EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-05-02 Aldizkari honetan argitaratua: 2018083

AGINDUA, 2018ko apirilaren 27koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez Elorrioko (Bizkaia) San Agustin Etxebarria eliza monumentu kategoriako kultura-ondasun gisa inskribatzen baita Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Nagusian

Xedapenaren data: 2018-04-27
Hurrenkenaren zenbakia: 201802370
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2018/02/05ean argitaratutako 2018/02/01eko EBAZPENA [201800624]

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Estatutuko 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondareari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.
Elorrioko (Bizkaia) San Agustin Etxebarria elizak kultura aldetik duen interesa ikusita eta haren kultur balioan oinarrituta, eta indarrean dagoen legerian xedatutakoari jarraituz, Kulturako sailburuordeak erabaki zuen San Agustin Etxebarria eliza Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Nagusian sartzeko espedienteari hasiera ematea, 2018ko otsailaren 1eko Ebazpenaren bidez (otsailaren 5eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 25. zk.).
Espediente horren administrazio-izapidean, jendaurrean jarri zen espedientea, eta interesdunei entzunaldia emateko epea ireki zen, betiere lehen aipaturiko 7/1990 Legearen 17. eta 11.3 artikuluetan eta harekin bat datozen gainerako xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz.
Jendaurrean jarri eta interesdunei entzunaldia emateko izapidea irekita, ez zen alegaziorik aurkeztu.
Hori guztia dela eta, aipaturiko 7/1990 Legearen 17. artikuluan oinarrituz, aintzat hartuta Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostena, eta Kulturako sailburuordearen proposamenez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Elorrioko (Bizkaia) San Agustin Etxebarria eliza Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Nagusian inskribatzea, monumentu kategoriako kultura-ondasun gisa.
Bigarrena.– Ondasun horren deskribapen formala egitea, agindu honen I. eranskinean agertzen den mugaketaren arabera eta II. eranskineko deskribapenarekin bat etorrita, betiere Euskal Kultura Ondareari buruzko Legean ezarritakoa betetzeko.
Hirugarrena.– Agindu honen berri ematea Jabetza Erregistroari, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan ezarritakoa betetzeko.
Laugarrena.– Eskaera egitea Elorrioko Udalari higiezin hori babes dezan udal hirigintza-plangintzan sartuz.
Bosgarrena.– Agindu honen berri ematea interesdunei, Elorrioko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Sailari eta Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko Sailari, bai eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari ere.
Seigarrena.– Inskribatze-agindu hau argitara ematea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Inskribatze-agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari, bi hilabeteko epean, agindu hau azkenekoz argitaratu eta biharamunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko apirilaren 27a.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.
I. ERANSKINA
MUGAKETA
a) Mugaketa.
Mugaketak San Agustin Etxebarria eliza eta haren ingurumaria hartzen ditu. Horrela, eremuak muga hauek ditu: Iparraldean, mugaketa hilerriko iparraldeko horman hasi, eliz ataritik igaro eta ondoko apaiz-etxearekiko mugan bukatzen da; mendebaldean, atxikitako hilerria eta elizaren atzealdeko sarrera daude; ekialdean, aurrealdeko parkeko arboladia, eta, azkenik, hegoaldean, San Martin eta Santa Marinako kapera dago, eta udalerrira sartzeko toki-errepideraino heltzen da muga.
b) Justifikazioa.
Proposatzen den mugaketa justifikatuta dago Elorrioko San Agustin Etxebarria elizaren ingurumen-balioak eta balio bisualak babestu beharra dagoelako. Ingurunearen mugaketa beharrezkoa da katalogatutako ondasuna behar bezala babesteko eta haren garrantzia nabarmentzeko, eta berekin dakar eraikinaren ondoko espazioak –berarekin lotura espaziala eta funtzionala dutenak– babestea, elizaren berezko izaera gordetze aldera eta haren balioa azpimarratze aldera. Horregatik, erakina bera ez ezik hauek ere barne hartzen ditu mugaketak: elizaren aurrealdeko arboladia, hilerria eta San Martin eta Santa Marinako kapera.
II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA
San Agustin Etxebarria eliza izen bereko auzoan dago, Elorriko udalerriko sarreran, herrigunetik urrun samar.
Zertxobait goititutako terraza baten gainean eraikita dago, Zumelegi ibaiaren eskuin-ertzean, eta eraiki aurretik, eremua lautu beharra izan zen. Terraza itxurako eremu horretatik, maldak behera egiten du ezponda baten erara, udalerrira sartzeko toki-errepideraino.
Dokumentu batean elizari buruz aurkitutako lehenengo aipamenaren arabera, 1053ko otsailekoa da, urte hartan Munio Sánchez jaunak eta haren emazte Leguncia andreak San Agustín Etxebarria monasterio berria sortu baitzuten, ziurrenik lehengo eliza edo monasterio baten gainean eraikita.
XII. mendearen erdialdeko obra erromaniko batek monasterio prerromanikoa ordeztu zuen, ondorio hori atera baitzen zizelkatutako bost harlandu aurkitu ondoren, bostak ere dekoratuta sokekin, erregistro hirukoitzeko billeteekin edo irudi figuratiboekin (horien artean, nabarmentzekoa da hegaldun suge bat). Gangak azken aldiz zaharberritu zirenean aurkitu ziren bost harlanduak.
XV. mendearen bukaeran, San Agustin Etxebarria elizaren eraldaketa hasi zen. Batetik, eliza erromanikoa desagertu zen, eta, haren lekuan, San Martin eta Santa Marinako kapera eraiki zen; bestetik, eremua terraza erara prestatu ondoren, eliza gotiko-errenazentista eraikitzen hasi zen. Eliza horrek, XVII. mendean zenbait obra egin ondoren, egun duen itxura hartuko zuen.
San Agustin Etxebarria elizak nabe bakarra du (mendebaldetik ekialdera doana): burualdeari atxikitako dorre bat du nabeak, eta abside angeluzuzen estuago eta baxuago batean amaitzen da.
Barrualdea lau ataletan eta presbiterioan banatuta dago. Gurutze-gangek estaltzen dute nabea, lau arku zorrotz eta molduradunen bidez; gangak parpain-arku bidez banatzen dira, zorrotzak beraiek ere. Lehenengo hiru gangek sei atal dituzte, eta laugarrena, berriz, tertzeletedun ganga bat da oinen aldean. Giza irudiekin, animaliekin edo irudi geometrikoekin landutako mentsulak dituzte euskarri. Laugarren atala, ustez, ez zegoen proiektatuta hasiera batean, eta eraikitze-prozesuan gehitu zen. Presbiterioa abside angeluzuzen estu batean amaitzen da (1607an eraiki zen), eta, hara heltzeko, pilastra batzuen gainean egindako puntu erdiko garaipen-arku batetik igaro behar da. Kanoi erdiko ganga batek estaltzen du, eta esfera-laurden batean amaituta dago petxinen gainean.
Ebanjelioaren aldean, bi kapera daude, kontrahormen artean. Lehenengoa hirugarrena atalean dago, eta kapera errenazentista bat da, Andra Maria doloretakoari eta Kristo etzanari eskainia. Hara sartzeko, puntu erdiko arku batetik igaro behar da; estaldura tertzeleteduna da eta mentsulen gainean dago. Nabearen oinarrietatik gertu, beste kapera bat dago, txikiagoa, eta, han, bataiarria dago. Oraingoan, kapera horretara sartzeko, ertz zorrotzeko eta puntu erdiko arku batetik igaro behar da, eta, kanoi erdiko ganga batek estaltzen du barrualdea. Kapera horretatik abiatzen dira korura igotzeko eskailerak. XVIII. mendeko obra barrokoa da korua, eta, dirudienez, egurrez egindako aurrekoa ordeztu zuen. Pilastra batzuek eusten diote, eta haien artean zabaltzen da, ertz-ganga batek estalia. Arku eskartzano handi bat du, eta balaustrada kalitate oneko burdinurtuz egina dago.
Presbiterioari eta lehenengo atalari atxikia, sakristia dago, Juan de Burguiña (edo Burguí) hargin-maisuak egina, 1666an. Bi eraikin-gorputz ditu, kontrahorma batek bereizita daudenak, eta bi solairutan banatuta dago. Tiradera-altzari eder bat du, XVII. mendekoa. Sakristiara sartzeko, dinteldutako ate bat zeharkatu behar da, zeinak frontoi txiki bat duen. Sakristia horretatik, pulpitura igotzen da: oinplano erdizirkularra du pulpituak eta elizako horman sartuta dago. Zutabe tortsatu bat du oinarritzat, «Errege Katolikoak» estilokoa, eta haren gainean ezartzen da pulpituaren karela. Gainean, egurrezko sabaia dago, estilo barrokokoa, eta Jesusen bihotza erakusten duen fraide bat duena burualdean.
Jatorriz, XVI. mendean, elizako hormetan zenbait fresko margotuta zeuden. Hala, gorriz margotutako harlandu simulatuen artean, han hemenka ageri ziren animaliak, aingeruak, erlijio-ikurrak eta abar, Zoritxarrez, egun, hiru zati baino ez dira kontserbatzen: bata iparraldeko horman, eta bestea hegoaldekoan.
Eliza barruko altzariei dagokienez, aipagarria da aldare nagusiko erretaula, platereskoa, eta San Agustini eskainia. Lau gorputz dauzka: lehenengo solairuan, lau ebanjelistak ageri dira; bigarren eta hirugarren solairuetako alboetako kaleetan, Jesukristoren bizitzaren zenbait pasarte erakusten dira, eta atikoan, Jesukristoren gurutziltzatzea dago ikusgai, ama eta San Juan apostolua ondoan dituela. Lehenengo bi solairuetan, erdialdeko nitxo batean, San Agustinen irudia ikus daiteke: irudi gotiko bat da, aurreko erretaula batetik datorrena. Hirugarren solairuko erdiko kalean, berriz, Ama Birjina ageri da, Jesus haurra duela.
Bolumenari eta kanpoko itxurari dagokienez, kalitate oneko hareharrizko harlandu-blokez egina dago eliza, eta bi isurialdeko estalkia du.
Historikoki, San Agustin elizak hiru sarrera zeuzkan: nagusia arku zorrotz ireki bat da, nabeko bigarren atalean zabaltzen dena hegoaldera. Parean, ebanjelioaren aldean, ojiba bat dago, itxita dagoena. Bi sarrerok 1500. urtearen ingurukoak dira. Hirugarrena, eta azkena, oinaldean dago, axiala da, eta puntu erdikoa izango zen; egun, ordea, arku karpanela dauka. Ezaugarri erabat errenazentistak dauzka, eta, horregatik, pentsatzekoa da geroagokoa dela, XVI. mendearen erdialde ingurukoa.
Elizak egun duen dorre barrokoa 1742an eraiki zen, aurreko dorre gotiko edo errenazentistaren ordez; izan ere, azken hori erre eta partez suntsitu zen 1718an, tximista batek jota. Hori dela eta, dorre berria egin zen, eta eraikuntzan, euskal arkitekturaren zenbait maisuk parte hartu zuten (Lecuona, Ibero, Lizardi eta Zuaznabar); azkenik, Francisco Javier de Arizabaletak amaitu zuen, 1742an.
Dorreak egitura lerdena du, oinarri karratua, alturako bi gorputzez osatua dago, eta kupula oktogonala du. Lau pilastra ditu euskarri, eta oinarri hutsa du, eliz atarian txertatuta dagoena. Barruan, hiru solairu ditu, eskailera helikoidal baten bidez komunikatuak. Dorre-atariaren motakoa da, Bizkaiko erlijio-arkitekturan tradizio zabala duena.
Egurrezko ataria 1661ean eraiki zen, eta eliza inguratzen du (XX. mendearen bukaeran zaharberritu zen). Atariaren teilatuari eusten dioten zutabeak, denak ere garai desberdinetakoak (XVI-XVII-XVIII. mendeetakoak) itxura askotarikoak dira.
Hegoaldeko atarian, eta elizako atearen parean, San Martin eta Santa Marinako kapera dago, gotikoa (ziurrenik, XV. mendean eraiki zen). Harlanduz egina dago, eta oinplano karratua du. Bi isurialdeko estalkia du, eta ez dauka kanpai-hormarik. Barrura sartzeko, arku gotiko zorrotz bat igaro behar da, egurrezko hesi torneatu bat duena. Barruan, lau zutabe daude, gurutze-ganga bati eusten diotenak; zoladura harrizko lauzaz egina dago. Gainera, kaperaren barruan, bi sarkofago daude, eta, tradizioak dioenez, tenpluko fundatzaileen gorpu momifikatuak gordetzen dituzte: Munio Sánchez konte durangarrarena eta haren emazte Leguncia andrearena.
Eliza-atariari atxikita, halaber, egungo hilerria dago elizaren oinetan. XIX. mendean agindu zen hura eraikitzeko, higiene-arrazoiak tarteko, eta, hartara, lehengo hilerria eliza barrutik ateratzea lortu zen. XX. mendearen hasieran, handitu zen, eta mende horren bukaeran, berriz, birmoldatu.
Elizaren eranskin gisa, apaiz-etxea dago, eta, han, komunitate-bizimodua zuten kanonigoak bizi ziren. XVI. mendean berreraiki eta altzariz hornituz zen.