EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-05-02 Aldizkari honetan argitaratua: 2018083

EBAZPENA, 2018ko apirilaren 20koa, Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) zuzendari nagusiarena, industria-arloan energia-eraginkortasunaren eta energia berriztagarrien erabileraren aldeko inbertsioak sustatzeko diru-laguntzen programaren oinarri arautzaileak onartzen, horretarako deialdia egiten eta argitara ematen dituena – 2018. urtea.

Organo emailea: ENERGIAREN EUSKAL ERAKUNDEA
Xedapenaren data: 2018-04-20
Hurrenkenaren zenbakia: 201802372
Maila: Ebazpena
EEE zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren mendekoa, eta energia aurreztea eta energia-eraginkortasuna, energia-baliabide berriztagarriak, energia-dibertsifikazioa eta energia-azpiegituren sustapena bultzatzeko jardunak bete behar ditu Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eremuan.
Ildo horretan, EEE hainbat ekintza garatzen ari da 2030erako Euskadiko Energia Estrategia (3E-2030) bildutako helburuak betetzeko. Jardun horien artean aipatzekoa da zenbait laguntza-programa abian jartzea, energia-eraginkortasuna sustatzeko eta energia berriztagarriak aprobetxatzeko jarduera-sektore guztietan.
Hortaz, laguntza-programa hau eratu da EAEko industria-arloko eraikin eta instalazioetan energiaren aurrezkia lortzeko eta energia-eraginkortasuna hobetzeko jarduerak sustatzeko helburu nagusiarekin, baita haietan energia berriztagarrien erabilera areagotzeko ere.
Adierazitako guztiagatik,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– EEEren zuzendaritza-organoen eginkizunak arautzen dituen otsailaren 3ko 10/2015 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz (martxoaren 5eko 64/1985 Dekretua bigarrenez aldatzen duena), 2018ko industria-arloan energia-eraginkortasunaren eta energia berriztagarrien erabileraren aldeko inbertsioak sustatzeko laguntzen programari dagozkion oinarri arautzaileak onartzea eta deialdia egitea. Programaren edukia ebazpen honekin batera dago, I. eranskinean.
Bigarrena.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.2 artikuluarekin bat etorriz, 2018ko industria-arloan energia-eraginkortasunaren eta energia berriztagarrien erabileraren aldeko inbertsioak sustatzeko laguntzen programari dagozkion oinarri arautzaileak onartzen dituen ebazpen hau, oso-osorik, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Bilbao, 2018ko apirilaren 20a.
Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia,
IÑIGO ANSOLA KAREAGA.