EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-05-07 Aldizkari honetan argitaratua: 2018086

ERABAKIA, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2018ko martxoaren 22ko bilkuran hartua «Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Kontu Orokorra, 2016» fiskalizazio-txostena behin betiko onesten duena.

Xedapenaren data: 2018-03-22
Hurrenkenaren zenbakia: 201802420
Maila: Akordioa
Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2018ko martxoaren 22an egindako bilkuran
ERABAKI DU:
«Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Kontu Orokorra, 2016» fiskalizazio-txostena behin betiko onestea, Erabaki honen eranskin modura ageri dena.
HKEEren 1/1988 Legearen 13.2 artikuluak aurreikusten duena betez, txostenaren ondorioak dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratzeko xedatzea.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko martxoaren 22a.
HKEEren lehendakaria,
JOSÉ LUIS BILBAO EGUREN.
HKEEren idazkari nagusia,
JULIO ARTETXE BARKIN.
ERANSKINA
«GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOAREN KONTU OROKORRA, 2016» FISKALIZAZIO TXOSTENA
Laburdurak
7/2008 FA: 7/2008 Foru Araua, abenduaren 23koa, Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko 2002-2016ko Plan Orokorraren aurrerapen agiria (2008-2016) onartzen duena.
BEZ: Balio Erantsiaren gaineko zerga.
BPG: Barne Produktu Gordina.
EAE: Euskal Autonomia Erkidegoa.
FA: Foru Araua.
GAO: Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.
GFA: Gipuzkoako Foru Aldundia.
GHK: Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa.
GLH: Gipuzkoako Lurralde Historikoa.
HKEE: Herri-Kontuen Euskal Epaitegia.
IZFE: Informatika Zerbitzuen Foru Elkartea.
PFEZ: Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko zerga.
EIB: Europako Inbertsio Bankua.
FD: Foru dekretua
GHKS: Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa, S.A.U.
EAKN: Estatuko Administrazioaren Kontu-hartzailetza Nagusiko
LZ: Lanpostuen zerrenda.
EAN: EAEko Auzitegi Nagusia.
GHHKPO: Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorra.
I.– Sarrera.
Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak (HKEE) otsailaren 5eko 1/1988 Legean eta 2017rako Lanerako Programan erabakitakoari jarraikiz, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren (GLH) 2016ko ekitaldiaren Kontu Orokorraren fiskalizazioa mamitu du.
Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Kontu Orokorrak informazioa eman behar du foru sektore publikoaren ekonomia, finantza eta ondarearen egoerari buruz, ekitaldiaren ekonomia eta ondarearen emaitzei buruz eta aurrekontuen likidazioari buruz; besteak beste, honako agiri hauek osatzen dute:
– Gipuzkoako Foru Aldundiaren urteko kontuek eta kudeaketa txostenak.
– Foru sektore publikoa osatzen duten gainerako erakundeen urteko kontuek.
– Foru sektore publikoaren bateratutako kontuak.
Gipuzkoako Lurralde Historikoaren foru sektore publikoa honako hauek osatzen dute:
– Foru Administrazioa, Foru Aldundian gorpuzten dena (GFA).
– Erakundeen administrazioa, ondoko foru erakunde autonomo hauek osatzen dutena:
● Uliazpi Fundazioa, zeinaren xedea eta jarduera adimen ezgaitasun larria duten pertsonak eta haien senitartekoak artatzea den.
● Kabia, gizarte zerbitzuak kudeatu, eman eta egikaritzea helburu duena.
– Merkataritzako foru sozietateak (guztiak ere GFAk % 100ean partaidetutakoak):
● Informatika Zerbitzuen Foru Elkartea, S.A. (IZFE, S.A.), foru eta toki administrazioari informatika zerbitzuak ematen dizkiona.
● Bidegi-Gipuzkoako Azpiegituren Agentzia, S.A.; sozietatearen xedea A-8 eta AP-1 autobideak, horien instalakuntza eta zerbitzuak mantendu, zaindu, eraiki eta ustiatzea da.
● Etorlur, Gipuzkoako Lurra, S.A., zeinaren xedea lurzorua sustatu, antolatu, urbanizatu eta jarduera ekonomiko, etxebizitza eta era guztietako ekipamendu publikoak besarkatuko dituen lurzorua saldu eta erostea den. Gainera, Gipuzkoako Lurralde Historikoan nekazaritza-lanetarako erabilgarria den lurzorua erosi eta kudeatzea ere helburu du.
Fiskalizazioak honako alderdi hauek besarkatzen ditu:
– Legezkoak: honako aurrekontuaren atal hauetan ezargarria den arautegia bete izana: aurrekontua, zorpetzea eta finantza eragiketak, langileria, obren kontratazioa, hornidura eta zerbitzuak, diru-laguntzen emakida eta zuzenbide publikoko sarrerei buruzko arautegia.
– Kontularitzakoak: GFAren kontuak, foru erakunde autonomoen kontuak eta merkataritzako foru sozietateen kontuak ezargarriak diren kontularitzako printzipioen arabera mamitu diren aztertuko dugu.
– Foru sektore publikoaren egoera ekonomikoaren finantza analisia.
– Lanaren zabalak ez du gastuaren eraginkortasun eta efizientziari buruzko azterlanik besarkatzen. Nolanahi ere, azaleratutako hutsak «Kudeaketaren alderdiak eta Gomendioak» idazpuruan xehetasunez jasoko ditugu.
Erakunde autonomoek eta merkataritzako foru sozietateek dagozkien kanpo auditoretzako txostenak eginak dituzte.
II.– Iritzia.
II.1.– Foru sektore publikoa osatzen duten erakundeek legezkotasuna betetzeari buruzko iritzia.
Gipuzkoako Foru Aldundia
1.– GFAk uste du bertako Giza Baliabideetako Plan Estrategikoaren arabera, borondatezko erretiroagatik, ezintasun iraunkorragatik eta administrazio publikoko langile izateari uko egiteagatik 2016an 39 langileri guztira 1,2 milioi euroren zenbatekoan ordaindutako primak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergatik salbuetsitako laneko irabaziak direla. Plan horrek ez du egiaztatzen Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 51. artikuluaren arabera, jokamolde horiek kaleratze kolektibo eta arrazoi objektiboengatiko kaleratze edo kargugabetzeekin berdintzen utziko lukeen arrazoirik egon denik, zeinaren kalte-ordainak badauden PFEZetik salbuetsita, abenduaren 5eko 13/2013 FAren 9. artikuluaren arabera.
2.– GFAk esleipen prozedura irekiari dagozkion betekizunak saihestuta hiru zerbitzu kontratatu ditu, guztira 1,2 milioi euroren zenbatekoan, kontratazio araudian finkatutako publikotasun eta lehia printzipioak urratuz.
Berebat, GFAk guztira 2,9 euroren zenbatekoan bost zerbitzu kontratatu ditu, kontratazio araudiaren arabera eskagarri liratekeen esleipen prozedura irekiak albora utzita; prozedura horiek ekitaldia amaitu aurretik gauzatu dira.
Epaitegi honen iritzira, 1. eta 2. paragrafoetan aipatutako lege hausteak alde batera, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Foru Sektore Publikoa osatzen duten erakundeek zuzentasunez bete dute 2016ko ekitaldian ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duen lege arautegia.
II.2.– Foru sektore publikoa osatzen duten erakundeen kontuei buruzko iritzia.
Gipuzkoako Foru Aldundia
1.– Guztizko Diruzaintza Geldikina eta Ondare Garbia 2016ko abenduaren 31n 50,1 eta 7,4 milioi euroan gehitu behar da, hurrenez hurren, ondoko doiketen ondorioz:
2.– Ibilgetu material eta ukiezina, 2016ko abenduaren 31n 3.031,9 milioi euroren amortizazio kostu garbia izan duena, ez dago kontu-sail jakinetarako ondasun-zerrenda batean euskarritua, zeinaren kostu garbia guztira 1.967,9 milioi eurorena den; honenbestez, ezin jakin daiteke ondasun eta eskubide horien egiazko egoera.
Epaitegi honen iritzira, 1. eta 2. paragrafoetan adierazitako salbuespenak salbuetsita, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Foru Sektore Publikoa osatzen duten erakundeen kontuek alderdi esanguratsu guztietan 2016ko abenduaren 31ko ondarearen eta finantza egoeraren isla zuzena erakusten dute; baita, data horretan amaitutako urteko ekitaldiari dagozkion bere eragiketen eta eskudiruzko fluxuen emaitzena ere, ezargarria den finantza informazioaren arau-esparruaren arabera eta, zehazki, bertan jasotako kontularitzako printzipio eta irizpideen arabera.
III.– Barne kontrolerako sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak.
Atal honetan ekonomia-finantza jarduera arautzen duten printzipioak gehiegi eragiten ez dituzten akatsak ez ezik, kudeaketa hobetzeko azpimarratu nahi diren prozedurazko alderdiak ere azaleratu dira.
III.A.– Gipuzkoako Foru Aldundia.
III.A.1.– Aurrekontua eta kontabilitatea.
– GFAk Inbertsio errealen kapituluan errepideak mantentzeko gastuak kontabilizatu ditu, 44,1 milioi euroren gastua izan duena; ondarean kudeaketa arrunteko gastuen atalean erregistratzen dira, izan ere, nagusiki konponketak izan direnez, kapitalizagarritzat jotzen ez diren eragiketak jasotzen ditu.
– Toki-erakundeek onura publikoko euren mendien aprobetxamenduaren % 20 mendi horien baso hobekuntzetan inbertsioak egiteko baliatu behar dute derrigor. Horretarako, GFAk irekitako kontu batean % 20 horri dagokion zenbatekoa ingresatu behar dute. Honi dagokionez, GFAk bi banku-kontu ditu, 2016ko abenduaren 31n 1,7 milioi euroren saldoa zutenak; halaber, 2016ko ekitaldian zehar 288.486 euro erabili dira, kontabilitatean islatu ez direnak. Kontu hauek GFAko diruzaintzaren atal izan behar dutela uste dugu, eta honenbestez, artekaritzaren eta kontabilitate publikoaren erregimenaren kontrolera meneratuak daude.
– 2016ko ekitaldiko Kontu Orokorraren Oroitidazkiak Gipuzkoako lurralde historikoan hiri hondakinen azpiegiturak eraiki eta abiarazteko finantzaketa kontratuei dagokienez GFAk 2011 eta 2015ean izenpetutako konpromisoen berri ematen du, Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa SAUk izenpetutakoak, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren bitarteko instrumental eta bitarteko propio den aldetik. Informazio hori 2011n izenpetutako konpromisoen agirirako osatu behar litzatekeela uste dugu eta informatu GFAri zein ondorio ekar liezazkiokeen aipatutako sozietateak izenpetutako finantzaketa agirien balizko epe-betetze aurreratuak.
III.A.2.– Sarrera fiskalak.
Atal honetan ondotik adierazitakoak azpimarratu nahi ditugu:
– 2016ko aurrekontu-ekitaldiaren itxieran, zerga zorrak geroratzeko eta zatikatzeko berrogeita bi eskabide daude, guztira 12,7 milioi euro egiten dutenak eta GFAk ebatzi ez zituenak Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Diru-bilketako Erregelamenduaren 44.2 artikuluak aurreikusten duen sei hilabeteko epean. Zordunek ordainketa plan bat aurkezten dute eta horri berandutze interesa aplikatzen zaio. Plan hau, nahiz ez duen GFAk berariaz onartzen, bete egiten da oro har eta 2016ko ekitaldi itxieran ingresatzeko dagoen zor saldoa 8 milioi eurorena da. Amaitzeko esan behar da zor hauetarako ez dela bermerik gordailatu. Txosten hau idatzi dugun datan aipatu ditugun berrogeita bi eskabideetatik hogeita zazpi, 5,8 milioi euro egin dutenak, 2017an eman dira; bederatzik, 1,2 milioi euro egin dutenek, zorra kitatu dute; 929.156 euro egin duten beste lau, hartzekodunen konkurtsoan deklaratu dira eta 51.499 euroren beste biek ez dute eskatutako dokumentazioa aurkeztu.
– 2016ko ekitaldian emandako hogeita sei gerorapen aztertu ditugu, guztira 49,7 milioi euro egin dituztenak, eta honako alderdi hauek gailendu behar ditugu:
● Zergapeko bati emandako bi zatikapen, guztira 1,6 milioi euroren zenbatekoan, % 0,54 eta % 0,96 bitarteko interes tasarekin eman dira; Gipuzkoako Lurralde Historikoaren abenduaren 23ko Aurrekontu Orokorren 8/2015 Foru Arauan, ordea, 2016rako % 3,75eko interes tasa zegoen ezarrita. Zatikapen hauek GLHaren martxoaren 8ko 2/2005 Zergen Foru Arau Orokorraren 64.8 artikulua baliatuta eman dira, zeinak onartzen duen Diputatuen Kontseiluak inguruabar apartekoak edo guztien intereseko arrazoiak daudenean ordainketen zatikapen edo gerorapenak eman ditzakeela, kasu bakoitzean erabakitako baldintzetan. Badira epaiak, euren zuzenbideko oinarrietan zatikapenetan ezarri beharreko interesei dagokienez baldintza bereziak emateko aukera onartzen dutenak eta beste epai batzuk, aldiz, zerga zorretan berandutza interes tipo ezberdinak ezartzeko ezintasuna babesten dutenak. Komenigarria litzateke zerga zorren zatikapen edo gerorapenari baldintza bereziak ezartzeko prozedura garatzea, Zergen Foru Arau Orokorraren 64.8 artikuluan aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direnean.
● Guztira 2,3 milioi euroren zenbatekoan emandako bost espedientetan, 3 eta 11 hilabete bitartean gainditu da zatikapena emateko gehiengo epea.
– GFAk 2016ko ekitaldian preskribitu dutelako bajan eman die zordun baten zerga-zorrei, guztira 688.576 euroren zenbatekoan, 2007-2010eko aldiari dagozkionak; ez dira, baina, preskribapena etengo duten jarduerak gauzatu. Zordun honek baditu zor zaharragoak indarrean eta horiei dagokienez, dagozkion egintzak abiarazi dira zorrak preskribatzea saihesteko.
– GFAk ez ditu banaketara meneratutako diru-bilketa modura aitortzen berandutza gainkargu eta interesen % 10,6, guztira 1,4 milioi euro egiten dutenak. Azken ekitaldietan errepikatu den ehuneko hau antzina egin ohi zen balioespena da, banaketara meneratzen ez ziren zergek, orduan, eragiten zituzten kobrantzen kontzeptuan. Tributu hauek zehaztasunez identifikatu behar dira eta ez gutxi gorabeherako eran.
III.A.3.– Ondasun eta zerbitzuen erosketa.
Kontratazio espedienteak
2016ko ekitaldian esleitutako eta lehenagoko ekitaldietan esleitu eta ekitaldi horretan egikaritutako kontratazio espedienteak aztertzetik honako alderdi hau azpimarratu nahi dugu:
– 2014ko ekitaldia baino lehenago esleitu eta 2016ko ekitaldian 4,5 milioi euroren egikaritza izan duten bi kontratazio espedientetan 838 eta 39 espedienteak), ez dira 2016ko ekitaldian kontratuetan aurreikusitako prezio berrikusketak egin.
Administrazio kontratazioko espedienterik gabeko gastua
Administrazioko kontratazio espedienterik gabe kontrataturiko gastua aztertzean hamar jarduera azaleratu dira, guztira 738.996 euroren zenbatekoan, zeinetan batzuetan lehia printzipioa ezartzea eskagarri den eta beste batzuetan, hori aplikatzea gomendatzen den; izan ere, horietako bakoitza ekitaldian zehar gauzatutako jarduera bati dagokion arren, finean gastu homogeneoak eta ekitaldi bakoitzean planifika daitezkeen gastuak dira.
Gizarte-politika sailak psikologoen kontratazioa Gipuzkoako Psikologoen Elkargo Ofizialarekin izenpetutako lankidetza-hitzarmen baten babesean egiten du, arreta psikologikoa emateko hiru programatan esku hartuko duten profesionalak homologatzeko; 2016ko ekitaldian 1,1 milioi euroren gastua eragin du. GFAk Elkargoari eskatu behar lioke proposatutako profesionalak hautatzeko gauzatu dituen ekintzak egiaztatzeko, hitzarmenean aurreikusitakoa betez.
Errepideko bidaiarien garraioa
– Errepideko bidaiarien garraio zerbitzuaren sei emakida kontratuetatik bostetan urteko likidazioan zerbitzuaren kalitatea ebaluatuko dela dioen klausula bat jaso da, likidazioak bidaiarien kontzeptuan jasotako sarreren % 2ra arteko igoera izan dezakeelarik. Ordaindu beharreko ehunekoa zehaztea neurgarriak diren parametro batzuen baitakoa da (% 1) eta hautemandako kalitatezko adierazle batzuen baitakoa (% 1). 2016ko ekitaldian iraungitzen diren urtekoei dagokien zenbatekoa 501.279 eurorena da eta kasu guztietan, finkatutako gehienekoa % 2koa da. Klausula honi dagokionez alderdi hauek azpimarratu behar ditugu:
● Ordaindu beharreko ehunekoa finkatzeko haztapen-irizpideak ez dira garatu bi egoeretatik batean ere.
● 2016ko ekitaldian ez da kalitatezko parametro eta adierazleak bete izana egiaztatu, likidazioa igotzea eragiten dutenak.
III.A.4.– Diru-laguntzak.
Diru-laguntza zuzenak
– Diputatu kontseiluak zuzenean eman dizkie diru-laguntzak lau enpresari (5, 6, 7 eta 14 zk. espedienteak), guztira 246.250 euroren zenbatekoan. Komenigarria litzateke hobeto arrazoitzea bai izan diren interes publiko, sozial, ekonomiko edo humanitarioko arrazoiak bai deialdi publikoa egiteko izan diren zailtasunak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren diru-laguntzei buruzko martxoaren 27ko 3/2007 FAren 20.3.c) artikuluaren arabera aparteko prozedura hau baliatzeko aukera ematen dutenak.
– GFAk 2016ko ekitaldian izenpetutako hitzarmen batean, Bergarako Udalari emandako diru-laguntza zuzenari dagokionez (1 zk. espedientea) bere gain hartzen du, gainera, UNED-Bergara Fundazioaren kide den aldetik, Bergarako Errege Apaizgaitegian Fundazioak dituen aretoak egokitzeko lanak ordaintzeko konpromisoa, UNED-Bergara Fundazioaren urteko defiziterako egin beharreko ekarpenaren ehunekoaren mugara arte (% 63,61). 2016ko ekitaldian 609.957 euroren ekarpena egin da Fundazioak GFAri ordaintzen dion ekitaldi itxietako itzulketaren sarrerarekin berdintzeko, GFAk 2014an emandako diru-laguntza bat baliogabe uzteagatik. GFAren aurrekontuan ez dago aurrekontuko zuzkidurarik konpromiso hau bere gain hartzeko eta ekarpena egin da Fundazioak lanak esleitu gabe zituela.
– Guztira 518.000 euroren zenbatekoan emandako bi diru-laguntzatan (2 eta 9 zk. espedienteak), onuradunak ez du aurkeztu hiru eskaintza eskatu izana egiaztatuko duen dokumentaziorik, eskagarri den kasuetan diruz lagungarri diren gastuak kontratatu aurretik.
– Zinema-ekoizpen baten gidoi eta eszenografiarako guztira emandako 40.000 euroren diru-laguntza bat (6. espedientea) egikaritzeko egindako gastuen justifikazioak proiektuan jasotako aipatutako kontzeptu guztien % 33 egiten du. Zeinahi dela ere diruz lagundutako zenbatekoa, justifikazioa proiektuan diruz laguntzen diren kontzeptu guztiena egin behar dela uste dugu.
– GFAk 100.000 euroren diru-laguntza zuzena eman dio kultur elkarte bati (2. espedientea), «sentitu, pentsatu, ekin» izeneko proiektua gauzatzeko. Elkarte honek diruz lagundutako jarduera birkontratatu egin du; ordea, ez zaio inongo aipamenik egin emakida ekintzan eta GFAk ere ez du aurretiazko baimenik eman. Justifikazio-agirian, 64.586 euroren zenbatekoa egiten duen faktura batek 11.209 euro barne hartzen ditu BEZ kontzeptuan; alabaina, fakturako kontzeptuak laguntzaileei egindako ordainketekin eta bidaia eta hoteletako gastuekin euskarritzen dira eta horiek ezin dira BEZarekin berriz fakturatu.
– GFAk berme eta arriskuko bi sozietateri diru-laguntza zuzen bat eman die (8. espedientea) guztira 900.000 euroren zenbatekoan eta hitzarmenean zehaztu da emandako zenbatekoa murriztu ahal izango dela hitzarmenean jasotako aurreikuspenekiko sozietateek azkenean izenpetzen dituzten eragiketen desbideratzearen arabera. Ez da zehazten nola gauzatuko den murrizketa hori.
– 2014ko ekitaldian GFAk Errenteriko Udalari 3,5 milioi euroren diru-laguntza zuzena eman zion Lekuona lantegia arte eszenikoen zentro modura egokitzeko; bertan, GFAk egin beharreko ekintzen kostu guztiaren gainean % 60 finantzatu zuen; hona hemen azpimarratu nahi ditugun alderdiak:
● Foru Gobernu Kontseiluak 2016ko uztailaren 19an onartu zuen indarraldia 2017ko abenduaren 31ra arte luzatzea eta 2017ko ekitaldira aldatzea 2016ko ekitaldiko urtekoa, 1,4 milioi euroren zenbatekoan. Erabakiaren aurrekarietan esaten da 2016ko maiatzean egindako batzorde teknikoaren eta obren aktak jasotzen duela eten eta kitatu egingo dela izenpetutako obra kontratua, proiektua aldatu egingo dela eta beste lehiaketa bat abiaraziko dela arte eszenikoen erreferentziazko zentroko lanak amaitzeko eta honenbestez, gomendagarria litzatekeela hitzarmenaren likidazioa egitea.
● 2016ko abenduaren 31n GFAri diru-laguntzaren norakoaren justifikazio modura aurkeztutako ziurtagiriek 3,7 milioi euroren zenbatekoa egiten dute guztira eta GFAk 3,7 milioi euro ordaindu ditu guztira; horrek GFAren aldetik % 66ko finantzaketa egin dela esan nahi du.
Deialdi publiko bidez emandako diru-laguntzak
– Diru-laguntza lerro batean (12. espedientea), zeinaren indarrez 2,4 milioi euro eman diren, oinarri-arauek ez dute balorazio-batzorde bat eratzeko agintzen eta zerbitzuburuak egiten du balioespena.
– Eskola kirolerako hogeita hamabi kirol federaziori 837.499 euroren diru-laguntzak ematen dizkien diru-laguntza lerro batean (3. espedientea) emandako zenbatekoa erabakitzen da 2010eko ekitaldian emandako kopuruen arabera, gaurkoturik; ez da, baina, banaketarako irizpide objektiborik zehazten.
Beste alderdi batzuk
– Estatuek ematen dituzten laguntzetan europar araudia betetzeari dagokionez, emakida-erabakiaren proposamenetan diru-laguntza hori arautu duen Europako araudi esparrua barne hartzea gomendatzen da. Hau guztia Estatuko Administrazioaren Kontu-hartzailetza Nagusiaren 2015eko abenduaren 9ko Ebazpena 2016ko urtarrilaren 1ean indarrean sartzearekin bat, Diru-laguntzen Datu-base Nazionalari eman beharreko informazioaren edukia eta maiztasuna arautzen dituena; datu-base hau berriz konfiguratu da beste informazio atal batzuk ere jasotzeko, Sektore Publikoa arrazionalizatu eta administrazioa eraberritzeko beste zenbait neurriri buruzko irailaren 16ko 15/2014 Legearen aurreikuspenak eta Europako araudia betetzearren, estatuko laguntza gaietan estatu-kide bakoitzak argitara eman beharreko edukiak zehazten dituena.
III.A.5.– Sorospen-zerbitzuak eta gizarte-politikako hitzarmenak.
Gizarte zerbitzuak ematean hitzarmenaren moldea erabiltzeari dagokionez, honako alderdi hauek azpimarratu behar ditugu:
– Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legeak kontzertu-araubidea definitzen du euskal administrazio publikoen eta erakunde pribatuen artean gizarte zerbitzuak emateko lankidetza molde lehenen modura; ez da, baina, erregelamendu bidez garatu. Aipatutako legeak hitzarmenaren moldea irabazi asmorik gabeko ekimen sozialeko erakundeentzako bereizten du, jardueraren edo prestazio zein zerbitzuaren berezitasunak, izaera presakoak edo izaera berritzaile eta esperimentalak kontzertuko erregimenaren baldintzak hitzarmen horiei ez aplikatzea aholkatzen dutenean. Hitzarmenetatik eratorririk GFAk erregistraturiko gastutik, 27,3 milioi euro enpresa pribatuekin gauzatzen dira. Gure iritzira, GFAk hitzarmenaren moldea erabili behar du Gizarte Zerbitzuen Legeak babestutako egoera eta erakundeetarako.
Gizarte zerbitzuetako kontratu zein hitzarmenei aplikatzen zaizkien urteko prezioen berrikuspenei dagokienez, honako alderdi hauek azpimarratu behar ditugu:
– Gobernu Kontseiluak 2016ko uztail eta irailean erabaki zuen, 2016ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, mendekotasun eta ezintasun egoeran dauden nagusiak artatzeko gizarte zerbitzuetako hitzarmen eta kontratuei ezargarriak zaizkien prezioak % 0,7 igotzea; onartutako igoera hau enpresa-elkarte eta sindikatuen artean adostutako enpresa-hitzarmenetatik eratorri da. Hitzarmen eta kontratuei ordaindutako igoerek, hurrenez hurren, 1,1 milioi euro eta 188.966 euro egiten dituzte. Igoera hauekin lotuta alderdi hauek azpimarratu behar ditugu:
● Espedienteetan ez da frogatzen baliatutako eguneratze-koefizienteak araudian jasotako baldintzak betetzen dituenik.
● Hamazazpi kontratutan baliatutako prezioak berrikusteko indizea ez zaio kontratu horiek arautzen dituzten baldintzen agiri berezi administratiboetan finkatutako berrikuspen erregimenari egokitzen. Hitzarmenetan ez dira prezioak berrikusteko indizeak finkatzen.
– Adingabekoentzako, gizarteratzeko eta osasun mentaleko etxeetarako ez da prezioen igoerarik onartu, nahiz kontratuek, 2014 baino lehenago esleitu zirenek, abenduko hileko KPIren % 85 berrikusteko klausula besarkatzen duten. Esanguratsuenak dira «Ezia» haurtzaro eta nerabezaroko zonaldeko ekipoen proiektua eta babesik gabe dauden adingabeentzat Loistarain, Zarategi, Iturriotz, Azpi eta Azpilikueta harrera-egoitzen erabilera- eta kudeaketa-emakida;2016ko ekitaldian guztira 4,5 milioi euroren gastua eragin du.
III.A.6.– Langileria gastuak.
Aurrekontuaren eranskinean barne hartutako plantilla 2.049 plazakoa da. Aurrekontuan jasotako plaza modura barne hartu dira lanpostuen zerrendaz besteko diren aldi bateko izaera duten kontratuak, besteak beste, errenta kanpainarako teknikarien programako bitarteko 97 kontratu, suhiltzaileen 55 kontratu eta Egogain egoitzarako 37 zaintzaile kontratu. Gure iritzira aurrekontu plantillak soil-soilik plaza bati loturik dauden kontratazioak jaso behar ditu; alabaina, programako bitarteko aldi bateko kontratazioak, ordezkapenak, e.a. gastuaren aurrekontuko diru-izendapenaren zenbaketan soilik hartuko dira kontuan.
III.A.7.– Ondarea.
Ondasun zerrenda orokorra ez du Diputatuen Kontseiluak onetsi, GLHren Ondareari buruzko 8/1996 FAren 29. artikuluak aurreikusten duen moduan.
III.B.– Erakunde Autonomoak.
III.B.1.– Ondasun eta zerbitzuen erosketa.
2016ko ekitaldian zehar Uliazpin hainbat ondasun eta zerbitzuren erosketa egin da, 7 jarduerari dagozkionak, guztira 520.480 euroren zenbatekoarekin, bakoitza hornitzaile bakarrarekin kontratatua eta kontratu txikiaren moldea baliatuta izapidetua; alabaina, horientzat guztientzat lehia printzipioa aplikatzea dagokio.
III.C.– Merkataraitzako Foru Sozietateak.
III.C.1.– Langileria gastuak.
Alderdi orokorrak
Foru merkataritzako sozietateetan goi zuzendaritzako kontratuek lanuzteagatiko kalte-ordain klausulak besarkatzen dituzte. GFAren Erakunde-antolamendu, Gobernu eta Administrazioari buruzko uztailaren 12ko 6/2005 FA aldarazten duen uztailaren 3ko 3/2013 FAk ez ditu GFAko goi kargudun eta behin-behineko langileentzat lanuzteagatiko kalte-ordainak aurreikusten. Gainera, FA honek ez du foru merkataritza-sozietateetako goi kargudun eta behin-behineko langileen ordainsarietarako mugaketarik ezartzen; ordea, gomendagarria da hala egitea, foru sektore publiko osoari tratamendu bera ematearren.
III.C.2.– Ondasun eta zerbitzuen erosketa.
Alderdi orokorrak
2016ko ekitaldian ez da Sektore Publikoaren Kontrataziorako Plataforman argitalpena egin, Merkatu Batasunaren Bermeari buruzko abenduaren 9ko 20/2013 Legearen xedapen gehigarri hirugarrenak arautzen duena, zeinak behartzen duen egitera, kasu guztietan, dela kontratazio atalek zuzenean, dela administrazio eta erakunde publikoen informazioa gehitzeko gailu elektronikoekiko elkarlotura bidez.
Bidegi, S.A.
– «Prezioa» esleipen irizpideari puntuak esleitzeko formulak (esleipen irizpideen % 51ko haztapena duenak) lizitatutako zenbatekoarekiko merkatze prezioaren eta emandako puntuen artean proportzionaltasunik batere ez duten balorazioak eragiten ditu honako kontratu hauetan: Antzuola-Bergara GI-632 saihesbideko obretan, 50,5 milioi euroan esleitu zirenetan; eta GLHn gaitasun handiko sareko azpiegiturak kobratzeko sistemarenean, 19,3 milioi euroan esleitutakoan. Espedienteetan ez dira justifikatu formula hau erabiltzeko arrazoiak.
Aipatutako bi espedienteetan eskaini diren gehieneko merkatzeek (% 20,95 eta % 18,54) prezio irizpideari esleitutako 51 puntuak eskuratu dituzte eta eskainitako gutxieneko merkatzeek, berriz, (% 7,23 eta % 5,05), hurrenez hurren, 50,04 eta 49,46 puntu eskuratu dituzte. Egoera honen ondorioz, esleipenduna hautatzeko unean prezioak ez du inongo eraginik.
– 2016ko irailaren 30ean Urretxu/Legazpi-Bergara lotunearen arteko GI-632 saihesbideko obraren prezioen berrikuspena onartu da 2012ko azarotik 2015eko apirila bitarteko aldirako, inbertsioaren azken ziurtagiriaren data, eta berrikuspenaren zenbatekoa 2,5 milioi eurorena izan da. Prezio berrikusketa hau esleipen hartzaileak 2015eko urrian eskatu zuen. Prezioen berrikusketak obra ziurtagiri bakoitzean aplikatu behar dira edo, salbuespenez, kontratua likidatzen denean, 2015eko ekainean egin zena.
– Arautze harmonizatuari lotzen ez zaizkion kontratazio espedienteetan ez dago kontratazio mahairik; ordea, komenigarria da mahaia osatzea kontratazio atalari aholku eman eta esleipen proposamena egin diezaion.
– Bidegi, S.A.ren banku-kontuetako funtsak erabiltzeko baimena pertsona bakar batek du eta gomendagarria da sinadura mankomunatuak izatea.
IV.– Finantzaren Analisia.
IV.1.– GFAren doitutako aurrekontuaren emaitza.
Hona hemen Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kontuetatik eratorri diren finantza magnitude nagusiak.
Eragiketa arrunten emaitza
Aurrekontu likidazioetatik eratorritako emaitza arrunta 2016ko ekitaldian aurrekoarekiko % 2,4 gehitu da eta 3,2 milioi euroren igoera ekarri du. Igoera hau sarrera arruntek erakunde konpromisoak kenduta guztira izan duten 22,7 milioi garbiko igoeraren ondorio da, % 3,2ko igoera egiten duena, eta gastu arruntek izan duten 19,5 milioi euroren igoeraren ondorio, zeinak gastu arrunta % 3,4 gehitzea eragin duen.
2016ko ekitaldiko zerga itunduen eta erakunde konpromisoen kontzeptuek eragindako diru-bilketak aurreko ekitaldiarekiko % 2,3 eta % 2,2 gehitu dira, hurrenez hurren, eta bi ekitaldietan erakunde konpromisoek diru-bilketaren % 84,1 egin dute.
Kapital eragiketak
Egikaritutako inbertsioen kontzeptuko kapitalezko eragiketen emaitza negatiboa, sarreretatik garbi, 4,2 milioi euro murriztu da. Ekitaldian inbertsioen egikaritza txikiagoa izateak eragin du hau nagusiki.
Finantzaketa eragiketen saldoa
Eragiketa hauetan azpimarratzekoa da GFAk Bidegi, S.A. foru sozietate publikoaren kapitala handitzeko egindako 10 milioi euroren ekarpena 2016an. Bestetik, gogoan izan behar da 2016ko ekitaldiko GLHren Kontu Orokorrean jasotako GFAren Diruzaintza Geldikinak ekitaldi itxieran erabili gabeko kreditu lerroetan gauzatutako finantzaketa barne hartzen duela, 99,4 milioi euroren zenbatekoan.
Doitutako aurrekontuaren emaitza
2016ko ekitaldian 24,6 milioi euroan doitutako aurrekontu emaitza 3,9 milioi euroan gehitu da aurreko ekitaldiarekiko, batik bat, jada aurreko paragrafoetan azaldutako ondoko arrazoien ondorioz:
– Eragiketa arrunten emaitza 3,2 milioi euroan gehitu izana.
– Atxiki gabeko diruzaintza geldikin bidez finantzatutako kredituak gehiago doitu izanaren ondorioz emaitza 7 milioi euroan gehitu da.
– Kapitaleko eragiketen egikaritza txikiagoaren ondorioz, doitutako aurrekontuaren emaitza 4,2 milioi euro handiagoa izan da.
– Emaitza txikiagoa, Bidegi, S.A.ren aldeko 10 milioi euroren kapital-handitzea egiteagatik.
IV.2.– GFAren Diruzaintza Geldikina eta Zorpetzea.
Hona hemen Diruzaintza Geldikinak eta baliatu gabeko maileguek izan duten bilakaera:
HKEEk proposatutako doiketak aintzat hartuta, 2016ko ekitaldi itxieran Finkatutako Diruzaintza Geldikin Erabilgarria 50,1 milioi euroan gehitu beharko litzateke.
Erabilitako maileguen gutxitzeak kreditu-lerroen erabilera txikiagoan du jatorria, zeinaren aurrekontuko erregistroa aurreko urteetan zenbateko erabilgarri osoarekin egin baitzen. Hauxe da, hain zuzen ere, erabili gabeko saldoaren igoera hau 2016ko ekitaldiko aurrekontuko mugimenduetan ez islatzeko arrazoia.
2016ko urterako GFAko aurrekontu orokorrak onartzen dituen 8/2015 FAk, abenduaren 23koak, GFAri dagokionez 2016ko abenduaren 31rako epe luzeko zorpetze muga 569,9 milioi euroan ezarri du. Berebat, maileguak amortizatzeko zuzkiduraren aurrekontuko diru-izendapena 8,8 milioi eurorena izango dela aurreikusten du.
IV.3.– Erakunde Autonomoak eta Merkataritzako Foru Sozietateak.
Uliazpi Fundazioa eta Kabia erakunde autonomoak eta IZFE, S.A. eta Etorlur Gipuzkoako Lurra, S.A. merkataritzako foru sozietateak ia osorik GFAk eskualdatzen dizkien funtsen bidez finantzatzen dira eta honenbestez, GFAren finantza-analisiak jada besarkatzen ditu haien kontuak ere.
Bidegi, S.A. sozietate publikoak ez du GFAtik finantzaketarik jasotzen, aurrez aipatutako 10 milioi euroren kapital handitzea salbu, GFAk izenpetutakoa. Egiten dituen inbertsioak sozietateak berak sortzen dituen baliabideen bitartez eta zorpetzearen bitartez finantzatzen dira. Honekin baterako taulak zorpetzeak eta negozio zifraren zenbateko garbiak izan duen bilakaera erakusten du:
2016ko urterako GFAko aurrekontu orokorrak onartzen dituen 8/2015 FAk, abenduaren 23koak, Bidegi, S.A. foru merkataritza sozietatearentzat 2016ko abenduaren 31rako epe luzeko zorpetze muga 812 milioi euroan ezarri du.
IV.4.– Ondorioa.
2016ko ekitaldian eragiketa arruntek eragindako emaitzak 3,2 milioi euroren igoera txiki bat izan du, nagusiki zerga itunduen diru-bilketa % 3,2 gehitu delako. Alabaina, Diruzaintza Geldikina, baliatu gabeko maileguek eragindako diru-sarrerak aintzat hartu gabe, 49,5 milioi euroan murriztu da. Murrizketa hau bat dator baliatutako zorpetzeak ere izan duen 55,9 milioi euroren murrizketarekin.
IV.5.– Aurrekontuaren Egonkortasuna eta Finantzaren Iraunkortasuna.
Apirilaren 27ko 2/2020 Lege Organikoak, Aurrekontuaren Egonkortasun eta Finantzaren Iraunkortasunari buruzkoak, 3. eta 4. artikuluetan administrazio publikoei ezargarriak zaizkien aurrekontuaren egonkortasun eta finantzaren iraunkortasunaren printzipioak ezartzen ditu, oreka edo egiturazko superabit egoera modura eta oraingo eta etorkizuneko gastu konpromisoak finantzatzeko gaitasun modura ulertzen direnak, defizitaren eta zor publikoaren mugaketen barruan, hurrenez hurren.
Kontu Orokorrean jasotako Aurrekontuaren Egonkortasunari buruzko txostena Ogasun eta Administrazio Publikoen Ministerioari igorri zaio eta administrazio honek ez du salbuespenik adierazi.
GFAren mendeko den administrazio publikoaren sektorea.
Estatuko Administrazio Orokorraren Kontu-hartzailetzak ezarritakoari jarraiki, GFAren mendeko Administrazio Publikoaren Sektorea osatzen duten erakundeak honako hauek dira:
– Foru administrazioa: Gipuzkoako Foru Aldundia.
– Foru Erakunde Autonomoak: Uliazpi Fundazioa eta Kabia.
– Merkataritzako Foru Sozietateak: IZFE, S.A. eta Etorlur Gipuzkoako Lurra, S.A.
– Partaidetutako Sozietateak: Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa, S.A., Bic Gipuzkoa Berrilan, S.A., Berroeta Aldamar, S.L., Seed Gipuzkoa AKS, Erregimen Erraztukoa, S.A., Ortzibia, S.A. eta Garaia Berrikuntza Gunea, S. Koop.
– Partzuergoak: Gipuzkoako Osabidezko Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Partzuergoa, Gipuzkoako Ur Kontsortzioa eta Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoa.
– Fundazioak: Kirolgi Fundazioa, Mintzola Fundazioa eta Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioa.
Gastuaren araua
Espainiar ekonomiaren epe ertaineko Barne Produktu Gordinaren hazkundearen erreferentziazko tasa 2016, 2017 eta 2018ko ekitaldietarako, 2015eko uztailaren 10eko Ministroen Kontseiluaren Erabaki bitartez onartu zen eta 2016ko urterako % 1,8an finkatu zen. Tasa hau aurreko ekitaldiko aurrekontuaren gastu konputagarriarekin biderkatzen da, ezargarria den gastu muga eskuratzeko.
Gastu konputagarriak SEC10 terminoetan adierazitako enplegu ez finantzario modura definitzen dira, horietatik kenduta zorraren interesak, langabezia prestazioetan gastu ez aukerakoa, Europako Batasunetik edo beste administrazio publiko batzuetatik eratorritako helburudun funtsen bidez finantzatutako gastuaren zatia eta autonomia erkidegoei eta toki udalbatzei finantzaketa sistemei loturik egindako transferentziak.
2016ko ekitaldian arau hori ezartzeak 685,7 milioi euroren gastu zenbagarria erakusten digu, ekitaldi horretan ezargarria den 686,2 milioi euroren mugaren azpitikoa; honenbestez, bete egiten da aurreko paragrafoan aipatutako mugaketa.
Zor publikoaren helburua
Arautegiak administrazio publikoen multzoaren zor publikoaren bolumenari BPG nazionalaren % 60ren pareko muga ezartzen dio, termino nominaletan adierazia, eta era honetara zati-banatzen da: administrazio zentrala (% 44), Autonomia Erkidegoen multzoa (% 13) eta Udalbatzen multzoa (% 3).
Zor publikoaren helburuari dagokionez, foru ogasunek duten berezitasunaren ondorioz beharrezkoa da Ekonomia Itunaren Bitariko Batzordeak iritzia ematea, izan ere zor publikoaren helburua Barne Produktu Gordinaren ehuneko baten gainean finkatzen da; ordea, ehuneko hau ez da administrazio ezberdinen artean banatu (EAE eta foru aldundiak) eta honenbestez, ezin adieraz daiteke Gipuzkoako Foru Sektore Publikoak, SEC10 terminoetan, 2016ko urterako zor publikoaren helburua bete duen edo ez.
2016ko abenduaren 31n GFAren mendeko indarreko zor publikoa 641,5 milioi eurorena da (GFA: 569,9 milioi euro, Gipuzkoako Ur Kontsortzioa: 44,5 milioi euro, Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa, S.A.: 16,9 milioi euro, Bic Gipuzkoa Berrilan, S.A.: 0,8 milioi euro eta Ortzibia, S.L.: 9,4 milioi euro).
Aurrekontuaren egonkortasunaren helburua
Aurrekontuaren egonkortasun helburua 2015eko uztailaren 10eko Ministroen Kontseiluaren Erabaki bitartez onartu zen.
Kontu Orokorrean barne hartutako aurrekontuaren egonkortasun eta finantzaren iraunkortasunari buruzko informazioak, «2016ko ekitaldiko Finantzaketa gaitasunari edo beharrari buruzko atalean», guztira 36 milioi euroren finantzaketa gaitasuna islatzen du. Estatuko Administrazio Orokorrari aurrekontuaren egonkortasunari buruz igorritako informazioa honakoa da:
GFAren Mendeko Sozietate ez Finantzarioen Sektorea eta Erakunde Finantzarioen Sektorea
Estatuko Administrazio Orokorraren Artekaritzak 2016ko urterako ezarritakoari jarraikiz, GFAren mendeko Sozietate ez Finantzarioen Sektorea osatzen duten erakundeak honako hauek dira: Bidegi, Gipuzkoako Azpiegituren Agentzia, S.A., Sueskola Gipuzkoa Fundazioa eta Gipuzkoako Urak, S.A.
Sozietate ez Finantzarioen Sektorearen eta Erakunde Finantzarioen Sektorean barne hartutako erakundeak desoreka finantzarioko egoeran daudela esaten da ezargarriak zaizkien kontabilitateko planaren irizpideen arabera galerak dituztenean eta horiek saneatzeko baliabideen zuzkidura beharrezkoa denean, baliabide horiek eman behar dituen erakundearen egonkortasun eszenategian aurreikusi ez direnak. Definizio horren arabera, 201ko ekitaldian, erakunde guztiak finantza oreka egoeran daude.
V.– Urteko Kontuak.
V.1.– Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kontuak.
V.2.– Foru Erakunde Autonomoen Kontuak.
V.2.1.– Uliazpi Fundazioa.
V.2.2.– Kabia.
V.3.– Merkataritzako Foru Sozietateen Kontuak.
GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO 2016KO KONTU OROKORRAREN FISKALIZAZIO TXOSTENARI EGINDAKO ALEGAZIOAK
Gipuzkoako Lurralde Historikoko 2016ko ekitaldiko Kontu Orokorrari egindako fiskalizazioaren emaitzei erantzuna ematearren, eta otsailaren 5eko 1/1998 Legearen 13. artikuluan zehaztutakoa betez, txosten honetan aurkezten ditugu aipatutako emaitzei dagozkien alegazioak eta justifikazioak.
II.– Iritzia.
II.1.– Foru sektore publikoa osatzen duten erakundeek legezkotasuna betetzeari buruzko iritzia.
Gipuzkoako Foru Aldundia
HKEE-ren testua
1.– GFAk uste du bertako Giza Baliabideetako Plan Estrategikoaren arabera, borondatezko erretiroagatik, ezintasun iraunkorragatik eta administrazio publikoko langile izateari uko egiteagatik 2016an 39 langileri guztira 1,2 milioi euroren zenbatekoan ordaindutako primak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergatik salbuetsitako laneko irabaziak direla. Plan horrek ez du egiaztatzen Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 51. artikuluaren arabera, jokamolde horiek kaleratze kolektibo eta arrazoi objektiboengatiko kaleratze edo kargugabetzeekin berdintzen utziko lukeen arrazoirik egon denik, zeinaren kalte-ordainak badauden PFEZetik salbuetsita, abenduaren 5eko 13/2013 FAren 9. artikuluaren arabera.
Alegazioa
Diputatuen Kontseiluaren 2013ko urriaren 15eko Erabakiaren bidez (urriaren 17ko GAO, 199. zenbakia) aldatu ziren Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Baliabideen Plan Estrategikoaren Lehenengo Tituluko II. Kapituluan jasotako 2.4 eta 2.5 puntuak; plan hori onartu zen Diputatuen Kontseiluaren 1998ko urtarrilaren 7ko Erabakiaren bidez, eta aldatu zen 1998ko martxoaren 24ko eta 2009ko uztailaren 7ko Erabakien bidez.
Zehazki, neurri hauek arautzen dira bertan:
– 2.4. Neurria. Gipuzkoako Foru Aldundiko funtzionarioen edo lan kontratupeko langile finkoen erretiro aurreratua.
– 2.5. Neurria. Gipuzkoako Foru Aldundiko enplegatu publiko izateari uko egite saritua.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren laneko etekin gisa sartu zituen (190 eredua) 2016an ordaindutako erretiro aurreratuagatiko eta uko egite sarituen sariak, eta salbuetsitzat jo ziren 2014ko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauak, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzkoak, 9.5. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Baliabideen Plan Estrategikoak, 2009ko uztailaren 15eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratutako aldaketak, berariaz aipatzen ditu foru erakunde honetako plantilla birdimentsionatzeko neurriak, eskura dituen giza baliabideak ordenatu eta planifikatzeko xedez onartutakoak. Aipamen horrek lotura garbia du langileen Estatutuko 51. artikuluan aurreikusitako antolakuntzazko kausekin, iraizpen kolektiboaren figura arautzen baita bertan.
Beraz, antolakuntzazko kausa hori egoki egiaztatzen da aurreko Giza Baliabideen Plan Estrategikoan, eta beraz, bat dator langileen gastuen arloko araudiarekin.
III.– Barne kontrolerako sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak.
III.A.– Gipuzkoako Foru Aldundia.
III.A.2.– Sarrera fiskalak.
HKEE-ren testua
– 2016ko aurrekontu-ekitaldiaren itxieran, zerga zorrak geroratzeko eta zatikatzeko berrogeita bi eskabide daude, guztira 12,7 milioi euro egiten dutenak eta GFAk ebatzi ez zituenak Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Diru-bilketako Erregelamenduaren 44.2 artikuluak aurreikusten duen sei hilabeteko epean. Zordunek ordainketa plan bat aurkezten dute eta horri berandutze interesa aplikatzen zaio. Plan hau, nahiz ez duen GFAk berariaz onartzen, bete egiten da oro har eta 2016ko ekitaldi itxieran ingresatzeko dagoen zor saldoa 8 milioi eurorena da. Amaitzeko esan behar da zor hauetarako ez dela bermerik gordailatu. Txosten hau idatzi dugun datan aipatu ditugun berrogeita bi eskabideetatik hogeita zazpi, 5,8 milioi euro egin dutenak, 2017an eman dira; bederatzik, 1,2 milioi euro egin dutenek, zorra kitatu dute; 929.156 euro egin duten beste lau, hartzekodunen konkurtsoan deklaratu dira eta 51.499 euroren beste biek ez dute eskatutako dokumentazioa aurkeztu.
Alegazioa
Alegazio hau egiterakoan, Zerga zorra zatikapenaren eskaera bakarra dago, 902.223,56 eurokoa, GFAk ebatzi ez duena sei hilabeteko epean. Hala ere, eskaeran behin-behineko ordainketa-plana ezarri da eta gaurko zorra 733.266,09 euroko da.
HKEE-ren testua
– 2016ko ekitaldian emandako hogeita sei gerorapen aztertu ditugu, guztira 49,7 milioi euro egin dituztenak, eta honako alderdi hauek gailendu behar ditugu:
● Guztira 2,3 milioi euroren zenbatekoan emandako bost espedientetan, 3 eta 11 hilabete bitartean gainditu da zatikapena emateko gehiengo epea.
Alegazioa
Aurreko alegazioan adierazita dagoen bezala, momentu honetan ia betetzen ari da aurkeztutako eskaeren ebazpena Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Diru-bilketako Erregelamenduaren 44.2 artikuluak aurreikusten duen sei hilabeteko epean.
HKEE-ren testua
– GFAk 2016ko ekitaldian preskribitu dutelako bajan eman die zordun baten zerga-zorrei, guztira 688.576 euroren zenbatekoan, 2007-2010eko aldiari dagozkionak; ez dira, baina, preskribapena etengo duten jarduerak gauzatu. Zordun honek baditu zor zaharragoak indarrean eta horiei dagokienez, dagozkion egintzak abiarazi dira zorrak preskribatzea saihesteko.
Alegazioa
Zordunak likidazio batzuk zituen premiatuak 2007, 2008, 2009 eta 2010 urtekoak premia-espediente batean. Bertan, 2009 eta 2010 artean saiatu ziren kontu bahiturak, merkatal kredituak, baita ibilgailu baten bahitura ere; baina emaitzarik gabe. Azkenean 2010eko abuztuaren 31n jakinarazi zitzaion zergadunari ondasun eta eskubideen zerrendaren eskaera; eta horrela likidazio horien preskripzioa eten egin zen. Data horretatik 2014ko abuztuaren 31 arte ez zen lortu GFAOko 67 artikuluan aipatzen diren egintzarik burutzea, eta 2014ko abuztuaren 31an preskribitu ziren.
Burutu zitekeen egintza bakarra zordunaren ondarearen aurka jardueraren eta bertan zeuden ondasunen bahitura presentziala zen. Hala ere, garai hartan ez zegoen horretarako baliabiderik, ia ez zen horrelakorik burutu. Orain badago lantalde bat prestatua horrelako bahiturak egiteko.
Administrazioaren beste aukera da ordainketa-erantzukizunaren deribazioa, baina zordunak jarraitzen zuen BEZa eta atxikipeneko autolikidazioak aurkezten diru-sarrerarik gabe 2009 eta 2014 urteren artean. Orduko araudiarekin ezinezkoa zen deribazioa baldintza horietan. Horregatik, hain zuzen ere, GFAOko 43.2 artikulua aldatu egin zen eta orain posible izango litzateke administratzailearen ondarearen aurka egitea hori gertatuz gero.
Bukatzeko, aipamen berezia behar du 2005ko BEZaren likidazioarekin gertatutakoak. Likidazio hori ez dago preskribituta hirugarren baten berme hipotekarioa daukalako. Ondasun horren exekuzioa hasita dago eta enkantea 2018ko bigarren hiruhilekoan aurreikusten da. Likidazio hori guztien artean handiena da.
HKEE-ren testua
– GFAk ez ditu banaketara meneratutako diru-bilketa modura aitortzen berandutza gainkargu eta interesen % 10,6, guztira 1,4 milioi euro egiten dutenak. Azken ekitaldietan errepikatu den ehuneko hau antzina egin ohi zen balioespena da, banaketara meneratzen ez ziren zergek, orduan, eragiten zituzten kobrantzen kontzeptuan. Tributu hauek zehaztasunez identifikatu behar dira eta ez gutxi gorabeherako eran.
Alegazioa
Tributuak kudeatzeko gaur egun erabiltzen den aplikazio informatikoak ez du ahalbidetzen errekarguak eta berandutze interesak zer tributurekin dauden lotuta automatikoki identifikatzea. Hala ere, 2018ko ekitaldi honetan, eguneratu egin da erabili beharreko ehunekoa, banatzekoak diren errekargu eta berandutze interesak banaketari lotuta dauden zerga kontzeptu nagusiekin bat etor daitezen.
III.A.3.– Ondasun eta zerbitzuen erosketa.
Kontratazio espedienteak
HKEE-ren testua
Administrazio kontrataziorik gabeko gastua
Administrazioko kontratazio espedienterik gabe kontrataturiko gastua aztertzean hamar jarduera azaleratu dira, guztira 738.996 euroren zenbatekoan, zeinetan batzuetan lehia printzipioa ezartzea eskagarri den eta beste batzuetan, hori aplikatzea gomendatzen den; izan ere, horietako bakoitza ekitaldian zehar gauzatutako jarduera bati dagokion arren, finean gastu homogeneoak eta ekitaldi bakoitzean planifika daitezkeen gastuak dira.
Alegazioa
Ontzi itxien hornidura
Ikastetxeetan hondakinak prebenitu eta birziklatzeko 2015-2016 kanpainako zerrendatan akats bat gertatu zenez materialen zenbaketan (gutxiago zenbatu ziren), erosi egin behar izan ziren falta ziren materialak eta oso azkar banatu behar izan ziren, premiazko bi kontratu txiki berri sinatuta.
HKEE-ren testua
Errepideko bidaiarien garraioa
– Errepideko bidaiarien garraio zerbitzuaren sei emakida kontratuetatik bostetan urteko likidazioan zerbitzuaren kalitatea ebaluatuko dela dioen klausula bat jaso da, likidazioak bidaiarien kontzeptuan jasotako sarreren % 2ra arteko igoera izan dezakeelarik. Ordaindu beharreko ehunekoa zehaztea neurgarriak diren parametro batzuen baitakoa da (% 1) eta hautemandako kalitatezko adierazle batzuen baitakoa (% 1). 2016ko ekitaldian iraungitzen diren urtekoei dagokien zenbatekoa 501.279 eurorena da eta kasu guztietan, finkatutako gehienekoa % 2koa da. Klausula honi dagokionez alderdi hauek azpimarratu behar ditugu:
● Ordaindu beharreko ehunekoa finkatzeko haztapen-irizpideak ez dira garatu bi egoeretatik batean ere.
● 2016ko ekitaldian ez da kalitatezko parametro eta adierazleak bete izana egiaztatu, likidazioa igotzea eragiten dutenak.
Alegazioa
Errepideko bidaiarien garraioaren zerbitzu publikoaren emakida kontratuen kalitatearen ebaluazioari dagokionez, Mugikortasun eta Garraio zuzendari nagusiaren Rs-MU 7/2015 Ebazpenaren, urriaren 1ekoaren, bidez, Deitel Direct SL enpresari esleitu zitzaion erabiltzaileek Lurraldebusen zerbitzuen kalitateari buruz duten pertzepzioari buruzko ikerketa bat egiteko zerbitzu kontratua. Kontratu horretan oinarrituta ebaluatu zen emakida kontratuen bidez emandako bidaiarien garraio zerbitzuen kalitatea.
Kontratu horri jarraikiz, 1.100 inkesta egin zitzaizkien Gipuzkoako eskualdeetako errepideko garraio publikoaren 975 erabiltzaileri, eta erabiltzaile diren 125i, 2015eko azaroaren 19ra arte. Inkesta horien galderen gaien artean zeuden erabili beharreko garraio linea identifikatzeko erraztasunaren balorazioa, hartu beharreko lineari dagokion ibilgailua identifikatzea, garraio zerbitzuen informazioa jasotzeko moduak, kexak non edo nori aurkeztu behar zaizkion, ibilgailuen egoera, puntualtasuna, langileen atsegintasuna, maiztasuna, geralekuak, segurtasuna, bezeroaren informazioa eta arreta, eta abar.
III.A.4.– Diru-laguntzak.
HKEE-ren testua
– GFAk berme eta arriskuko bi sozietateri diru-laguntza zuzen bat eman die (8. espedientea) guztira 900.000 euroren zenbatekoan eta hitzarmenean zehaztu da emandako zenbatekoa murriztu ahal izango dela hitzarmenean jasotako aurreikuspenekiko sozietateek azkenean izenpetzen dituzten eragiketen desbideratzearen arabera. Ez da zehazten nola gauzatuko den murrizketa hori.
Alegazioa
2016ko uztailaren 29an, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Elkargi SGR eta Oinarri SGR Elkarrekiko Berme Elkarteen artean lankidetza hitzarmena sinatu zen, Gipuzkoako Lurralde Historikoko enpresen finantzaketa errazteko.
«Hirugarren klausula – Hornidura teknikoetarako funtsa sendotzea.
d) atala: Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekarpena murriztu ahal izango da, inoiz ez handitu, azkenean sinatzen diren eragiketen zenbatekoaren arabera; horietarako hasierako aurreikuspena honakoa da...».
Zentzu honetan, proportzionaltasun irizpidea erabiliko zen diru laguntzaren xedeak mantendu baziren, kontuan hartuta sinatutako hitzarmenean ezarritakoa hasierako aurreikuspenak zirela eta emandako kopurua Hornidura Teknikoetarako Funtsera esleitzen zela, hartara agortu arte, gehienez, emandako diru laguntza, baldin eta ekarpena murrizten bazen; baina azkenean ez da hori gertatu.
HKEE-ren testua
– 2014ko ekitaldian GFAk Errenteriko Udalari 3,5 milioi euroren diru-laguntza zuzena eman zion Lekuona lantegia arte eszenikoen zentro modura egokitzeko; bertan, GFAk egin beharreko ekintzen kostu guztiaren gainean % 60 finantzatu zuen; hona hemen azpimarratu nahi ditugun alderdiak:
● Foru Gobernu Kontseiluak 2016ko uztailaren 19an onartu zuen indarraldia 2017ko abenduaren 31ra arte luzatzea eta 2017ko ekitaldira aldatzea 2016ko ekitaldiko urtekoa, 1,4 milioi euroren zenbatekoan. Erabakiaren aurrekarietan esaten da 2016ko maiatzean egindako batzorde teknikoaren eta obren aktak jasotzen duela eten eta kitatu egingo dela izenpetutako obra kontratua, proiektua aldatu egingo dela eta beste lehiaketa bat abiaraziko dela arte eszenikoen erreferentziazko zentroko lanak amaitzeko eta honenbestez, gomendagarria litzatekeela hitzarmenaren likidazioa egitea.
● 2016ko abenduaren 31n GFAri diru-laguntzaren norakoaren justifikazio modura aurkeztutako ziurtagiriek 3,7 milioi euroren zenbatekoa egiten dute guztira eta GFAk 3,7 milioi euro ordaindu ditu guztira; horrek GFAren aldetik % 66ko finantzaketa egin dela esan nahi du.
Alegazioa
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak hala eskatuta, lankidetza hitzarmena aldatu egin zen, uste zuelako eskualde horretan lehentasuna eman behar zitzaiola erakusketaren auditorioaren tamaina aldatzeari, beharrezkoa ikusten baitzen erakusketa eta sormen dinamikak uztartzea, bestela erakusketarena kaltetua geratzen zelako.
Errenteriako Udalak proiektua birdefinitzeari ekin zion. Kontrata bidez obrak gauzatzeko aurrekontua (Exekuzio materialeko aurrekontua, gehi Gastu Orokorrak eta Mozkin Industriala, gehi BEZa) 5.999.774,80 eurokoa izan zen. Baina horri erantsi behar zaio kultur eraikin hori bukatzean beharko den ekipamenduaren kostua. Kostu horren aurrekontua 959.435,92 eurokoa da. Kontratu hori duela gutxi esleitu da eta 2018. urtean zehar gauzatuko dela uste dugu.
Egoera horrek behartu gaitu Errenteriako Udalarekin genuen lankidetza hitzarmena aldatzera, kontuan izanda proiektuetan egin behar izan diren zuzenketak. Foru Gobernu Kontseilura eramango da proiektu berri hori 2018. urteko martxoan, onartu dezan. Proiektu horrek hartu duen dimentsio berriak interesekoa izaten jarraitzen du Foru Aldundiarentzat, kultur azpiegitura horrek ekarpen handia egingo baitio eskualdeari. Hori horrela, diru laguntzaren ehunekoa hasieran aurreikusitako % 60aren oso behetik geratuko da. Diru laguntzaren zenbatekoa hasiera batean onartutakoa izango da, 2.436.963,55 euro, hain zuzen; eta inbertsioaren gainerakoa Errenteriako Udalak berak ipiniko du. Hitzarmenaren iraunaldia aldatu egingo da eta 2018. urtean amaituko da.
Deialdi publiko bidez emandako diru-laguntzak
HKEE-ren testua
– Diru-laguntza lerro batean (12. espedientea), zeinaren indarrez 2,4 milioi euro eman diren, oinarri-arauek ez dute balorazio-batzorde bat eratzeko agintzen eta zerbitzuburuak egiten du balioespena.
Alegazioa
Egia da basoak zaindu, hobetu eta ugaritzeko laguntzen 2016ko oinarrietan eta deialdian, akats baten ondorioz, ez zela aurreikusi balorazio batzorde bat eratzea, lehia bidez eman beharreko laguntzetarako 2007ko martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauak –Gipuzkoako Lurralde Historikoko Diru Laguntzenak- 20.1 artikuluan ezartzen duen bezala. Halere, adierazi behar da deialdi hartan baldintzak betetzen zituzten eskaera guztiek laguntza jaso zutela eta ez zela ezezkorik egon aurrekontu baliabideen faltagatik.
Nabaria izanik aipatutako arauaren xedea eskaeren balorazioan objektibotasun handiagoa lortzea dela, espedienteak izapidetzeko arduradun bakar baten esku utzi gabe, diru laguntzak oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen dituzten guztiei ematen bazaizkie, dagozkion ebazpen proposamena balorazio batzorde batek ez egiteak garrantzia galtzen du. Hain zuzen ere, gogorarazi behar da, zentzu horretan, diru laguntzei buruzko araudiak berak (Gipuzkoako Lurralde Historikoko Diru Laguntzen Foru Arauaren Erregelamenduak -2008ko apirilaren 29ko 24/2008 Foru Dekretuaren bidez onartutakoak-; 34.1 artikulua) aurreikusten duela kasu horietan beharrezkoa ez izatea laguntzen onuradunak ezartzeari zuzendutako balorazioa egitea: «diru laguntzaren oinarrietan salbuetsi daiteke deialdian jasotako kreditua nahikoa izanez gero ezarritako beharkizunak betetzen dituzten eskaeren artean lehentasun ordena jartzeko baldintza betetzetik, aurkezpen epea amaituta zenbat eskaera aurkeztu diren kontuan hartuz» (ikus HKEEren oharra dokumentuaren bukaeran).
III.B.– Erakunde Autonomoak.
III.B.1.– Ondasun eta zerbitzuen erosketa.
HKEE-ren testua
2016ko ekitaldian zehar Uliazpin hainbat ondasun eta zerbitzuren erosketa egin da, 7 jarduerari dagozkionak, guztira 520.480 euroren zenbatekoarekin, bakoitza hornitzaile bakarrarekin kontratatua eta kontratu txikiaren moldea baliatuta izapidetua; alabaina, horientzat guztientzat lehia printzipioa aplikatzea dagokio.
Alegazioa
Adierazitako horien inguruan, balioespen desberdinak egin litezke:
1.– 220 mila euroko zenbatekoa duten zenbait obra eta konponketa-lan kontratatzeko arrazoia, funtsean, oso ezaugarri zehatzak dituzten jarduera batzuk egin izana da: zentroa itxia dagoen orduetan egin beharreko konponketa-lanak dira, zerbitzua eskaintzeko ezinbesteko instalazioak direlako.
Zentroa soilik Eguberritan ixten da; gainera, data horietan dauden egun batzuk jaiegunak dira.
Horregatik, enpresa esleipendunak ezaugarri zehatz batzuk bete behar ditu, eta adibidez, zentroaren instalazioak ezagutu behar ditu edozein arazo gertatzen bada ere (argindarraren eta uraren hornidurak...), langileak ohiko lanalditik kanpo ere lan egiteko moduan izan behar ditu, eta hori guztia lan egiteko dauden egun guztiak kontuan izanda, jaiegunak ere barne, eta kontuan izanik, horrez gain, data horietan, Eguberriak direnez gero, eraikuntza-enpresek zailtasunak izaten dituztela langileak topatzeko.
Hain zuzen ere, horixe da lan hori zuzenean eta berme batzuekin egin zezakeen enpresa kontratatzeko arrazoia.
2.– Medikuntza-zerbitzuak, errehabilitazio programa bereziak (musikoterapia) eta aisia eta udalekuekin loturiko ekintzak, 38, 39 eta 36 mila euroko zenbateko batez hurrenez hurren.
Uliazpiren eginkizun nagusia biztanleriaren barruko kolektibo oso berezi baten ongizate orokorra sustatzea eta bizi-kalitatea hobetzea da, hain zuzen ere, adimen-urritasuna eta laguntza-premia orokorrak dituzten pertsonena.
Horretarako, eta beste alderdi askoren artean, medikuntza-zerbitzu batzuk biltzen ditu, Adimen Ezgaitasun larriaren alorrean hainbat espezialitate eta esperientzia dituena, gure erabiltzaileei arreta egokia eskaintzeko beharrezkoak direnak. Kontratatutako zenbatekoa medikuntza-zerbitzu desberdinetan banatzen da: Neurologia, Pediatria eta abar, eta horrexegatik, egoki ikusten da, eta egin ere egiten dira, espezialitate desberdinetan adituak diren profesionalen kontratazioak.
Beste alde batetik, Uliazpik hainbat jarduera antolatzen ditu, eta horien artean ditugu integrazio komunitarioko programak, terapia mota desberdinak, aisia eta udalekuetako ekintzak eta abar, nahitaez erakunde espezializatuek egin beharrekoak, eta horrexegatik, aurreko paragrafoan adierazitako modu berean jokatzen da horrelakoetan.
3.– 44 mila euroko zenbatekoa duen Pelleten hornidurari dagokionez, esan beharra dago orain urtebete pasatxo biomasa-galdara bat abian jarri izanak eragin zuela horren beharra. Hasieratik Foru Aldundiak eskainitako hornitzailearengana jo genuen, eta hark, bai bere kontsumoa eta bai Uliazpirena ere handitu egin dela ikusirik, aurtengo ekitaldian kontratazio-prozesu bat abian jartzea pentsatzen ari da, Kontrataziorako Foru Mahaiak kudeatutako Hitzarmen Marko baten bitartez. Uliazpi barruan horrekin bat egiteko borondatea dugu.
4.– Laguntza teknikoetarako zenbait produkturen hornidurari dagokionez, hala nola ohe artikulatuak, laguntza-garabiak,... guztira 47 mila euroko zenbatekoa dutela, eta halaber, mantentze-lan eta ordezkapen-jarduera batzuekin loturik, guztira 96 mila euroko zenbatekoa izanik, esan beharra dago horien kontratazioak Uliazpiren sei zentrotan egiten direla, eta zentro horiek, geografikoki, Donostia, Zizurkil, Hondarribia, Bergara eta Eibarren banatuak daudela, eta zentro bakoitzaren beharretara behar bezala egokitzea komeni denez, modu deszentralizatuan egiten dira.
III.C.– Merkataraitzako Foru Sozietateak.
III.C.2.– Ondasun eta zerbitzuen erosketa.
HKEE-ren testua
Alderdi orokorrak
2016ko ekitaldian ez da Sektore Publikoaren Kontrataziorako Plataforman argitalpena egin, Merkatu Batasunaren Bermeari buruzko abenduaren 9ko 20/2013 Legearen xedapen gehigarri hirugarrenak arautzen duena, zeinak behartzen duen egitera, kasu guztietan, dela kontratazio atalek zuzenean, dela administrazio eta erakunde publikoen informazioa gehitzeko gailu elektronikoekiko elkarlotura bidez.
Alegazioa
Bidegik bidezko kudeaketak hasi zituen berori Eusko Jaurlaritzako Sektore Publikoko Kontratazio Plataforman sartzeko 2017an. Lehenik, aplikazioa (Munigex) egokitu da Legeak jasotako eskakizunetara, eta, joan den urtearen amaiera aldean Vitoria-Gasteizen Eusko Jaurlaritzaren xedean egindako bileraren ondoren, dagokion integrazio-eskaera bideratu da; hala, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko Lege berria indarrean jartzerako, datorren martxoan, bertan ezarritako eskakizunak betetzeko moduan.
HKEE-ren testua
Bidegi, S.A.
– «Prezioa» esleipen irizpideari puntuak esleitzeko formulak (esleipen irizpideen % 51ko haztapena duenak) lizitatutako zenbatekoarekiko merkatze prezioaren eta emandako puntuen artean proportzionaltasunik batere ez duten balorazioak eragiten ditu honako kontratu hauetan: Antzuola-Bergara GI-632 saihesbideko obretan, 50,5 milioi euroan esleitu zirenetan; eta GLHn gaitasun handiko sareko azpiegiturak kobratzeko sistemarenean, 19,3 milioi euroan esleitutakoan. Espedienteetan ez dira justifikatu formula hau erabiltzeko arrazoiak.
Aipatutako bi espedienteetan eskaini diren gehieneko merkatzeek (% 20,95 eta % 18,54) prezio irizpideari esleitutako 51 puntuak eskuratu dituzte eta eskainitako gutxieneko merkatzeek, berriz, (% 7,23 eta % 5,05), hurrenez hurren, 50,04 eta 49,46 puntu eskuratu dituzte. Egoera honen ondorioz, esleipenduna hautatzeko unean prezioak ez du inongo eraginik.
Alegazioa
Formula matematikoen bidez ebalua daitezkeen balorazio-irizpide automatikoei dagokienez, kontratuen arloko errekurtsoetako auzitegien, aholkularitza-batzordeen... ebazpen ugari daude, baita artikulu doktrinal ugari ere. Hori, zalantzarik gabe, ikuspegi teologikotik eta teknika juridikoaren ikuspegitik hutsuneak dituen legeriaren seinale argia da. Kontratuei buruzko Legearen testu bategineko 150-2 artikuluan ez da inola ere proposatzen edo jasotzen irizpide objektibo horiek ebaluatzeko bidea emango duen inolako ereduzko formularik.
Beraz, ulertu behar dugu legegileak autonomia ematen diola kontratazio-organoari balorazio-irizpideak finkatzeko, baldin eta berdintasunaren, publizitatearen eta lehia librearen irizpide orokorrak betetzen badira.
Bi baldintza-agiriek argiro zehazten dute 100 puntuak esleitzeko zein irizpide erabiliko diren, eta kontratazio-organoak, horretarako organo eskuduna izanik, bi kasuetan ezartzen duen formularen arabera, 51 puntu esleitzen dizkio gehieneko beherapenari eta zero puntu esleitzen dio ereduari jarraitzen dion eskaintzari, gainerako beherapenak tarteka interpolatuta.
Proportzionaltasunari dagokionez, Legeak bakarrik dio irizpide bat baino gehiago kontuan hartzen denean, irizpide bakoitzari esleitutako haztapen erlatiboa zehaztu beharko dela. Hortaz, linealak ez diren formulak bezain onargarriak dira formula linealak; hau da, baliozkoak dira «prezioa» aldagaiaren balio guztietarako esleitutako puntuen eta eskainitako prezioaren arteko erlazioa iraunkorra ez deneko formulak; eta hori bi kasuetan gertatzen denez, proportzionaltasuna, neurri handi batean, batez besteko beherapena kontuan izanda eskaintzak zein tartetan dauden araberakoa izango da.
Batez besteko beherapen hori ez du Administrazioak finkatzen, lizitatzaileek euren eskaintzen bidez baizik. Hortaz, proportzionaltasun-printzipioa errespetatzen da, lehia librea galaraziko duen asetze-atalaserik gabe.
Azkenik, bereziki nabarmendu behar da bi lizitazioek Gipuzkoako Lurralderako beharrei eta, ondorioz, helburu estrategikoei erantzuten dietela. Horretarako, garrantzitsutzat jotzen dugu irtenbide tekniko hoberena ez dadila kaltebera izan beherapen ekonomiko nabarmen baten aurrean; horrek, bi kasuetan, arriskua ekarriko bailuke bi proiektuak aurreikuspenen arabera behar bezala garatu eta amaitzeko.
Gauzatze materialeko prezio doituak eta eskatutako baldintza tekniko eta operatiboek -horiek behar bezalako gauzatzea bermatzen dute- beharrezkoa dute neurrirako formula bat, gauzatze egokia eta ahalik eta ziurgabetasun ekonomiko txikiena ziurtatuko dituena.
Horrek justifikatzen du aipatutako formula erabiltzea.
Alde batetik dugu GI 632 errepidearen saihesbidea, Antzuola-Bergara tartea. Jardun horren historikoak egiaztatu egiten du obraren xehetasun guztiak ezin hobe ezagutzeko beharra eta hura gauzatzeko zalantzarik gabeko trebakuntzaren eta gaitasun teknikoaren beharra. Obra horren beraren bigarren lizitazioa da, lehen gauzatzean geldiarazi egin baitzen, lurraren ezegonkortasunarekin lotutako arrazoiengatik, 2015eko hasiera aldean. Egungo proiektua 2015ean geldiarazitakoarekiko zeharo desberdina da. Lurraren eta ingurunearen ezaugarri geologikoei buruz egindako azterlanek nabarmen aldatu zituzten eskakizunak, eta, aldi berean, gauzatzea garestitu zuten. Lurraren osaera geologikoaren ezaugarriek irtenbide tekniko konplexuak eskatzen dituztenez, baldintza-agirietan hori jaso eta helarazi behar da, proposamen tekniko eta prezio-kostu koherentea eskatuta. Kasu horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiak, bere sozietate publiko Bidegi, S.A.ren bidez, baldintza-agirian jasotzat eta justifikatutzat jotzen du aztergai den formula erabiltzea. Formula hori proposamen edo irtenbide teknikoarekin batera interpretatu behar da. Bestalde, gauzatzea berandutzeak kostu handiak ekarriko lituzke, bai ekonomikoak, bai sozialak. Izan ere, funtsezko azpiegitura da Gipuzkoako Lurraldeko proiektu estrategiko bat amaitzeko.
Bigarren proiektuaren xedea da Gipuzkoako Lurraldean bidesari-sistema berritzaile bat ezartzea. Horretan, konbinatu egiten dira teknologia eta arretarik behar ez duen kobrantza-sistemaren kudeaketa operatiboa. Horri eraginkortasun-maila handia eskatzen zaio, ia % 100ekoa. Sistema berritzaile eta Estatuan aitzindari horrek berekin ekarriko ditu gizarte- eta ingurumen-onura handiak, bai Lurraldearentzat, bai erabiltzaileentzat. Izan ere, irtenbidea ematen die dagokion kanona ordaintzeko beharrezko geldialdiek sorrarazten dituzten arazoei. Gainera, lurralde estrategiko honetan eraldaketa bat ekarriko du kobrantzaren kudeaketan, kontinentea gurutzatzen duten Europan zeharreko trafikoei dagokienez. Jarraian adierazten diren datuek frogatu egiten dute proiektuaren eta horren eskakizunen zehaztapen egokia, baldintza-agirian eta formularen deskribapen teknikoaren eta erabileraren arteko konbinazioan islatzen denez: sistema gauzatu eta ezartzeko esleipen-prezioaren eta azken likidazio eta ziurtapenaren arteko emaitza doitua (% 3ko aldakuntza); gauzatze-epe batzuk berandutzerik gabe betetzea; eta sistema funtzionamenduan egon den lehen hilabetean lortutako emaitza arrakastatsuak (igarotzeen % 90 automatikoki kobratu dira).
Horrenbestez, ondorioztatu behar dugu bi kasuetan zorrotz errespetatu dela indarrean dagoen legeria.
BOTO PARTIKULARRA, HERRI-KONTUEN EUSKAL EPAITEGIAREN KIDE DEN TERESA CRESPO DEL CAMPO ANDREAK GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOAREN 2016-KO KONTU OROKORRAREN FISKALIZAZIO TXOSTENARI JARRITAKOA
HKEEko gainerako kideen iritziari zor diodan errespetu osoz, boto partikular hau aurkeztu dut, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren 2016ko Kontu Orokorraren fiskalizazio txostenari dagokionez, HKEEren Osoko Bilkurak 2018ko martxoaren 22an onetsi zuena.
Egoki irizten diot –ene iritzira- txostenean barne hartu behar ziratekeen zenbait datu jasotzeari; hona hemen horien xehakapena:
1.– Legezkotasunaren 2. salbuespena:
HKEEaren txostenak legea betetzeari buruzko iritziaren atalean honako salbuespen hau jaso du:
«GFAk esleipen prozedura irekiari dagozkion betekizunak saihestuta hiru zerbitzu kontratatu ditu, guztira 1,2 milioi euroren zenbatekoan, kontratazio araudian finkatutako publikotasun eta lehia printzipioak urratuz.
Berebat, GFAk guztira 2,9 milioi euroren zenbatekoan bost zerbitzu kontratatu ditu, kontratazio araudiaren arabera eskagarri liratekeen esleipen prozedura irekiak albora utzita; prozedura horiek ekitaldia amaitu aurretik gauzatu dira».
Lehenengo paragrafoan Lurraldebusen hardware eta softwarearen mantentze-lanetan egindako gastua barne hartu behar zatekeen, guztira 253.587 euroren zenbatekoan, eta Lurraldebusen geltoki informatiboen mantentze-lanen kontzeptuko 184.795 euroren gastua. Eta bigarren paragrafoan, berriz, Lurraldebus Gunea eragiketarako zerbitzua ematen egindako gastua barne hartu behar zatekeen, 147.526 euroren zenbatekoan.
2013ko martxoan Lurraldebus, S.A. sozietateak Aldundiari laga zion bere aktibo eta pasiboa osotasunean eta honek eskubide eta obligazio guztiak subrogatu zituen.
Hardwarea eta softwarea mantentzeko-lanei dagokienez, Lurraldebus, S.L.k ez zuen inongo kontraturik gauzatu eta honenbestez, ezinezkoa da subrogaziorik gertatzea.
Beste bi supostuetan, Lurraldebuseko geltoki informatiboen mantentze-lana eta Lurraldebus Gunea eragiketarako zerbitzu ematea, kontratuak, hurrenez hurren 2008ko abenduan eta 2009ko urtarrilean izenpetu ziren. Lehenengo kasuan urtebeteko iraupenarekin, zuzenean urtero luzagarria eta bigarren kasuan, bi urteko iraupenarekin, zuzenean bi urtean behin luzagarria. Bada, lagapen globala egiten den unean Aldundia desegindako sozietatearen harreman juridikoetan subrogatzen da, baina ez haren posizioan. Hau da, desegindako sozietatearen araudia ez zaio aplikagarri indarreko harreman juridikoei, ez da kontratuaren aldaketa subjektiborik gertatu. Ezin nagusitu dakioke kontratu (pribatu) baten kalifikazio juridikoa administrazioarentzat legezko mandatu bidez finkatutako kontratazioko araubideari. Arrazoi hau dela eta, subrogazioaren osteko luzapena iraungi zenean lizitazioa bideratu behar zatekeen, kontratazioko araudi publikoari jarraikiz.
Azkenik, azpimarratu behar da kontzeptu hauek legezkotasunaren ez-betetze modura jaso direla HKEEk egindako Gipuzkoako Lurralde Historikoaren azken ekitaldietako (2014 eta 2015) Kontu Orokorren txostenetan.
2.– Barne kontrolerako sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak Gipuzkoako Foru Aldundia Kontratazioa, Administrazio kontratazioko espedienterik gabeko gastua:
HKEEren txostenak honako irizpen hau jasotzen du:
«Administrazioko kontratazio espedienterik gabe kontrataturiko gastua aztertzean hamar jarduera azaleratu dira, guztira 738.996 euroren zenbatekoan, zeinetan batzuetan lehia printzipioa ezartzea eskagarri den eta beste batzuetan, hori aplikatzea gomendatzen den; izan ere, horietako bakoitza ekitaldian zehar gauzatutako jarduera bati dagokion arren, finean gastu homogeneoak eta ekitaldi bakoitzean planifika daitezkeen gastuak dira».
Paragrafo honetan honako espediente honi dagokion gastua barne hartu behar zatekeela iruditzen zait: «betun nahasketen ezaugarriak zehazteko entseguak egitea», 43.455 euroren zenbatekoduna.
Aldundiak egindako alegazioan aitortzen da gastu hau 2016an administrazioko kontratazio espedienterik gabe kontratatu dela eta 2017an formalizatu dela kontratua, dagokion kontratazio espedientea izapidetuta. Epaitegiaren Osoko bilkuraren gehiengoak alegazioa onartzea erabaki du.
3.– Barne kontrolerako sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak Gipuzkoako Foru Aldundia Diru-laguntzak. Izendunak:
Ene iritzira, txostenak ondotik jasotako gomendiozko testua barne hartu behar luke, Kontu Orokorrean Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko azpiegituretan inbertsioei atxikitako diru-laguntzen zenbatekoaren berri emateko komenigarritasuna jasota uzteko.
«– Azken ekitaldietan Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko azpiegituretan inbertsioen % 33 finantzatzeko emandako diru-laguntzei dagokienez (19. espedientea), 2016ko abenduaren 31n metatutako 47 milioi euroren zenbatekodunak (6,3 milioi euro 2016ko ekitaldian) eta 77,8 milioi euroren zenbatekoa egin duten konpromiso kredituak, uste dugu Kontu Orokorrak informatu egin beharko lukeela emandako diru-laguntzen zenbatekotik zenbat dauden lotuak azpiegituren guztizko balioaren behin betiko justifikaziora, 7/2008 FAn aurreikusitakoa».
4.– Barne kontrolerako sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak Gipuzkoako Foru Aldundia Diru-laguntza zuzenak.
HKEEren txostenak honako irizpen hau jasotzen du:
«– Diputatu kontseiluak zuzenean eman dizkie diru-laguntzak lau enpresari (5, 6, 7 eta 14 zk. espedienteak), guztira 246.250 euroren zenbatekoan. Komenigarria litzateke hobeto arrazoitzea bai izan diren interes publiko, sozial, ekonomiko edo humanitarioko arrazoiak bai deialdi publikoa egiteko izan diren zailtasunak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Diru-laguntzei buruzko martxoaren 27ko 3/2007 FAren 20.3.c) artikuluaren arabera aparteko prozedura hau baliatzeko aukera ematen dutenak».
Paragrafo honetan toki entitate bati emandako diru-laguntza barne hartu behar litzatekeela uste dut (1 zk. espedientea), 1.107.043 eurorena, eta irabazi asmorik gabeko bi erakunderi emandakoak (9 eta 12 zk. espedienteak), guztira 618.069 eurorenak. Hiru kasu hauetan, Ogasun eta Finantza Saileko Kontuhartzailetza eta Auditoretza Zerbitzuak jaulkitako diru-laguntza proposamen hauen gaineko fiskalizazio txostenek adierazten dute, printzipioz, beste pertsona fisiko edo juridiko batzuk parte hartu dezaketela diru-laguntzaren xedean; espedientean ez dira emakida molde aparteko hau baliatzeko herritarren intereseko arrazoiak egiaztatu. Beharrezkoa da, honenbestez, arrazoitzea hobetzeko gomendioa.
Gainera, eta 1. espedienteari dagokionez, Aldundiak egindako alegazioak ez du ezbaian jartzen arrazoitzea hobetu behar denik.
5.– Barne kontrolerako sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak Gipuzkoako Foru Aldundia Diru-laguntza zuzenak:
Txostenak ondoko irizpena barne hartu behar lukeela uste dut, fiskalizazio-lanean azaleratu diren akatsen ebidentzia jasota uztearren:
«– Pasaiako badiaren berroneratzea Foru Aldundiaren 2015-2019 Kudeaketa Plan Estrategikoan barne hartutako proiektuetariko bat da eta honekin loturik, lau toki erakunderi guztira 2,1 milioi euroren diru-laguntzak eman zaizkie (13. espedientea); honi dagokionez, ondotik zehaztutako alderdi hauek azpimarratu nahi ditugu:
● Toki erakundeei dagokienez, ez da adierazten zein irizpide baliatu diren diruz lagunduko diren inbertsioen zenbatekoa zehazteko; diruz lagundu den ehunekoa % 85 izan da.
● Diruz lagundutako lau toki erakundetatik hiruk ez dute hiru eskaintza eskatu direla egiaztatuko duen agiririk aurkezten, eskagarri den kasuetan diruz lagungarri diren gastuak kontratatu aurretik, diru-laguntzei buruzko araudiari jarraikiz».
Ez emakida proposamenaren azalpen zatian ez horrekin baterako agirietan ez dira adierazten diru-laguntzen banaketa zehazteko baliatutako irizpideak zein izan diren. Bestalde, Diru-laguntzen Foru Arauaren 30.3 artikuluari jarraikiz, onuradunek, salbuespenik gabe, gutxienez hiru eskaintza eskatu behar dizkiete hornitzaile ezberdinei eta kasu honetan erakundeetako batek bakarrik aurkeztu du hiru eskaintza eskatu dituela egiaztatzen duen dokumentazioa.
HKEE-ren oharra
Emakidak lehentasunezko hurrenkera bat bereizten du, oinarri-arau arautzaileetan aurreikusten den moduan. Azpimarratu dena da balorazioa ez duela ebaluazio-batzorde bat egin.