EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-04-30 Aldizkari honetan argitaratua: 2018082

ERABAKIA, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2018ko martxoaren 22ko bilkuran hartua, URA-Uraren Euskal Agentziari buruzko behin betiko fiskalizazio-txostena 2016koa onesten duena.

Xedapenaren data: 2018-03-22
Hurrenkenaren zenbakia: 201802346
Maila: Akordioa
Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2018ko martxoaren 22an egindako bilkuran
ERABAKI DU:
URA-Uraren Euskal Agentziari buruzko fiskalizazio-txostena 2016koa behin betiko onestea, Erabaki honen eranskin modura ageri dena.
HKEEren 1/1988 Legearen 13.2 artikuluak aurreikusten duena betez, txostenaren ondorioak dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratzeko xedatzea.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko martxoaren 22a.
HKEEren lehendakaria,
JOSÉ LUIS BILBAO EGUREN.
HKEEren idazkari nagusia,
JULIO ARTETXE BARKIN.
ERANSKINA
URA-URAREN EUSKAL AGENTZIARI BURUZKO FISKALIZAZIO TXOSTENA, 2016KOA.
Laburdurak.
EAO: Estatuko Aldizkari Ofiziala.
BBUP: Bilbao Bizkaia Uren Partzuergoa.
EAE: Euskal Autonomia Erkidegoa.
AFA: Arabako Foru Aldundia.
233/2007 D: 233/2007 Dekretua, abenduaren 18koa, Uraren Euskal Agentziak jarduerei hasiera ematea eta EAEren Administrazioaren baliabide pertsonal zein gauzazkoak erakundeari atxikitzeko baldintzak arautzen dituena.
EJIE: Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea, S.A.
EJ: Eusko Jaurlaritza.
1/2006 Legea: 1/2006 Legea, ekainaren 23koa, Urei buruzkoa.
30/1992 Legea: 30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Administrazio Publikoen eta Administrazio Prozedura Bateratuaren Araubide Orokorrari buruzkoa.
PNSP: Publikotasunik Gabeko Prozedura Negoziatua.
APKLEO: 1098/2001 Errege Dekretua, urriaren 12koa, Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorra onartzeko dena.
TRAGSATEC: Nekazaritzako teknologiak eta zerbitzuak, S.A.
SPKLTB: 3/2011 Legegintzako Errege Dekretua, azaroaren 14koa, Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko Legearen testu bategina onesten duena.
EAEHONALTB: 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri-ogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.
I.– Sarrera.
Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak 1/1988 Legean eta Epaitegiaren Osoko bilkurak onartutako Lanerako Planean ezarritakoari jarraikiz, Uraren Euskal Agentziaren (aurrerantzean, URA) 2016ko ekitaldiari dagozkion Urteko Kontuak fiskalizatu ditu.
Fiskalizazio lan honek honako alderdi hauek besarkatzen ditu:
– Legezkoak: aurrekontu, langileria eta ondasun eta zerbitzu kontratuetan ezargarria den arautegia bete dela egiaztatzea.
– Kontularitzakoak: urteko kontuak ezargarri zaizkion kontularitzako printzipioekin bat datozela egiaztatzea. URA auditatua izan da; honenbestez, gure lana auditoreen lan paperak berrikustera mugatu da eta hala behar izan denean, egoki iritzitako proba osagarriak egin ditugu.
– Lanaren zabalak ez du gastuaren eraginkortasun eta efikaziari buruzko azterlanik besarkatzen. Nolanahi dela ere, azaleratutako hutsak «Barne kontrolerako sistemari eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak» idazpuruan xehetasunez jaso ditugu.
URA 1/2006 Lege bitartez sortu zen Euskadiko uraren politika gauzatzeko; zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da, ingurumen gaietan eskumena duen EJko sailera atxikia, egun Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza saila dena. Egitekoei 2008ko urtarrilaren 1ean ekin zien, 233/2007 Dekretuari jarraikiz. Dekretu honek, gainera, funtzionarioak URAra atxikitzea arautzen du eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza Saileko Uren Zuzendaritzako eta lurralde-bulegoetako uren gaietan funtzioak dituzten lan kontratupeko langileen integrazioa.
URA EAEko erakundeen entea da, izaera publikoa duena eta bere helburua, modu deszentralizatuan, eskumeneko dituen jarduerak gauzatzea da; horiek, nagusiki, zuzenbide pribatuak arautzen ditu; salbuespen dira, ahalmen publikoa erabiltzea eskatzen duten jarduerak, zeinak zuzenbide publikoaren menpe dauden bete-betean. Halaber, 1/2006 Legearen 6.3 artikuluari jarraikiz, zerga gaietan indarreko zuzenbide publikoari meneratzen zaio, aurrekontu, ekonomia-kontrol, ondare eta kontratazio araubideari buruzkoari.
II.– Iritzia.
II.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.
Kontratazioa.
1.– Gasteizen Abetxukoko zubi zaharra zaharberritzeko aldatutako proiektuko lanak 486.807 euroren zenbatekoan esleitu dira, presa arrazoiak tarteko publikotasunik gabeko prozedura negoziatu bidez (SPKLTBren 170.e artikulua); ez da, baina, arrazoi hori justifikatu eta horretarako eskumena duen organoaren dagokion adierazpenik ere ez dago.
2.– hodi-biltzailea egikaritzeko Urumea ibaia Donostiako Martutene auzotik igarotzean uholdeetatik babesteko aldatutako proiektuaren obra osagarriak publikotasunik gabeko prozedura negoziatu bidez esleitu dira, 467.261 euroren zenbatekoan; ez da justifikatu, baina, hodi-biltzaile horren beharra ezin izan zela aldez aurretik aurreikusi eta lan hauek ezin zirela teknikoki edo ekonomikoki hasierako kontratutik bereiz, SPKLTBren 171.b artikuluak agintzen duen moduan.
Epaitegi honen iritzira, 1. eta 2. paragrafoetan zehaztu diren ez-betetzeak alde batera, URAk zuzentasunez bete du 2016ko ekitaldian ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duen lege arautegia.
II.2.– Urteko kontuei buruzko iritzia.
1.– URAk balantzeko aktiboaren «Ibilgetu materiala» idazpuruan 11,9 milioi euro kontabilizatu zituen 2008ko urtarrilaren 1ean, atxikitako aktiboei emandako balio garbiari dagozkionak 233/2007 Dekretuaren arabera, egoera balantzeko «Ondare garbia» kapituluaren «Funts soziala» kontuan abonatuz. Txosten hau idatzi dugun datan ez dugu hasierako atxikipenean jasotako ondasunen balio-bizitza, izate fisiko, osotasun eta balorazio banakakoaren xehetasunezko azterketa teknikorik eskura izan.
2.– «Ibilgetu materialak» 24 milioi euro barne hartzen ditu, EAEko ibai eta erreken ibilgu eta ertzak mantendu, zaindu, berreskuratu, lehengoratu eta ingurumena hobetzeko. Txosten hau jaulki dugun datan ez dugu aktibagarriak diren zenbateko eta kontzeptuak zehaztuko dituen txosten teknikorik eskuratzerik izan, gainerakoa ekitaldi bakoitzeko gastu modura erregistratu behar izan delarik. Gainera, ekitaldi bakoitzeko emaitzei egotzi behar zitzaizkiekeen gastu hauek finantzatzen dituzten Egoera Balantzeko «ondare garbian» erregistraturiko diru-laguntzak.
Epaitegi honen iritzira, 1. eta 2. paragrafoetan adierazitako salbuespenak alde batera, URAren 2016ko ekitaldiko kontu orokorrek alderdi esanguratsu guztietan 2016ko abenduaren 31ko ondarearen eta finantza egoeraren isla zuzena erakusten dute; baita, data horretan amaitutako urteko ekitaldiari dagozkion bere eragiketen eta eskudiruzko fluxuen emaitzena ere, ezargarria den finantza informazioaren arau-esparruaren arabera eta, zehazki, bertan jasotako kontularitzako printzipio eta irizpideen arabera.
III.– Barne kontrolerako sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak.
Atal honetan ekonomia-finantza jarduera arautzen duten printzipioak gehiegi eragiten ez dituzten akatsak ez ezik, kudeaketa hobetzeko azpimarratu nahi diren prozedurazko alderdiak ere azaleratu dira.
III.1.– Kontabilitatea eta Aurrekontuak.
– «Abian den ibilgetua» eta «Diru-laguntzak, dohaintzak eta legatuak» kontuek 2016ko abenduaren 31n URAk udal batentzat 1,5 milioi euroren zenbatekoan egikaritutako lanak besarkatzen dituzte, ekitaldian gastu eta sarrera modura erregistratu behar ziratekeenak.
– 2016ko abenduaren 31ko etorkizuneko konpromisoek ez dute 20,2 milioi euroren zenbatekoa besarkatzen, esleitutako kontratuei edo beste erakunde batzuekin izenpetutako hitzarmenei dagozkienak.
III.2.– Langileria.
– Aldi baterako langileen bederatzi kontratazioetatik bostetan ez dago ez aparteko inguruabarrak ez beharrizan premiazko eta atzeraezinak zeudela justifikatuko zuen dokumentaziorik (2016ko urterako Estatuko Aurrekontu Orokorren urriaren 29ko 48/2015 Legearen xedapen gehigarri hamabosgarrena).
– 2016an URAk txanda-kontratu bat izenpetu du beste dotazio batean ordezkotza-kontratu batekin egiteko berberak betetzen zituen pertsona batekin, eta ordezkapenetarako kontrataturiko bi pertsonak bi lanpostu huts bete dituzte lanpostuak aldi batean betetzeko barne deialdietan esku hartu ostean. Hiru langile hauek EAEko Administrazio Publikoko eta bere erakunde autonomoetako lan-poltsetatik kontratatu ziren, aurretik EJko Funtzio Publikoaren Zuzendaritzari eskaria eginez, kontratazioaren inguruabarra eta/edo balioetsitako denbora adieraziaz; honenbestez, hiru izendapen osagarri hauetarako berriz eskaera egin behar zitzaiokeen Funtzio Publikoaren Zuzendaritzari.
III.3.– Ondasun eta zerbitzuen erosketa.
– 2016an guztira 7,1 milioi euroan esleitutako 10 kontratazio espediente aztertu ditugu eta zera azaleratu da:
* Gobeoko zubi inguruan sedimentuak kentzeko proiektuaren obra kontratuan (1 zk. espedientea), 228.941 euroan esleitutakoan, proposamenak aurkezteko epea SPKLTBren 159. artikuluan finkatutakoa baino txikiagoa da.
* Aleko prezioetan guztira 1,2 milioi euroan esleitutako hiru kontratutan (1, 2 eta 3 espedienteak), pleguetan eskatutako eta eratutako bermea esleipen zenbatekoaren gainean kalkulatu da eta ez lizitazio zenbatekoaren gainean (SPKLTBren 95. artikulua).
* EAEko ibai eta erreken eta itsasertzaren ibilgu eta ertzak mantendu, zaindu, berreskuratu, lehengoratu eta ingurumena hobetzeko mantentze kontratuan (5. espedientea), 4,7 milioi euroan esleitutakoan, balioetsitako balioak ez du pleguetan aurreikusitako balizko aldaketaren % 10 barne hartzen (SPKLTBren 88. artikulua).
* Guztira 5,1 euroan esleitutako hiru kontratutan (1, 5 eta 9 zk. espedienteak), esleipen-irizpideen balorazio txostenean emandako puntuazioak –zeinetan balio judizioa egitea eskatzen den– ez dira behar hainbat arrazoitu.
* 332.062 euroan esleitutako kontratu batean (7 zk. espedientea) ez dago jasoa kontratuaren formalizazioa BOEn argitaratu denik (SPKLTBren 154.2 artikulua).
* 228.941 euroan esleitutako kontratu batean (1 zk. espedientea) ez da lanerako programa onartu. 467.261 euroan esleitutako beste kontratu batean (3 zk. espedientea) lanerako programa obrei ekin ostean onartu da (APKLEOren 144. artikulua).
– Kontratu txiki modura izapidetutako erosketak aztertzean ikusi da ondotik adierazitakoak publikotasunik gabeko prozedura negoziatu bidez esleitu behar ziratekeela, haien kopurua aintzat hartuta:
III.4.– Beste alderdi batzuk.
– URAk 2,6 milioi euro 30 eguneko gehienezko epea gaindituta ordaindu ditu (hornitzaileei 2016ko ekitaldian egin zaizkien ordainketa guztien gainean % 8,9), merkataritzako eragiketetan berandutzaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 29ko 3/2004 Legearen 4. artikuluak agintzen duena.
IV.– Urteko Kontuak.
Egoeraren balantzea.
Galera-irabazien kontua.
Ondare garbian aldaketen egoera-orria.
Eskudiruzko fluxuen egoera.
URA-URAREN EUSKAL AGENTZIAK 2016KO EKITALDIAN IZANDAKO FISKALIZAZIO-EMAITZEN GAINEKO ALEGAZIOAK
I.– Sarrera.
URA-Uraren Euskal Agentziaren 2016ko fiskalizazioaren emaitzei erantzuteko, txosten honetan, agentziak erreferentziazko gaiaren gainean egin nahi izan dituen eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoan zentralizatu diren alegazioak eta justifikazioak aurkezten dira.
II.– Iritzia.
II.1.– Legezkotasuna betetzeari buruzko iritzia.
«Vitoria-Gasteizko Abetxukoko zubi zaharra birgaitzeko proiektu aldatuaren lanak, premiazkoak zirela-eta, 486.807 euroan esleitu dira publizitaterik gabeko prozedura negoziatu bidez (SPKLTBren 170.e artikulua). Aitzitik, ez da premia hori justifikatu, eta organo eskudunak ez du dagokion adierazpena egin.»
Alegazioa.
«Abetxukoko zubi zaharra birgaitzeko proiektu aldatua» delakoaren lanak egikaritzean, hainbat intzidentzia egon ziren, eta ondorioz, jada hasitako obrak eten egin behar izan genituen, premiaz abiarazi behar ziren hainbat lan hasita zeuden arren. Horri dagokiola, jardueraren lizitazioa egiteko beharrezkoa den dokumentazioarekin batera, justifikazio-txostena idatzi zen, eta premiaz kontratatzeko beharraren arrazoiak zerrendatzen ziren bertan (ikus 1. Oharra dokumentuaren amaieran).
II.2.– Urteko kontuei buruzko iritzia.
««Ibilgetu materialak» barne hartzen ditu EAEko ibai eta erreketako ibilguen eta ibarren ingurumena mantentzeko, kontserbatzeko, berreskuratzeko, leheneratzeko eta hobetzeko zerbitzuen fakturei dagozkien 24 milioi euro. Txosten hau idatzi zen unean, ez genuen zenbateko eta kontzeptu aktibagarriak zehazteko txosten teknikorik, eta gainerakoa ekitaldi bakoitzaren gastutzat erregistratu behar izan da. Halaber, ekitaldi bakoitzaren emaitzei egotzi behar zitzaizkien gastu horiek finantzatzen dituzten eta Egoera Balantzearen «ondare garbian» erregistratuta dauden diru-laguntzak.»
Alegazioa.
Uraren Euskal Legeari buruzko 1/2006 Legearen ekarpen berritzaileetako bat izan zen atal honetan aipatutako lanak «Obra Hidraulikoaren» definizioaren eta kontzeptuaren barruan sartu zirela.
Lege horren 2.31. artikuluak honela definitzen du obra hidraulikoa (ikus 2. Oharra dokumentuaren amaieran):
– «Obra hidraulikoa: halakotzat hartzen dira ur-masak, horien ingurua eta horiei lotuta dauden ekosistemak lehengoratzeko eta horien guztien egoera ekologiko ona lortzeko egindako lanak; ura hartu, atera, gatzgabetu, gordeta eduki, arautu, bideratu, kontrolatu eta aprobetxatzeko egindako eraikuntzak nahiz erabilitako uren saneamendurako, urok arazteko, tratatzeko eta berriz erabiltzeko moduan uzteko egindakoak (ondasun higiezinak); akuiferoak modu artifizialean berriz betetzeko egindako lanak, ibai-ibilguetako lanak, ur-lasterrak egokitzeko egindakoak eta uraldietatik babesteko egindakoak; eta, horiekin batera, obra hidraulikotzat hartzen dira uraren jabari publikoa babesteko beharrezkoak diren lanak ere.»
Zenbait kasutan, inbertsioarekin eraikinak edo elementu «gogorrak» edo higiezinak altxatzen dira; baina, beste zenbait kasutan, inbertsioa ertzen morfologian esku hartzean, betegarri artifizialak ezabatzean, zuhaitz-elementu desegokiak erauztean, edo, ostera, ibarra birmoldatu eta teknika bigunekin neutralizatzean eta tokiko landare-elementu egokiak ezartzean datza. Kasu orotan, tradizioz inbertsiotzat hartzen diren obra gogor klasikoekin lortu nahi diren helburu berdinak lortzea da xedea, eta obra suabeago eta naturalago horiek iraganean «obra hidrauliko klasikotzat» hartzen zirenak adina obra eta inbertsio dira.
Horrenbestez, Agentziaren hastapenetatik eta egindako ikuskapen guztietan, ez da inoiz jarduera horien izaera zalantzan jarri eta inbertsiotzat hartu dira beti.
III.– Barne-kontroleko sistemei eta kudeaketa-prozedurei buruzko gogoetak.
III.1.– Kontabilitatea eta Aurrekontuak.
«2016ko abenduaren 31n, «jadaneko ibilgetuaren» eta «diru-laguntzen, dohaintzen eta legatuaren» kontuek URAk udal batentzat egindako obrak jasotzen zituzten, 1,5 milioi euroko zenbatekoan, eta ekitaldiko gastu eta diru-sarreretan erregistratu behar ziren.»
Alegazioa.
2016ko abenduaren 31n, «Donostiako Martutene auzoa Urumea ibaiaren uholdeen kontra babesteko proiektu aldatua» ez zegoen amaituta oraindik, eta, izan ere, 2017ko urtean zehar egikaritzen jarraitu da. URAren obra guztietan, honako irizpide hau aplikatzen da: behin zuzendari nagusiak kontratuaren amaierako ziurtagiria onartzeko ebazpena sinatzen duenean, obraren guztizko zenbatekoa ibilgetu materialean aktibatzen da, eta dagokion amortizazioa burutzen da. Udalari entregatzen zaion obraren zatia «Beste erakunde batzuek kudeatutako ondasunen» eta «diru-laguntzen, dohaintzen eta legatuen» kontuetan sartzen da, dagokion aktaren bidez entrega egin ondoren. Beraz, 2016ko abenduaren 31n, ez zegokion inongo kontabilitate-mugimendurik egitea, obra ez zegoelako amaituta eta entregatuta.
III.2.– Langileak.
«Aldi baterako bederatzi langileren kontratazioa aztertu da, eta bosten kasuan ez dago ezohiko baldintzak edota premiazko behar atzeraezinak justifikatzeko dokumentaziorik (2016ko Estatu Aurrekontu Orokorrei buruzko urriaren 29ko 48/2015 Legearen Hamabosgarren xedapen gehigarria).»
Alegazioa.
Aztertutako langile-kontratazio guztiak erabat justifikatutako kontratazioak dira, lanpostu horiek une horretara arte beteta zeudelako eta arrazoi desberdinengatik hutsik geratu zirelako: 2 amatasun-baimen, aldi batera ezintasunaren ondoriozko baja bat, eszedentzia bat, eta, azkenik, lanpostuan zegoen pertsona Agentzia utzi izana.
«2016an, URAk errelebo-kontratua sinatu zuen ordezkapen-kontratu bidez beste zuzkidura batean funtzio berdinak betetzen zituen pertsona batekin. Halaber, bi lanpostu huts bete dira ordezkapenak egiteko kontratatu ziren bi pertsonarekin, pertsona horiek behin-behineko hornikuntzarako barne-deialdietan parte hartu ondoren. Hiru langile horiek EAEko eta haren Organismo Autonomoetako Herri Administrazioaren lanpo-poltsetatik kontratatu ziren, EJren Funtzio Publikoko Zuzendaritzak hala eskatuta eta kontratazioaren baldintzak eta/edo gutxi gorabeherako iraupena adierazita. Horrenbestez, Funtzio Publikoko Zuzendaritzari eskaera berria egin behar zitzaion hiru izendapenak egiteko.»
Alegazioa.
Kontuen Euskal Epaitegiak txostena idatzi zuen, lanpostu hutsak bete arte aurretiaz Eusko Jaurlaritzaren lan-poltsetatik kontratatu ziren pertsonekin aldi baterako bitarteko kontratuak formalizatzeari buruz, eta, horri dagokiola adierazi behar da:
Urei buruzko ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 8.2. eta 8.4. artikuluen arabera, Uraren Euskal Agentziaren zerbitzura kontratatutako langileak lan-zuzenbidearen arabera arautzen dira, eta Uraren Euskal Agentziaren esku dago lanpostuak betetzeko araubidea erabakitzea, baldintzak eta sarrera-proben ezaugarriak zehaztea eta lanpostuak betetzeko eta laneko sustapeneko prozedurak deitzea, kudeatzea eta ebaztea, betiere merezimenduko eta gaitasuneko printzipioekin bat.
Uraren Euskal Agentziaren Estatutuak onartzen dituen martxoaren 10eko 25/2015 Dekretuaren 14.4. artikuluak ezartzen du lan-kontratudun langileentzat gordetako lanpostuak Agentziaren Zuzendaritza Nagusiaren deialdi publiko bidez hornituko direla, eta lanpostu publikoak lortzeko prozesuak arautzen dituzten printzipioak zorrozki beteko direla.
Aipatutako Dekretuaren 7.2.m) artikuluak xedatzen du Zuzendaritza Nagusiari dagokiola Agentziaren lanpostuak betetzeko prozedurak deitzea eta ebaztea.
Langile horiek Eusko Jaurlaritzaren lan-poltsetatik kontratatu ziren, hain zuzen ere, eta, beraz, iritz dakioke lanpostu publikoak lortzeko merezimenduko eta gaitasuneko printzipioak bete zirela. Gero, Uraren Euskal Agentziaren langile gisa zerbitzu aktiboa ematen zutenez, aipatutako langileek lan-kontratudun langileen aldi baterako mugikortasun-prozeduretan parte hartu zuten, haiek lanean zeuden bitartean Agentzian deialdia egin baitzen hutsik zeuden lanpostuak aldi batez hornitzeko, lanpostu horiek arauen arabera bete arte. Agentziaren Zuzendaritza Nagusiak deialdi publiko bidez onartu zituen prozedura horiek, Estatutuetan ezartzen denarekin bat, eta, prozedura horien bitartez, aipatutako langileek hutsik zeuden lanpostuak bete zituzten bitarteko lan-kontratuekin, lanpostu horiek arauen arabera bete arte.
Barne-mugikortasunerako prozedura horiek Uren Legearen eta Uraren Euskal Agentziaren Estatutuen arabera burutu dira, eta, horrenbestez, irizten zaio ez zaiola Funtzio Publikoko Zuzendaritzari eskaera berria egin behar, Epaitegiak bere txostenean adierazten duen bezala. Izan ere, aldi baterako hornikuntza horiek horretarako ezarritako prozeduraren emaitza izan dira, eta lanpostu publikoak lortzeko printzipioak zorrozki bete dira.
III.3.– Ondasunen eta zerbitzuen kontratazioa.
«Hiru kontratu esleitu dira (1., 2. eta 3. espedienteak) 1,2 milioi euroko unitateko kostuarekin, eta baldintza-orrietan eskatutako eta ordaindutako bermea esleipen-zenbatekoaren arabera kalkulatu da, lizitazio-zenbatekoaren arabera kalkulatu beharrean (SPKLTBren 95. artikulua).»
Alegazioa.
1., 2. eta 3. espedienteetan, Eusko Jaurlaritzak ezarritako irizpidea aplikatu da, eta, hala, baldintza-orrietan eskatu zen eta ordaindu den bermea esleipen-prezioaren % 5 izan da eta ez lizitazio-prezioarena.
«EAEko ibai eta erreken eta itsasbazterren ibilguen eta ertzen ingurumena mantentzeko, leheneratzeko eta hobetzeko kontratua (5. espedientea) 4,7 milioi euroan esleitu da, eta kalkulatutako balioak ez du baldintza-orrietan aurreikusten den aldaketa posibleen % 10 hori barne hartzen (SPKLTBren 88. artikulua).»
Alegazioa.
EAEko ibai eta erreken eta itsasbazterren ibilguen eta ertzen ingurumena mantentzeko, leheneratzeko eta hobetzeko kontratuan (5. espedientea), kalkulatutako balioak aurreikusitako luzapenaren balioa barne hartzen du soilik. Dena den, baldintza teknikoen orrietan aipatutako aldaketak ez dira kontratu-aldaketak, ez diotelako hasieran kontratatutakoari prestazio osagarririk eransten, ezta kontratuaren xedea zabaltzen ere, kontratua prestatzeko dokumentazioan aurreikusita ez zeuden helburu berriak betetzearren. Halaber, ez dute modu independentean erabili edo aprobetxatu ahalko litzatekeen prestaziorik gehitzen ere. Horregatik, ez ziren kalkulatutako balioan barne hartu.
Kontratua egikaritu bitartean egin litezkeen hobekuntzen atalean jaso ziren, eta, beraz, ez dituzte eskatutako prestazioaren izaera eta balioa aldatzen, prestazioaren eraginkortasuna handitu baizik. Erabilitako kontzeptuan egindako akats bat da.
«Hiru kontratu esleitu ziren (1., 5. eta 9. espedienteak) 5,1 milioi euroan. Esleipen-irizpideak aplikatzeko balio-judizioa egin behar da, eta esleipen-irizpideen balorazio-txostenean kontratu horiei emandako puntuazioak ez daude behar beste arrazoituta.»
Alegazioa.
1. eta 5. espedienteen kasuan, irizten zaio eskaintza teknikoei buruz egindako balorazio-txostenetatik informazio egokia eta nahikoa atera daitekeela esleitutako puntuazioak justifikatzeko.