EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-05-04 Aldizkari honetan argitaratua: 2018085

EBAZPENA, 2018ko apirilaren 26koa, Kulturako sailburuordearena, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaie Orozkoko (Bizkaia) Uribarri baserria monumentu izendapenez Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Nagusian sartzeko espedienteari eta espedientea jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko aldiari.

Xedapenaren data: 2018-04-26
Hurrenkenaren zenbakia: 201802407
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoak, Espainiako Konstituzioaren 148.1.16 artikuluaren eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikuluaren babesean, kultura-ondarearen gaineko eskumen osoa bereganatu zuen. Aipatutako eskumen hori baliatuta, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko kultura-intereseko ondasunak izendatzeko prozedurak arautzen dituena.
Orozkoko (Bizkaia) Uribarri baserriak duen kultura-interesa azterturik, eta Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek aurkeztutako ebazpen-proposamenari jarraituz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Hasiera ematea Orozkoko (Bizkaia) Uribarri baserria monumentu izendapenez Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Nagusian sartzeko espedienteari, I. eranskinean azaltzen den mugaketaren eta II. eranskinean jasotzen den deskribapenaren arabera.
Bigarrena.– Jendaurrean jartzea, denboraldi batez, Orozkoko (Bizkaia) Uribarri baserria monumentu izendapenez Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Nagusian sartzeko espedientea. Hala, 20 eguneko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, alegazioak egin eta egoki iritzitako dokumentuak aurkeztu ahal izango dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. eta 83. artikuluetan ezarritakoari jarraituz. Espedientea Euskal Kultura Ondarearen Zentroan egongo da ikusgai, Vitoria-Gasteizko Donostia kaleko 1 zenbakian.
Hirugarrena.– Ebazpena interesdunei jakinaraztea, bai eta Orozkoko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Sailari eta Garraioak, Mugikortasuna eta Lurralde Kohesioa Sustatzeko Sailari, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari ere, egoki iritzitako dokumentuak eta justifikazioak alegatu eta aurkez ditzaten jakinarazpenaren egunetik hamabost eguneko epean.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzea, herritar oro jakitun egon dadin.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko apirilaren 26a.
Kulturako sailburuordea,
JOSÉ ÁNGEL MARÍA MUÑOZ OTAEGI.
I. ERANSKINA
MUGAKETA
a) Mugaketaren deskribapena.
Mugaketak eraikina bera eta haren ingurua barne hartzen du. Horrela, eremuak muga hauek ditu:
Iparraldean, bordaren iparraldeko fatxadarekiko lerro paraleloa, bordatik 3 metrora trazatua.
Ekialdean, bordaren ekialdeko fatxadarekiko lerro paraleloa, bordatik 5 metrora trazatua.
Hego-ekialdean, bordaren hego-ekialdeko fatxadarekiko lerro paraleloa, bordatik 25 metrora trazatua.
Eta, azkenik, hego-mendebaldean, baserrira heltzeko bidearen kanpoko ertza eta haren jarraipena, iparraldeko mugarekin bat egiten duen lekuraino.
b) Mugaketaren justifikazioa.
Proposatutako mugaketa justifikatuta dago, Orozkoko Urigoiti auzoko Uribarri baserriaren ingurumen-balioa eta balio bisuala babestu beharra baitago. Ingurunearen mugaketa beharrezkoa da katalogatutako ondarea behar bezala babesteko eta balioesteko, eta berekin dakar baserriaren inguruko lur-eremuak eta eraikinerako sarbidea babestea, baserriaren berezko izaera gordetze aldera. Horregatik, mugaketak baserriaren eraikina bera ez ezik haren ingurunea ere hartzen du.
II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA
Uribarri baserriak lau angeluko oinplanoa du, iparralde eta hegoaldera orientatuta dago, eta bi isurialdeko estalkia du, gailurra fatxada nagusiarekiko zuta dela. Harlangaitz zarpiatuzko obra da. Fatxada nagusiaren aurrean, bolumen bat dago, ardi-korta gisa erabiltzen zena eta, egun, etxebizitza-erabilera duena; leku berean, beste bolumen bat dago, labea gordetzen duena.
Fatxada nagusian, beheko solairuan, alboko sarrera batetik kortetara sartzen da. Hurrengo solairuan, sarbide bat dago, eraikinaren fatxadako erdiko ardatzean dagoen harrizko eskailera batetik abiatzen dena. Halako kanpo-eskailerak ohikoak dira Orozkoko haraneko baserrietan. Solairu honetako baoen antolamendua irregularra da, eta ez dio inongo eskemari jarraitzen. Azkenik, ganbaran, bi bao txiki daude. Dinteldunak dira bao guztiak, eta harlandu sendoz inguratuta daude. Ipar-mendebaldeko fatxadatik sarbide bat dago lehenengo solairura sartzeko. Fatxada horretan, orobat, «artzainaren etxea» delakoaren irtengunea dago. Baditu, era berean, harlanduz inguratutako leiho-zuloak. Beste fatxadetako baoak txikiak dira, eta fatxada nagusikoen moduan eginda daude.
Beheko solairu osoan kortak daude. Lehen solairuak, berriz, etxebizitza-erabilera du. Sarreratik banaleku den atondora igarotzen da, eta, handik, eskuinaldera eginda, sukaldera, eta, ezkerraldera, maila beheraxeagoan dauden geletara sartzen da. Solairu horretan, gainera, beste gela batzuk eta biltegiratzeko espazio bat daude. Barne-eskailera batetik, ganbarara igotzen da, zeinak biltegi-erabilera baitu. Hirugarren solairu honetan, plataforma bat dugu, habearteen bao nagusia okupatzen duena. Ipar-mendebaldeko alboan, «artzainaren etxea» delakoa atxikitzen zaio; han, abereak ukuiluratzeko tokia dago, eta sukalde bat dago, laratza eta erdiko sua duena. Espazioen barne-banaketak hurritzezko edo gaztainazko adar-trentzatuz eginda daude, akabera luzituak dituztela.
Egitura zurezko portikoz eginda dago, eta pieza bakarreko haritz-zurezko zutoin handiz osatua. Sistemaren txarrantxatzea bi eratara eginda dago: batetik, zutoin eta habeak agerian mihiztatutako besoetan txarrantxatzen dira, dena ere zurezko ziri ia-zilindriko bidez lotuta dagoela; bestetik, estalkiaren egitura-sistema portikoen noranzkoa aldatuta osatu da, eta, hartara, beheko portikoak beren artean lotuta daude luzetara. Portiko-egiturak multzo bati eusten dio, zehazki haritzezko eskuairaldezko soliba-forjatuz eta gaztaina-zurezko xafla lodi eta handiz egindako oholtzaz osatutako multzo bati. Estaldurako hegala zurezko ohol mihiztatuz eginda dago, eta ohol horiek gapirio-multzoari lotzen zaizkio, zurezko ziri txiki asko «josita».
XVI. mendekoa da jatorrizko egitura. XVIII. mendean, erabilerak berrantolatu ziren, eta egitura osatu zen. XIX. mendean, «artzainaren etxea» delakoa erantsi zitzaion.