZPENA, apirilaren 23koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitaratzea EAEko Administrazio Orokorraren, Euskal Trenbide Sarearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren artean sinatutako lankidetza-hitzarmenaren 2. gehigarria –lankidetza-hitzarmena aldatzeko eta bigarrenez luzatzeko erabakia–, Bilboko Hiri Trenbidearen 3. linearen (Etxebarri-Matiko linea) eraikuntza-lanekin eta finantzaketarekin jarraitzeko; lankidetza-hitzarmen hori 2013ko abenduaren 27koa da.

Xedapenaren zenbakia: 201800084
Xedapenaren data: 2018-04-23
Hurrenkenaren zenbakia: 201802497
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2017/03/06an argitaratutako 2017/02/21eko 201700033 EBAZPENA

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrarekin sinatu da aipatutako gehigarria, eta, behar duen publikotasuna emateko, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea EAEko Administrazio Orokorraren, Euskal Trenbide Sarearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren artean sinatutako lankidetza-hitzarmenaren 2. gehigarriaren testua –lankidetza-hitzarmena aldatzeko eta bigarrenez luzatzeko erabakia–, Bilboko Hiri Trenbidearen 3. linearen (Etxebarri-Matiko linea) eraikuntza-lanekin eta finantzaketarekin jarraitzeko; lankidetza-hitzarmen hori 2013ko abenduaren 27koa da. Gehigarri hori ebazpen honen eranskinean dago jasota.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko apirilaren 23a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN APIRILAREN 23KO 84/2018 EBAZPENARENA
2. GEHIGARRIA. EAE-KO ADMINISTRAZIO OROKORRAK, EUSKAL TRENBIDE SAREAK ETA BIZKAIKO FORU ALDUNDIAK BILBOKO HIRI-TRENBIDEAREN 3. LINEA (ETXEBARRI-MATIKO LINEA) ERAIKITZEN JARRAITZEKO ETA FINANTZATZEKO 2013KO ABENDUAREN 27AN IZENPETUTAKO LANKIDETZA-HITZARMENA ALDATZEKO ETA BIGARRENEZ LUZATZEKO ERABAKIA
Bilbon, 2017ko abenduaren 27an.
HONAKO HAUEK BILDU DIRA:
Alde batetik, Pedro María Azpiazu Uriarte jauna eta María Aranzazu Tapia Otaegui andrea,
Eta, bestetik, Unai Rementeria Maiz jauna
ESKU HARTU DUTE:
Lehenak, Ogasun eta Ekonomiako sailburua denez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkari moduan, horretarako baimena baitu Gobernu Kontseiluak 2017ko abenduaren 26ko bilkuran hartutako erabaki bidez; bigarrenak, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua denez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkari moduan, horretarako baimena baitu Gobernu Kontseiluak 2017ko abenduaren 26ko bilkuran hartutako erabaki bidez, bai eta, bestalde, Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoko presidente moduan ere, horretarako baimena baitu Administrazio Kontseiluak urriaren 18ko bilkuran hartutako erabaki bidez.
Hirugarrenak, Bizkaiko ahaldun nagusi moduan, Bizkaiko Lurralde Historikoko Foru Erakundeen aukeraketari, antolakuntzari, araubideari eta funtzionamenduari buruzko otsailaren 13ko 3/1987 Foru Arauaren 23.1 artikuluak emandako eskumenetan oinarrituta.
Aldeek parte hartzen duten kontzeptuan aritzeko behar den lege gaitasuna aitortzen diote elkarri, eta hau
ADIERAZTEN DUTE:
I.– 2013ko abenduaren 27an «Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko Lankidetza Hitzarmena, Bilboko hiri-trenbidearen 3. linearen (Etxebarri-Matiko linea) eraikuntza-lanekin eta finantzaketarekin jarraitzeko» sinatu zen lehen aipatutako aldeen artean. 2016ko ekitaldira arte aldeek zituzten aurrekontu-konpromisoak jasotzen zituen hitzarmen horrek.
II.– Bertan adierazten denez, hitzarmenaren xedea da «Bilboko Hiri Trenbidearen 3. linea (Etxebarri-Matiko linea) finantzatzeko eta eraikitzeko eta dagoen sisteman txertatzeko terminoak ezartzea».
III.– Hitzarmen horretan aurreikusten zen finantzaketak, laugarren klausularen arabera, amaituta egon beharko zukeela 2016ko aurrekontu-ekitaldirako, baina lanak egitean izandako atzerapenen ondorioz, 2017ko ekitaldian luzatu behar izan zen, eta, beraz, finantzaketa-aldiak berregokitu egin behar izan ziren Plan Ekonomikoaren arabera.
IV.– Hala ere, lanetan atzerapenak gertatzen ari direnez, finantzaketa berriz ere luzatu behar da 2018ko eta 2019ko aldietan, eta, beraz, finantzaketa-aldiak berregokitu egin behar dira hitzarmen honen eranskineko plan ekonomikoaren arabera.
V.– Alde sinatzaileek erabaki dute hartutako konpromisoak aldi batez aldatzea eta zabaltzea, 2017ko ekitaldian bukatu ez ziren kontratazio- eta desjabetze-espedienteei erantzuteko.
VI.– Lehen aipatutako hitzarmeneko laugarren klausulan jasotakoaren arabera, 3. linearen finantzaketa guztira 279.467.379 eurokoa zen, eta zenbateko hori erdi bana finantzatu behar zuten Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, baina zenbatekoa aldatu egin behar da, 2018ko eta 2019ko ekitaldietan guztiz burutzeko hitzarmenean jasotako lan guztiak. Zenbateko berria, hain zuzen, 276.624.336 eurokoa da, eranskin moduan gehitutako ekonomia- eta finantza-planaren arabera.
Horrenbestez, parte hartzen duten administrazioek hitzarmen hau taxutu dute, honako klausula hauetan oinarrituta:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Orain sinatzen duten aldeek «EAEko Administrazio Orokorraren, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko Lankidetza Hitzarmena, Bilboko hiri-trenbidearen 3. linearen (Etxebarri-Matiko linea) eraikuntza-lanekin eta finantzaketarekin jarraitzeko» sinatu zuten 2013ko abenduaren 27an, eta hitzarmen horren indarraldia luzatu egiten da.
Bigarrena.– Euskal Trenbide Sarea, egun, honako tarte hauetan egiten ari da Metroaren 3. lineako lanak: (i) San Antonio Etxebarri obra (ii) Alde Zaharreko geltokiko obra, instalazio-kontratuekin batera.
Tarte horiek beren egikaritze-epea dute, eta 2018an edo 2019an amaituko dira.
Hirugarrena.– 2018ko eta 2019ko ekitaldiei dagokienez egindako kalkuluen arabera, finantzaketa-beharrak 1.080.000 eurorenak izango dira, gaur egun abiatuta dauden lanak finantzatzeko, hitzarmen honen eranskineko plan ekonomikoaren arabera finantzatu ere.
Laugarrena.– Bizkaiko Foru Aldundiak egin beharreko ordainketak obra-ziurtagirien kopia bidali ondoren gauzatuko dira, eta ordainketak 2013ko abenduaren 27an sinatutako hitzarmenean jasotako baldintzen arabera eta moduan egingo dira.
Bosgarrena.– Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareak konpromisoa hartzen du beharrezkoak diren lanak gauzatzen eta zuzentzen jarraitzeko, 3. linea gauzatzeko obren proiektu eraldatuak edo osagarriak eginez eta onartuz, bai eta dagozkien prezioen berrikuspenak ere, egindakoari buruzko informazioa bidaliz eta eragin ekonomikoa duten gertakizunen berri emanez sinatu duten alderdiei, 2013ko abenduaren 27an sinatutako hitzarmenean aurreikusten diren nondik norako eta modu eta baldintza berberetan.
Eragin ekonomikoa izan dezakeen edozein aldaketa onartu aurretik, Euskal Trenbide Sareak aldaketa finantzatzeko behar adina kreditu dagoela ziurtatuko du.
Seigarrena.– 2013ko abenduaren 27an sinatu zen lankidetza-hitzarmeneko gainerako klausulek, eranskin honen aurretiazko klausulen edukiaren kontra ez badaude, modu berean jarraituko dute, eta guztiak ere aplikagarri izango dira obrak amaitu arte.
Eta adostasunaren froga gisa, bertaratuek hitzarmenaren hiru ale sinatzen dituzte, goiburuan adierazten diren lekuan eta egunean.
Ogasun eta Ekonomiako sailburua,
PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua eta Euskal Trenbide Sarea Erakunde Publikoko presidentea,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
Bizkaiko ahaldun nagusia,
UNAI REMENTERIA MAIZ.