EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-05-02 Aldizkari honetan argitaratua: 2018083

61/2018 DEKRETUA, apirilaren 24koa, zeinaren bidez aldatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei laguntzeko irakasle ez diren lan-kontratudun langileen lanpostuen zerrenda onartzen duen Dekretua.

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren zenbakia: 201800061
Xedapenaren data: 2018-04-24
Hurrenkenaren zenbakia: 201802368
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • 2017/07/11n argitaratutako 2017/07/04ko 201700186 DEKRETUA aldatzen du

Uztailaren 4ko 186/2017 Dekretuaren bidez, onartu egin zen Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei laguntzeko irakasle ez diren lan-kontratudun langileen lanpostuen zerrenda, zeina 2017ko uztailaren 11n Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren 131. zenbakian argitaratu baitzen. Dekretu hori zuzendu egin zen, lanpostuen zerrenda osatzen duen eranskina, akatsak zuzendu ostean, berriro argitaratuta 2017ko abuztuaren 29ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren 164. zenbakian.
Administrazioko barne-egiturak antolatzeko baliabideak dira lanpostuen zerrendak. Beraz, indarrean dauden prozeduren arabera izapidetu ondoren, aldeko ebazpena jaso duten aldaketak lanpostuen zerrendetan sartu behar dira aldi-aldian, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 18. artikuluan agindutakoa betetzeko xedez.
Beste alde batetik, Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legeak berrikuntzak sartu zituen Adingabearen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoan, Kode Zibila eta Prozedura Zibilaren Legea hein batean aldatzen dituen horretan.
Aipatutako 1/1996 Lege Organikoaren 13. artikuluari apartatu bat erantsi zitzaion, sexu-askatasunaren eta -ukigabetasunaren aurkako delituei, pertsona-salerosketari eta adingabeen esplotazioari buruzkoa, eta horren bidez bete dira Espainiak honako hauek berretsita hartutako konpromisoak: Haurrak esplotazioaren eta sexu-abusuaren aurka babesteari buruzko hitzarmena, 2007ko urriaren 25ekoa, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2011/93/EB Zuzentaraua, 2011ko abenduaren 13koa, adingabeen aurkako sexu-abusuen, sexu-esplotazioaren eta haur-pornografiaren aurkako borrokari buruzkoa.
Euskal sektore publikoan adingabeekin ohiko harremana izatea dakarten jarduera edo lanpostuetan hasteko eta horiek betetzeko orduan Adingabeen Babes Juridikoari buruzko Lege Organikoaren 13.5 artikulua betetzen dela ziurtatzeko araudia ezartze aldera, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak, 2016ko ekainaren 13an, 1/2016 Jarraibidea eman zuen. Jarraibide horrek xedatzen duenez, Hezkuntza Sailak zehaztu eta identifikatuko du zer lanpostutan dagoen adingabeekiko ohiko harremana, dagozkien lanpostuen zerrendetan, plantilletan, edo funtzio horrekin erabiltzen diren bestelako tresnetan, ezezko ziurtagiriaren eskakizuna definitzeko eta dagokien lanpostuetan jasotzeko.
2016ko ekainaren 13ko 1/2016 Jarraibidean adierazten denez, jarraibide honetan jasotako neurriak aplikatuko zaizkie unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako hezkuntza-langileei.
Ondorioz, bidezkoa da, zerrendan barneratzen diren hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei laguntzeko irakasle ez diren lan-kontratudun langileen lanpostu sortu berriak betetzeko, Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ezezko ziurtagiria jasotzea lanpostu horiek eskuratzeko eskakizun gisa.
Horren ondorioz, Hezkuntzako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2018ko apirilaren 24an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Lehenengo artikulua.– Uztailaren 4ko 186/2017 Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei laguntzeko irakasle ez diren lan-kontratudun langileen lanpostuen zerrendan egindako aldaketak onartzea, zeinak dekretu honen I. eranskinean jasota baitaude 50 lanpostu berriren sorreraren inguruan eta zeinak dekretu honen II. eranskinean jasota baitaude 6 lanposturen ezaugarrien aldaketaren inguruan.
Bigarren artikulua.– I. eranskinean ageri diren lanpostuak betetzeko araubidea lekualdatze-lehiaketa da.
Hirugarren artikulua.– I. eranskinean ageri diren lanpostuen dedikazio-araubidea lanaldi osokoa da.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke Gobernu Kontseiluaren aurrean, hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Indarrean jartzea.
Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2018ko apirilaren 24an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.