EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-05-09 Aldizkari honetan argitaratua: 2018088

EBAZPENA, 2018ko apirilaren 12koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-txosten estrategikoa egiten baita Sestaoko Txabarri-El Sol birgaitze integratuko areako Birgaitze Plan Berezi Integratuaren 4. aldaketari buruz.

Xedapenaren data: 2018-04-12
Hurrenkenaren zenbakia: 201802475
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2017/09/25ean argitaratutako 2017/09/18ko IRAGARPENA [201704600]

AURREKARIAK
Sestaoko Udalak egindako eskaerari erantzunez, 2017ko irailaren 28an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan aurreikusitako kontsulta izapidea abian jarri zuen, hainbat erakunderi eskatuz egoki irizten dituen eta honako ingurumen-organo honek dagokion ingurumen-txosten estrategikoa egiteko oinarri izan ditzakeen oharrak egiteko.
Zehazki, kontsulta egin zitzaien Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari, Ihobe SA Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikori –hirurak Eusko Jaurlaritzarenak–, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari eta interesduntzat jotako Bizkaiko Ekologistak Martxan elkarteari.
Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumen-arloan egoki iritzitako oharrak egin zitzan.
Behin ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Zuzendaritzaren eta Ihobe SA Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren txostenak jaso dira.
Eragindako administrazio publikoei eta herritar interesdunei galdegindako kontsultaren tramitearen emaitza ebazpen honetako I. eranskinean jasotzen da.
2018ko otsailaren 8an, Sestaoko Udalak Sestaoko Txabarri-El Sol birgaitze integratuko areako Birgaitze Plan Berezi Integratuaren 4. aldaketaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura hasteko eskaera bete zuen (aurrerantzean, Plana). Eskaeraren prozedura honako lege hauek arautzen dute: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; eta 3/1998 Legea, otsailaren 27koa, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko lege orokorra.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.
Era berean, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-eraginaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan xedatuta dago zer planek eta programak jaso behar duten ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua.
Aipatu 6.2 artikuluan zehazten dira, besteak beste, zeintzuk pasa behar diren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatu batetik (zeinaren prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen baita), etorkizunean proiektuak baimentzeko esparrua ezartzen duten planak eta programak izanik, 6.1 artikuluan aipatutako betekizunak betetzen ez badituzte.
Dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren arabera) ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak Sestaoko Txabarri-El Sol birgaitze integratuko areako Birgaitze Plan Berezi Integratuaren 4. aldaketa proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak.
Xedapen hauek ikusi dira: Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioaren abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretua; Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 9ko 196/2013 Dekretua; urriaren 1eko 39/2015 Legearen hirugarren xedapen iragankorra, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea, baita aplikatzekoa den gainerako araudia ere, eta, beraz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.─ Sestaoko Txabarri-El Sol birgaitze integratuko areako Birgaitze Plan Berezi Integratuaren 4. aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea (aurrerantzean Plana), jarraian jaso bezala:
A.– Planaren deskribapena: Helburuak eta jarduerak.
Txabarri-El Sol birgaitze integratuko areako hiri-antolamenduko plan bereziaren 4. aldaketak honako hau du helburu: Planaren proposamenek jasangarritasun urbanistiko, ekonomiko eta sozialeko printzipioekin bat egiten dutela bermatzea, besteak beste, espazio publiko berriak, barrutiko berokuntza azpiegitura bat eta babes publikoko etxebizitzen hainbat bizitegi eraikuntza eginez.
─ UE.1.
– Zuzkidura-bizitokiaren kalifikazioa ezabatzea.
– Orixe 6 eta Txabarri 67 eremuetan sortutako bizitegi-partzelen parametro urbanistikoak birdefinitzea.
– Txabarri 67: Bizitegi-erabilerako babes publikoko etxebizitzen beste eraikin baten hiri-antolamendua onartzea (Beheko Solairua+4). Hirugarren sektoreko erabilerak eta bizitegi-erabilera aurreikusi dira beheko solairuarentzat, eta, goiko solairuentzat, bizitegi-erabilera (10 etxebizitza).
– Orixe 6: Bizitegi-erabilerako babes publikoko etxebizitzen eraikin baten hiri-antolamendua onartzea (Beheko Solairua+6). Bizitegi-erabilera aurreikusi da bai beheko solairuarentzat bai goiko solairuentzat, eta estalitako beheko solairuan trastelekuak jartzeko aukera ere jaso da (14 etxebizitza). Eraikuntza hau salbuetsita dago etxebizitza bakoitzerako aparkalekuak gordetzeko betebeharretik.
– UE-2 (Oquillo multzoa): Bizitegi-erabilerako babes publikoko etxebizitzen eraikin baten hiri-antolamendua onartzea, Los Baños 37 eta 39 eraikinekin simetrian (Beheko Solairua+3). Solairu guztietan izango dira etxebizitzak (14 etxebizitza).
– UE-5 (Los Baños 53,55 eta 57): Egungo eraikinak kontsolidatu euren eraikin-profilarekin, bai beheko solairuan bai goikoetan.
– UA-6/UU.11 (Txabarri kaleko 25., 27., 29. eta 31. zenbakiko eraikinen atzealdea): Atzeko patioa gune pribatu bezala mantendu, Txabarri kaleko 27. zenbakiko atzeko patioarentzat zein beheko solairuko pasabidearentzat elkarrekiko erabilera-zortasuna ezarriz atari guztientzat.
– UA 3 eta UA 4: Egungo eraikinen atzealdeko lerrokadurak kontsolidatu.
– UU-4: Kontsolidatutako Txabarri kaleko eraikinen atzealdetara egokituz, UU 4 berriro mugatu.
– Teilatupeko solairu bat eraiki edo gaitzeko aukera mugatu.
– Babes osoa, fatxadaren babesa edo partzelaren babesa proposatzen den eraikin kopurua areagotu birgaitze integratuko arearen izaera mantentzeko asmoz.
– Txabarri kaleko 31. eta 33. zenbakien arteko plazan, lur zati bat honela kalifikatu: lur gaineko bide-sareen eta oinezkoentzako bideen sistema lokala, lurpeko azpiegitura sarearen eta biomasa galderek osatutako District Heating zentralaren azpiegituren gainjartzearekin.
Ez da ez AI-I (UE1) ez AI-II (UE 2 eta UE 3) jarduketa integratuen hirigintza-eraikigarritasuna areagotzen.
B.– Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira plan edo programa bati ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion zehazteko.
1) Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektu eta beste jarduera batzuetarako esparrua. Barrutiko berokuntza azpiegitura baterako, aurreikusitako eraikigarritasunerako edo gainontzeko jarduketetarako irizpideak ezartzeak ez du iradokitzen plan bereziaren aldaketa honek markoa ezartzen duenik legalki ingurumen eraginaren ebaluazioa behar duten proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Zenbaterainoko eragina duen Planak beste plan edo programa batzuetan. Ez da bateraezintasunik aurkitu Planaren eta bestelako lurralde plan edo plan sektorial konkurrenteren artean.
c) Planaren helburua egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-irizpideak txertatzeko, bereziki energia berriztagarriak sustatzearekin, eraikuntzan baliabideak modu iraunkorragoan erabiltzearekin eta eraikuntza-prozesuaren amaieran hondakinak aprobetxatzeari dagokionez.
d) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europako edo Espainiako ingurumen-legedia ezartzeko, zehatzago esanda, arlo hauetakoa: hondakinak, airearen kalitatea eta zaratak.
2) Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak:
Sestaoko hiri-antolamenduko plan orokorraren arabera, udalerriaren iparraldean kokatutako hiri eremu bat da, 51.936,97 metro koadroko azalera duena, Arcelor Mittal enpresako instalazioekin mugan. Eremua Txabarri-El Sol birgaitze integratuko areako Birgaitze Plan Berezi Integratuaren 4. aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoko «Egungo egoera» izeneko 1. planoan jasota dago, A3 1:3.000 eskalan (2017ko maiatza).
Eremua hiri-luzorua denez, bertan ez dago ingurumen-babeseko araudiren batek babestutako espaziorik –esaterako, Natura 2000 Sarea–, ezta balio natural nabarmeneko elementurik ere.
Aldaketak eragindako eremuan ez dago kultura-intereseko ondasun gisa kalifikatutako ondasunik, baina, bai, aldiz, Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legearen arabera inbentariatutakoak (1990eko abuztuaren 6ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria), ingurumen-dokumentuan jaso bezala.
Aldaketak 99. elementuari (Oquillo multzoa) eragiten diola eta 68. elementuaren (El Sol frontoia) hiri-antolamendua onartzen duela kontuan izanik –biak dira tokiko babesa jasotzeko proposamena duten interes kulturaleko elementuak–, ezer egin aurretik azterketa historiko-arkitektoniko bat egitea eta elementuok babesteko eta hiri-antolamendua egokitzeko aukera aztertzea gomendatzen da.
Historikoki potentzialki kutsatzaileak diren jarduerak jasan dituzten hainbat partzela badaude ere (handizkako txatarra merkataritza, egur zerratze eta marrusketa, eta hirugarrengoen konturako ingeniaritza mekaniko orokorra), ez da horietan inolako garapenik aurreikusten.
Bestalde, etorkizunean eremuak hirigintzako garapen bat hartuko duen aldetik, honakoa zehaztu ahal izan da: bertan uneotan ez dira betetzen Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren arabera kanpoko espazioetan aplikagarriak diren kalitate akustikoko helburuak (Ld 60; Le 60 eta Ln 50 dB(A)).
Urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 37. artikuluak ezarritako Eragin Akustikoari buruzko Ikerketaren edukia kontuan izanik, hainbat neurri proposatu dira zarata foku nagusia arintzeko, hau da, Txabarri kaleko zirkulazioa. Zehazki, honako hauek dira eremuko kanpoko giroa babesteko proposatutako neurriak:
– Asfalto akustiko porotsua duen zoladura erabiltzea.
– Aztertzen ari garen zatian abiadura orduko 30 kilometrora murriztea.
Kanpoko giroa aplikagarriak diren kalitate akustikoko helburuak bete arte babesterik ez denez, neurri gehigarri bat garatzeko aukera planteatzen da zaratari buruzko araudiak jaso bezala kalitate akustikoko helburuak betetzeko eraikinen barrualdean. Hori horrela, eraikinen fatxaden isolamendu globala honako hau izan beharko da errepide ondoko partzeletan: D2m, nT eta hurrenez hurren 37 eta 32 dB(A) artean logela eta gelentzat. Gainontzeko partzeletan, nahikoa izango da isolamendua honako hau izatea: 30 dB(A).
Aurreikusitako ingurumen ondorioak eraikin eta azpiegitura berriek eragindakoak dira nagusiki, eta lanak egingo diren fasean emango dira batik bat, bereziki hondakin sorkuntzarengatik eta airearen kalitatearen eta herritarren lasaitasunaren gaineko eraginengandik (nagusiki lurren mugimenduak eta kamioien trafikoak sortutako hautsa eta partikulak, baita isuri akustikoak eta zirkulazio baldintzen aldaketak ere). Nabartzekoa da ere klima-aldaketarekin lotutako ondorio positibo bat izango dutela lanek: barrutiko berokuntza azpiegitura abian jartzearen ondorioz, berotegi-efektuko gasen isurpena murriztu egingo da.
Hala eta guztiz ere, ez da aurreikusten plan bereziaren aldaketa garatzeko proiektuek ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorik beharko dutenik legalki, betiere, biomasaz elikatutako zentral termikoaren potentzia termikoa 49 MW baino gutxiago baldin bada.
Horregatik guztiagatik, aurreikusitako ondorioak eta hartu beharreko neurri babesle eta zuzentzaileak kontuak izanik, ez da ingurumen ondorio esanguratsurik espero.
3) Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, Ebazpen honetan adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan jasotakoarekin bat. Honako hauek dira neurri horiek, besteak beste:
– Lurren eta soberakinen kudeaketa: Proiektuan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.
– Hondakinen sorrera eta kudeaketa: obrak egin bitartean sortutako hondakin guztiak zein garbiketa-kanpainaren soberakinak kudeatzeko, uztailaren 28ko 22/2011 Legean (hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzkoa) eta berariazko araudietan aurreikusitakoa beteko da.
Hondakin arriskutsuen ontziek, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dituzte (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek); itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.
Olio erabiliak, berriz, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1988 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
– Induskatutako lurzoruen kontrola: Sestaoko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 1/2015 Legearen 10.2 artikulua betetzeko.
– Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da eta kamioik obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo kaleak erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.
Bigarrena.– Aurreko guztiagatik, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Ebazpen honetan ezarritakoarekin bat, egindako kontsulten emaitza kontuan izanik eta V. eranskinean ezarritakoa irizpideen arabera, ondorioztatzen da Sestaoko Txabarri-El Sol birgaitze integratuko areako Birgaitze Plan Berezi Integratuaren 4. aldaketak ez duela ingurumenaren gaineko ondorio kaltegarri esanguratsurik txosten honetan ezarritako baldintzetan, betiere, Planak 50 MW edo gehiagoko potentzia termikoa duten zentral termikoak eta bestelako errekuntza instalazioak debekatuz gero.
Etorkizuneko hirigintzako garapen eremu honek kalitate akustikoko helburuak ez betetzeari dagokionez, hiri-lurzoruaren berritze kasu baten aurrean gaudenez, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 45. artikuluaren arabera, gunea babes akustiko bereziko eremu izendatu beharko da garapena gauzatu baino lehen, betiere etorkizuneko hirigintza garapenaren Eragin Akustikoari buruzko Ikerketaren markoan dagokion neurri zuzentzaileak ezarri ostean. Neurri horiek teknikoki eta ekonomikoki zehaztu behar dira, eta, lehenik eta behin, kanpoko giroa babestera zuzenduta egon behar dute; hala, Ebazpen honetako II. kapituluko III. tituluko (Kalitate akustikoko helburuak eta gehienezko immisio-balioak) zehaztapenak jarraitu behar dituzte neurriok, exekuzio-epeak eta arduraduna zein den zehaztuz.
Gainera, Sestaoko Udalak barne espazioetarako kalitate helburuak betetzen direla justifikatzen duen txosten bat egin beharko du ekainaren 30eko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 207 artikuluaren b) apartatuan aurreikusitako lizentzia eman aurretik, kanpoko giroa babesteko neurri zuzentzaileak ezarriz.
Azkenik, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen xedearen eta helburuaren zein IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoaren arabera, planak ingurumen-kontsiderazioen integrazioa sustatu beharko du, batik bat garapen jasangarria sustatzeko hauen bidez:
– Obratako hondakinen birziklatzea, eraikuntza eta eraikingintzan baliabideak beren bizitza-ziklo osoan zehar modu efizienteago batean erabiliko direla sustatzeko, bereziki, hondakinak aprobetxatzeari dagokionez. Horren helburua honako hauek sustatzea izango da, hurrenkera honetan: eraikingintzako eta eraispenetako hondakinen prebentzioa, berrerabiltzea, birziklatzea eta beste balorazio-modu batzuk, eta, hala badagokio, deuseztatzeko direnak trataera egokia izan dezatela; horretarako, bermatu beharko da eraikingintzako eta eraispenetako hondakinak gai honen inguruko arauen arabera sortu eta kudeatzen direla.
– Arkitektura jasangarria, eraikinen aurrezki eta efizientzia energetikoa eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Horretarako, eraikuntza proiektuan, Eraikuntza Jasangarriko Gidan jasotako gomendioak kontuan izan beharko dira.
Azken proiektuaren ingurumen-jasangarritasuna kalifikatzeko etiketak, gidaren arabera, ahalbidetuko du hartutako ingurumen-neurri eta azpineurri jasangarriak bereiztea.
Kasu honetan, neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute:
– Lehengai ez-berriztagarrien kopurua murriztea.
– Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energia kopurua edo/eta kontsumoa murriztea.
– Edateko uraren kontsumoa eta ur beltzen produkzioa gutxitzea.
– Negutegi-efektuko eta argi-gasen isurketak murriztea.
– Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
Hirugarrena.– Sestaoko Udalari Ebazpen honen edukia jakinaraztea.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Bosgarrena.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategikoak indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Sestaoko Txabarri-El Sol birgaitze integratuko areako Birgaitze Plan Berezi Integratuaren 4. aldaketa onartuko ez balitz. Halako kasuetan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko apirilaren 12a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.
ERANSKINA
Eragindako administrazio publikoekin eta interesdunekin egindako entzunaldi-tramitearen emaitza, Sestaoko Txabarri-El Sol birgaitze integratuko areako Birgaitze Plan Berezi Integratuaren 4. aldaketaren ingurumen-ebaluazio estrategikoarekin lotuta.
Eranskin honetan aztertzen da administrazio publikoekin eta interesdunekin egindako entzunaldi-tramitean jasotako txostenen ingurumen edukia, ingurumen-ebaluazio estrategikoaren helburu diren Planeko alderdiei dagokienez, hau da, eraikuntzako eta barrutiko berokuntzako azpiegiturako (biomasa errekuntzako, banaketako eta biltegiratzeko instalazioa) proiektuetatik eratorritako balizko ingurumen eraginekin lotuta. Ingurumen-dokumentuak zehaztu bezala, eragin horiek lanen fasean emango dira.
Honako txosten tekniko hau idatzi den datara bitartean, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Zuzendaritzaren eta Ihobe SA Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikori txostenak jaso dira.
Segidan, aipatutako txostenetan ingurumenarekin lotuta jasotako gairik nabarmenenak daude laburtuta:
Kultura-ondarea
Txabarri-El Sol birgaitze integratuko arean Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legearen arabera kultura-intereseko ondasun gisa kalifikatutako edo inbentariatutako ondasunik ez dagoela egiaztatu bada ere (1990eko abuztuaren 6ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria), egon badira tokiko babesa jasotzeko proposamena duten ondare historiko-arkitektonikoko elementuak:
22.– Txabarri 25-31 etxeak
25.– CAMB etxea
68.– El Sol frontoia
98.– Los Baños 39 etxea
99.– Oquillo multzoa
101.– Los Baños 47 etxea
102.– Los Baños 49 etxea
103.– Los Baños 51 etxea
Horrenbestez, Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legean oinarrituta babes legalik ez badute ere, aitortutako interes kulturala duten elementuak dira eta hirigintzako katalogoan babestuta egon beharko lirateke.
Kalitate arkitektonikoko interes kulturaleko elementu gisa, aldaketak 99. elementuari (Oquillo multzoa) eragiten dio espezifikoki, tokiko babesa emateko proposamena egiten baita, «langile etxeen» ordezkari baliotsutzat hartzen baita. Horregatik, hiri-bilbearen zati hori urbanistikoki zumardi txiki bat bezala egokitzea proposatzen da. Elementu horren gaineko eragina kritikoa eta atzeraezina izango da.
Gainera, hiri-antolamenduaren ondoriozko eragin negatiboak izan daitezke 68. elementuan ere (El Sol frontoia).
Horregatik, aldaketan aurreikusitako eragin kritikoak saihestu eta egungo balio tipologiko formal eta estrukturalak mantentzea gomendatzen da.
Horrenbestez, edozein jarduera abiatu aurretik, gutxien-gutxienik, azterketa historiko-arkitektoniko bat egitea eskatzen da, eta elementuok mantentzeko eta hiri-antolamendua egokitzeko aukera aztertzeko gomendatzen da.
Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa, Ihobe, SA.
Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko 4/2015 Legearen 23. artikuluan jasotako egoeraren bat emanez gero, horien artean dago lur-mugimenduak egitea lurzorua kutsa dezakeen jarduera edo instalazio bat egon den leku batean, beharrezkoa izango da lurzoruaren kalitatearen deklarazioa bat izapidetzea.
Horregatik, inbentariatutako kokaleku batean edozein esku-hartze abian jarri aurretik, beharrezkoa izango da, lehenik eta behin, lurzoruaren kalitatearen azterketa bat egitea bermatzeko ez dela lurzoruaren kutsadurarekin lotutako arriskurik izango ez langileentzat ez ezarritakoarekin bat partzelak izango duen erabilera berriko erabiltzaileentzat; bigarrenik, bertan utzitako hondakinak, eraikinak eta hondeatuko diren lurrak egoki kudeatuko direla bermatu beharko da, indarrean den hondakinen arloko legedia betez.