EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-05-04 Aldizkari honetan argitaratua: 2018085

EBAZPENA, 2018ko martxoaren 20koa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, literatura-itzulpenetarako diru-laguntzak emateko modua arautzen duena.

Xedapenaren data: 2018-03-20
Hurrenkenaren zenbakia: 201802409
Maila: Ebazpena
Etxepare Euskal Institutua (aurrerantzean EEI) Sortzeko eta Arautzeko 3/2007 Legearen 3.b) letrak ondoko helburua xedatzen du aipatutako Institutuarentzat: «Euskal Kultura bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adierazmoldetan kanpoan ezagutarazten eta hedatzen laguntzea, bereziki euskaraz sortutako kultura-eskaintza sustatuz eta hedatuz».
Bestalde, EEIren antolakuntza- eta jarduera-araudia onartzen duen 2008ko maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuak xedatzen du institutu horren eskumenekoa dela euskal kultura Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo sustatzea eta hedatzea. Dekretu horrek bere 19. artikuluaren 2.g) letran aipatzen du, jarduera-arlo gisa, euskal literatura, pentsamendua eta ikerketa sustatzea, pentsamendu eta ikerketa zientifikoko obrak eta euskal pentsamenduko eta kulturako aldizkariak kanpora atereaz. Bestalde, artikulu horren f) zatian Institutuaren funtzioen artean aipatzen da euskal sorkuntza nazioartean ezagutzera emateko kultura-eragileei laguntzeko programak diseinatzea.
Hori dela eta, EEIri jarduteko arlo gisa adierazi zaizkion eskumenen barruan, interesgarritzat jo da euskal literaturako lanak eta Euskal Autonomia Erkidegoko egileenak beste hizkuntzetara itzultzeko diru-laguntzak emateko modua arautzea.
Ondorioz, hauxe
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen xedea da ondorengo itzulpen-jarduerak diruz laguntzeko prozedura finkatzea:
– Jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatura-obrak edozein hizkuntzatara itzultzea.
– Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatutako idazleek jatorriz gaztelaniaz idatzi eta argitaratutako literatura-obrak euskara ez den beste edozein hizkuntzatara itzultzea.
2017ko azaroaren 10eko ebazpena eman zenetik 2019ko abenduaren 30a bitartean argitaratu diren edo argitaratuko diren itzulpenak aurkeztu ahal izango dira deialdi honetara.
2. artikulua.– Diru-baliabideak.
1.– Deialdi honetarako gehienezko zenbatekoa hogeita hemeretzi mila (39.000) eurokoa izango da.
2.– Itzulpen lanak bakarrik ordainduko dira, ondoren zehaztutakoaren arabera:
a) Itzulgaiaren zailtasun maila oinarrizkoa denean, 0,011 euro karaktereko, zuriunerik gabe, jatorrizkoan zenbatuta.
b) Itzulgaiaren zailtasun maila apartekoa denean, 0,020 euro karaktereko, zuriunerik gabe, jatorrizkoan zenbatuta.
Balorazio-batzordeak erabakiko du zein testu den hizkuntzaren aldetik aparteko zailtasunekoa. Edozein kasutan, aparteko zailtasunekotzat joko dira hegemonikoak ez diren hizkuntzetara egindako itzulpenak.
Ezin izango da diruz laguntzeko moduko gastutzat hartu BEZaren zenbateko kengarria, erakunde eskatzaileak zerga horren aitorpena egin beharra duenean.
3.– Hori guztia, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan eta haren garapen araudian izaera orokorrarekin jasotakoaren kalterik gabe.
3. artikulua.– Diru-laguntzen esleipena.
1.– Ebazpen honen bidez emango diren diru-laguntzak lehiaketa bitartez esleituko dira. Diru-laguntzak horrela emateko, aurkeztutako eskaerak erkatuko dira, 11. artikuluan finkatutako aukeraketa- eta balorazio-irizpideen araberako hurrenkera ezartzeko.
Baloraziorik altuenak lortzen dituzten eskaeretatik hasita esleituko dira diru-laguntzak, proportzionalki lortutako puntuazioaren arabera, harik eta horretarako diru-baliabideak amaitu arte, betiere % 50eko gutxieneko puntuazioa lortuta.
2.– Obra berak ez du jasoko hiru hizkuntza baino gehiagotara itzultzeko laguntzarik urte bereko deialdian. Hiru eskaera baino gehiago izanez gero, puntuazio handiena duten hiru eskaerek jasoko dute diru-laguntza.
3.– Proiektu bakoitzak jaso dezakeen diru-kopurua zehazteko kalkulua honela egingo da: deialdi honetan finkatutako tarifen arabera legokiokeen diru-laguntzaren zenbatekoari edo kontratuan ageri den kopuruari (deialdiaren arabera legokiokeena baino txikiagoa bada kontratuan ageri den kopuru hori) balorazioan lortutako puntuazioaren ehunekoa aplikatuko zaio eta hortik sortzen den emaitza izango da jasoko den laguntza.
4.– Eskaera bakoitzak lortu ahal izango duen gehieneko zenbatekoa zortzi mila (8.000) eurokoa izango da. Eskatzaile bakoitzak deialdi honetan lortu ahal izango duen gehieneko zenbatekoa, aldiz, hamabi mila eta bostehun (12.500) eurokoa.
5.– Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde publiko edo pribatuek helburu berbererako emandakoekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik badago, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.
4. artikulua.– Onuradunak.
Ebazpen honek araututako diru-laguntzen onuradun izateko honako baldintza hauek bete beharko dira:
a) Pertsona fisiko edo juridikoa izatea, bere lanbide edo xedeen artean argitalpen- eta itzulpen-lanak dituena.
b) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako alta emanda egotea Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren baitan jarduerarekin zerikusi zuzena duen epigrafean, dagokion herrialdean beharrezkoa balitz.
Salbuespen gisa, baldintza hori ez dute bete beharko itzultzaileek beraiek idatzitako lanaren itzulpena egingo badute.
5. artikulua.– Eskatzaileen betekizunak.
Eskatzaileek betekizun hauek bete beharko dituzte laguntzaren onuradun izateko:
– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketak egunean izatea.
– Erakunde mota hauetakoren bat ez izatea: nagusiki kapital publikoa duten erakunde pribatuak, fundazioak edota dagokion modalitateko sektorearen jarduerarekin lotura zuzenik ez duten elkarteak.
– Diru-laguntza eta laguntza publikoak lortzea galarazten dion zigor penalik edo administratiborik ez izatea.
– Legez debekatuta ez izatea laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzea, berariaz aipatuta sexu-bazterkeriagatik ezarritako zehapenak.
– Buruturik egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek antzeko laguntzak edo diru-laguntzak enpresa horiei itzularazteko edo haien zioz zehapenak ezartzeko oraindik izapidetze-fasean dauden prozedura guztiak.
– Halaber, aplikagarria izango da diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11 eta 13.2 artikuluetan eta haien garapen araudian izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.
– Baldintza horiek guztiak, onuradun izateko ez ezik, jasotako diru-laguntzaren kitapena eman arte bete beharko dira.
6. artikulua.– Eskatzailearen betekizun jakin batzuk egiaztatzea.
1.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea arautzen duen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluarekin bat etorriz, eskatutako agiriak Administrazio batek egindakoak direnean, haien kontsulta eta ateratzea interesdunaren aldetik baimendutzat edukiko da, prozeduran ez badute berariazko kontrakotasunik adierazten. Kasu horretan, eskatzaileak aurkeztu beharko ditu.
Eskatzaileak Nafarroakoak direnean zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duen ziurtagirira aurkeztu beharko dute.
Atzerrikoak direnean, aldiz, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela egiaztatzen dutenak, edo horien baliokideak; baita eskatutako beste edozein agiri ere.
2.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuarekin aldaketarekin bat eginez, betebehar hauek egiaztatuko dira, eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpen bidez:
– Helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso direla adierazi beharko da, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.
– Egungo zerga-ekitaldian eta aurreko bi zerga-ekitaldietan eskatutako eta, hala badagokio, jasotako beste «minimis» laguntza batzuk jakinaraztea.
– Eskatzaileak ez izatea zigor administratibo edo penalik, diru-laguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarrenik, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.
– Eskatzaileak eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela adieraztea.
3.– Eskaera beste pertsona baten izenean egiten denean, legezko ordezkariaren identitatea eta daukan legezko ordezkaritza ahalmenaren egiaztagiriak aurkeztu beharko dira.
7. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatuko dituen organoa.
Etxepare Euskal Institutuko Euskal Kultura Sustatzeko eta Hedatzeko Arloari dagokio deialdi honen bidez emango diren diru-laguntzak kudeatzea.
EEIk proiektuen garapenari jarraipena egingo dio, eta onuraduna behartuta egongo da horretarako eskatutako ikuskapen- edo informazio-eskaerari erantzutera.
8. artikulua.– Eskabideak aurkeztea eta epeak.
1.– Pertsona fisikoek eskabideak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahal izango dituzte:
– Aurrez aurre: eskabideak helbide honetan aurkeztuta: Etxepare Euskal Institutua, Andre Zigarrogileak plaza 1, Tabakalera eraikina, 3. solairua, 20012 Donostia, goizeko 08:30etik 14:00etara. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Zuzenean bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.
– Bide elektronikoa: euskadi.eus gunean artikulu honetako 4. atalean adierazitako helbidean aurkeztu ahal izango dira eskabideak.
Bide bat edo bestea erabili, eskatzaileak prozedurako edozein unetan aldatu ahal izango du ordura arte hautatutako bidea.
2.– Pertsona juridikoek eskabideak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dituzte, artikulu honetako 4. atalean adierazitako helbidean.
3.– Salbuespenez, atzerriko pertsona fisiko edo juridikoek eskabideak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahal izango dituzte.
4.– Eskabideak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu, formularioa eta argibideak euskadi.eus egoitza elektronikoaren ondorengo helbidean egongo dira eskuragai:
https://www.euskadi.net/diru_laguntza/2017/literatura_itzulpenak/y22-izapide/eu
Eskabidearen ondoko izapideak gune honetan egingo dira bide elektronikoa erabiliz gero:
https://www.euskadi.eus//nirekudeaketak
5.– Eskatzaileak euskara edo gaztelania erabili ahal izango du eskabidean eta gainerako agirietan. Halaber, eskaeraren ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
6.– Identifikazio elektronikorako onartutako eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratutako bitarteko elektronikoren bat izan beharko du eskatzaileak.
7.– Eskaerak aurkezteak esan nahiko du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.
8.– Jarduerako eskabide bana aurkeztuko da. Eskatzaile batek eskabide bat baino gehiago aurkezten baditu, nahikoa izango da administrazio-dokumentazioa behin aurkeztea.
9.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
10.– Diruz lagundutako itzulpenak argitaratzeko gehieneko epea 2019ko abenduaren 30a izango da.
11.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak:
a) Itzuli nahi den liburu edo testua euskarri informatikoan (Word formatua).
b) Itzulitako lagina: 15.000 karakterekoa (zuriunerik gabe zenbatuta), euskarri informatikoan.
c) Itzultzailearen curriculuma eta argitaletxearen azken katalogoa.
d) Liburua itzultzeko eta argitaratzeko egile-eskubideen baimena edo ziurtagiria.
e) Itzulpena egiteko kontratua, bi aldeek sinatuta. Kontratuak ordainduko den zenbatekoa adierazi beharko du.
f) Argitaletxearen konpromisoa sinatua.
g) Jatorrizko lana gaztelaniazkoa bada, egilearen errolda-agiria.
9. artikulua.– Eskaeran egindako akatsak zuzentzea.
Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta gehienez hamar egun balioduneko epean, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan. Ikusten bada eskaera onartzeko eskatzen den dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, eskatzaileak 10 egun balioduneko izango du akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko.
Epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, edo dagokion izapidea egitea galduko du. Epe hori igarota, Etxepare Institutuko zuzendariaren ebazpenez, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da Eusko Jaurlaritzaren iragarki-taula elektronikoan.
10. artikulua.– Balorazio Batzordea.
1.– Eskaerak aztertu eta ebaluatzeko balorazio-batzordea osatuko da. Batzordea honela osatuko da:
a) Lehendakaria: EEIko Euskal Kultura Sustatzeko eta Hedatzeko zuzendaria.
b) Bokalak 3-5 kide, EEIko zuzendariak izendatuko ditu, aditu diren gizon-emakume eta administrazioko teknikarien artetik.
c) Idazkaria: Batzordearen idazkari-lanak EEIko teknikari batek egingo ditu, zuzendariak izendatua izango da, eta bileretan hitzez bai, baina botorik gabe jardungo du.
2.– Balorazio Batzordeko kideak izendatzerakoan Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan xedatutakoa beteko da.
3.– Balorazio Batzordearen osaera EEIko zuzendariak ebatziko du eta EHAAn argitaratuko da. Nolanahi ere, errespetatu egingo dira parte ez hartzeari eta errefusatzeari buruz legez ezarritako zehaztapen eta baldintzak.
11. artikulua.– Eskaerak aztertzeko irizpideak eta ebazpen-proposamena.
1.– Balorazio Batzordearen zeregina izango da aurkeztutako eskaerak ebaluatu eta ebazpen-proposamena egitea Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari.
2.– Aurkeztutako proiektuak aztertu eta baloratzeko irizpide-ardatzak honako hauek izango dira:
a) Jatorrizko itzulgaiaren literatura-arloko interesa: puntuazioaren % 30 arte.
b) Itzulpen-laginaren kalitatea: % 25 arte.
c) Itzultzailearen ibilbide profesionala: % 15 arte.
d) Liburua argitaratuko duen argitaletxearen ibilbide profesionala, katalogoa eta nazioartean lan egiteko irizpideak, plana, proiektua...: % 15 arte. Bereziki hartuko dira kontuan aurreko deialdietan diruz lagundutako lanak zabaltzeko egindako ekintzak.
e) Kontratuan proposatzen diren argitalpenaren ezaugarriak: argitara emango den ale-kopurua, tamaina, formatua eta bestelakoak: % 5 arte.
f) Lana jatorriz euskaraz idatzitakoa bada, itzulpena zuzenean jatorrizkotik abiatuta egindakoa izatea: % 10.
3.– Diru-laguntza jasotzeko ezinbestekoa izango da % 50eko puntuazioa lortzea. Alabaina, itzulpen-laginaren kalitatearen atalean puntuazioa ez bada erdira iristen, ezingo da diru-laguntzarik lortu, nahiz eta % 50 horretara iritsi.
12. artikulua.– Ebazpena.
1.– EEIko zuzendariari dagokio Balorazio Batzordeak aurkeztutako ebazpen-proposamena aztertu eta ebazpena ematea.
2.– Ebazpena Eusko Jaurlaritzaren iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluak xedatutakoarekin bat.
3.– Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunetik kontatzen hasita, gehienez lau hilabeteko epean argitaratuko da ebazpena. Epe hori argitaratu gabe igarotzen bada, eskaerak ez direla onartu ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
13. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Diru-laguntzaren ebazpena argitaratu eta ondorengo hamabost eguneko epean onuradunak berariaz uko egiten ez badio, diru-laguntza onartu egin duela ulertuko da.
2.– Diru-laguntza adierazitako helburu zehatzerako erabiltzea eta diruz lagundutako itzulpena 2019ko abenduaren 30a baino lehen argitaratuko dela bermatzea.
3.– Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen bidez jasotako diru-laguntzei buruzko informazioa ematea, hala eskatuz gero.
4.– Itzulpen lana argitara ematen den euskarrian eta zabalkundea edo aurkezpena egiterakoan EEIren logoa jartzea (EEIren webgunean egongo dena eskuragai) eta bi kasuetan zehatz adieraztea itzulpenerako diru-laguntza jaso duela, honako esaldiaren bidez: Liburu honen itzulpenak Etxepare Euskal Institutuaren diru-laguntza izan du. La traducción de este libro ha sido subvencionada por el Instituto Vasco Etxepare, edo dagokion hizkuntzako itzulpena.
5.– Diruz lagundutako proiektuan aldaketaren bat eginez gero, horren berri idatziz jakinaraziko dio EEIri edo «Nire kudeaketak» helbidearen bitartez izapide elektronikoaren kasuan. Berri hori jasotzen duenetik, EEIk 15 egun balioduneko epea izango du erantzuteko. Erantzunik ez bada, aldaketa onartutzat joko da.
6.– Onuradunak diruz lagundutako proiektuarekin lotutako irudi eta materiala erabili ahal izateko baimena bermatzea EEIri, horrek informazioa hainbat euskarritan zabal dezan.
7.– Halaber, aplikagarria izango da diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta haren garapen araudian izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.
14. artikulua.– Ordainketa eta justifikazioa.
1.– Ebazpen honetan oinarrituz emandako diru-laguntzen ordainketa bi zatitan egingo da prozedura honi jarraituz:
% 75 onartutzat ematen denetik kontatzen hasi eta hilabeteko epean.
% 25 jarduera amaitu, justifikazioa egin eta gehienez ere sei hilabeteko epean.
2.– Pertsona fisikoek justifikazioak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko dituzte:
– Aurrez aurre aurkeztu ahal izango dituzte hurrengo helbidean: Etxepare Euskal Institutua, Andre Zigarrogileak plaza 1, Tabakalera eraikina, 3. solairua, Donostia (20012), goizeko 08:30etik 14:00etara, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.
– Justifikazioak bide elektronikoaren bidez ere aurkeztu ahalko dituzte hurrengo gunean: https://www.euskadi.eus//nirekudeaketak
3.– Pertsona juridikoek justifikazioak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dituzte, aurretik adierazitako helbide elektronikoan.
4.– Salbuespenez, atzerriko pertsona fisiko edo juridikoek eskabideak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko dute.
5.– Justifikazioak, bai bide presentziala erabiliz bai bide elektronikoa erabiliz, nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak euskadi.eus-en egongo dira ikusgai, agindu honetako 8.4 artikuluan adierazitako helbidean.
6.– Bi hilabeteko epea izango da justifikazioa egiteko, argitalpena kaleratzen denetik hasita. 2019ko abenduan kaleratutakoen kasuan, hilabetekoa izango da epe hori.
7.– Justifikazioa egiteko honakoak aurkeztu beharko dira:
a) Itzulitako lanaren argitalpenaren 3 ale, paperean bada, kopia bat euskarri informatikoan edo edizio digitalerako sarbidea.
b) Itzultzailearen lana ordaindu dela egiaztatzen duen agiria, eskatzailea argitaletxea edo editorea bada.
c) Eskaera aurkeztu ondoren helburu berbererako jasotako bestelako diru-laguntzen zerrenda. EEIk emandakoaz gain beste diru-laguntzarik jaso ez bada, hori horrela dela adierazten duen adierazpen erantzulea aurkeztuko du onuradunak.
d) Halaber, aplikagarria izango da diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan eta haren garapen araudian izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.
15.– Likidazio ebazpena.
Diru-laguntzaren justifikazioa behar bezala gauzatu ez bada edo dena delako zioarengatik laguntzaren zenbatekoa gutxitzea edo kentzea badagokio, EEIko zuzendariak banakako likidazio ebazpena emango du, egiaztagiriak aurkezteko epea amaitu eta bi hilabeteko epean.
16. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Ebazpen honetan edo izaera orokorragoko aginduetan ezarritako betebeharrak ez betetzea.
2.– Emandako diru-laguntza guztia edo zati bat ebazpen honetan aurreikusitako jarduera ez den besteren batean erabiltzea.
3.– Hala badagokio, diru-laguntzaren likidazio-ebazpenean zehaztutako diru-kopurua ez itzultzea, horretarako emandako epean.
4.– Halakorik gertatu dela egiaztatzen bada, ez-betetzea gertatu dela ulertuko da eta, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoari jarraiki, onuradunak itzuli egin beharko dizkio EEIri jasotako diru-kopuruak eta horiei legez dagozkien interesak.
5.– Halaber, aplikagarria izango da diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37 eta 40.1 artikuluetan eta haien garapen araudian izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Eskatutako diru-laguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, 2. artikuluan ezarritako zenbateko osoa handitu ahal izango da, baldin eta EEIren beste diru-laguntza deialdi batzuk esleitu ondoren aurrekontuetako izakinak agortu ez badira. Aldaketa hori eskaeren gaineko erabakia hartu aurretik egin beharko da. Adierazitako aldaketaren berri EEIren zuzendariaren ebazpenaren bidez eman beharko da eta ebazpena EHAAn argitaratuko da.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Ebazpen honetan araututako diru-laguntzak Europar Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduan (EBAO, L 352 zenb. 2013-12-24) adierazitakoaren arabera arautuko dira –erregelamendu hori Europako Batasunaren Funtzionamendurako Tratatuko 107. eta 108. artikuluak «minimis» laguntzei aplikatzeari buruzkoa da–. Diru-laguntza hauek «minimis» izaera dute; hau da, pertsona juridiko nahiz fisiko batek jasoko duen diru-laguntza osoa ez da 200.000 euro baino gehiagokoa izango, hiru zerga ekitalditan zehar. Diru-kopuru hori baino gutxiagoko diru-laguntzek ez dituzte ez merkataritza eraldatzen ezta lehia baldintzak desitxuratzen ere; hori dela eta, ez dira Europar Batasuneko Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 zenbakiaren aplikazio eremuan sartzen.
Diru-laguntzaren onuradunak dagokion ekitaldi fiskalean eta aurreko bi ekitaldi fiskaletan jasotako «minimis» izaerako diru-laguntzen berri eman beharko du eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, betiere jasotako diru-laguntzek Erregelamenduak adierazitako gehieneko muga gainditzen ez dutela egiaztatzeko asmoz.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Datu Pertsonalak Babesteko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeko buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean xedatutakoaren babesean, deialdi honen babesean, izapidetzea dela-eta EEIk eskuratuko dituen datu pertsonalak, fitxategi automatizatu batean sartuko dira. Fitxategiak "Laguntzak eta diru-laguntzak du izena, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariaren 2011ko martxoaren 31ko Ebazpenaren bidez araututa dago eta fitxategiko datuak ez zaizkio beste inori lagako; EEIk soilik erabiliko ditu, berak sustatutako laguntzak kudeatzeko. Aipatutako Lege horietan jasotzen den moduan, datuok ikusteko, zuzentzeko, ezabatzeko edo aurka egiteko eskubideak erabili ahal izango dira. Horretarako, idazki bat bidali beharko zaio Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari, helbide honetara: Etxepare Euskal Institutua, Andre Zigarrogileak plaza 1, Tabakalera eraikina, 3. solairua, 20012 Donostia.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Administrazio-bidea amaitzen duen ebazpen honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesatuek EEIko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, edota administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko dagokion aretoan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.
Donostia, 2018ko martxoaren 20a.
Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,
IRENE LARRAZA AIZPURUA.