EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-05-09 Aldizkari honetan argitaratua: 2018088

EBAZPENA, 2018ko apirilaren 26koa, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariarena, Elkarrekin Bonuak Programaren 2018ko deialdia egiten duena, herritarren parte-hartzearen esparruan.

Organo emailea: LEHENDAKARITZA
Xedapenaren data: 2018-04-26
Hurrenkenaren zenbakia: 201802470
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2014/06/20an argitaratutako 2014/06/17ko 201400110 DEKRETUA

Ekainaren 17ko 110/2014 Dekretuaren bidez arautzen da Elkarrekin Bonuak Programa, hots, bakearen, giza eskubideen, indarkeriarik ezaren eta printzipio demokratikoen sustapena sustatzeko ekimen osagarri bat. Programaren helburu nagusia da elkarte-sarearen eta erakunde publikoen arteko lankidetza-ekintzak ugaritzea, hain zuzen ere bizikidetza- eta adiskidetze-kultura sendotze aldera.
Programa horren bidez, diru-laguntzak jasoko dituzte bizikidetzaren eta gizarte-topaketaren kultura berri bat bultzatzera bideratutako proiektuek, baldin eta egitasmo horiek batera sustatzen badituzte irabazi-asmorik gabeko elkarteek eta hiru arlo hauekin lotutako erakunde publikoek: hezkuntza, udaletako errealitatea eta herritarren parte-hartzea.
Alde horretatik, Dekretuaren 5. artikuluak diruz laguntzekoak diren hiru lerro bereizten ditu, eta horietako bat, hain zuzen ere, herritarren parte-hartzearen arloan garatutako proiektuak finantzatzeko da.
Programa honetarako aurrekontu-kreditu nahikoa dago Euskal Autonomia Erkidegoaren 2018rako aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legean.
Bestalde, aipatu behar da Elkarrekin Bonuak Programa Lehendakaritzaren Diru-laguntzen Plan Estrategikoan jasotako ekimenetako bat da. Plan Estrategiko hori 2018ko otsailaren 5ean onartu zen.
Aipatutako dekretuaren 7. artikuluaren arabera, laguntzak emateko deialdia urtero egingo da, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariaren ebazpen baten bidez, eta deialdiak honakook jasoko ditu: deialdiaren xedea, diru-laguntzaren ildo bakoitzerako zuzkidura, bonuen zenbatekoa, proiektuen erakunde hartzaileek eman beharreko gutxieneko zenbatekoa, eskabideak aurkezteko tokia eta epea, eskabide-eredu normalizatu bat, diru-laguntzak justifikatzeko epea eta modua eta, hala dagokionean, bide elektronikoak erabiltzeko prozedura eta jarraibideak.
Horiek horrela, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen xedea da Elkarrekin Bonuak Programaren 2018ko deialdia egitea, herritarren parte-hartzearen esparruan.
2. artikulua.– Denbora-eremua.
Diru-laguntza jaso ahal izateko, proiektuak 2018ko ekitaldian garatu beharko dira, eta betiere amaituta egon beharko dute 2018ko abenduaren 31n.
3. artikulua.– Diru-zuzkidura.
Diru-laguntzen programa honetara ehun mila euro bideratu dira (100.000,00), eta Euskal Autonomia Erkidegoaren 2018ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorren kontura finantzatuko dira.
4. artikulua.– Erakunde onuradunak eta hartzaileak.
1.– Elkarrekin Bonuak Programaren onuradun izango dira irabazi-asmorik gabeko erakundeak, bake eta bizikidetza gaietan aritzen direnak. Erakundeok Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatuta behar dute, Euskal Autonomia Erkidegoa izan behar dute jardun-eremu, eta ekainaren 17ko 110/2014 Dekretuaren 2. eta 6. artikuluetan ezarritako baldintzak bete.
2.– Herritarren parte-hartzearen esparruko diru-laguntzen entitate hartzaileak hauek izango dira: bakea, bizikidetza eta giza eskubideen arloan proiektuak egiten dituzten irabazi asmorik gabeko elkarteak, erakundeak eta gizarte-mugimenduak.
5. artikulua.– Bonuen zenbatekoa eta gehieneko muga.
1.– Herritarren parte-hartzearen arloko bonuak 70 eurokoak izango dira, justifikatutako prestakuntza- edo dinamizatze-zerbitzuko ordu bakoitzeko.
2.– Proiektuen erakunde hartzaileek, gutxienez, eman zaizkien bonuen % 10 ordaindu beharko diote erakunde onuradunari; alegia, gutxienez 7 € eman zaien bonu bakoitzeko.
3.– Ezingo dira metatu bonuak proiektu berean kopuru hauek gainditzeraino:
a) 2.000 euro, 100 pertsona baino gutxiagok parte hartzen duten ekimenetan.
b) 5.000 euro, 100 pertsona baino gehiagok eta 500 baino gutxiagok parte hartzen duten ekimenetan.
c) 10.000 euro, 500 pertsona baino gehiagok parte hartzen duten ekimenetan.
4.– Laguntzak honako lege honi atxikita daude: Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamendua, Europar Batasunaren minimis laguntzen funtzionamendu itunaren 107. eta 108. artikuluen aplikazioari buruzkoa (EBAO L 352, 2013-12-24). Laguntza hauek minimis motako laguntzatzat jotzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati emandako laguntzaren guztizkoak ez du gaindituko 200.000 euroko kopurua, aurreko bi ekitaldi fiskaletakoa eta aurtengoa batuta. Muga horretatik beherako diru-laguntzek merkataritzarik eragiten ez diotela edota lehiakortasuna faltsutzen ez duela; horren ondorioz, ez dira sartzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.
6. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Prozedura honetan jasotako izapideak baliabide elektronikoen bidez eskatu, kontsultatu eta egin beharko dituzte erakunde interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluaren arabera.
2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko moduari buruzko zehaztasunak egoitza elektroniko honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/diru-laguntza/2018/elkarrekin-bonuak-parte-hartzea/y22-izapide/eu
Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoz, helbide honetan egingo dira: https://euskadi.eus/nirekudeaketak
7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.
Eskabideak ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera aurkeztu ahal izango dira, 2018ko urriaren 16ra bitartean, non eta funtsak ez diren egun hori baino lehen amaitzen. Hala bada, dekretu arautzailearen 5.3 artikuluan ezarritakoa betez, gertaera horren berri emango da Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariaren ebazpen baten bidez, eta atzera botako dira ebazteke dauden diru-laguntza guztiak.
8. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Eskabidea, erantzukizunpeko adierazpenak barnean dituela, inprimaki arautuan egin beharko da, zeina euskadi.eus egoitza elektronikoan baitago eskuragarri.
2.– Eskabideekin batera, ekainaren 17ko 110/2014 Dekretuaren 10. artikuluan jasotako agiriak aurkeztu beharko dira.
9. artikulua.– Balorazio-batzordea.
Balorazio-batzorde bat eratuko da. Hona kideak:
– Monika Hernando Porres andrea, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria, batzordeburu.
– Marian Sanchez Amado andrea, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako teknikaria, idazkari.
– Goizargi Cano Ormazabal andrea, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako teknikaria, batzordekide.
10. artikulua.– Ebazpenak jakinaraztea.
Erakunde onuradunei jakinaraziko zaizkie laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpenak.
11. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzeko epea eta modua.
1.– Diru-laguntzaren justifikazioa aurkezteko epea 2018ko abenduaren 31n bukatuko da.
2.– Erakunde onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzan diru-laguntza zertan erabili duten justifikatzeko:
a) Proiektu bakoitza gauzatu dela egiaztatzen duten agiriak: programen kopiak, kartel iragarleak, argazkiak eta argitaratutako gainerako material grafikoa, idatzizkoa edo entzunezkoa.
b) Egindako proiektuen memoria xehea, honako datu hauek aipatuta: proiektua zein egunetan gauzatu den; parte hartu duten hartzaileak (sexuaren arabera bereiziak); generoaren ikuspuntua nola txertatu den, eta emaitzei buruzko azken balorazio bat.
c) Erakunde hartzailearen ziurtagiria, non jasoko baita proiektuan zenbat pertsonak parte hartu duten, zenbat ordu eman diren eta erakunde hartzaileak zenbat ordaindu duen.
Eskabideak elektronikoki aurkeztuko dira euskadi.eus egoitza elektronikoan, URL honetan: https://euskadi.eus/nirekudeaketak. Aurreko puntuan adierazitako agiriak eskaneatuta eta elektronikoki sinatuta aurkeztuko dira.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Ebazpen honetan arautu gabe dagoen guztian, prozeduraren arloan, hauetan xedatutakoa aplikatuko da: 110/2014 Dekretua, ekainaren 17koa, Elkarrekin Bonuak Programa arautzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena; 38/2003 Legea, azaroaren 17koa, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorra; 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina; arau horiek Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan aplikatzekoak baitira.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusian, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko apirilaren 26a.
Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria,
MÓNICA HERNANDO PORRES.