EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-05-07 Aldizkari honetan argitaratua: 2018086

EBAZPENA, martxoaren 14koa, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariarena. Honen bidez arautzen dira produktu ekologikoak zuzenean kontsumitzaileari edo azken erabiltzaileari saltzen dizkioten EAEko txikizkako merkatarien ekoizpen ekologikoarekin loturiko salbuespenak, Europako Kontseiluak 2007ko ekainaren 28an emandako 834/2007 (EE) Erregelamenduaren arabera.

Xedapenaren data: 2018-03-14
Hurrenkenaren zenbakia: 201802426
Maila: Ebazpena
Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak (ENEEK) 2014ko azaroaren 18an egindako osoko bilkuran, erabaki zen Eusko Jaurlaritzari eskatzea formaliza zezala beste eragile batzuek lehendik ontziratutako eta ziurtatutako produktuak bakarrik manipulatzen dituen txikizkako merkataritzarako salbuespena, araudian jasotzen dena. Ondoren, 2017ko maiatzaren 30ean, txikizkako merkataritzarako salbuespenei buruzko osoko bilkuran, erabaki zen txikizkako merkataritzari ez zitzaiola salbuespenik aplikatuko fakturazioaren arabera, baizik eta produktua manipulatzen ez duten eta bakarrik hornitzaileak etiketatutako eta ziurtatutako ontzi itxietan erosi eta saltzen duten establezimenduei aplikatuko zitzaizkiela.
Europako Kontseiluak 2007ko ekainaren 28an emandako 834/2007 (EE) Erregelamenduak (produktu ekologikoak ekoizteari eta etiketatzeari buruzkoa eta 2092/91 (EEE) Erregelamendua indargabetzekoa) ekoizpen ekologikoko sistema arautzen duen esparru juridikoa xedatzen du, eta produktu ekologikoen merkatuaren lehia leiala eta funtzionamendu egokia bermatzea du helburu, baita kontsumitzaileen interesak babestea eta produktu ekologikoekiko duten konfiantzari eustea ere.
Aipatutako 834/2007 (EE) Erregelamenduaren 32. kontuan hartuzkoak ezartzen du ezen, kasu batzuetan neurriz kanpokoa izan daitekeenez txikizkako eragile mota jakin batzuei jakinarazpen- eta kontrol-baldintzak aplikatzea (esaterako, produktuak zuzenean kontsumitzaileari edo azken erabiltzaileari saltzen dizkiotenei), komeni dela Estatu Kideei baimena ematea aipatutako eragileak baldintza horietatik salbuesteko. Hala eta guztiz ere, kontuan hartuzko horren arabera, iruzurra ekiditeko, salbuespenetik kanpo utzi behar dira salmenta-puntuarekin zerikusirik ez duten produktuak ekoitzi, prestatu edo biltegiratzen dituzten, produktu ekologikoak inportatzen dituzten edo jarduerok hirugarrenekin azpikontratatzen dituzten txikizkako eragileak.
Aipatutako erregelamenduaren 28. artikuluaren 1. zenbakian, xedatzen da ekoitzi, landu, biltegiratu edo hirugarren herrialde batetik inportatzen duten eragileek edo produktu ekologikoak edo ekologiko bihurtzen ari direnak merkaturatzen dituztenek beren jarduera jakinarazi beharko dietela jarduera hori egiten den Estatu Kideko agintari eskudunei, bai eta enpresa erregelamendu honek ezartzen duen kontrol-araubidearen menpe jarri ere.
Hala ere, artikulu beraren 2. apartatuan, xedatzen da Estatu Kideek aukera dutela produktuak kontsumitzaileari edo azken erabiltzaileari saltzen dizkioten eragileak salbuesteko, baldin eta eragile horiek ez badituzte produktuak ekoizten, lantzen edo biltegiratzen –salmenta-puntuan izan ezik–, hirugarren herrialdeetatik inportatzen ez badituzte edo jarduerok hirugarren batekin azpikontratatu ez badituzte.
Txikizkako Merkataritza Antolatzeari buruzko urtarrilaren 15eko 7/1996 Legearen 1.2 artikuluaren arabera, txikizkako merkataritza zera da: irabaziak lortzeko asmoz eta establezimenduak erabiliz edo erabili gabe azken hartzaileei edozein artikulu motaren salmenta eskaintzean profesionalki gauzatzen den jarduera.
Euskal Autonomia Erkidegoak, abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren edo Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 10. artikuluarekin bat, eskumen esklusiboa du, besteak beste, nekazaritzari eta abeltzaintzari dagokienez.
Irailaren 24ko 229/1996 Dekretuak eta abenduaren 29ko 10/2006 Legeak Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren ekoizpena, lantzea eta merkaturatzea arautzen dituen lege-esparrua xedatzen dute, eta haren barruan nekazaritza ekologikoarekin loturiko agintari eskudunaren funtzioak gauzatuko ditu Eusko Jaurlaritzak, bere eskumenen barruan, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzaren bitartez.
Azaldutakoarekin bat etorriz, eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa ezartzen duen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuak esleitzen dizkidan eskumenak erabiliz, honako hau
EBAZTEN DUT:
1.– 834/2007 (EE) Erregelamenduak (2007ko ekainaren 28koa, Europako Kontseiluarena, produktu ekologikoak ekoizteari eta etiketatzeari buruzkoa eta 2092/91 (EEE) Erregelamendua indargabetzekoa) 28.2 artikuluan xedatutakoarekin bat, produktu ekologikoak eta nekazaritza ekologikora bihurtzen ari diren produktuak saltzen dituzten txikizkako merkatariak salbuetsita geratuko dira agintari eskudunari jakinarazteko eta kontrol-araubidearen menpe jartzeko obligaziotik, baldin eta produktuek baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Zuzenean kontsumitzaileei edo azken erabiltzaileei saltzea, eragilearen edo haren langile komertzialen eta azken kontsumitzailearen aurrean.
b) Salmenta-puntuan ez ekoiztea edo lantzea, hirugarren herrialdeetatik ez inportatzea eta horrelako jarduerak hirugarrenei ez azpikontratatzea.
c) Ontzi originaletatik kanpo, soltean edo zatika ez saltzea.
d) Soilik salmenta-puntuan biltegiratzea eta jarduera horretarako hirugarrenik azpikontratatu ez izana.
2.– Xedapen honen esparrutik kanpo geratzen dira txikizkako merkataritzakoak ez diren jarduerak eta handizkako merkataritza-jarduerak.
3.– Agintari eskudunari jakinarazteko eta kontrol-araubidearen menpe jartzeko obligaziotik salbuetsita geratzen diren eragileek aplikagarria den legeria bete behar dute; zehazki: 178/2002 (EE) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2002ko urtarrilaren 28koa, elikagaiei buruzko legeriaren printzipioak eta betekizun orokorrak ezarri, Elikagaien Segurtasunerako Europako Agintaritza sortu eta elikagaien segurtasunari buruzko prozedurak ezartzen dituena; 7/1996 Legea, urtarrilaren 15ekoa, Txikizkako Merkataritza Antolatzeari buruzkoa, eta 7/1994 Legea, maiatzaren 27koa, Merkataritza-jarduerari buruzkoa.
4.– Ebazpen honen ondorioak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera jarriko dira indarrean. 834/2008 (EE) Erregelamenduarekin bat, ebazpen hau 2009ko urtarrilaren 1etik aplika daiteke.
5.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, herritar guztiek haren berri izan dezaten.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko martxoaren 14a.
Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendaria,
PELI MANTEROLA ARTETA.