EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-05-09 Aldizkari honetan argitaratua: 2018088

EBAZPENA, 2018ko apirilaren 26koa, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariarena, Elkarrekin Bonuak Programaren 2018ko deialdia egiten duena, hezkuntza arloan.

Organo emailea: LEHENDAKARITZA
Xedapenaren data: 2018-04-26
Hurrenkenaren zenbakia: 201802468
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2014/06/20an argitaratutako 2014/06/17ko 201400110 DEKRETUA

Ekainaren 17ko 110/2014 Dekretuaren bidez arautzen da Elkarrekin Bonuak Programa, hots, bakearen, giza eskubideen, indarkeriarik ezaren eta printzipio demokratikoen sustapena sustatzeko ekimen osagarri bat. Programaren helburu nagusia da elkarte-sarearen eta erakunde publikoen arteko lankidetza-ekintzak ugaritzea, hain zuzen ere bizikidetza- eta adiskidetze-kultura sendotze aldera.
Programa horren bidez, diru-laguntzak jasoko dituzte bizikidetzaren eta gizarte-topaketaren kultura berri bat bultzatzera bideratutako proiektuek, baldin eta egitasmo horiek batera sustatzen badituzte irabazi-asmorik gabeko elkarteek eta hiru arlo hauekin lotutako erakunde publikoek: hezkuntza, udaletako errealitatea eta herritarren parte-hartzea.
Horren haritik, dekretu horren 5. artikuluan hiru laguntza-ildo biltzen dira, eta horietako bat hezkuntza-arloan garatzen diren proiektuak finantzatzera bideratuta dago.
Programa honetarako aurrekontu-kreditu nahikoa dago 2018ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legean.
Bestalde, aipatu behar da Elkarrekin Bonuak Programa Lehendakaritzaren Diru-laguntzen Plan Estrategikoan jasotako ekimenetako bat da. Plan Estrategiko hori 2018ko otsailaren 5ean onartu zen.
Aipatutako dekretuaren 7. artikuluaren arabera, laguntzak emateko deialdia urtero egingo da, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariaren ebazpen baten bidez, eta deialdiak honakook jasoko ditu: deialdiaren xedea, diru-laguntzaren ildo bakoitzerako zuzkidura, bonuen zenbatekoa, proiektuen erakunde hartzaileek eman beharreko gutxieneko zenbatekoa, eskabideak aurkezteko tokia eta epea, eskabide-eredu normalizatu bat, diru-laguntzak justifikatzeko epea eta modua eta, hala dagokionean, bide elektronikoak erabiltzeko prozedura eta jarraibideak.
Hori dela-eta, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen xedea da Elkarrekin Bonuak Programaren 2018ko deialdia egitea, hezkuntza arloan.
2. artikulua.– Denbora-eremua.
2018ko ekitaldian garatu beharko dira bonuen eskaera eragiten duten proiektuak, eta, nolanahi ere, 2018ko abenduaren 31n amaituta egon beharko dute.
3. artikulua.– Diru-zuzkidura.
Programa honetarako 350.000 euro bideratuko dira. Funts hori osatzeko, Hezkuntza Sailak 100.000 euroko ekarpena egin du, eta Lehendakaritzak, 250.000 eurokoa, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2018ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorren kargura finantzatuko da.
4. artikulua.– Erakunde onuradunak eta hartzaileak.
1.– Elkarrekin Bonuak Programaren onuradun izango dira irabazi-asmorik gabeko erakundeak, bake eta bizikidetza gaietan aritzen direnak. Erakundeok Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatuta behar dute, Euskal Autonomia Erkidegoa izan behar dute jardun-eremu, eta ekainaren 17ko 110/2014 Dekretuaren 2. eta 6. artikuluetan ezarritako baldintzak bete.
2.– Hezkuntza-arloko proiektuen hartzaileak ikastetxeak izango dira.
5. artikulua.– Bonuen zenbatekoa eta gehieneko muga.
1.– Hezkuntza-arloko bonuak 70 eurokoak izango dira, justifikatutako prestakuntza- edo dinamizatze-zerbitzuko ordu bakoitzeko.
2.– Proiektuen erakunde hartzaileek gutxienez onartutako bonuen % 10 ordaindu beharko diote erakunde onuradunari.
3.– Ikastetxe batek ezingo ditu 5.000 eurotik gorako bonuak metatu.
4.– Laguntzak honako lege honi atxikita daude: Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamendua, Europar Batasunaren minimis laguntzen funtzionamendu itunaren 107. eta 108. artikuluen aplikazioari buruzkoa (EBAO L 352, 2013-12-24). Laguntza hauek minimis motako laguntzatzat jotzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati emandako laguntzaren guztizkoak ez du gaindituko 200.000 euroko kopurua, aurreko bi ekitaldi fiskaletakoa eta aurtengoa batuta. Ulertzen da muga horretatik beherako diru-laguntzek ez diotela merkataritzari eragiten eta ez dutela lehiakortasuna faltsutzen; horren ondorioz, ez dira sartzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.
6. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta emakida-deialdi honetan jasotako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bidez egingo dituzte erakunde interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluaren arabera.
2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko moduari buruzko zehaztasunak egoitza elektroniko honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/diru-laguntza/2018/elkarrekin-bonuak-hezkuntza/y22-izapide/eu
Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoz, helbide honetan egingo dira: https://euskadi.eus/nirekudeaketak
7. artikulua.– Eskaerak aurkezteko epea.
Eskabideak ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera aurkeztu ahal izango dira, 2018ko urriaren 16ra bitartean, non eta funtsak ez diren egun hori baino lehen amaitzen. Hala bada, dekretu arautzailearen 5.3 artikuluan ezarritakoa betez, gertaera horren berri emango da Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariaren ebazpen baten bidez, eta atzera botako dira ebazteke dauden diru-laguntza guztiak.
8. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.
Eskabidea, erantzukizunpeko adierazpenak barnean dituela, inprimaki arautuan egin beharko da, zeina euskadi.eus egoitza elektronikoan baitago eskuragarri. Eskabidearekin batera, ekainaren 17ko 110/2014 Dekretuaren 10. artikuluan aurreikusitako agiri guztiak aurkeztu beharko dituzte.
9. artikulua.– Balorazio-batzordea.
Balorazio-batzorde bat eratuko da. Hona kideak:
– Monika Hernando Porres andrea, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria, batzordeburu.
– Laura Sagastizabal Errazu andrea, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako teknikaria, batzordekide.
– Goizargi Cano Ormazabal andrea, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako teknikaria, batzordekide.
– Uxue Sudupe Senosiain andrea, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako teknikaria, batzordekide.
– José Manuel Palacios Navarro jauna, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako zerbitzuburua, batzordekide.
– Joseba Ibarra Bustinza jauna, Berritzegune Nagusiko kulturartekotasuneko aholkularia, batzordekide.
10. artikulua.– Ebazpenak jakinaraztea.
Erakunde onuradunei jakinaraziko zaizkie laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpenak.
11. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzeko epea eta modua.
1.– Eskabideak aurkezteko epea 2018ko abenduaren 31n bukatuko da.
2.– Erakunde onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzan diru-laguntza zertan erabili duten justifikatzeko:
a) Proiektu bakoitza gauzatu dela egiaztatzen duten agiriak: programen kopiak, kartel iragarleak, argazkiak eta argitaratutako gainerako material grafikoa, idatzizkoa edo entzunezkoa.
b) Egindako proiektuen memoria xehea, datu hauek aipatzen dituena: zer egunetan gauzatu den proiektua, nor diren proiektuan parte hartu duten pertsona onuradunak (sexuaren arabera bereiziak), nola txertatu den generoaren ikuspuntua, eta zein den azken balorazioa.
c) Ikastetxearen ziurtagiria, non jasoko baita proiektuan zenbat pertsonak parte hartu duten, zenbat ordu eman diren eta zentro hartzaileak zenbat ordaindu duen.
3.– Justifikazioak elektronikoki aurkeztuko dira euskadi.eus-eko egoitza elektronikoan: https://euskadi.eus/nirekudeaketak Aurreko puntuan adierazitako agiriak eskaneatuta eta elektronikoki sinatuta aurkeztuko dira.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Ebazpen honetan arautu gabe dagoen guztian, prozeduraren arloan, hauetan xedatutakoa aplikatuko da: 110/2014 Dekretua, ekainaren 17koa, Elkarrekin Bonuen Programa arautzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena; 38/2003 Legea, azaroaren 17koa, Diru-laguntzei buruzko Orokorra; 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra onartzekoa; 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; arau horiek Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan aplikatzekoak baitira.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete Giza Eskubideen, Bizikidetzaren eta Lankidetzaren idazkaritza Nagusian, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean ebazpen hau.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko apirilaren 26a.
Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria,
MÓNICA HERNANDO PORRES.