EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-04-25 Aldizkari honetan argitaratua: 2018079

AGINDUA, 2018ko apirilaren 11koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez 2018. urteko Euskadi literatura-sariak arautu eta horietarako dei egiten baita.

Xedapenaren data: 2018-04-11
Hurrenkenaren zenbakia: 201802297
Maila: Agindua
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak du arte eta kultura alorretako jarduerei eta haien zabalkundeari loturiko funtzioen eta jarduera-arloen eskumena. Funtzio horiek Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren barruan Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitu zizkion Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 82/2017 Dekretuak.
Euskadi literatura-sariak hainbat modalitatetan ematen dira, eta aurreko urtean argitaratutako literatura lanen kalitatea saritzen dute, horrela literaturaren alorreko idazle, itzultzaile eta ilustratzaileen sorkuntza sustatzeko.
Urtero egiten da sari hauetarako deialdia, asmo bikoitzarekin: saritutako lanak zabaltzea eta egileak berak eta egin dituzten lanak ezagutaraztea.
Liburugintzaren eta literaturaren alorrean duten oihartzun eta garrantziagatik, sari hauek euskal literatura sustatzeko eta zabaltzeko tresnarik egokienetako bat bihurtu dira.
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitekoa da, besteak beste, literatura-sorkuntza errazten duten jarduerak sustatzea. Beraz, bere zeregina betetzeko, sailak egoki deritzo Euskadi literatura-sariak, hainbat modalitatetan, arautzeari eta horretarako deialdia egiteari.
Deialdi hau Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2018ko urtarrilaren 31ko Aginduaren bidez onartutako diru-laguntzen plan estrategikoaren barruan dago.
Ondorioz, hauxe
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea da Euskadi literatura-sariak, haien zazpi modalitateetan, arautzea eta horretarako dei egitea:
a) Euskarazko literatura.
b) Gaztelaniazko literatura.
c) Euskarazko haur eta gazte literatura.
d) Euskarazko literatura itzulpena.
e) Literatura lanaren ilustrazioa.
f) Euskarazko saiakera.
g) Gaztelaniazko saiakera.
2.– Sarien asmoa da bizirik dauden egileek aipatutako literatura generoetan argitaratutako lan nabarmenena saritzea, gai horietan adituak direnen arabera.
2. artikulua.– Sarien izaera.
1.– Euskadi literatura sariak 18.000 euro gordinez hornituta daude modalitate bakoitzeko. Diru-kopuru hori saritutako lanen egileei emango zaie. Saritutako pertsonek, era berean, Euskadi literatura sarientzat berariaz Jose Ibarrola Bellidok eginiko «Liburu Nabigatzaile» izeneko eskulturaren ale zenbatua jasoko dute.
2.– Horrez gain, saritutako lanaren egileek (euskarazko itzulpenaren kasuan salbu) beste 4.000 euro gordin ere jasoko dituzte, saritutako lana jatorrizkoa ez den beste hizkuntza batean argitaratzeko kontratua sinatu ostean. Ediziorako kontratua 2019ko abenduaren 31 baino lehen sinatu beharko da.
3.– Lan baten egilea bat baino gehiago denean, eta besterik ez bada lanean azaltzen, ulertuko da haien parte-hartzearen proportzioa berdina dela, eta beraz, sariaren diru-kopurua zati berdinetan banatuko da haien artean. Kasu hauetan, egileek «Liburu Nabigatzaile» eskulturaren ale bana jasoko dute.
3. artikulua.– Deialdiaren kudeaketa.
Honako deialdi honen kudeaketa Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio.
4. artikulua.– Lanen betekizunak.
1.– Euskadi literatura sariak eskuratzeko aukera, argitaratze unean bizirik dauden egileek idatzi, itzuli edo ilustratutako lanek izan ahalko dute. Lan horiek lehen aldiz 2017. urtean argitaratuak izan beharko dute, ISBN (International Standard Book Number) izan behar dute, eta zabalkundea egiteko bete beharreko lege-baldintzak bete beharko dituzte. Liburu kontzeptua zer den ulertzeko, Irakurketa, Liburu eta Liburutegien ekainaren 22ko 10/2007 Legearen definizioa bere 2.a) artikuluan hartuko da gidari: «Liburua: lan zientifikoa, artistikoa, literarioa edo beste edozein motatakoa, liburuki bat edo gehiago izanda argitalpen bakarra eta era inprimatuan edo irakurgarria den beste edozein euskarritan argitaratu daitekeena. Liburuaren definizioan sartzen dira, agindu honetan xedatutakoarekin bat, liburu elektronikoak eta internet edo etorkizunean ager daitekeen beste edozein euskarritan zabaldu edo argitaratzen diren liburuak, inprimatuak, ikusizkoak, ikusentzunezkoak edo soinua duten material osagarriak, liburuarekin batera argitaratzen badira eta liburu beraren izaera bateratuaren barruan daudenak, eta baita beste edozein argitalpen-produkzio ere». Lege-gordailuan agertzen den urtea izango da argitaratze urtea. Lanaren zati idatziaren edo grafikoaren egileak pertsona fisikoak izango dira.
2.– Hala ere, kasuan kasuko modalitatean sari hau azken hiru deialdietako batean jaso duten, edo epaimahaiek saria jasotzeko proposatuak izan diren idazle, itzultzaile edo ilustratzaileen lanak alde batera utziko dira, nahiz eta goiko atalean zehaztutako baldintzak bete.
3.– Modalitate bakoitzaren betekizunak:
a) Euskarazko literatura: jatorriz euskaraz idatzitako literatura-sorkuntzako lanak, lehen aldiz 2017. urtean argitaratuak.
b) Gaztelaniazko literatura: jatorriz gaztelaniaz idatzitako literatura-sorkuntzako lanak, lehen aldiz 2017. urtean argitaratuak.
c) Euskarazko haur eta gazte literatura: jatorriz euskaraz idatzitako haur eta gazte literatura-sorkuntzako lanak, lehen aldiz 2017. urtean argitaratuak.
d) Euskarazko literatura itzulpena: beste edozein hizkuntzatatik euskarara itzulitako literatura lan berriak, lehen aldiz 2017. urtean argitaratuak. Saria eskuratzeko aukera izango dute, baita ere, beste itzultzaile profesional batek gutxienez hamar urte lehenago argitaratutako lan beraren beste itzulpen batekin editatzen diren lanek.
e) Literatura lanaren ilustrazioa: liburu tankeran argitaratutako literatura lanak (albumak, liburu ilustratuak, nobela grafikoak, komikiak), ilustrazio-zati esanguratsua dutenak. Lanaren zati ilustratuak originala izan behar du, 2017. urtean argitaratua eta aurretik liburu moduan argitaratu gabea.
f) Euskarazko saiakera: jatorriz euskaraz idatzitako saiakera-lanak, lehen aldiz 2017. urtean argitaratuak.
g) Gaztelaniazko saiakera: jatorriz gaztelaniaz idatzitako saiakera-lanak, lehen aldiz 2017. urtean argitaratuak.
4.– Gainera, gaztelaniazko literatura, literatura lanaren ilustrazioa eta gaztelaniazko saiakera modalitateetan, egile guztiek hauetako baldintza bat gutxienez bete beharko dute:
a) Euskal Autonomia Erkidegoan jaio izana edo bertan administrazio-egoitza izatea agindu hau argitaratzen den unean, edo argitaratu aurretik ere administrazio-egoitza eduki izana urtebetez gutxienik Euskal Autonomia Erkidegoan.
b) Gaztelaniazko literatura eta gaztelaniazko saiakera modalitatean, idazlea, pertsona fisiko bezala, Euskal Autonomia Erkidegoko idazle-elkarteren baten barruan egotea. Literatura lanaren ilustrazio sarian, ilustratzailea pertsona fisiko bezala, Euskal Autonomia Erkidegoko ilustratzaile-elkarteren baten barruan egotea.
c) Saria irabazteko lana Euskal Autonomia Erkidegoko argitaletxe batean argitaratu izana, edo Euskadiko Editoreen Elkartearekin edo Euskal Editoreen Elkartearekin loturiko argitaletxe batean.
5. artikulua.– Lanak, dokumentazioa aurkeztea eta epea.
1.– Modalitate bakoitzeko epaimahaikide bakoitzak sarirako 1-4 hautagai aurkeztuko du.
2.– Epaimahaikideek hautagaiak aurrez aurre edo bitarteko elektronikoez baliatuta aurkeztuko dituzte:
– Aurrez aurre: epaimahaikideek hona bidaliko dituzte hautagaiak: Kultura Sustatzeko Zuzendaritza (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz). Eskabideak toki hauetan aurkeztu ahal izango dira: Zuzenean zerbitzuan, EAEko erregistro osagarrietan, hau da, apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa) adierazitako edozein erregistrotan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (urriaren 1eko 39/2015 Legea) 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan.
– Bitarteko elektronikoen bidez: euskadi.eus egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira eskabideak, artikulu honetako 3. apartatuan adierazten den helbidearen bidez.
Eskabidea eta dokumentuak aurrez aurre aurkezteak edo bide elektronikoa erabiltzeak ez du esan nahi nahitaez baliabide horiek erabili behar direnik prozeduraren ondorengo izapideetan, edozein unetan alda daitezke-eta.
3.– Eskabideak aurrez aurre nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus-eko egoitza elektroniko honetan eskura daitezke:
https://www.euskadi.eus/saria_lehiaketa/2018/euskadi-literatura-sariak/y22-izapide/eu
Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira, bide elektronikoz: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak
4.– Hautagaiek 4. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta sarietan parte hartzeko baldintzak betetzeari dagokion akreditazioa beharrezkoa bada, hamar eguneko epea emango zaio interesdunari aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Horrela egingo ez balu, ez da sarirako lan horren proposamena kontuan hartuko.
Epaimahaikideek aurkeztutako hautagaien egileei jakinaraziko zaie haien parte hartzea sarietan.
Sarirako hautagaiak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da, eta 2018ko maiatzaren 31n amaituko.
5.– Ezin izango dute sari hauetan parte hartu diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzearekin zigor administratibo edo penalik edo horretarako gaitasuna kentzen duen legezko debekurik dutenek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrena urratuz sexu-diskriminazioa egiteagatik debeku horrekin zigortuta daudenak barnean direla.
6.– Bakarrik lanaren parte grafikoa Ilustrazio modalitatean aurkezten bada, eta idatzizkoa beste modalitate batean, aurkeztu ahal izango da lan bera sarietako bi modalitatetan.
6. artikulua.– Epaimahaiak.
1.– Sarirako hautagaiak aurkeztu, lanen kalitatea neurtu eta Euskadi literatura saria, kasuan kasuko modalitatean, nori egokituko zaion erabakitzea, modalitate bakoitzeko epaimahaia osatzen duten epaimahaikideei dagokie. Bost kidek osatutako epaimahaiak modalitate bakoitzeko Euskadi literatura saria emateko proposamena egingo du. Epaimahaikideak abstenitu egingo dira eta errekusatuak izan daitezke Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan ezarritako kasuetan. Batzordean parte hartzeagatik epaimahaikideek jasotako informazioa konfidentzialtasunez gordeko dute.
2.– Epaimahaia osatzeko orduan, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoak, bere 3.7 artikuluan dioena beteko da.
3.– Epaimahaikideak modalitate bakoitzean.
a) Euskarazko literatura:
– Asier Serrano Lasa, aurreko urteko irabazlea.
– Itxaro Borda Charriton, Euskal Idazleen Elkarteak (EIE) proposatutakoa.
– Jon Kortazar Uriarte, Euskal Herriko Unibertsitateak proposatutakoa.
– Pello Otxoteko Vaquero.
– Castillo Suarez Garcia.
b) Gaztelaniazko literatura:
– M.ª Eugenia Salaverri Garcia, Euskadiko Idazleen Elkarteak (AEE-EIE) proposatutakoa.
– Isabel Muguruza Roca, Euskal Herriko Unibertsitateak proposatutakoa.
– Joseba Iñaki Esteban Azurmendi.
– Jon Bilbao Lopategui.
– Jose Fernández de la Sota.
c) Euskarazko haur eta gazte literatura:
– Lore Agirrezabal Pertusa, Galtzagorri elkarteak proposatutakoa.
– Elisabet Mas Elizondo, Artxibategi, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetako Profesionalen Elkarteak (ALDEE) proposatutakoa.
– Mikel Aierbe Sudupe, Euskal Herriko Unibertsitateak proposatutakoa.
– Irati Zaldua Ortiz de Guzman.
– Imanol Mercero Etxeberria.
d) Euskarazko literatura itzulpena:
– Idoia Santamaria Urkaregi, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE) proposatutakoa.
– Gotzon Lobera Revilla, Euskaltzaindiak proposatutakoa.
– Gidor Bilbao Telletxea, Euskal Herriko Unibertsitateak proposatutakoa.
– Bakartxo Arrizabalaga Labrousse.
– Isabel Etxeberria Ramirez.
e) Literatura lanaren ilustrazioa:
– Mikel Valverde Tejedor, aurreko urteko irabazlea.
– Elisabeth Pérez Fernández, Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalak (APIE) proposatutakoa.
– Jon Martin Colorado, Euskal Herriko Unibertsitateak proposatutakoa.
– Enrique Martínez-Inchausti Portu.
– Ainara Azpiazu Aduriz.
f) Euskarazko saiakera:
– Arantxa Urretabizkaia Bejarano, aurreko urteko irabazlea.
– Alberto López Basaguren, Euskal Herriko Unibertsitateak proposatutakoa.
– Monika Madinabeitia Medrano, Mondragon Unibertsitateak proposatutakoa.
– Agurtzane Elordui Urkiza.
– Mitxelko Uranga Alvarez.
g) Gaztelaniazko saiakera:
– Ainhoa Fernández de Arroyabe Olartua, Euskal Herriko Unibertsitateak proposatutakoa.
– Juan Manuel Diaz de Guereñu Ruiz de Azua, Deustuko Unibertsitateak proposatutakoa.
– Beñat Arginzoniz Cebreiro.
– Maria José Martínez Gutiérrez.
– Nerea Aresti Esteban.
4.– Idazkari-lanetan Marta Merino Ortiz de Landaluce Eusko Jaurlaritzako funtzionarioa arituko da. Hitza izango du, baina botorik ez. Aurreko urteko sariaren irabazlea epaimahaian baldin badago, bera izango da epaimahaiburua. Gainerako kasuetan, epaimahaiak erabakiko du lehenengo bileran epaimahaiburua zein izango den.
5.– Modalitate bakoitzean, epaimahaikideek irizpide hauek hartuko dituzte kontuan.
a) Euskarazko literatura, gaztelaniazko literatura eta euskarazko haur eta gazte literatura modalitateetan:
– Lanen kalitate literarioa. Gehienez: % 40.
– Originaltasuna. Gehienez: % 30.
– Literatura-hizkeraren egokitasuna. Gehienez: % 30.
b) Euskarazko literatura itzulpenaren modalitatean:
– Erregistroaren egokitasuna. Gehienez: % 40.
– Jatorrizkoaren izpiritua bereganatzea. Gehienez: % 30.
– Balio eta hizkuntza literarioen erantzuna. Gehienez: % 30.
c) Literatura-lanaren ilustrazioaren modalitatean:
– Ilustrazioen kalitatea. Gehienez: % 40.
– Originaltasuna. Gehienez: % 30.
– Hizkuntza grafikoaren egokitasuna. Gehienez: % 30.
d) Euskarazko saiakeraren eta gaztelaniazko saiakeraren modalitateetan:
– Lanen kalitatea. Gehienez: % 40.
– Sormena eta landutako gaiaren originaltasuna. Gehienez: % 30.
– Erabilitako hizkuntzaren egokitasuna. Gehienez: % 30.
6. artikulua.– Sariari buruzko erabakia.
1.– Epaimahai bakoitzak bere modalitatean saria emateko proposamen arrazoitua egingo du. Erabakiak botoen gehiengoaren arabera emango dira eta, berdinketarik egonez gero, epaimahaiburuaren botoak ebatziko du. Epaimahaiko idazkariak bertako jardun eta erabakien berri jasoko du aktan, baita epaia funtsatzen duen deliberamendu arrazoitua ere.
2.– Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak bidezko Agindua emango du, Euskadi Saria modalitate bakoitzean merezi duen lana izendatzeko. Agindu hori gehienez ere sei hilabeteko epean interesdun bakoitzari jakinaraziko zaio, agindu hau buletinean argitaratzen denetik kontatuta.
3.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian zerrenda bat argitaratuko da, saritutako pertsona eta lanekin, eta hedabideetan Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bidera ditzakeen zabalkunde-ekintzak egin ahal izango dira.
4.– Modalitate bakoitzean saria inori eman gabe uztea ere erabaki ahal izango da, epaimahaiaren iritziz lan bakar batek ere beharrezko kalitate-baldintzak betetzen ez baditu.
5.– Sari-ematea berariaz antolaturiko ekitaldi batean egingo da.
7. artikulua.– Sariaren ordainketa.
1.– Saria ematen duen agindua hartutakoan, gehienez hiru hilabeteko epean sariaren ordainketa egingo da. Aurretik saridunek onartu egin beharko dute saria. Horretarako, hamar eguneko epean, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, saridunek ez badiote sariari berariaz eta idatziz uko egiten, saria onartu egiten dutela ulertuko da.
2.– Saritutako lanaren egileari (itzulpenaren modalitatean izan ezik) bere lana jatorrizko hizkuntza ez den beste hizkuntza batean argitaratzeko kontratua egite aldera eman beharreko diru-kopurua, Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzan kontratua sinatu dela egiaztatu ondoren ordainduko da (betiere hurrengo urteko ekitalditik aurrera). Horretarako, kontratuaren kopia bidali beharko da 2019ko abenduaren 31 baino lehen.
3.– Bestalde, saritutako lanaren egileak berak aukeratutako hizkuntzara itzulitako eta argitaratutako lan horren bi ale bidali beharko ditu Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzara, editatu eta, gehienez, hilabeteko epean, betiere 2020ko abenduaren 31 baino lehenago.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Datu Pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoari jarraituz, eskatzaileek emandako datuak eta hautagaietan agertzen direnak Eusko Jaurlaritzaren Kultura sortzeko eta hedatzeko laguntzak eta diru-laguntzak izeneko fitxategian sartuko dira. Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Kultura Sustatzeko Zuzendaritza da fitxategi horren titularra eta 2015eko abenduaren 2ko Aginduan araututa dago. Fitxategiak laguntza emateko espedienteak kudeatzea du helburu. Aldez aurretik, Datuak Babesteko Euskal Bulegoari eman zaio horren berri, eta datuen segurtasun osoa bermatzeko behar diren segurtasun-neurriak ezarrita ditu. Fitxategiaren datuak, bestalde, ez zaizkie beste pertsona batzuei jakinaraziko, legeak baimendutako kasuetan izan ezik.
Datu pertsonalen babesari buruz indarrean dauden arauei jarraikiz, datuok eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta datuoi aurka egiteko eskubideez baliatu ahalko da eskatzailea, horretarako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzari idatzi bat bidaliz (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Beronen aurka interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal diote Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko apirilaren 11.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.