EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-04-26 Aldizkari honetan argitaratua: 2017080

HITZARMENA, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren artekoa, zeinaren bidez aldatzen baita 2017ko abenduaren 1ean sinatutako kudeaketa-gomendioari buruzko hitzarmena, EAEko langabeentzat eta landunentzat den prestakuntza-programazioa gauzatzeko dena.

Xedapenaren data: 2017-12-29
Hurrenkenaren zenbakia: 201802303
Maila: Akordioa

Aurreko erreferentziak:
  • 2017/12/12an argitaratutako 2017/12/01eko AKORDIOA aldatzen du [201705945]

Alde batetik, Beatriz Artolazabal Albeniz andreak, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluko presidente gisa jardunez,
Eta bestetik, Maria Aranzazu Tapia Otaegui andreak, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburua denez, honako hau
ADIERAZTEN DUTE:
Lehenengoa.– 2017ko abenduaren 1ean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak kudeaketa-gomendioari buruzko hitzarmen bat sinatu zuten, EAEko langabeei eta landunei nekazaritza, elikagai edo itsas-arrantza arloetako prestakuntza emateko zena.
Hitzarmenaren arabera, prestakuntza-ekintzak Hezkuntza Sailari atxikitako lanbide-heziketako zentro publikoek emango dituzte, baldin eta eremu hauetan ari badira: lehenengo sektoreari eta elikagaienari lotutako jakintza-arloak, eta landa-, itsasertz- eta basogintza-garapeneko eta nekazaritza- eta ozeano-ikerketako politikak. Izan ere, eremu haiek baliatzeko eskubidea bi hauek dute: batetik, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak (Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legeak eta Itsas arrantzari buruzko martxoaren 13ko 6/1998 Legeak ekarritako aldaketengatik; aldaketa horiek ekainaren 11ko 2/2015 Legearen bidez gauzatu ziren), eta, bestetik, HAZI fundazioak, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari atxikitako sektore publikoko fundazioak (Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatzen duen erroldan prestakuntza-entitate bezala inskribatuta dago).
Bigarrena.– Kudeaketa-gomendioari buruzko hitzarmenaren zazpigarren klausulan arautzen da transferitzeko modua. Hor ezartzen da ezen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari transferituko diola prestakuntza-planak osatzen dituzten prestakuntza-ekintzak emateagatik esleitzen den dotazioa.
Hala ere, kontuan harturik amaierako hartzaileek ematen dutela prestakuntza, hots, HAZI fundazioak eta prestakuntza-zentro publikoek, eta guztiek ere finantza-autonomia dutela, Sailari zuzenean ordaintzeko modu hori bideraezina da aurrekontuaren aldetik. Hori dela eta, aldatzea komeni da.
Azaldutakoagatik, honako hau
HITZARTZEN DUTE:
Bakarra.– Aldatzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren arteko kudeaketa-gomendioari buruzko hitzarmenaren zazpigarren klausularen 2. apartatua. Hitzarmena 2017ko abenduaren 1ean sinatu zen, EAEko langabeek eta landunek prestakuntza-programazioa gauzatu zezaten (2017ko abenduaren 7ko EHAA). Honela geratzen da apartatu hori:
«2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak Hezkuntza Sailari ordainduko dio atxikitako prestakuntza-zentroek eman beharreko prestakuntza-ekintzetarako esleitutako dotazioa. Sail horretako lurralde-ordezkaritzen kontuetan sartuko du dirua, eta HAZI fundazioari transferituko dio HAZI fundazioak eman beharreko prestakuntza-ekintzei dagokien diru-zenbatekoa, honela:
a) Lehenengo ordainketa, 2017ko konpromiso-kredituaren kontura.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren arteko kudeaketa-gomendioari buruzko hitzarmena EHAAn argitaratu ondoren transferituko da, prestakuntza-plan bakoitzaren lehenengo prestakuntza-ekintza hasi eta gero.
Prestakuntza-zentro bakoitzak jaso beharreko diru-zenbatekoa honela kalkulatuko da: Planaren barruan langabeei zuzenduta dauden prestakuntza-ekintzei dagokien % 25 gehi Planaren barruan landun direnei dagokien % 25.
HAZIri transferituko zaio fundazioak eman beharreko prestakuntza-planaren prestakuntza-ekintzei dagokien diru-zenbatekoaren % 25.
b) Bigarren ordainketa, 2018ko konpromiso-kredituaren kontura.
2018ko aurrekontuak indarrean jarri ondoren ordainduko da, eta prestakuntza-plana ondo joan dela egiaztatu eta gero.
Prestakuntza-zentro bakoitzak jaso beharreko diru-zenbatekoa honela kalkulatuko da: Planaren barruan langabeei zuzenduta dauden prestakuntza-ekintzei dagokien % 35 gehi Planaren barruan landun direnei dagokien % 35.
HAZIri transferituko zaio fundazioak eman beharreko prestakuntza-planaren prestakuntza-ekintzei dagokien diru-zenbatekoaren % 35.
c) Hirugarren ordainketa, 2018ko konpromiso-kredituaren kontura.
Gainerako % 40a gomendatutako jarduerak justifikatu ondoren eta prestakuntza-planak finantzatzeko baliabide ekonomikoak likidatu eta gero transferituko da, ekitaldi honetako konpromiso-kredituaren kontura, hamargarren klausularen 1.t) apartatuan aurreikusten den moduan.»
Bi aldeak ados daude agiri honetan adierazten denarekin, eta, horrela jasota gera dadin, hitzarmen hau izenpetzen dute.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko abenduaren 29a.
Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,
BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.