EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-05-09 Aldizkari honetan argitaratua: 2018088

466/2018 EBAZPENA, apirilaren 20koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Honen bidez, deialdia egiten da Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Ezkerraldea-Enkarterri-Cruces Erakunde Sanitario Integratuko Pertsonal Fakultatiboaren (BAME) Osasun Prestakuntza Espezializatuaren ikasketaburuaren eginkizunak lehiaketa bidez betetzeko.

Xedapenaren zenbakia: 201800466
Xedapenaren data: 2018-04-20
Hurrenkenaren zenbakia: 201802463
Maila: Ebazpena
Sekzioa: AGINTARIAK ETA LANGILERIA (Oposaketak eta lehiaketak)
Ezkerraldea-Enkarterri-Cruces Erakunde Sanitario Integratuko pertsonal fakultatiboaren (BAME) osasun-prestakuntza espezializatuko ikasketaburuaren eginkizunak betetzeko beharra egonda, deialdi honetan aplikatu behar dira, batetik, Euskal Autonomia Erkidegoaren osasun-prestakuntza espezializatuko sistemaren antolamenduari buruzko Dekretuaren (martxoaren 6ko 34/2012) 12.etik 18.era bitarteko artikuluak eta, bestetik, dekretu horren hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoa. Deialdian aurreikusitakoaren arabera, aipatutako dekretuaren 18.3 eta 24.3.b) artikuluetan eta laugarren xedapen iragankorrean aurreikusitako ordainsari indibidualak aurrekontuen legeak jasotzen dituen baliabideei jarraikiz dagozkien ordainsari-kontzeptuan gauzatu ahal izango dira. Ordainsariok, zehatz eta eraginkortasunez gauzatuko dira Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Ente Publikoko Zuzendaritza Nagusiak erabakia ezartzeko emandako ebazpenean zehazten duen egunetik aurrera.
Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko Legearen (ekainaren 26ko 8/1997 Legea) hirugarren arau komuneko 28 artikuluan, Osakidetzaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen Dekretuan (uztailaren 19ko 186/2005 Dekretua), azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-prestakuntza espezializatuko sistemaren Dekretuan (martxoaren 6ko 34/2012 Dekretua) ezarritakoari jarraikiz, Zuzendaritza Nagusi honek erabaki du deialdi publikoaren deialdia iragartzea, ondoren jasota dauden oinarri hauen arabera:
OINARRIAK
1.– Xedea.
Deialdi honen xedea da Ezkerraldea-Enkarterri-Cruces Erakunde Sanitario Integratuko pertsonal fakultatiboaren (BAME) osasun-prestakuntza espezializatuko ikasketa-buruzagitzaren eginkizunak betetzea; hain zuzen, lanpostu bati berariaz esleituta ez daudenak. Martxoaren 6ko 34/2012 Dekretuaren 15. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, gutxieneko dedikazioa lanaldiaren % 10 izango dela ezartzen da. Deialdi honen xede diren ikasketa-buruzagitzaren eginkizunetara dedikatzeko erregimena bere lanaldiaren % 100 izango da.
2.– Parte hartzeko betekizunak.
Baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek parte hartu ahalko dute deialdian:
– Osakidetzako fakultatibo espezialista mediko-tekniko gisa, plazadun pertsonal finkoa izatea (estatutupekoa, funtzionarioa edo lan-kontratuduna).
– Gutxienez lau urteko esperientzia izatea A1 lanbide-taldean.
– Zerbitzu aktiboko administrazio-egoeran egotea.
3.– Merezimenduen baremoa (gehienez 100 puntu).
Merezimenduen balorazioak bi fase izango ditu:
a) Proiektua eta bere defentsa (gehienez, 50 puntu).
Hautaketa Batzordearen aurrean, proiektu-memoriaren jendaurreko azalpen esplikatzailea egitea izango da, kasuan kasuko ikasketa-buruzagitzaren kudeaketari buruzkoa, eta hautagaiekin elkarrizketa bat egitea.
b) Merezimenduen balorazioa (gehienez, 50 puntu). Puntuak honela banatuko dira:
– Esperientzia giza taldeen kudeaketan (gehienez, 10 puntu).
– Atalburu gisa jardun duen hilabete bakoitzeko: 0,0750 puntu.
– Zerbitzuburu gisa jardun duen hilabete bakoitzeko: 0,1000 puntu.
– Izaera asistentziala duten zuzendaria gisa jardun duen hilabete bakoitzeko: 0,1250 puntu.
Lan-esperientzia gisa aintzat hartuko dira Osakidetzako, Gizarte Segurantzako, autonomia-erkidegoetako edo edozein administrazio publikotako zerbitzu sanitarioetako erakundeetan emandako zerbitzuak, baita Europako Batasuneko gainerako estatu kideetako sare publikoko zerbitzu sanitarioetan emandakoak ere.
Guztizko denbora zenbatzeko, lan egindako egun naturalak hartuko dira kontuan eta hilabetera heltzen ez diren gainerako egunak ez dira zenbatuko. Hilabetea osatzeko, 30 egun naturaleko multzoa hartuko da aintzat.
– Esperientzia klinikoa (gehienez, 10 puntu).
Fakultatibo espezialista mediko-tekniko gisa emandako zerbitzuko hilabete bakoitzeko, lanbide-talde honetako edozein lanpostu funtzionaletan (0,05 puntu).
Lan-esperientzia gisa aintzat hartuko dira Osakidetzako, Gizarte Segurantzako, autonomia-erkidegoetako edo edozein administrazio publikotako zerbitzu sanitarioetako erakundeetan emandako zerbitzuak, baita Europako Batasuneko gainerako estatu kideetako sare publikoko zerbitzu sanitarioetan emandakoak ere.
Guztizko denbora zenbatzeko, lan egindako egun naturalak hartuko dira kontuan eta hilabetera heltzen ez diren gainerako egunak ez dira zenbatuko. Hilabetea osatzeko, 30 egun naturaleko multzoa hartuko da aintzat.
– Irakaskuntza eta ikerkuntzako esperientzia (gehienez, 10 puntu).
– Irakaskuntzako jarduera (gehienez, 5 puntu).
– Egoiliarren irakaskuntzarako onetsitako tutorea, dagokion espezialitatekoa (urteko): 1,000 puntu.
– Fakultateko katedraduna (urteko): 0,5000 puntu.
– Fakultateko irakaslea (urteko): 0,2500 puntu.
– Irakaskuntza egiaztatutako etengabeko prestakuntzan (orduko): 0,025 puntu.
– Ikerketako jarduera (gehienez, 5 puntu).
– Doktore-titulua: 1,0000 puntu.
– Ikerkuntzako nahikotasuna/Ikasketa aurreratuetako diploma (DEA): 0,7500 puntu.
– Ikerketa-proiektuak (ikertzaile nagusia): 0,2000 puntu proiektuko.
– Ikerketa-proiektuak (ikertzaile laguntzailea): 0,1000 puntu proiektuko.
– Sariak eta goraipamenak ikerkuntzari: 0,1000 puntu sariko.
– Biomedikuntzaren eremuko patenteak eta modeloak: 0,2000 puntu erregistratutako patente edo modelo bakoitzeko.
– Ikasketa-buruzagitzaren, prestakuntza espezializatuko tutoretzaren, koordinazioaren edo irakaskuntzaren lankidetzaren edo laguntzaren eginkizunetan izandako esperientzia (gehienez 10 puntu).
Emandako zerbitzuko hilabete bakoitzeko: 0,1000 puntu.
– Irakaskuntzako Batzordeko partaidetza (gehienez, 10 puntu); kasuan kasuko bileren akten bidez edo Irakaskuntzako Batzordeko presidentearen agiriaren bidez egiaztatuta, 0,2500 puntu parte-hartze bakoitzeko.
4.– Euskararen ezagutza (gehienez 10 puntu).
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan euskararen erabilera normalizatzeko Dekretuan (martxoaren 18ko 67/2003) ezarritakoaren eta haren garapen-arauen arabera baloratuko da.
5.– Eskabideak aurkezteko epea.
Interesdunek eskaerak aurkeztu beharko dituzte Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Ezkerraldea-Enkarterri-Cruces ESIko Pertsonaleko Zuzendaritzan (Gurutzetako plaza, 12. 48903 Barakaldo), 20 egun balioduneko epean, ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Horretaz gain, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (azaroaren 26ko 30/1992 Legea) 38.4 artikuluan ezarri bezala ere aurkez daitezke.
Interesdunek eskabidea bidali beharko dute, datu pertsonal guztiekin eta dokumentatutako «Curriculum Vitae»arekin, Ezkerraldea-Enkarterri-Cruces ESIko Pertsonaleko Zuzendaritzara. Dokumentazioa honela aurkeztu beharko da:
a) NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.
b) Funtzionario edo estatutupeko langile izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, lan-kontratu finkodun langilea dela egiaztatzen duen agiriarena.
c) Egindako zerbitzuen ziurtagiri original eguneratua, deialdia EHAAn argitaratu zen eguneko kategoria zein den adierazita.
d) Ikasketa-buruzagitzaren Kudeaketako Proiektu-memoria; deialdi honen xedeko eginkizunena, alegia.
e) Merezimendu baloragarri guztien fotokopia konpultsatua.
Datu batzuk modu egokian balioztatuta baldin badaude CVaren aplikazio informatiko korporatiboan, orduan ez da beharrik izango horiek aurreko paragrafoan zehazten den bezala egiaztatzeko, baina eskabidean eman beharko da inguruabar horren berri.
6.– Hautaketa Batzordea.
Euskal Autonomia Erkidegoaren osasun-prestakuntza espezializatuko sistemaren antolamenduari buruzko Dekretuaren (martxoaren 6ko 34/2012 Dekretua) 16.3 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak izendatuko du Hautaketa Batzordea.
Hautaketa Batzordea eratuko da, 6 kidek osatuta: batzordeburua, idazkaria eta 4 batzordekide.
– Ezkerraldea-Enkarterri-Cruces ESIko zuzendari medikoa, batzordeburua izango dena.
– Euskal Autonomiako Erkidegoko pertsonal fakultatiboaren (BAME) prestakuntza espezializatuko ikasketaburu bat.
– Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko pertsonal fakultatiboaren (BAME) prestakuntza espezializatuko ikasketaburu bat.
– Gurutzeta Unibertsitate Ospitaleko Irakaskuntza Batzordean aritzeko izendapena duen akreditatutako Fakultatibo Tutore bat.
– Osasun Saileko Irakaskuntza eta Garapen Profesionaleko zerbitzuburua.
– Ezkerraldea-Enkarterri-Cruces ESIko Pertsonaleko zuzendariordea, idazkari gisa jardungo duena.
Hautaketa Batzordeko saio bakoitzean dagokion akta jasoko da. Bertan, honako hau adierazi beharko da: izangaien izenak, baremazioko irizpideak, merezimenduen baremoaren atal bakoitzean emandako puntuazioa eta emandako puntuazioa guztira.
Euskal Autonomia Erkidegoaren osasun-prestakuntza espezializatuko sistemaren antolamenduari buruzko Dekretuaren (martxoaren 6ko 34/2012 Dekretua) 16.3 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Hautaketa Batzordeak izendapenaren proposamen bat aurkeztuko dio zentroko gerenteari, eta horrek, proposamena kontuan hartuta, izendatuko du aukeratutako izangaia. Zentroko zuzendari gerenteak zuzendari nagusiari emango dio izendapenaren berri, jakinaren gainean egon dadin.
7.– Hautatzeko prozedura.
Hautaketa Batzordeak dokumentazioa baloratu behar du, betiere hautagaiek behar den epean eta moduan aurkeztu badute.
Ezingo dira baloratu, inolaz ere, deialdiaren iragarkia EHAAn iragartzen den egunean eskuratu gabe dauden merezimenduak, ez eta eskaerak aurkezteko epea amaitu aurretik behar bezala alegatu eta ziurtatu ez direnak ere.
Izangaien balorazioa egindakoan, eta haren arabera, proposamena osatuko da dagokion izendapena egiteko. Aurretiaz txostena eginda, Baloraziorako Batzordeak betetzeke utzi ahalko du lanpostua, izangaiek eskatutako baldintzak betetzen ez badituzte.
8.– Prozedurari amaiera ematen dion ebazpena.
Honen bidez hasitako prozedurari amaiera emango zaio (lanpostua esleitzea edo betetzeke uztea) Ezkerraldea-Enkarterri-Cruces ESIko zuzendari gerentearen ebazpenaren bidez, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Ebazpen horrek ondorioak izango ditu ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, bertan besterik xedatu ezean behintzat.
Martxoaren 6ko 34/2012 Dekretuaren 18.3 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, eremu publikoan, prestakuntza espezializatuko ikasketaburuak egindako lanen aitorpena dagokion mailaren aitorpenean adieraziko da karrera profesionalean, aipatutako arauan ezarrita dagoen moduan, baita hautaketa- eta horniketa-prozesuetan ere.
9.– Ikasketaburuaren errendimenduaren aldian behingo ebaluazioa.
Lanbide Sanitarioen Antolamenduari buruzko Legearen (azaroaren 21eko 44/2003 Legea) 10. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, ikasketaburuei dagozkien eginkizunen jarduerak kudeaketa klinikoen eginkizunen izaera izango dute eta, ondorio zuzen gisa, jarduera eta emaitzen aldian behingo ebaluazioa izango dute.
Hautaketa Batzordea sortzeko prozedura bera jarraituz eratuko den beste batzorde batek burutuko du ebaluazioa lau urtean behin eta, kasua bada, erabakia hartuko du ikasketaburuak eginkizunak burutzen jarraituko duen berresteko edo, aldiz, eginkizun horiek kentzeko. Ebaluazioak aintzat hartuko du zentro edo unitateko plan estrategikoan eta irakaskuntzaren kalitateko kudeaketako planean jasotako helburuak bete ote diren.
10.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.
Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari, hilabeteko epean, ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko apirilaren 20a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,
MARÍA JESÚS GEMMA MÚGICA ANDUAGA.