EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-05-07 Aldizkari honetan argitaratua: 2018086

65/2018 DEKRETUA, maiatzaren 2koa, zeinaren bidez aitortzen baita onura publikokoa dela Erandioko «Creando Futuros» integrazioko eta nazioarteko lankidetzako elkartea.

Xedapenaren zenbakia: 201800065
Xedapenaren data: 2018-05-02
Hurrenkenaren zenbakia: 201802421
Maila: Dekretua
Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak honela dio: Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak onura publikokotzat aitortu ahal izango dira, baldin eta elkarteok, beren jardueren bitartez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen gauzatzen badituzte.
Lege horren babesean, Erandioko «Creando Futuros» integrazioko eta nazioarteko lankidetzako elkarteak eskatu du aitorpen hori eman dakiola, bere ustez onura publikoko erakundea dela aitortzea merezi duelako, egiten duen lanagatik.
Erandioko «Creando Futuros» integrazioko eta nazioarteko lankidetzako elkartea Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatu zen, 2011ko uztailaren 1ean (AS/B/16115/2011 erregistro-zenbakia).
Elkarteak, batik bat, Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen ditu bere egitekoak.
Erandioko «Creando Futuros» integrazioko eta nazioarteko lankidetzako elkartearen estatutuen 2. artikuluan xedatutakoa aintzat hartuta, hauek dira elkartearen xedeak:
«Ikuspegia: Sustatu nahi dugun gizarte-ereduan, pertsonek euren burua garatzeko eta pertsona aske eta autodeterminatu bilakatzeko behar dituzten bitarteko eta baliabideetara heltzeko aukera izango dute. Senegalen printzipio horien alde dihardugu, eta Euskadi eta Senegalen arteko senidetze-erreferente izan nahi dugu.
Xedea: Senegalen gizarte-, kultura- eta hezkuntza-lanak egitea, eta senegaldarrak gure komunitatean integra daitezen sustatzea.»
Artikulu horren arabera, xede horiek lortzeko, ekintza hauek burutzen ditu elkarteak:
«– Gure erkidegoko ikastetxeekin lankidetzan jardutea lankidetzaren eta solidaritatearen arloan ikasleak sentsibilizatzeko eta horretan parte har dezaten eskaintzeko.
– Gizarteratze-prozesuak antolatzea jatorri senegaldarreko herritarrentzat.
– Euskadira etorritako jatorri senegaldarreko pertsonen garapen pertsonal, sozial eta kulturalean laguntzea.
– Lankidetza-loturak ezartzea gizarte senegaldarren eta euskal gizartearen artean.»
Honako xedapen hauetan ezarritako eskakizunak bete dira: Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Errolda Nagusiaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 29ko 145/2008 Dekretua, eta Onura Publikoko Elkarteei eta beren Babesletzari buruzko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 29ko 146/2008 Dekretua.
Aipatu 7/2007 Legearen 45.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Gobernu Kontseiluak erabakitako dekretu baten bidez egingo da onura publikoaren deklarazioa, kasuan kasuko sailek –gaiaren arabera– proposatuta.
Aipatu artikuluan eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.2.f) artikuluan ezarritakoa aintzat hartuta, dagokion espedientea izapidetu da, eta helarazitako txostenak erantsi zaizkio.
Ondorioz, Lehendakariaren eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren proposamenez, aurkeztutako txostenak ikusirik, eta Gobernu Kontseiluak 2018ko maiatzaren 2an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Erandioko «Creando Futuros» integrazioko eta nazioarteko lankidetzako elkartea onura publikokoa dela aitortzea, bere jardueraren bidez interes orokorraren alde egiten duela irizten baita. Elkartea Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dago (AS/B/16115/2011 erregistro-zenbakia).
Horrekin batera, aitorpen honi dagozkion eskubideak aitortzen zaizkio, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 43. artikuluan xedatutakoak.
Vitoria-Gasteizen, 2018ko maiatzaren 2an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.