EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-05-08 Aldizkari honetan argitaratua: 2018087

EBAZPENA, 2018ko apirilaren 16koa, Ingurumen Administrazioko zuzendariarena, Barakaldoko Udalak sustatutako Bide Onera eraikinaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen duena.

Xedapenaren data: 2018-04-16
Hurrenkenaren zenbakia: 201802449
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
2017ko azaroaren 30ean, Barakaldoko Udalak eskabide bat bete zuen, Bide Onera eraikinaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean HAPB) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura hasteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoari jarraikiz. Eskabideari hiri-antolamenduko plan orokorraren aldaketaren zirriborroa eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren araberako edukia duen ingurumen-dokumentu estrategiko bat atxiki zitzaizkion.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, 2018ko urtarrilaren 15ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egoki irizten zieten oharrak egiteko eskatu zien zenbait erakunderi, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari egin zitzaien eskaera.
Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri ipini zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumen-arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.
Behin abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren txostena jaso da, espedientean bertan islatutako emaitzarekin.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera (otsailaren 27ko 3/1998), ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, langintza-prozesuaren lehen faseetan eta betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, ingurumenean eragingo dituen ondorioen analisia, hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak kontuan hartuta.
Bide Onera eraikinaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean HAPB) abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean dago araututa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Dokumentazio teknikoa eta HAPBren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera) ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak HAPBren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta berau aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak.
Hauek ikusirik: Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Barakaldoko Udalak sustatutako Bide Onera eraikinaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean HAPB) ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian adierazten diren zehaztapenekin:
A) HAPBren deskribapena: helburuak eta jarduerak.
HAPBk xede du Barakaldoko hiri-antolamenduko plan orokorrak (aurrerantzean HAPO) Bide Onera plazak, Autonomia kaleak eta Askatasun etorbideak mugatutako eremuarentzat ezarritako antolamendu xehatua aldatzea.
Jarduera-esparrua kontsolidatutako hiri-lurzoruan dago, Barakaldoko erdigunean. Eremuak 1.253,5 m²-ko azalera du eta egun Bide Onera kooperatibaren jabetzako merkataritza-gune batek eta bizitegi-eraikin batek erabat okupatzen dute (kooperatibaren jatorrizko egoitza zen bizitegi-eraikina eta egun ez da bertan inor bizi).
Barakaldoko egungo HAPOk honako hau jasotzen du: alde batetik, Bide Onera jatorrizko egoitza, bizitegi-erabilerak gogora ekartzen dituena eta «hirugarren sektoreko» kalifikazioa duena; bestalde, merkataritza-gunea dagoen eraikina, «bizitegi» kalifikazioa duena.
HAPBren proposamenak, ezarritako erabilerak berrantolatu eta egoera hori zuzentzea du helburu; horretarako, betiere HAPOren egiturazko parametroak errespetatuz, beharrezkoa da antolamendu xehatu berri bat onartzea, hiri-berrikuntzako helburuei erantzungo dien eta indarreko HAPOrekin egun dauden desadostasunak erregularizatuko dituen irtenbide bat emanez.
HAPBren proposamena honako hau da:
– Egun merkataritzara bideratutako eraikina eraistea.
– Hutsik dagoen bizitegi-eraikina eraistea, HAPOren ordenantzek babesten duten fatxada salbu; bertan jasotzen denez, fatxada kontsolidatu eta birgaitu egin behar da.
– Eraisketaren ostean geratzen den orubean eraikin berri bat egitea, hirugarren sektoreko erabileretara bideratutako eraikigarritasuna errespetatuz baina soilik bi solairutan banatuta (beheko solairua eta lehen solairua). Horrenbestez, HAPBk partzela guztia «bizitegi alineatu» gisa kalifikatzen du, bizitegi-erabilerarekin etxebizitza kolektiboan, eta beheko solairuan eta lehen solairuan hirugarren sektoreko erabilerak baimenduz (bulego, banku, saltoki eta merkatu kategorian), betiere bizitegi-erabilerarekin bateragarriak direnean.
B) HAPBren ezaugarriak aztertu ondoren, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira plan edo programa bati ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion zehazteko.
1) HAPBren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
a) HAPBk zer neurritan ezartzen duen proiektu eta beste jarduera batzuetarako esparrua.
HAPBk erabilera aldatzea ekarriko du, jarduketa eremuaren antolamendu xehatua ezarriko du eta eraikuntza-proiektu bat izango du. Proiektuaren baimenak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Zenbaterainoko eragina duen HAPBk beste plan edo programa batzuetan: HAPBk ez du eraginik izango bestelako planetan edo programetan.
c) HAPB egokia den edo ez ingurumen-oharpenak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik. Sustatzaileak aurkeztutako ingurumen dokumentazioan, eraikina jasangarriagoa izatea ahalbidetzeko helburuarekin, argiaren inpaktua gutxitu eta energiaren efizientzia sustatuko duten hainbat neurri jasotzen dira, baita ura, argindarra eta gasa bezalako baliabideak eraginkortasun maximoz erabiltzeko neurriak ere. Hori dela eta, HAPBren xedea egokia dela irizten da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-kontsiderazioak integratzeko.
d) Ez da hauteman HAPB gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira eragindako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak. Azken alderdi horren inguruan, adierazi beharra dago Euskal Kultura Ondarearen Zentroaren babes irizpideak jarraituz, HAPBren memoriak zehaztapen batzuk sartzen dituela eraikinaren oinarrizko ezaugarri bolumetriko eta dekoratiboak mantentzea proposatuz, bereziki botatzerik ez dagoen jatorrizko fatxadarekin lotuta. Ildo horretan, HAPBn planteatzen diren jarduerak soilik honako kasu honetan izango dira identifikatutako balio kulturalen kontserbazioarekin bateragarriak: proposatutako ezaugarri bolumetrikoen mantentzeak eraikin historikoaren estalkia ere kontuan izatea.
e) Era berean, HAPB egokitzat jotzen da ingurumen-arloko erkidego- edo nazio-mailako legedia txertatzeko.
2) Eraginen ezaugarriei eta ziurrenik ukituko den eremuari dagokienez, eraginpeko lekuaren inguruan ez da hauteman ez naturagune adierazgarririk, ez ingurumen-balio altuko eremurik ez ingurumen kalteberatasun aipagarriko gunerik.
3) Nolanahi ere, neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, Ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, Ingurumen Dokumentu Estrategikoan eta HAPBn bertan jasotakoaren arabera. Hartu beharreko neurri nagusiak honako hauek dira:
– Proiektua gauzatzerako orduan, obrako langileek jardunbide egokien gida bat erabil dezaten ahalegindu behar da.
– Lurren eta soberakinen kudeaketa: proiektuan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.
– Hondakinen sorrera eta kudeaketa: obrak egin bitartean sortutako hondakin guztiak zein garbiketa-kanpainaren soberakinak kudeatzeko, uztailaren 28ko 22/2011 Legean (hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzkoa) eta berariazko araudietan aurreikusitakoa beteko da.
– Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira (112/2012 Dekretua, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duena).
Hondakin arriskutsuen ontziek, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dituzte (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek); itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.
Olio erabiliak, berriz, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1988 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
– Induskatutako lurzoruen kontrola: Barakaldoko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 1/2015 Legearen 10.2 artikulua betetzeko.
– Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da eta kamioik obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo kaleak erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.
– Eraikigintza eta eraikuntza jasangarria:
IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoak eraikigintza eta eraikuntza jasangarriagoa sustatzea ezarri zuen lehentasun gisa, baliabideak euren bizi-ziklo osoan erabiltzea eta ostean ere sortutako hondakinak aprobetxatzea lehenetsiz (2017rako lehentasuna). Horrenbestez, kontuan izan beharko dira eraikuntza jasangarriko gidetan jasotako gomendioak eraikinetan energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko, bai eta energia berriztagarriak sustatzeko ere.
Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:
– Kultura Ondarea babestea:
Euskal Kultura Ondarearen Zentroak egindako txostenak jasotako oharrak kontuak izanik, eraikinaren oinarrizko ezaugarri bolumetriko eta dekoratiboak mantendu egin beharko dira, bereziki botatzerik ez dagoen jatorrizko fatxadarekin lotuta. Gainera, ezaugarri bolumetrikoen mantentzeak eraikin historikoaren estalkia ere kontuan izan behar du.
Bigarrena.– Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoari jarraikiz, ez dela aurreikusten Bide Onera eraikinaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak eragin nabarmenik izatea ingurumenaren gainean, eta, ondorioz, ez dela beharrezkoa ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea.
Hirugarrena.– Barakaldoko Udalari jakinaraztea Ebazpen honen edukia.
Laugarrena.─ Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategikoak indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Bide Onera eraikinaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartuko ez balitz. Halako kasuetan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko apirilaren 16a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.