EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-04-25 Aldizkari honetan argitaratua: 2018079

EBAZPENA, 2018ko apirilaren 6koa, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Gipuzkoako lurralde-ordezkariarena, zeinaren bidez instalazioa baimendu, egikaritze-proiektua onartu eta onura publikoaren deklarazioa ematen baita Zubieta TA deritzon 132/30 kV-ko transformazio-azpiestazioa eraikitzeko proiektuan sartutako instalazioetarako, Donostiako udal-mugartean.

Xedapenaren data: 2018-04-06
Hurrenkenaren zenbakia: 201802295
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2017/06/23an argitaratutako 2017/05/22ko IRAGARPENA [201703182]

Espedientea: RI 20/24069 – ATD 2017-18.
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2017ko maiatzaren 4an, Iberdrola Distribución Eléctrica SAU enpresak (egoitza Bilboko San Adrian etorbideko 48an) eskatu zuen administrazio-baimena, proiektuaren onarpena, ingurumen-inpaktuaren adierazpena eta onura publikoaren deklarazioa, Zubieta TA deritzon 132/30 kV-ko transformazio-azpiestazioa eraikitzeko proiektuan sartutako instalazioetarako, Donostiako udal-mugartean.
Bigarrena.– Jendaurrean jartzen da instalazioaren proiektua eta, harekin batera, eskatzaileak nahitaez desjabetu beharrekotzat jotzen dituen ondasun eta eskubideen zerrenda banakatu eta zehatza, abenduaren 3ko 282/2002 Dekretuko 10. artikuluan (2002-12-23ko EHAA) eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 144. artikuluan (2000-12-27ko BOE) zehaztutako ondorioetarako, eta honako xedapen hauetan xedatutakoarekin bat: azken testu horretako azken xedapenetatik lehenengoa; Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1957ko apirilaren 26ko Legearen Erregelamenduaren 17. artikulua; Sektore Elektrikoari buruzko 2011-12-26ko 24/2013 Legearen 55. artikulua, eta Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legea (1998-03-27ko EHAA). Jendaurrean jartzeko iragarkia argitara eman zen 2017-06-23ko EHAAn, 2017-06-08ko GAOn eta 2017-06-06ko «El Diario Vasco» egunkarian.
Hirugarrena.– 2017ko maiatzaren 24an, iragarkia igorri zitzaion Donostiako Udalari, udaletxeko iragarki-taulan jar zezan.
Laugarrena.– 2017ko maiatzaren 24an, proiektuaren separata bidali zitzaion Donostiako Udalari, eskaeraren alde edo aurka zegoen adieraz zezan, eta, hala bazegokion, egoki iritzitako baldintza teknikoak ezar zitzan.
Bosgarrena.– Donostiako Udalak adierazi zuen proiektuaren alde zegoela, eta baldintza teknikoak ezarri zituen. Enpresa eskatzailea den aldetik, Iberdrola Distribución Eléctrica SAUri helarazi zitzaion idazki hori; horrek erantzun zuen baldintza horiek hartuko zituela Donostiako Udalaren txosteneko 8. puntuan ezarritako baldintzak.
Seigarrena.– Ezarritako jendaurreko informazio-aldian, ez zen alegazio-idazkirik aurkeztu.
Zazpigarrena.– 2018ko urtarrilaren 15ean, Ingurumen Administrazioaren zuzendariak airetiko eta lurpeko linea elektrikoa eraikitzeko proiektuari dagokion ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren ebazpena eman zuen; proiektua GHK–Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak sustatua da, baita Iberdrolak ere. Linea elektriko hori zirkuitu bikoitzekoa eta 132 kV-koa da, Hernani-Azpeitia 1 eta 2 deritzen 132 kV-ko lineen deribazioa eta horri loturiko transformazio-azpiestazioa Zubieta TA deritzona da, Urnietako, Andoaingo, Lasarte-Oriako eta Donostiako udal-mugarteetan (2018-02-14ko EHAA)
OINARRI JURIDIKOAK
Lehenengoa.– Gipuzkoako lurralde-ordezkariak eman du ebazpen hau, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariak eskuordetuta, honekin bat: Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariaren 2018ko martxoaren 16ko Ebazpena, zeinaren bidez Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko lurralde-ordezkaritzen esku uzten baita energiaren, industria-administrazioaren eta industria-segurtasunaren arloetako zenbait gairi buruzko eskumena.
Bigarrena.– Espedienteak erregelamenduzko izapide hauek bete ditu: 24/2013 Legea, azaroaren 26koa, Sektore Elektrikoari buruzkoa; 1955/2000 Errege Dekretua, abenduaren 1ekoa, Energia elektrikoko instalazioen garraioko, banaketako, merkaturatzeko eta hornidurako jarduerak eta baimentze-prozedurak arautzen dituena; 282/2002 Dekretua, abenduaren 3koa, Eusko Jaurlaritzarena, eta bat datorren gainerako legedia.
Hirugarrena.– Sektore Elektrikoari buruzko 24/2013 Legearen 54. artikuluak onura publikoaren deklarazioa ematen die energia elektrikoa banatzeko instalazioei, horiek instalatzeko behar diren ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzea egiteko eta bide-zorra ezarri eta erabiltzeko, eta deklarazio horrek berez dakar ondasun eta eskubide horien okupazioa eta presaz okupatu beharra, lege horren 56. artikuluaren eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluaren ondorioetarako.
Laugarrena.– Euskal Herriko ingurugiroa babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean dago adierazita zer proiektuk izan behar duten ingurumen-inpaktuaren banakako ebaluazio-prozedura.
Bosgarrena.– Aldeko baiespena ematen zaie aipatutako baldintza teknikoei.
Seigarrena.– Espedientearen izapideetan eta edukian, egiaztaturik dago betetzen direla indarreko legerian eta aplikatu beharreko gainerako legeetan ezarritako baldintzak eta betekizunak.
Aipatutako lege-manuak eta oro har erabilgarri diren eta horiekin bat datozen gainerako xedapenak ikusi ostean, lurralde-ordezkariak honako hau
EBAZTEN DU:
Lehenengoa.– Baimena ematea Iberdrola Distribución Eléctrica SAUri Zubieta TA deritzon 132/30 kV-ko transformazio-azpiestazioa eraikitzeko proiektuan sartutako instalazio elektrikoetarako, Donostiako udal-mugartean, honako ezaugarri hauek izanik:
Instalazioak barra sinple zatituko konfigurazioa izango du 132 kV-rako, aterpez kanpoko aparatu-sistemarekin, eta barra sinple zatitua, gelaxka isolatu-blindatuekin, SF6-rako, barnealdean. Kanpoaldean, aparatu-sistema osagarri bat egongo da, 30 kV-ko sistemarako.
Honako hauek dauzkan azpiestazio bati dagokion hasierako irismena dauka:
Aterpez kanpoko 132 kV-ko sistema:
● 2 linea-posizio.
● Transformadore-posizio 1.
● Barren partizio-posizio 1.
132/30 kV-ko transformazioa:
● Transformadore bat, 132/30 kV-ko potentzia trifasikokoa eta 48/60 MVA-ko potentziakoa, olio-bainutan eta ONAN/ONAF hozte-metodoekin.
Barnealdeko 30 kV-ko sistema:
1. modulua:
● Potentzia-transformadoretiko hargune-posizio 1.
● 4 linea-posizio (elikagailua).
● Zerbitzu osagarrietarako transformadorerako elikatze-posizio 1.
● Kondentsadore-bateriarako elikatze-posizio 1.
● Barretako tentsioa neurtzeko posizio 1.
● Barra kabledunen partizio-posizio 1.
2. modulua:
● Potentzia-transformadoretiko hargune-posizio 1.
● Lineako 4 posizio (elikagailua).
● Barretako tentsioa neurtzeko posizio 1.
● Zerbitzu osagarrietarako transformadorerako elikatze-posizio 1.
● Kondentsadore-bateriarako elikatze-posizio 1.
● Barra kabledunen juntura-posizio 1.
Kanpoaldeko 30 kV-ko sistema:
● Zerbitzu osagarrietako 30/0,42 kV-ko eta 250 kVA-ko 2 transformadore.
● 7,2 MVAr-ko kondentsadore-bateria 2.
● 1300 A-ko eta 1 segundoko erreaktantzia trifasikoko lur-konexio 1.
Obra zibila:
● Dielektrikoaren ihesari eusteko prebentzio-sistema egitea: potentzia-transformadorearen azpiko aska, hodien eta kutxatilen bidezko kondukzioak, eta larrialdietako hargailua, zeinak 40 m3-ko betetze-edukiera, transformadore bateko olio-bolumenari eusteko behar besteko edukiera eta % 30eko erreserba gehigarria izango baitu.
● Kontrolerako eta tentsio erdiko gelaxketarako eraikin bat eraikitzea, zeinak solairu bakarra eta tarteko trenkaden bidez banatutako hiru areto izango baititu.
● Lur-konexioaren instalazioa: beheko lur-sarea, berdinketa-kotaren gainetik 0,80 m sakon lurperatuta.
Zerbitzu osagarriak:
Lehen aipatutako zerbitzu osagarrietarako bi transformadore trifasikoen instalazioa, azpiestazioaren aterpez kanpoko parkean, honako hauek elikatzeko:
● 400-230 V-ko korronte alternoko zerbitzu osagarriak.
● 125 V-ko korronte zuzeneko zerbitzu osagarriak.
● 8 eta 12 V-ko korronte zuzeneko zerbitzu osagarriak.
Instalazio osagarriak:
● Barneko, kanpoko eta larrialdietako argi-sistema.
● Aireztatzeko eta airea girotzeko sistema.
● Segurtasun-sistema.
● Suteak detektatzeko eta itzaltzeko sistema.
● Segurtasun-materiala eta ekipamendua.
Babes-, kontrol- eta neurri-sistema:
Babes- eta kontrol-sistema integratuaren instalazioa, honako funtzio hauek beteko dituena: instalazioaren kontrol lokala, alarmen erregistroa, telekomandorako datuen lorpena, telekomandoen urrunekoa.
Bigarrena.– Deklaratzea baimentzen den instalazio elektrikoa onura publikokoa dela, eta deklarazioak, abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 56. artikuluan xedatutakoarekin bat eginik, honako hauek dakartzala berekin: ondasunak okupatu eta eraginpeko eskubideak hartu beharra, eta okupazioa, gainera, presaz egin beharra, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluan presaz okupatzeko deklarazioari dagokionez ezartzen diren ondorioak dakartzala, 53. artikuluan zehaztutako erregistro-ondorioekin.
Ebazpen hau emateko, kontuan hartu dira abenduaren 3ko 282/2002 Dekretuan xedatutakoa (2002-12-23ko EHAA) eta baldintza orokor hauek:
1.– Lanak egiteko, onartutako proiektua, onartutako baldintza teknikoak eta, behar izanez gero, eskatzen eta baimentzen diren aldaketak bete behar dira.
2.– Martxan jartzeko epea hiru urtekoa izango da, ebazpen honen egunetik aurrera.
3.– Behin betiko errekonozimenduari eta martxan jartzeko akta emateari dagokionez, lanak amaitu direla jakinarazi beharko dio instalazioen titularrak Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzari.
4.– Ebazpen hau emateak ez dakar berekin udal edo probintzia mailako edo bestelako beharrezko obra-baimen edo -lizentziak lortu behar ez izatea, hau da, eskatzaileak nahitaez lortu beharko ditu beharrezko baimen horiek guztiak ere. Halaber, hirugarren posibleek izan ditzaketen eskubideak eragotzi gabe eta jabetza-eskubidea salbu utzita ematen da baimen hau.
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Industria Sailburuordetzari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean.
Donostia, 2018ko apirilaren 6a.
Gipuzkoako lurralde-ordezkaria,
JOAKIN TELLERIA AGIRREZABALA.