EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-05-09 Aldizkari honetan argitaratua: 2017088

1/2017 INSTRUKZIOA, abenduaren 29koa, Finantza Politikako Zuzendaritzarena, zeinaren bidez ezartzen baitira Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen otsailaren 23ko 5/2012 Legearen Erregelamenduaren (urriaren 27ko 203/2015 Dekretuak onartua) II. tituluaren X. kapituluan jasotako Gobernu Onaren Politika eta Gordailutze Politikaren gaineko erregulazioa aplikatzeko arauak.

Organo emailea: OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
Xedapenaren zenbakia: 201700001
Xedapenaren data: 2017-12-29
Hurrenkenaren zenbakia: 201802461
Maila: Zirkularra

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2012/03/06an argitaratutako 2012/02/23ko 201200005 LEGEA

Instrukzio honetan Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen otsailaren 23ko 5/2012 Legearen Erregelamenduaren (urriaren 27ko 203/2015 Dekretuak onartua) –hemendik aurrera Erregelamendua– II. tituluaren X. kapituluan jasotako Gobernu Onaren Politika eta Gordailutze Politikaren gaineko erregulazioa aplikatzeko arauak ezartzen dira Erregelamenduaren azken xedapenetako 9.aren 1. apartatuan adierazitakoarekin bat eginda.
I. SEKZIOA. EREMUA
1. araua. Aplikazio-eremua.
1.– Instrukzio hau Gobernu Onaren Politikari dagokionez Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen otsailaren 23ko 5/2012 Legearen 24.1 artikuluan jasotako kontingentzia pertsonalak estaltzen dituzten BGAEei aplikatu zaie, 100 bazkide edo onuradun baino gutxiago dutenei izan ezik, borondatez eta formalki eskatu dutenean gobernu onaren eta funtsezko funtzioen inguruko xedapenak ez aplikatzeko.
Goragoko salbuespenari atxiki zaizkion erakundeen bazkide edo onuradun kopurua 100 edo gehiago denean elkarren segidako bi sozietate ekitaldietan, sei hileko epea izango du kasuan kasuko sozietate ekitaldia amaitzen denetik, gobernu onaren eta funtsezko funtzioen inguruko xedapenei egokitzeko.
2.– Halaber, instrukzio honen 5. arautik 12.erakoak goragoko paragrafoko BGAE erakundeetako gordailuzainei aplikatuko zaizkie, BGAEen funtzioei dagokienez.
II. SEKZIOA. GOBERNU ONAREN POLITIKAK
2. araua. Gobernu Onaren idatzizko politikak Funtsezko funtzioak.
BGAEek euren gobernu onaren berezko politika idatzi beharko dute arriskuen kudeaketari, barruko auditoretzari eta azterketa aktuarialari dagokionez. Erakundearen Gobernu Batzarrak onartu behar ditu idatzizko politika horiek eta urtero aztertu behar dira.
Idatzizko politika bakoitzak honako hauek gutxienez eduki behar ditu, funtsezko funtzio bakoitzari dagokionez:
a) Helburuak.
b) Funtsezko funtzio bakoitza lortzeko bete beharreko funtzioak eta prozedurak.
c) Funtsezko funtzioaren pertsona arduraduna.
d) Aplikatu beharreko informazio-prozesuak eta -prozedurak.
e) Erakundeak ezarri behar dituen unitate organikoek funtsezko funtzioen pertsona arduradunei euren betebeharren betepenean eragina duen edozein egitateren berri eman behar diete.
Era berean, BGAEak arrisku esanguratsuak identifikatu beharko ditu, eta kontingentzia-planen bidez estaliko dira eremu zaurgarriak. Horrez gain, aldian-aldian aztertu, eguneratu eta probatu beharko dira kontingentzia-planok.
BGAEak hirugarren erakunde baten uzten badu funtsezko funtzio bat, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen otsailaren 23ko 5/2012 Legearen Erregelamenduaren 63. artikuluan jasotakoaren arabera, erakundearen kanporatzeko idatzizko politikan zehatz-mehatz, besteak beste, funtsezko funtzioak gauzatuko dituzten hirugarren erakundeak hautatzeko irizpideak eta erakundeok funtziook garatzeko darabilten lanaren kontrola agertu behar dira.
3. araua. Erabaki garrantzitsuak hartzea.
1.– Erakundearen erabaki garrantzitsuren bat ezarri behar denean, erabaki hori hartzeko erakundearen zuzendaritzan benetan diharduten duten bi pertsonak parte hartuko beharko dute gutxienez, salbu eta beharrezkoa denean batzar orokorrak edo gobernu batzarrak onartzea, legeak organooi atxiki dielako eskumena.
2.– Erakundearen zuzendaritza benetan eramaten dutenak honakoak dira:
a) Gobernu batzarreko kideak eta
b) BGAEko goi zuzendaritzako pertsonak, hau da, goi mailako erabakiak eta Gobernu Batzarrak onartutako estrategiak eta politikak aplikatzeko erabakiak hartzen dituzten pertsonak. Funtsezko funtzioen arduradunak ez dira erakundea benetan zuzentzen duten pertsonak.
4. araua. Gaitasuna eta zintzotasuna.
Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen otsailaren 23ko 5/2012 Legearen Erregelamenduaren 56. Artikuluan ezarri bezala, honako informazioa hartu behar da kontuan gaitasuna eta zintzotasuna ebaluatzeko:
a) Gaitasuna:
1.– Curriculum vitaea, zeinetan hauexek bildu behar dira:
a) Prestakuntza akademikoa.
b) Lanbide esperientzia, azken bost urteetakoa, honakoa bereziki adierazita:
– Lanbide esperientzia hartutako enpresaren datuak.
– Izandako karguen izena.
– Garatutako jardueren deskripzioa eta iraupena.
2.– Hain zuzen, gorago aipatutako a) eta b) letretan ezarritakoarekin bat eginda eman beharreko informazioari dagokionez, honako gaien inguruko ezagutza, kualifikazioa eta esperientzia dutela egiaztatu beharko da:
– Ezagutza gizarte aurreikuspenaz eta finantza merkatuez.
– Enpresa estrategia eta enpresa eredua.
– Gobernu sistemak.
– Finantza azterketa eta azterketa aktuariala.
Gizarte aurreikuspenerako erakundeen esparru arau-emailea.
a) Zintzotasuna:
1.– Delituak egiteagatiko zigor-aurrekaririk ez edukitzea.
2.– Konkurtso gaiaren inguruko judizio ebazpenak, non desgaikuntza adierazten baita Konkurtsoei buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legean ezarritakoaren arabera, ezarritako desgaikuntza epea amaitu ez den bitartean, edo berriz gaitu gabe porrot egindakoarena edo konkurtsatuarena amaitu ez bada, lege hori indarrean jarri baino lehenagoko konkurtso prozedurak badira, edo beste herrialde batzuen araudiaren araberako antzeko egoeretan.
3.– Espainian edo atzerrian jarritako administrazio zehapen oso larriak edo larriak, honako gaien inguruko araudia haustegatik: BGAE, pentsio funtsak, aseguratzaileak edo berraseguratzaileak, aseguru eta berraseguru pribatuen banaketa, bankuak, balio merkatua, ogasun publikoa, Gizarte Segurantza, lehia desleiala edo merkatuaren abusua, kapitalen mugimenduak, atzerriarekiko ekonomia transakzioak, kapitalak zuritzea eta terrorismoaren finantzaketa, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen babesa. Kargu publikoak edo finantza erakundeen administrazioa edo zuzendaritza egikaritzeko desgaikuntza barne.
4.– Judizioen, konkurtsoen edo administrazio-zehapenaren inguruko ikerkuntzaren menean egotea, ikerketa goragoko gaien ingurukoa bada.
5.– Finantza alorreko lanbidean edo jardueran aritzeko edozein baimen edo lizentzia ukatu, kendu edo ezeztatzea edo lanbide bereko administrazio organoak edo organo arauemaileak dekretatutako kanporatzea.
6.– Bidezko kaleratzea edo kargu-uztea BGAE edo finantza erakunde baten langile edo kudeatzaile gisa, ustezko enplegu erregulazioko espedienteak direnean izan ezik.
7.– Eragin esanguratsua duen akzioduna, administrazio kontseiluko edo organo baliokideko kidea, kreditu aseguratzaile edo berraseguratzaile baten zuzendari nagusia edo antzekoa bada. Horrez gain, finantza sektoreko beste aginte ikuskatzaile batek merkataritza edo lanbide zintzotasuna ebaluatu badu, kasuan kasuko aginte ikuskatzailea identifikatu beharko du.
Arau horren inguruko informazioa erakundea benetan zuzentzen duten edo funtsezko funtzioak betetzen dituzten pertsonen zinpeko adierazpen baten bidez egiaztatuko da.
4 zenbakiko arauan jasotako betekizun guztiak instrukzio honetako 13. arauan jasotako datatik erakundera batu diren pertsonei baino ezin zaizkie eskatu.
Gaitasuna erakundea benetan zuzentzen duten pertsona guztientzat batera egiaztatuko da, 3.2 arauan jasotakoarekin bat etorrita.
Gaitasuna, funtsezko funtzioak betetzen dituzten pertsonen kasuan, banan-banan egiaztatuko da.
Banan-banan egiaztatu beharko dute zintzotasuna erakundea benetan zuzentzen duten pertsonek eta 56.3 artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita funtsezko funtzioak betetzen dituzten pertsonek.
III. SEKZIOA. GORDAILUZAINAK
5. araua. Irispidea.
1.– Jarduera aurreikuspen planen bidez garatzen duten BGAEek erakunde gordailuzain bakar batekin kontratatu behar dituzte zaintzeko moduko esleitutako aktibo guztien gordailua, gordailuzaintza eta zaintza eta pentsio planei bakarrik esleitutako eta zaintzeko modukoak ez diren aktibo guztien erregistroa eta zaintza.
2.– Gordailuzainak gordailuzain lanarekin lotutako edozein informazio eskatu ahal izango dio BGAEari.
6. araua. Gordailuzainak BGAEen erregistroan inskribatzea.
1.– Euskadiko BGAEen Erregistroan honakoak inskribatuko dira gordailuzain gisa: halaxe eskatu dutenak, baldin eta betekizunak betetzen badituzte eta baliabide egokiak badituzte gordailuzainaren lana betetzeko, 5/2012 Legearen Erregelamenduaren 66. artikulutik 68.era arautu bezala.
2.– 5/2012 Legearen Erregelamenduaren 66. artikulutik 68.era ezarritako betekizunak betetzen dira, baldin eta eskatzailea inskribatuta badago Inbertsio Kolektiboko edo Pentsio Funtsetako Erakundeen gordailuzain gisa kasuan kasuko erregistroetan eskaera aurkeztu zen egunean. Gordailuzainak erregistro horietako baja jakinarazi behar dio BGAEen erregistroari eta BGAEen erregistroko inskripzioa ezeztatzea ekarriko du.
7. araua. Zaintzeko moduko finantza aktiboak zaintzeko funtzioa.
1.– Erregelamenduaren 67.1 artikuluaren arabera, BGAEarekin batera, gordailuzainak BGAEak zaintzeko moduko aktiboen jabetza duela egiaztatu ahal izatea bermatzeko tresna eta prozedura egokiak inplementatu behar ditu.
2.– Halaber, azpizaintzaileak egonez gero, gordailuzainak berdinkatzeak egin beharko ditu eurokin hilean behin gutxienez.
3.– BGAEaren zuzeneko edo zeharkako kontrolpean dauden beste edozein tresnaren botearen meneko zaintzeko moduko aktiboak ere zaindu behar dira.
8. araua. Zaintzeko modukoak ez diren beste aktibo batzuen erregistroa.
1.– Erregelamenduaren 67.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita, BGAEarekin batera, gordailuzainak BGAEak zaintzeko moduko aktiboen jabetza duela egiaztatu ahal izatea bermatzeko tresna eta prozedura egokiak inplementatu behar ditu; halaber, gordailuzainak bermatu behar du kontratuen edo kontratuon besterentzeren edo hutsaltzearen ondoriozko fluxuen xedapena beti egingo dela BGAEaren adostasun eta baimenarekin eta gordailuzaina jankinaren gainean egonda.
2.– Era berean, gordailuzainak bermatu beharko du BGAEak ziurtagiriak eta bestelako dokumentu frogak hiru hilean behin gutxienez emango dizkiola, baita aktiboak saltzen direnean edo aktiboen jabetzan eragina duen zer edo zer gertatzen denean ere. Hala ere, ondasun higiezinak (hau da, Arrisku-kapitaleko erakundeak, inbertsio kolektibo itxiko bestelako erakundeak eta inbertsio kolektibo itxiko erakundeen erakunde kudeatzaileak arautzen dituen eta azaroaren 4ko 35/2003 Legea –Inbertsio kolektiboko erakundeena– aldatzen duen azaroaren 12ko 22/2014 Legean araututako erakundeen inbertsioetatik eratorritako aktiboak) edo antzekoak direnean, maiztasuna urtekoa izan daiteke. Era bertsuan, egiaztapena egiteko, gordailuzainak kanpoko frogak erabili ahal izango ditu, kontrapartidetatik zuzenean lortutako posizio ziurtagiriak barne.
3.– Gordailuzainak zaintzeko modukoak ez diren aktiboen erregistro eguneratua eraman behar du, eta bertan, BGAEaren izenean inskribatuko dira jabetza egiaztatuta daukaten zaintzeko modukoak ez diren aktibo guztiak, eta aktibo bakoitzaren elementu identifikatzaile bat gutxienez gehitu behar da, baita titulu edo partaidetza kopurua zein, hala badagokio, balio nozionala ere. Era berean, gordailuzainak hiru hilean behin berdinkatzeak egin behar ditu hirugarrenek mantendutako posizioekin. Dena den, urtean behin egin daitezke aktiboen izaera kontuan izanda.
4.– BGAEaren zuzeneko edo zeharkako kontrolpean dauden beste edozein tresnaren botearen meneko zaintzeko modukoak ez diren aktiboak ere erregistratu behar dira.
9. araua. Benetako kontrolaren funtzioa.
BGAEaren diruzaintzako fluxuak behar bezala kontrolatuta daudela bermatzeko, gordailuzainak, BGAEarekin batera, aurreikuspen planei bakarrik esleitutako efektibo kontuak zabaltzeko formalizazio prozedura ezarri behar du, eta hiru hilean behin aurreikuspen planei bakarrik esleitutako efektibo kontuen diruzaintzaren saldoen berdinkatzeak egin behar ditu.
10. araua. Zaintza funtzioa beste baten esku uztea.
1.– Erregelamenduaren 67. artikuluaren 4. zenbakian ezarri legez, gordailuzainak hirugarren baten esku delegatu ahal izango du BGAEren finantza tresnak zaintzeko funtzioa, besteak beste, hirugarren horrek zuzenean parte hartzen ez duenean BGAEak inbertitzen dituen aktiboen konpentsazio, likidazio eta erregistratze sistemetako batean.
2.– Gordailuzainak urtean behin gutxienez zaintza kate osoan berorren arriskuak baloratu eta ikuskatu behar ditu eta arriskuok identifikatu direnean, aldiz, maizago.
3.– Zaintza funtzioen zati bat delegatu zaion hirugarrena hautatu eta izendatzean, urtean behin gutxienez honakoak bermatu behar dira:
a) ea egokiak diren lege eta arau esparrua, herrialdearen arriskua barne, zaintzaren arriskua, aktiboen bereizketa eta hirugarrenarekin sinatutako kontratuen betearazpena.
b) Ea azpizaintzailearen herrialdearen kaudimengabezia arauek BGAEaren aktiboen bereizketa aintzatesten duten eta aktibook ez diren azpizaintzailearen konkurtso masaren zatia, azpizaintzailea kaudimengabea bada.
c) Ea azpizaintzaileak lagatako aktiboen izaeraren eta konplexutasunaren araberako egiturak, prozedurak, ezagutza praktikoak eta barneko kontrol egoki eta proportzionalak dituen.
d) Ea azpizaintzailea benetako zuhurtziazko araudiaren eta gainbegiratzearen menpe dagoen: nahitaezko gutxieneko kapitala eta aldian aldiko kanpoko auditoretzak, finantza tresnak eta gainerako balioak azpizaintzailearen jabetzapekoak diren.
e) Ea azpizaintzailearen kaudimena eta ospea egokiak diren.
f) Ea erabat bananduta dauden erakunde zaintzailearen kontua eta hirugarrenen kontua, hau da, erakundearen eta berorren bezeroen posizioak ezin dira erregistratu kontu berean eta gordailuzainaren kontu propioa identifikatu behar da. Bezeroen kontuaren izenak hirugarrenen kontua dela berariaz adierazi behar du. Gordailuzainak barneko prozedura ezarriko du kontabilitatearen ikuspuntutik bezero bakoitzaren posizioa banakatzeko.
4.– Gordailuzainaren ustez, zaintza delegatu zaion hirugarrenak ez badu goragoko 3. atalean ezarritako betekizunen bat, ahalik eta lasterrena jakinarazi behar dio BGAEari, eta beste azpigordailuzaina izendatu. Ezin bada izendatu, BGAEak kasuan kasuko aginduak emango ditu erasandako finantza tresnak saltzeko.
5.– Gordailuzainak kontingentzia-planak ezarri behar ditu parte hartzen duen merkatu bakoitzerako, azpizaintzailea izendatu duenetarako ere, eta hirugarren alternatiboak identifikatu behar ditu. Gordailuzainaren eta BGAEaren arteko kontratura BGAEari identifikatutako arriskuen berri emateko prozedurak batu behar dira, eta hala badagokio, baita maiztasunaren areagotzea eta berriz aztertzearen irismena ere.
11. araua. Zaintza-funtzioa.
Erregelamenduaren 68. artikuluan ezarri bezala, gordailuzainak honakoak gutxienez bermatu behar ditu:
a) Bermatu behar da BGAEak idatzizko prozedurak dituela adostutako ekarpenak, sorrarazitako prestazioak, mobilizazioak, barruko eskualdaketak eta agindutako berreskurapenak efektiboko kontuetan egindako ordainketekin berdinkatzeko. Egiaztapen hori urtean behin gutxienez egingo da. Ondore horietarako, BGAEak gorago aipatutako prozeduren edozein aldaketaren berri eman behar dio gordailuzainari.
b) Egiaztatu behar da BGAEak aktiboak baloratzeko dituen prozedura espezifikoak egokiak diren eta BGAEak aldian-aldian aztertzen dituen. Ondore horietarako, BGAEak gorago aipatutako prozeduren edozein aldaketaren berri eman behar dio gordailuzainari.
c) Kontrol sistema bat egituratu behar da ekarpen definituko plan bakoitzerako BGAEak egindako likidazio kalkulua baloratzeko prozedura espezifikoak egokiak diren egiaztatzeko, hau da, hiruhilekoaren azken egunari dagokion likidazio-balioa gutxienez kontrastatu ahal izateko.
d) Kontrol sistema bat egituratu behar da aurreikuspen plan bakoitzari esleitutako aktiboak baloratzeko prozedura espezifikoak egokiak diren egiaztatzeko, hau da, hiruhilekoaren azken egunari dagokion balorazioa gutxienez kontrastatu ahal izateko.
e) Egiaztatu behar da BGAEak ondasunen, eskubideen, balioen edo tresnen inguruan egindako eragiketek betetzen dituzten Borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeen jarduera jakin batzuk arautzeko den maiatzaren 29ko 92/2007 Dekretuan eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritako betekizunak, koefizienteak, irizpideak eta mugak. Horrez gain, gordailuzainak egiaztatu behar du aktiboak inbertsio politikaren mugen barruan inbertitu diren, izan ere, inberti daitezkeen aktiboak Inbertsio Printzipioaren Adierazpenean daude definituta. Kontrol eta egiaztapen hori hiruhileko bakoitzaren azken egunaren datuekin gutxienez egin beharko da.
f) Zaintza honelaxe egin behar da: BGAEak gordailuzainari emandako dokumentazioa eta datuak kontuan izanda eta kontratuen bidez alderdi biek adostutako tresnekin bat eginda. Dena dela, BGAEak ziurtatu behar dio gordailuzainari datuok bat datozela Estatistika eta Kontabilitate Dokumentazioarekin.
12. araua. Sei hilean behin txostena egitea zaintza funtzioaren betepenari, gordailuzainen ikuskapenari eta detektatutako akatsen jakinarazpenari buruz.
1.– BGAEen gordailuzainek seihileko natural bakoitzeko txosten bat egingo dute gordailuzain diren BGAEarentzat, eta Finantza Politikako Zuzendaritzari igorri beharko diote. Lehen seihilekoaren txostena irailaren 30a baino lehen igorri behar da eta bigarren seihilekoarena, berriz, hurrengo ekitaldiaren martxoaren 30a baino lehen.
2.– Seihilekoaren txostenean, honako atal hauek jorratuko dira:
a) 11. arauaren a), b), c) eta d) letretan ezarritako prozeduretan detektatutako gorabeherak.
b) Gorabeherak likidazio balioak zehaztean.
c) Gorabeherak aktiboak baloratzean.
d) Gorabeherak arauak ez betetzean eta inbertsio printzipioak adieraztean.
e) Beste gorabehera batzuk.
3.– Gorago aipatutako 2. atalaren gorabeherak BGAEak seihilekoan zuzendutakoak eta zuzendu ez direnak dira.
4.– 1, 2 eta 3 zenbakiko apartatuetan ezarritakoa gorabehera, gordailuzainek une oro gai izan behar dute Finantza Politikako Zuzendaritzari ikuskaritzaren, ikuskapenaren, gordailatzearen eta zaintzaren emaitza egiaztatzeko. Eta gai izan behar dute ikuskapenetan detektatutako gorabeheren edo akatsen gaineko informaziorik zabalena emateko. Egiaztapen hori bost urteko epean gorde behar da.
13. araua. Ondorioak.
5. arautik 12.era –biak barne– ezarritakoak 2018ko uztailaren 1etik izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko abenduaren 29a.
Finantza Politikako zuzendaria,
FRANCISCO JAVIER ARNAEZ ARRECIGOR.