EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-05-02 Aldizkari honetan argitaratua: 2018083

ERABAKIA, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2018ko otsailaren 21eko bilkuran hartua, Santurtziko Udalaren 2016ko Kontu Orokorraren fiskalizazio-txostena behin betiko onesten duena.

Xedapenaren data: 2018-02-21
Hurrenkenaren zenbakia: 201802366
Maila: Akordioa
Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2018ko otsailaren 21ean egindako bilkuran
ERABAKI DU:
Santurtziko Udalaren 2016ko Kontu Orokorraren fiskalizazio-txostena behin betiko onestea, Erabaki honen eranskin modura ageri dena.
HKEEren 1/1988 Legearen 13.2 atalak aurreikusten duena betez, txostenaren ondorioak dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratzeko xedatzea.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko otsailaren 21a.
HKEEren lehendakaria,
JOSÉ LUIS BILBAO EGUREN.
HKEEren idazkari nagusia,
JULIO ARTETXE BARKIN.
ERANSKINA
SANTURTZIKO UDALAREN 2016KO KONTU OROKORRAREN FISKALIZAZIO TXOSTENA.
Laburdurak.
10/2003 FA: 21/2003 Foru Araua, abenduaren 2koa, Bizkaiko Lurralde Historikoaren Toki Entitateen aurrekontuei buruzkoa.
15/2010 Legea: 15/2010 Legea, uztailaren 5ekoa, abenduaren 29ko 30/2004 Legea aldarazten duena, merkataritzako eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituena.
BAO: Bizkaiko Aldizkari Ofiziala.
BEZ: Balio Erantsiaren gaineko zerga.
BFA: Bizkaiko Foru Aldundia.
BOE: Babes Ofizialeko Etxebizitza.
CLH: Compañía Logística de Hidrocarburos.
EAE: Euskal Autonomia Erkidegoa.
EHJAN: Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Gorena.
EIN: Estatistikako Institutu Nazionala.
EIOZ: Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zerga.
EKE: Egoitzen kudeaketa-eremua.
GAE: Gerotutako Antolaketa-eremua.
GODG: Gastu orokorretarako diruzaintza geldikina.
HAPO: Hiri Antolaketako Plan Orokorra.
HKEE: Herri-Kontuen Euskal Epaitegia.
JEZ: Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga.
KES: Kontuen Europako Sistema.
KIE: Kudeaketa Integratuko Eremua.
LUO: Lurraren Udal Ondarea.
LZ: Lanpostuen Zerrenda.
OLT/EUD: Osasun Laguntzaile Tekniko/Erizaintzako Unibertsitate Diplomadun.
PPN: Publikotasundun Prozedura Negoziatua.
I.– Sarrera.
Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak otsailaren 5eko 1/1988 Legeak eta Epaitegiaren Osoko bilkurak onetsitako Lan Programak agindutakoari jarraikiz, Santurtziko Udalaren 2016ko Kontu Orokorraren fiskalizazio lana mamitu du.
2016ko ekitaldiari dagozkion urteko kontuak dira uztailaren 28ko 139/2015 FDren arabera formulatzen diren lehenengoak, Bizkaiko toki entitateen kontularitzaren esparru arautzailea onartzen duena. Hori dela eta, aipatu arauaren 2. xedapen gehigarriak arautzen duenaren arabera, ez da islatuko balantzean, ez ekonomia-ondare emaitzaren kontuan, ez konparaziozko informaziorik jaso duten gainerako egoeretan ere, aurreko ekitaldiari buruzko zifrarik; oroitidazkian, ordea, ohar bat jasoko da, non 2016ko ekitaldiko irekiera saldoen eta aurreko ekitaldiko itxierakoen arteko aldeak azalduko diren eta kontularitzako arau berriak ezarrita egin diren doiketak zehaztuko dira.
HKEEk gauzatutako aurreko fiskalizazio lana 2006ko ekitaldiaren gainekoa izan zen.
Fiskalizazio lan honek honako alderdi hauek besarkatzen ditu:
– Legezkotasuna: honako aurrekontuaren atal hauetan ezargarria den arautegia bete izana: aurrekontua, zuzenbide publikoko sarrerak, zorpetzea eta finantza eragiketak, langileria, obren kontratazioa, zerbitzuak eta hornidurak eta diru-laguntzen emakida. Azterketa lan hau fiskalizazioaren ekitaldiari dagokio, beharrezko irizten diren beste ekitaldi batzuei buruzko egiaztatzeak egitea kaltetu gabe, fiskalizazio-gai den ekitaldian eragina dutelako.
– Kontabilitatea: Kontu Orokorra ezargarri zaizkion kontularitzako printzipioekin bat datorrela egiaztatzea. Kontu Orokorrak honako atal hauek besarkatzen ditu: Udalaren egoeraren balantzea, galera-irabazien kontua eta memoria; baita Udalaren eta bere erakunde autonomoen aurrekontuen likidazioa ere.
– Lanaren zabalak ez du gastuaren eraginkortasun eta efizientziari buruzko azterlan berariazkorik besarkatu; ezta, kudeaketa prozedurei buruzkorik ere. Nolanahi den ere, fiskalizazioan zehar sortu diren alderdi partzialak txosten honen III. idazpuruan aztertu ditugu.
– Udalaren egoera ekonomikoaren finantza analisia.
Santurtziko udalerriak Estatistikako Institutu Nazionalaren datuen arabera 46.046 biztanle zituen 2016ko urtarrilaren 1ean eta bere antolamenduan, Udalaz gain ondoko erakunde autonomoak barne hartzen ditu:
– Kiroletako Udal Institutua: kirol zerbitzu guztien kudeaketa eta administrazioa, udalaren ondarea osatzen duten ondasun eta instalazio guztien zaintza eta konponketa, instalazioaren handitzea eta kirol instalazio berriak planifikatu, diseinatu eta eraikitzea.
– Santurtziko Udal Euskaltegia: hizkuntza normalizazioari lotutako zerbitzu eta baliabide guztiak kudeatu, administratu eta zaintzea.
– Serantes Kultur Aretoa: kulturaren dinamizazioari lotutako zerbitzu eta baliabide guztiak kudeatu, administratu eta zaintzea.
– Begoñako Ama Egoitza: adinekoak artatzeari lotutako zerbitzu eta baliabide guztiak kudeatu, administratu eta zaintzea.
Gainera, ondoko mankomunitate eta partzuergoen atal da: Nerbioi Ibaiaren Ezkerraldeko Udalerrien Mankomunitatea (hiri hondakin solidoen tratamendua), Ranzari Elbarri Psikikoen Aldeko Udal Mankomunitatea (elbarri psikikoak lan- eta gizarte-munduan sartzea sustatzeko), Bilbao-Bizkaia Uren Partzuergoa (uraren ziklo osoaren kudeaketa), Bizkaiko Garraio Partzuergoa (garraio-zerbitzu publikoaren kudeaketa) eta Haurreskolak Partzuergoa (haurtzaindegien kudeaketa).
II.– Iritzia.
II.1.– Legea Betetzeari Buruzko Iritzia.
Langileria.
1.– 2016ko ekitaldian Udalak langile baten ez-legezko lagapen egoera aitortu zuen, lan-kontratu mugagabe ez finkoko langile izaera izatera aldatu zena.
Kontratazioa.
2.– Udalak 2016an gastua egikaritu du hornidura eta 2 zerbitzu gauzatu edo emateagatik, 971.331 euroren zenbatekoan; ez ditu, baina, indarreko araudiak agintzen dituen administrazioko prozedurak izapidetu, publikotasun eta lehia printzipioak urratuz.
3.– Begoñako Ama Egoitzak 2016ko ekitaldian 420.476 euroren gastua egikaritu du 2 hornidura eta zerbitzu bat kontratatu edo emateagatik, zuzenean hornitzaile bakarrarekin kasu bakoitzean kontratatuz, administrazioko kontratazioan buru egiten duten publikotasun eta lehia printzipioak urratuz.
Epaitegi honen iritzira, Santurtziko Udalaren Kontu Orokorra osatzen duten erakundeek, 1etik 3ra bitarteko paragrafoetan aipatutako ez-betetzeak alde batera, zuzentasunez bete dute 2016ko ekitaldian ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duen lege arautegia.
II.2.– Urteko Kontuei Buruzko Iritzia.
1.– Hona hemen Santurtziko Udalaren Gastu Orokorren Diruzaintza Geldikinean eta Ondare Garbian eragina duten doiketak 2014ko abenduaren 31n:
2.– 2016ko abenduaren 31n Udalaren Egoera Balantzeko ibilgetu garbiak, 105 milioi euroan balioztatua dagoenak, ez du Udalbatzak onartutako ondasun zerrendan jasotako ondasun eta eskubideen egiazko egoera islatzen, 129,7 milioi euro egiten dituenak. Gainera, erakunde autonomoetan ez dago euskarri egoki edo behar adinakorik egoeraren balantzean jasotako ibilgetuaren zifrak, 18.4 milioi eurorenak, 2016ko abenduaren 31ko ondasun eta eskubideen egiazko egoerarekin bat datozen ondorioztatzen utziko duenik.
Epaitegi honen iritzira, 1. eta 2. paragrafoetan adierazitako salbuespenak alde batera, Santurtziko Udalaren Kontu Orokorra osatzen duten erakundeen kontuek alderdi esanguratsu guztietan erakusten dute 2016ko ekitaldiaren jarduera ekonomikoa eta 2016ko abenduaren 31ko ondarearen eta finantza egoeraren isla zuzena; baita, data horretan amaitutako urteko ekitaldiari dagozkion bere eragiketen eta eskudiruzko fluxuen emaitzena ere, ezargarria den finantza informazioaren arau-esparruaren arabera eta, zehazki, bertan jasotako kontularitzako printzipio eta irizpideen arabera.
III.– Barne kontrolerako sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak.
Atal honetan ekonomia-finantza jarduera arautzen duten printzipioak gehiegi eragiten ez dituzten akatsak ez ezik, kudeaketa hobetzeko azpimarratu nahi diren prozedurazko alderdiak ere azaleratu dira.
III.1.– Aurrekontua eta Kontabilitatea.
– Udalbatzak 2016ko ekitaldirako Aurrekontua hasiera batean 2016ko apirilaren 11n onartu zuen, dagokion ekitaldiaz aurreko urteko abenduaren 31 baino lehen onartu behar zatekeenean.
– 2016ko ekitaldian kontularitzako erregistroei dagokienez, hona hemen azaleratu diren hutsak:
a) Udalak «Egiazko inbertsioak» kapituluan 351.094 euroren zenbatekoa erregistratu du, bide eta espazio publikoetako zoladuraren eta elementu egiturazko eta apaingarrien konponketa kontzeptuan; ordea, horien izaera aintzat hartuta, gastu korrontea da eta honenbestez, zuzen kontabilizatzeko «Ondasun erosketa eta zerbitzuak» kapituluan erregistratu behar litzateke.
b) Udalak ez ditu aurrekontuz kanpo erregistratzen kontratatu diren epe luzerako kreditu kontuen kontura egindako mugimenduak, zeinaren erabilerak 2016ko abenduaren 31n 4,5 milioi eurorenak diren. Kontularitzan egoki erregistratzeko diruzaintza eta aurrekontuz kanpoko hartzekodunen saldoa kopuru horretan gehitu behar da.
– Udalaren 2016ko ekitaldiko Aurrekontu Likidazioak ez ditu HAPOren berrikusketan erredakzio eta aholkularitzarako laguntza teknikoa emateko kontratuan egikaritzeko dauden obligazioei dagozkien konpromiso-kredituak besarkatzen, 386.750 euroren zenbatekoan (esleitutako zenbatekoaren % 65), 2013an esleitu zena.
– Udalak birpartzelazio proiektuei dagokienez gauzatutako ordainketa edo kobrantzen kontzeptuko aurrekontuz kanpoko 36 kontu ditu, 10 urtetik gorako antzinatasuna eta 429.103 euroren saldo garbi hartzekoduna dutenak 2016ko abenduaren 31n. Beharrezkoa da Udalak proiektu horietatik erator daitezkeen obligazio eta eskubideak zehaztu eta kuantifikatzea, aurrekontuz kanpoko saldo horiek kentzen joatearren.
III.2.– Langileria.
– Udalaren eta bere erakunde autonomoen LZk, 2016ko apirilaren 11ko Osoko bilkurak onartutakoak eta 2016ko maiatzaren 10eko BAOn argitara emandakoak, 86 lanpostu barne hartzen ditu, guztizkoaren gainean % 20, aurrekontuan zuzkidurarik ez dutenak ekitaldian horiek betetzea ez baita aurreikusi. Gainera, Udalaren LZk ez ditu 20 lanpostu besarkatzen, zeinaren egitekoak kontratu mugagabe ez finkoa duten langileek betetzen dituzten; horietako bat 2016ko ekitaldian eta gainerako 19ak aurreko ekitaldietan. LZk une oro erakundearen beharren egiazko adierazpidea behar du izan.
– 2016ko ekitaldian Udaleko eta Kiroletako Udal Institutua, Serantes Kultur Aretoa eta Begoñako Ama Egoitza erakunde autonomoetako langileei ordaindutako ordainsari kontzeptuetan 2,5 milioi euroren zenbatekoa egin duen osagarria barne hartzen da; ordea, lanpostuan finkatutako zenbatekoa izaki, lanpostu bakoitzaren ordainsari osagarrietan jaso behar litzateke eta LZn modu egokian eman argitara.
– Begoñako Ama Egoitza erakunde autonomoak lan-poltsak ditu erizaintzako laguntzaileen eta OLT/EUDen aldi baterako kontrataziorako; poltsa horiek, baina, ez dira nahikoa izan 2016ko ekitaldian zerbitzuko egiazko beharrei aurre egiteko; honela, bada, 318 kontratu egin zaizkie 48 langileri, 5 egunetik beherako batez besteko iraupenekoak, aurrez egoitzan lana egin zutenak eta/edo curriculuma entregatua zutenak.
Sukaldarien kategoriarako 85 kontratu gauzatu dira 8 langilerekin, 6 egunetik beherako batez besteko iraupenekoak, indarreko lan-poltsarik izan gabe.
– 2016ko abenduaren 31n indarrean diraute Begoñako Ama Egoitza erakunde autonomoan 1999-2007 aldian obra edo zerbitzu jakinerako egindako 14 kontratuk. Data horretan LZn kategoria profesional bererako lanpostu huts kopuru bera izanik, gomendagarria da langile horien egoera erregularizatzea eta indarreko legediak horretarako bide ematen duen heinean, behin betiko betetzeko dagozkion hautaketa prozesuak bideratzea.
III.3.– Kontratazioa.
Udalaren eta bere erakunde autonomoen kontratazio administratiboa aztertu dugu eta iritziaren atalean aipatu ditugun ez betetzeak alde batera, honako alderdi hauek bereizi behar ditugu:
– Udalak eta bere Erakunde Autonomoak 9,7 milioi euroren zenbatekoan esleitutako 9 kontratutan honako akats hauek azaleratu dira pleguetan barne hartutako esleipen irizpideetan:
– Udalak eta Erakunde Autonomoak 6,8 milioi euroren zenbatekoan esleitutako 8 kontratutan, pleguetan barne hartutako prezio irizpidearen formulak hasiera batean aurreikusitako haztapena murrizten du, puntuak ematen baititu eskaintza aurkezte hutsagatik (2, 3, 5, 13, 14, 15, 16 eta 19 zk. espedienteak).
– Udalak 2,9 milioi euroren zenbatekoan esleitutako zerbitzu kontratu batean, pleguetan aurreikusitako prezio irizpidearen formulak puntu guztiak lizitazio aurrekontuaren gainean % 5eko merkatzea eskaintzen duten proposamenei ematen dizkie; horrek prezio hobeak dituzten eskaintzak eskuratzea eragotzi dezake (4. espedientea).
– Udalak eta Serantes Kultur Aretoak esleitutako 3 kontratutan, 3,3 milioi euroren zenbatekoan, proportzionaltasun eza dagoela ikusi da ezohiko zerbitzuen prezioari ematen zaizkion puntuen eta horiek kontratuan duten bolumen ekonomikoaren artean (4, 15 eta 16 zenbakidun espedienteak).
– Kirolaren Udal Institutuak 1,2 milioi euroren zenbatekoan esleitutako zerbitzu kontratu batean pleguek ez dituzte zehazten «Kirol eskaintzaren sustapen-, berrikuntza- eta hobekuntza planak» irizpidean balioztatuko diren alderdiak; irizpide hau soilik meneratzen zaio balio judizio bati (13. espedientea).
– Udalak 679.399 euroren zenbatekoan esleitutako 2 obra kontratutan, espaloi eta bideak zaintzeko zerbitzuaren kontratu mistotik datozenetan, kontratistak obra proiektuak mamitu ditu pleguek baimentzen zuten moduan, gerora kontratazio atalak onartuta dituenak; ez dira, baina, proiektuaren idazkera eta obren egikaritza batera kontratatzea justifikatuko duten aparteko arrazoiak edo arrazoi teknikoak gertatu (3. espedientea).
– Udal eraikin bat zaharberritzeko kontratu batean, Udalak 333.477 euroren zenbatekoan esleitutakoan, 6 hilabeteko etenaldia izan da obrak hastean jendea lekuz aldatu behar izan baita, lizitazio prozesua abiarazi ostean agindutako eraikinaren ikuskaritza teknikoaren ondoren egin beharreko lan berrien ondorioz. Beharrezkoa da aldez aurreko azterketa eta txostenak modu egokian aurreikustea, gauzatu behar diren obren izaera eta luzera zorroztasunez zehaztearren (2. espedientea).
– Hiru zerbitzu kontratutan, bat Udalak 797.720 euroan esleitutakoa eta 2, erakunde autonomoek 435.258 euroan, zeinetan langileak subrogatzeko obligazioa ezarri den, pleguetan ez da adierazten zein den ezarri beharreko hitzarmen kolektiboa (5, 15 eta 17 zenbakidun espedienteak); halaber, Kiroletako Udal Institutuak 10,5 milioi euroan esleitutako kontratu misto batean, pleguek agintzen dute subrogatzeko obligazioa ez dago ezargarria den hitzarmenean jasoa (12. espedientea). Betekizun hau enpresa eta langile arteko sektoreko hitzarmenetatik soilik erator daiteke.
– Guztira 4,2 milioi euroan esleitutako 4 kontratutan, bat Udalak eta 3 Begoñako Ama Egoitzak, esleipenerako ezarritako legezko epea gainditu da (4, 17, 18 eta 19 zenbakidun espedienteak).
– Guztira 3,8 milioi euroan esleitutako 3 zerbitzu-kontratutan, bat Udalak eta 2 Begoñako Ama Egoitzak, esleipendunei eskatutako behin betiko bermea ez dator bat kontratuaren guztizko prezioarekin, baizik eta urteko bakar baten zenbatekoarekin (4, 17 eta 18 zenbakidun espedienteak).
– Udalak 679.399 euroan esleitutako 2 obra kontratutan, espaloi eta bideen mantentze-zerbitzuaren kontratu mistotik eratorri direnetan, atzeraldiak izan dira egikaritzan eta kontratazio atalak ez du epe luzaketarik bideratu (3. espedientea).
Gainera, Ondasun arrunt eta zerbitzuen kontratazioari buruzko 2016ko ekitaldiko gastuaren egikaritza aztertzean ikusi da Udalak eta Begoñako Ama Egoitzak 4 jarduera kontratatu dituztela 201.129 euro euroan, zeinentzat eskagarria den lehia printzipioa.
III.4.– Diru-Laguntzak.
– 2016ko ekitaldian Udalak ez du Diru-laguntzen Datu Base Nazionalera diru-laguntzak emateko deialdiari buruzko informaziorik bidali, bere erakunde autonomoenak barne, plataforma horrek publikotasuna emateko sistema modura funtziona dezan.
– Udalerriko 23 kirol elkarteei diru-laguntzak emateko Kirolaren Udal Institutuak onartutako araudia eta 2016ko ekitaldiko deialdia, 232.972 euroren obligazio aitortuak dituena, posta elektroniko bidez jakinarazten da; ordea, web orrian eta BAOn argitaratu beharko litzateke.
III.5.– Berankortasuna eta bestelako alderdiak.
– Diruzainak mamitutako 15/2010 Legean aurreikusitako hiruhileko txostenetan, Santurtziko Udalaren eta bere erakunde autonomoen merkataritzako eragiketetan ordainketa epeak betetzeari buruzkoan, 2016ko ekitaldian egindako ordainketa guztien gainean finkatutako epea gainditu duten ondoko zenbateko eta ehunekoak azaleratu dira:
– Udalaren Ondasun eta Eskubideen Inbentarioa osatzen duten elementuen altak aztertzean ikusi da atzerapen esanguratsua dagoela zenbait mugimendu izapidetzeko orduan eta honenbestez, gomendagarria litzateke informazio-fluxurako barne aginpideak onartzea, erreminta hau kudeatzen duen sailak gaurkotze-lan txukuna denboraz eta formaz gauzatu ahal izateko.
IV.– Finantza Analisia.
Udalak azken ekitaldietan likidatutako magnitude nagusien bilakaera ondoko taulan dago zehaztua.
Sarrera arruntak: 2016ko ekitaldian kitatutako sarrera arruntak % 1,3 hazi dira 2015eko ekitaldiarekiko eta % 1,8, berriz, 2014koarekiko. Azpimarratzekoa da 2014ko ekitaldiarekiko zerga sarrerek izan duten urritzea, ekitaldi horretan 2010-2013 ekitaldietako JEZaren gainkarguaren likidazioa apartekotasunez kobratu izanaren ondorioz, 915.467 euroren zenbatekoan; halaber, epe horretan «Transferentzia eta diru-laguntza korronteak» kapituluak igoerak izan ditu, Udalkutxako konturako diru-sarreren ondorioz, 2016 eta 2015ean, hurrenez hurren, 260.567 euroren eta 1,2 milioi euroan gehitu direnak.
Funtzionamendu gastuak: aitortutako obligazioak % 1,3 igo dira 2015eko ekitaldiarekiko eta ez dute aldaketarik izan 2014koarekiko. Hona hemen bariazio esanguratsuenak:
– Langile gastuak: % 1,2 egin dute behera aurreko ekitaldiarekiko eta apenas izan du aldaketarik 2014koarekiko.
– Ondasun arrunt eta zerbitzuen erosketa: Gastua % 2,5 igo da 2015ekoarekiko eta % 5,8 murriztu 2014koarekiko. 2014ko ekitaldian Udalak 326.085 euroren gastua kontabilizatu zuen espaloi eta bideak zaindu eta mantentzeko lanen kontzeptuan, geroko ekitaldietan kapitaleko eragiketa modura erregistratu direnak.
– Transferentzia eta diru-laguntza arruntak: % 3,7 eta % 11,8ko igoera izan dute aurreko ekitaldi eta aztertutako epearekiko, bere erakunde autonomoei egindako transferentziek gora egin izanaren ondorioz.
Aurrezki gordina eta garbia: aztertutako aldian aurrezki gordinak gora egin du eta aldiz, aurrezki garbiak behera egin du; are gehiago, 2016ko ekitaldian saldoa negatiboa izan da. Nolanahi den ere, aintzat hartzen badugu 2,7 milioi euroren mailegu baten birfinantzatzeak izan duen eragina, diru-sarrera «Finantza pasiboak» kapituluan kontabilizatu delarik, 2016ko ekitaldiko aurrezki garbia positiboa da 1,2 milioi euroan.
Kapital eragiketen emaitza: magnitude honek saldo negatiboa izan du aztertutako ekitaldi guztietan. Nolanahi den ere, BFAtik 2014ko ekitaldian albora utzitako Balparda proiektua finantzatzeko jasotako 1,3 milioi euroren diru-laguntza itzuli izanaren eragina zuzendu ostean, 2014ko ekitaldian kapitaleko eragiketen emaitza negatiboa litzateke 2,3 milioi euroan eta 2016ko ekitaldian positiboa 442.590 euroan, azken bi ekitaldietan eskuratutako diru-sarrerak, nagusiki, Lurraren Udal Ondarea besterentzetik eskuratutakoak izanik.
Zorpetzea eta diruzaintza geldikina: zor-mailak behera egin du aztertutako aldian % 23,9an eta Udalak ez du proiektu berriak finantzatzeko bestelako mailegurik kontratatu. Dena dela, Udalak 2016ko ekitaldian, finantza zama arintzearren, 2 maileguren kontratu baldintzak aldarazi ditu, horietako bat beste finantza-erakunde batekin birfinantzatuz, gabezi aldiak ezarriz eta horien iraungipen epea luzatuz. Gainera, Udalak aztertutako aldiaren 3 ekitaldietan urtebeteko iraupeneko kreditu polizak kontratatu ditu, hornitzaileen ordainketei aurre egin ahal izateko; 2016ko ekitaldian 7,5 milioi euroren muga jo du, aurreko ekitaldietan izan zuen 5,5 milioi euroren goiarekin.
2016ko ekitaldia 598.550 euroren Gastu Orokorretarako Diruzaintza Geldikinarekin kitatu da. Nolanahi den ere, HKEE honek proposatu dituen doiketak aintzat hartuz gero, magnitude honek 5,2 milioi euroren saldo negatiboa izango luke.
Ondorioa: Udalak azken 2 ekitaldietan kapitaleko gastua sortutako aurrezki garbiarekin finantzatzea lortu du, zorra birfinantzatzeak eragindako ondorio bidez eta Lurraren Udal Ondareko lursailak besterentzearekin zuzendu dena, berriz zorpetu beharrik izan gabe. Alabaina, 2015 eta 2016an kitatutako Gastu Orokorretarako Diruzaintza Geldikina kitatutako sarrera arrunten gainean % 1ekoa da. Egoera hau diruzaintzako beharrizan osagarriek eragin dute, aztertutako aldian kreditu polizak kontratatzera behartu dutenak.
Aurrekontuaren egonkortasuna: Udalaren Kontu-hartzailetzak txostena jaulki zuen Administrazio Publikoaren sektorea osatzen duten erakundeek 2016ko ekitaldiko aurrekontuaren likidazioan aurrekontuaren egonkortasun, zor publiko, merkataritzako zor eta gastuaren araua bete dutela egiaztatuz. Txosten horretan, Kontuen Europako Sistemako arauei jarraiki, zera ondorioztatzen da:
– Finantzatzeko gaitasuna positiboa izan da.
– Zor biziaren bolumena diru-sarrera ez finantzarioen gainean % 24,34koa da, % 60ko mugaz beheitikoa.
– Gastuaren araua bete da, % 7 egin baitu behera 2016ko ekitaldiaren gastu zenbagarriak aurrekoarekiko.
V.– Urteko Kontuak.
Alegazioak.
II.– Iritzia.
II.1.– Legea Betetzeari Buruzko Iritzia.
Pertsonala.
1.– 2016ko ekitaldian, Udalak langile baten legez kontrako lagapena aitortu zuen, eta langile hori lan-kontratu mugagabedun langile ez-finkoa bilakatu zen.
Alegazioa:
Gaia: Legez kontrako langile-lagapen egoeran zegoen langile bat lanpostu-zerrendako lan-kontratu mugagabedun langile ez-finkoa bilakatzea.
Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, «Legea betetzeari buruzko iritzia» atalean, aditzera ematen du Santurtziko Udalak, Alkatetzaren 2016ko irailaren 28ko dekretu baten bidez, aitortu egin duela langile baten lan-harreman mugagabea. Langile horrek, hain zuzen, ondoz ondo lan-munduan txertatzeko planaren zerbitzua esleitu zitzaien enpresen subrogazioz jardun zuen hamar urtean baino gehiagoan, eta Udalaren enplegu-zentroarentzat zuzenean funtzioak bete zituela iritzi zitzaion.
Aurrekariak.
Santurtziko Udalak, 2004ko maiatzean, Gizarteratzeko eta Lan-munduan Txertatzeko Tokiko Plana (GLTP) sortu zuen. Sortuz geroztik, hainbat aldiz esleitu zen, kontratuaren lizitazioaren bidez, gizartetik eta lan-merkatutik baztertuak edo baztertzeko zorian dauden pertsonak/kolektiboak gizarteratzeko eta lan-munduan txertatzeko plan bat garatu eta gauzatzeko xedez.
2016. urtean, lizitazioa esleitu gabe geratu zen, eta Udalak erabaki zuen zerbitzua baliabide propioak erabiliz ematea.
Erabaki horren ondorioz, azken enpresa esleipendunak kalte-ordaina eman zien GLTPn zerbitzuak ematen zituzten langile guztiei.
2016ko irailaren 26an, zerbitzua ireki zenetik –2004ko maiatzaren 4tik, alegia– bere zerbitzuak ematen ziharduen enpresa horretako langile batek Udalaren aurrean erreklamazio-idazki bat aurkeztu zuen, lan-arloko jurisdikzioaren bidera jo aurretikoa.
Barne Araubide eta Giza Baliabide Arloak erreklamazio horren edukia aztertu zuen, eta egiaztatu zen, erreklamaziogileak aditzera ematen zuenez, 2004an GLTPn hasi zenetik, orduan Behargintzaren ardura politikoa zutenek enplegu eta garapenerako zentro horrentzat zuzenean zerbitzuak ematea esleitu ziotela.
Horrenbestez, egiaztatu ahal izan zen, GLTP sortu zen unetik bertatik, eragindako langileak benetan bere zerbitzuak beste lantoki batean eman zituela.
Nahiz eta egungo Gobernu Taldea 2004ko talde bera ez den, egia da administrazioa, berez, berbera dela eta, hartara, 2016ko ekitaldian zegoen konponbide bakarra zela interes publikoari zegokion irtenbiderik egokiena bilatzea administrazio honetan erabat bakartuta dagoen legez kanpoko langile-lagapeneko irregulartasun honetarako.
Zuzenbideko Oinarriak.
Horri dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren zenbait epaitan ikusi da haien artean, 2009ko martxoaren 31koa, 2014ko martxoaren 25ekoa eta 2014ko azaroaren 11koa nabarmentzen ditugula antzeko kasuetan jurisdikzio-organo horren erabakia dela langile errekurtsogilea lanpostu-zerrendako lan-kontratu mugagabedun langile ez-finkotzat aitortzea.
Gobernu Taldeak aurre egin behar zion egiazko egoera zen eragindako langileak egiturazko zerbitzuak ematen zituela Behargintza zentroan eta zerbitzuok, nolanahi ere, beharrezkoak zirela; hala, haren erreklamazioa ezeztatuz gero, beste langile bat kontratatu beharko zen, haiek emateko.
Aldi berean, 2004az geroztik gertatzen ari zen irregulartasunak eragindako langileak auzitegietara joko zen, eta ziurtasunez aldeko erabaki bat lortuko zuen haien aldetik. Horrek aipatutako langilea lanpostura itzultzera behartuko zuen, kontrataturiko beste langilea kenduta, eta horrekin beste gatazka-egoera bat sortuko zen, lan-arloko jurisdikzioan bukatuko zuena ziur asko.
Aurretiko erreklamazioa ezetsi, eta beste langile bat kontratatzeak Udalari kostu ekonomiko bera ekarriko ziokeen, eta langile erreklamaziogileak bilduriko esperientziaren galera, bai eta, jarraian, gastu handiago bat erakundearentzat, ondorengo erreklamazioek eragindako gastu judizialak direla eta, denborak azkenean erreklamazioa ezetsi zaion langilea berriz itzultzea ekarriko zuenean, itzuli bitartean langile horrek jaso ez dituen soldaten ordainketarekin, gainera.
Laburbilduz, Gobernu Taldeak, 2016an, Santurtziko Udalari gastu gutxien zekarkion eran tratatu behar izan du eta, hortaz, interes orokorrerako egokiena zen eran hamabi urte lehenago gertaturiko lan-irregulartasuneko egoera bat, hau da, beste alderdi politiko bateko gobernu-talde baten agindupean.
Berriz azpimarratu behar da egoera hori bakarra dela erakunde honetan, eta egun badaudela beharrezko kontrol-sistema guztiak horrelako beste egoerarik gertatzea saihesteko.
Horri dagokionez, honi erantsita dator Gizarte-ekintza eta Berdintasun Arloko zuzendariaren txosten bat, gizarte-zerbitzuen esleipenak dituzten enpresekiko harremanak une honetan nola izaten diren azalduta.
Haietan guztietan, zehatz-mehatz errespetatzen da Aurrekontu-egonkortasuna Bermatzeko eta Lehiakortasuna Bultzatzeko Neurriei buruzko uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretuko lehen xedapen gehigarria.
Hala, zerbitzu bakoitzerako aurreikusita daude dagozkien koordinazio-figurak, eta haiek bermatzen dute enpresa esleipenduneko langileen gainean inoiz ere zuzeneko aginpiderik egon ez dadin, eta langileok kontratuaren xedeaz bestelako zerbitzurik eman ez dezaten.
Horrenbestez, irizten zaio Udal honek ordenamendu juridikoak ezarritako neurri guztiak hartu dituela, aurrerantzean hemen azterturikoaren antzeko beste egoera bat saihesteko, eta berriz diogu, nolanahi ere, egoera bakarra izan dela eta interes publikorako gure ustez egokiena zen eran konpondu dela.
Kontratazioa.
2.– Udalak, 2016ko ekitaldian, 971.331 euroren gastua gauzatu du hornidura bat eta 2 zerbitzu gauzatu edo emateagatik, indarrean den araudiak eskatzen dituen administrazio-prozedurak izapidetu gabe, publikotasun- eta lehia-printzipioak urraturik.
Alegazioak.
Udalari dagokionez, erakunde autonomoak alde batera utzita, nortasun juridiko propioa dute eta beren espedienteak izapidetzen dituzte.
A) II.1 epigrafea: prozedurarik izapidetu gabeko gastua.
Atal honetan prestazio hauek jasotzen dira: argindar-hornidura; telefonia finkoko zerbitzua eta posta-zerbitzuak.
1.– Argindar-hornidura: esan behar da, prestazio honi dagokionez, Bizkaiko Kontratazio Zentralak (Santurtziko Udala hari atxikita dago) izapideturiko esparru-akordioari atxiki zaiola. Foru Aldundiak hura joan den azaroan esleitu zuen, eta dagokion kontratua 2017ko abenduaren 19an formalizatu da. Hala, bada, Udalak badu ondoriozko kontratua esleipendunarekin formalizatzea, behin betiko bermea aurkeztu –kontratistari dagoeneko haren errekerimendua egin zaiola–, eta haren esleipena erabaki eta gero. Santurtziko Udala argindar-hornidura sistema horren bidez esleitzea erabaki du, kostuak aurreztearren eta baldintza ekonomiko onuragarrienak lortzearren, gastu publikoa gutxituta ondorioz; izan ere, Kontratazio Zentralaren kontratazio-bolumen handiari esker (62 erakunde atxiki zaizkio esparru-akordio honi), hornitzaileek prezio lehiakorragoak eskaini ahalko dituzte, eta Udal honek horren onura jasoko du. Sistema horrek, halaber, kudeaketa eraginkorrago bat ahalbidetuko du, izapidetzea erraztean, eskuratze-denborak laburtuta.
2.– Telefonia finkoko zerbitzua: esan behar da zerbitzu hori jada 2017an esleitu dela, prozedura irekiaren bidez.
3.– Posta-zerbitzuak: esan behar da Santurtziko Udala Bizkaiko Kontratazio Zentralak izapideturiko esparru-akordioari atxiki zaiola, eta hura esleituta dagoela gaur egun. Formalizatzen denean, Udalak ondoriozko kontratua egin ahalko du kontratistarekin. Gorago eginiko oharrak hemen ere aplikatzekoak dira, eta, hortaz, berriz azaldutzat ematen dira.
3.– Begoñako Ama Egoitzak, 2016ko ekitaldian, 420.476 euroren gastua gauzatu du 2 hornidura eta zerbitzu bat eskuratu edo emateagatik, kasu bakoitzean hornitzaile batekin zuzenean kontrataturik, administrazio-kontratazioa arautzen duten publikotasun- eta lehia-printzipioak urraturik.
Alegazioa:
Herri Kontuen Euskal Epaitegiak emandako txostenean, legea betetzeari buruzko iritzia jasotzen duen atalean, Kontratazioa epigrafeko 3. atalean, azaltzen da Begoñako Ama Egoitzak, 2016ko ekitaldian, 420.476 euroren gastua gauzatu duela 2 hornidura eta zerbitzu bat eskuratu edo emateagatik, kasu bakoitzean hornitzaile batekin zuzenean kontrataturik, halakoak honela banakatzen direla:
– Instalazioen garbiketa eta mantentze-lanetarako zerbitzua 202.000.– euro.
– Elikagai-hornidura 137.000.– euro.
– Argindar-hornidura 81.000.– euro.
Instalazioen garbiketa eta mantentze-lanetarako zerbitzuari zein elikagai-hornidurako zerbitzuari dagokienez, esan behar da 2015az geroztik lizitazioan zeuden bi kontratuak direla (dagoeneko aztertu dira) eta haien esleipena 2016ko uztailean egin zela, eta haien formalizazioa, ekitaldi bereko abuztuan. Aipaturiko zenbatekoak 2016-01-01tik hasi, eta formalizatu eta prestazioak gauzatzeari ekin bitartean gastutzat gauzaturikoak dira, abuztuaren 8ra bitartean kasu batean, eta irailaren 1era bitartean, bestean.
Une honetan, eta behar bezalako aurreikuspenez, egungo zein etorkizuneko beharrizanen azterlan bat egiten ari da, halakoak luzatzea eta/edo lizitazio berria ateratzea komeni den aztertzeko, lehen kasuan, eta lizitazio berria onartzea, bigarren kasuan, betiere publikotasun- eta lehia-printzipioak betez.
Argindar-hornidurari dagokionez, erakunde autonomoaren Artezkaritza Kontseiluak 2017ko irailaren 26an eginiko bilkuran, gai-zerrendan sartu zen erakundearen zuzendaritzak emandako txosten bat, lehendakaritzak ontzat emana, Bizkaiko Kontratazio Zentral Foralari atxikitzeko eta, horrela, gure intereseko esparru-akordioei atxiki ahal izateko, azken horien artean, argindar-hornidura jasotzen duenari. Atxikitzeko hitzarmena izenpetzeko agiriak igorri ditugu, eta noiz izenpetuko zain gaude.
II.2.– Urteko Kontuei Buruzko Iritzia.
1.– Santurtziko Udalaren GODGari eta Ondare Garbiari eragiten dioten doikuntzak, 2016ko abenduaren 31n, hauek dira:
Alegazioak:
– A.4 kontzeptuari dagokionez (Udalkutxako likidazio negatiboa).
Esan behar da, kontabilitate hutsaren arabera, sortzapen-ekitaldia 2016ko ekitaldiari dagokion arren, praktikaren arabera, agerian geratzen da ekitaldi bateko likidazioaren kuantifikazioa ez dela jakiten hurrengo otsailaren bukaerara edo martxoaren hasierara arte, orduan ezartzen baitu foru-aldundiak aurreko ekitaldiko behin betiko likidazioa eta dagokion itzulketa ordaintzeko modua; izan ere, azken aurrekontu-ekitaldietan konturako ekarpenak itzuli egin dira.
Halaber, esan behar da sortzapen-ekitaldiaren ondorengo ekitaldiari egozteko irizpidea aldatu gabe mantendu dela denboran zehar, eta, hortaz, alde horretatik ez dela aldaketarik izan.
Era berean, nabarmendu behar da, irizpide hori «in sensus estrictus» aplikatuko balitz, zehazki, 2016ko ekitaldiko likidaziorako, emaitza garbia ez litzateke bakarrik ekitaldiari -2,1 mm euro egoztea, baizik eta 2015eko likidazioari dagokion egozpena deszuzkitu beharko litzatekeela, azken hori 2016an kontabilizatu eta ordaindu baita -2.6 mmm euroko zenbatekoan; hala, GODGa doitu ondoko saldo garbia +0.5 mm litzateke, 2016ari dagokion likidaziorako.
Horrenbestez, azaldutakoagatik, GODGaren doikuntza hori aintzat har ez dadila eskatzen da.
– A.8 kontzeptuari dagokionez (Aldundiaren Suhiltzaile Zerbitzua).
Esan behar da, kontabilitate hutsaren arabera, sortzapen-ekitaldia 2016ko ekitaldiari dagokion arren, praktikaren arabera, agerian geratzen da ekitaldi bateko likidazioaren kuantifikazioa ez dela jakiten hurrengo urteko urtarrilera arte, orduan jakinarazten baitie eragindako udalei foru-aldundiak dagokien partaidetza.
Halaber, esan behar da sortzapen-ekitaldiaren ondorengo ekitaldiari egozteko irizpidea aldatu gabe mantendu dela denboran zehar, eta, hortaz, alde horretatik ez dela aldaketarik izan.
Era berean, nabarmendu behar da urte bateko eta hurrengoko likidazioen zenbatekoak oso antzekoak direla; hala, 2016ko zenbatekoa gehitzen badugu, eta 2015ekoa deskontatu (2016an kontabilizatu eta ordaindu zen), saldo garbia zero da gutxi gorabehera.
Horrenbestez, azaldutakoagatik, GODGaren doikuntza hori aintzat har ez dadila eskatzen da.
– A.7 kontzeptuari dagokionez (Ondasun arruntak eta zerbitzuak erostea).
Esan behar da, kontabilitate hutsaren arabera, sortzapen-ekitaldia 2016ko ekitaldiari dagokion arren, iritzian aipatutako fakturak hauek direla:
2016ko ekitaldiari dagokion likidazioa Alkatetzaren 2017.01.20ko 176. Dekretuaren bidez onartu zen; sistemara gehitzeko eta informazioa emateko data, beraz, 2017.01.20a izan zen.
Santurtziko Udalak fakturak onartzeko duen prozesuan dagozkien arloek parte hartzen dute, ezin bestela izan; hortaz, oso zaila da kasu horietan guztietan faktura erregistro telematikora iritsi, prozesatu, arduradunari onartzeko eskatu, eta zinegotzi ordezkariaren ebazpenez onartu izana. Are gehiago oporraldia kontuan hartzen bada, hura inoiz ere justifikazioa ezin bada ere, ez da kontua hartu behar ez den egitate bat.
Gainera, esan behar da zehazturiko kasu guztietan, guztietan, 12 hilerokori dagozkien fakturak kontabilizatu direla; hartara, nahiz eta –HKEEren iritziak ongi dioenez- urterokotasun-printzipioa betetzen ez den, 2017an kontabilizaturiko 2016ko fakturak gehitzen baditugu, 2016an kontabilizaturiko 2015eko fakturak deskontatu beharko genituzke. Eta aldizkako hornidurak direnez, aldi batzuetako zenbatekoak beste batzuetakoen edo berdin-berdinak edo oso antzekoak dira, eta, ondorioz, afektazio garbia gutxi gorabehera zero da.
Horrenbestez, azaldutakoagatik, GODGaren doikuntza hori aintzat har ez dadila eskatzen da.
– A.11 kontzeptuari dagokionez (Kobrantza zalantzagarriko zuzkidura).
Esan behar da, erakunde honek erabiltzen duen irizpidea dela kaudimengabezietarako zuzkidura 24 hilabetetik gorako antzinatasuna duten zorretarako esleitzea, HKEEren irizpidea, hain zuzen. Desberdintasuna da guk ez genuela kontuan hartzen uneko urtea, eta zuzkidurak, hortaz, kontuan hartu behar baino urte bat gutxiago barne hartzen zituen.
2017ko ekitaldi honetan zuzkidura 24 hilabeteko antzinatasunaren arabera esleituko da, eta uneko urtea kontuan hartuz.
2017ko ekitaldiko likidazioa onartzeko kalkulatu den data 2018-01-19a dela, hauek dira zuzkitu beharreko saldoak:
2017ko likidazioko kaudimengabezietarako zuzkidura: 6.573.252,82 euro.
2015-12-31ra arteko abalik gabeko zorrak.
2016ko likidazioko kaudimengabezietarako zuzkidura: 4.957.523,91 euro.
– A.11 kontzeptuari dagokionez (Ekitaldi itxietakoak deuseztatzea).
Esan behar da, HKEEren gomendioei jarraituz, saldo hori erregularizatu egingo dela 2017ko likidazioan, 2017rako aurreikusitako GODGaren kontura.
– A.13 kontzeptuari dagokionez (Harrobiko malda egonkortzea).
Esan behar da, HKEEren gomendioei jarraituz, saldo hori erregularizatu egingo dela 2017ko likidazioan, 2017rako aurreikusitako GODGaren kontura.
– A.13 kontzeptuari dagokionez (Murrieta fundazioa).
Esan behar da, HKEEren gomendioei jarraituz, saldo hori erregularizatu egingo dela 2017ko likidazioan, 2017rako aurreikusitako GODGaren kontura, 2017an osorik ahal bada, edo, bestela, 2018ko ekitaldian zehar.
2.– Udalaren egoera-balantzeko ibilgetu garbiak, 2016ko abenduaren 31n, 105 milioi euroan balioztaturik, ez du islatzen Udalbatzak onarturiko inbentarioan jasotako ondasun eta eskubideen egoera erreala, inbentario hori 129,7 milioikoa izanik. Gainera, ez dago oinarririk jakiteko erakunde autonomoen egoera-balantzeko ibilgetuan erregistraturiko 18,4 milioi euroko zenbatekoak, 2016ko abenduaren 31n, haien ondasun eta eskubideen egoera erreala islatzen duen.
Alegazioak:
– Inbentarioa eta balantzea koadratzeari dagokionez.
Esan behar da, HKEEren gomendioei jarraituz, saldo hori erregularizatu egingo dela 2017ko ekitaldian, 2017ko ekitaldiko kontu orokorrak 2017ko itxierako inbentarioaren zenbatekoa isla dezan.
Esan behar da arau batzuk idazten ari direla, elementuak inbentariora gehitzeko, bi erregistroen artean desorekarik ez gertatzeko moduan, kudeaketa-sistema informatikoak desberdinak izan eta noranzko bakarreko transmisioan bakarrik integraturik egon arren.
III.– Barne-Kontrolerako Sistemei Eta Kudeaketa-Prozedurei Buruzko Oharrak.
Atal honetan, ekonomia- eta finantza-jarduera arautzen duten printzipioak betetzean eragin handirik ez duten gorabeherak azaltzen dira, bai eta kudeaketa hobetzeko asmoz agerian uzten diren prozedurazko zenbait alderdi ere.
III.1.– Aurrekontua eta Kontabilitatea.
– Udalak ez du aurrekontuz kanpo erregistratzen kontrataturiko epe laburrerako kreditu-kontuetan kargatutako mugimenduak; hain zuzen, halakoen erabilerak, 2016ko abenduaren 31n, 4,5 milioi eurorenak ziren. Kontabilitate-erregistro egoki batean, beharrezkoa da diruzaintzako saldoa eta aurrekontuz kanpoko hartzekodunak zenbateko horretan gehitzea.
Alegazioak:
Diruzaintzako eragiketen kontabilizazioa saldo erabiliaren arabera egiten zen, saldo horrek une bakoitzean eragiketa horietan erabilitako zenbatekoa islatze aldera.
HKEEren gomendioei jarraituz, 2017a ixtean, kontabilitate-eragiketa horiek erregularizatuko dira aurrekontukoak ez diren edo aurrekontuz kanpoko hartzekodunetan islatuz itundutako polizen guztizko zenbatekoa, erakunde bakoitzerako (3) 80 izaerako kontu bat (hartzekoduna) sortuz, eta diruzaintzan jasoz guztira emandako kredituaren eta erabilitako saldoaren arteko aldea.
Zehazki:
Aurrekontuz kanpokoak:
Diruzaintza:
– HAPNa idazteko eta haren berrikuspenean aholku emateko laguntza teknikoaren kontratuari dagokionez (2013ko urrian esleitu zen), Udalaren 2016ko ekitaldiko aurrekontu-likidazioan ez dira sartu gauzatu gabe dauden betebeharrei lotutako konpromiso-kredituak, 386.750 eurokoak, esleitutako zenbatekoaren % 65, alegia.
Alegazioak:
Etorkizuneko ekitaldietako gastu-konpromisotzat 6. kapituluko izaera horretako gastuen ondoriozkoak bakarrik kontabilizatu dira. Inoiz ez gastu arruntak, segidako traktudunak eta/edo izaera errepikakorrekoak izan zein ez.
Urtero, ekitaldiari zegokion zuzkidura esleitzen zen aurrekontuan, kontratuaren plangintza eta, arlo kudeatzailearen arabera, faseen gauzatze errealaz eginiko kalkuluak kontuan hartuz.
Kontratu horrek 2018an gasturik eragingo ez duenez, ez dago urte anitzeko gastutzat jotzerik.
HKEEren gomendioa aintzat hartuko da aurrerantzean.
– Udalak aurrekontuz kanpoko 36 kontu dauzka hainbat birpartzelazio-proiekturi loturik eginiko ordainketa edo kobrantzetarako, 10 urte baino gehiagokoak, haien saldo hartzekodun garbia 429.103 eurokoa dela 2016ko abenduaren 31n. Beharrezkoa da Udalak, proiektu horien ondoriozko betebehar eta eskubideen artean, zehaztu eta kuantifika ditzan gauzatu gabe daudenak, halakorik baldin badago, aurrekontuz kanpoko saldo horiek arazteko.
Alegazioak:
HKEEren gomendioei jarraituz, kontabilitatean erregularizatuko dira aurrekontuz kanpoko kontu horiek, alegia, birpartzelazio-proiektuei lotutako, 10 urtetik gorako eta mugimendurik gabekoak.
III.2.– Pertsonala.
– Udalaren eta haren erakunde autonomoen LPZn (Udalbatzak 2016ko apirilaren 11n onartu zuen eta BAOn 2016ko maiatzaren 10ean argitaratu zen), aurrekontu-zuzkidurarik gabeko 86 lanpostu daude, hau da, guztien % 20, ekitaldian lanpostu horiek betetzea ez baita aurreikusi. Horrez gain, Udalaren LPZn ez dira sartu lan-kontratu mugagabedun langile ez-finkotzat jotako langile batzuk haietako bat 2016an eta gainerako 19ak aurreko beste ekitaldi batzuetan funtzioak betetzen ari ziren 20 lanpostu. LPZk une oro izan behar du antolakundearen beharrizanen adierazpen erreala.
– Udaleko eta Kiroletarako Udal Institutua, Serantes Kultur Aretoa eta Begoñako Ama Egoitza erakunde autonomoetako enplegatuei 2016ko ekitaldian ordaindutako ordainsari-kontzeptuen artean, 2,5 milioi euroren osagarri bat dago, lanpostuan finkatu denez, lanpostu bakoitzaren ordainsari osagarrietan sartu beharko litzatekeena, eta LPZn era egokian argitaratu.
Alegazioak:
«LPZ pertsonalaren egoera errealari egokitzea.
Herri Kontuen Euskal Epaitegiak dio Udalaren LPZn aurrekontu-zuzkidurarik gabeko lanpostu batzuk daudela, ekitaldian lanpostu horiek betetzea ez baita aurreikusi. Horrez gain, Udalaren LPZn ez dira sartu lan-kontratu mugagabedun langile ez-finkotzat jotako langile batzuk funtzioak betetzen ari ziren 20 lanpostu.
Alabaina, aditzera ematen du, orobat, Udaleko lan-kontratu mugagabedun langile batzuk funtzioak betetzen ari diren lanpostuak 2017ko ekitaldian sortu direla.
Hain zuzen ere, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak oso ongi dioenez, Udalbatzaren 2017ko martxoaren 30eko erabaki baten bidez, 23 lanpostu sortu ziren, egiturazko hainbat beharrizani erantzuteko, lanpostu-zerrendako langile ez-finko batzuk betetzen ari zirenak.
Era berean, kendu egin ziren 2016ko ekitaldiko lanpostu-zerrendan bete gabe zeuden lanpostuetako asko.
Egun, martxoaren 30ean onarturiko lanpostu-zerrendan bigarren aldaketa bat egiten ari da, lanpostu-zerrenda Santurtziko toki-administrazioaren zerbitzuan dagoen pertsonalaren errealitatera hurbiltze aldera.
Zeregin hori 2018ko ekitaldian burutuko da, administrazio publiko honek une honetan dituen beharrizanen arabera lanpostuetan eginiko aldaketak, sorturiko lanpostuak nahiz kendutako lanpostuak jasotzen dituen zerrenda onartzean, lanpostuen balorazioa ere jasota.
Sindikatuekin hitzarturiko aldaketa hauen ondorioetarako data 2018ko urtarrilaren 1a da, eta lanak 2018ko martxoan edo apirilean bukatzea espero da, nahiz eta Herritarren Arretarako Zerbitzuaren irekiera 2018ko ekaineraino atzeratu beharko den –hura izanik antolakuntza-aldaketaren akabera–, zerbitzu hori kokatzeko espazioetan egokitzapen-lanak egin beharko direlako.»
– Begoñako Ama Egoitzak lan-poltsak ditu erizaintzako laguntzaileak eta OLT/EUDak kontratatzeko, eta horiek ez dira aski izan 2016ko ekitaldian zerbitzuaren beharrizan errealak betetzeko; hala, 318 kontratu egin dira 48 pertsonarekin egin dira, eta kontratuaren batez besteko iraupena 5 egunetik beherakoa izan da. Hain zuzen, pertsona horiek lehenago egoitzan lan egindakoak ziren eta/edo curriculuma aurkeztua zuten.
Sukaldari-kategorian, 85 kontratu formalizatu dira 8 pertsonarekin, eta kontratuen batez besteko iraupena 6 egunetik beherakoa izan da, lan-poltsarik indarrean izan gabe.
– 2016ko abenduaren 31n, Begoñako Ama Egoitza erakunde autonomoan 1999-2007 aldian formalizaturiko lan edo zerbitzu jakineko 14 kontratuk jarraitzen dute indarrean. Data berean, erakunde autonomo horren LPZn lanbide-kategoria bererako lanpostu hutsen kopuru bera dagoela eta, gomendagarria litzateke langileen egoera erregularizatzea eta, indarrean den legediak onartzen duen neurrian, behin betiko betetzeko hautaketa-prozesuen deialdia egitea.
Alegazioak:
Ohar honi dagokionez, esan behar da egoitzak, 2016ko ekitaldiko lanpostu-zerrendan, zenbait lanpostu sortu zituela, enplegatuen kopuruaren eta ezaugarrien errealitatea eta LPZren aurreikuspenak bateratze aldera.
Gero, sindikatuen ordezkariei aditzera eman zitzaien administrazio honek baduela borondatea lanpostu-zerrendako lan-kontratu mugagabedun langile ez-finkotzat aitortzeko lan edo zerbitzu jakineko kontratuek eragindako langile guztiak. Hala, 2016ko urriaren 3tik 14ra bitarteko eta azaroaren 17ko Negoziazio Mahaiaren bilkuretan, negoziatu egin zen egoitzako hamahiru langile lanpostu-zerrendako lan-kontratu mugagabedun langile ez-finkotzat aitortzea, langile horien aldi baterako lan-harremana lan edo zerbitzu jakineko kontratu batzuetan oinarritzen ziren eta. Lanpostu-zerrendako lan-kontratu mugagabedun langile ez-finkotzat aitortzea eta LPZko lanpostu bati atxikitzea (lanpostua dagokion hautaketa-prozesuaren bidez betetzen edo lanpostua amortizatzen ez den bitartean), 2017ko otsailaren 2ko ebazpen batzuen bidez eta 2017ko martxoaren 1eko kontratu batzuen bidez gauzatu ziren.
Gero, Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko Legeak ekitaldi bakoitzean uzten duen neurrian, dagozkien lan-eskaintza publikoak egingo dira, harik eta egoitzako lanpostu-zerrenda erabat erregularizatu arte.
Prozesu horretan sartu ez den lan edo zerbitzu jakineko kontratua 2017ko abenduaren 4an erretiroa hartutako langile bati dagokio.
Herri Kontuen Euskal Epaitegiak emandako txostenean, «Barne-kontrolerako sistemei eta kudeaketa-prozedurei buruzko oharrak» ataleko Pertsonala epigrafean aipatzen da, orobat, zenbait kategoriatan lan-kontratua egin zaiela egoitzan lehenago lan egindakoak ziren eta/edo curriculuma aurkeztua zuten zenbait langileri, zeuden lan-poltsetan pertsonal eskuragarririk ez zegoela eta.
Pertsonal-kontratazioen kopuru txiki bat da hori, zuzeneko arretaren arloko kontratazioak izanik batik bat, eta egoera berezietan egindakoak, nola erakunde autonomoan hala beste administrazio batzuetan lan-karga handia egoten den garaietan, hain zuzen. Hori dela eta, kontratazio-poltsan zegoen pertsonalarekin ezinezkoa izan zen lan hori estaltzea; izan ere, lan-poltsen bidez sortzen diren kontratuak aldi baterakoak izaten direnez, poltsako kide gehienak badaude beste administrazio batzuen kontratazio-poltsetan ere.
Egia da, halaber, HKEEren txosteneko beste atal batean, 30. orrialdean, honako hau esaten dela, hitzez hitz: «Begoñako Ama Egoitzako aldi baterako kontratazioak, gehienbat, ekoizpenaren iraupen laburreko gorabeheren ondoriozko kontratuak izaten dira, hau da, baimen ordainduak, oporrak eta lanpostu-zerrendako pertsonalaren bestelako ordezkapen batzuk estaltzeko».
III.3.– Kontratazioa.
Udalaren eta haren erakunde autonomoen administrazio-kontratazioa aztertuta, iritzian bete ez direla adierazikoez gain, alderdi hauek nabarmentzen ditugu:
– Udalak eta haren erakunde autonomoek esleitutako 9 kontratutan (9,7 milioi euroan esleituak), baldintza-agirietako esleitze-irizpideetan akats hauek atzeman dira:
– Udalak eta erakunde autonomoek esleitutako 8 kontratutan (6,8 milioi euroan esleituak), baldintza-agirietan preziorako jasotzen den irizpidearen formulak txikiagotu egiten du hasiera batean aurreikusitako haztapena, puntuak ematen baititu eskaintza aurkezte hutsagatik (2., 3., 5., 13., 14., 15., 16. eta 19. espedienteak).
Alegazioak:
Udalaren hiru espedienteri buruz:
Nautika Etxea eraikina konpontzeko lanak, Berehalako Jarduketa Brigadak eta argiteria eta semaforoetako mantentze-lanen zerbitzua.
Esan behar da lehen bi espedienteetan erabilitako formulek puntuaziorik handiena eskaintza merkeenari ematen diotela, kontratu-baliabideen auzitegien eta Administrazio Kontratazioko Kontsulta Batzordearen doktrina betez.
Hirugarren espedienteari dagokionez, kanonerako ezarritako formulak ahalbidetzen du irizpideari esleitutako puntu guztiak ematea, puntuaziorik handiena eskaintza merkeenari emanik, gehienez ehuneko hogeita hamabosteko beherapena eginik. Bestalde, prezio unitarioak kalkulatzeko formulak ahalbidetzen du irizpideari esleitutako puntu guztiak eman daitezen, puntuaziorik handiena eskaintza merkeenari emanik eta, hortaz, irizpide horri esleitutako haztapenean txikiagotzerik gertatu gabe.
Obra eta Zerbitzuen Arloaren kontratazio-agirietan erabilitako formularen simulazio bat eginez, ikus daiteke puntuaziorik handiena lor daitekeela, kasu honetan bezala (13 puntu, alegia):
Serantes Kultur Aretoaren bi espedienteri buruz:
Ohar honi dagokionez, esan behar dugu lortutako emaitza dela aurkezturiko eskaintzen arteko aldea zehazki islatzeko –puntu-esleipenera bihurtuz– aplikatu zen formularen ondorioa. Ildo horretan, formulak ongi funtzionatzen du, baina, epaitegiak dioenez, baldintza-agirian proposatzen den gehieneko lizitazio-oinarria zuzenean eskaintzen duen enpresa bati ere puntuak ematen dizkio. Hartara, baliteke formula hain egokia ez izatea prezioaren irizpideak duen helburu bereizlerako.
Uste dugu hobeki harmonizatu ahal eta behar direla kasurako egokia den formula batean; horrenbestez, behar bezala zuzenduko da hurrengo lizitazioetan.
– Udalak esleitutako zerbitzu-kontratu batean (2,9 milioi euroan esleitua), preziorako jasotzen den irizpidearen formulak puntu guztiak lizitazio-aurrekontuaren % 5eko beherapena egiten duten proposamenei ematen dizkie, eta horrek eragotzi egin dezake prezio hobeko eskaintzak lortzea (4. espedientea).
Alegazioak:
2013. urteko udal-eraikinen garbiketarako zerbitzuaren kontratuari buruzkoa da.
Baldintza-agirian jasoriko formula honelakoa zen:
Zentro guztien garbiketa arruntaren urteko prezio globala: 50 puntu bitarte.
Honela balioztatuko da: 5 emango dira % 1eko beherapeneko, eta tarteko beherapenak hainbanatu egingo dira. Ez dute puntu gehiagorik lortuko % 10etik gorako beherapenek.
Esan behar da, esleitze-irizpideari emandako idazketa ikusita, baieztatzen dela puntuaziorik handiena % 10eko edo gehiagoko beherapena proposatzen zuten eskaintzek lortuko zutela eta ez, epaitegiaren txostenean adierazten denaren arabera, % 5eko beherapena egiten zutenek.
Halaber, esan behar da zerbitzu-kontratu horren xedea dela garbiketa egitea Udalaren eraikin eta lokalen barrualdean. Ondoriozta daitekeenez, zerbitzu nagusia garbiketa da, eta, horretarako materiala behar den arren, egun udalak jabetzan edo alokairuan dituen eraikin eta lokalen kopurua dela eta, kontratu horren faktore nagusia eskulana da.
SPKLTBko 87. artikuluan xedaturik dago sektore publikoko kontratuetan kontratistaren ordainsaria eurotan adierazitako prezio zehatza izango dela eta «Kontratazio-organoek, kontratua benetan bete dadin, prezioa egokia izatea zainduko dute, zenbatekoaren balioespen egokia eginez. Horretarako, lizitazio-aurrekontua finkatzerakoan, merkatu-prezio orokorra hartuko dute kontuan, eta, hala badagokio, balio anormal edo neurrigabeekiko eskaintzei buruzko arauak aplikatuko dituzte».
Horregatik hartu zen oinarritzat aurreko esleipenaren azken urteko pertsonal-gastua, kontratu berrian sortuko ziren antzinatasun-kontzeptuak ere aurreikusirik, eta zenbateko hori urteko 1.300.000 euroan finkatu zen, merkatuko prezioaren arabera. Hartara, 2,9 milioiko esleipen-zenbatekoa duen indarreko kontratuan, pertsonal-gastuei dagozkie, eta, hori dela eta, % 5eko beherapena egiteko aukera justifikatutzat jo daiteke.
Barrualdeen garbiketa ez da egiten makina garatuekin edo ezaugarri bereziak dituzten makina batzuekin, eta, hortaz, kontratuaren preziotik ez da materialetan inbertitzen kopuru handi bat, prezio horren oinarria izanik, aurreko atalean aipatu dugunez, lan horiek aurrera eramateko langileen kontratazioa.
Horregatik, eta kontuan hartuz langileen soldatak gutxieneko kopuru eta irizpide batzuk bederen bete behar dituela, beharrezkotzat jo zen muga hori bermatzea, gutxieneko prezio bat finkatuta.
Bai langile-kopurua bai soldata egokiak betetzeko nahitaezkotzat ezarri zen gutxieneko lansaria aztertuta, proposamenean gehienez beheratzeko ehunekoa 5 puntuan finkatzea garbiketako pertsonalaren lan-baldintzak ziurtatzeko modutzat jo zen; izan ere, pentsatu zen, beherapen hori gaindituz gero, ez zirela beteko indarrean den lan-arloko legedian nahiz lan-hitzarmenean ezarritako gutxieneko soldatak.
Azaldutakoagatik, eta administrazio honen aburuz, ez zen eragotzi prezio hobeko eskaintzak lortzea, irizten baitzitzaion aipatutako beherapena gaindituko zuten prezioek ez zutela bermatuko kontratua behar bezala bete zedin, ez eta lan-baldintza egokiak egon zitezen ere kontratu horri atxikitako langileentzat.
– Udalak eta Serantes Kultur Aretoak esleitutako 3 kontratutan (3,3 milioi euroan esleituak), proportzionaltasunik eza atzematen da arruntak ez diren zerbitzuen prezioari esleitutako puntuen eta halakoek kontratuan duten bolumen ekonomikoaren artean (4., 15. eta 16. espedienteak). Gainera, Udalak 797.720 euroan esleituriko kontratu batean ere atzeman da horrelako proportzionaltasunik eza urteko kanonari esleitutako puntuetan (5. espedientean).
Alegazioak:
2013. urteko eraikinen garbiketarako zerbitzuaren kontratuari dagokion espedienteari buruzkoa da.
Lehenik, 4. espedienteari dagokionez, hau da, udalaren eraikin eta lokalen barrualdeen garbiketarako zerbitzuaren kontratuari dagokionez, aurreko ataleko justifikazioan azaldu denez, kontratu horren kostu nagusia pertsonal-gastua da.
Horregatik, nahiz eta balio nagusia, 50 puntu, zentro guztien garbiketa arruntaren urteko prezioarentzat den, aparteko zenbait zerbitzu une jakin batzuetan gauzatzeko, badago zenbateko txiki bat lizitazioan, 9.000 euro inguru.
Aplikatzekoa den agiri teknikoaren arabera, aparteko garbiketak dira ohiz kanpo eta behin bakarrik egiten direnak, hala nola eraikinen edo instalazio berri edo zaharberrituen obra-bukaerako garbiketa, edo ohiz kanpoko gertaeren ondoriozkoak (sutea, etab.). Lan horiek erabateko garbiketa bat izango dira, bai edukitzailearena, bai edukiarena, zoru-mota bakoitzari dagokion berezko tratamendua barne.
Lanen deskribapena dela eta, maiz egingo ez diren arren, garrantzia handia dute, zehaztasun handia behar duten jarduketa batzuk izanik, haien tamainagatik zein sortzen duten zikintasunagatik; gainera, lanok zehaztasunez egin behar dira, berriz egin behar ez izateko (esaterako, obretan, materialen hondarrak, hautsa, eta abar ez egotea). Bestalde, nabarmendu behar da, aparteko garbiketa askoren ondoren, altzariak jarri ohi direla, pertsonala lekualdatu ohi dela, eta abar; hartara, lanok behar bezala egingo ez balira, baliteke beste betebehar batzuk edo izenpetutako beste kontratu batzuk atzeratzea, eta zerbitzu publikoetan edo Udaleko pertsonalaren lanean etenak edo eragozpenak eragitea.
Zerbitzu horri ematen zaion garrantziaren seinale da, halaber, aparteko zerbitzuak emateko eta lan horiek aurrera eramateko egongo den pertsonalaren zerrenda eskatu izana, lizitazioan ebaluatzen den irizpide bat izanik.
Horretatik, haren zenbatekoa kontuan hartuz gero, proportzioan puntuazio txiki bat izan beharko lukeen arren (0,29 puntu), zerbitzu horren benetako beharra ikusita, erabaki da puntuazioa interes errealetan oinarritu dadin, ez kopuruagatik, aparteko zerbitzu horiek duten garrantziagatik baizik, une jakinetan egiten badira ere, guztiz beharrezkoak eta funtsezkoak izanik kontratu orokorraren funtzionamendu onerako.
Serantes Kultur Aretoaren alegazioa:
Ohar honi dagokionez, esan behar dugu, baldintza-agiria hitzez hitz irakurriz gero, bai uler litekeela irizpide bati proportzionaltasunik gabeko puntuak esleitzen zaizkiola, irizpide horretan, itxuraz, zenbateko ekonomiko txikiago bat dagoenean jokoan. Hala ere, gogorarazi behar dugu aparteko zerbitzuak esleitzeko prezioak ez direla aplikatzekoak SKAk eskaturiko zerbitzuei bakarrik, hirugarren batek behar dituen zerbitzuei ere bai, lagapenean edo alokairuan egonez gero, enpresa esleipendunaren zerbitzuak erabiltzera beharturik dago eta, halakoak behar dituen kasuetan. Horri dagokionez, lizitazio-prozesuan ezin zehatz daitekeen arren, esperientziak erakusten du nahikoa direla enpresa esleipendunak arlo horretan eman behar izaten dituen zerbitzuak. Horregatik, erlatiboki, lizitazioan garrantzi handia ematen zaio.
Alabaina, Serantes Kultur Aretoaren kontroletik kanpo dagoen zerbait izanik eta lizitazio-prozesuan ezin zehatz daitekeenez, epaitegiaren oharra aintzat hartu behar da, eta, hortaz, baldintza-agiriak zuzendu egingo dira puntu horretan, kontratua gauzatzean duen inpaktu ekonomikoarekiko pisu proportzionala emateko.
Nolanahi ere, dagozkion espedienteak berraztertuta, egiaztatu dugu aipatutako akatsak kasu batean ere ez direla izan erabakigarriak esleitzeko prozesuan.
– Kiroletarako Udal Institutuak esleitutako zerbitzu-kontratu batean (1,2 milioi euroan esleitua), baldintza-agiriek ez dituzte definitzen «Kirol-eskaintza sustatzeko, berritzeko eta hobetzeko planak» irizpidean balioztatuko diren alderdiak, hori izanik ebaluazio baten mende dagoen irizpide bakarra (13. espedientea).
Alegazioak:
Hain zuzen ere, aditzera ematen den lizitazio-prezioaren balioztatze-formulak:
Lortutako punt. P1 = (eskaintz.txikiena x gehieneko punt.) / prezioa P1 , eskaintzarik handienari puntuak ematen dizkio eta, beraz, esan genezake gutxi bereizten duela.
Etorkizuneko lehiaketetan, espedientearen hasiera eta baldintza-agiriak onartzea dagokion kontratazio-organoak beste formula batzuk erabiltzeko aukera hausnartuko du, prezioaren irizpideak ematen duten puntuazio-sorta zabaltze aldera.
13. espedienteari buruz esaten da, orobat, baldintza-agiriek ez dituztela definitzen «Kirol-eskaintza sustatzeko, berritzeko eta hobetzeko planak» irizpidean –ebaluazio baten mende dagoen irizpide bakarrean– balioztatuko diren alderdiak.
Alegazioak eta justifikazioak:
Hala da, irizpide hori oro har balioztatzen zen 30 punturekin gehienez, ezein banakapen egin gabe.
Ez dirudi arrazoizkoa eta, hortaz, hurrengo lehiaketetan dagoeneko zuzendu da gai hori, 2017ko abuztuaren 18ko BAOn (157. zk.) argitaratu zenarekin egiaztaturik geratu denez: Santurtziko kirol-erakundearen areto eta gimnasioetan jarduera eta ikastaroak garatu eta beroriek emateko materialez hornitzea eta laguntza teknikoa ematea xede duen kontratu mistoa lizitatzeko iragarkia.
– Udalak esleitutako 2 obra-kontratutan (679.399 euroan esleituak, espaloi eta bideetako mantentze-lanen zerbitzuaren kontratu mistotik eratorriak), kontratistak obra-proiektuak taxutu, eta gero kontratazio-organoak onartu ditu, baldintza-agirietan ahalbidetzen den bezalaxe, eta ez dago salbuespenezko kausarik edo arrazoi teknikorik proiektuak idaztea eta obrak gauzatzea batera kontrata daitezen justifikatzen duenik (3. espedientea).
Alegazioak:
Lehenik eta behin zehaztu behar da kontratu misto bat dela, eta kontratu horretan, beraz, prestazioak elkarri zuzenean loturik daudela eta osagarritasun-harremanak dituztela, nahiz eta zerbitzu-kontratu baten berezko prestazioak nagusitzen diren (zehazki, mantendu, zaindu eta konpontzea espaloi, bide, plaza eta oinezkoen alderdietako zoladura, bide publikoko egiturazko eta apaindurazko elementuak eta azpiegiturak, Santurtziko udalerriko zuzkidura-espazioak eta udal-ondare eraikia), izaera bereko obra arruntak eta subsidiarioak gauzatzeko esparru-akordioaren berezko prestazioen gainean.
Nabarmendu behar da, bestalde, mota horretako obrak gauzatzea aukera hutsa zela, Udalaren beharrizanen mendekoa, eta azken horrek erabakiko zuela, kasu bakoitzean, esleipendunak edo txosten tekniko bat eta gauzatzeko aurrekontua edo, bestela, proiektu tekniko bat aurkeztu beharko zuen. Hau da, ez zen lizitatzen obra-kontratu bat, enpresariari proiektua aurkez zezala eskatuta; kontratatuko ziren prestazioak zerbitzu-kontratu baten berezkoak ziren, ordea, obrak gauzatzea geroagoko erabaki batzuen bidez zegoela eta proiektua idaztea hala erabakitzen zenean bakarrik izango zela beharrezkoa, zerbitzu teknikoen proposamenez.
Hala azalduta, azkenik esan behar da, epaitegiak txostenean dioen bezala, proiektuak idazteko betebeharra baldintza-agirietan jasotzen zela eta lizitatzaile guztiek onartu zutela, ez baitzen errekurtsorik aurkeztu horri buruz, horrek abantailarik ekarri gabe, beraz, esleipendunarentzat.
Baterako gauzatze hori erabakitzeko arrazoia izan zen, hain zuzen, kontratistak aurretiaz bereganatutako ezagutza, bera baitzen dauden hiri-zerbitzuak ongien ezagutzen dituena. Horrek eraginkortasun eta eragimen handiagoak eragiten ditu lanean, bai eta denbora eta aztertze-lana aurreztea ere, enpresa horrek ezagutzen baititu ongien inguruaren gorabehera eta ezaugarriak
Bestalde, ez du logikarik hirugarren enpresa batek, aipaturiko lanak gauzatzeko, Pavimentos Santurtzi ABEEari kontsultatu beharrak, azken horrek berak proiektua idatzi beharrean. Aukeratu den moduan, hirugarren baten interlokuzioan aurrezten da.
Horregatik, nahiz eta SPKLTBko 124. artikuluko kausak ez diren guztiz aplikatzen, hura gauzatzeko metodorik bideragarriena zela iritzi zitzaion, arlo teknikoan zein ekonomikoan.
Hala ere, ikusten da etorkizuneko esleipenetarako kontzeptu hori berrikusi egin beharko dela, eta eskaintza beste lizitatzaile batzuei zabaldu.
– Udal-eraikin bat birgaitzeko Udalak esleitutako kontratu batean (333.477 euroan esleitua), obrak hasteko 6 hilabeteko etenaldia gertatu da, pertsonalari ordezko lantokia eman behar zitzaiolako, lizitazio-prozesua hasita zegoenean eskatu zen eraikinaren ikuskapen teknikoaren ondoren egingo ziren lan berrien ondorioz. Aurreikuspen egokiz egin behar dira aurretiazko azterlan eta txostenak, gauzatuko diren obren izaera eta nondik norakoak zehaztasunez ezartzeko (2. espedientea).
Alegazioak:
Nautika Etxea birgaitzeko obrei buruzkoa da.
2017ko urtarrilaren 3an eginiko EITa ikusita, ondorioztatu zen, eraikina birgaitzeko proiektua idatzita egon arren, ezin zirela aurreikusi eraikinean beharrezkoak ziren zenbait jarduketa, ikuskapen horren ondoriozkoak, hala nola berekin eraikina erabat hustea dakarten lan batzuk gauzatu beharra.
Horregatik, zenbait lantoki partekatzea proposatu zen, Udalaren arloren zehatz bati esleitu gabeak baina une hartan, aurreikusten zailak ziren arrazoiengatik, zati batean bakarrik okupaturik zeudenak.
Gizarte-langileen taldeak jakin ondoren langela guztiak ez zirela espazio itxiak (zehazki, 6 langela itxi eta panelez bananduriko baina guztiz itxi gabeko 3 lanpostu daude), gizarte-langileok aditzera eman zuten ez zela bermatzen gizarte-zerbitzuen erabiltzaileek duten konfidentzialtasunerako eskubidea; hain zuzen ere, eskubide horixe jasotzen da Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-zerbitzuen erabiltzaileen eta profesionalen eskubide eta betebeharren gutuna eta iradokizunen eta kexen araubidea onartzeko apirilaren 6ko 64/2004 Dekretuko 6. artikuluan:
«1.– Erabiltzaileek eskubidea dute pribatutasuna eta dagokien informazioaren konfidentzialtasuna errespeta diezazkieten.
2.– Pribatutasunerako eskubidetzat hartuko da pertsonak norbere intimitatea eta harremanetarakoa gordetzeko duena, zuzen-zuzenean eta berari bakarrik dagozkion gaietan inoren interferentziarik jaso gabe; horren barruan dago, jakina, bakoitzaren nortasunaren babesa, informazioaren tratamenduaren aurrean gordetzeko eskubidea dago eta.
3.– Konfidentzialtasunerako eskubidearen ondorioz, datu pertsonalak, dagokien espedientean edo edozein dokumentutan daudenak, abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak (datu pertsonalen babesari buruzkoak) aurrez ikusi duena erabat errespetatuz tratatu behar dira; horren barruan dago, halaber, profesionalek behar bezalako zuhurtziaz tratatzea gizarte-zerbitzuetako erabiltzaileei buruz jakin dituzten datuak».
Nahiz eta lan-sistema bat antolatzen saiatu zen bulego berrian zeuden langelak (6) txandaka baliatuz 9 gizarte-langileen artean, langileon aburuz proposamen hori ere ezin zen onartu, zerbitzuari eraginkortasuna kentzen baitzion (ordu gutxiago zuzeneko arreta ematen) eta larrialdietan pertsonei ezin baitzitzaien lagundu lehen bezain arin.
Horiek ikusita, eta kontuan hartuz obrak gauzatzea eteteko edo ez eteteko eragina zuten faktoreak, aipaturiko zerbitzuen erabiltzaileen konfidentzialtasunerako eskubideari eman zitzaion nagusitasuna; izan ere, espedientea premiaz izapidetu zen arren, zegokion EITa egin eta gero, iritzi zitzaion obra hori 6 hilabetez eteteak ez lukeela eragozpen gehiagorik ekarriko, obraren 6 hilabeteko atzerapena bera baino, eta hura onargarria zela, Santurtziko Udalaren instalazioetan gizarte-zerbitzu ona emateko.
Gertaera horiek ezin izan ziren aurreikusi, Gizarte Ekintzako langileei ordezko lantokitzat eman zitzaizkien lokalek pertsonal guztiarentzat behar besteko espazioa ez zutelako –obraren kontroletik kanpoko inguruabarrak zirela eta– zerbitzua aurrera eramateko baldintza onenetan, beste udal-langile batzuei ordezko lantokia ematean; horrek eragin zuen, ondorioz, 2. espedientea etetea.
Horrenbestez, Nautika Etxeko pertsonala lekualdatzean atzeratzea eta, ondorioz, 2. espedienteko obren hasiera atzeratzea ez dituzte bakarrik eragin EITaren ondorioek, espazio-falta batek baizik, aurreikusi ezinezko kausa batzuengatik, udal-zerbitzuen konfidentzialtasuna bermatze aldera, zerbitzuon espezialitatea eta berezitasunak direla eta.
– Langileen subrogazioa egiteko betebeharra ezarrita daukaten 3 zerbitzu-kontratutan (Udalak bata 797.720 euroan esleitua eta erakunde autonomoek beste biak 435.258 euroan esleituak), baldintza-agirietan ez da aditzera ematen erreferentziazko hitzarmen kolektiboa (5., 15. eta 17. espedienteak); eta Kiroletarako Udal Institutuak esleitutako kontratu misto batean (10,5 milioi euroan esleitua), baldintza-agirietan ezartzen den subrogazioa egiteko betebeharra ez dago jasorik aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboan (12. espedientea). Betekizun hori enpresen eta langileen arteko sektoreko hitzarmenetatik baino ezin da etorri.
Alegazioak:
Argiteria eta semaforoetako mantentze-lanen zerbitzuaren kontratuari buruzkoa da. Baldintza-agirian hau zegoen ezarrita:
Pertsonalaren subrogazioa: Esleipendunak Baldintza Teknikoen Agiriko III. eranskinean sartutako pertsonalaren subrogazioa egin beharko du, aplikatzekoak diren hitzarmen kolektiboetan ezarritako moduan.
Xedapen hori eranskinetako batean zehazten eta zabaltzen zen, subrogazioa egin behar zitzaien langileen inizialak nahiz lan-kategoria, antzinatasuna eta ordainsari osagarriak ematean, hau da, lizitatzaileek subrogazioak ekarriko dituen lan-kostuen ebaluazioa egin ahal izateko beharrezkoa den informazioa, SPKLTBko 120. artikuluan horren inguruan ezarritakoa betez horrela.
Ez da ikusten aplikatzekoa den hitzarmena aditzera ez ematea legea ez betetzea denik; areago, esan daiteke bat datorrela Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratu Errekurtsoen Administrazio Organoak agertutako doktrinarekin (maiatzaren 16ko 59/2017 Ebazpena); hau dioela: ...ez da posible botere esleitzaileak baldintza-agirietan legez operadore ekonomiko guztiei aplikatzekoa zaien hitzarmen kolektibo bakarra aditzera ematea (gehienera, erreferentziazko sektoreko hitzarmena eman liteke). Kontuan izan behar da indarrean den lan-arloko legediak ahalbidetzen duela ekoizpen-sektore bereko enpresek, kasuaren eta gaiaren arabera, lurraldeko hitzarmenak eta enpresako hitzarmenak (Langileen Estatutuko –LE– 84.2 artikulua) balia ditzaten, edo hitzarmen kolektiboan ezarritakoa aplika ez dezaten (LEko 82.3 artikulua.); hala, bada, prestazioari aplikatzen zaion hitzarmen kolektiboa bata edo beste izan daiteke, azkenean kontratista nor den. Aurrerago adierazten du hitzarmen kolektiboak enpresarien eta langileen arteko negoziazioaren emaitza direla (LEko 82.1 artikulua) eta botere esleitzaileak ezin dizkiela inposatu bi alderdiei kontratuaren bidez; hori ez da eragozpena lan-arloko araudiaren arabera aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboa –eta ez beste– arautzat hartzeko kontratua gauzatzean, halakoa ez betetzeak dakartzan legezko ondorioekin. Eta, azkenik, hau dio: (...) kontratazio publikoaren zuzenbidearen ikuspegitik ere errefusatu beharreko aukera bat ere bada, lehia askea oztopatzen da eta (SPKLTBko 1. artikulua eta 2014/24 Zuzentarauko 18.1 artikulua). Hala, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren 2008ko apirilaren 3ko epai batek (...).
Halaber, esan behar da, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailaren webgunean (han daude argitaraturik, hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean diren hitzarmen kolektibo guztiak), interesdun guztiek ziur asko ongi ezagutzen zutela, Bizkaiko Lurralde Historikoari dagokionez, honako hau jasotzen da siderometalurgiaren sektoreko hitzarmenari buruz: era berean, siderurgiaren antzeko lanak, lan osagarriak edo metalgintzari laguntzekoak egiten dituzten enpresak, lan-zentroak edo lantegiak ere ukitzen ditu, baldin eta ondoko lan hauek egiten badituzte: instalazio-lanak, muntaiak, iturgintza eta instalazio elektrikoak, elektrizitatea eroateko hariteria, telefono- hariteria (...)
Azkenik, auzitegiak 15. espedientearen inguruan eginiko beste ohar bat aipatzen dugu. Ohar horretan, auzitegiak dio Serantes Kultur Aretoak langileen subrogazioa ezarri duela, aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboa aditzera eman gabe.
SKAren aldetik:
Hain zuzen ere, hori hala da espediente horri dagokion kontratuan lizitatutako zerbitzuak ez daudelako nahitaez bete beharreko ezein hitzarmen kolektibok arauturik. Hala eta guztiz ere, Santurtziko Udala eta haren erakunde autonomoak zerbitzu horiek ematen dituen pertsonalaren subrogazioa eskatzera beharturik daude, EAEko Toki Erakundetako Langileen Lan Baldintzak Arautzen dituen Hitzarmena (UDALHITZ) izenpetu baitute.
KUIren aldetik:
12. espedienteari dagokionez, esaten da baldintza-agirietan ezartzen den subrogazioa egiteko betebeharra ez dagoela jasorik aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboan.
Alegazioak eta justifikazioak:
Hala da, Giroa – Veolia, SA enpresa esleipenduneko langileentzat aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboa metalaren merkataritzaren lurralde-hitzarmena da, eta ez du subrogazioa jasotzen.
Hala ere, Udalhitz-eko 175.1 artikuluan enpresa esleipendunetan subrogazioa egiteko betebeharra ezartzen da.
Aurrekoari jarraituz, KUIk subrogazio-klausula sartzen du baldintza-agirietan.
Horri dagokionez, indarrean den Udalhitz hitzarmenak (lan-kontratudun pertsonala) honela dio:
«175. artikulua.– Enpresa esleipendunetako langileen subrogazioa.
1.– Zerbitzu beraren kontratu publikoetan jarraian gertatutako esleipenak daudenean, eta plantillen egonkortasuna bermatze aldera, enpresa esleipendunek esleipen bakoitza gertatzen den momentuan dauden langileen subrogazioa bermatuko dute, gaiaren inguruan sektoreko hitzarmenek esaten dutena albo batera utzita. Horretarako tramitatzen diren espediente guztietako baldintza-agirietan subrogazio-klausula jasoko da, eta hori beteko dela ziurtatzeko, gardentasunaren eta fede onaren baldintzak ezarriko dira.
2.– Dena dela, artikulu honen xedapenak egoera hauetan bakarrik aplikatuko dira:
a) Lan-kontratua daukan eta kontratua egiten duen erakundearentzat azken sei hilabetean gutxienez lan egin duen langileari bakarrik eragingo dio subrogazioak; ordezkapenak ere sartuko dira, amaitu arte.
b) Subrogazioak ez die eragingo kontratua uzten duen enpresako jabeei, akziodunei, zuzendaritzako kideei, bitarteko kargudunei eta jabe, akziodun, zuzendaritzako kide eta bitarteko kargudun horien bigarren mailako familiartekoei.
Adostasunik ez badago atal horren interpretazioan, erakunde bakoitzeko Jarraipen Batzordeak emango du ebazpena. Ezadostasunak jarraituz gero, Bitariko Batzordera igoko da.»
Bestalde, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen Testu Bategina onartzeko azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuak honako hau xedatzen du:
«120. artikulua.– Lan-kontratuetan subrogatzeko baldintzei buruzko informazioa.
Esleipendunari lan-harreman jakin batzuetan enplegatzaile gisa subrogatzeko betebeharra ezartzen dieten kontratuetan, kontratazio-organoak lizitatzaileei eman beharko die, baldintza-agirian bertan edo dokumentazio osagarrian, subrogazioak eragiten dien langileen kontratuetako baldintzei buruzko informazioa; hau da, neurri horrek ekarriko dituen lan-kostuen ebaluazioa egin ahal izateko beharrezkoa den informazioa. Horretarako, esleitu beharreko kontratuaren objektu den prestazioa ematen ari den enpresak, subrogazioak eragiten dien langileak enplegatzen dituenak, kontratazio-organoaren esku jarri beharko du informazio hori, hark eskatutakoan.»
Aurreko artikuluak irakurtzean, ondorioztatzen da bigarrenak ez duela ezer adierazten lan-kontratuetan subrogazioa noiz egin behar den edo ez, eta alderdi formalak baino ez dituela aipatzen, baldintza-agiriak jaso beharreko informazioaren inguruan.
Udalhitz-eko 175. artikuluari dagokionez, bertan ezartzen da zenbaitetan, bederen, administrazioa beharturik dagoela baldintza-agirietan pertsonalaren subrogazio-klausula ezartzera.
Hartara, 175. artikuluko kasuetan, nahitaezkoa izango da subrogazio hori egitea.
175. artikuluan jasorik ez dauden kasuetan, hautazkoa izango da halako klausula bat sartzea.
Alabaina, Udalhitz-eko 175. artikuluak ez du inola ere debekatzen subrogazio klausulak ezartzea artikulu horretan jasotzen ez diren kasuetan.
Hau da, betebeharrik ez egotea ez da debeku bihurtzen.
Subrogazio-klausula ezartzeko berariazko debekurik ez dagoenez, dauden langileek emandako zerbitzuak erabiltzaileek ongi ebaluatzen dituztenean, baldin dena delako arloak egoki baderitzo, eta zuzenbidez kontrakoa ez denez, zerbitzuaren jarraitutasuna bermatu eta haren kalitatea sustatze aldera, subrogazio-klausula hori ezartzea egokia izan daiteke interes orokorrerako.
Auzi bera agertu da, besteak beste, Aragoiko Gizarte Zerbitzu eta Familia Sailean, eta emaitza hau izan da han:
«...Egoera bera urte asko badirela gertatu izan da, eta erakundeen eta fundazioen arteko lotura hitzarmen bat izenpetuz zertzen da. Sektore Publikoko Kontratuen buruzko urriaren 30eko 30/2007 Legea onartu eta gero, lege hori bete dadila eskatu izan da, eta hainbat instantziatatik behin eta berriz gomendatu izan da hitzarmenak utzi behar zirela, eta kontratu publikoen bidea erabili, legezkotasunaren berme gisa.
2010. urtean, adingabeen babeserako hainbat zentroren kudeaketaren kontratazioa prestatu eta lizitaziora atera egin da Aragoiko hiru probintzietan.
Kontratuetan pertsonalaren subrogazioaren aukera planteatu da, eta ezarri da subrogazioa eska daitekeela aurretik kontratu bat zegoenean bakarrik, ez hitzarmen bat. Hala, Zaragozako probintzian, zentro propioen artean, pertsonalaren subrogazioa eskatzen zaie Salduba, Medina Albaida, Juan de Lanuza I eta Juan de Lanuza II zentroei, aurretik kontratua zutelako, eta gainerakoei ez zaie halakorik eskatzen, administrazioarekin zuten lotura hitzarmen bidezkoa zen eta....»
«...Halaber, kexa aurkeztu duen herritarrak emandako informaziotik ondorioztatzen da adingabeen babeserako zentroetan egun beren funtzioak betetzen dituzten hezitzaileek badutela gizarte- eta hezkuntza-arloko unibertsitate-prestakuntza, bai eta esperientzia ere adingabeen harreran. Hartara, badirudi, hezkuntza-taldean hezitzaile-funtziotan diharduen pertsonalaren subrogazioa egiteko, adingabeen zentroetako hezkuntzaren kudeaketarako kontratuetan klausula bat ezartzeak pertsonal horren prestakuntza egokia bermatzen duela, lehendik funtzio horiek betetzen ari baitzen, hasitako hezkuntza-proiektuaren jarraitutasuna bermatzeaz gain, aldi berean; hori guztia mesedegarria gertatzen da adingabeen interesak artatzean.
Hori dela eta, egoki deritzogu Administrazio horrengana jotzeari, lehiaketa publikoen baldintza-agirietan hezitzaile-funtzioak betetzen ari diren langileen subrogazioa ezartzeko aukera iradokitze aldera, adingabeentzako egoitza-harrerako zentroen kudeaketa-kontratuak esleitzerakoan....»
«...Ebazpena.
Horregatik guztiagatik, Aragoiko Arartekoa arautzeko ekainaren 27ko 4/1985 legeak ematen dizkidan ahalmenez baliatuz, honako iradokizun hau egiten dizut:
Iradokizuna.
Gizarte Gai eta Familia Sailak aintzat hartu behar du lehiaketa publikoen baldintza-agirietan hezitzaile-funtzioak betetzen ari diren langileen subrogazioa ezartzeko aukera, adingabeentzako egoitza-harrerako zentroen kudeaketa-kontratuak esleitzerakoan.»
Beste alde batetik, erabaki juridikoei dagokienez, Auzitegi Nazionalaren epai hau aipatu behar da: Auzitegi Nazionala, Administrazioarekiko Auzietako Sala, 4. Sek., 2015-03-25 E, 180/2013 errek. (Ikus HKEEaren 1. oharra dokumentu amaieran).
Guztiz argigarria da epai horrek aztertzen ari garen gaiaren inguruan aipatzen duenaren aldetik; honako puntu nagusi hauek ditu:
Subrogazio-motak:
1.– Ope legis. Langileen Estatutuak ezarritakoa.
2.– Hitzarmen kolektibo bidezkoa (jardueraren sektorekoa).
3.– Kontratu edo hitzarmen bidezkoa (baldintza-agirietan ezarritakoa, administrazioaren borondate hutsez edo hitzarmen kolektibo propio baten bidez).
Horri dagokionez, eduki hauek nabarmendu behar dira:
– «subrogazioa egiteko betebeharra ex lege sortzen da, Europar Batasuneko araudiak eta Espainiako legediak berariaz hala ezarririk».
– «legeak determinatzen ditu subrogazioaren bidezkotasuna eta zuzentasuna, ez administrazio-klausulen agiriak.»
– «hitzarmen bidezko subrogazio baten kasuan, administrazioaren eta kontratista berriaren arteko ituna ezin da nahitaezkoa izan langileentzat.»
– «hitzarmen bidezko subrogazioa ezin da nahitaezkoa izan langileentzat; borondatezkoa da, ordea, eta horrelaxe ondorioztatzen da Kode Zibileko 1205. artikuluan jasoriko printzipiotik.»
Gure iritziz, halako klausulak ezartzea –eragindako langileak aurretiaz:
1.– SPKLko 25. artikuluan jasotzen den itunak egiteko askatasunaren printzipioak babestuta dagoelako. Horren arabera: «sektore publikoko kontratuetan, edozein itun, klausula eta baldintza sartu ahal izango da, baldin eta interes publikoaren kontra, antolamendu juridikoaren kontra, eta administrazio onaren printzipioen kontra ez badoa».
2.– SPKLko 120. artikuluan xedatzen denaren babesa ere baduelako: «Esleipendunari lan-harreman jakin batzuetan enplegatzaile gisa subrogatzeko betebeharra ezartzen dieten kontratuetan, kontratazio-organoak lizitatzaileei eman beharko die, baldintza-agirian bertan edo dokumentazio osagarrian, subrogazioak eragiten dien langileen kontratuetako baldintzei buruzko informazioa; hau da, neurri horrek ekarriko dituen lan-kostuen ebaluazioa egin ahal izateko beharrezkoa den informazioa.
Horretarako, esleitu beharreko kontratuaren objektu den prestazioa ematen ari den enpresak, subrogazioak eragiten dien langileak enplegatzen dituenak, kontratazio-organoaren esku jarri beharko du informazio hori, hark eskatutakoan.»
Ohar bedi arauan hitzez hitz «Esleipendunari lan-harreman jakin batzuetan enplegatzaile gisa subrogatzeko betebeharra ezartzen dieten kontratuak» aipatzen direla. Horrek, zalantzarik gabe, hiru subrogazio-motak barne hartzen ditu, eta ez du baztertzen hitzarmen bidezko subrogazioa.
3.– Azkenik, ez dugu uste horrelako klausula-mota ezartzea, kasu honetan konfiguratu den bezala, lehiakortasunaren aurkako bazterkeria bat denik.
Ondorioa.
Goian azaldutako guztiaren ildotik, akats edo omisiorik edo zuzenbidean hobeki oinarrituriko iritzirik egon ezean, irizten zaio ez dagoela legezko oztoporik baldintza-agirietan subrogazio-klausula sartzeko, unean enpresa esleipendun baten bidez zerbitzuak ematen dituzten langileen lan-kontratuetan subrogatze aldera. Era berean, askotan komenigarria dela irizten zaio, zerbitzuaren jarraitutasun eta kalitaterako.
Horrenbestez, ez dator bat Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren iritziarekin, azken horrek hau dioenean: «betekizun hori enpresen eta langileen arteko sektoreko hitzarmenetatik baino ezin da etorri.». Aitzitik, interes publikorako egokitzat joz gero, Udalak subrogazio-klausula horiek ezar ditzakeela irizten zaio (langileentzat nahizkotasunik ezarri gabe, baina bai enpresa esleipendunarentzat). Udalak libreki erabaki dezake halako klausulak ezartzea, edo betebehar hori bere gain hartu duelako, enplegatu publikoekin eginiko negoziazio kolektiboaren esparruan. Nolanahi ere, azken betebehar hori ere libreki hartu du, dagokion hitzarmen kolektiboa onartzean.
Hartara, ondorioa da Udalbatzak zuzen jokatu duela subrogazio-klausulen gaian.
– 4,2 milioiren truke esleitutako 4 kontratutan, bata Udalak esleitua eta 3 Begoñako ama egoitzak, esleipenerako legezko epea gainditu da (4., 17., 18. eta 19. espedienteak).
Alegazioak:
Eraikin publikoen garbiketa-zerbitzuen kontratuari buruzkoa da (2013. urteko espedientea). Auzitegiak nabarmen agertutako hutsa bi hilabeteko epeari dagokiona izan daiteke. Epe hori 161. artikuluko proposamenak irekitako unetik zenbatzekoa da (azalean ez zen bestelakorik adierazi), izan ere, 151.3. artikuluan aurreikusitako esleipendun proposamenean aurkeztutako dokumentazioa jaso eta errespetatu egin baitzen hurrengo bost egun balioduneko epea.
Horri dagokionez, adierazi beharra dago epe hori ez betetzeak ez duela eraginik prozeduraren iraungipen-epean (ez da ezeztatu behar, doktrinan finkatuta dagoen bezala, besteak beste, Andaluziako Kontratu Baliabideen Auzitegiaren 16/2015 Ebazpenean), baizik eta aurreikusitako legezko ondorio bakarra proposatutako esleipendunak eskaintza erretiratzeko duen aukera da; espediente horretan ez zen hori gertatu.
Horrez gain, egokia da adieraztea hasierako lizitazio-prozesuan atzera egin beharra izan zela, 2016ko urriaren 21eko 31/2016 zenbakiko Tokiko Gobernu Batzarraren erabakian adierazita dagoen bezala.
– 3,8 milioiren truke esleitutako 3 zerbitzu-kontratutan, bata Udalak esleitua eta gainerako biak Begoñako ama egoitzak, esleipendunei eskatutako behin betiko bermea ez dator bat kontratuaren prezio osoarekin, baizik eta urtebeteko kuota baten zenbatekoarekin (4., 17. eta 18. espedienteak).
Alegazioak:
Alegatzekorik ez. Huts egite baten ondorioz, urtebeteko bermearen zenbatekoa eskatu zen bi urtekoarena eskatu ordez.
– Espaloiak eta bideak mantentzeko zerbitzuaren kontratu mistotik eratorrita 679.399 euroren truke Udalak adjudikatutako 2 herri lanetako kontratutan, atzerapenak izan dira gauzatzeko garaian, eta kontratazio-organoak ez du onetsi epea luzatzea (3. espedientea).
Alegazioak:
Atal honetan adierazita dauden bi herri lanetako kontratuei dagokienez, zenbait atzerapen izan da bukatzeko garaian:
I. zatia:
– Berrantolatzeko akta sinatzea: 2016-06-28.
– Epea luzatzeko eskatzea, Iberdrolak eskatutako aldakuntzengatik (Santa Eulalia kalean behe eta erdi tentsioko lineak aldatzea).
– Santa Eulalia kaleko espaloi bakoitian dagoen zuntz-zementuzko 300 mm-ko diametro izendatuko hoditeria erretiratzearekin lotutako lanengatik eskatutako epe-luzatzea.
– Santa Eulalia kaleko espaloi bikoitian atzeraeman beharrean dagoen erdiko kale-argiaren kokapen zehatza jakin ezinak eragindako epe-luzatzea. Ez dakit hau komentatzea egokia iruditzen zaizuen ala ez, baina hori da egia.
– Beste alde batetik, eta proiektua idazteko garaian jakinaren gainean izan arren, kaleetako lokal eta etxebizitza guztietako sarbideak mantentzeak baldintzatu egin du obra. Baldintza-eragilerik handiena supermerkatuko sarrera izan da (DIA). Puntu hau nire iritziari dagokio, baina obra hori 3 hilabetean egitea betebehar zaila zen; lanak bukatzeko epea murritza zela uste dut.
– Lanari berari dagokionez, eta kale-argi bat atzeraeman, bolardoak kokatu eta paperontziak kokatzea bukatu gabe, 2017ko urtarrilaren 23aren inguruan bukatu zen.
– Azkenik, adierazi behar da ez dela sinatu Behin Betiko Jasotze Akta, gaur arte ez delako Likidazioa egin, eta hura sinatuta izan behar da gehienez ere Jasotze Akta sinatu baino hiru hilabete lehenagotik. Likidazioa obraren bukaerako takimetrikoaren baldintzapean dago.
II. zatia:
– Berrantolatzeko akta sinatzea: 2016-02-11.
– Gaurko egunean, 2017ko abenduaren 12an, obra bukatu gabe dago. Erremateak, kale-argiak eta bolardoak kokatzea falta da.
– Santa Eulalia kaleko espaloi bakoitian dagoen zuntz-zementuzko 300 mm-ko diametro izendatuko tutueria erretiratzearekin lotutako lanengatik gauzatutako epe-luzatzea.
– Pedro Ikaza kalean egindako eguneraketa berriek eragindako epe-luzatzea (euri-uren eta horniduren sareak lotzea).
– Santa Eulalia kaleko espaloi bikoitian harri bat agertu izanak eragindako epe-luzatzea.
– Beste alde batetik, eta proiektua idazteko garaian jakinaren gainean izan arren, kaleetako lokal eta etxebizitza guztietako sarbideak mantentzeak baldintzatu egin du obra.
Beraz, hainbat faktorek eragin dute obra finkatutako epean ez gauzatu izana.
Iruditzen zaigu, kontratuak beteaz edo ebazpenez iraungiko direla erabakita dagoen SPKLTBren 221. artikuluan finkatutakoari jarraituta, ebazpeneko espediente egokiaren bitartez azken aukera hori gauzatu gabe eta epea ez betetzea kontratistari leporatzeko aukeran oinarrituta, arrazoizkoa da adierazitako obra egiten bukatzea eta erdi bidean ez uztea forma-izaera hutseko izapide batengatik, aipatutako gertaera hori kasu honetan aplikatu ezin baita aplikatu. Atzerapen handiagoa eta aparteko kostua ekarriko luke ezarritako epean gauzatu gabeko kontratuaren azken zatia berriz ere adjudikatu beharra izateak. Hori dela eta, Administrazioak aukeratu zuen lanak aurreikusitako denboratik kanpora bukatzea.
Aurreko guztia adierazita ere, iruditzen zaigu epea luzatzea eskumena duen organoak erabaki beharko zukeela, eta aintzat hartuko dira etorkizunean gerta daitezkeen lan-atzerapenak.
Gainera, ondasun arruntak eta zerbitzuak erosteari dagokion 2016ko ekitaldiko gastu-gauzatzea aztertzeko lan-jardunean aurkitu da Udalak eta Begoñako ama egoitzak 4 ekinbide kontratatu zituztela 201.129 euroko zenbatekoaren truke, zeinetarako lehia-printzipioa aplikatzea exijitu daitekeen.
Alegazioak:
Gas-hornidurari dagokio. Gai honetan eskumen bultzatzailea daukan Herri lan eta zerbitzuen sailak izan ditzakeen iritziei kalterik eragin gabe, adierazi behar da aintzat hartzekoak direla aldez aurretik Bizkaiko Kontratazio Zentralaren inguruan emandako iritziak, Santurtziko Udalak ere bat egin baitu hornikuntza honetarako esparru-akordioarekin; horren inguruko espedientearen izapideak egiten ari dira orain. Zentralak kontratu-esparrua gauzatzen duenean, Udalak bere garaian hautatuko duten kontratistarekin egin ahal izango du horrekin lotutako kontratua.
Gas-hornidura nahiz garbitzeko eta norbere txukuntasunerako produktuen inguruan, lehenago adierazi dugun bezala, erakunde autonomoko Zuzendaritza Kontseiluaren 2017ko irailaren 26ko bileran eguneko gai-zerrendan sartu zuten erakundeak egindako txosten-proposamena, erakundearen lehendakaritzaren oniritziarekin Bizkaiko Kontratazio Zentral Foralera atxikitzeko. Era horretan, gasaren nahiz norbera txukuntzeko eta garbitzeko produktuen hornidura, besteak beste, jasotzen duten eta guretzat interesgarriak izan daitezkeen esparru-akordioetara atxikitzeko aukera izango dugu. Atxikitzeko hitzarmena sinatzeko beharrezko dokumentazioa bidali dugu, eta izenpetzeko zain gaude.
Mediku-zerbitzuari dagokionean, eman beharreko zerbitzuaren inguruko premia guztiak baloratzen ari dira, bai gaur egungo arau-esparruaren barruan, Gizarte Zerbitzuetako Zorroaren Dekretua indarrean sartu ondoren, eta bai 2018ko ekitaldian zehar zerbitzua lizitatzen hasteko egokia den premia- eta egokitasun-txostena osatzeko Euskadiko Autonomia Elkartearen esparruan etorkizunean adineko jendearentzako Egoitzen Dekretua izango denaren zirriborroa.
II.4.– Diru-laguntzak.
– 2016ko ekitaldian zehar Udalak ez du diru-laguntzak emateko deialdien inguruko informaziorik bidali Espainiako Diru-Laguntzen Datu Basera, ezta haren erakunde autonomoei buruzkorik ere, aipatutako plataforma horrek publizitate-sistema bezala lan egiteko helburuarekin.
– Bai Udalerriko 23 kirol elkarteei diru-laguntzak emateko Kiroletako Udal Kontseiluak onetsitako erregulazio-araudia eta bai 2016ko ekitaldirako hari buruzko deialdia, 232.972 euroko betebehar aitortuekin, posta elektroniko bitartez jakinarazi zaizkie elkarte horiei, eta webgunean nahiz BAOn argitaratu beharko lirateke.
Alegazioak:
Hain zuzen, prozedura adierazita dagoen modukoa da. Nolanahi, KUKeko webguneko gardentasun-atarian jarrita dago jadanik: http://www.santurtzikirolak.eus/.
Beste alde batetik, 2017. urtean zehar araudia aldatzeko proposamena landu da, eta BAOn argitaratuko da, dagokion gobernu-organoak onesten duenean. 2018an zehar argitaratzea espero dugu, eta, hori horrela izanik, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak emandako gomendioa betetzat joko genuke orduan.
III.5.– Berankortasuna eta beste alderdi batzuk.
– Santurtziko Udalaren eta haren erakunde autonomoen merkataritza-eragiketen ordainketa-epeak betetzeari buruz 15/2010 Legean aurreikusita dauden Diruzainak egindako hiruhileko txostenetan adierazita dagoenez, finkatutako 2016. ekitaldian legezko epea gaindituta egindako ordainketa guztiei buruzko ondorengo zenbateko eta ehunekoak daude:
– 2016. ekitaldiko Udalaren Ondasun eta Eskubideen inbentarioa osatzen duten elementuetako altak aztertzean, atzerapen esanguratsua azaldu da mugimendu batzuen izapideak egitean. Hori dela eta, komenigarria izango litzateke informazio-fluxurako zenbait barne-jarraibide onestea, tresna hori kudeatzen duen sailak eskura izan ditzan eguneratze egokia mantendu ahal izateko beharrezko datuak, nola denborari dagokionean, hala formari dagokionean ere.
Alegazioak:
«2016. ekitaldiko Udalaren Ondasun eta Eskubideen inbentarioa osatzen duten elementuetako altak aztertzeari eta tresna hori kudeatzen duen sailak eguneratze egokia mantendu ahal izateko beharrezko denbora- eta forma-datuak eskura izatea lor dezan informazio-fluxurako zenbait barne-jarraibide onesteko gomendioari dagokienean.»
Adierazi beharra dago arau batzuk idazten ari direla elementuak inbentariora eransteko, halako moduz non bi erregistroen artean doikuntza-desberdintasunik gerta ez dadin, nahiz eta kudeaketako sistema informatiko desberdinak noranzko bakarrean soilik txertatuak izan.
HKEE-REN OHARRAK