EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-04-27 Aldizkari honetan argitaratua: 2018081

EDIKTUA, ezkontzaz kanpoko seme-alabentzako neurrietarako 907/2016 prozeduraren ondoriozkoa.

Xedapenaren data: 2018-03-23
Hurrenkenaren zenbakia: 201802327
Maila: Ediktua
Barakaldoko Lehen Auzialdiko 5. zenbakiko Epaitegia (Familia).
Judizioa: 907/2016 ezkontzaz kanpoko seme-alabentzako neurriak.
Demandatzailea: A.E.M.C.
Abokatua: Eriz Vazquez Larroca.
Prokuradorea: Maria Felicidad Llama Diaz De Cerio.
Demandatua: Ivan Patricio Aguirre Quezada.
Gaia: ezkontzaz kanpoko seme-alabentzako neurriak.
Judizio horretan, epaia eman da 2018-03-19an. Hona hemen epaitza:
211/2018 EPAIA
Epailea: Ana Isabel Viaña Ranilla andrea.
Lekua: Barakaldo (Bizkaia).
Eguna: bi mila eta hemezortziko martxoaren hemeretzia.
Alderdi demandatzailea: A.E.M.C.
Abokatua: Eriz Vazquez Larroca.
Prokuradorea: Maria Felicidad Llama Diaz de Cerio.
Alderdi demandatua: Ivan Patricio Aguirre Quezada.
Abokatua.
Prokuradorea.
Judizioko gaia: neurri pertsonalak eta mantenu-neurriak ezkontzaz kanpoko seme-alaben kasuan.
EPAITZA
Partzialki baietsi da A.E.M.C. andreak jarritako demanda, Ivan Patricio Aguirre Quezada jaunaren aurka. Horrenbestez, zilegi da beraien artean adostu duten erabaki hau onartzea, beren seme-alaben (XXXXX eta XXXXX) gaineko behin betiko neurriei buruz. Hona hemen erabaki horren xedapenak, hitzez hitz:
GURASO-AHALA
Bi gurasoek baliatuko dute, elkarrekin. Guraso-ahala elkarrekin baliatuko dutenez, beharrezkoa izango da bien baimena edukitzea adingabeen bizilekuari, osasunari edo hezkuntzari buruzko erabakirik esanguratsuenak hartu eta betearazteko orduan. Jarraian azaltzen diren erabakiak adostu egin beharko dira, hartu baino lehen, eta gurasokideetako batek ere ezingo ditu bakarrik bete: adingabeen bizilekua ezartzeko eta ondoren lekuz aldatzeko (are herri berdinean izanda ere) erabakiak; Espainiatik kanpora lekualdatzeko erabakiak, are oporrak edo ikasketak tarteko gertatzen direnean; ikastetxea aldatzeko erabakiak, hitzarmen hau indarrean den unean daukaten ikastetxea ez bada; edo hezkuntza-zikloa aldatzean dagokien ikastetxea aukeratzeko erabakiak; eskolaz kanpoko jarduera iraunkorrak, jolas-erakoak edo ludikoak; erlijio-praktikei eta -sinesmenei buruzko erabakiak; ohiko azterketan sartzen ez diren edo atzera ezinezko larrialdiak ez diren tratamendu medikoei buruzko erabakiak, batez ere kirurgia tartean denean; tratamendu edo terapia psikiatriko edo psikologikoei buruzko erabakiak, eta abar.
Goian aipatutako alderdiei buruzko erabakiak hartzean, beraz, halakorik hartu nahi duen gurasokideak argi eta garbi jakinarazi beharko dio beste gurasokideari, kasuan kasuko erabakia betetzen hasi baino lehen. Hala, erabakiaren edukiaren eta jaso izanaren berri modu sinesgarrian ematen duen edozein bitarteko erabiliko du, beste gurasokidearen baimen osagarria lortzeko, beharrezkoa baita. Legezko ondore guztietarako, jakinarazitako egintza zehatzerako baimen hori emantzat joko da, baldin eta hartzaileak ez badu kontrakorik erantzuten, jakinarazpena jaso eta hurrengo hamabost egun naturaletan. Desadostasunik badago, bi gurasokideek hitzarmen honen klausula egokian araututako bitartekaritza-mekanismoa baliatu beharko dute; horrek ere huts egiten badu, ebazpen judiziala ezarri beharko da, adostu ez den edozein erabaki bete baino lehen.
Goian adierazitakoen bestelakoak diren eta adingabearen ohiko edo eguneroko gaiei eragiten dieten erabakiak, elikadura, arropa, higienea, garraioa, ordutegiak, eskolako, jaietako eta bestelakoetako ekitaldietako partaidetza... mintzagai, adingabeak berarekin dituenak hartuko ditu, agiri honetan ezarritako bizikidetza-araubidearen arabera. Nolanahi ere, adingabeek bizikidetza hautsi aurretiko bizitzan zituzten ohiturak ez aldatzeko saiakera egingo dute gurasokide biek.
Ezgaitasunen bat eragiten duen istripurik, gaixotasun larririk, ospitaleratzerik edo barneratzerik gertatuko balitz, lekualdaketa geografiko luzea egongo balitz, edo edozein inguruabar dela-eta, gurasokideetako edozeinek ondoz ondoko bi asteetako txandatan edo luzaroago ezin badu zaintza modu normalean gauzatu, zaintza-araubidea legez aldatu arte ezinbestekoa izango da beste gurasokidea arduratzea zaintzaz, eta ez, ordea, beste edozein pertsona, ezta behin-behinean ezgaituta edo kanpoan den gurasokidearen ohiko familiako edo etxeko pertsona bat bada ere. Halako kasuetan, bi gurasokideek berariaz daukate bestearen baimena, agiri honen arabera, zuzenean hartzeko adingabeen zaintza, eta pertsonalki jaso ahalko dituzte dauden lekuan, hirugarrenek entregatu edo izapiderik egin behar izanik gabe.
ZAINTZA
Bi gurasokideek elkarrekin partekatuko dute zaintza, txandakako asteetan. Aldi horietako bakoitza ostiralean hasiko da, eskolak edo ikastetxeko eskolaz kanpoko jarduerak amaitzen diren orduan. Aste bakoitzean adingabeekin bizi den gurasokideak ikastetxean edo eskolako autobus-geltokian (hala badagokio) jaso beharko ditu, ostiral arratsaldean, ikastetxeak ezarritako ordutegian. Gaixotasun arin baten edo salbuespeneko beste edozein egoeraren ondorioz adingabeetako edozein ez bada ostiral horretan ikastetxera joan hura jasotzeko ordura arte, aurreko astean bizitzen egon den gurasokidearen etxean jasoko da. Adingabeak jasotzeko zeregina, edonola ere, adingabearekin bizi den gurasokideek izendatutako pertsonei eskuordetu ahal izango zaie.
Zubietan edo asteburu luzeetan, asteburu horretan adingabeekin egon behar zuen gurasokideak zubiko egun guztiak emango ditu beraiekin, aurreko edo ondorengo egunak batuta. Horrenbestez, osteguna jai-eguna bada eta ostiralarekin batuta zubia osatzen badu, aurreko asteazkenean egingo da txanda-aldaketa, eskolak amaitzean; jai-eguna asteartea bada eta astelehenarekin batuta zubia osatzen badu, txanda-aldaketa aurreko ostiralean egingo da. Zubian sartzen diren jai-egunak ez dira inola ere banatuko.
Bizikidetza besteari dagokion asteetan ezingo da bisitarik egin. Adingabeekin bizi ez den gurasokideak telefonoz, mezu elektroniko bidez edo bideo-konferentziaz hitz egin ahalko du adingabeekin, egunean gutxienez behin, adingabeen eguneroko errutinak aldatzen ez dituen ordutegian eta iraupenaz. Adingabeekin dagoen gurasokideak komunikazio hori ahalbidetzeko beharrezko bitartekoak erraztu beharko ditu, familiako erabileren arabera.
Nazio barruan egiten diren ustezko bidaietan, gurasokideek elkarri jakinarazi beharko dizkiote, aurrerapen nahikoarekin, jomuga, egongo diren lekuaren helbide zehatza, eta beraiekin harremanetan jarri ahal izateko telefono-zenbaki bat, bai eta osasunaren egoera eta tratamenduak ere, gaixotasun arinik balego.
OPORRAK
Eskolako oporretan, aldietako bakoitzaren erdia egokituko zaio gurasokide bakoitzari, jarraian zehazten diren berezitasunekin. Hasteko eta amaitzeko egunak eskolako egutegi ofizialaren arabera zehaztuko dira.
Gabonetako eskola-oporrak bi alditan banatuko dira: lehen aldia eskolak amaitzen direnetik abenduaren hogeita hamaikako hamarrak arte; eta bigarren aldia lehena amaitzen denetik eskolak hasi arte.
Aste Santuko oporrak iraupen bereko bi alditan banatuko dira. Opor-egunen kopurua, guztira -«eskola-egun ez diren» egunak batuta-, bikoitia bada, bigarren aldiko lehen eguneko goizeko hamarretan entregatuko dira adingabeak, egun hori jai-eguna den ala ez gorabehera; kopurua bakoitia bada, bestalde, bi aldien artean geratzen den eguneko arratsaldeko lauretan egingo da entrega.
Udako oporrak iraupen bereko bi alditan banatuko dira. Udaleko opor-egunen kopurua, guztira, bikoitia bada, bigarren aldiko lehen eguneko goizeko hamarretan entregatuko dira adingabeak; kopurua bakoitia bada, bestalde, bi aldien artean geratzen den eguneko arratsaldeko lauretan egingo da entrega. Bi gurasokideen artean erabakitzen badute adingabeetako bat edo biak udalekuetara edo atzerriko ikastaroetara joango direla, aldi hori kendu egingo da oporren zenbaketa osotik, geratzen den denbora erditik banatzeko.
Aitak urte bikoitietan aukeratuko du zein aldi hartu nahi duen; amak, ordea, bakoitietan. Gabonetako oporrak horien hasierari dagokien urte bakoitian edo bikoitian sartuko dira. Adingabeak jaso eta entregatzeko, dagokion opor-aldian adingabeekin egon den gurasokidearen etxea erabiliko da, baina hirugarren pertsonei eskualdatu ahalko zaie zeregin hori.
Hiru aldietako bakoitza aukeratzean, dagokion gurasokideak besteari jakinaraziko dio, zuzenean, aldi hori hasi baino gutxienez hamabost egun natural lehenago, idatzizko edozein bitarteko sinesgarri erabilita (posta elektronikoa barne). Aurrerapen nahikoarekin eta modu sinesgarrian jakinarazten ez bada, aldi zehatz hori aukeratzeko eskubidea galduko da, eta beste gurasokidearengana pasako da. Azken horrek dagokion aldia hasi aurreko edozein unetan jakinarazi ahalko dio txanda galdu duen gurasokideari.
Oporretako txandetan, adingabeekin bizi ez den gurasokideak telefonoz, mezu elektroniko bidez edo bideo-konferentziaz hitz egin ahalko du adingabeekin, egunean gutxienez behin. Adingabeekin dagoen gurasokideak komunikazio hori ahalbidetzeko beharrezko bitartekoak erraztu beharko ditu, familiako erabileren arabera.
Opor-aldietako bakoitza amaitu ondorengo lehenengo eskola-astean adingabeak dagokion opor-aldiko bigaren zatia eman ez duten gurasokidearekin biziko dira. Horretarako, oporren osteko lehenengo eskola-eguneko ordutegia amaitzean jasoko dira, hurrengo ostiralera arte. (31)
EGUN BEREZIAK
Aitaren edo amaren urtemuga ospatzean, adingabeak egun horretan urteak betetzen dituen gurasokidearekin ez badaude, seme-alabak harekin egon ahalko dira, bi orduz, eskolatik irteten direnetik, eskola-eguna bada, eta lau orduz, egunez, urteak betetzen dituen gurasokideak aukeratuta, asteburua edo oporrak badira.
MANTENUA
Gurasokideetako bakoitzak zuzenean aseko ditu adingabeen ohiko arretak, berekin dauden bitartean. Gurasoen artean ez da aldizkako prestaziorik ordaindu behar.
Hezkuntzaren ohiko gastuak, hau da, irakaskuntza arautua, jantokia, eskola-garraioa, asegurua, gurasoen elkartea, irteerak, edo ikastetxetik kanpoko ohiko eskola-jarduerak, testu-liburuak eta gainerako eskola-materiala, uniformeak, arropa eta eskolan erabiltzeko osagarriak, bi gurasokideek ordainduko dituzte: erdi bana. Horretarako, bankuko kontu korronte bat irekiko da, titulartasun partekatu solidarioa duena, bien artean (soilik), eta bertan gurasokidetako bakoitzak hilero 100 euro sartuko ditu, edo hilabete bakoitzeko lehen egunen barruan, KPIren edo haren ordezko indizearen arabera eguneratutako batura. Kontu horretako karguak, ahal dela, kasuan kasuko ordainagiriak bankura helbideratuta edo zor-txartelen bidez ordainduta egingo dira. Gainerako kasuetan, dagokion gastua egin duen gurasokideak kasuan kasuko gastuaren idatzizko fakturak edo egiaztagiriak gordeko ditu, beste gurasokideak egiazta ditzan, hala eskatuz gero, egindako erosketaren datatik gutxienez hiru hilabeteko epean.
EZOHIKO GASTUAK
Ezohiko gastuak gurasokide biek erdi bana ordaindu beharko dituzte. Ezohiko gastuak izango dira ezustekoak direnak eta aldian-aldian sortzen ez direnak, hau da: gaixotasun, ospitaleratze, tratamendu berezi, odontologia, ortodontzia eta optikako gastuak nahiz farmaziako gastuak, gizarte-segurantzak edo gurasokideei dagokien beste edozein mutualitate edo erakundek estaltzen ez dituenak; eskolaz kanpoko edo eskolan laguntzeko jarduerak; ikastetxetik kanpoko ikastaroak, eta abar. Atzeratu ezin den larrialdirik ez badago, gurasokideek gastua eragingo duen gertaeraren berri eman beharko diote beste gurasokideari, aldez aurretik, baita gastu horren zenbatekoa jakinarazi ere, biek onar dezaten. Gastua jakinarazi eta zortzi egun naturaleko epean erantzuten ez bada, harekin ados dagoela ulertuko da. Gastua babesten duen erabakirik edo ebazpen judizialik ez badago, hura sortzen duen jarduera edo gertaera erabaki duen pertsonak ordaindu beharko du gastua, eta alde bateko erabaki horrek ezingo du, inola ere, bizikidetzako txandakako araubidea aldatu.
Horrez gain, prozedura honetan sortutako kostuen gaineko berariazko erabakirik ez da hartzen.
Aurkaratzeko modua: Bizkaiko Probintzia Auzitegian aurkeztutako apelazio-errekurtsoaren bidez (PZLb, 455. artikulua). Errekurtsoa egiteko, idazkia aurkeztu behar da epaitegi honetan, hogei egun balioduneko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera. Idazki horretan, bestalde, hauek adieraziko dira: aurkaratzea zein alegaziotan oinarritzen den, eta apelatutako ebazpena eta aurkaratutako erabakiak zein diren (PZLb, 458.2 artikulua).
Errekurtsoa jarri ahal izateko, 50 euroko gordailua eratu beharko da, eta, baldintza hori bete ezean, ez da hura izapidetzea onartuko. Gordailua egiteko, zenbateko hori zainpean jarri beharko da epaitegi honek Banco Santander banketxean duen Gordailuan eta Zainpean jartzeko Kontuan. Kontuaren zenbakia hauxe da: ..... Ordainagiriaren kontzeptua idazteko hutsunean, «errekurtsoa» dela adierazi beharko da (kodea: 02-Apelazioa). Diru-kopuru hori zainpean jarri izana egiaztatu beharko da errekurtsoa aurkeztean (BJLOko 15. xedapen gehigarria).
Errekurtsoa jartzeko, gordailua eratzetik salbuetsita daude aipatutako xedapenaren 5. paragrafoan aipatzen direnak, eta doako laguntza juridikorako eskubidea aitortua dutenak.
Eta epai honen bidez erabaki, agindu eta sinatzen dut.
Ivan Patricio Aguirre Quezada demandatuaren egungo bizilekua ezezaguna denez, aipatutako ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ediktu bidez jakinaraztea erabaki da, Prozedura Zibilaren 1/2000 Legearen 497.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.
Ebazpen horren aurka, apelazio-errekurtsoa aurkez dezake demandatuak, zeina auzi-ihesean baitago.
Interesdunak eskuragarri du jakinarazten den ebazpenaren testu osoa, auzitegi honetako bulego judizialean.
Barakaldo (Bizkaia), 2018ko martxoaren 23a.
JUSTIZIA ADMINISTRAZIOAREN LETRADUA.